Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025eko irailaren 20tik 26rako astea.
Mutualia, Euskadi Sariak 2025
Mutualiak Euskadi Sariak 2025 saria jaso du, DEIA egunkariak eta Grupo Noticias-ek emana, 125 urteko historiagatik iritsi den saria.
Sari emate ekitaldian, irailaren 23an, Esukalduna biltzar jauregian, Urtsa Errazti Mutualiako presidenteak jaso du saria.

Mutualiaz gain, Zunibal, Meuri Taldea, DOMINION eta Mutualia enpresak saritu dituzte, baita Joxe Mari Kortari hil osteko omenaldi sentitua ere, jardunaldiko bosgarren saritua izan baita.
Gorreria duten pertsonen Nazioarteko Eguna: Mutualia aniztasunaren eta irisgarritasunaren alde konprometituta, Zeinukaren bidez
Gorreria duten pertsonen Munduko Federazioak iraileko azken astean ospatzen du Gorreria duten pertsonen Nazioarteko Eguna. Aurten, EAEn, irailaren 27an izango da Gorreria duten pertsonen Nazioarteko Eguna. Ekimen horren bidez, gorreria duten pertsonen beharrei buruzko sentsibilizazioa eta kontzientziazioa handitu nahi da, baita haiek gizartearen esparru guztietan txertatzea ahalbidetzeko programak edukitzearen beharrari buruzkoa ere.
Mutualia eta Zeinuka proiektua
Mutualia aspaldi konprometitu zen eskubide horrekin, eta sistema ezarrita dugu Zeinukako taldearen bidez.

Hauek dira proiektuaren alderdi garrantzitsuenak:
- Komunikazio eraginkor eta segurua. Proiektu aktiboa da, gure osasuneko langileei tresna eraginkorrak ematen dizkie, eta profesionalaren eta entzumen-galeragatiko desgaitasuna duen pazientearen arteko komunikazio zuzena ziurtatzen du. Horrek, asistentziaren kalitatea hobetu ez ezik, pazienteen segurtasunean ere zuzenean eragiten du.
- Pazientearen hizkuntzan arreta ematea: Zeinukako taldearen helburu nagusia da gorreria duten pertsonei beren hizkuntzan arreta ematea, Mutualiara datozenean. Horretarako, zeinu-hizkuntza dakiten erreferenteak dauzka banatuta antolakundeko arloetan.
- Identitatea eta aniztasuna: Mutualiak, komunikazioaren alderdi teknikoei erreparatzeaz gain, gorreria duten pertsonen hizkuntz identitatea eta kultur aniztasuna sustatu eta babesten ditu.
- Garapen Jasangarriko Helburuekin (GJH) bat etortzea: ekintza horien bidez, Mutualiak bere alea jartzen du 2030 Agenda betetzeko bidean —3. GJH (osasuna eta ongizatea), 10. GJH (desberdintasunak murriztea) eta 17 GJH (helburuak lortzeko aliatzea)—.
Mutualiak era aktiboan parte hartzen du komunitatean; esaterako, Euskalgorrak elkarteak eta beste elkarte batzuek egun horretarako egindako deialdiekin bat egingo du. Konpromiso horren bidez, gehiago
18. GJH: Mutualia kultura- eta hizkuntza-aniztasunarekin konprometituta
2030 Agendaren hamargarren urteurrenean eta Garapen Jasangarriaren Helburuen Egunean, Mutualiak berretsi egin nahi du garapen inklusibo eta jasangarriarekin dugun konpromisoa. Hori dela eta, bat egiten dugu 18. GJH: Kultura- eta hizkuntza-aniztasuna ekimenarekin eta haren helburuarekin: nazioarteko agendan hizkuntza eta kultura guztien presentzia eta aintzatespena bermatzea.
18. GJH eta “Ahots Batuak” ekimena
2030 Agendak, NBEk 2015ean bere egin zuenak, 17 Garapen Jasangarriko Helburu (GJH) ezarri zituen. Hala ere, bere 169 jomugetan ez ziren ia kultura eta hizkuntzak aipatzen. 18. GJHk aintzatespen falta hori estali nahi du, eta aliantza global handi bat sortu, hizkuntzek eta kulturek eraldaketa sozialaren eragile gisa duten funtsezko eginkizuna aitortzeko.
