Irailaren 16tik, asteartea, irailaren 22ra, astelehena, Mugikortasunaren Europako Astearen aurtengo edizioa ospatuko dugu. Europako Batzordeak “Guztiontzako mugikortasuna”ren gaia aukeratu du 2025eko kanpainarako, helburu honekin: bermatzea pertsona guztiek, diru-sarreren maila, kokapena, generoa edo gaitasunak edozein direla ere, eskuratu dezaketela garraio jasangarri, eskuragarri, inklusibo eta segurua, garraio publikoan, oinez edo bizikletaz mugitzea pertsona guztientzat benetako aukera dela bermatuta.
Kanpaina honekin bat egin eta informazio gehiago topatu dezakezu ekimenaren webgunean:
Egin klik esteketan, horiei buruz gehiago jakiteko.
Mutualiak bat egiten du ekimenarekin, eta gure webgunean eskuragarri dauden prestakuntza- eta sentsibilizazio-jarduerak sustatzen ditu, laneko bide-segurtasunari garrantzia ematea sustatzeko eta horri buruzko ezagutza handitzeko.
Laneko segurtasunak barnean hartzen du bide-segurtasuna, sektore eta jarduera orotan. Horregatik, arrisku horren gainean kontzientzia hartzea sustatu nahi dugu, eta ezagutarazi nahi ditugu, orobat, joan-etorrien ondoriozko istripuak kontrolatzeko edo murrizteko aplika ditzakegun prebentzio faktore eta neurriak, besteak beste, material hauen bidez:
Ikus-entzunezko materiala: asteroko sentsibilizazio-kanpaina, bideoen bidez.
Gidatzean, etenaldi aktiboak egitea
Gidatzen dugun bakoitzean, komeni da etenaldi aktiboak egitea, ariketa fisikoen bidez gaitasun funtzionala zaintzeko eta lesioak prebenitzeko. Adibidez:
Irailaren 8a Fisioterapiaren Mundu Eguna da, eta aurtengo goiburua hauxe dugu: «Fisioterapia eta jarduera fisikoa zahartze osasungarrirako: hauskortasuna eta erorikoak prebenitzea». Mutualiak, egun hori baliatuz, azpimarratu nahi du zeinen garrantzitsua den egunerokoan aktibo mantentzea, baita lan-ingurunean ere.
Biztanleriaren zahartzea errealitate bat da: 2030ean, 60 urtetik gorako pertsonak 1.400 milioi izango dira eta, 2050ean, 2.100 milioi. OMEk adierazi du zahartzeak gaitasun fisikoak eta mentalak pixkanaka jaistea dakarrela, eta horrek lanpostuaren eskaerei ere eragin diezaiekeela.
Gaur, Gorka Gangoiti Iturri dugu, Mutualiako fisioterapia-koordinatzailea. Fisioterapiak eta jarduera fisikoak zahartze osasungarrian duten funtsezko zeregina azalduko digu.
Zahartze aktibo eta osasungarria. Zergatik da hain garrantzitsua zahartze osasungarria sustatzea?
Adinean aurrera egin ahala, muskuluek indarra, elastikotasuna eta arintasuna galtzen dute pixkanaka; ondorioz, hauskortasuna eta erorikoak izateko arrisku handiagoa dugu. Baina, modu osasungarrian zahartu gaitezke baldin eta jarduera fisikoa eta beste ohitura batzuk sustatzen baditugu.
«Ariketa erregularrak eta fisioterapiak autonomo izaten jarraitzen eta bizi-kalitate ona izaten laguntzen digu. Fisikoki aktibo egotea funtsezkoa da osasunerako eta ongizaterako, eta gaixotasun kronikoak prebenitzen eta gaitasun funtzionala mantentzen laguntzen du».
Nola lagun diezaguke jarduera fisikoak?
«Urteei bizitzari eta bizitzari urteak gehitzen» laguntzen digu.
«Hari esker, indarra eta oreka mantenduko ditugu, mugikortasuna eta malgutasuna hobetuko ditugu, muskulu-lesioak prebenituko ditugu, eta, oro har, energia gehiago izango dugu. Indar-, erresistentzia- eta oreka-ariketek, gure egoera fisikoa hobetzeaz gain, erorikoak eta lesioak izateko arriskua nabarmen murrizten dute».
Ariketa osasuna da, eta urrats guztiak dira garrantzitsuak, baita txikiena ere.
Nola aldatzen zaigu gorputza adinarekin?
«Zahartzeak eragin negatiboa du gaitasun fisikoan: muskulu-indarra galtzen dugu, artikulazioen mugikortasuna gutxitzen zaigu eta gaitasun aerobikoa txikitzen zaigu. Horrek guztiak, ikusmen- edo oreka-arazo posibleez gain, erorikoak eta lan-istripuak izateko arriskua areagotzen du».
