ERGOLAN, Osalanen ergonomia-kanpaina berria

ergolan

Kanpainak lau urteko iraupena izango du (2024-2027), eta bere helburu nagusia da ergonomiarekin lotutako nahasmendu muskuloeskeletikoen ondoriozko laneko istripu-tasa murriztea hainbat sektore ekonomikotako lanpostuetan, hala nola zerbitzu, industria, eraikuntza eta lehen sektoreko lanpostuetan.

Nahasmendu muskuloeskeletikoak dira lanera ez joatearen arrazoi nagusia.  Lan-istripuen % 30 inguru sistema muskuloeskeletikoak egindako gehiegizko esfortzu fisikoaren ondorio izaten da, eta gaixotasun profesionalen % 78 inguru arazo muskuloeskeletikoen ondorio. Eta patologia muskuloeskeletikoengatiko gaixotasun profesionalaren susmoaren jakinarazpena areagotu egin dela ikusi da, 2022tik 2023ra % 100 baino gehiago igo baita.

Arlo horretako prebentzioa jarrera egokiak eta gaitz horiek saihesteko ariketak ikastean eta mantentzean datza. Prebenitzeko, jakin behar da zer prebenitzen den. Lanpostuen antolaketa ergonomikorako informazio espezifikoa emateko, beharrezkoa da lan-arriskuen prebentziorako dokumentu teknikoak izatea, arrisku-faktoreen inpaktua arintzeko; esate baterako, kargak maneiatzearena, jarrera behartuena eta mugimendu errepikakorrena. Faktore horiek sor ditzaketenak identifikatzea eta egoera bakoitzerako egokiak diren balorazio ergonomikoko metodoak erabiltzea dira lehen urratsak.

Azken urteotan, ikertzaileak, teknikariak eta enpresa-arduradunak ergonomia parte-hartzailea aldarrikatzen ari dira laneko gaixotasunak murrizteko metodologia eraginkor eta berritzaile gisa. Kanpainan zehar, Osalaneko teknikariek sektore bakoitzeko hainbat enpresa bisitatuko dituzte, ergonomiaren ikuspegitik sentikorrak diren lanpostuak identifikatzeko.
Lanpostuak aztertu ondoren, diseinuan, ingurunean eta gauzatzean dauden arrisku ergonomikoak zehaztuko dira, eta prebentzio-neurrien fitxa batzuk argitaratuko dira, ergonomiari dagokionez jardunbide egokien kodea sortuz sektore guztietan.

Zerbitzuen sektorean emango zaio hasiera kanpainari.

LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna: Eskubideen babesa lan-arloan 

Ekainaren 28a LGTBI+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna da. Lesbianen, gayen, bisexualen, transexualen eta intersexualen eskubideak aldarrikatzen dira egun horretan. Egun hori aukera bat da aniztasuna ikusgai jartzeko, gizarte berdinzaleago eta toleranteago baten alde egiteko, eta, batez ere lan-arloan, oraindik irauten duten erronkei buruz hausnartzeko. 

Aniztasuna eta berdintasuna enpresetan 

Bizi garen gizartearen aniztasunaren isla izan behar dute enpresek. Hala ere, errealitatean ez da hori gertatzen”, dio Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak. Legedian eta kontzientziazio sozialean aurrerapausoak eman diren arren, LGBTI+ pertsona askok diskriminazioari eta aurreiritziei aurre egin beharra dute oraindik lan-eremuan. Eta funtsezkoa da enpresek inklusio- eta berdintasun-politikak gauzatzea eta langile guztiak errespetatuak eta baloratuak sentituko diren ingurunea sustatzea. 

