Gaixotasun profesionalak eragindako kalte-galerengatiko enpresa-erantzukizuna mankomunatua edo solidarioa da?

responsabilidad corporativa

Planteatzen den gaiak garrantzi handia du, gaixotasun profesionalak eragindako ezintasun iraunkorreko maila desberdinak aitortuta, langileek enplegu-emaileari kalte-galeren ordaina eskatzen dioten kasu guztietan, eta hori zaildu egiten da lan-bizitzan zerbitzuak eman diren hainbat enpresa egon daitezkeenean, diagnostikatutako gaixotasun profesionala sortzeko arriskuarekin. Kasu horiek ez dira urriak.

Erantzukizuna mankomunatua bada, kalte-ordaina enpresa erantzule adina zatitan banatuko da, eta solidarioa bada, enpresetako edozein erabat ordaintzera behartuko da. Betebehar horien erantzukizunaren araubidea Kode Zibilean jasotzen da, eta bereziki interesgarriak dira 1.137tik 1.139ra bitarteko artikuluak.

Auzitegi Gorenak, 244/2019 errekurtsoari buruz emandako 2022ko uztailaren 21eko epaian, gai interesgarri horri heltzen dio.

Printzipio orokor hau hartu behar dugu abiapuntutzat: erantzukizuna ezartzeari dagokionez, solidaritatea aitortu egin behar da enpresa bakoitzak kaltea eragiteko duen erantzukizuna indibidualizatu ezin denean.

Beraz, langileak bere zerbitzu profesionalak hainbat enpresatan hurrenez hurren eman dituenean erantzukizuna indibidualizatu daitekeen eta erantzukizun hori indibidualizatzea posible den zehazteko parametro bat bilatzea planteatzen dugu. Auzitegi Gorenak ebatziko du parametro hori aitortutako lanbide-gaixotasuna eragin duen arriskua egon den enpresa bakoitzean lan egindako denboraren araberakoa izango dela.

Ondorio horretara iristeko, Auzitegi Gorenak kalte-galerengatiko enpresa-erantzukizunaren esparrura eramaten du lanbide-gaixotasunagatiko prestazioen erantzukizunari buruzko teoria, Gizarte Segurantzaren arloan, non erantzukizuna aitortzen baita esposizio-denboraren arabera, INSS/ISM erakunde kudeatzailean edo Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutualitateetan, horiek aseguratzen baitituzte gaixotasun profesionala sortzeko arriskua duten zerbitzuak eman dituzten enpresetako gertakari profesionalak.

Beraz, enpresa bakoitzaren erantzukizuna indibidualizatu daitekeenez, langileak enpresa bakoitzerako zerbitzuak eman dituen denboraren arabera, arlo horretako erantzukizuna mankomunatu egin behar da, eta Auzitegi Gorenaren irizpide horrekin amaiera eman behar zaio enpresen erantzukizuna zehazteko garrantzi handia duen eta irizpide desberdinak zituen gai bati.

Raquel Martínez Balbas


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

ERRADIOLOGIAKO HUMANIZAZIOA

ana capalastegui mutualia

Erradiologia medikuntzako alorrik berritzaileenetakoa da, eta balioa eransten die gainerako medikuntza-espezialitate gehienei.

Azaroaren 8an, 2022ko Nazioarteko Erradiologia Eguna ospatuko da, lelo honen pean: “Erradiologoak eta ETE/DIGTak pazienteari laguntzen”. 

Ana Capelastegui Alber Mutualiako erradiologia-arduraduna elkarrizketatu dugu, eta azaldu digu zein diren irudi bidezko diagnostikoaren funtzio nagusiak eta medikuntzan zein ekarpen egiten duen. 

Zer esan nahi dugu irudi bidez egindako diagnostikoaz ari garenean? 

 

Irudi bidezko diagnostikoaz ari garenean, erradiodiagnostikoaz edo, besterik gabe, ERRADIOLOGIAz ari gara. Diagnostiko medikoa egiteko, giza gorputzaren irudiak eskaintzen dituzten teknikak dira. Irudi bidezko diagnostikoak medikuntzaren arlo guztiak hartzen ditu, baina Mutualian erradiologia muskulu-eskeletikoan zentratzen gara, patologia traumatikoaren esparruan lan egiten baitugu. Munduko Osasun Erakundearen arabera, medikuntzako erabakien % 80 baino gehiago proba erradiologikoen laguntzarekin hartzen da gaur egun. Eta, hala ere, gure zerbitzuak ezezaguna izaten jarraitzen du instalazioetatik pasatzen diren pertsonentzat. 

 

“Oso teknifikatuta dagoen ingurune batean lan egiten dugu, batzuek agresibotzat hartzen duten ingurune batean. Batzuetan masifikatu ere egiten da, irudi diagnostikorako sarbidea unibertsala baita, eta atzerapenak murrizteko presioa baitago. Hala ere, ez dugu ahazten irudi bakoitzaren atzean pertsona bat dagoela beti, eta historia bat.” 

 

Zer proba mota hartzen ditu? 

 

Hainbat irudi-teknika erabiltzen ditugu. Hedatuena erradiografia da; mende bat baino gehiago duen arren, funtsezkoa da oraindik ere muskulu-eskeletoko patologiak interpretatzeko. Azken urteetako garapen teknologiko handiei esker, badira beste proba batzuk ere: ekografia, tomografia konputerizatua (TAC edo “eskanerra”) eta erresonantzia magnetikoa (EM). Giza gorputzaren kalitate handiko irudiak ematen dituzte. Gaur egun, irudi guztiak digitalak dira, antzinako “plakak” desagertu egin dira, eta ingurune digital horri esker, irudiak errazago transmititu, gorde eta aztertzen dira. Itxaropen handiko etorkizuna dugu, berrikuntza teknologikoak baitaude etengabe. 

AnaCapelastegui (fondo logo)

Mutualian X Izpien ekipoak ditugu gure laguntza-zentro guztietan, eta erresonantzia magnetiko eta ekografia ekipoak 3 kliniketan. 

 

Zer-nolako lanbide-profila behar da? 

 

Arlo honetan bi motatako profesionalak ditugu lanean: erradiodiagnostikoan espezialista diren medikuak (erradiologoak) eta erradiodiagnostikoan espezialista diren teknikariak (ETE). Erradiologook azterketak zuzentzen ditugu, eta irudiak interpretatzen; hala, azterketa eskatu duen medikuak egindako galderari erantzungo dion txosten bat egiten da. ETE-ek probak egiten dituzte, eta irudi-ekipoak eraginkortasunez eta segurtasunez erabiltzeko trebatuta daude; gainera, pazienteari laguntzen diote gure instalazioetan dagoen bitartean. Garapen teknologikoetara egokituta egon behar dutenez, etengabeko prestakuntza espezifikoa jaso behar izaten dute. 

 

Hitz egin dezagun pazientearen segurtasunaz erradiologian 

 

Erradiografiak eta TACak erradiazio ionizatzailea (X Izpiak) erabiltzen dute, eta, beraz, efektu biologiko kaltegarriak sor ditzakete. Hori dela-eta, ekipo horiek kontrolatuta daude, eta profesionalek eta agintariek berrikusi egiten dituzte; izan ere, pertsonen segurtasuna bermatzeko legeria zorrotz baten mende daude. Profesionalek badakigu nola ziurtatzen den pazienteak ahalik eta dosirik txikiena jasotzea, irudien kalitate diagnostikoa murriztu gabe. Bilakaera teknologikoak lagundu egiten digu, eta, ekipo berriei esker, erradiazioa are gehiago murrizten dugu. 

Erresonantzia magnetikoak bi energia-iturri erabiltzen ditu: magnetismoa (ekipoa iman indartsu bat da) eta irrati-frekuentzia. Ez du X Izpirik erabiltzen, eta teknika segurua da, kontrako efekturik gabea. Hala ere, balizko arrisku batzuk daude, erresonantzia-gelan gailu metalikoak edo elektronikoak sartzen badira; beraz, gela horretarako sarrera kontrolatu egiten da, eta segurtasunez nor sar daitekeen jakin behar da galdetegi baten bidez. Elementu metalikoek desplazamendu-arazoak sor ditzakete, imanak erakarri egiten baititu (adibidez, guraize batzuk poltsikoan ditugula sartzen bagara, hegan aterako dira, imanak erakarrita) edo berotze-arazoak izan daitezke (irrati-maiztasuneko uhinen eraginez, metala berotu egiten da, mikrouhin-labe batean bezala). Tatuaje batzuek pigmentu metalikoak dituzte, eta berotzen badira, azaleko erredurak eragin ditzakete. Gorputzean jarrita dauden gailu elektronikoek (taupada-markagailuek, infusio-ponpek, eta abarrek) funtzionamendua alda dezakete, eta, beraz, kontraindikaziotzat hartzen dira. Erradiologiako profesionalok badakigu egoera horietako bakoitza nola baloratu, pazientearen segurtasuna bermatzeko. 

 

“Pazienteak diagnostiko-ekipoen beste aldean nor dagoen jakin dezan nahi dugu. Pazienteari lagunduz, Erradiologia humanizatzeko lan egiten dugu.” 

 

Zer esan nahi dugu erradiologiako humanizazioaz ari garenean? 

Gaur egun, Irudi bidezko Diagnostikoaren arloa oso teknifikatuta dago, eta batzuentzat, inguru hori hotza da, oldarkorra eta arriskutsua. Gure lana da pazientea ahalik eta ondoen egotea, gure instalazioetan dagoen bitartean: prozesu osoan zehar berarekin egoten gara, eta proba nolakoa izango den azaltzen diogu, bere zalantzak argitu eta lasaitu egiten dugu. X Izpien bidezko tekniketan, paziente asko erradiazio ionizatzailearen efektuen beldur izan ohi da, eta jakin behar dute ia ezinezkoa dela ondorio kaltegarriak agertzea medikuen eskariz egindako frogen ondorioz. Erresonantziari dagokionez, paziente askok klaustrofobia izaten dute, baina gehien-gehienek arazorik gabe egiten dute proba; izan ere, ekipoak geroz eta zabalagoak dira eta geroz eta erosotasun handiagoa eskaintzen dute (zaratarako kaskoak dituzte, proban zehar musika jartzen zaie, eta ETE-ek begiz kontrolatzen dituzte beren postutik). 

“Erradiologia humanizatzea arreta berriro pertsonengan jartzea da, enpatia, errespetua eta duintasuna bultzatzea, eta teknologia tresna bat baino ez dela ulertzea, gaixotasunak diagnostikatzen eta haien tratamendua bideratzen laguntzen diguna.”  

 

Mutualian, pazientearen segurtasuna eta osasunaren zaintza humanizatzea ildo estrategikoak dira guretzat, eta balioen kultura oso zabalduta dugu. 

 

Erradiologiaren Egun zoriontsua izan dezazuela! 

MUTUALIA FOROAREN XIX. EDIZIOA

logo del foro mutualia

Langile autonomoentzako Kotizazio Sistema Berria, 13/2022 Errege Lege Dekretua, uztailaren 26koa.

09:30 hasiera
11:00 kaferako atsedenaldia
11:30 2 zatia
13:15 zalantzak argitzea
13:30 Amaiera

Hizlaria: Iñaki Esnal, Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua.

Deialdiak:

  • Eibar: 2022ko azaroaren 15a, asteartea
  • Donostia: 2022ko azaroaren 16a, asteazkena
  • Bilbo: 2022ko azaroaren 17a, osteguna
  • Gasteiz: 2022ko azaroaren 17a, ostirala

Izen ematea:

Beharrezkoa da izen-ematea

Mutualia 2022ko Euskaraldiarekin

euskaraldia 2022 hitzez ekiteko garaia

Mutualiak aurreko bi edizioetan bezala bat egingo du Euskaraldiarekin. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte gauzatuko da egitasmoa, eta 15 egun horietan hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea posible dela frogatzea du xede. Mutualian izen ematea martxan jarri dugu jada, eta hainbat arigune sortu ditugu. Honela gure bezero/pazienteak eta baita bertako lankideek, euskara lasai eta normaltasunez erabiltzeko guneak izango ditugu. HITZEZ EKITEKO GARAIA DA!

Probatu mutualiaren exoeskeletoak, nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko

exoesqueletos

Nahasmendu muskuloeskeletikoak (NM) laneko gaitz ohikoenetakoak dira. Kostu ekonomiko handia dakarkiete enpresei, eta langileen osasuna murriztu, eta haien bizi-kalitatean ondorio garrantzitsuak eragiten dituzte.

Biztanleria aktiboari, laneko istripuei eta lanarekin lotutako beste osasun arazo batzuei buruz egindako azken inkestaren arabera (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia – EU-OSHA), lanarekin lotutako osasun arazo bat dutela dioten pertsonen % 60k nahasmendu muskuloeskeletikoak izaten dituzte. Bestalde, pertsonen % 61ek adierazten dute esku edo besoez lan errepikakorrak egiten dituztela, % 43k gorputz-jarrera behartuak izaten dituztela, eta % 32k adierazi dute bere lanean karga astunak manipulatzen dituztela denboraren laurden batean gutxienez.

Lan eremuan, pertsonen sistema muskuloeskeletikoan exijentziarik handiena duten zereginak izaten dira NMen eragile nagusiak, hala nola kargen eskuzko manipulazioak, gorputz-jarrera behartuak eta mugimendu errepikatuak. Honako hauek dira inguruabar horiei lotutako NM ohikoenak:

  • Goiko gorputz-adarrak: biratzaileen mahukaren tendinitisa; epikondilitisa; epitrokleitisa; karpoko kanalaren sindromea; gongoila.
  • Bizkarra: tentsioak eragindako sindrome zerbikala; gerrialdeko gehiegizko esfortzua.
  • Beheko gorputz-adarrak: burtsitis prepatelarra.

NMen eragina murrizteko asmoz, enpresek lanpostuak ebaluatu eta egokitzen dituzte, antolaketa-neurriak hartzen dituzte, prozesuen mekanizazioa txertatzen dute, etab. Neurri horiek nahikoak ez direnerako, azken urteotan exoeskeletoak erabiltzen hasi dira lanpostu jakin batzuetako lan-baldintzak hobetzeko.

Sistema eramangarriak dira exoeskeletoak, eta sistema muskuloeskeletikoari laguntzen diote hainbat printzipio mekanikoren bitartez. Muskuluen estresa murriztu dezakete gehien kaltetutako gorputz-eremuetan, hala nola bizkarraren behealdean, goiko gorputz-adarretan, sorbaldetan, etab.

Mutualian, konpromiso irmoa dugu lan munduan NMak prebenitzeko. Horregatik, duela zenbait urtetik hona, hainbat exoeskeleto mailegatu dizkiegu enpresa elkartu ugariri, NM arriskua duten lanetan proba ditzaten eta izan litezkeen onurak egiazta ditzaten. Ekipo edo gailu eramangarri honi esker, berau darabilten pertsonei baretu egingo zaie gorputz-atal edo -eremu jakin batean duten «tentsioa», gailu bakoitzaren diseinu eta erabileraren arabera.

Patologia batzuen prebalentzia kontuan hartuta, merkatuan merkaturatzen direnen artean, honako exoeskeleto hauek aukeratu ditugu (egin klik irudietan informazio gehiago jasotzeko).

Probatu nahi al dituzu?

 

Jarri Mutualiako PREBENTZIO AHOLKULARITZAREKIN harremanetan, hemen: prevencion@mutualia.es

Mutualia 2022ko SECAren biltzarrean

seca 2022

Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkarteak (SECA) XXXVIII. biltzarra egingo du Zaragozan, 2022ko urriaren 19tik 21era.

Aurten, biltzarraren goiburua “Gaurko erronkak, biharko kalitatea” izango da, eta asistentzia-kalitateari buruzko hainbat gai aztertuko dira. Horrenbestez, egitarau zientifikoak 6 gai izango ditu ardatz:

  • Kalitatea garai latzetan
  • Adimen artifiziala eta big data
  • Balioan oinarritutako medikuntza
  • Aldaketak erizainen zereginean
  • Kronikotasuna
  • Paziente eta herritarrekiko harreman berriak. Balioen aldaketa erakundeetan.

Mutualiak zenbait komunikazio eta txostenekin parte hartuko du. Miguel Ulibarrenak, Mutualiaren Osasun Kudeaketa eta Kanpoko Osasun Asistentziako zuzendariak, hizlari modura parte hartuko du “Pazienteen segurtasuna Gizarte Segurantzarekin lankidetza duten mutualitateetan” saio teknikoan, pazienteen segurtasunaren kultura hizpide.

SECA Mutualia

SECA Mutualia

Mutualiaren komunikazioak 2022ko SECAren biltzarrean:

  • “Estrategia berriak pazienteen segurtasunari buruzko online prestakuntzan”
  • “COVID iraunkorra lan-istripuan”
  • “Balioekin asebetetzea, kudeatzeko era berria”
  • “Medikuntzako Graduan pazienteen segurtasunari buruzko prestakuntza-plan bat garatzea: erakundeentzako erronka”
  • “Pazienteen segurtasuna Medikuntzako Graduan: irakasteko metodologiaren eragina irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuan”
  • “Etika kudeaketan integratzeko bidean”
     
SECA Mutualia

Kontsulta juridiko 2022ko Urria

consulta

DISZIPLINA BIDEZKO ZEHAPENA JASO DEZAKE ZERBITZUAK TELELAN BIDEZ EMATEN DITUEN LANGILE BATEK, KONTU PERTSONALAK DIRELA-ETA EZ BERTARATZEAGATIK?

Planteatzen zaigun gaia honako hau da: lan-harremana telelanaren modalitatean ematen den kasuetan, enpresak zehatzeko ahalmena balia dezakeen ala ez, baldin eta lanaldian zehar eta justifikaziorik gabe langileak lanpostua uzten badu, eremu pertsonaleko jarduerak egiteko.

Horretarako, aztertu behar da jokabide hori Langileen Estatutuaren 54.1 eta 2 d) artikuluetan jasota dagoen ala ez. Hau da, erabaki behar da zehatze-ekintzak zilegi diren (kaleratzea barne) langilearen ez-betetze larri eta errudunen aurrean, edota kontratuko fede ona urratzean eta lanean konfiantza gehiegikeriaz aritzean.

Horrela, telelan bidezko lanaldia garatzeko figura bat sortzen da, zeinean langileak bere lanaldiari dagozkion lan-parteak eman behar dizkion enpresari, sinatuta, bertan adierazita zein izan den egindako lanaldia eta, beraz, egunero zerbitzuak zein ordutegitan eman dituen zehaztuta. Dokumentu hori emanda, langilea onartzen ari da bertan adierazitakoa guztiz egiazkoa dela, eta, ondorioz, zorrotz betetzen duela dokumentuaren helburua.

Beraz, dokumentu hori –lan-partea– enpresari eman ondoren, enpresak egiaztatzen badu langileak lantokitik alde egin duela jarduera pribatuak egiteko, enpresaren aurretiazko baimenik gabe edo ondoren jakinarazi gabe, falta bikoitza izango da langilearena. Hau da, lanpostutik alde egin izanak enpresari jakinarazi gabe (langileak lan-parteak ematen baititu, lanaldia oso-osorik egin duela adierazteko), esan nahiko luke, alde batetik, langileak lanpostua utzi duela eta ez dituela kontratuan adierazitako zereginak bete; eta, bestetik, enpresari bere lanaldiaren jardunari buruzko gezurrezko informazioa eman diola, kontratu-harremanaren funtsezko zatia izanik ere.

Horrela, bada, enpresak zehatzeko ahalmena baliatzea, zehapenen mailaketan zehapenik larrienaren alde egitera iritsita ere (hau da, langilearen diziplinazko kaleratzea), justifikatuta egon daiteke, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, eta, beraz, neurria guztiz bidezkoa izan daiteke.

Telelanean diharduen langileak horrelakorik egiteak garrantzi berezia du, enpresarekiko mesfidantza eragiten baitu, kasu horietan zaila delako lanaldia betetzen dela kontrolatzea. Beraz, horrelakoetan, justifikatuta dago enpresak zuzenbidearen arabera zehatzea, kontratuaren fede ona urratzeagatik, eta, batez ere, lanean konfiantza gehiegikeriaz jarduteagatik, zeina agerikoa baita hemen aztertzen ari garena bezalako kasuetan.

Enpresaren zehatzeko ahalmena egikaritzea justifikatzen duen bigarren gaia honako hau izango litzateke: horrelako kasuetan, langileak justifikaziorik gabe uzten du bere lanpostua, eta ez ditu haren kontratu-xede diren zereginak betetzen. Hau da, langileak ez-betetze larria egiten du, eta horrek kaleratzea eta, ondorioz, lan-harremana azkentzea ekar dezake, betiere, behar bezala arrazoituta eta proportzionaltasuna zainduta.

Jesus M. Vicente Cuadrado


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua