Aurten ere badator abendua, baita horrek berekin dakarren guztia ere: afariak, bazkariak, enpresako edo lagun arteko elkarretaratzeak… betiko kontuak. Ez dugu ahaztu behar abendukoak urteko egunik motzenak eta gaurik luzeenak direla; beraz, inoiz baino arriskutsuagoa da gidatzea urte-sasoi honetan.
Gauez ordu gehiago gidatzeak eta jai-giroak koktel oso arriskutsua osa dezakete, eta, zoritxarrez, datuek tesi hori berresten dute.
Espainian, 2013 eta 2023 artean, 276.000 istripu baino gehiago izan ziren gauez, eta 6.500 lagun baino gehiago hil ziren haietan. Nabarmena da gaueko istripuen hilgarritasun handia, egunekoek baino % 55 hildako gehiago eragin baitituzte. Gainera, azpimarratu behar da gaueko istripuen kopurua % 24 hazi dela azken 10 urteetan. Nola liteke? DGTren ikerketa xehatu baten arabera, pandemiaren osteko “errebote-efektu” delakoarengatik da. Berriro kalera irteteak eragindako euforiak alkoholaren eta drogaren kontsumoa handiagotzea ekarri zuen, baita gehiegizko abiaduragatiko isun gehiago ere.
Datu horiek guztiek errealitate kezkagarri bat islatzen dute, eta errealitate hori areagotu egiten da abenduan eta antzeko garaietan. Zer egin dezakegu gutako bakoitzak? Zirkulazio-arauekiko sentsibilitate handiagoa garatu behar dugu, eta bide-segurtasunaren balioak gehiago errespetatu behar ditugu; horrez gain, errealitate fisiologiko ukaezin batez jabetu behar dugu: gure garunak ez du gogoko gauez gidatzea.
Gauez gidatzean, gure garuna baldintza konplexuagoetan lan egitera behartzen dugu, hala nola argi falta, nekea eta abar, eta geure burua istripu-eragile diren egoeretan jartzen dugu.
Hauek dira adibiderik ohikoenak.
Errepideko hipnosia. Ez dago ezer monotonoagorik gauez gidatzea baino; izan ere, estimulu bisualen gabeziak berdindu egiten ditu kristalaren bestaldeko inguruak. Garuna moteldu egiten da, eta, horren ondorioz, gidari askok “deskonektatu” egiten dute, eta denbora batez inkontzienteki egiten dute aurrera. Arazoa hau da: ezusteko estimulu bat agertzen denean, pilotu automatiko horretatik gidatze aktibora igaro behar dugu, istripu bat gerta daitekeen egoera batera.
Nekea eta mikroloaldiak. Nekatuta gaudenean, erreakzio-denbora handitu egiten da, eta garunak okerreko erabakiak har ditzake. Gaitasun-galera hori pixkanaka gertatzen da. Eta baliteke ohartu ere ez egitea egoera arriskutsu bat parean egokitu arte.
Mikroloaldiek 6 bat segundo irauten dute, eta ez gara kontziente izaten. 120 km/h-ko abiaduran, 2 segundoko begi-kliska batean bi futbol-zelairen arteko distantzia egin dezakegu, batere kontrolik gabe.
Hitz batean, giza begia ez dago gauez ikusteko prestatua, eta gure ikusmen-eremuaren % 20 galtzen dugu. Ikusi dugunez, gure garunak ez du oso gustuko gauez gidatzea.
Beraz, aukera bakarra dugu: zentzuz jokatzea eta egoera horiek saihestea.
Gogoan izan abenduan gaudela; jai-giroa da nagusi, baita gaueko joan-etorriak ere. Koktela leherkorra izan ez dadin, bi kontzeptu oso garrantzitsu: erantzukizuna eta zentzua.