Joan den maiatzean, Aniztasunaren Astea ospatu zuen Mutualiak. Prestakuntzako eta kontzientziazioko hainbat ekimen egin dira,  hala nola  “Aniztasuna enpresetan. Erronkak eta aukera” gaiari buruz egindako jardunaldia. Gonbidatutako hizlarietako bat Borja Sainz de Aja izan da, REDIko (Aniztasunaren eta LGTBI Inklusioaren aldeko Enpresa Sarea) presidentea. Nabarmendu duenez, “LGTBI pertsonen % 51k hesi bat jartzen dute nor diren ezkutatzeko, eta ez dira gai beren potentziala garatzeko”. Sainz de Ajaren arabera, faktore sozialek eta migrazioei, prestakuntzari eta diskriminazioari lotuek garapen pertsonala eragozten dute, bai eta, ondorioz, profesionala ere. Abiapuntuak enpresan egon behar du: “gaia enpresen mahai gainean jarri behar da (zuzendaritza eta giza baliabideak), eta diskriminazioa eragoztera bideratutako neurriak eta ekimenak abiarazi behar dira”. Bere hitzaldian azpimarratu duen funtsezko alderdietako bat prestakuntza bultzatu beharra izan da. 

LGTBI+ pertsonen eskubideak lan-eremuan babesteko, funtsezkoa da aniztasun-batzordeak sortzea, sentsibilizazio-programak ezartzea eta berdintasuneko eta diskriminazioaren aurkako politikak ezartzea. 

Mutualia: Aniztasunarekiko konpromisoa 

2024an, Aniztasunaren Urtea ospatzen ari da Mutualia, eta erakundean eta gizartean berdintasunarekin eta inklusioarekin duen konpromisoa berretsi du. 

Azaroan, Berdintasun Batzordeak, Berdintasun Planaren barruan, Mutualiako prebentzio- eta jarduketa-protokolo berria aurkeztu zuen, sexu-jazarpenari eta/edo sexuan oinarritutako jazarpenari eta LGTBI pertsonen aurkako sexu-indarkeriari eta/edo haien aurkako indarkeriari aurre egiteko sortua. Protokoloaren helburu nagusia da Mutualian sexu-jazarpeneko egoerak prebenitzea; horretarako, sentsibilizazioa, komunikazioa, prestakuntza eta pertsonen erantzukizuna azpimarratzen ditu.  

Era berean, sentsibilizazioko eta prestakuntzako zenbait ekimen egiten ari da Aniztasun Batzordea urte osoan zehar, giro inklusiboa sortzeko eta pertsona guztiak baloratuta eta errespetatuta sentitzeko.  

Aniztasuna eta inklusioa funtsezko zutabeak dira enpresaren kulturan, eta pertsona guztien erantzukizuna da norabide horretan lan egitea: berdintasuna, aniztasuna eta inklusioa. 

Elkarrizketa Iratxe Ijalba Mutualiako Informazio Sistemetako zuzendariari 

“Inoiz nekatzen ez den laguntzaile gaindotatu bat izatearen parekoa da AA” 

Zer da adimen artifiziala? 

Makinek gizakien moduan jokatzeko eta haiek egiten duten berdina egiteko duten ahalmena da adimen artifiziala: erabakiak hartu, ikasi, hitz egin, gauza berriak sortu… gaitasun hori izateaz gainera, informazio-bolumen handiak azter ditzake, eta problema konplexuak ebatzi.  

Gaur egun adimen artifizialak inguratuta bizi gara, eta, batzuetan, jakin ere ez dakigu. Badaki zer gustatzen zaigun, eta interesatu dakizkigukeen gauzak iradokitzen dizkigu; adibidez, musika, Spotify erabiltzen dugunean; filmak, Netflix ikusten ari garenean; eta gure gustukoak izan daitezkeen edukiak sare sozialetan… Ia gidaririk behar ez duten autoak erabiltzen ditugu, bezeroarentzako arreta-zerbitzu automatizatuekin hitz egiten dugu, edo gure mugikorreko ahots-laguntzailearekin. 

AA eremu asko eta askotan erabil daiteke; inoiz nekatzen ez den laguntzaile gaindotatu baten modukoa da. Liburu bat eman diezaiokezu, buruz ikas dezan; ondoren, protagonistei edo argudioari buruzko edozein galdera egin diezaiokezu; nahi baduzu, ideia edo pasarte berriak eska diezazkiokezu, liburuko protagonistekin sor ditzan. Orain, imajinatu ezazu gauza bera, baina zure enpresako prozedura eta informazio guztiarekin. Enpresetako kudeaketa-lana denbora gutxian aldatuko da. Prozesuak hobetzen, baliabideak optimizatzen eta negozio-aukera berriak sortzen lagunduko digu. 

“AAk iraultza ekarriko du enpresa-sektore guztietan, baina osasungintzak izango du aldaketa disruptiboena.” 

Nola aplikatzen da adimen artifiziala osasungintzaren sektorean? 

Adimen artifizialak aplikazio ugari ditu osasungintzaren sektorean: gaixotasunak diagnostikatzen eta tratatzen lagundu dezake, pazientearentzako laguntzaileak eta urruneko medikuntza sor ditzake eta kudeaketa- eta prebentzio-lanak egin ditzake. Kasu zehatzak erakuste aldera, adimen artifizialean oinarrituta Mutualian garatu ditugun adimen hiru proiektu berritzaile aipatuko dizkizut:  

  • Lehenik eta behin, AA erabili dugu datu masiboak tratatzeko: Kontingentzia arruntengatiko bajei buruz genituen datu guztiekin elikatu dugu AA.  Informazio horrekin, baja bat jasotzen dugun bakoitzean, kalkulatu dezakegu pazienteak gutxi gorabehera alta noiz hartuko duen, haren patologiaren eta zenbait aldagairen arabera (zer sektoretan lan egiten duen, adina…). Eta emaitza hori medikuak erabil dezake, pazienteen jarraipena egiteko. 
  • Beste proiektu bat da AA hizkuntzaren arloan erabiltzea: Mutualiak euskarazko larrialdi-txostena eman nahi die hizkuntza lehenetsi gisa euskara duten pazienteei. AAri esker, inprimatzen diren unean bertan itzul daitezke txosten horiek euskarara. Hala, bi txosten ematen dizkiegu pazienteei, bata euskaraz eta bestea, jatorrizkoa, gaztelaniaz. 
  • Azkenik, irudi erradiologikoak tratatzeko erabili dugu AA: Erradiografia bat egiten dugunean, AAk aztertu egiten du, eta lauki batekin markatzen ditu aurkitzen dituen haustura, isuri eta hezur-lesio guztiak. Medikuak tresna hori erabiltzen du diagnostiko zehatzagoa egiteko eta denbora aurrezteko. 

Horietaz gainera, zer proiektu aurreikusten dituzue etorkizunerako? 

Zenbait proiektu ditugu buruan, baina adimen artifizial sortzailean oinarritutakoek liluratzen naute bereziki. Iruditzen zait teknologia iraultzailea izango dela eta gaur egungo lan egiteko modua aldatuko duela. 

Zer da adimen artifizial sortzailea?  

“Adimen artifizial sortzaile esaten zaio AA gai denean bere kabuz ikasteko, eskura duen informazioan oinarrituta, eta lehen ez zegoen informazio berria eta originala sortzeko.”  

Datu-kantitate handiak erabiltzen ditu (besteak beste, argazkiak, testuak eta musika), eta datu horietan patroiak eta egiturak ezagutzen ikasten du. Gero, ezagutza hori erabiltzen du eduki berria sortzeko; eduki horrek ikasi duenaren antza du, baina erabat originala da. 

Adibidez, AA sortzaile bati Van Goghen margolan mordo bat ematen badiozu, haren estiloa ikasi eta hark egina dirudien pintura berri bat sortu ahal izango du, aurretik inoiz izan ez dena. Edo Beethovenen musika nolakoa den irakasten badiozu, gai izango da haren estiloko sinfonia bat sortzeko. Artikuluen zirriborroak idatz ditzake, elkarrizketa bat izan dezake edozein hizkuntzatan, grafikoak diseinatu eta programa informatikoak egin ditzake, bai eta produktu berriak asmatzen lagundu ere. Eta abantaila handiena da ez duzula teknologian aditua izan behar adimen artifizial sortzailea erabiltzeko; guztion eskura dago Interneten. 

Zer arrisku ditu teknologia honek? 

Teknologia guztiek bezala, adimen artifizial sortzaileak bere arriskuak eta erronkak ditu, eta modu arduratsuan eta etikoan erabili behar da.  

