BONUS

2015eko kanpaina eta aldaketa normatiboak

2015eko ekainaren 30ean, 2015eko kanpainari dagozkion Bonus pizgarriak eskatzeko epea bukatu zen. Azter dezagun nolakoa izan den kanpaina eta zer aldaketak eragingo dioten etorkizunean Bonus pizgarrien sistemari.

Bonus pizgarri sistema arautzen duen 404/2010 EDa, apirilaren 1ekoa, argitaratu zenetik urtero gertatu den bezala, aurten ere apirilaren 1etik ekainaren 30era luzatu da eskariak aurkezteko epea.

Kanpainako hiru hilabete hauetan, 131 enpresak 137 eskaera aurkeztu dituzte guztira Mutualian. Horrek esan nahi du % 16 baino gehiago egin duela gora eskaera kopuruak, 2014an aurkeztutakoekin alderatuz.

Gure kalkuluen arabera, 137 eskari horiez gain, Mutualiako kide diren gutxienez sei enpresak beste mutualitate batean aurkeztuko dute beren eskaera, mutualitate horrek babesten duelako beren kotizazio nagusiko kontu-kodea. Beraz, kanpaina honetan Bonus pizgarria 143 eskaerak jaso ahal izango dutela kalkulatzen dugu.

Halaber, 143 eskaera horiek guztira 1.900.000 €-ko pizgarria lortu dezaketela kalkulatzen dugu. Horrek esan nahi du eskaeren batez besteko pizgarria 13.000 €-tik gorakoa izango dela. Guztizko kantitate hori Mutualiak laneko gertakariengatik bildutako kuoten % 1,02 da.

Eskaera bakoitzeko itzuli beharreko gertakariengatiko kuoten batezbesteko ehunekoa ordaindutako kuoten % 8,72ra irits daiteke (% 5 gutxienez eta % 10 gehienez, kasu guztietan inbertsioek ezartzen dutelarik muga).

Behaketa-aldiari dagokionez, eskaeren % 95ek 2014. urtea eskatu dute behaketa-aldi gisa; gainerako % 5ek 2013. urtea eskatu dute behaketa-aldi gisa, eta 2014. urtea laneko gertakariengatiko gutxieneko kotizazio-bolumena, 5.000 €, lortzeko.

404/2010 EDak, apirilaren 1ekoak, xedatzen duen bezala, Mutualiak eskaeren proposamen-txostenak helarazi zizkion abuztuaren hasieran Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusiari, zuzendaritza organo horrek baloratu ditzan eta eskari bakoitza onartzea edo ezeztatzea ebatzi dezan.

Aurtengo kanpainari dagozkion proposamen-txostenetan, lehen aipatutako 137 eskarietatik 127 ontzat ematearen alde egin dugu; gainerako 10 eskaeren kasuan, berriz, ez dugu proposamen-txostenik egin, beste mutualitate batzuekin partekatutako kotizazioen kontu-kodeak dauzkatelako edo Gizarte Segurantzaren kudeaketan laguntzen duten enpresak direlako eta, beraz, behar den informazio guztia ez daukagunez, proposamenik gabe bidali ohi ditugulako mutuok haien eskaerak.

Aurreko kanpainetako esperientziaren arabera, ez dugu uste Gizarte Segurantzaren Antolaketako Zuzendaritza Nagusiak 2016aren amaiera baino lehen ebatziko dituenik eskaera horiek.

Bestalde, martxoan iragartzen genuen bezala, Bonus pizgarrien sisteman aldaketak egingo direla aurreikusten da, pizgarria eskatzeko, onartzeko eta ordaintzeko prozesua bizkortzeko eta sinplifikatzeko. Hona hemen aurreikusten diren aldaketarik garrantzitsuenak:

  • Eskabidearekin batera ez da aurkeztu beharko lan-arriskuen prebentzioan oinarrizko baldintzak betetzen direla egiaztatzeko enpresariaren edo enpresako ordezkariaren deklarazioa. Pizgarria eskatzeak berak berekin ekarriko du baldintzok betetzen direlako deklarazioa.
  • Ez da beharrezkoa izango instalazioetan, prozesuetan edo ekipoetan lan arriskuak deuseztatzeko edo txikiagotzeko inbertsioak egin direla egiaztatzea. Hortaz, behaketa-aldiko laneko gertakariengatiko kuoten % 5era edo % 10era iritsi ahal izango da pizgarria, inbertsioen zenbatekoaren mugarik gabe, gaur egun ez bezala.
  • Administrazioak dagoeneko baduen informazioari buruz ez da beharrezkoa izango baldintzaren bat betetzen dela egiaztatzeko agiririk aurkeztea eskaerarekin batera; hala, bada, ez da egiaztatu beharko Gizarte Segurantzarekiko betebeharren ordainketa egunean dela eskaera egiteko epea bukatzen denean, edo lan-arriskuen prebentzioaren arloan arau-hauste larri edo oso larriren bategatik zigortua izan ez dela.
  • Eskabidean adierazitako datuak egiazkoak ez badira, jasotako pizgarria itzuli beharko da, eta hasieran esleitutako pizgarriaren % 20ko errekargu bat ordaindu; gainera, beste administrazio-ardura batzuk edo bestelakoak eskatu ahal izango dira.
  • Bonus pizgarriaren sistema finantzatzeari dagokionez, mutuei debekatu egiten zitzaien urte bakoitzean prebentzio eta errehabilitaziorako funtsaren aurreko urteko abenduaren 31ko saldoaren % 3 baino altuagoa zen pizgarri bat ordaintzea, eta horren ondorioz enpresa bakoitzari aitortu beharreko pizgarriak proportzionalki birkalkulatu beharra egoten zen. Bada, muga hori desagertu egin da.
  • Beste zenbait alderdi ez dira aldatzen, ordea. Besteak beste, honako hauek: laneko gertakariengatiko kotizazioen gutxieneko bolumena (5.000 €), bolumen horretara iristeko 4 urte arteko behaketa-aldiak, eta ezbehar-tasaren hiru adierazleen mugak ez gainditzea.

