Kontsulta juridiko 2023ko Abendua

consulta

Enpresaren betebeharra al da langile guztiak trebatzea haien arlo profesionalean gerta daitekeen sexu-indarkeriaren inguruan?

kontsulta

Gizon eta emakumeen artean historikoki existitu den genero-desberdintasunaren gaitz soziala eragile sozial guztiak behartzen ari da jarduteko moduak, protokoloak, irakaskuntzak eta beste aldatzera, pixkanaka edozein desparekotasun mota desagerrarazteko neurriak ezarriz, zeren eta genero-berdintasuna, funtsezko eskubidea izateaz gain, onuragarria baita gizarte guztiarentzako eta, neurri handi batean, enpresetarako.

Esparru eta eremu askoren barruan sexu-askatasuna modu integralean bermatzeari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan jaso zen edozein desparekotasun-mota desagerrarazten joateko hartu diren neurri garrantzitsuenetako bat, genero-berdintasunerako eta jazarpenaren aurkako trebakuntza, hain zuzen ere. Jakinekoa den bezala, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituen 901/2020 Errege Dekretuak betebehartzat ezartzen du enpresa bateko langile guztiak genero-berdintasunaren inguruan trebatzea.

Irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa argitaratu zenetik, langile guztiei sexu-indarkeriaren aurkako prestakuntza emateko betebeharra dute enpresek; horrenbestez, ondorioztatzen da enpresa guztiak daudela derrigortuta, salbuespenik gabe, era horretako prestakuntzak eskaintzera, enpresen euren bitartekoekin edo kanpokoekin. Betebehar hori jasotzen zuen dagoeneko 3/2007 Lege Organikoak, zeinaren arabera genero-indarkeria edo sexuagatiko indarkeria prebenitzeko neurriak ezarri behar baitituzte enpresa guztiek, sexu-indarkeria prebenitzeko neurriak eta beste neurri mota osagarri batzuk barne, hala nola jardunbide egokien kodeak hedatzea eta gaiari buruzko informazio-kanpainak egitea.

10/2022 Lege Organikoaren 12. artikuluaren bigarren atalak dio enpresek sentsibilizazioa sustatu behar dutela eta haien zerbitzura dauden langile guztiei eskaini behar dietela sexu-indarkerien aurkako babes integralerako prestakuntza. Emakume langileen lanpostuek dituzten arriskuak baloratzerakoan, sexu-indarkeria aintzat hartu behar dute enpresek aldibereko lan-arriskuen artean, eta horren inguruan trebatu eta informatu behar dituzte langileak.

Aurrez aipatu den bezala, enpresak berak dituen baliabideak zein kanpokoak erabil daitezke prestakuntzarako, eta, modu generikoan ez ezik, lanpostu horien esparru zehatz eta profesionalean egon daitezkeen arazoei edo arriskuei datxekien edukiak jorratu behar dituzte, lanpostu bakoitzaren arriskuen ebaluazioan sexu-indarkeriaren arriskua sartzeak prestakuntza xehetasun zehatzera eramatea eskatzen baitu eta ez gaia modu generikoan soilik lantzera.

Beraz, eta aurrez esandako guztiaren ondorioz, enpresaren betebeharra da langileak  trebatzea eta informatzea enpresak dituen lanpostuetako bakoitzean sexu-indarkeriaren ondorioz sor daitezkeen arriskuen inguruan, berak dituen bitarteko edo baliabideak erabilita edo enpresatik kanpokoak erabilita, era horretako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak kontratatuz.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualiak urrezko A lortu du Kudeaketa Aurreratuan

A de oro a la Gestión Avanzada euskalit mutualia 2023

Mutualiak Kudeaketa Aurreratuaren urrezko A Euskal Saria jaso du. Sari honek kudeaketa-praktiketan aurreratuen dauden eta interes-talde guztien gogobetetze orekatua bilatzen duten erakundeak saritzen ditu. 

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 19an egin da Gasteizko Europa Jauregian. Mutualiaren aldetik, Verónica Huidobrok, Antolakuntza eta Arriskuen Kudeaketako zuzendariak, urrezko A jaso du, eta hark nabarmendu duenez, “kudeaketa aurreratuaren eredua tresna ezin hobea da erakunde baten kudeaketa hobetzeko”. 

veronica huibdoro a de oro mutualia

Aitorpen berri horrek indartu egiten du Mutualiak kudeaketa aurreratuarekin eta Euskalitek bultzatutako ereduarekin duen konpromisoa. Horren ondorioz, 2015ean urrezko A lortu zuen “garatutako mailarekin”, eta, oraingoan, “maila aurreratua” lortu du, aitorpen horren mailarik gorena.

Errelebo-kontratuak egiteko 2024ko laguntzak argitaratu dira 

contrato relevo

Deialdiaren helburua da urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onetsitako Langileen Estatutuaren Legearen Testu Bateginaren 12.7 artikuluan zehazten diren txanda-kontratuetarako laguntzak arautzeaerrelebo. 

Laguntza horietaz baliatu ahal izango dira egoitza Euskal Autonomia Erkidegoan duten lantokietan zerbitzua emateko 2023ko urriaren 21etik aurrera errelebo-kontratuak (lanaldi osoz eta denbora mugagabez edo iraupen jakinarekin eta mugagabe bilakatzeko konpromisoarekin) egiten dituzten pertsona fisiko edo juridikoak. 

Kontratatzaileak 8.400 euroko dirulaguntza jasoko du errelebo-kontratu bat egiteagatik, eta % 10 handiagoa kontratatutako pertsona emakumezkoa bada. 

Deialdi honetan ez dira diruz lagunduko hauek: 

  • Enpresaburuaren ezkontidea kontratatzea, edo haren aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak kontratatzea, bigarren mailara artekoak barne. 
  • Sozietate, elkarte edo korporazio gisa sortutako erakundeetako bazkideak kontratatzea, edo haien aurreko, ondorengo edo alboko ahaideak kontratatzea, bigarren mailara artekoak barne, edo erakunde horietako gobernu-organoetako eta zuzendaritzetako kideen ahaideak kontratatzea. 
  • 4. artikuluan zehaztutako kontratazio gehigarria. Hala ere, indarreko legedian aurreikusitako laguntzak jaso ahal izango ditu, hala badagokio. 

GABON SEGURUAK

Badatoz Gabonetako ospakizun-egunak, eta ohikoa izaten da lagun, senide eta lankideekin une atseginak igarotzea.

Garrantzitsua da gogoan izatea ospakizunetan arriskuak ere izan daitezkeela. Funtsezkoa da kontuan hartzea segurtasuna eta prebentzioa lehenetsi behar direla Gabon seguruak eta ustekabekorik gabeak izateko.

Eztarri-trabatzearen eta -buxatzearen arriskua izan ohi da ospakizunetako arrisku ohikoenetako bat. Une horretan zer egin behar den jakitea erabakigarria da, eta istripu larriak saihestu daitezke. Jakingo zenuke Heimlich-en maniobra egiten?

Eta norbaitek bihotz-geldialdia izango balu, jakingo zenuke zer egin?

Mutualiak, Educator programaren barruan, bi eduki berri jarri ditu eskura, bideo- eta infografia-formatuetan:

  • Nola jokatu helduetan gorputz arrotzak eztarrian trabatuz gero. Bizkor eta eraginkortasunez jokatzeko eta ondorio larriak saihesteko aholku praktikoak.
  • Nola egin bihotz-biriken bizkortzea helduetan eta nola erabili desfibriladorea. Ikusi gure azalpen-bideoa eta infografia, larrialdi-egoera batean erabakigarriak izan daitezkeen teknika garrantzitsuak ikasteko.

Educator programaren helburua da osasuneko eta higiene- eta osasun-arloko ezagutzak zabaltzea enpresei eta haietako langileei, jakin dezaten nola jokatu lan-istripu bat gertatzen bada, eta pazienteei eta haien zaintzaileei, beren osasun-prozesuan modu aktiboan parte hartzera bultzatzeko.

Eta gogoan izan neurriz jokatzea ezinbestekoa dela Gabon osasungarriak izateko. Oreka aurkitu behar da ohitura osasungarrien hiru ardatz nagusien artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizate emozionala.

Mutualiak, osasunarekiko eta ongizatearekiko konpromisoari eutsiz, guztiok ospakizun seguruak bizitzeko baliabideak ematen dizkigu.

Mutualiak Bikain ziurtagiria eskuratu du

bikain

Mutualiak Bikain oinarrizko ziurtagiria lortu du Bizkaian. Abenduaren 13ko arratsaldean, Bilboko Euskalduna Jauregian, Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak banatzeko ekitaldia egin da. Lourdes Gondra (Mutualiako Zerbitzu Korporatiboetako zuzendaria) arduratu da ziurtagiria jasotzeaz Mutualiaren izenean. 

mutualia bikain
Lourdes Gondra ziurtagiria jasotzen

Bikain Euskararen Kalitate Ziurtagiriak euskararen presentziaren, erabileraren eta kudeaketaren normalizazio-maila egiaztatzen eta aitortzen du esparru sozioekonomikoan. Hamabosgarren edizio honetan 37 entitatek jaso dute saria; 17 entitatek Harrobi saria eta 20k Bikain ziurtagiria. 

2023an sartu da indarrean dekretu berria, ebaluazio-sistema berri batekin; batetik, erakundearen izaeraren araberako ebaluazio-sistema (publikoa edo pribatua), eta, bestetik, erakunde pribatuen kasuan, oinarrizko ziurtagiriarena baino maila baxuagoko beste aitortza bat, euskararen normalizazioan egindako lehen urratsak aitortzen dituena, Harrobi. 

Oraingo honetan ekitaldiaren leloa “Konpromisotik bikaintasunera” izan da. Bingen Zupiriak, Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak, ekitaldiaren lelotik abiatuta euskararen normalizazioan eman diren urratsak azpimarratu ditu. 

Kontingentzia arruntak eta profesionalak estaltzen dituen erakundea aldatzearen berezitasunak aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langile autonomoen araubide berezian

incapacidad temporal

Abenduaren 28ko 28/2018 Errege Lege Dekretuaren lehenengo xedapen iragankorrak dio Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutua bat aukeratu dezaketela hasieran erakunde kudeatzaile bat aukeratu zuten Langile Autonomoen Araubide Bereziko langileek. Xedapen horren arabera, estaldurak erakunde kudeatzaile batekin zituzten 1998. urtea baino lehenagoko langile autonomoak behartuta zeuden kontingentzia profesionalak zein arruntak estaliko dizkien beste erakunde batera aldatzera. Xedapen iragankor hori 18/2007 Legea garatzen zuen abuztuaren 1eko 1382/2008 Errege Dekretuaren parekoa da; Errege Dekretu horrek ere behartu egiten zituen langile autonomoak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen mutua bat hautatzera kontingentzia arruntak eta profesionalak aseguratzeko.

Orobat aurreikusten zen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak ofizioz esleitu ziezaiekeela istripu eta gaixotasun profesionalen mutua bat 2008ko urtarrilaren 1erako erakunde-aldaketa formalizatu gabe zuten autonomoei. Hala ere, langile autonomoak kontingentzia arrunten eta profesionalen aseguru-erakundearen aldaketa formalizatzen ez zuen bitartean, erakunde kudeatzaileak aseguratzeko obligazioa izaten jarraituko zukeen.  

Edozein unetan egin zezakeen aukera hori langile autonomoak, lege batetik eratorritako obligazioa baitzen, baina ondoreetarako datari dagozkion berezitasun batzuekin; izan ere, langile autonomoa aldi baterako ezintasuneko egoeran legokeenean hasiko litzateke aseguru-erakunde berriaren estaldura.

Araubide orokorrean, enpresa batek kontingentzia arrunten aseguru-erakundea aldatzen duenean, aseguru-erakunde berria hasten da kontingentzia arrunten ondorioz aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langile guztiei ordaintzen eta haiei estaldura ematen, aldaketa egiten den lehenengo egunetik bertatik dituelarik ondoreak. Aitzitik, kontingentzia profesionalen ondorioz aldi baterako ezintasuneko egoeran leudekeen langile autonomoen kasuan, aurreko aseguru-erakundeak ordainketak egiteko eta osasun-laguntza estaltzeko obligazioa izaten jarraituko luke.

Langile autonomoei dagokienez, eta Gizarte Segurantzako Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuen Lankidetzari buruzko Erregelamenduaren arabera —hirugarren kapitulua Langile Autonomoen Araubide Bereziaren barruan egonik aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden langileentzako prestazio ekonomikoaren kudeaketari buruzkoa da— aldeak daude ondoreei dagokienez, langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoen edo ez kontuan hartuta.

Erregelamendu horren 75. artikuluak ezartzen du dagokion atxikitze-agiria sinatuta formalizatuko dela mutuarekiko harremana, eta urte natural bateko indarraldia izango duela. Aldaketa formalizatzeko unean langilea aldi baterako ezintasuneko egoeran egongo balitz, medikuaren alta gertatu eta hurrengo hilabeteko lehenengo egunera arte atzeratuko lirateke aukera horren ondoreak; beraz, aseguru-erakundearen aldaketa urtarrilaren 1ean gertatu beharko balitz, aldaketa hori ez litzateke gertatuko langilea medikuaren alta egoeran egon arte, eta uztekoa duen aseguru-erakundeak jarraitu beharko luke langile autonomoari estaldura ematen medikuaren altaren egunera arte, nahiz eta langile autonomoak berak formulatu erakunde-aldaketa.

Hori bera dio, besteak beste, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko urriaren 5eko epaiak, abenduaren 7ko 1993/1955 Errege Dekretuaren 75.1 artikuluan oinarrituta: “gertaera eragilearen unean estaldura ematen duen erakundeari dagokio prestazioa, jurisprudentziari dagokionez zuzenbidearekin bat datorrena, ordura arte erakunde horrek jaso baititu kotizazioak; horrek gailendu behar du babestutako egoeran zehar aseguru-erakundea aldatu izanaren aurrean”.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Azaroaren 9ko 11/2023 Legea, Euskadiko Mugikortasun Jasangarriarena

bicicleta dibujada en la carretera

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legeak betiko aldatuko du gure joan-etorriak egiten ditugun eta bizi garen modua.

2015ean, NBEk Garapen Jasangarrirako Agenda 2030 onetsi zuen: herrialdeek eta haietako sozietateek pertsona guzti-guztien bizitza hobetzeko bide berri bati ekiteko aukera bat. Pobrezia desagerrarazteko, planeta babesteko eta oparotasuna bermatzeko onetsitako helburu globalak jasotzen dira dokumentu horretan, garapen jasangarrirako agenda berri baten parte gisa.

17 helburu planteatzen ditu agendak, eta 169 helburu espezifiko integratzen ditu, datozen 15 urteetan gauzatu beharrekoak. Guztiok egin behar dugu lan helburu horiek lortzeko: gobernuek, administrazioek, sektore pribatuak eta gizarte zibilak.

Ingurumenari dagokionez, lege honek badu bere tokia. Izan ere, 2050erako klima-aldaketaren Euskadiko estrategiako (2015ean onetsi zen, berotegi-efektuko gasen emisioak epe luzera murrizteko helburuak betetzeko) helburuetako bat da euskal administrazio publikoa arduratsua, eredu eta erreferentea izatea klima-aldaketaren arloan, eta, estrategia horretan jasotzen denez, euskal gizarteko eragile guztien partaidetza lortzeko, Euskal Administrazio Publikoko organo guztietatik ekintza eredugarri bat bultzatu behar da. Horretarako, koordinazio horizontala eta bertikala egin behar da; hau da, Eusko Jaurlaritzako sailen artean nahiz udalekin eta foru-aldundiekin. 2050erako helburuak betetzeko nabarmentzen den jarduera-lerro nagusietako bat da “zero emisio” maila duen administrazio publikoa lortzea, Kyotoko Protokoloan ezarritako malgutasun-mekanismoak eta hura garatzen duten arauak erabili gabe.

Ingurumenarekiko konpromisoa da Euskadiren ezaugarrietako bat, eta, orain, beste urrats bat egin du, Mugikortasun Jasangarriaren azaroaren 9ko 11/2023 Legea onetsita. Lege horren helburua da garraioaren ingurumen-inpaktua murriztea, eta ingurumena gehiago zaintzen duten garraiobideak bultzatzeko ekimen batzuk jarri ditu martxan, hala nola garraio publikoa, bizikleta eta motorrik gabeko beste ibilgailu batzuk.
Lege horrek administrazio publikoen alorreko energia-jasangarritasunaren arauzko oinarriak ezartzen ditu bere 71 artikuluetan, zeina oinarritzen baita autonomia-erkidegoan eta sektore pribatuan eraginkortasun energetikoko neurriak bultzatzean, energia aurreztean eta energia berriztagarriak sustatzean eta ezartzean. Hala, legea ez da mugatzen jarduera-sektore jakin batzuetara: lortu nahi du gizarteak oro har parte hartzea helburu horiek betetzen.


Lantokietan mugikortasun jasangarriko planak bultzatzea da legearen alderdi nabarmenetako bat. Legediaren arabera, Euskadiko enpresa eta erakunde guztiek dute enplegatuen artean garraiobide ez-motorizatuak sustatuko dituen mugikortasun jasangarriko plan bat garatzeko betebeharra. Mutualiak mugikortasun-planaren eredu bat jarri du enpresa elkartuen eskura. Prebentzio Aholkularitzan eska dezakete, prevencion@mutualia.es helbidera idatzita.
Mugikortasun-plan horietan zenbait neurri barne hartu behar dira; besteak beste, garraiobide jasangarriak erabiltzen dituztenentzako pizgarri ekonomikoak, garraio publikoaren erabilera sustatzea eta ibilgailuak partekatzeko sistemak ezartzea. Helburua da automobil partikularraren ordezko aukerak baloratzen eta bultzatzen dituen lan-ingurunea sortzea, errepideetako pilaketak eta gas kutsatzaileen emisioak murrizteko.

Baina Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea harago doa: mugikortasun-plan horiek Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko otsailaren 21eko 4/2019 Legean ezarritakora ere egokitzea bermatzen du. Araudi horren helburu orokorra da eraginkortasun energetikoa eta energia-iturri berriztagarrien erabilera bultzatzea autonomia-erkidegoan.
Hala, lantokietako mugikortasun-planek, garraiobide jasangarrien erabilera bultzatzeaz gainera, kontuan hartu behar dituzte efizientzia energetikoari buruzko alderdiak, eta ibilgailu elektriko eta hibridoen erabilera bultzatu behar dute. Gainera, joan-etorrietan energia berriztagarriak erabiltzea bultzatzen da, eta, horri esker, berotegi-efektuko gasen emisioak murrizten eta gure ingurunea zaintzen laguntzen da.

Euskadiko Mugikortasun Jasangarriaren Legea aurrerapauso garrantzitsua da ingurumena gehiago errespetatuko duen garraio jasangarriagoa bultzatzeko autonomia-erkidegoan. Lantokietan mugikortasun-planak ezarrita, gure joan-etorriak egiteko modua aldatu nahi da, garraiobide garbi eta efizienteagoak bultzatuz.

Lege horrek, Euskal Autonomia Erkidegoko jasangarritasun energetikoari buruzko Legearekin batera, erakusten du erkidegoak ingurumena babesteko eta etorkizun jasangarriago bat bultzatzeko konpromisoa duela. Ahalegin horiek ikusita beste eskualde batzuek ere eredu horri jarraitzea eta antzeko neurriak hartzea nahiko genuke, herritarren bizi-kalitatea hobetzeko eta gure planeta zaintzeko etorkizuneko belaunaldientzat.

MONDI IBERSAC, 2000 egun lan-istripurik gabe 

Mondi Ibersac enpresak (Gueñes udalerrian dago, Bizkaian) urteak daramatza paperezko zaku industrialak egiten, eta konpromiso irmoa du laneko segurtasuna eta osasuna zein elikagaien osasuna zaintzeko; horrezaz gain, ingurumen-kudeaketa sustatzen dihardu enbalajearen eta paperaren sektorean, eta, hori guztia, pertsonak erakundearen ardatz direla aintzat hartuta. 

MONDI IBERSAC

Mikel Anduaga  eta Borja Pérez elkarrizketatu ditugu, MONDI IBERSAC ARANGUREN enpresako Fabrikako zuzendaria eta Segurtasuneko eta osasuneko koordinatzailea, hurrenez hurren. 

  • MONDI IBERSAC: hasieratik gaurdaino 

Fabrika 50eko hamarkadan sortu zen, eta zenbait talderen jabetzakoa izan da, harik eta 2010. urtean MONDIk erosi zuen arte, eta hura izan zen aldaketaren abiapuntua. 

Mondi Ibersac fabrika MONDI multinazionalaren jabetzakoa da, enbalajearen eta paperaren sektorean aitzindaria mundu osoan, eta mundu hobe bat lortzen laguntzen dugu, diseinu aldetik jasangarriak diren teknika berritzaileak erabiltzen baititugu.  Mondik, dibisio guztien artean, 100 produkzio-lantegi eta 26.500 langile ditu 30 herrialdetan baino gehiagotan; nagusiki, EUROPAN, IPAR AMERIKAN eta AFRIKAN. 

Mondi multinazionalaren barruan, gu PAPEREZKO ZAKUAK (PAPER BAGS) dibisiokoak gara, zeinean 40 fabrika baikaude (23 herrialdetan). Espainiako estatuan 3 fabrika ditugu: Arinagan (Kanariak), Abreran (Bartzelona) eta Arangurenen (Gueñes – Bizkaia). 

Egun, Produktu INDUSTRIALETARAKO paperezko zakuak egiteko 2 produkzio-lerro ditugu, eta hirugarren produkzio-lerroa instalatzen ari gara. Era askotako produkzio-mixa daukagu, premiei erantzutea helburu hartuta, edozein dela ere merkatua, hala nola gizakien eta animalien elikadura, haziak, produktu kimiko eta mineralak, eta eraikuntzako materialak.  Gure barne-merkatua gure produkzioaren % 50 inguru da, eta gainerako % 50a Europara esportatzen dugu; kanpo-merkatuari dagokionez, Frantziako merkatua da gure produktuen norako nagusietako bat.  

Duela ez asko, Mailer/postako zakuak egiteko lerro bat instalatu dugu, merkatu hori suspertzen ari zela ikusita. Biltzeko formatu berri horrekin merkatuan hazi egingo garelakoan gaude. 

  • Mondi Ibersac enpresaren funtsezko balioetako bat lantaldea da. Zenbat lagunek osatzen duzue Mondi, eta nola lortzen duzue laneko arriskuen prebentzioan eta laneko osasunaren alorrean inplikatzea? 

MONDI IBERSAC ARANGURENEN 100 lagun inguru ari gara lanean. Azken urteotan asko hazi gara, merkatu-eskariak gora egin ahala. 

MONDIrekin lanean hasteak aldaketa ekarri zigun negozioaren pentsamoldean, eta, batez ere, SEGURTASUNAREN aldeko apustu irmoan.  Multinazionalean sartu ginenean, OHSAS deritzon sistema ezarri genuen, baliabideak eman zizkiguten ingeniaritza-alorreko neurriak hobetzeko (segurtasuna makinetan, orgak eta oinezkoak elkarrengandik urrundu), segurtasunaren inguruko prozedurak ezartzeko eta prestakuntza eskaintzeko, baita SEGURTASUNAREN EGUNA ospatzeko ere (aurrerago hitz egingo dugu azken horretaz). Nola ez, gerora, ISO 45001 ziurtagiria lortu genuen. Baina hasiera-hasieratik hartu genituen kontuan gure arrisku nagusiak, intentsitate handienekoak izan daitezkeenak eta errepikakorrenak; bestalde, garrantzi handia eman diogu beste fabrika batzuetan gertatzen zenetik ikasteari, geurean gerta ez zedin ahalegintzeko. 

Hau da, betidanik eman diogu garrantzia gure fabrikan eta beste batzuetan izaten ziren gorabeherak aztertzeari, arazoak non errepikatzen ziren jakiteko. 

  • Zer arrisku errepikakor detektatu dituzue?  

Bai gure fabrikan eta bai gainerakoetan uda errepikatzen zen, oporraldiak eta behin-behinekotasunak eraginda noski; horrezaz gain, udan, behin baino gehiagotan egokitu zaigu lan-txandak handitu behar izatea, hazien merkatua zakuz hornitu ahal izateko. Udan istripu-tasak gora egiten zuen, eta uda oro segurtasuneko kanpainak egiten hasi ginen. Kartelak, arazoen kasuistika gogora ekartzeko; 10 minutuko etenaldiak hilero langile guztientzat, aurreko udaldietan izandako istripuak gogora ekartzeko; ohartarazi zeinen garrantzitsua den lankideen arteko komunikazioa (batez ere ohiko lankidearekin ari ez zarenean lanean); segurtasuna lantzeko era askotako jolasak.  

Beste arrisku errepikakor bat, fabrika guztietan, gure lan-tresnak papera eta horzdun labanak baitira, EBAKIAK ziren. Horren jakitun, zenbait urratsetako kanpaina bat diseinatu genuen, oso garbi baikeneukan langileak inplikatu behar genituela, ia zeregin guztiek baitute arrisku hori; zehazki, langileei argazkiak atera genizkien zenbait zeregin nola egin behar diren eta nola EZ diren egin behar erakusten zutela, eta, gero, prozedura argazkien bidez gogorarazi genien. 

TALDEAK arriskuak sailkatuta dauzka, zein den intentsitatea kontuan hartuta. FIVE TOP RISK deritzo sailkapenari: kontratak (zoritxarrez, oro har ez dute guk bezainbesteko kontzientziarik prebentzioaren inguruan), altueran egin beharreko lanak, mugitu eta biratzen den makineria, biltegietako manipulazioak eta lantegi barruko zirkulazioa. Halakotzat hartzen dira, hain zuzen, arrisku horiek heriotza edo bizitza aldarazten duten lesioak eragin ditzaketelako. Urtero lantzen ditugu arrisku horiek, askotan ingeniaritza-alorreko neurrien bidez eta inbertsioak eginez, baina prestakuntza ere eskaintzen dugu. Segurtasun-alorreko asmo handiko prestakuntza-plan bat antolatzen dugu urtero, eta helburuetako bat da beti langileak gogoan hartzea, bai haien beharrei bai parte-hartzeari begira.  Nahiz eta guk ere aztertzen ditugun fabrikan izaten diren gorabeherak, beti galdetzen diegu langileei zer landu beharko genukeen, eta garrantzitsuena da prestakuntza-saioetan gero eta inplikatuago daudela eta parte-hartzea gero eta handiagoa dela. Zenbait prestakuntza-saio makinak aurrean direla egitekoak izan dira, eta batzuetan prestakuntza-saio horiek propio prestatu dira langileek elkarri emateko, betiere helburutzat hartuta ahalik eta parte-hartze eta inplikazio handiena lortzea, hala konpromisoa eta kultura sortzen jarraitzeko. Joan den urtetik beste tresna bat erabiltzen ari gara: ENGAGEMENT BOARD (konpromisoen taula). Lagun-talde txiki bat elkartzen gara fabrikan dugun arazo espezifikoren bat aztertzeko, eta helburua da konponbideak ezarri eta konpromisoak hartzea.  Ekimena SEGURTASUNEKO SAILAK jarri zuen abian, eta, orain, beste arlo batzuetan ere lantzen dugu; besteak beste, kalitatea, ingurumena, elikagaien segurtasuna, etab. 

Eta segurtasunaren alorrean egiten dugun beste gauza bat ere azpimarratzekoa da: SEGURTASUNAREN EGUNA. Guk MAKING A DIFFERENCE DAY esaten diogu, eta helburua da segurtasunaren eta osasunaren eguna ospatzea, horrekin zerikusia duten jarduerak eginez, baina ikastaroak izan gabe.  Dagoeneko 12 urte daramatzagu ospatzen, eta denetarik egin dugu. Esate baterako, urteren batean Mutualiak parte hartu izan du BIDE-SEGURTASUNA gaitzat hartuta hitzaldi bat emateko, baita ETXEKO SEGURTASUNA bermatze edo areagotze aldera gomendioak emateko ere. Beste urte batean mendizale bat eta sorosle bat gonbidatu genituen, mendian eta hondartzan segurtasuna zaintzearen garrantziaz hitz egiteko.  Hasieran asko lantzen genituen fabrikako berezko gaiak (altuera, orgak, makinak), eta nahiz orain ere lantzen ditugun, bestelako gaiak ere jorratzen saiatzen gara, adibidez, OSASUN MENTALA, ongizatea, talde-lana, lankideak elkar zaintzea eta elkarri irakastea; beste modu batera esanda, oso garrantzitsuak dira guretzat TALDEAK SORTZEA, KULTURA SORTZEA, KONPROMISOAK SORTZEA. 

Azkenaldian, egun hori aitzakia hartuta, ate irekien jardunaldiak antolatu ditugu senideentzat eta lagunentzat, eta beste bat erretiroa hartua zutenentzat. Azken hori izan zen ni gehien hunkitu ninduena, eta hori ez nuela inor ezagutzen. Izugarria iruditu zitzaidan haiek hainbeste harritzea makina guztiak babes-sistemekin ikustean, edo lantegi barruko korridoreak barandekin babestuta ikustean, eta galdetzea nola egiten genituen hainbeste zaku, haiek egiten zituzten baino askoz zaku gehiago. Ni, berriz, bihotz-ukitu ninduen haietako askori gutxienez hatz bat falta zitzaiola ikusteak.  

  • Urtero, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Nazioarteko Eguna ospatzen den astean, Mutualiak ekitaldi bat antolatzen du, eta, besteak beste, 0Bidean sariak banatzen ditu. Sari horiek laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murrizteko, prebentzioaren alorrean jardunbide egokiak garatzeko eta kudeaketa-sistema egokia edukitzeko lan egiten duten enpresei ematen zaizkie; azken batean, ezbehar-tasa nabarmen murrizteko eta zero istripuko helburua lortzeko lan egiteagatik nabarmendu direnei, eta zuek hori agerian utzi duzue. 2023an MONDI IBERSAC izan da enpresa sarituetako bat; zer eragin izan du zuengan sariak? 

Bada, guretzat ohore izugarria izan da. Egia esan, oso “sartuta” edo inplikatuta gaude punta-puntako multinazional batean, eta zenbait egoeratan oso “aurreratuta” gaude Espainiako egoerarekiko, eta horrek eragin digu lan asko egitea TALDEARENTZAT eta haren mugarriei begira-begira egotea. Horren adierazle da, adibidez, zuek izan zareten 2000 egun istripu bajadunik gabe izeneko ospakizuna; hau da, batzuetan ez gara konturatzen zer daukagun hemen bertan. Eta horixe bera gertatu zaigu; nahiz eta aurreko urteetan gaiari buruzko e-mailen bat jaso izan dugun, ez ginen mezuaren edukiaz oso kontziente, eta zuen lankideak deitu zidanean azaltzeko zertan datzan prozesua eta esan zidanean hautagaiak ginela, izugarrizko poza eta ohorea sentitu genuen. 

  • 2022. urtean KALITATEAREN saria jaso zenuten, MONDI TALDEAK emanda; izan ere, zuen proiektua izan zen irabazlea. Zertan zetzan proiektua? 

GLUE PROIEKTUAGATIK eman ziguten iaz KALITATEAREN saria. Proiektu hura adostasun ezak zeren kausa ziren identifikatzean eta ekintza-planak ezartzean zetzan. Horretarako, sail guztietako langileek hartu zuten parte. Segurtasunaren alorrean egiten dugun moduan, proiektuaren oso oinarri garrantzitsua izan zen analisi egokia egitea eta langileak inplikatzea

MONDI IBERSAC enpresak jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Konpromiso hori tarteko ari zarete lanean ingurumen-kudeaketa sustatzen enbalajearen eta paperaren sektorean. Zer neurri hartzen dituzue ingurumen-jasangarritasunaren eta -babesaren alde egiteko, zuen sektorean hain zaila den testuinguruan?  

MONDIk jasangarritasunaren eta ingurumenaren aldeko apustua egiten du. Duela urte batzuk ISO 14001 ziurtagiria lortu genuen. Lehendik bagenituen PEFC eta FSC ziurtagiriak, zaintza-katearen ziurtagiriak; modu jasangarrian ekoiztearekin zerikusia dute, eta prozesu guztia hartzen dute barne, hasieratik amaierara arte: basoa, paperaren fabrikazioa, eta azken transformazioa paperezko zakuak lortzeko. Horrez gain, ziurtatu behar da beti basoak basoberritu egiten direla eta zura iturri jasangarrietatik datorrela. Azken urteotan ekonomia zirkularra ere ari gara sustatzen; zehazki, aztertzen ari gara zer aukera dauden gure materiaren zati bat paper birziklatua izan dadin. Mondik, World Wide Fund erakundeko kide izateaz gain, hondakindegira zabor-kantitate gutxiago botatzea edo deus ez botatzea edota berotegi-efektuko gasak murriztea helburu duten ingurumenari buruzko nazioarteko foroetan parte hartzen du. Lehen esandakoaren harira, energia-kontsumoak (elektrizitatea, gasa eta ura) neurtzen eta kontsumoa murrizteko moduak aztertzen ari gara. Duela gutxi oso inbertsio handia egin dugu plaka fotovoltaikoak instalatzen. 

Era aktiboan hartzen dugu parte ingurumena, pertsonen garapena (berdintasun-plana) eta gizarte-erantzukizuna defendatzen duten programetan. Eskualdearen garapenaren alde ere egiten dugu lan; guri dagokigunez, Enkarterrien alde. Hain zuzen, orain dela bi urte Enkarterri Hoberantz saria jaso genuen, eskualdean egindako ekarpenaren aitortza gisa.