Adibidez, pertsonen eta erakundeen izen onari, konfiantzari eta segurtasunari eragin diezaiekeen eduki faltsua, iruzurrezkoa eta kaltegarria sortzea saihestu behar da.  

Halaber, AA entrenatzeko erabiltzen diren datu originalen sortzaileen egile-eskubideak errespetatu behar dira, plagioak eta bidegabeko jabetzeak saihesteko.  

Horregatik, garrantzitsua da teknologia honen erabilerari buruzko arauak eta printzipioak ezarriko dituzten araudi, ikuskapen eta hezkuntza egokiak izatea.  

Mugak garbi ditugunean, teknologia modu positiboan eta gizartearen alde erabiltzea sustatu behar da, lagungarria baita arazoak konpontzeko, balioa sortzeko eta bizi-kalitatea hobetzeko. 

Elkarrizketa: Iratxe Ijalba

2024ko Ohiko Batzar Nagusirako deialdia

OHIKO BATZAR OROKORRERAKO DEIALDIA

“MUTUALIA” Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuaren (aurrerantzean, Mutualia) Zuzendaritza Batzordeak, 2024ko martxoaren 25ean egindako ohiko bileraren adostutakoaren arabera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren 86. artikuluan eta Erakundearen Estatutuen 22. eta 23. d) artikuluetan aurreikusitakoarekin bat etorriz, enpresa elkartuei OHIKO batzar orokorrerako DEIALDIA egitea erabaki du. Batzarra 2024ko uztailaren 19an (ostirala) egingo da, 12:00etan, lehen deialdian, eta 12:30ean, bigarren deialdian, Donostian (PAKEA Klinikako areto nagusia, Arriola pasealekua 26, Ibaeta Auzoa), honako honi jarraituz:

OHIKO batzar orokorraren gai-zerrenda 

  1. Presidentearen hasierako agurra eta hitz-hartzea
  2. Zuzendaritza Batzordearen kudeaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea honako hauek barne hartuz: aldi baterako finantza-inbertsioen txostena, ondare historikoaren zuzkidurak eta aplikazioak barne; memoria, Gobernu Korporatiboaren urteko txostenarekin; 2023ko ekitaldiko balantzeak, emaitza-kontuak eta aurrekontu-likidazioaren egoera, Gizarte Segurantzaren Kontu-hartzailetza Nagusiak emandako auditoretza-txostenak ezagutu ondoren; eta 2023. ekitaldiko emaitza ekonomikoa eta soberakinaren aplikazioa.
  3. 2025eko ekitaldirako aurrekontuen aurreproiektuari buruzko informazioa ematea eta, hala badagokio, onestea, eta Zuzendaritza Batzordeari eskumenak eskuordetzea Gizarte Segurantzaren Aurrekontuen Proiektuan integratzeko behar diren aldaketak egin ditzan.
  4. 2023ko ekitaldiko Prestazio Berezien Batzordearen kudeaketari buruzko txostena.
  5. Gobernu Korporatibo Egokiaren Politika Orokorraren aldaketa aztertu eta, hala badagokio, onartzea.
  6. Zuzendaritza Batzordeko kideak berritzea eta berrestea.
  7. Bi kontu-hartzaile izendatzea, bileraren akta berretsi eta onesteko.
  8. Presidentearen azken hitz-hartzea.
  9. Galderak eta eskaerak.

Legitimazioa ziurtatzeko modu eta baldintza aplikagarriak:

Batzar Orokorra egiten den egunean indarrean dagoen kidetze-agiria duten Mutualiako enpresa elkartu guztiek izango dute bertaratzeko eskubidea. Hala ere, beren betebehar sozialak egunean dituztenek bakarrik izango dute botoa emateko eskubidea. Era berean, bertaratzeko eta botoa emateko eskubidea izango dute Mutualiari atxikitako langile autonomoen ordezkariak eta erakundeko langileen ordezkariak.

Bertaratzeko eta botoa emateko eskubideak erabiltzearen ondorioetarako, kontrol-erregistro eguneratu bat dago Mutualiaren helbide sozialean eta egoitza operatiboan, batzar orokorren deialdia egiten den egunean dauden enpresa elkartuak eta betebehar sozialak egunean dituztenak jasotzen dituena, haiei dagozkien datuekin. Betebehar horiek kidetze-agiria eta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren ziurtagiria erakutsita ere egiazta daitezke.

Mutualitatearekin elkartuta dagoen eta Batzar Orokorrera bere izenean edo eskuordetzaz joan nahi duen enpresa orok “Bertaratzeko eta/edo botoa eskuordetzeko txartela” izan behar du. Mutualiaren edozein zentrotan edo gure webgunean (www.mutualia.es/eu) eskuratu daiteke txartel hori. Botoa eskuordetzan emanez gero, beste enpresa elkartu bati eman ahal izango zaio ordezkaritza, baita Mutualiako lehendakariari edo Zuzendaritza Batzordeko beste edozein kideri ere. Edozein zalantza edo kontsultatarako: 94 425 25 03.

PRESIDENTEA

Importass: LAABetarako jardueren txostena 

importass

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak (GSDN) zerbitzu berri bat gehitu du bere atarian (Importass). Zerbitzu horri esker, langileek kontsultatu dezakete Gizarte Segurantzan zer jarduera dituzten aitortuta, eta dokumentu bat deskargatuta egiaztatu ditzakete jarduera horiek.   

Autonomo gisa soilik alta emanda ere, nahitaezkoa eta funtsezkoa da profesional batek bere kontura egiten dituen jardueren berri ematea, Diruzaintza Nagusiak egiten duen kudeaketarako. Informazio horren arabera, langile autonomoen araubide berezi (LAAB) horiei buruzko prozedurak automatizatu ahal izango ditu, behar bezala kokatzeko eta dagozkien kuotak zehazteko.  

Diruzaintzaren atariaren eremu pertsonalean kontsultatu daitezke jakinarazitako jarduera bakoitzari buruzko datu guztiak, eta haiei buruzko txosten bat deskargatzeko aukera dago. Hala, eskaerak beste bide batzuetatik egin behar izatea eta itxaronaldiak saihesten dira, zerbitzu horri esker erantzuna berehala jasotzen baita web bidez.  

Txostena deskargatzeko, jarraitu urrats hauei:  

  1. Importasseko zure eremu pertsonalean, sartu ‘lan autonomoa’ txartelean.  
  1. Ondoren, egin klik “Zure jarduerak” atalean, “Txosten eguneratua” estekaren gainean. Horrela, eskatu duzun txostena bistaratu ahal izango duzu.  
  1. Autonomoak, deskargatu behar badu, zuzenean deskargatu ahal izango du.  

Gainera, eskura dagoen informazioa zabaldu da, eremu pertsonalean kuotaren xehetasunari buruzko informazio berria gehituz. Halaber, zerbitzuetan abisu berriak sortu dira; adibidez, aldi baterako ezintasunean dauden eta kotizazio-oinarria aldatzea aukeratzen duten langile autonomoen kasuan, aldaketa zer datatan aplikatuko zaien jakinarazten zaie.  

“Nire lana ere osasuna da” kanpaina

Ekainaren 15etik 30era, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalak “Nire lana ere osasuna da” kanpaina abiarazi du lan-eremuan osasuna sustatzeko.

Kanpainak osasunaren eta lanaren arteko lotura azpimarratzen du. Osasun-egoerak eragina izan dezake lan-eremuan, eta lanean igarotzen den denboraren ondorioz, ingurune ezin hobea da langileen osasunean eragin positiboa sortzen duten Laneko Osasun Programak ezartzeko. Era berean, osasuna hobetzen laguntzen duten programa horietan ezinbestekoa da langileek parte hartzea.

Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalaren kanpaina honen helburua da enpresak osasunaren sustapenari buruz gehiago kontzientziatzea eta Laneko Osasun Programek eskaintzen duten ezagutza hobetzea.