Aldaketok, lehen esaten genuen bezala, erraztu egiten dute eskaera-prozesua, eta ebazpena arintzen. Hurrengo kanpainetan eskaera-bolumen handiagoa espero dugu, eskaera errazagoa izango delako, baina ez dugu ahaztu behar enpresek oinarrizko betebeharrak bete behar dituztela oraindik ere lan-arriskuen prebentzioan, eskabidean halakorik egiaztatu behar ez badute ere. Pentsatzekoa da enpresa txikiak direla aldaketa hauekin onura gehien izango dituztenak, orain arte ez baitzitzaien errentagarria gertatzen eskaera prestatzeko lana, jaso zezaketen kantitatea kontuan hartuta, eta beraz multzo hori izango da ziur aski gehien handituko dena.

Urriko Mutualia Ikasgela

Urrian Mutualia Ikasgelaren ekitaldiarekin jarraituko dugu.

Gai Hauek jorratuko dira:

  •     Langile autonomoen lanari uzte estalduran eman diren aldaketak

Azkeneko aldaketen ondoren galdera da: zein dira autonomoak lanari uztearen prestazioa eskatu ahal izateko bete behar dituen baldintzak? Eman diren aldaketak asko eta anitzak dira, eta horietako batzuk garrantzi handikoak, gainera.

Onartu den Mutuen Lege berriak autonomoek lanari uztearen prestazioa jaso ahal izateko bete behar dituzten baldintzak malguagoak bihurtu ditu. 2015-01-01etik lanari uztea egiaztatzeko %10eko urteko galera alegatzea nahikoa izango da; orain arte %30eko urte osoko irabazien edo %20eko bi urtetako (segidan eta osoak) irabazien galera alegatu behar ziren.

2015-01-01etik aurrera 35/2015 Legeak Mutuen erregimen juridikoa aldatu du, eta aldaketa eta berrikuntza garrantzitsuak ekarri dizkio abuztuaren 5eko 32/2010 Legeari, eta langile autonomoen lanari uztearen babesari sistema zehatza ezarri dio.

  •    Mutualiaren Estranetaren bitartez Eskuordetutako Ordainketaren kudeaketa eta kontsulta

Aplikatu behar diren Aldi Baterako Ezintasunaren kenkarien kontsulta eta oinarrien kalkuluaren aldaketa.

Zorraren grabaketa onartu eta eskatzea.

Egin ez diren konpentsazioak itzultzeko eskaera.

Ordainketaren ziurtagiria sortu eta bidali.

 

Mintegi berria:

ahots-kordetako noduluak

Ahotsa etengabe darabilgu komunikatzeko eta gure burua ahoz adierazteko, baina ahotsa profesionalki erabiltzearen ondorioz, erraz prebenitzeko moduko patologiak sor daitezke. Mintegian, lanbide-gaixotasunen koadroan dagoen patologia hau aztertuko da; ahots-kordetako noduluak zer diren, nola sortzen diren, eta haiei aurrea hartzeko neurri posibleak analizatuko dira. Era berean, ahotsean arazoak ekiditeko ahots-teknikaren erabilera jorratuko da.

 

JARDUNALDIKO PROGRAMA:

• 9.30- Jardunaldiaren hasiera.
Maria del Mar Crespo Millan andrea, Mutualiako
Prebentzio Saileko arduraduna.

• 9.40- Norberaren ahotsaren kontzientzia hartzea
Alfonso Muñoz Etxebarria jauna, Logopeda.

• 11.30- Galderak eta eskaerak

• 11.40- Kafea hartzeko etenaldia

• 12.00- Esparruen egokitzapen akustikoa.

Eko Ingeniería Acústica enpresako gerente Alfredo
Knörr de las Heras jauna eta soinu-teknikari Silvia Gil
Ganuz andrea.

• 13.00- Galderak eta eskaerak

DATA ETA TOKIA

Irailaren 24a – Gasteiz
Irailaren 29a – Donostia
Irailaren 30a – Bilbao

Osasun-eremua gizatiartzeko plana .

1. Itxarote-denbora.

Medikuntza, harritzekoa den arren, arreta pertsonala zailtzen duen  eragilez inguratuta dago: teknologia, txandakako lana, profesionalen txandakatzea, pazientearen arreta hainbat espezialisten artean egitea, lanaren antolaketa eta eraikinen egitura; denak bultzatzen gaitu pertsonari, izaki den heinean, behar den garrantzia ez ematera.

Mutualiak erronkari aurre egin nahi dio, eta horregatik, 2015-2017 Plan estrategikoan gizatiartze-plana garatzeko helburua ezarri du.

 

Osasun-eremua gizatiartzeko planaren lehenengo pausua Zerbitzua guregana datorren pertsonari Zuzentzea da; zerbitzua emango diogun erabiltzaileari zuzentzea. Ildo horretatik gure helburua ondorengoa izango da: pertsonak behar duena ulertzea, bere larruan jartzea, eskatzen duenari erantzuna ematea. Eta Mutualiara datozen pazienteek jasotzen duten asistentziari plus hori gehitzeko erabiliko ditugun erremintak sentsibilitatea, ulerkortasuna, hurbiltasuna, informazioa, laguntza, konfiantza, segurtasuna eta enpatia izango dira.

Asistentzia gizatiartzeko giltzetako bat itxarote-denbora da. Horrez gain, gure eskuetan ditugu beste giltza batzuk ere: informazioa, gure mutualistentzako instalazio ezin hobeak eta teknologia aurreratua.

Zentzu horretan 2015-2017 Plan estrategikoan ezarri da batezbesteko itxarote-denbora 8 minutuetatik beherakoa izan behar dela. Itxarote-denboraren adierazleak pazienteari aurretiko zitan eman zaion ordua eta arreta eman zaion arteko denbora neurtzen du; edo larrialdia den kasuetan ,lehenengo asistentzia jasotzera iritsi den ordutik arreta eman zaion arteko denbora neurtzen du.

2015eko lehenengo seihileko datua 8,59 minutuko batezbesteko itxarote-denbora izan da (kontrolatutako 65.000 asistentzien artean): programatutako kontsultak 8,17 minutu eta 10,04 minutua larrialdietan.

 

Aipagarriak dira Gernika, Llodio, Eibar, Azkoitia eta Madrileko LARRIALDIETAKO batezbesteko itxarote-denborak: 3 minutu baina gutxiago.  KONTSULTETAN, ordea, aipagarriak dira Basauri, Gernika, Madrid eta Azkoitiko batezbesteko itxarote-denborak: 3 minutu baina gutxiago.

 

Mutualiak, Gasteizen izango duen laguntza zentro eta egoitza berriaren lehen harria jarri du

• Urtsa Errazti Mutualiako presidentearekin eta Ignacio Lekunberri zuzendari gerentearekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika Sailburuak, Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu Idazkariak hartu dute parte ekitaldian.

  • Aurreikuspenen arabera 2017. urtearen hasieran zerbitzua ematen hasiko den eraikinak 4.600 metro karratu baino gehiagoko azalera eraikia izango du.
  • 3 solairu eta erdi-sotoa izango dituen arreta zentroa izango da, Araban berritzaileak izango diren ekipamendu eta teknologiarekin, eta lurralde horretan mutuako kide diren 53.000 pertsona baino gehiagori emango die zerbitzua.
  • Mutualiak 11,9 milioi euro inbertituko ditu Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12. zenbakian dauden instalazio berrietan.
  • M. Carmen Gomez Puente eta Luis Gomez Puente arkitektoek diseinatutako eraikina Mutualiak Araban izango duen erreferentziazko zentroa bilakatuko da.

 

Gasteizen, 2015eko uztailaren 20an

Gasteizko Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12an dagoen Mutualiaren laguntza zentro eta lurralde zuzendaritzako egoitza berriaren lehen harria gaur jarri da. Ekitaldian Urtsa Errazti Mutualiako presidenteak eta Ignacio Lekunberri mutuaren zuzendari gerenteak hartu dute parte, eta beraiekin batera, Ramiro Gonzalez Arabako Diputatu Nagusiak, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak, Angel Toña Enplegu eta Gizarte Politika Sailburuak, Jon Darpon Osasun Sailburuak eta Tomas Burgos Gizarte Segurantzako Estatu Idazkariak hartu dute parte ekitaldian.

Ekitaldian, Mutualia 1900. urtean sortu zenetik mutuan polizak izan dituzten Arabako enpresetako (Tubos Reunidos, Lascaray eta Naipes Heraclio Fournier) ordezkariek beraien enpresekin erlazionatutako zenbait objektu sartu dituzte kutxan.

2017. urtearen hasierarako erabilgarri egongo den eraikinean Mutualiak bateratu egingo ditu une honetan Arabako hiriburuko hiru tokitan eskaintzen dituen zerbitzuak. Horrela, Mutualiak Araban izango duen zentro berrian bilduko dira une honetan Gamarran (Makalen Etorbidea, 1) eskaintzen diren administrazio eta lurralde zuzendaritza zerbitzuak; Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 4. zenbakian dauden kontsultak eta osasun zuzendaritza eta orain arte Vithas San José Ospitalean egon diren gainerako osasun instalazioak. Gasteizko 80 langileek bertan izango dute lantokia.

Mutualiak aurreikusi duen eta Enplegu eta Gizarte Segurantza Ministerioak baimendu duen inbertsioa 11,9 milioi eurokoa izango da, eta horietatik 0,7 milioi euro orubea egokitzera bideratuko dira, aparkalekua eraikin berriaren beharretara egokitzeko; 8,2 milioi euro zentroaren eraikuntzara; eta ia 3 milioi euro gune horretan irrati-diagnostiko, erresonantzia magnetiko, ohiko erradiologia, ekografia… alorretako azken teknologia jartzera. Halaber, kirurgia handi anbulatorioa egiteko ebakuntza gela baterako ekipamendua ere aurreikusita dago.

Horrela, Mutualiak lehen mailako instalazioak izango ditu Araban, zerbitzu guztiak Gasteiz erdialdean kontzentratuta. Horrek, inolako zalantzarik gabe, mutuako kide diren pertsonei eskaini beharreko arreta hobetuko du.

M. Carmen Gómez Puente eta Luis Gómez Puente arkitektoek diseinatu dute Mutualiaren laguntza zentroa eta Arabako lurralde zuzendaritzaren egoitza jasoko dituen eraikin berria, eta beraiek arduratu dira, halaber, alboan dagoen aparkalekuaren egokitzapena proiektatzeaz. Ingurunea osasun alorreko erreferentzia gune bilakatuko da hiriarentzat, ekipamendu modernoagoa eta osasun zerbitzuen eskaintza zabala jasoko baitu.

Eraikiko den eraikinaren lehen harria, une honetan Mutualiaren Ondare Historikoa jabe den txandakako erabilerarako ibilgailu aparkaleku batek hartzen dituen lurren parte batean jarri da. Aparkaleku horren sarrera eta irteera Tomas de Zumarraga Dohatsua kalearen 12tik egiten da. Obrak egin ahal izateko, aparkalekurako sarbide berriak egokitzea aurreikusi da. Horrela, ibilgailuen eta oinezkoen sarrera eta irteera Domingo Beltran kaleko 12. zenbakian ezarriko da. Halaber, oinezkoentzako sarbide berria egingo da Cercas Bajas kaleko 33. zenbakian. Aparkalekuak era independentean funtzionatuko du, eta eraikin berria egiteko gunea ibilgailuen eta oinezkoen sarreretatik eta irteeretatik libre geratuko da.

Eraikina

Gómez Puente Arquitectos etxeak proposatutako eraikinak, hirigintza lur-sailak hiri ingurunean dauden eta horren eskala txikia den arren –hirigintza araudi aplikagarriarekin bat etorriz– pieza argi eta trinko gisa proiektatu da, adierazkortasun eta ikusmen-eragin handiena bilatuz, bolumen indartsuaren bitartez. San Jose Ospitalearen atzera egiteari esker, Fatxada mehelinak eraikinaren identifikatzaile bilakatuko den elementu berezia sortzen du, Mutualiaren irudi korporatiboa erabiliz, eraikuntzako elementu gisa.

Beheko solairuaren parean, fatxada nagusiak atzera egiten du, eraikinaren sarrera nagusia eta Larrialdietako sarrera eratuko dituen gune estalia sortuz.

Proiektuak, kanpoko eta barruko erabilera kolektiboko guneen tratamendu ordenatua planteatzen du, kanpoan Larrialdi sailerako, larrialdi irteeretarako, hondakinen irteerarako eta eraikinaren gainerakorako sarbide independenteak sortuz eta barruan espazioaren kalitatea bilatuz.

Barruan, eraikina, eskailerak dauden erdigune zabalaren bitartez garatzen da. Eskailerek konpontzen dute barruko komunikazio bertikala eta horiek osatzeko bi igogailu daude, mugikortasun urria duten pertsonek erabili ahal izango dituztenak, eta osasun alorreko langileek baino erabili ezin izango duten beste igogailu bat.

Zirkulazioen tratamendu ordenatu horretan oinarrituta, erabiltzaileek erdiguneko gune irekiarekin etengabeko erlazioa izango duten eraikina proposatzen da. Itxaron guneetarako behar diren espazio guztiak elkartuz, begi bistaz erlazionatuta dauden tarteko gune zabalak sortzen dira. Perimetroa, argi eta aireztapen naturala behar duten arreta guneetara bideratuko da.

Beheko solairuan Harrera-Onarpen saila, Pazientearen eta Erabiltzailearen Arretarako Zerbitzua, Irrati-diagnostiko Saila eta Ingresorik gabeko Kirurgia Unitatea egongo dira, Larrialdi Zerbitzuaz gain.

Lehen solairuan eraikineko kontsultak egongo dira.

Bigarren solairu osoa Birgaitzera bideratuko da osorik, eta bereiztutako bi gune sortuko dira: Gimnasioa eta Hidroterapia, aldagela komunen bitartez banatuak. Hidroterapia sailean, beirazko hormen bidez, osasun alorreko langileei barruan birgaitze ariketak egiten dituzten pertsonak ikusteko aukera emango duen igerileku terapeutikoa instalatuko da. Horrela, Mutualia, igerilekua daukan birgaitze zerbitzu propioa duen Arabako lehenengo mutua bilakatuko da. Gainera, bizkarreko tratamenduetarako gunea ere egongo da toki horretan.

Hirugarren solairuan Mutualiaren Lurralde Zuzendaritzaren egoitza proiektatu da, erabilera gehien bat administratiboari erantzuten dion banaketarekin, behar guztietara erraz egokituko diren espazio irekiekin eta erabilera anitzekoekin.

Solairu hori erdi-sotoarekin osatzen da. Bertan, beheko solairutik zein etxaldearen barrualdetik duen sarbide errazari esker, ekitaldi aretoa eraikitzea planteatu da.

Ekitaldi aretoak 200 pertsonarentzako lekua izango du, eta, halaber, komunak eta arropak gordetzeko tokia ere jasoko dituen atari zabaletik sartuko da bertara. Erdi-soto solairu horretan eraikinaren instalazio orokorrak jasoko dituzten guneak egongo dira, eta baita biltegiak, artxibategiak eta eraikinean lan egiten duten langileentzako aldagelak ere.

Eraikin guztia, mugikortasun urria duten pertsonek erabili ahal izango dituzten espazio funtzionalak diseinatuz proiektatu da, banaketa osoa Irisgarritasunaren Sustapenerako Legera eta Eraikigarritasunaren Kode Teknikoaren Erabileraren eta Irisgarritasunaren Segurtasunerako Oinarrizko Dokumentura egokituz egin da.

Eraikina, Mutualiak bere inbertsio guztietan aurrera daramatzan iraunkortasun eta ingurumen eraginaren murrizketa irizpideei jarraituz proiektatu da. Horregatik, beheko solairua estalki berde ekologikoaren bitartez errematatuko da. Eraikinaren erdialdeko estalkiaren gune perimetrala, eguzki energia eskuratuko duten panelak jartzeko aukera emango duten estalki lau igarokorren bitartez bideratuko da. Eraikinaren barrualdeak era zenitalean argiztatutako patioa izango du, eta, ondorioz, argi eta aireztapen baldintza natural onak izango ditu, eraikinaren aprobetxamendu bioklimatikoa bultzatuz. Horrela, espazioaren %90ak argiztapen naturala izango du.

Era berean, barruko patioa, orientazioaren arabera zenbait eguzki kontrol izango dituzten kristalezko guneek mugatuko dute. Hori guztia, etengabeko aire joan-etorria bultzatzeko, aireztapen gurutzatuak sortuz, klimatizazio ekipoen hornidura beharrak murrizteko xedez.

Bisita ezazu Mutualiaren Erabakimen Handiko Ospitalearen argazki galeria gure webgunean.

 

Mutualiari buruz

Mutualia, 2006an Euskadiko laneko istripu eta gaixotasun profesionalen gizarte segurantzako hiru mutua garrantzitsuenak bat egitearen ondorioz sortu zen. Mutuak laneko istripuen, gaixotasun profesionalen eta ohiko kontingentzien ondoriozko aldi baterako ezintasuna bermatzen du, eta laneko arriskuen prebentzioaren alorreko zerbitzua eskaintzen die enpresei.

Mutualia Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehenengo mutua da, eta 2014. urtea %42ko merkatu kuotarekin itxi zuen. Araban 53.000 langile baino gehiago dira mutuako kide.

Mutualiak 26 milioi euroko emaitza finkatuarekin itxi du 2014ko ekitaldia

• Araudi berria aplikatuz, mutuak 75 milioi euroko ekarpena egiten dio Gizarte Segurantza sistemari.
• 315.915 pertsona daude babestuta Kontingentzia Profesionalean (EAE-ko %41,8).

Donostian, 2015eko uztailaren 17an

Mutualiak, Gizarte Segurantzako 2 zenbakiko Lan Istripuen eta Gaixotasun Profesionalen Mutuak, 2014. urteko balantze ekonomikoa eta jarduera balantzea onetsi ditu gaur Batzar Nagusian. Diru sarrera osoak 289 milioi eurokoak izan dira, horietatik 285 milioi Gizarte Segurantzaren kudeaketari eta 4 Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkionak.

Diru sarrera horiei esker, emaitza finkatu positiboa 24 milioi eurokoa izan da Gizarte Segurantzaren kudeaketa kontuetan, eta 2 milioikoa Ondare Historikoaren kudeaketari dagozkion kontuetan.

Azken ekitaldian, Mutualiaren jardueraren ezaugarri nagusia bere bezeroen aldeko zerbitzu eta harreman bokazio argia izan da. Horri esker, Euskadiko Autonomia Erkidegoko lehen mutua gisa finkatu da, 2014. ekitaldia %41,8ko merkatu kuotarekin itxiz. Kontingentzia Profesionalean babestutako batez besteko pertsona kopurua 315.915 pertsonakoa izan zen.

Ignacio Lekunberri Zuzendari Gerenteak, bezero tipologia guztiek lortutako gogobetetze maila altua azpimarratu du. Horrela, prestazio ekonomikoak jaso dituzten pertsonek 8,08 puntuko gogobetetze maila adierazi dute, eta osasun arretaren erabiltzaileen %93,52 pozik edo oso pozik agertu da jasotako zerbitzuarekin, Mutualiak arretaren kalitatearen alde egindako apustuari eta, inolako zalantzarik gabe, beharrei erantzuna ematen dieten instalazioei eta ekipamenduei esker, neurri batean. Mutualiako kide diren enpresek lortutako gogobetetzeari dagokionez, 7,7 puntukoa izan da. Zuzendari Gerenteak, Mutualiaren alderdi bereizleetako bat zentroen hedapena eta gertutasuna dela azpimarratu nahi izan du. Horren adibide, une honetan mutuak dituen 19 zentroak dira (horietatik 18 Euskadin). Zentro horietan 34.255 pazienteri eman zaie arreta eta 130.300 osasun kontsulta eta 1.388 ebakuntza kirurgiko egin dira.

 

Mutualiaren beste jarduera bat, kide diren enpresetako istripu maila murrizten laguntzea da. Horri dagokionez, joan den ekitaldian 3.233 prebentzio jarduketa baino gehiago egin dira. Jarduketa horien artean kasu jakinen azterketak, aholkularitza orokorra, jardunaldi teknikoen antolakuntza edo dibulgazio jarduerak daude. Horri esker, istripu maila murrizteko pizgarriak, Bonus izenez ezagutzen direnak, jasotzeko 119 eskari erregistratu dira, eta horien zenbatekoa 1.800.000 eurokoa izan da.

 

Joan den ekitaldian Mutualiak lorpen garrantzitsuak izan ditu bere kudeaketaren zenbait arlotan. Horien artean hauek azpimarratu behar dira: Prebentzio Sozietatearen salmenta, instalazioen eta ekipamenduen egokitzapena eta hobekuntza eta, batez ere, Ercilla Klinikako hidroterapia gunearen zaharberritzea, zenbait ziurtapen berriztatzea eta berriak lortzea, Henaoko zentroan lortutako irisgarritasunari buruzkoa eta Henaoko eta Ercilla Klinikako iraunkortasunekoak, besteak beste, eta bezeroekin harreman azkarragoa eta eraginkorragoa lortzeko teknologia berrien erabilera indartzea. Teknologia berrien aldeko azken apustu horri esker, bere App-ak Administrazio eta Smart City kategoriako aplikazio hoberenaren saria lortu du Star BiscayApp´14 Lehiaketan.

Batzar Nagusian, Alvaro Plaza Prestazio Berezien Batzordeko Presidenteak, Batzorde horrek 2014an aurrera eramandako jarduketak azaldu dizkie bertaratutakoei. Jarduketa horien onuradunak 215 pertsona izan dira, eta banatutako laguntzak, 561.000 eurokoak.

Amaitzeko, Urtsa Errazti Mutualiako Presidenteak, 2015ean Mutuen Legea onartu ondoren Mutualiak aurrean izango duen eszenatoki berria azpimarratu du. Horrela, legeak, bertan jarritako itxaropenak osorik bete ez dituen arren, mutuak, eta Mutualia horien artean, harro daude krisiak iraun dituen urteetan Gizarte Segurantzako Funtsetara 3.962 milioi euro bideratu izanaz, pentsioak ordaintzeko. Amaitzeko, ez dio bere aurkezpenari amaiera eman nahi izan erakundeko lantaldea osatzen duten eta beraien eguneroko lanarekin Mutualia EAE-ko erreferentziazko mutua bilakatzen lagundu duten 600 pertsona baino gehiagoren inplikazioa aitortu gabe. Langile horiek osasun eta ekonomia alorretako laguntza hoberena eskaini diete mutuako kide diren langileei eta, ondorioz, enpresak egunero lehiakorragoak izan daitezen lagundu dute, ekonomia berreskuratzen ari dela dirudien eszenatoki berri honetan.

 Txostena PDF Formatuan
 Mutualia zifratan PDF Formatuan

2015, Mutualiako arreta-zentroen udako ordutegia

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia aldatu egingo da udan, , hain zuzen ere.Irailean ohiko ordutegia egongo da indarrean.

2015, Mutualiako arreta-zentroen udako ordutegia
Gipuzkoa Azkoitia Uztailaren 15etatik abuztuaren 14rarte itxita egongo da (biak barne)
Beasain Udako ordutegia. Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 15:00etara Abuztuaren 03. tik Abuztuaren 31 arte (biak barne)
Bergara
Eibar
Irun
Araba Laudio
Bizkaia Basauri
Erandio
Gernika
Iurreta
Santurtzi
Zamudio 2015ko Uztaila: Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 19:00etara , Uztailak 03, 10 eta 17an izan ezik,  ordutegia  08.00etatik 17:00etara izango delako

2015ko Abuztua:  Astelehenetik Ostiralera 8:00etatik 15:00etara

Gogorarazten dizuegu Mutualiak zuen eskura jartzen dituela gure erietxeen zerbitzu mediko iraunkorrak. Informazio gehiago behar baduzu, jar zaitez harremanetan gurekin  edo kudeaketa sailaren 902 540 250 telefonora deitua.

BURUKO MINAK: GARAI HONETAKO OINAZE BAT

Zefalea edo buruko mina giza espeziearen oinaze formarik ohikoenetakoa da. Buruko mina aldizka agertzen da, oro har, eta zenbait motak medikuaren diagnostiko zehatza eta tratamendu espezifikoa eskatzen dute. Hortaz, ez da komeni nork bere kabuz sendagaiak hartzea.

Migraina
Migrainaren kasuan, buruko min krisiak errepikakorrak dira, aldakorrak intentsitateari, iraupenari eta maiztasunari dagokienez, oro har hemikranialak, eta maiz, goragale eta gorakoari, fotofobiari eta fotosentikortasunari lotuak. Noizbehinka sentikortasunaren, sistema motorraren edo hizkuntzaren defizitaren ondoren edo haiekin batera gertatzen dira, eta ariketa fisikoarekin okerrera jotzeko eta loarekin hobetzeko joera dute.

Migrainak populazioaren % 10-15 ingururi eragiten dio, eta emakumezkoengan da ohikoagoa. Pazienteen % 70ek aurrekariak ditu familiaren historia klinikoan. Gizonezkoengan haurtzaroan hasteko joera du, eta lehen hilekoarekin batera emakumezkoengan. Maiztasunak behera egiten du urteekin.

Krisiok zenbait elikagai mota hartzeak eragin ditzake, hala nola tiramina asko dutenak (gazta ondua, banana helduak, kakahueteak) eta kafeinan eta feniletilaminan oparoak direnak (txokolatea, kafea, kola, tea), bai eta ingurune-faktoreek (argi dirdiratsuek, usain biziek) eta lo-orduak edota estresa areagotzeak ere.

Bi migraina mota daude:

Aurarik gabeko migraina (migraina arrunta): Ohikoena da.

Migraina auraduna (migraina klasikoa): Migraina mota horrek «aura» izeneko hainbat sintoma neurologiko itzulgarri ager ditzake: ikusmenaren nahasmenduak eta ikusmenarekin loturarik ez duten beste batzuk, esaterako paresia, parestesiak, disfasia eta entzumen- eta usaimen-haluzinazioak. Aurretiko 24-48 orduetan pazienteek bestelako sintoma prodromikoak izan ditzakete; hala nola, umore-aldaketak, adimen-trakestasuna, logalea edota goragalea.

Tratamendua. Faktore eragileak ezabatzeko ahalegina egin beharko da. Tratamendu farmakologikoa bitarikoa izan daiteke, sintomatikoa (aspirina, ibuprofenoa, naproxenoa, parazetamola, metoklopramida edo sumatriptan) zein profilaktikoa (beta-blokeatzeileak, kaltzio-antagonistak, antidepresibo triziklikoak), hilabeteko 3 edo 4 migraina-krisitik gora sufritzen dituztenei gomendatuko zaizkienak.

Tentsio-tipoko buruko mina
Entitate ezberdinak baino, migraina arrunta eta tentsio-tipoko buruko mina antzeko prozesuak direla eta gaixotasun beraren bi muturrak irudikatzen dituztela uste da. Mina aldebikoa izaten da oro har, gorra, zapaltzailea, neurrizko intentsitatekoa, eta pazienteek buruaren zapaltze gisara deskribatzen dute, ilea ukitzean sentsazio mingarria eragiten duena. Buruko mina kroniko bilakatzen bada, antidepresibo triziklikoak baliagarriak dira hura kontrolatzeko.

Luku gisako buruko mina
Gizonen artean da nagusi, eta 35 urte ingururekin hasten da. Mina intentsitate handikoa da, taupakaria eta ziztatzailea, eta batez ere bekokiaren eta begien aldeari eragiten dio. Kopetatiko izerditzearekin, malko-jarioarekin, konjuntibako injekzioarekin eta sudur-kongestioarekin batera etorri ohi da, eta, zenbaitetan, erasandako aldeko betazalari eragiten dio. Egunean hainbat krisi izaten dira, ordu eta erdi baino gutxiago irauten dutenak eta hiru hilabetez ere luza daitezkeenak, ondoren hilabetetan edo urtetan asintomatiko iraun dezaketelarik. Batzuetan urtaro-aldaketei egozten zaizkie, eta gauez ager daitezke, loaldiaren hasieran. Oheratzean hartutako ergotamina bidezko tratamenduak erantzun ona eman ohi du (gaueko krisien aurka).

Hemikrania paroxistiko kronikoa
Batez ere emakume gazteek pairatzen duten koadro bitxia da, bekokiaren, begien eta loki-hezurraren aldeari eragiten diena, eta lepora, besora eta bularraren goialdera zabal daitekeena. Oso ongi erantzuten dio indometazina bidezko tratamenduari.

Trigeminoaren neuralgia
Ez da buruko mina zentzu hertsian, eta aurpegiko algien multzoan sailkatu beharra dago. Nerbio trigeminoaren (aurpegia inerbatzen duenaren) 2. edo/eta 3. adarraren banaketa-aldeko min laburra da, intentsitate handikoa eta pazienteen arabera «karranpa elektriko» oso mingarriaren parekoa. Karbamazepinaren bitartez arrakastaz tratatu ohi da.

Zelula erraldoien arteritisaren ondoriozko buruko mina
Zelula erraldoien arteritisa neurologian maiztasun handienarekin agertzen den arteriopatia inflamatorio ez-infekziosoa da. Buruko minaren koadro kliniko gutxi gorabehera osoa eragiten du, hau da, sukarra, sindrome konstituzionala eta murtxikatze- eta mihi-muskulaturaren klaudikazioa, eta lotura eduki dezake polimialgia erreumatikoekin. Ohikoagoa da arraza zuriko emakumeengan, 50 urtetik gorakoengan ia esklusiboki, eta oso eraginkorra izaten da prednisona bidezko tratamendua.

Garezur barruko hipertentsio idiopatikoa

Emakume gazte eta gizenegien ohiko gaixotasun bat da. Oinarriko nahasmendu endokrino bati egozten zaio maiz. Garezur barruko hipertentsioaren bestelako kausak baztertu beharra dago.

Ondorioz:

Azken batez, buruko mina patologia edo koadro kliniko jakin baten sintoma bat izan daiteke, eta beharrezkoa da diagnostiko zuzena egitea tratamendurik egokiena aurkitu ahal izateko. Hortaz, buruko min errepikakor baten edo ohikoa baino luzeago edo biziago baten aurrean, ezinbestekoa da lehen mailako arretako medikuarengana jotzea eta automedikazioa saihestea.

Mutualiaren XII Argazki Lehiaketako epaimahaiaren epaia

Dagoeneko baditugu irabazleak lan-arriskuen prebentziorako Mutualia argazkilaritza-sariaren 12. edizioan.

     1. Saria

     2. Saria

     3. Saria

Juan Carlos Coto jaunak (Osalaneko Plangintza Zuzendariordea), Lourdes Correa andreak (Laneko Ikuskaritza eta Bizkaiko Gizarte Segurantza), Jorge Arbaiza jaunak (Mutualia, Eragiketetako Zuzendaria), eta  Mª del Mar Crespo Millán andreak (Mutualiako Prebentzio Sailaren arduraduna) osatu zuten epaimahai eta aurkeztu diren 236 argazkien artean, sariak honakoei ematea adostu zuten: 1.200 euroko 1. saria Roberto González Luisi eman zaio, “Formazioa, prebentziorik hoberena”  izeneko argazkiagatik,  900 euroko bigarren saria Raúl Podadera Sanzi«Oinarrizko arauak» izeneko argazkiagatik, eta hirugarren saria, 600 eurokoa, Oscar Lopezi, “Sukaldaria” izeneko argazkiagatik.

Prebentzio sailetik, hurrengo edizioan parte hartzera gonbidatzeko zaituztegu, eta lehiaketara argazkiak bidali dituzten guztiei beraien parte-hartzea eskertu nahi diegu.

Mutualia QH egiaztagiria jaso duen lehenengo mutua da

Ekainaren 25ean Mutualiak QH egiaztagiria jaso zuen OINARRIZKO ZIGILUA + IZAR 1 kategorian, beste behin ere mutuak asistentzia-kalitaterekiko duen konpromisoaren eta etengabeko hobekuntzaren erakusgarri.

Mutualiak eta bertako langile guztiek asistentzia-kalitatearekin konpromiso irmoa dute. 2013an UNE 179003 pazienteen segurtasun-arriskuen ziurtagiria lortu zuen lehenengo mutua izan ginen.

Oraingo honetan, QH (Quality Healthcare) egiaztagiriaren I. ediziora aurkeztu gara. Asistentzia-kalitatearen Espainiako Elkartearen (SECA) eta Espainiako Kalitatearen Elkartearen (AEC) laguntzaz, Osasun-integrazioaren garapenerako Institutuak sustatutako (IDIS) asistentziaren kalitatearen antzemate-sistema bat da.

Egiaztagiri honek kalitatearen adierazle sintetiko bat du oinarri, eta erakunde bakoitzak dituen ziurtagiri eta errekonozimendu desberdinak kontuan hartuz kalkulatzen da.

Mutualiak QH egiaztagiria jaso du OINARRIZKO ZIGILUA + IZAR 1 kategorian, eta hori lorpen handia da, batetik, saria egiaztagiriaren lehenengo edizioan lortu izanagatik eta, bestetik, lortutako mailagatik. Gainera, egiaztagiria jaso duen lehenengo mutua gara.

Saria emateko ekitaldia ekainaren 25ean izan zen Madrilgo Villamagna hotelean. Mutualiatik Víctor Etxenagusia, Leire Sainz de Vicuña, Jesús Martínez eta Luis Canel joan ziren.

Lehenengo edizioan 75 erakunde aurkeztu dira guztira eta horietatik 37k bakarrik jaso dute saria: bakar batek ere ez du lortu maila gorenena (3 izar), 7k 2 izar lortu dituzte (haien artean, Hospital Universitario Moncloa eta Hospital Universitario HM Madrid), 15k izar 1 lortu dute (IMQ Zorrotzaurre eta Mutualia, haien artean), eta beste 15k oinarrizko zigilua (Hospital Clínico de San Carlos, Hospital El Escorial…).

Egiaztagiria aldian-aldian berritzen da, erakundeak lortutako ziurtagiri berriak eta mantentzen dituenak kontuan hartuz. Hortaz, datozen urteetan maila altuagoak lortzeko aukera izango dugu.

Tankera honetako egiaztagiriak Mutualian dugun asistentzia-kalitate eta etengabeko hobekuntzarekiko konpromisoaren adierazgarri dira gure bezero, aliatu eta gizartearentzat, oro har.

Gure eskerrik beroena eta zorionak errekonozimendu hau lortzen lagundu duten Mutualiako guztiei.