Posible da Eguberri osasungarria?

carlos sarabia mutualia

Carlos Sarabiak, mediku eta Mutualia Osasungarria taldeko kideak, gakoak azaldu dizkigu: jarduera fisikoa, nutrizioa, ongizate pertsonala.

mutualia osasuntsua

Nola eutsi diezaiekegu ohitura osasungarriei Eguberrietan, kontuan izanda sasoi horretan errutina ahaztu, gehiegi jan eta edan eta bizimodu sedentarioagoa izan ohi dugula?

Egin daiteke, eta gomendagarria da. Eguberri osasungarriak izateko gakoa da oreka aurkitzea ohitura osasungarrien hiru zutabe nagusien artean: nutrizioa, ariketa fisikoa eta ongizate pertsonala.

 

Hitz egin dezagun nutrizioaz. Zer egin behar dugu gehiegikeriak saihesteko? Betekada horiek, alkohol eta guzti…

Garrantzitsua da menua planifikatzea. Menu orekatu bat pentsa dezakegu, sasoiko produktu freskoak barne, non frutak, barazkiak, ortuariak eta fruitu lehorrak nagusituko diren. Prestatzeko, hobe da plantxa, lurruna eta labea erabiltzea, saltsak eta gisatuak baino, horiek digestio mantsoagoa eta astunagoa eragin baitezakete. Garrantzitsua da, halaber, azukre gehiegi ez hartzea, eta Gabonetako postre tradizional gehiegi ez jaten saiatzea. Iradokizun on bat izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, etab.

Alkohola saihestu behar dugu. Garrantzitsua gehiegi ez hartzea. Alkoholaren kontsumoa neurritsua izan dadin saiatu behar da, eta otorduetan edan; gogoratu behar da kaloriak baino ez dituela ematen, eta digestio- eta nerbio-sistemei kalte egin diezaiekeela epe laburrean. Hidratazioa funtsezkoa da; ura edan behar da, heste-igarotzea errazten duelako eta janariarekiko antsietatea gutxitzen duelako. Beste likido batzuk ere har ditzakegu: zuku naturalak, infusioak edo zopak.

 

Jarduera fisikoari dagokionez, eta bizimodu sedentariotik aldentzeko, zer motatako ariketak izan daitezke eguneroko errutinaren alternatiba?

Egia da ospakizun-egunotan gure jarduera fisikoko errutina alda daitekeela, baina sedentarismoa saihestu dezakegu, zenbait ideia oinarri hartuta. Ibili oinez, paseatu zure hirian erritmo bizian, opariak erosteko aprobetxatu, joan Gabonetako merkatu txikietara… San Silbestreko lasterketaren batean parte hartzera ere anima zaitezke, edo urte berria inauguratzeko mendi-irteeraren batean. Ahaztu igogailuaz; eskaileretatik igo eta jaistea jarduera egokia da. Ariketa aerobikoa primerakoa da, kaloriak erretzen eta tentsioa eta kolesterola gutxitzen laguntzen du eta.

 

Ez dezagun ahaztu gure alderdi emozionala. Jai egunak, bazkariak eta opariak antolatzeko estresa. Nola mantendu oreka gure ongizate emozionalean?

Garrantzitsua da egin nahi dugun guztia aldez aurretik planifikatzea, zereginak banatzea, perfekzionismotik ihes egitea eta gure denbora gehien behar dutenekin partekatzea. Egun horietan, gehien maite ditugun pertsonak izaten ditugu inguruan, eta haiekin hitz egiteak, barre egiteak eta gauzak partekatzeak ondo sentiaraziko gaitu. Erlaxatzeko eta gozatzeko egunak dira.

 

Eta lo-ohiturei dagokienez, zer?

Jaietan, atseden-ordutegia aldatu ohi dugu. Gaizki lo egitea, edo gomendatutako orduak baino gutxiago, gure osasunaren etsairik okerrena izan daiteke. Horregatik, garrantzitsua da pauta bati eustea loaren higieneari dagokionez. OMEk egunero gutxienez 6 orduz lo egitea gomendatzen du, eta, ahal bada, 8 orduz. Lo hartzea kostatzen bazaigu, meditatzeko eta erlaxatzeko teknikak erabil ditzakegu, ariketa batzuk egin eta liburu on batez edo bainu lasaigarri batez gozatu. Eta nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta ongizate emozionalaren arteko orekari eutsiz, atseden ona lortuko dugu.

 

eguberri osasungarria 2022

Desgaitasunaren erregulazio berria

trabajadora silla ruedas

888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.

Desgaitasuna, disautonomia, gaitasun mugatua, minusbaliotasuna, ezgaitasuna… Oso hitz ohikoak eta finkatuak dira gure gaur egungo hiztegian, beharrezkoak eta baliagarriak direlako, eta gaur egun ezinbestekoa delako eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko arreta eta laguntza berezia behar duten pertsona jakin batzuen ezaugarriak doitzea, autonomia pertsonal handiagoa izan dezaten eta herritar gisa dituzten eskubideak erabat baliatu ahal izan ditzaten.

  1. urtean eman zitzaizkion Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalari desgaitasun maila edo baldintza jakin batzuk aitortzeko eskumenak eta ahalmenak, eta urte hartako zenbait erregulazio desberdin daude. Nolanahi ere, 2013ra arte ez zen sortu Desgaitasunaren Legea deritzona (1/2013 Errege Dekretua, azaroaren 29koa), zeinak biltzen baititu aurretik zeuden arauak eta jasotzen baititu desgaitasunaren kontzeptu berri bat eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat datorren terminologia.

Erregulazio berriaren helburua da irtenbidea ematea desgaitasun egoera balioesteko baremoak egokitzeko premiari, baita gaur egun desgaitasun maila jakin bat aitortuta edukitzea eskatzen duten askotariko helburuei ere, hala nola gizarte sektoreetan, sektore psikologikoetan, laguntzakoetan…

Errege Dekretua 2023ko apirilaren 20an sartuko da indarrean, eta haren bidez aldatu eta eguneratuko dira desgaitasunak aitortzeko aplikatu beharreko baremoak. Hamabost artikulu ditu, eta garapen praktiko zabala, eranskinen bidez. Berariaz indargabetuko ditu abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua, gaur egun aplikatu beharreko prozedura arautzen duena, eta 2000ko azaroaren 2ko Agindua.

Maila aitortzeko eta berrikusteko eskumena Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarena izango da aurrerantzean ere; hark emango ditu lantalde profesionalek emandako irizpenak. Lantalde profesionalei dagokienez, gutxienez unibertsitate mailako titulua edo baliokidea duten gizarte nahiz osasun arloko profesionalek osatuko dituzte, eta araudian berariaz jasoko da profesional horien esku jartzea prestakuntza programa espezifiko bat.

Desgaitasun egoeraren ebaluaziorako, balorazioa aurrez aurreko baliabideen nahiz baliabide telematikoen bidez egitea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatzeko. Era berean, desgaitasuna duten adingabeek baldintza beretan baliatuko dituzte beren eskubideak, adinagatik edo desgaitasunagatik inolako diskriminaziorik jasan gabe; beren inguruabarrei egokitutako laguntza eta babesa jasoko dute, eta helduek bezalaxe izango dute informaziorako eta entzunaldirako eskubidea.

Premiazko izapidetzea aurreikusten da osasunarekin, genero indarkeriarekin, bizi itxaropenarekin edo izaera humanitarioko beste arrazoi batzuekin lotutako interes publikoko arrazoiak dauden kasuetarako.

Eskaria aurkezten denetik sei hilabeteko epea izango du Administrazioak berariazko ebazpena emateko; ebazpen horretan adieraziko du desgaitasunaren aitortza, ezarrita dauden baremoen arabera lortutako puntuazioa eta gradua berrikusteko epea, hori guztia Estatu osorako baliozkoa izango den txartel sanitario batean. Sektore honek hamar urtez aldarrikatu eta orain arte bete gabe izan duen eskari bati erantzungo zaio horrela.

María Urizar Pérez


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualiaren parte-hartzea SETLAren 2022ko biltzarrean

mutualia-setla-2022

Abenduaren 1ean eta 2an izan da Espainiako Lan Traumatologiako Elkartearen Biltzarra, Valentzian. Programa zabala landu du, bai teorian, bai praktikan, eta elkargunea izan da traumatologoentzat, asistentziako medikuentzat, eta erizaintzako eta fisioterapiako langileentzat. Mutualiak ere parte hartu du laneko traumatologiaren arloko azken berrikuntzak azaldu eta partekatu diren topagune horretan.

Mutualiak bi komunikazio aurkeztu ditu biltzarrean, biomekanikak fibrokartilagoko lesioak dituztenengan eta industriaren sektorean eskuko lesioak dituzten langileengan duen balorazioari buruzkoak biak.

SETLACristinaPerucho-convert.io_

Cristina Peruchok, Mutualiaren Erabakimen Handiko Ospital eta Ercilla Klinikako mediku errehabilitatzaileak, “Tresna biomekanikoen erabilera fibrokartilago triangeluarreko lesioa dutenen balorazio funtzionalean” komunikazioa aurkeztu zuen. Lan horren emaitza nagusia da tresna biomekanikoak laguntza handikoak direla gaixoen balorazio objektibo funtzionala egiteko.

SETLALoreadelaHera

Lorea de la Herak, Mutualiako Ercilla Klinikako mediku traumatologoak, “Eskuan presio altuan injektatzearen ondoriozko lesioak” komunikazioa aurkeztu du. Pintatzeko, koipearekin, olioarekin, erregaiekin edo bestelako disolbatzaile likido batzuekin presio handiko ekipoak erabiltzen dituzten eta normalean nagusia ez den eskuari eragiten dioten industria inguruneetako langileengan sortzen diren lesioei buruzko ikerketa bat da. Lesio horiek infekzio, hantura eta ebaki arrisku handia izaten dute, eta arrisku hori areagotu egiten da tratamendu medikoa 6 ordu edo gehiago atzeratzen bada. Ondorioz, diagnostikoa garaiz egitea eta premiazko desbridatze kirurgikoa funtsezkoak dira arazo larriak saihesteko eta emaitza funtzional ona lortzeko.

Biltzarrean parte hartzearen bitartez, bete egiten da pazienteari ematen zaion laguntzaren kalitatean eta segurtasunean Mutualiak daukan funtsezko helburuetako bat, zeina baita osasunaren alorreko gure profesionalean etengabeko prestakuntza, azterketa eta ikerketa.

Laneko bide-segurtasuna: “Egotearen eta iristearen garrantzia”

carretera seguridad vial

Kontzeptu honen esanahia eta oihartzun soziala hobeto ulertzeko, datu objektiboekin hastea da egokiena, eta, zalantzarik gabe, harritu egingo gaituzte.

Lanbide-jardueran aritzearekin lotutako bide-ezbeharrak % 18 handitu ziren 2021ean, eta Espainiako Estatuko laneko istripu guztien % 13 izan ziren. Baja eragin duten 10.000 ezbehar inguru dira guztira, lan-arloan erregistratutako ia 70.000 ezbeharretatik; hau da, 1,6 milioi euro termino ekonomikoetan adierazita. Alabaina, daturik kezkagarriena hilkortasunarekin lotuta dago, % 38 hazi baitzen aurreko urtearekin alderatuta, eta baja izateko bigarren arrazoia heriotzagatikoa izan zen.