Kanpainari eta materialei buruzko informazioa

Mutualiak enpresa osasuntsu eta osasungarri gisa garatzeko konpromisoan lagun egiten die enpresei, eta, MutualiaOn!, Enpresa Eredu Osasungarriaren bidez, hura osatzen duten alderdietako bakoitzean helburuak ezartzen, planifikatzen eta jarduerak egiten laguntzen die:

  • Lan-giro fisikoa
  • Absentziak prebenitzea eta kudeatzea
    • Osasuna zaintzea
    • Ongizate emozionala
  • Ingurunean parte hartzea

Enpresa Osasungarriaren proiektuan laguntzea nahi baduzu, jar zaitez harremanetan Mutualiako Prebentzio Aholkularitzarekin.

Kontsulta juridikoa 2024ko ekaina

consulta

Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiaren zor-erreklamazio bat hartu da, mediku-alta jaso ondoren GSINek ordaindu zion aldi baterako ezintasuneko prestazioaren zenbatekokoa. Galdetu digute ea ordainketa zatikatu daitekeen, zenbat epetan zatikatu daitekeen eta zenbat denboran.

kontsulta

Egitatezko kasu honetan, bidegabe jasotako prestazio bat dugu. Alderdi horri dagokionez, aldaketa garrantzitsu bat dago 2024ko uztailaren 1etik aurrera, martxoaren 26ko 322/2024 Errege Dekretuak aldatu egin baitu Gizarte Segurantzaren Diru Bilketaren Erregelamendu Orokorra, ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuak onetsia. Kontsultari dagokion gaian, zehazki, bidegabe jasotako prestazioen erregulazioa aldatuta, diskrezionalitatea ezabatu da zor diren zenbatekoen ordainketa zatikatzeko eskaeren ebazpenetan. Orain, interesdunak eskatzen duen kasu guztietan eman daiteke aukera hori, eta 80.4 artikuluan ezarri dira gutxieneko zenbatekoa eta zatikatzearen gehieneko epea:

“…4. Prestazio horiek itzultzeko, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak zorraren erreklamazioa bidaliko du. Erreklamazio horretan dirua itzultzeko arauzko epea zehaztuko da, zeina erreklamazio horren jakinarazpenarekin batera hasiko baita eta jakinarazpen horren hurrengo hilabeteko azken egun baliodunean amaitu.

Zorraren erreklamazioan adierazitako epean ez bada dirua itzultzen, betearazpen-prozedura hasiko da. Horretarako, dagokion premiamendu-probidentzia bidaliko da, eta dagozkion errekarguak eta interesak aplikatuko dira.

Adierazitakoaren kalterik gabe, behartuta dagoen subjektuak eskatu ahal izango du, lehenengo paragrafoan zehazten den ordainketa-epearen barruan, zorra zenbait epetan zatikatuta ordaintzeko.

Ondorio horietarako, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiko organoek, erakunde horretako zuzendari nagusiak egindako eskumen-banaketaren arabera, zatikatze-epe horiek ezarriko dituzte, gutxieneko zenbatekoa hileko 100 euro izanik eta gehieneko epea bost urte…

Zatikatzearen hiru eperi dagokien zenbatekoa ordaintzen ez bada, automatikoki hasiko da betearazpen-bidea. Horretarako, premiamendu-probidentzia bidaliko da, ordaintzeke dagoen zenbateko guztiari dagokiona. Kasu horretan, eta dagozkion berandutze-interesen kalkulua zehazteko, ordaindu ez den lehenengo zatikatze-epeari dagokiona hartuko da ordaintzeko arauzko epetzat.

Emandako zatikatze-epeetako azkena ordaintzeko aldia amaitu eta ordaindu gabeko zenbatekoren bat badago, automatikoki hasiko da, halaber, betearazpen-bidea, dagokion premiamendu-probidentzia bidalita. Kasu horretan, eta berandutze-interesen kalkulua zehazteko, azken zatikatze-epeari dagokiona hartuko da ordaintzeko arauzko epetzat”.

Aginduaren bi idazketak alderatuta (uztailaren 1etik aurrera indarrean izango dena eta aurrekoa), hobekuntza ikusten dugu zatikatzearen onuradunarentzat ordainketa zatikatzeko baimena

errebokatzeari dagokionez. Izan ere, baimen hori errebokatutzat emango da soil-soilik zatikatze-epeetako hiruri dagokien zenbatekoa ordaintzen ez bada, eta ez epeetako bakar bat ordaintzen ez bada.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua