Elkarrizketa: Aitor Goikoetxea Laneko Arriskuei buruzko Prestakuntza Praktikoko Institutuko bazkide zuzendaria

Elkarrizketa: Aitor Goikoetxea Laneko Arriskuei buruzko Prestakuntza Praktikoko Institutuko bazkide zuzendaria

Laneko Arriskuei buruzko Prestakuntza Praktikoko Institutua kanpoko prebentzio-zerbitzu bat da, 2004an sortua eta zenbait arlotako prestakuntza teoriko-praktikoan espezializatua. Egoitza nagusia Loiun du (Bizkaia), eta ordezkaritza bat Cornellà de Llobregaten (Bartzelona). 

Altuerako lanak: prebentzio eraginkorrerako gakoak 

 

Institutuaren misioa da enpresekin lankidetzan aritzea, antolakunde ororen oinarrizko zutabeetako bat lortzeko: hura osatzen duten pertsonen segurtasuna eta osasuna bermatzea. Foment del Treball Nacionalek Laneko Segurtasuneko eta Osasuneko Jardunbide Egokien Saria eman dio, prestakuntzaren kategorian.   

Institutuaren prestakuntzaren helburuetako bat da langileek beren zereginak modu seguruan eta efizientean egin ditzaten lortzea, eta, horrekin batera, enpresetan eta antolakundeetan segurtasunaren kultura finkatzea.  

Aitor Goikoetxea Institutuko bazkide zuzendari eta laneko arriskuen prebentzioan aditua elkarrizketatu dugu, eta hark altuerako lanen mundu konplexuan murgildu gaitu. Lan mota hori da lan-eremuaren barruko jarduera arriskutsuenetako bat.  


 

Nola definituko zenuke altuerako lan bat? Eta, bereziki, zein sektorek dute arrisku mota horrekiko esposiziorik handiena? 

Indarrean dagoen araudiaren arabera, altuerako lantzat hartzen da pertsona bat lurzorutik edo plano egonkorretik bi metro baino gehiagoko erorikoa izateko arriskuan jartzen duena.  

“Arrisku mota hori bereziki ohikoa da, besteak beste, eraikuntza, energia berriztagarri, telekomunikazio, garbiketa eta industria-mantentzearen sektoreetan, non esposizioa etengabea baita eta istripu hilgarriak gerta baitaitezke”. 

 

Zer faktore jotzen dira kritikotzat altuerako lanen arriskuak ebaluatzean? 

“Altuerako lanei lotutako arriskuak ebaluatzeko orduan, garrantzitsuena da aztertzea bai lanaren ezaugarriak eta nolako tokitan egiten den, bai ukitutako langileen kopurua eta profila, haien prestakuntza eta esperientzia, zer aukera dagoen aldi berean beste lan batzuk gertatzeko eta baldintza meteorologikoak”.  

Ez da gauza bera hamabi metroko altueran dagoen estalki baten gainean lan egitea edo bi metro eta erdian dagoen makina baten gainean: egoera bakoitzak prebentzio-neurri espezifikoak behar ditu, bai eta norbera babesteko ekipamenduen (NBE) hautapen arduratsua ere.  

 

Altuerako lan bat hasi aurretik, zer antolamendu-neurri eta neurri tekniko jotzen dituzu ezinbestekotzat? 

Prebentzioa plangintza zehatz batekin hasten da. Altuerako edozein zeregin hasi aurretik, funtsezkoa da argi eta garbi definitzea zer egingo den, non, nola, nork eta noiz. Horrela baino ezin dira arriskuak identifikatu eta prebentzio-neurririk egokienak hartu, hala nola ekipamenduak eta NBEak hautatzea, beharrezkoa den prestakuntza ematea, eta prozedura espezifikoak eta larrialdietan jarduteko jarraibideak ezartzea. Gainera, ezinbestekoa da lanak egiten diren bitartean gainbegiratzeko eta kontrolatzeko sistema bat izatea. 

 

NBEei dagokienez, zer irizpide jarraitu behar dira NBEak eta erorikoen aurkako sistema egokiak hautatzeko (arnesa, segurtasun-sokak, segurtasun-kaskoa, etab.)? 

Norbera babesteko ekipamenduen eta erorikoen aurkako sistemen hautaketa irizpide hauen arabera egin behar da: arriskuaren aurreko efikazia, lan motara egokitzea, erabiltzailearen ezaugarriak, erosotasuna, araudia betetzea eta ekipoen arteko bateragarritasuna.  

 

Ainguratze-puntuak instalatzea ere funtsezkoa da, ezta? 

Hala da. Baimendutako langileek instalatu eta ziurtatu behar dituzte ainguratze-puntuak, betiere araudi espezifikoari jarraituz.  

 

Zer gehiago hartu behar da kontuan altueran lan egin aurretik? 

“Prestakuntza funtsezko beste zutabe bat da. Langileek prestakuntza teoriko-praktiko nahikoa jaso behar dute, altuerako lanen berezitasunetara egokitua eta zentro egiaztatuek eta irakasle espezialistek emana”. 

Gaitasun teknikoa azterketa teoriko eta praktikoen bidez egiaztatzen da, eta enpresek etengabeko jarraipena egin behar diote beren langileek horrelako zereginetan duten jardunari.  

 

Zer prebentzio-dokumentazio erantsi behar zaio altuerako esku-hartze bati (ebaluazioa, jarraibideak, baimenak)? 

Prebentzioko dokumentazioari dagokionez, beharrezkoa da honako hauek izatea: arriskuen ebaluazioa, laneko plana, segurtasun-plana (eraikuntzako obren kasuan), jarraibide teknikoak, prestakuntza-ziurtagiriak, prebentziorako baliabidearen izendapena, koordinazio-aktak, NBEen informazio- eta entrega-erregistroak, erorikoen aurkako ekipamenduen eta sistemen instalazio- eta berrikuspen-ziurtagiriak, lan-baimenak eta erreskate-plana.  

 

Zer eginkizun du enpresa-jardueren koordinazioak horrelako lanetan? 

Enpresa-jardueren koordinazioak (EJK) funtsezko zeregina du, aukera ematen baitu lanak planifikatzeko, arriskuei eta prebentzio-neurriei buruzko informazioa emateko, langileen gaikuntza egiaztatzeko eta zeregin bakoitzaren berezitasunak aztertzeko.  

“Koordinazio txarra izan daiteke segurtasuna galtzeko puntu kritikoa, batez ere antolakundetik kanpoko langileek esku hartzen dutenean.“ 

 

Esperientzia luzea izanik, zer ohiko hutsegite antzeman dituzue altuerako lanak egitean? 

Altuerako lanak egitean antzemandako hutsegiterik ohikoenen artean, hauek ditugu: prestakuntza desegokia, egoera txarrean dauden ekipamenduak erabiltzea, prozedurarik eza, NBEak gaizki erabiltzea, erreskate-planik ez egotea eta zeregin horien arriskugarritasunari buruzko sentsibilizazio-falta. 

 

Eta aurrerapen teknologikoen eragina iritsi al da altuerako erorikoak prebenitzera ere? 

Azken urteetan, aurrerapen handiak egin dira, bai ekipamendu arinagoen eta moldakorragoen garapenean, bai informazioaren prestakuntzan eta eskuragarritasunean, eta, horri esker, antolakundeen segurtasuna eta prebentzioaren kultura hobetu ahal izan dira.  

 

Hobetu al daiteke antolakundeen barruan altuerako lanetako prebentzioaren kultura? 

Benetako prebentzioaren kultura lortzeko, beharrezkoa da plan bat izatea, prebentzioa maila guztietan txertatzea, lidergoa izatea, etengabe prestatzea eta informatzea, barne konpromisoa eta komunikazioa sustatzea eta segurtasunarekin eta osasunaren arloko ez-betetzeak zorrotz izatea. 

 

Zer mezu emango zenieke horrelako arriskuei aurre egiten hasi diren teknikariei? 

Arlo honetan hasten ari diren pertsonei esango nieke ondo prestatzeko, xehetasun handiz planifikatzeko eta enpresa espezializatuekin lankidetzan aritzeko. Eta eguneratuta egoteko, azoka profesionaletara joateko, web-atari espezializatuak kontsultatzeko, foroetan parte hartzeko eta sektoreko enpresekin lankidetzan aritzeko. 

 

Estatuko klase pasiboen alarguntza-pentsioa, haren bi onuradunetako bat hil denean

balanza de la justicia

2025eko irailaren 19ko epaiaren bitartez (1153/2025 zk.), Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak pentsioen arloan garrantzi handia izango duen gai bat ebatzi du, eta doktrina finkatu du Estatuko Klase Pasiboen Legearen alarguntza-pentsioei buruz, onuradunak bi izanik, eta, ondorioz, prestazioaren zenbatekoa bien artean banatzen dutelarik, onuradunetako bat hiltzen denerako.  

Epai horren bitartez, Auzitegi Gorenak mugarri bat ezarri du, eta segurtasun juridikoa eskaintzen die egoera horretan dauden funtzionarioen familiei, alargun baten kasua aztergai hartuta; zenduaren emazte ohiarekin pentsioa partekatzen zuen, eta behin emazte ohia ere hil ondoren, pentsioa oso-osorik jasotzea eskatzen zuen.  

 

Hasiera batean, Ogasun Ministerioko Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiak ukatu egin zuen eskatutako alarguntasun-pentsioa berrikusi ahal izatea, pentsioaren zenbatekoa eskatzailearekin partekatzen zuen emakumea ere hil ondoren, oinarritzat hartuta Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legeak, apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak, 38. artikuluan xedatzen duena eta Zuzendaritza horrek berak emandako jarraibide propioak. Haren arabera, alarguntza-pentsioa onuradun anitzen artean banatzeko ondorio-data gertaera eragilearena da; beraz, haietako edozeinen heriotzak edo pentsioa jasotzeko lege-gaitasuna galtzeak ez du aldatzen gainerako onuradunei esleitzen zaien hainbanaketa.  

 

Bidenabar, zuzendaritza nagusi horrek berak argudiatzen zuen eskatzaileak lortu nahi zuen gehikuntza, Estatuko Klase Pasiboen arloan indarrean dagoen zuzenbidean, soilik terrorismo-ekintzen ondoriozko aparteko pentsioen kasuetarako dagoela aintzat hartuta, bai eta 851/1992 Errege Dekretuak 14. artikuluan xedatzen dituen kasuetarako ere (Gizarte Segurantzako edozein erregimen publikotan eskubiderik ez duten terrorismo-ekintzen biktimak). Hau da, berariazko lege-xedapenik ez zegoenez, ondorioztatzen zuen ezin zela aitortu eskatzaileak beretu nahi zuen eskubidea. 

 

Ebazpen horren aurrean, eskatzaileak esaten zuen ezen, alarguntza-pentsioaren jasotzaile onuradun anitzeko egoera desagertu zenez, ez zuela zentzurik Estatuko Klase Pasiboen Legeak 38.2 artikuluan, alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea izateko baldintzei buruzkoan, xedatzen zuen banaketa-irizpideari eusteak. Artikulu horrek, besteak beste, hau ezartzen du: “Baldin eta, dibortzioa egon denean, pentsiorako eskubidea duten hainbat onuradun aldi berean badaude, pentsioaren zenbatekoa haietako bakoitza eragilearekin bizi izan den denboraren araberako proportzioan aitortuko da; nolanahi ere, ehuneko 40 bermatuko da ezkontidearen alde edo, hala dagokionean, ezkontidea ez bada ere, hiltzeko unean eragilearekin bizi zenaren alde, betiere alargun-pentsioaren onuraduna bada hurrengo 4 apartatuan aipatutako moduan”. 

 

Auzia Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusira iritsi zen, eta Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiaren antzera ebatzi zuen, esanez eztabaidaren xede nagusia zela zehaztea onuradun bat hiltzeak beste onuradunaren pentsioa dagokion proportzioan handitzea erakar ote dezakeen, indarrean dagoen legediaren arabera, Estatuko Klase Pasiboen Erregimenean alarguntza-pentsioa aldi berean onuradun baten baino gehiagoren artean banatzen den kasuan, eta ondorioztatu zuen errekurtsogileak eskatzen zuen pentsioaren “gehikuntza” ez zegoela aintzat hartuta indarreko legerian eta ezinezkoa zela, kontuan hartuta pentsioaren aitorpen-datan alarguntza-pentsioa banatzeko aplikatu behar zen irizpidea. 

 

Kasua Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaraino iritsi denean, hark ondorioztatu du, Lan-arloko Salaren doktrinarekin bat etorriz, Estatuko Klase Pasiboen Araubideari dagokion alarguntza-pentsioa onuradun bakar batek kobratu behar duela oso-osorik eskubide-kidea hiltzen denetik aurrera, ulertu behar baita ez dela pentsioaren gehikuntza bat, egon pentsio bakarra dagoelako, jatorriz eta osorik bizirik dirauen ezkontideari dagokiona, eta soilik beste onuradun batzuekin hainbanatu behar den kasuetan banatu behar dena araudian jasotzen den moduan.   

 

Auzitegi Gorenaren iritzian, bizirik dirauen alargunari pentsioaren zenbatekoa osorik ez ordaintzeko arrazoia desagertu ondoren, alargunaren eskubidea jatorrizko dimentsiora itzultzen da, eta Estatuko Klase Pasiboen Legean berariazko arau-xedapenik ez egotea ez da eragozpen Estatuko Klase Pasiboen Legearen 38.2 artikulua halako moldez interpretatzeko, ezen bete egingo baita jubilatutako edo erretiroa hartutako funtzionarioen eskubide pasiboen arloko arau-hutsune hori, Espainiako Konstituzioan aipatzen den elkartasun sozialaren printzipioari jarraikiz, eta adinekoek bizimodu duina eta independentea izateko duten eskubidea bermatuta, zeina Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak bermatzen baitu. 

Ondorioz, Auzitegi Gorenak Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen 38.2 artikuluaren interpretazio hau zehazten du: eskubide pasiboen kausatzailearen onuradun bat baino gehiago aldi berean dagoenean, dibortziatutako ezkontidearen edo egungo ezkontidearen alarguntza-pentsiorako eskubidea azkendu ondoren, bizirik dirauen eta horretarako baldintzak betetzen dituen onuradunak osorik berreskuratzen du pentsioaren zenbatekoaren jatorrizko eskubide oso-osoa eta, ondorioz, dagokion alarguntza-pentsio osoa kobratzeko eskubidea. 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria      

Gizarte Segurantzak indartu egin du baja medikoei (ABE) buruzko informazioaren gaineko kontrola 

“Lanpostua” eta “Funtzioen deskribapena” eremuak nabarmenduta dituen euskarazko inprimaki digitala duen bulego baten irudia, “Baliozkotua” edo “Errorea” zigilua duena.

GSINen helburua da enpresekiko komunikazioa indartzea. Hori dela eta, lortu nahi du haiek gehiago inplikatzea baja medikoen kudeaketa egokian, eta langilearen lanpostuari eta funtzioei buruzko datuen jakinarazpen egokia bermatzea. 

 

 Zer ari da eskatzen zehazki GSIN? 

 

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak gogorarazten du eremu hauen informazioa behar bezala eman behar dela: 

 

  • “Lanpostua” (gutxienez 4 karaktere) 
  • “Funtzioen deskribapena” (gutxienez 15 karaktere) 

 

Datu horiek ezintasun-datuen fitxategiaren bidez edo RED sistemako “Aldi Baterako Ezintasuna Online” zerbitzuaren bidez jakinarazi behar dira. 

 

 Zergatik da hain garrantzitsua informazio hori? 

 

GSINek jakin behar duelako zer zeregin dituen benetan langileak, horren arabera baloratzeko ea berriro lanean hasteko moduan dagoen edo ABEko egoeran jarraitu behar duen. 

Lanpostuaren eta haren funtzioen deskribapen zehatza: 

 

  • Balorazio mediko egokiagoa ahalbidetzen du. 
  • GSINen, mutualitateen eta osasun-zerbitzu publikoen arteko koordinazioa bultzatzen du. 
  • Baja-prozesuak zorrotzago eta era efizienteagoan kontrolatzen laguntzen du. 

 

 Zer egiaztapen ari da egiten Gizarte Segurantza? 

 

Enpresen betetze-maila aztertu ondoren, GSINek hauteman du bidalketa askok ez dituztela eremu horiek beteta izaten edo datu orokorrak izaten dituztela. 

 

 Zer akats ager daitezke behar bezala informatzen ez bada? 

 

Errorea Betekizunaren Eremuan, ez dagoelako beteta 

  • Lanpostua Gutxienez 4 karaktere ❌ 158 Errorea – “LANPOSTUA NAHITAEZKOA” 
  • Funtzioen deskribapena Gutxienez 15 karaktere ❌ 159 errorea – “FUNTZIOEN DESKRIBAPENA NAHITAEZKOA” 

 Zer ondorio izan ditzake ez betetzeak? 

 

Datu horien berri ez ematea edo hori oker egitea arau-hauste administratibotzat har daiteke, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 21.4 artikuluaren arabera (5/2000 Legegintzako Errege Dekretua). 

Horrek zehapen ekonomikoak eta Laneko Ikuskatzailetzaren ohartarazpenak ekar ditzake. 

 

 Zer onura ditu zuzen betetzeak? 

 

  •  Informazio medikoaren kalitatea hobetzen du. 
  •  GSINen, mutualitateen eta osasun-sailaren arteko koordinazioa errazten du. 
  •  Gorabehera gutxiago dago parteen bidalketan. 
  • Administrazio-zehapenak edo -errekerimenduak saihesten ditu. 

 

 Zer egin behar dute orain enpresek eta aholkularitzek? 

 

  • Nomina-sistemak eta ABEaren kudeaketa-sistemak berrikusi. 
  • Eremu horiek behar bezala atzitzen eta transmititzen dituztela ziurtatu. 
  • Ezintasun-datuen fitxategien txantiloiak eta automatismoak eguneratu. 
  • “Enplegatu” edo “langile” moduko deskribapen orokorrak saihestu. 
  • Giza Baliabideetako edo nominetako langileak prestatu, informazio horren garrantzia eta inpaktua uler dezaten. 

 

GSINen helburua da kalitatea handitzea baja medikoen datuetan, ABEko prozesuen balorazioa hobetzeko. 

Betebehar hori zuzen betetzeak hutsegiteak eta zehapenak saihesten ditu eta sistemaren efizientzia hobetzen du. 

Zure bezero edo langileen ABEak kudeatzen badituzu, egiaztatu zure RED sistemek behar bezala bidaltzen dituztela “Lanpostua” eta “Funtzioen deskribapena” eremuak. 

 

Berrikuntza erradiologian, adimen artifizialaz lagunduta

diagnostico-por-imagen

Duela mende bat zuri-beltzeko lehen irudi lausoaz geroztik, erradiologiak etengabeko bilakaera izan du eta izaten jarraitzen du; izan ere, irudiak adimen artifizialaren medioz interpreta daitezke gaur egun. Irudi-ekipoen etengabeko garapen teknologikoari adimen artifiziala gehitu zaio duela gutxi, eta irudiak sortzeko eta interpretatzeko ate berriak irekiko dira horrela.

Azaroaren 8an Erradiologiaren Mundu Eguna ospatzen dugu. Erradiologia espezialitate medikoa da, diagnostiko medikorako giza gorputzaren irudiak emateko teknikak integratzen dituena. Medikuntzako atalik berritzaileenetako bat izanik, balio handia ematen die espezialitate mediko gehienei.

Irudi bakoitzak osasun-arazoak detektatzen laguntzen du, hala nola hauek: tumore txikiak, hausturak, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen lehen zantzuak. Irudi horien interpretazioak ezagutza eta zehaztasuna eskatzen ditu; testuinguru horretan, adimen artifizialak giza begiari ikusezinak zaizkion eredu eta xehetasunak aztertzeko laguntzaile adimentsu gisa dihardu eta erradiologiako medikuen aliatu bihurtzen da, diagnostiko azkar eta zehatzagoak eskaintzeari dagokionez.

 

Adimen artifiziala praktikan

  • Garunean, biriketan edo bihotzean jazotako aldaketa sotilak detektatzen ditu
  • Neurtu eta alderatu egiten ditu irudiak, denboran zehar, gaixotasunen bilakaerari jarraipena egiteko, hala nola tumoreen hazkundeari edo lesio berrien agerpenari.
  • Emaitzen interpretazioa estandarizatu, txostenen arteko aldakortasuna murriztu eta sorospenaren kalitatea hobetzen du.
AA irudiak

 

Paziente eta profesionalentzako onurak

  • Miaketa azkar eta zehatzagoak. Erresonantzia magnetikoen kasuan, adimen artifizialak azterketa-denbora % 50eraino murriztu dezake eta, horrenbestez, pazientearen antsietatea eta estresa gutxiagotzen du, irudien kalitatea hobetzeaz gainera.
  • Lehentasuna premiazko kasuetan. Aurkikuntza kritikoak detekta ditzake, hala nola garuneko isuria tomografia batean; hala, automatikoki ohartarazten da talde medikoa, berehala jardun dezan.
  • Diagnostiko goiztiarragoak. Alzheimerra, esklerosi anizkoitza eta halako gaixotasun neurologikoetan, adimen artifizialak garuneko aldaketa milimetrikoak kuantifikatzen ditu, diagnostiko goiztiarrak eta tratamendu pertsonalizatuak erdieste aldera.
  • Minbiziaren detekzioa. Erradiologoaren irizpide klinikoaren eta adimen artifizialaren ereduen azterketaren arteko konbinazioak aukera ematen du lesioak hasierako faseetan lokalizatzeko, horien tamaina neurtzeko eta tratamenduaren erantzuna zehaztasunez ebaluatzeko.

 

 

Adimen artifiziala erradiologian laguntzeko

erresonanzia

Adimen artifiziala erradiologiako profesionalaren lanaren osagarri gisa balio du; hots, ez du sekula hura ordezkatzen. Erradiologoak testuinguru klinikoa, arrazoibidea eta enpatia ematen ditu, eta ezinbestean ikuskatu behar du adimen artifizialaren bidezko informazioa. Teknologiaren eta ezagutza medikoaren konbinazioa funts-funtsezkoa da diagnostiko eta tratamendu eraginkorragoak zehazteko.

Adimen artifizialak etorkizuneranzko bide bat irekitzen du, eta, bide horretan, sintomak agertu aurretik arriskuak aurreikusi ahalko ditu, tratamenduak optimizatzeaz gain paziente bakoitzaren profilaren arabera, bai eta diagnostiko azkarragoak erraztu ere.

 

Mutualia eta adimen artifiziala erradiologian

Mutualiak BoneView izeneko adimen artifizialeko soluzio bat du ezarrita erradiografietan hausturak detektatzeko, 25 azterketak baino gehiagok bermatutako eraginkortasun klinikoarekin. Sistemak % 95etik gorako sentsibilitatea du, detektatu gabeko hausturak % 30 urritzen ditu, irakurketa-denbora % 35 murrizten du, eta lokadurak, artikulazio-isuria eta hezur-lesioak ere detektatzen ditu.

Irizpide aldaketa aldi baterako ezintasuna duten langileen prestazioaren oinarri arautzailearen lanaldi murriztuko kalkuluan

reloj partido

Jarraian, aldi baterako ezintasunaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modulu-proiektua ezagutaraziko dugu, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala auzia aztertzen ari baita Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin batera.  Helburua da aldi baterako ezintasuna duten langileen prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modu komun bat ezartzea, eta enpresei ordainketa eskuordetuan deduzitu beharreko zenbatekoa aurkeztea hileko kotizazioak likidatu aurretik. 

2025eko urtarriletik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hilero komunikatzen dizkie mutualitateei aldi baterako ezintasunen oinarri arautzaileak, aintzat hartuta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak komunikatutako oinarri arautzaile finkatua; helburua da balizko aldeak identifikatzea eta kalkulua egiteko metodo komun bat adostea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta mutualitateen artean, elkarrekin lan egiteko eta balizko aldeak argitzeko eta bateratzeko. 

Onartutako irizpideetako bat, orain artean Mutualian aplikatutakoa aldatzen duena, honakoa da: gertaera eragilearen datan (medikuaren baja) langileak benetan egiten zuen lanaldiaren ehunekoa aintzat hartuko da. Horrenbestez, ehuneko horrek mugatuko du prestazioaren oinarri arautzailea. Hau da, lanaldi partzialeko kontratua izan arren langilea lanaldi osoz lanean ari bada bajaren datan eta horrela jasota badago Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean –lanaldiaren koefizientea % 100ekoa izanik–, lanaldi osoari dagokion arau orokorra aplikatuko da; horiek horrela, medikuaren bajaren aurreko hileari dagokion kotizazio-oinarria lanaldi osokoa izango da (hilabetera heltzen ez badira kotizatutako egunak, modalitate horretan kotizatutako egunak hartuko dira aintzat). 

Aldiz, langilea bajaren datan lanaldi partzialeko langilea bada, partzialtasunaren aldaketak egon arren, eta betiere langileak lanaldiaren % 100 egiten ez badu eta beti kontratu berarekin ari bada lanean, gertaera eragilearen aurreko hiru hilabeteetako langilearen kotizazioa hartuko da aintzat. Hiru hilabeteko aldi horretan % 100ean lan egindako jardunaldiak egongo balira (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari behar bezala komunikatutakoak), zenbaketa geratu egingo da (lanaldi osorako kontratu aldaketa bat egon dela ulertuko baita). 

Era berean, lanaldi osoko kontratu batean bajaren aurreko hilabetean lanaldi partzialeko aldiak badaude, egoera horretara iristean zenbaketa geratuko da oinarri arautzailearen kalkulurako. 

Irizpide aldaketaren helburua arauaren espiritura egokitzea da, hau da, gertaera eragilearen unean sortutako errentak ordeztea. Mutualiak kalkulua egiteko modu hori erakunde kudeatzailetik hartuko du, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala aurki hasiko baita irizpideok aplikatzen eta enpresei bidaltzen aldi baterako ezintasunen oinarri arautzaileak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Enpresen FIE fitxategiaren bitartez, prestazioaren erakunde arduraduna mutualitate bat denean. 

Azkenik, jakinarazten dizuegu Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala hasi dela dagoeneko informazio trukerako modulu bat garatzen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin; etorkizunean, aldi baterako ezintasunei ordainketa eskuordetuagatik dagozkion dedukzioen zenbatekoak komunikatu ahal izango dira bertatik, langile bakoitzari eta kotizazio tarte bakoitzari aplikagarriak. Elkarlan horren helburua da, epe ertainean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra gai izatea dedukzio horiek zuzenean sartzeko kuoten likidazio prozesuan. 

Emandako informazioa zuentzat erabilgarria izatea espero dugu eta gogoratzen dizuegu berrikuntza honen aplikazioarekin lotutako edozein zalantza kontsultatu nahi badiguzue, zuen esanetara gaudela.