Espainiako Laneko Bide Istripuen Behatokiak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarekin lankidetzan, datu horiek biltzen eta aztertzen ditu urtero, eta aditzera ematen dute funtsezko beste aldagai bat handitu dela: errepideko ezbeharren ondoriozko bajak batez beste sei egun luzeagoak izan ziren gainerako laneko istripuetakoak baino, hala lanera joateko edo itzultzeko bidean (in itinere), nola lanaldian jardun bitartean izandakoak (misioan).

  • GAKOA, PRESTAKUNTZA. Azterketa estatistiko hutsak ez digu ezkutarazi behar benetan sakoneko gaia zein den: lanbide-jardunarekin lotutako bideko ezbeharrek eragin kezkagarria dute. Laneko bide-ezbeharren kontrako gauzarik eraginkorrena arrisku-taldeei zuzendutako prestakuntza-ekintzak dira, horrela % 15etik % 20ra bitartean murriztu baitaiteke haien eragina, ildo horretan ekintzak egin dituzten enpresetan ikusten den bezala.
  • ENPRESARENTZAKO LAGUNTZA. Arazo nagusia da enpresak eskura dituen tresnen ezagutza, haren tamaina edozein dela ere. Tresnak egon badaude, baina enpresek ba al dute horiek erabiltzeko behar besteko prestasunik? Laneko Bide Istripuen Behatokiaren arabera, bai. Gehienen ustez (% 87), trafikoa arrisku bat da langilearen osasunerako, eta % 60k baino gehiagok ekintzaren bat egin du laneko joan-etorriak hobetzeko.
  • Ezbehar mota horiek kontuan ez hartzeak enpresari eragiten dion KOSTUA ZEIN DEN BENETAN EZ JAKITEA. Laneko bide-istripu baten batez besteko kostua 1.600 euro ingurukoa da, eta laneko batena, berriz, 1.200 euro ingurukoa. Beraz, garesti ateratzen da prebentzioko politikak ez egitea.
  • ENPRESAK KONTZIENTZIATU BEHAR DIRA benetako onuraz, ez bakarrik hobekuntza sozialaz, baita errentagarritasunaz ere. Oso faktore garrantzitsua eta bultzada handikoa izango litzateke instituzioek pizgarriak eta laguntzak ezartzea.

Duela gutxi eguneratu da Enpresako Bide Segurtasuneko Plan Tipoa, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak Laneko Segurtasun eta Osasunerako Institutu Nazionalarekin batera egindakoa. Laneko arriskuen prebentzioko arduradunei zuzendutako gida metodologiko bat da, eta bere helburua da lehentasunez iristea enpresa txiki eta ertainetara, horietan neurri txikiagoan barneratzen baitira proposamenak.

Beraz, funtsezkoa da bi aldeak (langilea eta enpresa) kontzientziatzea eta lan-ingurunean bide-segurtasunaren kultura sortzea, haietako bakoitzaren beharretara egokitutako neurriak betez.

Hazkundea motela da, baina eskaria egon badago eta gorantz doa urtetik urtera; beraz, bada arrazoirik “errepide-arloan optimista” izateko. SEGURTASUNA BETI DA LEHENTASUNA.

Deustuko Unibertsitateko Osasun Zientzien Fakultateak ateak ireki dizkigu

maria carrasco dekanoa

Osasun Zientzien Fakultateko dekano María Carrasco Zabaletak gonbit egiten digu ibilbide bat egitera unibertsitatearen jatorria, gizartearekin duen konpromisoa, metodo pedagogikoa eta Osasun Zientzien Fakultate berria ezagutzeko.

maria-carrasco-decana-ciencias-salud-deusto

Noiz eta nola sortu zen Deustuko Unibertsitatea?

Deustuko Unibertsitatea 1886an sortu zuen Jesusen Lagundiak. Banco de Bilbaoren eta Boluetako Santa Ana enpresaren sortzaile Tomás de Balza jauna ondorengorik gabe hil zenean, dirutza utzi zuen Casilda Iturrizar alargunaren esku, eta hark ondo jakin zuen administratzen, negozioen indarrari eutsiz eta Bilbok industria-hiri gisa abiada har zezan bultzatuz. Horrez gain, XIX. mendean, goi-mailako klaseek eta foru-instituzioek goi-mailako ikasketa-zentro bat eduki nahi zuten. Hortaz, Bilboko enpresaburu-talde batek apustua egin zuen Bilbon zentro bat sortzearen alde, konpromisoa hartu zuen hiriaren kanpoaldean eraikin bat finantzatzeko eta eraikitzeko, eta jesuiten esku utzi zituen ikasketen zuzendaritza eta edukia. Espainia, Kuba, Mexiko, Suitza eta Frantziatik etorritako ikasleek inauguratu zuten barnetegia 1886ko irailaren 25ean. 1888/1889 ikasturtean kanpoko ikasleak sartu ziren. Horrela sortu zen Deustuko Unibertsitatea.

Deustun 130 urte baino gehiago daramatzagu profesional bikainak prestatzen. Gaitasunetan ardaztutako prestakuntza da, eta ikasleen trebetasun berritzaileak, sortzaileak eta ekintzaileak indartu nahi ditu. Gaur egun, campusak ditugu Bilbon eta Donostian, eta egoitzak Gasteizen eta Madrilen.

Deusto-Bilbao

Deustuko Unibertsitateak, goi-mailako hezkuntzako instituzioa den aldetik, konpromisoa du gizateriaren erronka berriei laguntzeko. Zein dira haren erantzukizun sozialaren lehentasunezko arloak?

1886an hasi zenetik, Deustuko Unibertsitateak konpromiso estua izan du gizartearekin, eta jesuiten hezkuntza-instituzio gisa erantzukizuna hartu du bere gain herritartasun askeagoa, bidezkoagoa, solidarioagoa eta gizatiarragoa prestatzeko, erronka sozialez eta errealitatea eraldatzeko duen gaitasunaz jakitun dena. Unibertsitatea euskal gizartetik hurbil-hurbil sentitzen da, eta zerbitzatu egin nahi du, hala unibertsitate-instituzio gisa, nola gizarteak dituen kultura-beharretan, eta ingurunearen garapen sozial, tekniko eta ekonomikoan.

Unibertsitatearen Erantzukizun Sozialeko Planaren bidez, unibertsitateak konpromiso sozial hori zehaztu, eta lehentasunezko bost arlo dinamizatzen ditu: berdintasuna, inklusioa, justizia soziala, ingurumena eta osasuna.

Ekarpen positiboa egin nahi dugu, mundu bidezkoago, solidarioago eta gizatiarrago bat eraikitzeko. Gizartea zerbitzatu nahi dugu, berariaz unibertsitatekoa den ekarpen bat eginez eta errealitatearen ikuspegi kristau batetik abiatuta. Ikerketan eta irakaskuntzan bikaintasuna bilatzen dugu, eta, aldi berean, pertsona aske arduratsuak eta profesional gaituak prestatu nahi ditugu, behar diren ezagutza, balioak eta trebetasuna dituztenak jakintza sustatzeko eta gizartea eraldatzeko konpromisoa hartzeko.

Deustuko Unibertsitatearen eredu pedagogikoaren helburua da ikaskuntzan eta irakaskuntzan berrikuntza bultzatzea. Zertan oinarritzen da?

Unibertsitatearen eredu pedagogikoak alderdi hauek sustatu eta bermatu nahi ditu: irakaskuntzaren kalitatea eta berrikuntza, gizartearen eta erakundeen eskaerari erantzuteko arintasuna eta malgutasuna, eta berdintasunera eta justizia sozialera bideratutako balioak eta printzipioak transmititzea.