18. GJH ekimena 2017an sortu zen Donostiako EASO Eskola Politeknikoan, eta EHUko Munduko Hizkuntza Ondarearen UNESCO Katedrak bultzatu zuen, Eusko Jaurlaritzaren, EHUren eta hainbat udalen laguntzarekin. Helburu horrek aitortzen du hizkuntza- eta kultura-aniztasuna funtsezko zutabea dela gizarte-kohesioa, ekitatea, ongizatea, berrikuntza eta giza eskubideak gauzatzeko.
Euskadik urrats bat harago egin du, “Ahots Batuak” aurkeztu baitu, Eusko Jaurlaritzak gidatutako aliantza globala, kultura- eta hizkuntza-aniztasuna garapen jasangarriaren erdigunean jartzeko
Mutualiaren konpromisoa
Mutualian hizkuntza- eta kultura-aniztasuna bermatzeko konpromisoa hartzen dugu, eta gure estrategian sartu dugu 18. GJH, helburu zehatzekin:
1. Hizkuntza-komunitateen nortasuna ikusaraztea (18. GJH, 1. jomuga):
Aktiboki lan egitea gure inguruko hizkuntza-komunitateen identitateak ikusarazteko eta indartzeko, euskaratik hasita, pertsonak beren hizkuntzaren bidez ahaldunduz.
2. Hizkuntzen presentzia bermatzea gure zerbitzuetan (18 GJH, 3., 6. eta 7. jomugak):
Gure komunikazioetan, arreta-zerbitzuetan eta, bereziki, osasun-zerbitzuetan aurrera egitea, gure erkidegoko berezko hizkuntzak erabiltzeko aukera bermatzeko, norberaren hizkuntzan aritzea oinarrizko eskubidea dela aitortuta.
3. Eredu elebidunak eta eleaniztunak bultzatzea (18. GJH, 4. jomuga):
Gutxienez bi hizkuntzaren erabilera praktikoa bermatuko duten ereduak sustatzea, kalitatezko erakunde batek munduari bere nortasunetik begiratu behar diola eta gizarte global batean integratu behar duela sinetsita.
4. Eten digitala murriztea (18. GJH, 5. jomuga):
Konpromisoa hartzen dugu gure tresna eta kanal digitalak gure interes-talde guztiek eskura izan ditzaten gure jardun-eremuko hizkuntza guztietan, eta, horrela, hizkuntzaren erabilerarako oztopoak saihestea eta teknologia inklusiorako tresna izan dadin laguntzea.
Lanean ere mugi zaitez
Europako Kirolaren Astea (EKA), irailaren 23tik 30era bitartean egiten dena, Europako Batzordearen ekimen bat da, ariketa fisikoa sustatzeko eta sedentarismoa borrokatzeko. Mutualian mugimendu horrekin bat egiten dugu, eta keinu orok balio duela gogorarazten dizugu, baita lan-ingurunean ere. Ordenagailu aurrean emandako lanaldi luzeak eta zeregin errepikakorrak nagusi diren testuinguruan, jarduera fisikoa txertatzea ez da gomendio bat bakarrik, baizik eta zure osasun eta ongizatean inbertitzea.
Nola jarduten du ariketa fisikoak gure gorputz eta gogoan hain onuragarria izateko?
Muskuluak lan egiten duenean, benetako organo hormonal baten modura jarduten du, eta hamaika substantzia jariatzen ditu, miokinak deitutakoak; substantziok askotariko eraginak dituzte ehunetan nahiz organoetan. Substantzia haietako batzuk antiinflamatorioak dira; beste batzuek odol-fluxua hobetzen dute, eta beste batzuek zelulek oxigenoa hobeto erauztea eragiten dute eta abar. Besteak beste, mekanismo horien bitartez azaltzen dira ariketak gaixotasunetan dituen efektu onuragarriak; horrez gain, badute eraginik, halaber, gure ongizate mentalean. Azterketa batzuek erakusten dutenez, ariketak depresioan duen eragina ohiko antidepresiboena bezain garrantzitsua da, eta onuragarria ere bada antsietatean, estresean eta eskizofrenian.
Onena da ez duzula entrenamendu bizirik behar haiek aktibatzeko; aski da mugimendu sinpleak egitea, hala nola ibiltzea, eskailerak igotzea eta lanean etenaldi aktiboa egitea.
Mugimendua lanaldian txertatzeko proposamen praktikoak
Gakoa ez da lanetik kanpoko tarte ezinezkoak bilatzea, baizik eta mugimendua zure lanaren egunerokoan txertatzea. Hona hemen estrategia erraz eta eraginkor batzuk:
1. Etenaldi aktiboak: Luzatze sinple bat baino gehiago. Etenaldi aktiboak 5 eta 10 minutu bitarteko etete laburrak dira, eta pare bat aldiz egunean egin ditzakezu.
2. «Mugimendu-snackak»: Dosi txikiak, emaitza handiak. Hau da, minutu 1 eta 5 minutu bitarteko jarduera-saio laburrak egitea egunean zenbait aldiz; ordubetean behin adibidez:
◦ Eskaileretatik igotzea eta jaistea, igogailua erabili ordez.
◦ Aulkian esertzea eta bertatik jaistea 10 aldiz jarraian.
◦ Bestelakoak: lepoa 10 aldiz mugitzea; sentadillak 30 segundo egitea hormaren kontra; oin-puntetan 20 errepikapen egitea; orpoen gainean 20 errepikapen egitea; 10 aldiz oinak eskuez ukitzea oinetatik; hormaren kontrako flexioak egitea eta abar.
◦ Sorbalda mugitzeko ariketak egitea dokumentu bat inprimatu bitartean.
Ariketa fisikoaren preskripzioa
Aramendi doktoreak, kirolaren medikuntzako mediku espezialistak, gogorarazten digunez, ariketa tresna terapeutiko eraginkorra dela, baita gaixotasun kronikoen tratamenduan ere. Ebidentzia zientifikoak babesten du jarduera fisikoaren «dosi» erregular batek zenbait farmakoren pareko edo handiagoko onurak dituela gutxienez 26 gaixotasun kronikoren tratamenduan.
Hona hemen OMEk gomendatutako dosia:
• Ariketa aerobikoa: jarduera moderatua (erritmo onean ibiltzea, igeri egitea, dantzatzea) 150 minutu astean egitea edo 75 minutu intentsitatea handia bada.
• Indar-entrenamendua: Bi edo hiru saio egitea astean. Muskulu-talde handiak (hankak, bizkarra, bularra) lantzeko 8 eta 10 ariketa bitartean jasotzea. Zeure pisua, gomak edo pisuak erabil ditzakezu.
• Oreka eta malgutasuna: Hiru egun astean gomendatzen dira, bereziki adineko pertsonetan.
Europako Kirolaren Aste honetan, animatzen zaitugu zure osasunean eginkizun aktiboa hartzera. Mugimendu bakoitza aukera bat da zure ongizate fisikoa eta mentala hobetzeko.
Jarri harremanetan gure Prebentzio Aholkularitzarekin eta ikusiko duzu Mutualia ON Etenaldi Aktiboen Tailerren ereduarekin lagundu ahal dizugula lan-ingurune osasungarri eta produktiboagoa sortzeko estrategiak ezartzen.
Mugitzeko etenaldiak: sedentarismoari 5 minututan aurre egiteko sekretu zientifikoa
“Eserita egotearen” arazoa
Gaur egungo bizimoduak bultzatuta, egunaren zati handi bat geldirik ematen dugu. Heldu gehienek zortzi ordu baino gehiago ematen dituzte eserita, izan ordenagailuaren aurrean, izan garraiobidean edo telesail gogokoena ikusten. Jarduerarik gabe luzaz egote hori 2 motako diabetesa, hipertentsioa, gaixotasun kardiobaskularrak, min muskuloeskeletikoa eta are narriadura kognitiboa izateko arrisku handiagoarekin lotzen da. Eta hau da garrantzitsuena: egunean behin ariketa fisikoa egiteak ez ditu aulki orduak ezabatzen.
OMEk bereizi egiten ditu jarduera fisikorik eza (astean 150 minutuan baino gutxiagoan egitea ariketa moderatua) eta jokabide sedentarioa (eserita egindako jarduerak, energia-gastu txikikoak). Horrela, pertsona bat aldi berean izan daiteke aktiboa —eguneroko kirol ordua eginik— eta sedentarioa —lanaldiaren zatirik handiena eserita egonik—. Hemen sartzen dira jokoan mugitzeko etenaldiak.
Soluzioa dosi txikitan
Movement snack edo mugitzeko etenaldiak lanaldian zehar egiten diren 1 eta 5 minutu arteko ariketa-saio txikiak dira. Horien xedea ez da entrenamendu egituratua ordeztea, baizik eta luzaz geldirik egon behar horrekin haustea, gure osasunaren kalterako da eta. Zehazki, keinu sinple batzuk egitean datza: aulkitik altxatzea, pasilloan ibiltzea, eskailerak igotzea, luzamenduak egitea edo idazmahaiaren ondoan sentadilla pare bat egitea.
Ebidentzia zientifikoek horixe bermatzen dute.
- Hobekuntza metabolikoak: Australiako ikerketa batek frogatu zuen ordu erdian behin bost minutuz ibiltzeak nabarmen murrizten dituela glukosa maila altuak eta arteria presioa, eta, gainera, aldartea hobetzen duela.
- Onura kognitiboak: pertsona heldu sedentarioetan egindako saiakuntza pilotu baten arabera, egunean hiru ariketa-saio kementsu eginez lau astez bakarrik, hobetu egiten dira eragiketa-funtzioa eta lan-memoria.
- Heriotza-tasa murriztea: Kanadako ikerketa batzuek frogatu zuten intentsitate handiko 1-2 minutuko ariketa-saioak, hala nola eskailerak bizi igotzea, jatorri kardiobaskular eta onkologikoko heriotza-arrisku txikiagoarekin lotzen direla.
- Eguneroko ongizatearentzako onura: sedentarismoa uzteak gogo-aldartea hobetzen du, nekea murrizten, eta energia-sentsazioa areagotzen du, Bergouignan eta kideek 2016an egindako ikerketa batek baieztatu zuenaren arabera.
- Berrikuspen orokorra: duela gutxi egindako berrikuspen sistematiko baten arabera, mugitzeko etenaldiena estrategia efiziente eta eginerraza da populazio sedentarioetan jarduera fisikoa areagotzeko, eta onura fisiko zein kognitiboak dakartza.
Laneko prebentzioa
Lan eremuan, mugitzeko etenaldiak balio handiko tresna dira arriskuak prebenitzeko; izan ere, orduan behin 3-5 minutuko etenaldi aktiboak egiteak bizkarreko eta lepoko minak murriztu ditzake, kontzentrazioa hobetu dezake, eta, epe luzera, absentismoa murriztu. Erraz ezartzen da, eta gutxi kostatzen, eta jakinik batzuetan martxan jartzea zaila dela, jarraian azalduko dizugu nola has zaitezkeen une honetan bertan ariketa fisikoa egiten.
Hasi oraintxe bertan
Erraz, urratsez urrats:
I. Hartu zure mugikorra eta ireki erlojuaren aplikazioa:
programatu alarmak orduero jotzea (edo bi orduan behin, poliki hasi nahi baduzu). Aurrerago, epeak laburtu ahal izango dituzu. Lanaldian zehar alarmak jotzen duen bakoitzean, agindu geroago errepikatzea eta hurrengo etenaldira arteko atzera kontaketa berriro hastea.
II. Ireki Oharren app-a eta kopiatu eta itsatsi ariketa errazen zerrenda hau, beti eskura izateko:
- 20 sentadilla aulkian (sit-to-stand)
- Ibili 2 minutuz pasilloan
- Igo eta jaitsi solairu bat
- Egin 10 luzaketa lepoan eta sorbaldetan
- Ipini oin-puntetan 30 aldiz
- Bultza hormari 30 aldiz
- Igo belaunak bularrera 30 aldiz
- Egin 10 enbor-biraketa leun
- Egin 10 bizkar-luzaketa beherantz
- Egin 20 arnasaldi sakon + 10 beso-mugimendu
(Ariketa horien bideoak Youtubeko gure kanalean ikus ditzakezu)
Beste edozein ariketa asma dezakezu, betiere gorputza izerdiarazten ez badu eta asko jota 2 minutu behar badituzu prestatzeko eta egiteko.
III. Bilatu lankideren bat, batera egiteko:
esaiozu: “Animatzen al zara nirekin orduero pixka bat mugitzera?”. Ezetz esaten badizu, saiatu beste batekin. Jarraitu saiatzen, norbait aurkitu arte. Ez baduzu inor topatzen, ez dago arazorik: egizu zeure kontura, telefonoz hitz egiten duzun bitartean, adibidez.
IV. Erregistratu zure aurrerapena proba erraz batekin:
adibidez, “sit-to-stand”a egitea 30 segundoan. Hilean behin, zenbatu zenbatetan jaiki eta eser zaitezkeen aulki batean minutu eta erdian. Apuntatu kopurua ariketa fisikoen zerrenda gordeta duzun mugikorreko ohar berean. Horrela, indarrean eta erresistentzian izandako hobekuntzaz ohartuko zara denborak aurrera egin ahala.
Izan zaitez “PRO” → Gehitu “Aktibatzaileak”: erabaki zer ekintza izango den zure aktibatzailea. Adibidez: “Email garrantzitsu ororen ondoren, 10 sentadilla egingo ditut” edo “Dei bakoitzaren ondoren, eskailera-tarte bat igoko dut”. Onura erantsia ekarriko die horrek 1-2 orduan behin egingo dituzun etenaldiei.
Errepika da gakoa. Eman dezake bost minutu ez direla deus, baina, egunez egun, nahikoa dira zure energia, osasuna eta produktibitatea eraldatzeko.
Jarri gurekin harremanetan eta ezagutu nola ezar ditzakezun estrategia horiek zure enpresan eta nola egin aurrera lan ingurune osasungarri eta produktibora bidean!
Bibliografia
- Díaz KM et al. “Interrupting prolonged sitting with brief bouts of walking reduces blood pressure and improves mood”. Med Sci Sports Exerc. 2023.
- Mues JP, Flohr S, Kurpiers N. “The influence of workplace-integrated exercise snacks on cognitive performance in sedentary middle-aged adults: a randomized pilot study”. Sports. 2025.
- Gillen JB et al. “Brief vigorous stair climbing bouts and long-term health outcomes”. PLoS One. 2023.
- Bergouignan A et al. “Effect of frequent interruptions of prolonged sitting on mood and fatigue”. Int J Behav Nutr Phys Act. 2016;13(113).
- Wang T. “Exercise snacks and physical fitness in sedentary populations: a review”. Prev Med Rep. 2025.
Mutualex epaia 2025ko Iraila
Auzitegi goreneko gizarte-arloko salaren epaia (3993/2024 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa), 2025eko uztailaren 16koa

Aztertutako epaian planteatzen den gaia honako hau da: enpresak diziplinazko kaleratzea jakinarazi dio langileari. Langileak demanda jarri du, eta eskatu kaleratzea bidegabea dela aitortzeko. Gainera, 5.410,36 euroko kalte-ordain osagarria eskatu du lortu gabeko irabaziengatik. Auzialdian, bai kaleratzea bidegabea izan dela bai kalte-ordain osagarria ematea baietsi dira. Enpresak erregutze-errekurtsoa jarri du Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusian, eta azken horrek errekurtsoa baietsi du kalte-ordain osagarriari dagokionez, eta erabaki hori ezeztatu. Langileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu du, honako hauek aplikatuta: Langileen Estatutuaren 56. artikulua, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulua eta Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua.
Hau da, eztabaidaren ardatza da erabakitzea ea, langile bat kaleratzen badute eta kaleratze hori bidegabea dela deklaratzen badute, langile horrek kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea duen edo ez aipatu araudia aplikatuta.
Auzitegi Gorenak ondorioztatu du Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluko kalte-ordain tasatua (33 egun lan egindako urte bakoitzeko, 24 hileko ordainketa arte) bidegabeko kaleratzea dela-eta judizialki egin daitekeen konpentsazio bakarra dela. Auzitegi Gorenaren aburuz, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikuluak eta berrikusitako Europako Gutun Sozialeko 24. artikuluak behar bezalako kalte-ordaina jasotzeko eskubidea aitortzen dute: «Gure legeriak ez du kalte-ordain librerik ezarri enplegua justifikaziorik gabe galdu izana konpentsatzeko. Dagoeneko tasatuta dagoenak eskaini izan die langile guztiei segurtasun juridikoa eta uniformetasuna. Hain zuzen ere, enplegu bera galduz gero, ordain bera jasotzen dute, jasandako kalte-ordain zehatzak egiaztatu beharrik gabe».
«Azken batean, orain interesatzen zaigun horretara etorrita, Nazioarteko Lan Erakundearen 158. hitzarmenaren 10. artikulu horretatik ondorioztatzen da barne-legediek zehaztu dezaketela behar bezalako kalte-ordaina, eta diseinu hori hainbat faktoretan oinarrituta egin ahal izango dutela, eta, are gehiago, aurreikuspen espezifikoak egin ahal izango dituztela eskubide bereziak arriskuan jartzen dituzten egoerei aurrean. Bada, horixe egin du legegile nazionalak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan, oro har, eta Gizarte-arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legearen 182.1.d) eta 183. artikuluetan, kaleratzeak oinarrizko eskubideak edo askatasun publikoak urratzen dituenean».
Hain zuzen ere, Auzitegi Gorenak adierazi duenez, gure ordenamendu juridikoan (Langileen Estatutuaren 56.1 artikulua) tasatutako kalte-ordaina «ezin da esan nazioarteko xedapenetik kanpo dagoenik —egokia dela bakarrik adierazten du—; aitzitik, “modu objektiboan tasatuta” dago, esan izan dugun bezala».
Gizarte Eskubideen Europako Komitearen erabakiak ez dira betearazleak, eta ez zaizkie zuzenean aplikatzen partikularrei.
Legea aplikatzean segurtasun juridikoari eta berdintasunari eusteko beharra justifikatzen da, eta Langileen Estatutuan aurreikusi gabeko egoera indibidualetan oinarritutako «nahierako» kalte-ordainak saihestu. Horregatik, Auzitegi Gorenak, martxoaren 29ko 270/2022 Epaian bezala (2142/2020 Doktrina Bateratzeko Kasazio-errekurtsoa), zera aldarrikatzen du: «Barne-araua alboratu eta nazioartekoa hartu eta, horrela, konbentzionaltasun-kontrola baliatzea nazioarteko arauak argitasuna eta ziurtasuna eskaintzen dituen kasuetan bakarrik egin behar da, segurtasun juridikorik eza saihestuz». Hori ez da prozedura honetan gertatzen dena.
Ondorioz, Auzitegi Gorenak errefusatu egin du langileak Langileen Estatutuaren 56.1 artikuluan ezarritako kalte-ordain osagarria jasotzeko eskubidea izatea, legegileak edo negoziazio kolektiboak erreforma egin ezean.
Epai horrek bi boto partikular ditu. Lehenengoaren arabera, ez zen onartu behar doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa, prozedura honetako egitateak eta alderatzeko aukeratutako epaikoak desberdinak direlako. Hala ere, adierazten du eman daitekeela bidegabeko kaleratzea dela-eta dagokion kalte-ordainaz gain beste kalte-ordain bat ere, betiere aparteko kaltea badago. Adierazten du, halaber, bidegabeko kaleratzeetarako tasatutako kalte-ordaina aldatzea legegintza-ekinbidea beraien funtzioen artean duten Estatuko organoei dagokiela, eta, jakina, legegintza-ahalmena dutenei.
Bigarren boto partikularraren arabera, zuzenean aplika daiteke Europako Gutun Sozialaren 24. artikulua, eta, beraz, Langileen Estatutuaren 56. artikuluan ezarritako kalte-ordain tasatuaz gain, aukera dagoela kalte-ordain osagarri bat ordaintzeko, kasu jakin batzuetan salbuespen gisa ager daitezkeen eta normalean enplegua galtzeari egozten zaion kaltetik harago doazen beste kalte-galera batzuk konpentsatzeko.
Doktrina bateratzeko epai bat hizpide badugu ere, gizarte- eta lan-testuingurua dela-eta eta aipatutako boto partikularrak direla-eta —islatzen dute Auzitegi Goreneko magistratuek interpretazio juridiko ezberdinak egiten dituztela, gizartean bertan ere gertatzen den bezala—, ziurrenik errekurtso gehiago formalizatuko dira eta jurisprudentzia aldatuko den ala ez egiaztatu beharko da.
Jesús Escartín Azlor
Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua
Mutualex-Kontsulta juridikoa 2025ko Iraila
Langabezia-sorospena jasotzen duen eta gaur egun errezidiba-egoeran dagoen langileak ba al du aldi baterako ezintasuneko prestaziorik jasotzeko eskubiderik?

Hona kasuaren deskribapena: langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran egon zen, lan-istripu bat zela-eta, alta medikoa egin zen, lan-kontratua amaitu zen, langabezia-prestazioa jaso zuen hura agortu arte, eta, gaur egun, langabezia-sorospena jasotzen du. Une honetan errezidiba-egoeran dago, eta aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso nahi du.
Hasiera batean uler daiteke langileak lan-istripuagatiko aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izango lukeela, nahiz eta aldi baterako ezintasuneko bi prozesuen artean denbora-tarte bat igaro eta langabezia-sorospena jaso. Hala ere, Auzitegi Gorena 2023ko uztailaren 4ko Epaian oso bestelako ondorio batera iritsi zen. Jarraian aztertuko dugu.
Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 165. artikuluak ezartzen du aldi baterako ezintasuneko prestazioa jasotzeko eskubidea izateko baldintza dela araubide horretan afiliatuta eta altan egotea edo altarekin parekatutako egoeran egotea, eta 166. artikuluak altarekin parekatutako egoerak zerrendatzen ditu (besteak beste, langabezia-prestazioa jasotzen duen langilea). Era berean, GSLOren 265. artikuluaren arabera, langabezia-babesa bi mailatakoa izan daiteke: maila kontributibokoa (langabezia-prestazioa) eta maila asistentzialekoa (langabezia-sorospena).
Aipatutako araudia kontuan hartuta, planteatutako kontsultan langileak ez du betetzen Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean alta-egoeran edo altarekin parekatutako egoeran egotearen baldintza; izan ere, gaur egun langabezia-sorospena jasotzen du, hau da, prestazio ez-kontributibo bat.
Aipatutako Auzitegi Gorenaren 2023ko uztailaren 4ko Epaiak (3121/2020 Errekurtsoa) oraingoaren antzeko kasu bat aztertzen du; hots, eztabaidagaia da ea lan-istripua izan zuen eta langabezia-sorospena jasotzen duen langile batek aldi baterako ezintasuneko prestazioa jaso dezakeen errezidiba-kasuan. Auzitegi Gorenak, aipatutako epaian, ondorioztatzen du langabezia-sorospen asistentziala jasotzen ari dena ez dagoela altarekin parekatutako egoeran, aldi baterako ezintasuneko sorospenaren sortzapenaren ondorioetarako.
Jesús Escartín Azlor
Mutualiako aholkularitza juridikoko letradua
31. kudeaketa aurreatuaren europako asteko ekitaldien egitarau osoa
Mutualia lankidetzan ari da EUSKALITek koordinatutako Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea sustatzeko eta zabaltzeko. Gurekin bat egin eta parte hartu zuk ere bai!
Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astea udazkenero antolatzen da, eta kudeaketa-eredu berritzaile, iraunkor, eta etengabeko hobekuntzara bideratuta dauden ereduen hedapena sustatzen duen ekimena da. Aurten, 31. edizioa ospatuko da, eta ekitaldien egitarau oso eskuragarri dago jada.

Kudeaketa Aurreratuaren Europako Astearen barruan, bi ekitaldi formatu ezberdin daude. Alde batetik, inaugurazio-ekitaldi aberasgarria izando dugu urriaren 8an, 16:00etatik 18:00etara, BAT Dorrean (Bilbon). Bertan, hitzaldiak, jardunbide egokien aurkezpenak eta mahai-inguru bat izango ditugu. Bestalde, hurrengo bi asteetan, urriaren 8tik 22ra, Euskadiko hiru lurralde historikoetan banatutako ekitaldiak edukiko ditugu. Ekitaldi horietan, gure erakundeetako kultura landuko da, ingurune inklusibo, anitz, erakargarri, eta egitura eta teknologia berrietara egokitutakoen motorra den aldetik.
Guztira, 35 ekitaldi izango ditugu formatu ezberdinetan (aurrez-aurre, online edo streaming bidez), 50 erakunde antolatzaile ingururen eskutik.
Ez galdu aukera paregabe hau erronka ugaritan murgiltzeko, hala nola, belaunaldi berrien erakarpena, gure erakundeetan ongizatea eta konpromisoa indartzea, edo AAren erabilera ETEen eraginkortasun operatiboa, erabakiak hartzea eta berrikuntza hobetzeko. Gorde datak zure agendan eta eman izena lehenbailehen!
Mutualex 352 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2025eko irailaren 6tik 12ra.