Adi egon!

Alarma Estatuaren amaiera iritsi da, baina horrek ez du esan nahi prebentzio neurriak murriztu behar direnik. Eskuak garbitzea, gizarte tartea, … bezalako neurriak mantentzen jarraitu behar dugu. 

2021eko martxoaren 25ean, Osasun Ministerioak Transmisioa kontrolatzeko prebentzio-neurrien eraginkortasuna” jorratzen duen dokumentua eguneratu du. Txosten horren berrikuspenak etengabe egiten dira, eta gertakarien bilakaeraren eta komunitate zientifikoaren ezagutza zientifiko-teknikoan izandako aurrerapenen arabera eguneratzen da. 

Dokumentu honen helburua da transmisioa murrizteko eta pandemiari eusteko gomendatutako prebentzio-neurrien inguruan eskuragarri dagoen ebidentzia zientifikoaren laburpen analitikoa egitea, bai norbera babesteko, bai herritar guztiak babesteko.  

Dokumentuaren premisa honakoa da: babes-neurrietako bat ere ez da berez % 100 eraginkorra transmisioa ekiditeko, eta beharrezkoa da aldi berean hainbat neurri bateratzea eraginkortasuna areagotzeko. 

Jarraian, proposatutako neurri bakoitzaren alderdi azpimarragarrienen laburpen bat aurkeztuko dugu:

Norbera babesteko neurriak 

A. Maskara erabiltzea 

Maskara mota bakoitzari dagokion araudia ondorengoa da: 

Maskara mota Araudia Bakterio-iragazketaren eraginkortasuna Babesa norantza 
Maskara higieniko ez berrerabilgarriak UNE 0064 zehaztapena % 95 Kanporantz 
Maskara higieniko berrerabilgarriak UNE 0065 zehaztapena % 90 Kanporantz 
Maskara kirurgikoak EN 14683:2019 araua  Kanporantz 
Balbularik gabeko maskara autoiragazleak (FFP2 eta FFP3) EN149:2001 araua >% 94 FFP2 >% 95 FFP3 Barrurantz eta kanporantz 
Balbuladun maskara autoiragazleak (FFP2 eta FFP3) Barrurantz 

Maskaren eraginkortasuna honako hauen araberakoa da: 

  • Gailua osatzen duen materialaren iragazketa-efizientzia. Maskaren efizientzia iragazi beharreko partikularen tamainaren araberakoa da, eta ez daukan birus zehatzaren araberakoa; ondorioz, maskara erabiltzea eraginkorra da SARS-CoV-2aren emisioa murrizteko. 
  • Gailua egokitzea giza fisionomiara, hau da, ihesik ez izatea. Maskara ondo egokitu behar da; izan ere, egokitzapenean akats bakar bat egiten bada, iragazketaren eraginkortasuna murriztu egiten da neurri handi batean. 
  • Arnasgarritasuna, hau da, materialak airea igarotzearekiko duen erresistentzia. Maskara erabiltzeak birusarekiko esposizioa murrizten du, arnastutako airea haren bidez iragazten baita. 

Maskara motak eta modu egokian janzteak garrantzi berezia dute esposizioaren kasuan. 

B. Orri-jauzia Pertsonen arteko distantzia fisikoa handitzea eta kontaktu-denbora murriztea 

Gomendioak:  

  • Pertsonen arteko tartea handitzea; izan ere, edozein arnas jariakin infektiborekin kontaktua izateko aukera distantzia laburrak baino handiagoa da. SARS-CoV-2aren transmisioa % 60 murrizten da 50 cm-ra, eta % 70 metro 1era. 
  • Edukierak murriztea: zenbat eta pertsona gehiago egon, orduan eta aukera handiagoa dago horien artean infektatuta dagoen pertsona bat egoteko, eta orduan eta pertsona gehiago daude esposiziopean, indize kasu bakar batez kutsa daitezkeenak. Gainera, aukera gutxiago dago norberaren tarteari eusteko. 
  • Espazio itxietan igarotzen den denbora murriztea: aerosol infektiboekiko esposizioa kontzentrazioaren eta denboraren araberakoa da. Zenbat eta denbora gehiago egon esposizioan, orduan eta dosi infektibo handiagoa, batez ere gaizki aireztatutako espazio itxietan. 

C. Pertsonek aerosolak isurtzea murrizten duten jokabideak 

Ozen hitz egiterakoan, ariketa egitean edo abestean aerosol gehiago isurtzen dira isilik edo baxu hitz egitean baino. Garraio publikoetan, itxarongeletan, eta abar, isilik egotea gomendatzen da. Maskara erabili ezin den lekuetan, jatetxeetan, adibidez, jan bitartean, komeni da zarata-maila baxuak mantentzea (musika edo telebista ez jartzea), pertsonen ahots-tonua murrizteko.

D. Kanpoko espazioak lehenestea:  

Espazio irekiak lehentasunez erabiltzea aholkatzen da, pertsonak igorritako aerosolak aire infinituan disolbatzen baitira. Hala eta guztiz ere, espazio horietan ere maskara eraman behar da eta pertsonen arteko tartea gorde behar da; izan ere, nahiz eta transmisio-arriskua nabarmen murriztu kanpoan, aire zabaleko bileretan ere kutsatzeak eta agerraldiak gertatu dira.

E. Eskuen higienea 

Eskuen higienea mikroorganismoen transmisioa prebenitzeko (SARS-CoV-2a barne) neurri erraz eta eraginkorrena da. Eskuak zikin badaude, soluzio hidroalkoholikoa ez da eraginkorra izango; hortaz, gomendioa da urarekin eta xaboiarekin garbitzea. Garrantzitsuena igurtzaldiaren iraupena da (40-60 segundo, gutxienez).

Espazioak egokitzeko neurriak 

A. Garbiketa eta desinfekzioa 

Ohiko desinfekzio-prozesuen ostean, birusaren material genetikoa gutxitan detektatzen da, baita Zainketa intentsiboen Unitateetan ere, eta detektatu den kasu bakanetan birusak ez du hazkuntzarik lortu. Behaketa horiek adierazten dutenez, baldintza errealetan, antza denez, gomendatutako garbiketa- eta desinfekzio-metodoak eraginkorrak dira. 

B. Aireztapen naturala edo mekanikoa 

Barneko espazioetan aerosolen bidez patogenoak transmititzeko arriskua murrizteko, eraginkorra da aireztapena hobetzea (barruko airea kanpoko airearekin berritzea). Aireztapena naturala (ateak eta leihoak irekita), derrigortua (mekanikoa) edo bi sistemen konbinazioa izan daiteke. 

C. Espazioak berregituratzea 

Pertsonen arteko tartea bermatu behar da; horretarako, edukierak murriztu beharko dira, eserlekuak bereizi… Halaber, manpara moduko babes-gailuak erabiltzea gomendatzen da, kasu batzuetan babes osagarria eskaintzeko (dendak, autobusak, liburutegiak…).

Biztanleriarentzako neurriak 

A. Maskararen erabilera orokorra 

Zenbait azterketa esperimental eta konparatibok erakusten dute igorleak eta hartzaileak orokorrean maskarak erabiltzea eraginkorra dela alde bakarreko erabilerarekin edo ez erabilerarekin alderatuta. Pertsonen arteko 50 cm-ko tarteko transmisioaren murrizketa ez zen % 100era heldu ezein maskara motarekin, eta % 70era artekoa izango litzateke maskara higienikoaren erabilerarekin; % 80koa kirurgikoarekin eta % 90-95ekoa FPP2rekin, doikuntza hobeko zehaztapenekin ere. 

B. Neurri murriztaileak bateratzea 

Gizartearen neurri murriztaileen eragin erlatiboa, besteak beste, abiapuntu egoeraren araberakoa da. Horrela, maskara oro har erabiltzen den eta harreman sozialak eta mugikortasuna murrizten diren testuinguru batean, neurri gehigarrien eragina pandemiaren hasieran ikusitakoa baino txikiagoa izango da, orduan ez zelako inolako neurririk gomendatzen. 

GARAPEN IRAUNKORREKO HELBURUAK: GIH 10

GIH10: DESBERDINTASUNAK MURRIZTEA 

XEDEA 

Enplegu osoa eta produktiboa lortzea, eta gizon-emakume guztiei, gazteak eta desgaitasunak dituzten pertsonak barne, lan duina bermatzea. 

Hazkunde ekonomiko iraunkorra, inklusiboa eta jasangarria sustatzea, bai eta enplegu osoa eta produktiboa, eta guztiontzako lan duina ere. 

Emakumeen parte-hartze osoa eta lidergorako aukera berdintasuna lortzea, eta emakumeen ahalduntzea sustatzea. 

EKINTZAK 

Talentua kudeatu eta atxikitzeko plan bat garatzea, barne hartuko duena beste erakunde eta instituzio batzuekiko harremanen kudeaketa. 

Euskalduntze plana zabaltzea. 

Mutualisten dibertsitateari arreta jartzeko plana egitea. 

Sektore publikoko webguneen eta gailu mugikorretarako aplikazioen erabilerraztasunari buruzko 1112/2018 Errege Dekretura egokitzea. 

Arreta prozesuetan, erabiltzaileek humanizazioari buruz dituzten premiak eta itxaropenak sartzea. 

Boluntariotzak, ahalduntze- eta boluntariotza-programetan eta/edo maila guztietan inklusioa behar duten pertsonentzako babes-sareetan. 

Gaitasunen araberako ebaluazio-sistema abiaraztea.  

Sustapenen/Kontratazioen aurrean, postuak finkatzeko irizpideak ezartzea.   

Hurrengo berdintasun plana egitea eta berdintasuna bermatzen duten neurrietan aurrera egitea.  

Ordainketa-sistema gardena eta bidezkoa definitzea. 

Informazio- eta babes-mekanismoak sartzea zaurgarritasun- eta desberdintasun-egoeran egon daitezkeen langileei begira (sistema proportzionalak ikasteko laguntzetan…) 

Pertsona guztien inklusio soziala, ekonomikoa eta politikoa indartzea. 

Agur triangeluei, ongi etorri v-16 berrituari

Kalkuluen arabera, 15.000 istripu inguru gertatzen dira urtero errepidean, gaizki seinaleztatutako ibilgailu matxuratuekin talka egiteagatik.
Bestalde, ibilgailu bat errepidean geldiarazten duten matxuren ia % 40 elektrikoak dira; hortaz, sarri askotan, larrialdi-seinalearen argia ez dabil.


Triangeluak jartzeko matxuratutako auto batetik jaisteak harrapatua izateko arriskua handitzen du. 2019 eta 2020 bitartean, 30 pertsona inguru hil dira zeregin horretan.


Gogora ekarri dezagun arriskuaz ohartarazteko triangeluak gutxienez 50 metrora jarri behar direla atzetik, noranzko bakarreko bideetan eta hiru errei baino gehiagoko noranzko bikoitzeko bideetan. Gainerakoetan, triangelu bat aurretik eta beste bat atzetik jarriko dugu, matxuratutako ibilgailutik 50 metrora, gutxienez.
Beraz, ibili behar dugun distantzia garrantzitsua da, luzea eta arriskutsua delako.
Jar gaitezen egoeran. Halako ibilaldi bat autobide, autobia eta bazterbiderik gabeko errepide arruntetan… Sofoklesek zioenez, beldur denarentzako dena dira zaratak, eta hori zarata handia da.


Errealitateak egunero-egunero erakusten digu gehienetan triangeluak ez direla behar bezala jartzen (10 edo 15 metrora, gehienez ere), hain zuzen ere, horiek jartzeak dakarren arriskuagatik.
Horren guztiaren aurrean, DGTk arrisku-egoera horri erantzun bat ematea erabaki du.


Nola eta noztik erabili behar da V-16 seinale berria?

Edozein larrialdi-egoeratan bidean gelditzerakoan erabili behar da. Ibilgailuaren alde altuenean jarriko dugu, ahalik eta ondoen ikusi dadin. Ez dugu irten beharrik izango, eta are gutxiago galtzadatik ibili eta trafikoa saihestu, triangeluekin gertatzen zen bezala.


Gailu horrek 1 km-ra ikusi daitekeen argi bat igortzen du, eta geolokalizazio-sistema bat du. Horren bidez, ibilgailuaren kokalekua DGT 3.0 hodeira bidaltzen da 100 segundoan behin, mezu aldakorreko panelen bitartez informazioa gidari guztiengana irits dadin.
2021eko uztailaren 1etik aurrera, gailu berri hori erabili ahal izango dugu (geolokalizatzailearekin edo gabe), edo triangeluekin jarraitu. 2026ko urtarrilaren 1ean behin betiko desagertuko dira egungo triangeluak, eta derrigorrezkoa izango da gailu berria erabiltzea larrialdiak seinaleztatzeko (geolokalizazioarekin).


Ikusten denez, gailu sinpleagoa eta seguruagoa da.


Triangeluok, eskerrik asko eta utzi pasatzen, iritsi da V16 berritua.
BAZEN GARAIA!!!

Erizaintzaren Nazioarteko Eguna

FOTOdíaenfermeria_eus

Maiatzaren 12an Erizaintzaren Nazioarteko Eguna ospatuko dugu. Erizaintza modernoaren sortzailetzat jotzen den Florence Nightingalen jaiotzaren urteurrena zela-eta sortu zen ospakizuna, herritarren aldeko lan txalogarri horretan munduan diharduten erizain guztiei ondo merezitako omenaldia egiteko. 

Aurten, gai hau izango du Erizaintzaren Nazioarteko Egunak: “Ahots bat gidari. Etorkizuneranzko begirada osasun-arreta emateko”. Horren bitartez, ikusarazi nahi da erizaintza etorkizunari begira dagoela eta jarduteko modu berriak aurkituko dituela; hala, pazienteei emandako arreta eraldatuko du etengabe. 

 
Mutualian omenaldi txikia egin nahi diegu gure erizain kideei. Lerro batzuk, haien eguneroko lana goresteko, eskerrak emateko une zailetan beti hor egoten direnei, oso gertu, gu zaintzeko eta onena emateko konpromiso zintzoarekin. Eta “zer esan nahi du zure lanbideak” gaiari buruz bidali dizkiguten erantzun batzuk bildu ditugu. 


“Erizainak izatea erabaki genuen, eta gure lanbidea bizi-estilo bihurtu genuen. Erizaina izan behar nuela sentitzen nuen” 
“25 urte baino gehiago erizain lanetan, eta oraindik ikasteko, irakasteko eta talde lanean jarraitzeko gogoz; ez da etorkizun txarra, ez?” 
“Pazienteekin konpromisoa hartzea da nire benetako bokazioa” 
“Zaintzen dugun gaixo bakoitzak zerbait berri erakusten digulako” 
“Ez dakit zergatik izan nahi nuen erizain, baina badakit ez diodala izateari utzi nahi” 
“Pazienteei laguntzea zaurgarritasun-momentuetan, eta zaindu nahi ditudala erakustea” 
“Ez da nik adieraz dezakedan zerbait, sentitzen dut…” 
“Seguru nago egon nahi dudan lekuan egon nahi dudala, eta nire lanaz gozatzeko zortea dudala” 

Eskerrik asko pertsonen zaintza lanbide bihurtzea erabakitzen dutenei.  

PREVENCIÓN10

prevencion10-

SEGURTASUN ETA OSASUN INSTITUTUAREN LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIORAKO AHOLKULARITZA ZERBITZU PUBLIKOA

Lanaren eta Gai Sozialen Ministerioak prebentzioa kudeatzeko tresna bat (doakoa) sortu du, 25 langiletik beherako enpresei beren prebentzio-plana garatzen laguntzeko: PREVENCIÓN10. https://www.prevencion10.es/p10_front/ . 

Prevencion10.es prebentzioa autokudeatzeko tresnaren edukia, bertara nola sartu eta tresna nola erabili ezagutarazteko asmoz, Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzak informazio-saio batzuk egingo ditu webinar formatuan, irakasle baten eskutik (LAPeko goi-mailako teknikaria). 

Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legeak (LAPL) eta ondorengo araudi-garapenek ezartzen dute enpresa orok prebentzioa kudeatu behar duela, edozein dela ere haren langile-kopurua.  

Hala, 25 langile bitarte dituzten enpresetan, baldin eta horien jarduera ez bada Prebentzio Zerbitzuen Araudiaren I. eranskinean sartutako bat (arrisku handiegirik gabea), enpresariak aukera du prebentzioa bere gain hartzeko edo langileren bat izendatzeko enpresaren prebentzioa kudea dezan. 

Lehen saioa ekainaren 10ean izango da, 10:00etatik 11:00etara, eta hauei zuzendua da: 25 langile bitarte dituzten bazkidetutako enpresak, eta atxikitako autonomoak, baldin eta laneko arriskuen prebentzioa beren baliabide propioekin kudeatu nahi badute.  

Jardunaldi honetan izena ematea doakoa da, guztiz. 

Saio honetara konektatzeko interesa baduzu, jar zaitez harremanetan Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzarekin, helbide honen bidez: prevencion@mutualia.eus

Enpresaren prebentzioa kudeatzeko ardura duen pertsonak (enpresaria, edo izendatutako langile bat) gaituta egon behar du, hau da, prestakuntza bat izan behar du gutxienez prebentzioari buruzko oinarrizko ikastaro batekin.  

Mutualiaren Campus birtualean ikus ditzakezu dibulgazio-jarduerak (https://mutualia.apacampus.com/index.php?language=basque2); gure bazkide bazara edo enpresa erantsia bazara, dohainik jaso dezakezu prestakuntza hau.  

Elkarrizketa: Bizitegi

BIZITEGI-Gerente-Aitor-Ipina
BIZITEGI-Gerente-Aitor-Ipina
BIZITEGI-Aitor Ipiña

Bizitegi, 40 urte bazterketarik gabeko gizarte baten alde. Gerentearekin hitz egin dugu. Aitor Ipiñak azaldu digu “zer garen eta zer egiten dugun” 

 

Zer den Bizitegi eta nola hasi zuen bere ibilbidea. 

Bizitegi duela 40 urte Otxarkoagan sortu zen proiektu soziala da; Kaputxinoen anaitasun bat izan zen ardatza, eta auzoan desabantaila sozial handiena zuten pertsonak artatzeko asmoz sortu zen. 80ko hamarkada zen, eta drogaren arazoak, heroinarenak, izugarrizko eragina izan zuen auzo eta gazte askorengan. 

Proiektu hau auzo bateko konpromiso pertsonaletik sortu zen, komunitate batean, pertsona ahulenak artatzeko espazioak eta konplizitateak sortuz. 

Pertsonekin egindako lan horretan beste kontu bat planteatu zen une jakin batean: etxebizitza izan baina laguntza behar duen pertsona batek laguntza behar baina etxerik ez dutenekin parteka zezala etxebizitza hori. Horrela sortu zen lehenengo BIZITEGI; oso dinamika positiboa sortu zuen, eta denbora laburrean 20 etxebizitza inguru zeuden. 

Ondoren, BIZITEGI beste alor batzuetan ere hasi zen: buruko gaixotasunen bat izan eta baztertuta zeuden pertsonekin eta etxerik gabeko pertsonekin, hain zuzen ere 

Zein jarduera du, eta non daude? 

Gaur egun, gure jardueraren helburu nagusia bazterketa-egoeran dauden pertsonen alde lan egitea da, eta hainbat eremu ditu oinarrian: gaixotasun mental larria eta gizarte-bazterketa duten pertsonen, adikzio-arazoak dituztenen eta etxerik gabekoen gizarte- eta osasun-arloak. Eguneko baliabideen, ostatuen eta laguntza-ekipoen sare zabala dugu, pertsonei beren bizitzan laguntzeko. 

Gure jarduera Bizkaian egiten dugu, eta, batez ere, Bilbon. 

Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Inklusioa Sustatzeko Zerbitzuarekin adostuta lan egiten dugu, eta Bilboko Udaleko etxerik gabeko pertsonen zerbitzuak kudeatzen ditugu. 

Gainera, proiektu propioak garatzen ditugu, eta horiek bereziki nabarmendu beharra dagoela ikusten dugu. Gaur egun, etxerik gabeko emakumeei arreta emateko Borobiltzen proiektua ezinbestekoa da Bilboko pertsona ahulenak artatzeko. 

 

Zein da zuen proiektua, eta nola prestatzen duzue estrategia? 

Bizitegi bazterketarik gabeko gizarte baten alde lan egiten duen proiektua da; pertsonak lagundu eta babestu nahi ditugu, baina gizarte inklusiboago baten eraketan ere eragina izan nahi dugu. Izan ere, horrek aukera ematen digu herritarrengana, komunitatearengana eta, ondorioz, gizarte osoarengana irekitzeko. 

Gizarte inklusiboak iraunkorra izan behar du; izan ere, pertsona guztiekin, bai orain bizi direnekin bai iristen direnekin abegitsua izateaz gain, ingurumena errespetatu behar du. 

Ikuspegi horrek gure kudeaketa-estiloari ere eragiten dio; izan ere, azken urteotan kalitatearen eta etengabeko hobekuntzaren kudeaketara bideratuta dago, eta kudeaketa aurreratuko ereduak eta garapen jasangarriko helburuak hartu ditu erreferentziatzat. 

Hirugarren sektore sozialeko erakunde gisa, Euskadin bada pertsonen eskubideak eta betebeharrak jasotzen dituen esku-hartze sozialeko eredurik?  

Ikuspegi historikotik begiratuta, BIZITEGI hasi zenean euskal administrazioa sortzen ari zen, eta, denborarekin, gizarte-zerbitzuen sistema bat eratu da, aurrerapauso handia eman duena herritarren eskubide subjektiboak aitortzeko. Horrek guztiak eragina du gutxieneko errenten sisteman (DSBE) eta arreta jasotzeko eskubidean, pertsona baten gizartebazterketa baloratzerakoan. 

Asko dago egiteko, baina aurrerapen handia egin dela aitortu beharra dago. 

Zenbateko garrantzia dute boluntarioek? 

BIZITEGI proiektu boluntarioa da sortu zenetik. Eboluzionatu egin du, baina gaur egun erakunde profesionala denik ezin dugu esan, boluntarioek zeregin garrantzitsua baitute; boluntario hauei esker harreman aniztasuna dugu, eta horrek inklusio-prozesu pertsonalak asko normalizatzen eta aberasten ditu. 

Nola hobetu dezakegu gure gizarteeredua?  

Oraindik elementu garrantzitsuak ditugu hobetzeko. Gizarte-zerbitzuen zorroa osorik garatu behar da, eta baztertuta dauden pertsonen eskura jarri behar dira eskubidez dagozkien zerbitzuak. 

Etxebizitzarena arazo handia da oraindik ere. Etxebizitza duin eta eskuragarria izatea oso garrantzitsua da bizi-proiektu autonomoak garatzeko, eta hori esatean gazteak izaten diren arren gogoan, baztertuta dauden pertsonekin ere gauza bera gertatzen da. 

40 urteko ibilbidea, zein helburu eta erronka dituzue etorkizunari begira? 

Gure helburua hasierako bera da, eta ondorioz, arreta berezia eskaintzen diegu sortzen ari diren bazterketa modu berriei. Gizartea globalizatu egin da, eta sistema ekonomikoa eta soziala etengabe aldatzen ari dira; beti adi egon behar da, aldaketa horiek alde batera uzten baitituzte pertsona batzuk. 

Erronka gisa 2 giltzarri identifikatu ditugu: 

Genero-ikuspegia. Alor honetan egiteko asko dago, inklusio-lanean genero-ikuspegia benetan ezarri beharra baitago. Pobreziak emakume-aurpegia du oraindik erebaina, hala ere, zerbitzu maskulinizatu asko dago. Beste ikuspegi bateko zerbitzuak sortu behar dira. 

. Beste giltzarrietako bat lan komunitarioa da; erreferentziazko eta gertuko inguruak garatu beharra dago, pertsona guztiok bizitza egoki eta esanguratsurako behar ditugun harremanak izateko eta garatzeko. 

Elkarrizketa Javier Ballester jaunarekin. Fluidoen Mekanikako katedraduna da Zaragozako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Eskolan.

javier ballester

2020an, COVID-19aren krisia hasi zen. Horrek behartu egin gaitu, bai enpresak bai horietako profesionalak, lan-prozedurak egokitzera, ordura arte ezezaguna zen errealitate aldakor eta ziurgabetasunez betetako batera. 

Denbora honetan, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzan saiatu gara gure enpresa elkartuetako langileei gai horri buruzko lanabesak eta ezagutzak ematen. 

Ildo horri jarraituz, solasaldia egin dugu Javier Ballester jaunarekin. Fluidoen Mekanikako katedraduna da Zaragozako Unibertsitateko Ingeniaritza eta Arkitektura Eskolan; ikerlari ospetsua da, eta leku itxien aireztatzeari buruzko gida osatu du, beste batzuekin batera.  

Zer harreman dago COVID-19aren eta aerosolen artean?  

COVID-19az kutsatutako pertsona batek gaitza transmiti dezake, arnastean, hitz egitean, eztul egitean… eratutako tantatxoetan dauden birusen bitartez. Tantatxo horiek tamaina askotakoak dira, mikra baten hamarren batzuetatik hasi (milimetro batean 1.000 mikra daude) eta are milimetro batetik gora ere. Aerosol deitzen zaie 100 mikratik beherako tamaina (milimetro baten hamarrena) duten tantatxoei; izan ere, hain txikiak direnez, luzaroan egon daitezke airean, suspentsioan. Adibidez, 10 mikrako tantatxo bat 8 minutu baino gehiago egon daiteke lurrera erori gabe. Beraz, aerosolak airean esekita geratzen dira eta gela osoan barrena mugi daitezke, eta, hala, edozein pertsonak arnas ditzake areto berean dagoen kutsatutako pertsona batek botatako birusdun aerosol horiek. Ideia hori ulertuz gero, ederki arrazoitu dezakegu zeintzuk diren neurririk egokienak barneko guneetan gaudenean geure burua babesteko: tartea uztea, maskara erabiltzea eta kanpoko aireaz barrua haizeberritzea.           

Nolakoa izan behar du aireztatze egokiak barneko gune batean? 

Aireztatzen ez badugu, beste pertsona batzuek arnastutako airea biltzen da gelan. Horren barruan daude botatako aerosolak, zeinek birusak izan litzaketen, kutsatutako pertsonaren bat balego. Kanpoko aireaz egindako aireztatzeari esker gelako atmosfera berritzea lortzen da, eta, horrela, birusik gabeko airea sartu eta bertakoen arnasek kutsatu duten airea kanporatzen da. Nahikoa aireztatuz gero, asko murriztuko da beste pertsonek dagoeneko arnastu duten aire-kantitatea, eta, horrenbestez, kutsatzeko arriskua ere bai.       

Nola jakin dezakegu barneko gune bat ongi aireztatuta ote dagoen? 

Printzipioz, leihoetatik sartzen den kanpoko aire-kantitatea neurtu beharko genuke, edo, aireztatze zentralizatua izatekotan, sabaiko difusoreetatik sartzen dena. Hori oso zaila da, baina zorionez badago modu erraz eta fidagarri bat aireztatzea nahikoa den jakiteko: COkontzentrazioa neurtzea. Arnastean karbono-dioxidoa (CO2) botatzen dugu; hala, gelan dagoen CO2 kantitateak zuzenean adierazten du zenbat aire arnastu den jada, eta, ondorioz, kutsagarriak izan daitezkeen aerosolen presentziaren berri ematen digu. Aerosol-kopurua neurtzea oso zaila da eta ekipamendu espezializatua behar da horretarako; aldiz, CO2 kontzentrazioa neurtzeko erabil ditzakegun ekipamendu fidagarri eta merkeak daude.   

Argitu beharra dago karbono-dioxidoa ez dela gas toxikoa (oso kontzentrazio altuetan ez bada), eta pertsonen arnasketak eragindako airearen kutsadura neurtzeko besterik ez dela baliatzen. Naturan, CO2 kontzentrazioa 420 ppm (parteak milioiko) ingurukoa da, eta, hortaz, balio horrek adierazten du airea guztiz garbi dagoela. Gela batean 2.000 ppm-ko kontzentrazioa dagoela neurtuz gero, horrek esan nahi du bertan daudenek airearen % 4 inguru arnastu dutela dagoeneko; hori oso arrisku handia litzateke, kutsatutako pertsonaren bat balego. Aireztatzeko kanpoko airea erabiltzea gomendatzen da, CO2 kontzentrazioa 700 ppm-tik behera egoteko adina. Horrek esan nahi du jadanik arnastutako airea % 0,7 dela; arriskua ez da guztiz desagertzen, baina aireztatzerik gabe egongo litzatekeena baina askoz txikiagoa da. Gainera, egiazta daiteke aireztatze naturalarekin ere ia beti lor daitekeela 700 ppm-ko muga nahiko erraz errespetatzea, besterik gabe leihoak hein bat zabalduz.  

Nola funtzionatzen dute CO2 neurgailuek? 

CO2-a neurtzeko beti gomendatzen da NDIR (infragorri ez-sakabanatzailea) motako sentsoreak erabiltzea, zeinek neurketa fidagarria ematen duten 100-150 €-ko kostuaren truke. Badira sentsore elektrokimikodun ekipamenduak ere, apur bat merkeagoak, baina ez da aholkatzen horrelakorik erabiltzea, haien fidagarritasuna txikiagoa dela frogatu baita. NDIR motako sentsoreen funtsa da gasek argia xurgatzeko ahalmena dutela, gas bakoitzaren kasuan uhin-luzera espezifiko batekin. Gelako airea sentsorearen barrura sartzen denean, hoditxo bat zeharkatzen du, zeinak mutur batean argi-igorgailu bat duen, eta, beste muturrean, argi-detektagailu bat. Azken horrek jasotzen duen argiaren intentsitatea zenbat eta txikiagoa izan, aireko CO2 kontzentrazioa handiagoa den seinale. Behar bezala kalibratuta, neurgailu horiek modu fidagarrian erabil daitezke barneko guneetako aireztatze-maila ezagutzeko eta doitzeko. Betiere, garrantzitsua da leku egokian jartzea, neurketa gelako airearen erakusgarri izan dadin. Bereziki, airearen sarbideetatik (leihoak, ateak, sabaiko difusoreak) urruti jarri behar dira, baita pertsonengandik ere, arnastean botatzen dugun aireko CO2 kontzentrazioa askoz handiagoa baita giroan dagoena baino, eta horrek okerreko neurria emango bailiguke.   

Azkenaldian albiste kontrajarriak iritsi zaizkigu erabili beharreko maskara-motez. Zein da maskararik egokiena, eta nola erabili behar da? 

Maskara iragazki bat da, zeinak, behar bezala funtzionatzen badu, birusak eduki litzaketen aerosolen portzentaje handi bat atxiki dezakeen. Funtzionamendu egokia bi faktoreren menpekoa da batez ere: maskararen beraren materiala, eta jartzeko modua.  

Maskararen eta aurpegiaren arteko itxitura perfektua balitz, aerosolak atxikitzeko efikazia materialaren araberakoa litzateke. FFP2 motakoek oso efikazia handia dute: gutxienez % 94koa mikra-hamarren batzuetako aerosolentzat, eta % 100etik gertukoa bai mikra-hamarren batetik behera bai mikra batetik gora. Kirurgikoek efikazia txikiagoa dute (gutxi gorabehera % 60-70ekoa mikra-hamarrenekin, eta % 95erainokoa mikra gutxi batzuen kasuan), baina, egoki jarriz gero, behar bezalako babesa ematen dute arriskua oso handia ez den egoeretan.    

Baina benetako jokabidea oso desberdina da, maskara jartzen dugun moduaren araberakoa. Doitzea sekula ez da perfektua, eta, ondorioz, airearen zati bat iragazi gabe sartzen da. Tarte txiki bat nahikoa da airearen erdia (edo gehiago) zirrikitu horietatik sartzeko, eta horrek erdira (edo gutxiagora) jaisten du iragazketaren eraginkortasuna. Horregatik, maskara-mota bezain garrantzitsua da hura ongi doitzea. Jartzean, segurtatu behar dugu tarterik ez dagoela, batez ere okerrago doitu ohi den lekuetan; sudurrean eta masailetan, esate baterako. Ukimenaren bidez egiaztatzeaz gain, arnasa barneratzean maskara ez deformatzeak esan nahi du airea iragazi gabe sartzen ari dela. Iragazpen-efikazia txikiagoa izateaz gain, maskara kirurgikoen desabantaila bat da okerrago doitzen direla FFP2 motakoak baino, adibidez. Halaber, badaude maskararen gainean jar daitezkeen eta ingurua ixten laguntzen duten osagarriak.       

Garrantzitsua da maskarak babes egokia ematen duela ziurtatzea, arrisku handieneko tokietan batik bat: jende gehiago dabilenetan, aireztatze eskasagoa dutenetan, pertsonen arteko distantzia laburragoa den kasuetan edo denbora luzeagoa emango dugunetan. Kasu horietan beharrezkoagoa da ahalegina egitea efikazia handiko maskara bat (FFP2) aukeratzeko eta doitze egokia segurtatzeko.        

Bestalde, joan den martxoaren 24an Javierrek parte hartu zuen Mutualiak antolatutako “Aerosolak eta COVID-19a” mintegian. Jardunaldian, aukera izan genuen COVID-19aren aire bidezko transmisioaren aurreko prebentzioaren oinarriak eta neurri garrantzitsuenak ezagutzeko. Javierrek lagundu zigun ulertzen aireztatze-sistemen beharra eta efikazia, barneko guneetan baliabide eraginkorrak baitira, bai eta iragazpen zentralizatu edo eramangarri bidezko aerosolen desagerraraztea ulertzen ere. Horrez gainera, maskaren erabileraren eta ezaugarri gaurkotuen berri eman zigun, transmisioa saihesteko funtsezko baliabide direnez gero.  

Galdu bazenuen, jardunaldiaren bideoa ikustera gonbidatzen zaitugu.  

ESKUEN HIGIENEAREN NAZIOARTEKO EGUNA

HIGIENE-DE-MANOS-2021_04_EUSKERA

Aurreko urteetan bezala, Mutualiak bat egiten du Osasunaren Mundu Erakundearekin (OME) maiatzaren 5ean ospatuko den Eskuen Higienearen Nazioarteko Egunean, “Bizitzak salbatzen dituzten segundoak. Garbitu eskuak.”

Gaur egun ekintza sinple honek inoiz baino garrantzi handiagoa du.

Aurten, OMEk dei berezia egin die osasun-profesionalei, osasun arreta eta asistentzia puntuetan inoiz baino gehiago eskuetako higienea egin dezaten, hau da, hiru elementuk bat egiten duten tokia: pazientea, osasun profesionala eta pazientearekin kontaktua izatea eskatzen duen zaintza edo tratamendua.

Ez dugu ahaztu behar eskuetako higienea une zehatzetan (5 une espezifikoak) eta eraginkortasunez egitea (teknika egokiaren bidez), osasun-asistentziarekin zerikusia duten infekzioak murrizteko eta mikroorganismo multierresistenteen hedapena prebenitzeko.

Aldi berean, OMEk aurten esku-higiene egokian inplikatuta dauden gainerako taldeei dei egiten die, ez soilik osasun-langileei. Horrela, pazienteak eta familiak, instalazioen kudeatzaileak, txertatzaileak, arduradun politikoak eta, oro har, herritar guztiak sartzen dira.

Mutualia, “galdetu eskuak garbitu ditudan” kanpaina abiaraziko dugu, langileen artean pegatina batzuk banatuz maiatzaren 5eko ospakizuna dela eta. Kanadako beste ospitale batzuetan eraman den kanpaina da, eta oso emaitza ona izan du. Batez ere, ekintza garrantzitsu hori gogoratzeko norberak bere buruari egiten dion gonbidapena baita.

Eskuen Higiene Batzordea.