Fisioterapeutok ez ditugu lesioak bakarrik tratatzen, horiek prebenitzen ere laguntzen dugu. Eguneroko ohitura txikiekin eta laguntza profesionalarekin aktibo izan gaitezke, eta zahartze aktibo eta osasungarria izan.
Zein izango litzateke gomendatutako jarduera fisikoa?
Oro har, luzatzeko eta indartzeko ariketak egin beharko genituzke egunero. Hona hemen jarraibidea:
Jarduera aerobiko moderatua, 150-300 minutu astean; eta jarduera aerobiko bizia, 75-150 minutu astean. Oinez ibiltzea, bizikleta estatikoa, bizikleta eliptikoa, igeri egitea, dantza egitea, etab.
Astean bitan. Muskulu-talde guztiak lantzeko indar-ariketak. Norberaren gorputz-pisuarekin, gomekin, pisuekin, makinekin edo TRXrekin egin daitezke, besteak beste.
Helburua da lan-ingurune seguruagoak eta ergonomikoagoak sortzea, batez ere pertsona adinduenentzat. Prebentzio-neurriak, hala nola oztoporik gabeko lan-espazioak izatea, lan errepikakorrak saihestea, jarrerak zaintzea, gehiegizko kargak saihestea, ergonomiari arreta berezia jartzea eta, jakina, lanean mugikortasuna sustatzea etenaldi aktiboekin.
Bestalde, ezinbestekoa da indar-ariketen bidez esfortzu gehien hartzen duten muskulu-taldeak indartzea, egunero jasaten dituzten kargak jasateko gai izan daitezen eta ez daitezen lesionatu.
Zer dira etenaldi aktiboak eta nola sustatu ditzakegu lan-ingurunean?
«Etenaldi aktiboa da ariketa oso labur eta errazak egitea (5-10 minutu, egunean pare bat aldiz). Ariketa horiek artikulazioak babesteko eta indartzeko, muskulu-tentsioak murrizteko eta, horrela, lesioak prebenitzeko dira».
Onuragarriak dira bai lan sedentarioetarako, bai ahalegin fisikoa eskatzen dutenetarako, eta lanpostuko edo lanetik kanpoko bizitzako zeregin zorrotzenetan inplikatuta dauden muskulu-taldeak indartzeko lan gogorragoaren osagarri izan daitezke.
Azkenik, zer mezu helarazi nahiko zenuke Fisioterapiaren Mundu Egunean?
Funtsezko mezua litzateke mugimendua osasuna dela, eta inoiz ez dela beranduegi mugitzen hasteko eta gure muskulu-indarra hobetzeko, hartara gure gaitasun funtzionala mantendu eta/edo hobetzeko. Eguneroko errutinan ohitura txikiak txertatuz eta, fisioterapeuten laguntza eta aholku profesionalarekin, muskuluak indartzeko lana eginez, aktibo mantenduko gara eta zahartze aktibo eta osasungarria izango dugu.
GAMESA GEARBOX, 2025eko Mutualia sarietan aintzatetsitako enpresa. Hain zuzen ere, Enpresako Dibertsitatearen Accesita jaso zuen proiektu honengatik: «Elkarrekin segurtasunaren eta osasunaren alde: kultura inklusiboa eta askotarikoa landuz lanean».
Nola sortu zen lan-arloko dibertsitatearen proiektu honen ekimena?
Ekimen hau behar baten ondorioz sortu zen. Askotan, egunerokotasunean planteatzen zaizkizun egoeretarako irtenbideak bilatzen hasten zara, hainbat testuingurutan agertzen diren errealitateei erantzuteko. Bada, horixe da Gamesa Gearboxen fabrika honetan gertatu dena.
«Hainbat nazionalitate, kultura, erlijio eta ohiturako pertsonak sartu dira, hori errealitate bat da, eta, egoera horren aurrean, komunikazio-sistemak bilatu behar izan ditugu jarduerari dagokion guztia ulertzen dela ziurtatzeko (prozedurak, laneko segurtasunarekin eta osasunarekin lotutako informazioa, prestakuntzak…). Horrela, ekintzak egin ditugu pertsona guztiak lan-arloan barne daudela senti dezaten».
Zein dira proiektu honen ekintza nagusiak?
Diagnostiko kulturala. Nola gauzatu zenuten hasierako diagnostiko kulturala eta zein izan ziren identifikatu zenituzten erronka nagusiak?
Hasieran, datuak bildu genituen, eta elkarrizketak egin genizkien bai beste nazionalitate eta erlijio batzuetako langileei bai tokiko langileei. Halaber, behaketa zuzeneko ariketa bat egin genuen enpresako langileen hizkuntzari, balioei, arauei eta tradizioei buruzko informazioa lortzeko, aldaketak, hobekuntzak eta egokitzapen posibleak egin eta erakunde-kultura indartzeko.
Prozedurak egokitzea. Nola egokitu dituzue prozedurak langile guztientzat ulergarriak izan daitezen?
Egokitzapenak egin ditugu eta sortu ditugun dokumentuek ikusizko aldagai handiagoa dute. Gainera, soilagoak dira eta sekuentziatuta daude, errazago uler daitezen. Gainera, zuzeneko komunikazioko espazioak ere sortu ditugu (banakako bilerak, elkarrizketak eta prestakuntza egokituak; asko aldendu gara teoria handiko saioetatik eta lehentasuna eman diegu egin eta laguntzeko ikaskuntza-saio oso praktikoei).
Informazio-materialak. Nolako informazio-materialak egin dituzue eta zer formatu/hizkuntzatan?
Ez dugu arreta informazio-materialetan jarri. Komunikazioa egiteko modua landu dugu. Informazio-materialak lagungarriak dira, baina ez dute bermatzen informazioa iritsiko dela eta ulertuko dela. Horregatik, komunikazio zuzen, praktiko eta bisualean jarri dugu ahalegin guztia; hari esker, ulertzen dela berma dezakegu eta indartu behar den edo ez egiazta dezakegu.
Materialari dagokionez, adierazi behar da lan handia egin dugula digitalizazioaren arloan (informazioa eguneratuta izatea), komunikatzen dugun guztia indartzeko.
Trebakuntza inklusiboa. Zer dinamika erabiltzen dituzue parte-hartze eta ikaskuntza kolektiboa sustatzeko?
Fabrikan egiten ditugun dinamika guztiak lantalde dinamikoak eta diziplina anitzekoak dira. «Workshop» deitzen diegu, eta hainbat ikuspuntutatik lantzen ditugu, gaia eta irismena zein diren. Hala ere, beti partekatzen dute ezaugarri bat: dinamikoak dira (benetako egoerak edo balizko egoeren birsortzea) eta diziplina anitzekoak dira (lan egiten duten departamentuaren ikuspegitik, hierarkia-mailen, jatorriaren, kulturaren eta abarren ikuspegitik). Uste dugu horrela denek denengandik ikas dezakegula eta, gainera, denak gara gai hirugarrenen potentzialak ikusteko.
Etengabeko ebaluazioa. Nola egiten duzue?
Hainbat faseko etengabeko ebaluazioa egiten dugu. Lehen fasean, laguntza; bigarren fasean, etengabeko gainbegiratzea; hirugarren fasean, aldizkako gainbegiratzea; eta, azken fasean, gainbegiratze puntuala (erakundeko edozein kidek egiten du, ez du zertan langileak lan egiten duen departamentukoa izan). Horrela, taldeko beste kide batzuek irakasteko eta gainbegiratzeko duten gaitasuna ere ebalua dezakegu.
Zer hobekuntza ikusi dituzue proiektua ezarriz geroztik?
«Hobekuntza asko lortu ditugu, baina, lehenik eta behin nabarmendu nahiko nuke instalazioan lortu dugun ezbehar-tasa txikia, jarduera zaila izan arren. Hau da, hasieran zegoen komunikazio-oztopoa gainditu dugu mezuak modu argi eta eraginkorrean helarazteko, bakoitzaren hizkuntza edozein izanda ere. Bestela esanda, mundu guztiak daki, zer, nola eta zein modutan egin behar duen lana, segurtasunez egiteko».
Bigarrenik, beste hobekuntza bati buruz ere hitz egin nahi nuke. Agian ez da aurrekoa bezain nabarmena. Pertsonek egiten duten balorazioa da: parte hartzeko aukeraren, lan-jardueran aktibo sentitzeko aukeraren balorazioa. Izan ere, haien tradizioak nahiz erlijioarekin lotutako alderdiak (ramadana…) errespetatzen ditugu eta, ondorioz, errespetatzen ditugula eta barne eta integratuta daudela sentitzen dute. Oso pozik daude.
Lortu al da kidetza- eta inklusio-sentimendua sustatzea pertsona guzti-guztiak errespetatuz?
Bai, aurreko atalean azaldu dudan bezala, bete dugu helburu hori; izan ere, lantaldeko langile guztiek dute beren lekua, guztiak erakundeko kide sentitzen dira, eta guztiek errespetatzen dute erabat dibertsitatea.
Zure ustez, zein da zuen dibertsitate-proiektuaren arrakastarako gako erabakigarria?
Parte-hartzea dela uste dut. Izan ere, «Elkarrekin segurtasunaren eta osasunaren alde: kultura inklusiboa eta askotarikoa landuz lanean» proiektuak parte-hartzailea izan behar du ezinbestean; bestela, ez litzateke mundu guztiarengana iritsiko. Gainera, guztiontzat da aberasgarria. Norabide guztietako ikaskuntza dugu: denek ikasten dugu denengandik.
Eredu hori beste enpresa batzuetan ere aplika daitekeela uste duzu?
Aplika daiteke, jakina; izan ere, alde guztietan dagoen errealitatea da. Egin beharreko egokitzapenak eta abar gutxienekoak dira, eta, beraz, ez da inbertsio handirik egin behar. Hau baino ez da behar: egin nahi izatea, baina guztion laguntzarekin.
Aitatasun-baimena 5 astetik 8 astera igaro zen 2019an; 12 astera, 2020an; eta 16 astera, 2021ean. Horietatik 6 erditu eta berehala edo, adopzio-, zaintza- edo harrera-kasuetan, ebazpen judiziala edo administratiboa eman eta berehala baliatu behar ziren. Baimenaren gainerakoa segidako aldietan balia zitekeen haurtxoak urtebete egin baino lehen.
2025eko uztailaren 30ean, uztailaren 29ko 9/2025 Errege Lege Dekretua argitaratu da. Horren bidez, jaiotzagatiko eta adingabea zaintzeagatiko baimena 16 astetik 19 astera handitu da —iraupen bera da bi gurasoentzat eta ezin dira asteak transferitu— eta, guraso bakarreko familien kasuan, 32 astera handitu da, guraso eta zaintzaileen familiako eta laneko bizitza bateragarri egiteari buruzko 2019ko ekainaren 20ko Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren 2019/1158 (EB) Zuzentaraua aintzat hartuz. Enplegu publikoaren arloan ere berdin handitu da, bai eta adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako ere.
Aipatu Errege Lege Dekretuak hauek ditu: zioen azalpena, hiru artikulu (Langileen Estatutuaren 48. artikuluaren 4. eta 5. apartatuak, Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 178., 181. eta 182. artikuluak aldatzen dituzte), xedapen iragankor bat eta hiru azken xedapen. Hona alderdi nabarmenenak:
Adopzioagatiko, adopzioa xede duen zaintzagatiko eta harreragatiko baimen indibiduala 16 astetik 19 astera handitzen da, eta oinarri arautzailearen % 100 jasoko da.
6 aste erditu eta berehala baliatu behar dira; beste 11 aste nahi denean balia daitezke adingabeak 12 hilabete betetzen dituen arte; eta 2 aste osagarri sartzen dira, adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeenak. Erregulazioa berbera da adingabearen adopzioaren, adopzioa xede duen zaintzaren eta harreraren kasuetarako (salbuespen bakarra da bi gurasoek baimenaren lau aste aurreratu ahal izango dituztela nazioarteko adopzioaren kasuan, eta adingabeak 8 urte betetzen dituen arte balia daitezkeen 2 asteen muga berbera da).
Guraso bakarreko familien kasuan, baimena 32 astekoa da, honela banatuta: 6 nahitaezkoak, 22 haurrak urtebete bete arte eta 4 haurrak 8 urte bete arte.
Gurasoetako bat hiltzen bada, beste gurasoak hartu ahal izango ditu baimen-egun guztiak, edo, bestela, gelditzen diren egunak.
Langileen Estatutuaren 48 bis artikuluan aurreikusitako gurasoen baimena (8 aste adingabeak 8 urte betetzen dituen arte) oraindik ere ez da ordaindutakoa; nolanahi ere, auzitegi batzuek kontrako zentzuko ebazpenak eman dituzte.
Araua 2025eko uztailaren 31n jarri da indarrean, atzeraeraginezko ondorioekin. Aste osagarriak (2 edo 4 guraso bakarreko familien kasuan) 2024ko abuztuaren 2tik aurrera jaio edo adoptatutakoei aplikatuko zaie, baina 2026ko urtarrilaren 1etik aurrera bakarrik eskatu ahal izango dira.
Baimena bai gizonentzat bai emakumeentzat handitu izana aurrerapauso bat da babes sozialean eta Gizarte Segurantzaren konturako oinarri arautzailearen % 100 jasoko da.
9/2025 Errege Lege Dekretuaren arabera, gainera, «aurrekoa gorabehera, Gobernuak konpromisoa hartzen du etorkizunean baimenen bloke honen iraupen osoa hogei astetara handitzeko»; beraz, gaia kontuan hartuta —azken aldian ikusi ahal izan dugunez, asko aldatu da, eta gizarte-testuinguruari erantzun behar dio—, lege-berritasunekin oso erne egon beharko gara. Ematen duenez, gai honetan, laster iritsiko dira.