Europa osoan garatu den bezala, gure prestakuntza-ereduaren oinarria da ikaskuntza- eta irakaskuntza-ereduen berrikuntza sustatzea. Eta, horretarako, bi zutabetan oinarritzen gara:

  • Ikasleek ikaskuntza sakona izan dezaten lortzea. Ikaskuntza horren oinarria da balioak eta gaitasunak garatzea profesional eta herritar aktibo eta arduratsu gisa gizarteratzeko.
  • Uste sendoa dugu prestakuntza eta irakaskuntzaren oinarria dela unibertsitateak eta haren irakasle-taldeak ikasteko eta eraldatzeko duten gaitasuna, irakasteko eta ebaluatzeko metodoetan eta euskarri diren prozesu guztietan berrikuntzak eginez.

Osasun Zientzien Fakultate berriak erantzuna ematen dio Deustu osasunaren arloan egiten ari den apustu sendo eta gero eta handiagoari

Gizarteak osasunaren arloan eskatzen dizkigun erronketan jartzen dugu arreta. Deustun faktore biologiko, fisiko, psikologiko eta sozialen konbinazio gisa ulertzen dugu osasuna. Horretarako, gaitasun bikaina duten profesionalak prestatzen ditugu, arlo horretan punta-puntakoak diren metodologia berritzaileekin, beren dimentsio zientifikoa eta ikertzailea beren gaitasun profesionalarekin eta dimentsio gizatiarragoarekin txertatzeko gai diren profesionalak, pertsona ardatz gisa duen arretarekiko konpromisotik abiatuta, zaindu ahal izatea eta zaintzen jakitea txertatuta, pazienteen edo erabiltzaileen duintasuna arriskuan jarri gabe.

Proiektua pertsonarengan ardaztutako medikuntza baten orientazio argiarekin sortu da, ikuspegi humanistarekin eta AOI metodologian oinarrituta. Zer da hori eta nola garatzen da?

Deustuko Unibertsitatean, Arazoetan Oinarritutako Ikaskuntzaren (AOI) aldeko apustua egiten dugu, funtsezko metodologia gisa, eta ikaskuntza aktibo eta esperimentalean oinarritutako beste metodologia batzuekin osatzen dugu. Horietan, ikaslea da irakatsi eta ikasteko duen prozesuaren protagonista, eta garrantzi berezia hartzen dute hausnarketarako, lankidetzarako, autonomiarako eta simulazioaren bidez ikasteko guneek. AOIren bidez, ikasleek beren ezagutza eraikitzen dute bizitza errealeko arazoetan oinarrituta. Helburua ez da arazoa ebaztea, baizik eta arazoa erabiltzea ikaskuntza-gaiak identifikatzeko oinarri gisa, modu independentean eta taldean ikasteko.

Zein da Osasun Fakultateak duen eskaintza akademikoa?

Gure ikasketa guztiak sortu dira gure gizarteari zerbitzua egiteko, eta gaur egun honako hauek dira gure eskaintza akademikoaren ardatzak:

4 gradu

  1. Erizaintza. Bilboko eta Donostiako campusak.
  2. Fisioterapia. Donostiako campusa.
  3. Medikuntza. Bilboko campusa.
  4. Psikologia. Bilboko campusa.
  • Gradu bikoitz 1. Fisioterapia + Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako Gradua. Donostiako campusa.
  • 12 master
  • 2 espezializazio

Nazioarteko mugikortasuna sustatzen dugu, beste herrialde edo autonomia-erkidego batean ikasteko aukera emanez, Estatuko eta Europako unibertsitate ospetsuekin egindako truke-programei esker. Bermatutako praktikak ditugu, eta, hala, ikasleak errealitate profesionalera hurbiltzen dira banakako plan pertsonalizatu eta tutorizatu baten bidez. Halaber, etengabeko prestakuntza eskaintzen dugu, gradua amaitzean aukera ematen baitugu prestakuntza zabaltzeko osasun arloko graduondoko eta doktoregoekin.

Gainera, ikasteko hainbat espazio ditugu:

Deustubio eraikina. 900 m2 baino gehiago Bilboko campusean, osasun zientziei eskainiak. Honako hauek ditu:

  • 3 «Rosalind Franklin» laborategi, Biologia, Biokimika eta Genetika eremuekin eta Histologia eremuarekin.
  • Biomekanikako eta Fisiologiako 3 laborategi.
  • 3 Aita Arrupe ospitale birtual, kontrol, debriefing eta trebetasun kliniko eta simulazioko gelekin (kontsultak, solairuko gela, zainketa intentsiboetako unitatea, ZIU, ebakuntza-gela).

Deusto Psych. Psikologia eta Osasuneko Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzako Unitatea (I+G+B). 700 m2 baino gehiago ditu Bilboko campusean, eta Euskal Autonomia Erkidegoan erreferentziakoak diren laborategi espezializatuak dauzka, baita ikerketa eta prestakuntza aurreratuko baliabideak ere.

Larramendi eraikina. Instalazio berriak Donostiako campusean, osasun arloko irakaskuntza- eta ikerketa-jarduerarako. Honako hauek dituzte:

  • 3 ospitale birtual, kontsulta-gune, gimnasio terapeutiko, ospitalizazio-eremu eta zainketa intentsiboetako gelarekin (Zainketa Intentsiboetako Unitatea).
  • 3 laborategi, Biomekanika eta Neurozientzia, Fisiologia, eta Anatomia eta Natur Zientziena.
  • 3 ikasgela teoriko-praktiko, tresna espezializatuekin hornituak.
  • 3 gimnasio, mota eta dimentsio desberdinetakoak: jarduera fisikorako, gimnasio-tatamirako eta fitness-espazioa.
  • 3 kiroldegi: kirol-kantxa zabala, harmailak eta zerbitzu osagarriak dituena.

Mutualia da ikasleen irakaskuntza eta praktiketarako lankidetza-hitzarmena sinatua duen erakundeetako bat. Zure ustez, funtsezkoa al da osasun arloko profesionalek ikasleei laguntzea etorkizuneko garapen profesionalerako?

Jakina. Fakultateko irakasle-klaustroan sartu diren osasun profesionalak funtsezkoak dira, eta osatu eta aberastu egiten dute.

Bestalde, osasunaren arlo profesionaletako praktikak aukera bikaina dira gure ikasleentzat, eta fakultatearekin hezkuntza-lankidetzako hitzarmenak dituzten erakundeen konpromisoari eta lan onari esker dira posible.

Praktika-zentro horietan, gure ikasleak jakintza handiko profesionalekin egoten dira hasiera-hasieratik, eta horiek laguntzen diete lanbidearen konplexutasuna ezagutzeko, lantaldeetan integratzeko edo ikasi dituzten teknikak eta estrategiak praktikan jartzeko prozesuan; gainera, aukera ematen diete haien autonomia, jakin-mina eta erantzukizun-zentzua garatzeko.

Zalantzarik gabe, laguntza hori funtsezko baliabidea da etorkizuneko profesional horien prestakuntzari begira.

Deusto-facultad-de-ciencias-de-la-salud

Emakumeen aurkako indarkeriari amaiera eman, A25

Emakumeen kontrako Indarkeria desagerrarazteko Nazioareko Egunean, Mutualiak bat egiten du Berdintasun Ministerioak abiarazitako kanpainarekin. Kanpaina hori gizonei zuzentzen zaie, galdera baten bidez: Orduan, nor?.  

Baita Emakunderen kanpainarekin ere: “Zer ez duzu ulertu nahi? Solik bai da baietz”

https://www.igualdad.gob.es/comunicacion/notasprensa/Paginas/igualdad-presenta-campana-25n-entonces-quien.aspx

https://www.emakunde.euskadi.eus/sentsibilizazioa/-/azaroak-25-2022/

Mutualiak prozedura bat du laneko sexu-jazarpenari, sexuagatiko jazarpenari eta sexu-indarkeriei aurre egiteko. Prozedura hori berrikusi egin da, arlo horretako legeria berriari erantzuteko eta komunikazio- eta ikerketa-bideak zehaztu eta hobetzeko.