Laneko istripuak eta bajak sarearen bidez jakinaraztea

Sonia Gutiérrez García. LGko Prestazioen arduraduna

ENPRESARIEI GOGORARAZTEA LANBIDE-GERTAKARIENGATIKO BAJA-PROZESUEN GAINEKO JAKINARAZPENEN ARLOAN ZEIN BETEBEHAR DITUZTEN

Jakina denez, egun bateko baino gehiagoko laneko istripu (LI) baten ondoriozko baja medikoaren partea emateak enpresa enplegatzailea (edota langile autonomoa, hala bada) behartzen du LIren PARTEA DELTA sistemaren bidez jakinaraztera (Istripua izan duten langileen adierazpen elektronikoa).
Parte hori betetzeko epea bost egun baliodunekoa da, istripua gertatu den datatik edo baja medikoa eman den datatik hasita, 1987ko abenduaren 16ko Lan eta Gizarte Segurantzako ministro-aginduaren 3.a artikuluaren arabera. Epe hori aplikatzen da, halaber, Erakunde Kudeatzaileak edo Kolaboratzaileak LI partea enpresari (edo enpresa-ordezkariari) itzultzen dionean, akatsak zuzentzeko.
 Kasu horretan, partea zuzenduta bidali beharko da bost egun balioduneko epearen barruan.
Era berean, gogora ekarri behar da laneko istripua lantokian edo laneguneko joan-etorrian gertatzen bada, eta larria edo oso larria bada, heriotzen bat badago, edo lantokian lau pertsonari edo gehiagori eragiten badie, beharrezkoa dela (DELTA sistemaren bidez istripuaren partea eman aurretik) URGENTZIAZKO JAKINARAZPEN bat bidaltzea lan-agintaritzari. Jakinarazpena bidaltzeko epea 24 ordukoa da, istripua gertatu denetik hasita. DELTAren webgunean bertan, xede horretarako aukera bat eskaintzen du menuak. Hala ere, EAEn, jakinarazpen hori telefonoz edo faxez egin behar da.
Araba: tel.: 945017034 – faxa: 945017031
Bizkaia: tel.: 944031233 – faxa: 944031212
Gipuzkoa: tel.: 943023209 – faxa: 943023221
LIk laneko baja eragiten ez badu ere, enpresak DELTA sistema baliatuko du BAJARIK ERAGIN EZ DUTEN HILEKO LANEKO ISTRIPUEN ZERRENDA bidaltzeko. Horretarako, zerrendan aipatutako hilaren ondorengo hileko lehen bost egun baliodunak izango ditu.
LI jakinarazteko epezko eta formazko falta, laneko araudien arabera, arau-hauste arina edo astuna izan daiteke (Ordena sozialeko Arau-hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bategina onartzen duen 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren, abuztuaren 4koaren, 11.2 eta 12.3 artikuluak), istripuaren larritasuna gorabehera. Hala, 40 eta 2.045 euro arteko isunak ekar ditzake arau-hauste arinetan, edo 2.046 eta 40.986 euro artekoak, larrietan.
Ohartarazten zaituztegu probintzia batzuetan Lan eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritza izapide-epeen betearazpena egiaztatzeko jarduketak egiten ari dela, eta zehapen-proposamenak egin dituela indarreko araudia bete ez duten enpresen eta/edo langile autonomoen kasuetan.
Azkenik, gogora ekarri nahi dizuegu enpresaren betebeharretako bat dela (RD 625/2014 EDren 7.2 art.) RED SISTEMA baliatzea baja-parteak eta baja- zein alta-berrespenak jakinarazteko. Langileek aurkeztuta, enpresak dagozkion datuak bete beharko ditu, eta, jakinarazpena egiteko, gehienez hiru egun balioduneko epea izango du, langileak partea aurkezten duenetik hasita.
Betebeharra ez betetzea, hala dagokionean, arau-hauste arina izango da, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren 21.4 artikuluaren arabera. Eta, gainera, erroreak eta zailtasunak eragin ditzake Gizarte Aseguruak izapidetzeko Likidazio Zuzeneko Sistema erabiltzean.

Eraldatze digitalari buruzko praktika onak Erakutsiko ditu Mutualiak

Martxoak 7, asteartea, Euskaliteko Kudeaketa Aurreratuaren Klubeko Praktika onen Saria izango da, aurten Eraldatze digitalari buruz.
 MUTUALIA aurkezten du “Encuesta de satisfacción de asistencia sanitaria; Papel 0, eficiencia 10”

Honakoen praktika onak ezagutuko dituzu:

BEGOÑAZPI IKASTOLA: Proyectos de comprensión Ibook: desarrollo de producto digitales a partir del conocimiento propio
EGA MASTER: Digitalización de las herramientas de mano mediante visión artificial para ofrecer nuevos productos y servicios que otorgan mayor añadido
AXULAR LIZEOA: SARGOI: La red social corporativa que promueve los valores, proyectos cooperativos y la buenas prácticas tecnológicas entre las personas usuarias
CIFP EASO POLITEKNIKOA LHII: Creación de un sistema descentralizado y colaborativo de gestión por medio de una digitalización integral de la organización
VIRTUALWARE: VirtualRehab: Rehabilitación Virtual al alcance de todas las personas

Hemen da berriro ahotsaren eskola

2015ean eta 2016an lortutako arrakasta dela eta, aurten berriro ere antolatu ditu Mutualiak hainbat Ahots Eskola hiru lurraldeetan.

Aurreko edizioetan bezalaxe, oraingoan ere izango dugu Alfonso Muñoz Etxebarria jaunaren laguntza; logopeda horrek 24 urteko esperientzia du hizkuntzaren disfonien eta patologien tratamenduan.

Lantegiak modu berean garatuko dira: aurrez aurreko hiru saio talde txikian, ikuspegi funtsean praktikoa eta parte-hartzailea ematearren.

Ahotsa laneko tresna da lanbide askotan, eta jasandako edozein alteraziok eragina izan dezake lan-jardueran.  Ahotsa zaintzea laneko osasunaren alderdi garrantzitsua da eta, gaur egun, jarduteko eta hobetzeko aukera handiak ditu.

Eman izena beldurrik gabe! Ahotsak eskertuko dizu.

2017ko Ahotsaren Eskolarako Izena Emateko fitxa

Esparru desberdineko adituek ergonomia parte-hartzailea eta KIT-ak errebindikatzen dituzte arazo muskulo-eskeletikoak txikiagotzeko erreminta eraginkor moduan.

“Gihar eta hezurretako asaldurak. Ebaluazio ergonomikotik harago” izeneko eta Mutualiak antolatutako mintegi teknikoan Osalaneko Zuzendari Nagusia den Alberto Alonso jaunak parte hartu zuen. Jardunaldian zehar esperientzi berritzaile eta eraginkorrak erakutsi ziren, bai ergonomia parte-hartzailean bai Komunikazio eta Informazio Teknologien (KIT) erabileran.

Mintegi Teknikoa oso arrakastatsua izan zen, 120 pertsona baina gehiago bildu zirelarik bertan eta aurkeztutako txostenak  kalitatea handikoak izan zirelarik. Mutualia-Arabako lurralde zuzendaria den Juan Villar Caballero jaunak eta Prebentzio Saileko Arduraduna den Mª Mar Crespo Millán andereak aurkeztu zuten ekitaldia.

Alberto Alonso Martín-ek, Osalango Zuzendari Nagusiak, parte hartu zuen irekieran, zeinek, besteak beste, 2015. urteak 1887 gaixotasun profesionalen artean 769 muskulu eskeletiko utzi dizkigula esan zuen, horrek ia %41a suposatzen dutelarik. Betetik,gihar eta hezurretako asaldurei aurre egiteak ez dakarrela soilik langileen bizi eta osasunean onura, enpresaren ikuspuntutik  ere zentzuzkoa dela nabarmendu zuen.

Mintegiaren lehen atalean, Lan, Ingurumen eta Osasunerako Institutuan (ISTAS) ergonomoa den, Maria José Sevilla Zapater andereak ergonomia parte hartzailearen oinarriak azaldu zituen, kontzeptuak, helburuak eta  ebidentzia zientifikoa finkatuaz. Bestetik ERGOPAR (laneko jatorria duten arrisku ergonomikoen prebentziorako ergonomia parte hartzaileko prozedura)  metodoarekin aurrera eraman dituzten esperientzia praktikoen berri eman zigun.

Mintegiaren bigarren atalean sektore eta jarduera desberdinetako enpresek gihar eta hezurretako asaldurak txikitzea helburu bezala edukita izan dituzten esperientziak ezagutarazi zizkiguten.

Horrela, Athlon Koop.-eko osasun-programen arduraduna den  Edurne Jimenez Cortazar andreak ergonomia parte hartzailea posible egiten duten gakoak erakutsi zizkigun, erakunde osoaren babesaren eta parte hartzearen garrantzia azpimarratuaz: gerentzia beharrezko diren baliabideak hornitzeaz arduratuko da, langileak esku-hartzearen beharraz eta eraginkortasunaz konbentzituta egon behar dute.

Azti zentro teknologikoko ikertzaile diren  Begoña Landajo Villalain eta Marta Renteria Bilbao andreek nekazaritza eta elikagai sektoreari zuzendutako arazo muskulu eskeletikoen portala garatzean izandako esperientzia partekatu zuten. Nekazaritzako elikagaien sektoreak berezko izaera du, modu honetako esku hartzeak zailak izaten direlarik baina aldi berean oso beharrezkoak.

Innovalia Elkarteko Alicia Gonzalez andreak, “Fit4work, 4.0 industrian arrisku ergonomikoen gestiorako ebazpena” izeneko aurkezpenaren bidez TICek prebentzio estrategia pertsonalizatu eta malguak diseinatzeko unean eskaintzen dizkiguten aukerak erakutsi zizkigun. Bai ekintza ergonomikoetan bai ergonomiako prestakuntzan lagungarria da datuak modu errazean biltzen eta aurkezten baitituzte.

Azkeneko hizlaria Mercedes Ben España S.A.U.ko enpresa medikoa den Alberto Sopelana jauna izan zen eta bere enpresak garatu duen Bizkarreko Patologiaren Prebentziorako eta Tratamendurako Programa aurkeztu zigun. Programak hiru arlo lantzen ditu: ergonomia, prebentzioa eta osasunaren sustapena. Ebaluazio ergonomikoa egin eta neurriak ezartzeaz gain, langileari bere bizkarraren zaintzan paper aktiboa izan dezan informazio nahikoa eman behar zaiola azaldu zigun. Azkenik ERGOMIX, Indartze muskularreko metodo espezifikoaren  ezaugarri eta emaitzak erakutsi zizkigun.

Azkeneko mahai-inguruan bertaratuek planteatutako kontsulta desberdinak argitu ziren.

 

Soldaten ordainagiria, paperean edo euskarri digitalean?

Aztertuko dugun Auzitegi Gorenaren 2016ko abenduaren 1eko 1023/2016 zenbakiko Epaiak –1690/2014 kasazio-errekurtsoan doktrina bateratzekoak–, artikulu honen tituluan planteatutako eztabaida ebazten du, hain zuzen ere, Asturiasko bidaiarien garraioko enpresa bateko (200 langile inguru dituena) Ordezkaritza Sindikalak sustatutako Gatazka Kolektiboan sortutakoa.

Autoetan planteatzen zen gaia honako hau zen: enpresak langileei nomina euskarri informatikoan jakinarazteari dagokionez hartutako alde bakarreko erabakiaren baliozkotasuna; erabakiaren ondorioz, nomina langile bakoitzaren postontzian entregatzeko modua (paperean) aldatu zen, nominak langile bakoitzaren kontu pertsonalean txertatzeko mekanismo bat ezarriz. Postontzien ondoan kokatutako terminal informatiko batetik sar zitekeen langilea kontu horretan, soldata-ordainagiria ikusteko, NANaren zenbakia eta sarbide-gakoa sartuz. Ordainagiria inprimatzeko aukera ere ematen zuen.

Hasiera batean, Lan-arloko Epaitegiak ordezkaritza sindikalak jarritako demanda onetsi zuen, eta enpresaren eskaria baliogabetu; bestalde, Asturiasko Justiziako Auzitegi Nagusiak enpresak sustatutako erregutze-errekurtsoa onetsi zuen, txertatutako aldaketari baliozkotasuna emanez.

Aurreko doktrina bat (aztertutako kasuarekiko parekotasun handiko kasu bati buruzkoa; 2011ko abenduaren 22ko kontraesanezko Epaia, 3/2011 Kasazioa) alde batera utzita, eta kontuan hartuta datuak, dokumentuak, erabakiak eta abar biltzeko eta jakinarazteko papera erabili beharrean euskarri informatikoa erabiltzea orokortu dela, eta azken sistema hori asko erabiltzen dela eremu pribatuan nahiz Administrazio Publikoan, eta bestalde, enpresak ezarritako sistema berria langileentzat erraza eta eskuragarria dela balioetsita, Auzitegi Gorenak erabaki du enpresaren erabakia zuzenbidearen araberakoa dela, eta beraz, ordezkaritza sindikalaren errekurtsoa ezetsi egin du.

Aztertutako kasuan, zuzenean aplikagarriak diren xedapenak aztertzen dira Epaian, hau da, dagokigun gatazka kolektiboa sustatzen den unean indarrean dagoen Langileen Estatutuaren 29.1 artikulua, honako hau ezartzen duena: «honela dokumentatuko da soldata: langile bakoitzari ordainagiri bana emango zaio, soldata ordaindu dela zuritzeko. Lan eta Gizarte Segurantza Ministerioak onartutako ereduari lotu behar zaio soldaten ordainagiria, salbu hitzarmen kolektiboz, edo halakorik ezean, enpresaren eta langileen ordezkarien artean lortutako akordioz beste ereduren bat onartuta; argi eta ondo banakatuta agertu behar ditu langilearen hartzeko guztiak, eta legez dagozkion kenketa guztiak».

Aipatutako eredua 1994ko abenduaren 27ko Aginduak (2014ko azaroaren 6ko Aginduak aldatu zuena) onartu zuen, baina arau horretan ez da ezartzen ordainagiri hori entregatu beharreko euskarriari buruzko ezer.

Badirudi lehen irakurketatik ordainagiria paperezko euskarrian entregatu behar dela ondorioztatzen dela, langileak soldataren ordainagiria sinatu behar duelako, baina lehen uste hori hutsalduta geratzen da, ez baita beharrezkoa langileak soldata-ordainagiriaren bi aleetako bat sinatzea, soldata banku-transferentzia bidez ordaintzen denean, frogagirian jasota geratzen delako.

Horregatik guztiagatik, Auzitegi Gorenak ebatzi du aipatutako kasuan –soldata-ordainagiria terminal informatikoaren bitartez balia daiteke, baita haren kopia bat lortu ere–, betetzen dela soldata-ordainagiriaren kopia entregatzearen helburuarekin, hau da, langileak likidatutako zenbatekoak jaso dituela eta likidazioa osatzen duten ordainketa- eta deskontu-kontzeptuak argi ezagutzen dituela bermatzea; bestalde, adierazten du paperezko euskarriaren ordez euskarri informatikoa ezartzeak ez diola kalterik edo eragozpenik eragiten langileari, eta ezin dela enpresak ezarritako sistema zailtzat hartu, beraz, enpresaren erabakia baliozkotzat jotzen du, enpresa pribatuek nahiz Administrazio Publikoek teknologia berrien aplikazioan izan duten jarrerarekin bat etorriz.

Raquel Martínez. Mutualiako lege-aholkularitzako abokatua

BONUS KANPAINA 2017

2016, 2015-2016, 2014-2016 eta 2013-2016 ikuskapen-aldiei dagozkien Bonus pizgarrirako eskariak aurkezteko epea urte honetako apirilaren 1etik maiatzaren 15era bitartekoa izango da, Bonus Sistema martxan jarri denetik orain arte gertatu den moduan, aurkezpen-epea 2017ko ekainaren 30era arte zabaltzen den kasuan izan ezik. Horrela izango balitz, webgunearen eta bitarteko honen bidez informatuko zaitugu.

 

Zure ohiko kudeatzailearekin harremanetan jar zaitezke hainbat datu ezagutzeko; zure enpresaren ezbehar-tasak, kanpaina honetan kontuan hartu beharreko kontingentzia profesionalen kuoten bolumena eta, pizgarria baliatzeko baldintzak betez gero, eskatu beharreko ikuskapen-aldia. Guk helarazitako informazioa berrikusteko gomendatzen dizugu, eta zurearekin bat ez badator kudeatzailearekin harremanetan jartzeko.

 

Gogorarazten dizugu eskaera Mutualiaren webgunean bete behar dela, eta zure enpresak ikuskapen-aldian garatutako jarduera bakoitzeko –betiere, kotizatzen badu– aurkeztu beharko dela pizgarriaren eskaera. Mutua bat baino gehiagok babestutako kotizazioko kontu-kodeak dauden kasuan, guztientzat eskaera bakarra egin beharko da, eskaeran bilduz kotizazioko kontu-kode guztien informazioa (kuotak, inbertsioak, akzioak eta abar). Azken kasu horretan, dagokion mutuaren ziurtagiria aurkeztu beharko da, jarduera bakoitzari lotu beharreko, baina Mutualiak babestu gabeko, kotizazioko kontu-kodeekin, eta kontabilizatu beharreko IT eta IMS kuoten bolumena zehaztuz.

 

Lan Ikuskatzailetzaren jarduerak

 

2016ko azken hiruhilekoan, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak (LGSI) berriro ere kanpaina bat egin du pizgarria baliatu ahal izateko baldintzak betetzen direla eta enpresek egindako eskaeretan deklaratutako prebentzio-informazioa egiazkoa dela egiaztatzeko.

 

404/2010 Errege Dekretuaren 2.1 g) artikuluaren prebentzio-ekintza «berezien» inguruan egin daitezkeen interpretazioak kontuan hartuta, egokitzat jo dugu eskaera betetzerakoan enpresei zalantza handienak eragiten dizkieten artikulu horren atalak gogoraraztea. Horretarako, azken epaietan eta LGSIk kanpainan sartzen diren enpresak bisitatu ondoren egindako txostenetan (Mutualiak eskuratu dituenak) oinarritu gara. Txosten horiek berez ezin dira Erakunde horren irizpidetzat hartu, baina eskaeran zein ekintza egiaztatuko diren erabakitzen lagundu dezake.

 

Esaterako, honako ekintza honi dagokionez, «prebentzio-baliabide propioak txertatu izana (izendatutako langileak edo prebentzio-zerbitzu propioa), nahiz eta legeak horretara behartu ez, edo jadanik zeuden baliabideak areagotzea», ikusi dugu aplikatzen ari den irizpidea enpresaren prebentzio-jardueraren kudeaketa aldatzea dela, kanpokoa izatetik barrukoa izatera, horretarako jarritako pertsonekin. Ez dira prebentzioko figuratzat hartzen enpresan dauden prebentzio-baliabideak (Lan Arriskuen Prebentzio Legearen 32 bis artikuluaren arabera) edo prebentzio-delegatuak. Enpresaren prebentzioa baliabide propioekin kudeatzen den kasuan, baliabide horiek areagotu egin behar dira ikuskapen-aldi bakoitzean; beraz, gerta daiteke nahikoa ez izatea aurreko ikuskapen-aldietan ezarritako prebentzio-baliabide propioei eustearekin.

 

Honako ekintza honen inguruan, «enpresaren prebentzio-sistemari dagokionez, kanpo-auditoriak egin izana, nahiz eta legeak horretara behartu ez», ondoko irizpide hau aplikatzen ari da: inguruabar hori aurkez dezakete legeak horretara behartu gabe, Lan Arriskuen Prebentzio Legearen baldintzak betetzen dituztela egiaztatzeko arauzko auditoria egiten duten enpresek (esaterako, Enpresatik Kanpoko Prebentzio Zerbitzuaren modalitatea dutenek) edo legeak horretara behartzen dituen enpresek (Enpresa barruko Prebentzio Zerbitzua dutenek), auditoria ikuskapen-aldian egiten dutenean, Prebentzio Zerbitzuen Arautegian ezarritako maiztasunaren arabera ez badagokie ere.

Arauzko auditoria egiteari ezingo zaizkio parekatu Lan Arriskuen Prebentzioari dagozkion bestelako ziurtagiri batzuk, esaterako, OSHAS 18001 ziurtagiria, nahiz eta ziurtagiri horiek Lan Arriskuen Prebentzio Legean ezarritakotik haratago egon; hain zuzen ere, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak ez ditu onartzen.

 

Azkenik, honako ekintza honi dagokionez: «ikuskapen-aldiak iraun artean, gaixotasun profesionalak nozitzeko arriskua duten enpresako edo lantokiko langileen ehunekoak behera egin duela ziurtatzea», Madrilgo Auzitegi Nagusiak maiatzaren 18an emandako 147/2016 zenbakiko Epaiak ondoko irizpidea aplikatzen du: langileek gaixotasun profesionala nozitzeko arriskuan egotetik, inongo arriskurik ez izatera igaro behar dute. Esaterako, ez da ontzat emango trikloroetilenorekin (agente kantzerigenoa) lan egiten duten pertsonen kasuan, agente hori osasunerako hain kaltegarria ez den beste agente batekin ordeztea, esaterako etanolaminarekin, hau ere gaixotasun profesionala eragin dezakeen produktu narritagarria baita. Kasu horretan, esposizio-arriskua murriztu da, baina ez da ezabatu gaixotasun profesionalarekiko esposizio-arriskua.

Ekintza hau betetzea zaila da praktikan; izan ere, lanpostu batean izan daitekeen gaixotasun profesionalaren arriskua agente anitzek eragin dezakete (zarata, dardarak, produktu kimikoak eta abar); beraz, agente horiek guztiz desagerrarazi beharko dira ekintza betetzeko. Gaixotasun profesionalaren arriskua murriztu izana, inguruabar hori egiaztatzen duten txosten medikoen, neurrien eta abarren bidez ziurtatu beharko da.

 

Azken batean, Bonusa eskatzeko atalari nahiz Lan Arriskuen Prebentzioko oinarrizko baldintzak betetzeko atalari dagokienez, zera gomendatzen dugu, zehatz-mehatz balioesteko ekintza horiek betetzen ote diren, betiere, desadostasunak saiheste aldera.

 

Bonus Kanpainaren egoera

 

2016ko abenduaren amaieran, Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak 2015eko kanpainan aurkeztutako Bonus eskaerak ebatzi ditu. Erakunde horrek 137 enpresari onartu die pizgarria jasotzeko eskubidea; guztira, 1.376.509 €-ko zenbatekoa da hori, enpresako, 10.048 €-ko batez besteko pizgarria, eta ebatzi den ikuskapen-aldian ordaindutako kontingentzia profesionalengatiko kuoten % 7,67.

 

Gizarte Segurantzaren Antolamenduko Zuzendaritza Nagusiak oraindik ez ditu ebatzi 2016ko kanpainan aurkeztutako eskaerak, eta ez da aurreikusten 2017ko abendura arte ebatziko dituenik.

 

Lerroon bidez, Mutualiaren enpresa elkartu guztiei urte honetako Bonus pizgarriaren eskaera aurkeztera animatu nahi diegu, pizgarriak eskainitako onurak jaso ditzaten eta beren kargura dituzten langileen segurtasunaren eta osasunaren arloan duten konpromisoa agerian utz dezaten.

 

 

Kanpaina

2010

2011

2012

2013

2014*

2015*

2016**

Ikuskapen-aldia

2009

2010
2009-2010

2011
2010-2011
2009-2011

2012
2011-2012
2010-2012
2009-2012

2013
2012-2013
2011-2013
2010-2013

2014
2013-2014
2012-2014
2011-2014

2015
2014-2015
2013-2015
2012-2015

Egoera

Itxia

Itxia

Itxia

Itxia

Ebatzi bidean

Ebatzi gabeko gora jotzeko errekurtsoa

Ebatzi bidean

Ebatzi gabeko entzunaldiaren irizpidea

1. ebazpenaren zain.

2017ko abendurako aurreikusia

Onartutako pizgarria

759.815 €

1.194.029 €

1.274.569 €

1.387.261 €

1.428.111 €

1.376.509 €

Gauzatu gabeko pizgarri zenbatetsia

193.425 €

438.842 €

1.910.000 €

% Pizgarria / KP kuota-bolumena

% 4,92

% 7,73

% 7,79

% 8,48

% 7,63

% 7,67

% 8,14

Onartutako batez besteko pizgarria

4.633 €

12.438 €

12.374 €

11.010 €

11.706 €

10.048 €

14.044 €

Aldeko eskaeren kop.

164

96

103

126

122

137

136

Kontrako eskaeren kop.

22

7

9

8

7

11

0

*Behin-behineko datuak    **Balioetsitako datuak

 

 

 

Diego Badosa Quintana

Bonus Pizgarriaren arduraduna

OSAKIROL PROIEKTUA

Mutualiaren Prestazio Berezien Batzordeak 2016ko ekitaldian onartutako eta urte honetako otsailean ezarritako beste gizarte-laguntza kolektibo bat.

Kirol Egokituaren Euskal Federazioaren jarduerak aintzat hartuta, eta Osakirol Proiektua –GaituzSport Fundazioak 2016ko irailaren 14an aurkeztu ziguna– balioetsi ondoren, Batzordeko kideek proiektu hau onartu egin dute, Mutualiako pentsiodunen alde. Osakirol Proiektua desgaitasun fisikoa, sentsoriala, fisiologikoa edo mentala –lan-istripuz edo -gaixotasunez sortutakoa– duten pertsonei zuzendutako osasun- eta gizarteratze-proiektu bat da, Jarduera Fisiko Egokitua baliatzen duena.

Jarduera fisikoa jarduera fisiko egokituaren berezko eskakizunetara ondo egokitutako instalazio publikoetan garatuko da, beste erabiltzaileekin batera, honako zentro hauetan:

• Bilbo: San Inazioko kiroldegia (Bilbao Kirolak)

• Donostia: Hegalak Kirol Zentroa Hegalak Zabalik Fundazioa

• Gasteiz: Almudena Cid Zentroa Zuzenak Fundazioa

Programaren helburu nagusia honako hau da: berregokitze funtzionalari eta gizarteratzeari laguntzea, osasunaren kontzeptu orokor batetik (errekuperazio fisikoa, psikikoa eta gizarte-harremanei dagokiena). Hori guztia diziplina anitzeko ikuspegiarekin.

Aisialdi atsegina eskaini nahi da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatibo arduradunek proposatzen dituzten Mutualiako pentsiodunei beren gaitasun fisiko eta mentalei eusten eta hobetzen lagunduz, autoestimua handituz eta gizarteratze-prozesua sustatuz.

Kirol-jarduera gehienez 10 pertsonaz osatutako taldeetan egingo da, gure Errehabilitazio Zerbitzuetako fakultatiboen kontrolarekin eta jarraipenarekin. Hasiera batean, Lurralde Zuzendaritza bakoitzean gutxienez talde bat osatuko litzateke urtean, eta gastuen hasierako aurrekontuak programan agertzen diren kontzeptu guztiak bilduko lituzke (18.000 € inguru urtean), baina gizarte-laguntzako prestazio bat denez, Mutualiara atxikitako –edo bere babespeko– desgaitu bakoitzari agindutako eta bakoitzak gauzatutako jarduera fisikoaren arabera indibidualizatuko da gastua.

 

Otsailean osatu dira ekainera arte Lehen Osakirol Proiektuan parte hartuko duten lehen hiru taldeak. Horrela, ezintasun iraunkorra duten sei pentsiodun parte hartzen ari dira Arabako Lurralde Zuzendaritzan, beste sei, Gipuzkoakoan eta beste zazpi, Bizkaikoan. Otsailaren 13an ekin zioten jarduera fisikoari, baina desgaitu gehiago sar daitezke taldeetan, talde bakoitzean hamar partaideko kopurua osatu arte.

 

Ekintza kolektibo honekin espero dugu lortzea Sir Ludwig Guttmannek duela urte asko adierazitakoa, eta guk Proiektu Termaletako desgaituengan atsegin handiz antzeman duguna:

«Errehabilitazio fisikoan eta psikikoan funtsezko elementua da kirola, desgaitasuna duen pertsonak bere buruarekiko konfiantza berreskuratzeko, adimena garatzeko eta lehiakortasun- eta adiskidetasun-espiritua sustatzeko».

(Sir Ludwing Guttmann, 1948)

Mutualiak DenBBora Sarean parte hartzen du

TALDE ERAGILEA / GRUPO MOTOR

Otsailaren 17an, DenBBora Sarearen TALDE ERAGILEAK lan-saio bat egin zuen BIZKAIKO FORU ALDUNDIAREN egoitzan.  Hainbat enpresa gaude talde honetan, esaterako, VIRTUAL WARE, ARTEZ, TORREZURI, GUEDAN, EROSKI ZUBIETXE eta MUTUALIA, eta une honetan, 29 enpresak osatzen dugu Denbbora Sarea; Sare hau Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Bilboko Udalaren ekimenez sortutako lankidetza publiko-pribatua da, Denbora Erabiltzeko Modu Berrietan interesa duten Bizkaiko beste enpresa batzuk ere lankide izanik.

Topaketaren helburua DenBBora SAREAren NAZIOARTEKO IV. Jardunaldia prestatzea izan zen; jardunaldi hori apirilaren 7an izango da, Bizkaia Arenan (Abandoibarra 3) eta honako hau izango da gaia:

PARTAIDETZA ETA ITUNAK,denborak modu berrian kudeatzeko enpresetan

Jardunaldi horretan Irabazi ekonomikoei buruzko ikerketa egingo da.

Bileraren amaieran, jarduera ludiko bat egiteko aukera izan genuen; izan ere, bisita gidatu interesgarri bat egin genuen Foru Jauregira. Jauregi hori 1900ekoa da, denborak beste modu batean kudeatzen ziren garaikoa, hain zuzen ere. Gaur egun, denboraren erabileran BERRITZAILE izatea dagokigu, eta horretan ahalegintzen gara DenBBora Sarean.

Sareari buruz gehiago jakiteko, honako helbide honetara jo dezakezu: www.denbbora.net

Hiztegi elebiduna

LAN SAIOA. SESION DE TRABAJO

2017ko OTSAILAREN 17a,  17 de Febrero de 2017,

BIZKAIKO FORU LIBURUTEGIKO ARETOA.

DIPUTACION FORAL DE BIZKAIA. Biblioteca Foral

JARDUERA LUDIKOA AUKERAN, BISITA GIDATUA. FORU JAUREGIAN

 ACTIVIDAD LÚDICA OPCIONAL  VISITA GUIADA en el PALACIO FORAL.

HELBURUAK. OBJETIVOS

2017ko lan-plana. Plan de trabajo 2017

Nazioarteko Jardunaldiaren Programa. 2017ko apirila Programa de la Jornada Internacional. Abril 2017

Irabazi ekonomikoei buruzko ikerketa. Estudio sobre los beneficios económicos.

Ikusteko Ahotsak / Voces para ver

Otsailaren 13an, Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Foru Sailaren Berdintasun Zuzendaritzak ekitaldi bat egin zuen Bilboko Artelan Berreginen Museoan, emakumeen aurkako indarkeriari buruz egin duten liburuaren aurkezpena zela-eta.

Cristina Mendia gonbidatu zuten, Mutualiako Berdintasun arduradun gisa, eta liburuaren hitzaurrea idatzi duen Miguel Lorenteren (Granadako Unibertsitateko Auzitegiko Medikuntzako irakasle titularra eta Berdintasun Ministerioko Genero-indarkeriaren arloko gobernu-ordezkari ohia) hitzaldira bertaratu zen.

Lanak «Ikusteko Ahotsak / Voces para ver» izenburua du, eta indarkeria matxista pairatzen duten emakumeek bizi duten infernuaren testigantzak jasotzen ditu. Emakumeen aurkako indarkeriaren errealitate gordina agerian jartzen duten narrazioen bilduma da.

Mutualia Másfamilia Fundazioaren X. urteurrenaren ospakizunean

2017ko otsailaren 2an, Cristina Mendiak –Mutualiaren ordezkari gisa– Másfamilia Fundazioaren X. urteurrena ospatzeko jardunaldian parte hartu zuen Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioan.

Ekitaldian, 80 erakundek jaso zuten bateragarritasun-bereizgarria Dolors Monserrat ministroaren eskutik, guztiak ere 2016an Familiarekiko Arduratsuak diren Enpresen ziurtagiria jasotako enpresak.

Ekitaldia Cadena 100 irrati-kateko Javi Nieves esatariak aurkeztu zuen, beren enpresetan bateragarritasuna kudeatzearen aldeko apustua egin duten erakundeen lidergoa nabarmenduz.

550 enpresak baino gehiagok txertatu dituzte bateragarritasun-neurriak beren kudeaketan, 500.000tik gora langileri eta beren familiei onura ekarriz. MUTUALIA da enpresa horietako bat.

Másfamilia Fundazioaren presidente Antonio Trueba hamar urte hauetan Fundazioak garatu dituen jardueren laburpena egin zien bertaratuei; esan zuenez, «ez dira urte errazak izan», eta Gobernuari eskatu zion bateragarritasuna barne hartzen duten klausula sozialak ezartzeko kontratazio publikoan.