2025eko lan-erreforma: Ezintasun iraunkorragatik kontratua azkentzeari buruzko gako berriak

oficina incluisva

2025eko maiatzaren 1ean sartu zen indarrean 2/2025 Legea, eta aldaketa nabarmena dakar ezintasun iraunkorragatik lan-kontratua azkentzeko erregulazioan. Aldaketa horrek Langileen Estatutuari, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrari eta Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legeari eragiten die, eta haren helburua da, desgaitasunen arloko Espainiako araudia Europako araudira egokitzea.

Aldaketa nagusietako bat  da indargabetu egiten dela ezintasun iraunkorragatik kontratua automatikoki azkentzea. Langileen Estatutuaren 49.1.e) artikuluak, zeinak ezintasun iraunkorragatiko azkentzea ere jasotzen baitzuen lehen, langilearen heriotza bakarrik hartzen du kontuan orain. Horren ordez, artikulu berri bat sartu da, 49.1.n) artikulua. Haren arabera, ezintasun iraunkorragatik kontratua azkentzeko baldintza batzuk bete behar dira ezinbestean; besteak beste, arrazoizko egokitzapenik egin ezin izatea eta langilearen egoera berriarekin bateragarria den lanpostu hutsik ez egotea.

Enpresak kalte-ordainik gabe azkendu dezake kontratua, baldin eta frogatzen badu egin beharreko egokitzapenek zama handiegia eragiten diotela enpresari, haren tamaina, baliabide ekonomikoak, finantza-egoera eta negozio-bolumena kontuan hartuta. 25 pertsona baino gutxiagoko enpresetan, zama hori automatizatu egiten da egokitzapen-kostuak atalase jakin batzuk gainditzen baditu, hala nola bidegabeko kaleratzeagatiko kalte-ordaina edo sei hilabeteko soldata.

Langileak berak ere erabaki dezake kontratua azkentzea baldin eta, beste aukeraren bat izanda, lanpostu berria ez onartzea erabakitzen badu. Bi kasuetan, ezintasun iraunkorraren ebazpena jakinarazten denetik gehienez hiru hilabeteko epea dago egokitzapenak egiteko edo kontratua azkentzeko. Epailearen interpretazioaren arabera, epea sei hilabetera luza daiteke.

Prozesuak irauten duen bitartean, lanpostua etenda eta erreserbatuta egongo da, Langileen Estatutuaren 48.2 artikulu berriaren arabera. Gainera, langileak 10 egun naturaleko epea du enpresan jarraitu nahi duela adierazteko. Arauak ez du argitzen zer gertatzen den epe horretan iritzirik ematen ez badu, eta, beraz, interpretazio bat baino gehiago egin litezke.

Prebentzio-zerbitzuen zeregina indartu egiten da, haiei baitagokie langilearen egoera berriarekin bateragarriak diren lanpostuak identifikatu eta egokitzapen-neurriak definitzea, nahiz eta aholku-emaile izaten jarraitzen duten. Azken batean, enpresaren ardura da langilearen segurtasuna eta diskriminaziorik eza bermatzea.

Ezintasun iraunkorragatiko pentsioaren eta ordaindutako lanaren arteko bateragarritasunari dagokionez, erreformak 174.5 artikulua erantsi dio GSLOri, eta artikulu horretan jasotzen da pentsioa eten egingo zaiola langileari lanpostua egokitu eta enpresan jarraitzen badu. Dena den, arauan badira desorekak, ezintasun iraunkor osoen kasuan batez ere, zeinetan gerta baitaiteke lanpostu berria ez etortzea bat lehendik zuenarekin.

Azkenik, erreformak Lan Arloko Jurisdikzioa Arautzen duen Legearen 120 artikulua ere aldatzen du, eta lehentasunezko eta presazko izapidetzea ezartzen du ezintasun iraunkorragatik azkendutako kontratuekin lotutako prozedura judizialetarako. Azkentzeko arrazoia behar bezala frogatzen ez bada, gerta liteke kaleratzea diskriminazioagatik baliogabe jotzea, eta enpresa derrigortuta egotea langilea kontratatzera eta izapidetze-aldiko soldatak ordaintzera.

Laburbilduz, erreforma honek paradigma-aldaketa bat dakar desgaitasuna duten langileen babesari dagokionez: haiek  laneratzea sustatzen du, eta kontratuaren azkentze automatikoa mugatzen. Hala ere, interpretaziorako eta aplikazio praktikorako erronka garrantzitsuak planteatzen ditu enpresentzat, langileentzat eta operadore juridikoentzat.

Susana Castañosen webinarra

Susana Castaños del Molino letraduak, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko eta Betetze Korporatiboko zuzendariak, eman zuen webinar hau 2025eko ekainaren 20an: “Arau-Aldaketa Ezintasun Iraunkorragatiko Lan Kontratuaren Amaieran eta horren Presazko eta Lehentasunezko Izapidetzea Lan Arloko Jurisdikzioan. (Langileen Estatutuaren 48.2 eta 49.1 artikuluak. GSLOren 174.5 artikulua eta AJLren 120.1 artikulua) “.

Elkarrizketa: Aramendi doktorea, Mutualiako Pakea klinikako kirol medikuntzako mediku espezialista.  

aramendi doktorea

Ariketa fisikoa gaixotasun kronikoak tratatzeko baliabide terapeutiko gisa 

 
Hainbat urtetan, ariketa fisikoa egitea gomendatu izan da gaixotasun batzuen aurkako prebentzio-neurri gisa. Hala ere, gaur egun baliabide terapeutiko eraginkortzat jotzen da gaixotasun kronikoak tratatzeko. Ebidentzia zientifikoan oinarritutako ikuspegi hori aztertzeko, Aramendi doktorea elkarrizketatu dugu, Mutualiako Pakea klinikako kirol medikuntzako mediku espezialista.  

Zer ebidentzia zientifikok babesten du ariketa fisikoa erabiltzea gaixotasun kronikoak tratatzeko? 

Ariketaren ondorioei buruzko ezagutzak bilakaera nabarmena izan du azken hamarkadetan.  

Gaur egun esan dezakegu ebidentzia zientifiko onenak ariketa fisikoa preskribatzea bultzatzen duela gutxienez 26 gaixotasun kronikotan. Izan ere, ohiko tratamendu batzuen onurekin pareka daitezkeen eta are haiek hobetzen dituzten onurak erakutsi ditu. Gure gizartean oso ohikoak diren gaixotasunak, hala nola gaixotasun kardiobaskularrak, metabolikoak, neurologikoak, etab. 

Gaixotasun kardiobaskularrak hilkortasunaren lehen kausa direla kontuan hartuta, zer mesede egiten die ariketak paziente horiei? 

Ariketa fisikoak eragin kliniko esanguratsuak ditu gaixotasun kardiobaskularretan, eta horietan aplikatzen da gehien ariketa fisikoa. Honako hau litzateke ariketa eraginkorra den onuren podiuma: 

  • Gaixotasun koronarioa, infartuak eragiten dituena 
  • Iktusa 
  • Bihotz-gutxiegitasuna 
  • Diabetes aurrekoa 

Izan ere, ariketak hilkortasuna murrizten duela erakusten duten froga zientifiko onak daude. Horrek garrantzi handia du ikuspegi zientifikotik, heriotzaz ari baikara, ez gara ari neurtzeko zailagoak diren beste aldagai batzuez, hala nola osasuna, mina, bizi-kalitatea… Hilkortasuna neurtzen denean, zaila da huts egitea.  

Eta, gainera, MBEren (Ebidentzian Oinarritutako Medikuntza) barruan ospe handia duten zientzialarien sinadurak bermatzen dituen lanak dira. 

Badira beste gaixotasun kardiobaskular batzuk ere, hala nola klaudikazio intermitentea, eta gainbegiratutako ariketa fisikoa egiten duten pertsonen kasuan, sendagaiak bakarrik hartzen dituztenek baino 2 edo 3 aldiz gehiago ibiltzeko gai dira.  

Badakigu, halaber, ariketa fisikoak murriztu egiten duela presio arteriala eta medikazioa hartzeko beharra tentsio altua duten pazienteetan. 

 
Ariketaren eragina hain handia denez, zehaztu ditzakezu patologia espezifikoetan dituen onuretako batzuk? 

 
Bai, kopurua garrantzitsua da. Jarduera fisikoak ondorio kliniko esanguratsuak ditu 26 gaixotasun kronikotan baino gehiagotan. Adibidez: 

  • Gaixotasun neurologikoak: 
  • Antsietatea, depresioa eta estresa tratatzeko, intentsitate handiko indar-entrenamendua tratamendu farmakologiko batzuk baino eraginkorragoa dela ikusi da, % 61eko hobekuntza-tasak ematen baititu tratamendu konbentzionala soilik jasotzen dutenen % 21arekin alderatuta. 
  • Dementzia duten pazienteen kasuan, ariketa fisikoak funtzio kognitiboa zaintzen laguntzen du, eta narriadura neurologikoa moteltzen. 
  • Gaixotasun endokrinoak eta metabolikoak: 
  • 2 motako diabetesaren kasuan, indar-entrenamenduak hobetu egiten du intsulinarekiko sentikortasuna, kontrol gluzemiko hobea errazten du eta medikazio beharra murrizten. 
  • Obesitatea duten pertsonentzat, ariketa aerobikoak eta erresistentzia-ariketak uztartzea funtsezkoa da metabolismoa erregulatzeko eta pisua galtzeko. 
  • Minbizia: 
  • Bularreko, prostatako eta koloneko minbizia duten pazienteen kasuan, ebidentzia zientifikoak frogatu du ariketa fisikoak murriztu egiten duela errepikatzeko arriskua, hobetu egiten duela tratamendu onkologikoekiko tolerantzia eta errekuperazio funtzionalari laguntzen diola. Adibidez, bularreko minbizia duten emakumeen kasuan frogatu da ariketa fisikoa egiten badute, luzeago bizi direla. 
  • Muskulueskeletikoak: 
  • Osteoporosiaren kasuan, indar-entrenamenduak hezur-dentsitateari eusten eta haustura-arriskua murrizten laguntzen du. 
  • Adineko pertsonen hauskortasunari eta erortzeko arriskuari dagokienez, oreka- eta indar-ariketek erakutsi dute arazoak nabarmen murrizten direla. 
  • Artrosiaren kasuan, ebidentziak adierazten du ariketa espezifikoak, hala nola koadrizepsa indartzea, antiinflamatorio batzuk bezain eraginkorrak izan daitezkeela belauneko mina murrizteko. 

Onurak maximizatzeko, jarduera fisikoa pixkanaka joan behar da ezartzen, eta denboran eutsi egin behar zaio. Era berean, gomendagarria da atxikimendua hobetuko duten estrategiak sustatzea, hala nola taldeko ariketa, errutinak txertatzea eguneroko bizitzan eta teknologia erabiltzea aurrerapena monitorizatzeko. 

 
Zientziak eskainitako babesa eta ariketa egitearen onura ugariak kontuan hartuta, zergatik ez dute ariketa egitea gehiagotan preskribatzen medikuek beren jardunean? 

 
Oztopo nagusietako bat da medikuntza tradizionalaren hezkuntzan dagoen prestakuntza falta ariketa fisikoa preskribatzearen inguruan. Osasun-arloko profesionalen prestakuntzan denbora-tarte esanguratsua eskaintzen zaio farmakoak aztertzeari, baina gabezia nabarmena dago ariketa fisikoa tresna terapeutiko gisa erabiltzeari dagokionez. 

Gainera, egiturazko oztopoak daude osasun-sistemaren barruan.  

Ospitale batzuetan dagoeneko egin dira zenbait saio onkologoekin lankidetzan tratamenduen emaitzak optimizatzeko, horietan ariketa fisikoa txertatuta. Hala ere, hori eskala handian ezartzea erronka bat da oraindik ere. 

Paradigma-aldaketa bat behar da medikuntzan, ariketa preskribatzea ez dadin izan gomendio hutsa eta medikuok ariketa errezetatu dezagun dagokion dosian, eta patologia askoren tratamendu integral mota berri baten osagai bihurtu dadin

Zer mezu helarazi nahiko zenieke osasuneko profesionalei eta herritarrei, oro har, ariketa fisikoaren garrantziari buruz? 

 
Medikuei esango nieke ariketa fisikoa lehen mailako tresna terapeutikotzat hartzeko, pazienteen bilakaera klinikoa nabarmen hobetzeko gai baita. Ariketa fisikoaren preskripzioa mediku-kontsultan sartzea beharrezko urratsa da medikuntza eraginkorrago eta pertsonalizatuago bat lortzeko bidean

Pazienteak eta, oro har, herritarrak beren gaixotasunaren aurkako borrokan jarrera aktiboagoa hartzera animatuko nituzke. Beren bizi-kalitatea hobetzeko eta gaixotasunaren sintoma gutxiago izateko, gako esanguratsua da ariketa fisikoa maiz egitea. 

Ez dago zertan intentsitate handiko entrenamendurik egin. Nahikoa litzateke “teorian” medikuak agindu beharko lizkiekeen jarraibideak betetzea eta ariketa fisikoa eguneroko errutinan integratzea. 

Onura horiekin guztiekin, logikoa dirudi ariketak tratamendu estandarraren parte izan beharko lukeela kontsulta mediko askotan. Nola agindu beharko litzaieke ariketa gaixotasun kronikoak dituzten pazienteei? 

 
Badira ebidentzia onak adierazten dutenak gutxieneko dosi eraginkorrak honako hauek biltzen dituela: 

  1. Ariketa aerobikoa

Oinez ibiltzea, bizikleta estatikoa, eliptikoa, igeri egitea, dantza egitea… astean gutxienez 150 minutu metatu arte.  

Astean 75 minutu nahikoa lirateke intentsitatea handia balitz

Badira onura gehigarriak ere astean 300 minutura arteko ariketa fisikoa egiten bada intentsitate moderatuan. 

  1. Indar-entrenamendua

Norberaren gorputzaren pisuarekin, gomekin, pisuekin, makinekin, TRXarekin eta abarrekin egin daiteke.  

2 edo 3 saio astean: muskulu-talde handiak barne hartzen dituzten 8-10 ariketa, 1-3 serie/ariketa, 8-15 errepikapenekin, intentsitate moderatuan, hau da, zertxobait kostatu behar zaigu, “zertxobait gogorra” izan behar du (Borg: 12-13), gehieneko abiaduran . Ez da gainditu behar gehienez egin daitezkeen errepikapenen erdia. 

  1. Oreka-ariketak

Tai ji motakoak, nahiz eta ebidentzia-maila ez izan hain handia biztanleria orokorrarentzat; nik adinekoentzat gomendatuko nuke. 

 
Eskerrik asko zure ezagutza eta esperientzia gurekin partekatzeagatik. Zalantzarik gabe, ariketa fisikoa tresna terapeutiko garrantzitsua da, eta gaixotasuna prebenitzeko ez ezik, gaixotasun kronikoak tratatzeko funtsezko aliatu gisa ere txertatu beharko genuke. Hori bai, beti medikuak modu pertsonalizatuan aginduta. 

🎙 Mutualia Podcast #11 

Kontratu osteko lehiarik ezari buruzko ituna: elementu definitzaileak eta erabilgarritasuna 

Kontratu osteko lehiari buruzko ituna ordenamendu juridikoko figura bat da, eta langileei lehen egiten zuten jarduera bera egitea eragozten die, lan-harremana amaitu ondoren gehienez ere bi urteko epean, lehengo enplegatzailearekin zuzeneko lehiarik ez izateko. 

Kontratu osteko lehiarik ezari buruzko itun honen azken helburua da enpresak langilearen prestakuntzan eta ezagutzetan egin duen inbertsioa babestea, langileak ez ditzan erabili prestakuntza eta ezagutza horiek bere lehengo enpresa enplegatzailearen aurka lehiatzeko, modu desleialean izan ala ez. Dena dela, baldintza batzuk bete behar dira bideragarritasuna eta erabilera bermatzeko. 

Langileen Estatutuaren 21. artikuluak, lehiarik ezari eta enpresan irauteari buruzko itunari buruzkoak, ezartzen du zehaztu egin behar dela konpentsazio ekonomikoa, eta hori funtsezko eta uko egin ezinezko baldintza dela.  

Konpentsazioa ezin da inola ere izan anbiguoa, aldakorra edo alde bakarrak —enpresak nahiz langileak— erabakitakoa, eta egokia, argia eta enpresaren eta langilearen artean berariaz adostua izan behar du, bi aldeek itun horren ordaina jaso dezaten.  

Ezaugarri horiek zorrotz bete behar dira; izan ere, jurisprudentziak deuseztzat jotzen ditu kontratu osteko lehiarik ezaren itunak, konpentsazio ekonomikoari buruzko zehaztasunik ezagatik, eta azpimarratzen du hori funtsezko eta uko egin ezinezko baldintza dela, lehen aipatutako Langileen Estatutuaren 21. artikuluaren arabera. 

Enpresaren interesa egiaztatu behar da, lan-jardueratik bereizi behar da, ezin da izan sinbolikoa edo arbitrarioa, eta, behin baino gehiagotan adierazi den bezala, interes horrek argia eta frogatzeko moduan hitzartua izan behar du. 

Irizpide horiek betetzen ez baditu, ituna baliogabetu egiten da eta ezin da hura ez betetzeagatiko kalte-ordainik eskatu.  

Ildo horretan, adibide gisa aipatzekoa da Ceutako Lan-arloko 1 zenbakiko Epaitegiak berriki emandako epai bat. Epai horrek, Auzitegi Gorenaren 2023ko abenduaren 14ko epai bat oinarri hartuta, deuseztzat jo zuen kontratu osteko lehiarik ezaren ituna, konpentsazioari buruzko argitasun eta akordio faltagatik, eta beharrezko baldintzatzat ezarri zuen gardentasuna eta oreka izatea enpresaren interesen eta langileen interesen artean. 

Azken batean, gisa horretako figura juridikoen xedea da segurtasun juridikoa ematea bi aldeei, konfiantza eta elkarrekiko errespetua oinarri dituzten lan-harremanak sustatuz, eta berretsiz lehiarik ezari buruzko itunek gardenak, orekatuak eta zorroztasunez formalizatuak izan behar dutela, enpresaren interesa eta langileen eskubideak errespetatuz.  

David Erauskin Pérez  

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letradua  

Mutualiak lankidetza hitzarmena sinatu du BEGISARErekin

acuerdo-mutualia-begisare

Mutualiak lankidetza-hitzarmen bat sinatu du BEGISARE (Erretinako Herentziako Distrofien Elkarteak) hiru euskal elkarteekin. Hitzarmen horren helburua da ikusmenaren galera progresiboa eragiten duten ikusmen-gaixotasun genetiko horiek dituzten pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko ekintzak eta proiektuak abian jartzea, hedapenarekin, informazioarekin, prestakuntzarekin, sentsibilizazioarekin, kontzientziazioarekin eta sustapenarekin.

Lankidetza-hitzarmen honen xede izan daitezkeen ekintzak Mutualiaren Dibertsitate eta Inklusio Planarekin eta Erretina Euskadi Begisareren helburuekin lotuta daude.

UDA ETA BOTIKAK

uda eta botikak

Udan, tenperatura igo ahala, ezinbestekoa da ondo ezagutzea Osasun Produktuen Espainiako Agentziak botiken kalitateari, segurtasunari eta eraginkortasunari eusteko ematen dituen gomendioak.

Botikak behar bezala kontserbatzeko aholkuak

Arretaz irakurri behar da erabilera-orria, han jasotzen baitira beti botikak ondo kontserbatzeko jarraibideak.

  1. Kontserbazio-tenperatura berezia behar duten botikek ontzian bertan ematen dute informazio hori. Hala, badira, esate baterako:
    • 2 ºC eta 8 ºC artean kontserbatu beharreko botikak. Botika horiek hozkailuan gorde behar dira beti (intsulina, txertoak…).
    • Hozkailuan, ez gorde ATEAN, erdialdeko apal batean baizik.
    • Hozkailutik atera bezain laster erabiltzea eta berriz lehenbailehen gordetzea gomendatzen da.
    • Botikak nonbait eraman behar izanez gero, hozkailu eramangarrietan eraman daitezke, hotz-metagailuak baliatuta (edariekin edo janariarekin egiten den bezala). Kontuz, hala ere, hotz-metagailuek ez ditzaten zuzenean ukitu botikak. Ez izoztu.
    • Ontzian ikur hau ageri da:
    • (hozkailuan gorde)
    • 25 °C-tik behera edo 30 °C-tik behera kontserbatu beharreko botikak. Halakoetan, nahiz giro-tenperatura tarteka 40 °C-tik gorakoa izan, ez dio eragiten botiken kontserbazioari, arrazoi hauengatik:
  2. Botika batzuei, beren formatuagatik (kremak, obuluak, supositorioak…), gehiago eragiten die berotasunak; desegin egiten dira edo kolorez aldatzen. Halakoetan, irekitzean itxuraldatuta daudela ikusiz gero, ez dira erabili behar.
  3. Bidaiatzean, ez da gomendagarria botikak eguzkitan utzitako autoen maletategietan edo bestelako lekuetan uztea, asko igo baitaiteke autoko tenperatura.
  4. Botika askok ez dute behar kontserbazio-tenperatura berezirik; ondo kontserbatzen dira giro-tenperaturan. Frogatua dago mota horretako botikak ez direla degradatzen sei hilabetez 40 °C-ko tenperaturan utzita.

Oro har, botikak jatorrizko ontzian kontserbatu behar dira, eta botikinean gorde. Leku fresko eta lehor batean egon behar du botikinak, sekula ez eguzkipean, eta, jakina, erabilera-orria kontsultatu behar da kontserbazio-jarraibideak zein diren jakiteko. Erabili ondoren, farmaziako SIGRE puntuan utzi beti, bai ontzi hutsak, bai sobera gelditutako botika.