Gauez gidatzea: gauak ez gaitzala nahas

conducción nocturna

Neguko solstizioarekin, urteko egun laburrena bizi izan genuen; hortaz, baita gau luzeena ere.

Solstizioaren aurreko eta ondorengo hilabeteak dira argi-ordu gutxieneko urteko garaiak. Dakigunez, garai horiek udazkenaren amaierarekin eta neguaren hasierarekin bat egiten dute, eta eguraldi txarrena ere orduan izaten da.

Kontuan hartu behar dugu zirkulazioari buruzko informazioaren % 90 ikusmenaren bitartez jasotzen dugula: argi-sentsazioa, ikus-zolitasuna eta koloreak bereizteko gaitasuna. Hiru prozesu horiek nahasi egiten dira gauean. Ikusmenak eta garunak ahalegin handiagoa egin behar dute edozein egoeraren aurrean bizkor eta eraginkortasunez jarduteko.

RACEk argitaratutako Argiztapena eta bideko segurtasuna azterketak ondorioztatzen duenez, gidari batek behar dituen datuen % 90 ikusmenaren bitartez hautematen dira eta, gauez, begiek informazio-urritasun nabarmena jasaten dute. Egiaztatu zuten gidarien ikus-ahalmena % 20ra murrizten dela egunez gidatzearekin alderatuta, baita distantziak eta ikuseremuak hautemateko gaitasuna ere.

Azterketa horrek berak azpimarratzen duenez, zenbat eta adin handiagoa, orduan eta ezinbestekoagoa da ibilgailuan argiztapen-sistema ona izatea. Argiztapena segurtasun-sistema garrantzitsuenetako bat izanagatik ere, mantentze- eta kontrol-lanetan arreta gutxien jaso ohi duen multzoetako bat da beharbada.

Estatistikek agerian uzten dutenez, Espainian, biktimak eragiten dituzten istripu gehienak egunez gertatzen dira (% 70). Nabarmentzekoa da ilunabarra eta egunsentia bitartean izaten direla biktimak eragiten dituzten istripu gehienak, hildakoen % 40 eragiteraino. Nahiz eta zirkulazio-intentsitate txikieneko aldia izan.

Zein dira arrisku nagusiak?

Hauek dira gauez gidatzearen arrisku nagusietako batzuk: ikuspen falta, itsualdiak, nekea, logura eta beste inguruabar batzuk, hala nola aurreratzeak, hiri-bideetan gidatzea edo “errepideko hipnosi” deritzona. Juan Ignacio Serenak (DGT) azaltzen duen gisan, “arindu daitezke, praktikan erraz jartzeko moduko neurriak hartuz gero”.

IKUSPENA:

oso garrantzitsua da guk ikustea eta besteek gu ikustea. Ildo horretan, autoaren argi guztiek behar bezala funtzionatu behar dute, eta argietako eta haizetakoko kristalek garbi egon behar dute. Gainera, argien altuera berrikusi behar dugu, eta argiak lehenago piztu behar ditugu egunsentiko eta ilunabarreko orduetan.

Horren harira, gogoan izan behar da ibilgailuen fabrikatzaileak etengabe ari direla aurrerapen handiak egiten argiztapen-sistemetan. Ez soilik argi-motei dagokienez (xenon, LED edo laserra), zeinek ibilgailuaren aurretik argiztatutako metroak 600 metroraino luzatu baitituzte, baizik eta baita beste sistema batzuei dagokienez ere, hala nola hauek: pizte automatikoa, argi orientagarriak (argia bihurgunerantz orientatzen da), argi gehigarria biraketetan, argi luze automatikoa (aurreko ibilgailua detektatzen du eta helmen luzeko argiak kentzen ditu, ez itsutzeko), argi moldagarriak edo gaueko ikus-sistemak (infragorrien bidez, oztopoak, animaliak edo pertsonak detektatzen dituzte). Ikus dezakegunez, argiztapenaren eremuan oso aurrerapen handiak egin dira, bai kalitatean eta bai erosotasunean, marka guztiek ildo horretan egin duten ahalegin handiari esker.

Baina gauaren arazo espezifiko bat egotekotan, itsualdiak dira. Beste ibilgailu batzuekin gurutzatzean (batez ere, argiak ez badauzkate ondo erregulatuta edo ez badituzte helmen laburrera aldatzen), itsualdiak jasan ditzakegu, eta une batez ikusmena galdu.

La Salud Visual de los conductores españoles y su implicación en la seguridad vial (Espainiako gidarien ikusmen-osasuna eta haren eragina errepideko segurtasunean. 2019. Fesvial, Intras, Essilor eta Cepsa) azterlanaren arabera, “gidarien % 32,6k adierazten du oso edo nahiko maiz izaten duela beste ibilgailu baten argiek eragindako itsualdia”. Arazoa da itsualdia jasaten duen pertsonak 3 eta 5 segundo bitartean behar izaten dituela ikusmena berreskuratzeko, eta % 9k arazoak izaten dituztela guztiz berreskuratzeko, eta horrek istripu-arriskua eragiten duela. Izan ere, 50 km/h-ko abiaduran, 5 segundoan 70 metro egiten dira itsu-itsuan.

Kasu horretan, begirada eskuinera eta beherantz desbideratzea komeni da, seinaleztapen horizontala gidatzat erabiliz (bide-ertzeko lerroa, errepideak halakorik badu), baita abiadura murriztea ere. Ispiluen bidez itsutzen bagaituzte, buruaren posizioa alda dezakegu, edo ispiluaren behaketa-angelua aldatu, itsutzeen kontrako sistemaren bidez.

Horregatik, ezinbestekoa da argien altuera ondo erregulatua izatea eta argiak aldatzen adi ibiltzea (helmen luzetik laburrera) beste ibilgailu batzuekin gurutzatzen garenean, itsutzea saihesteko. Nabarmentzekoa da modelo modernoenek sistema automatikoak izaten dituztela jada, ez soilik argiak pizteko, baita argiak aldatzeko ere (ibilgailuen presentzia detektatzen dute distantzia jakin batera, eta argia helmen laburrera aldatzen dute, ez itsutzeko).

AURRERATZEA ETA IKUSPENA:

Gaueko beste maniobra konplexu bat aurreratzea da, argi gutxirekin zailagoa baita distantziak eta abiadurak hautematea. Horregatik, DGTk gomendatzen du aurreratutako ibilgailuak maniobra erraztu dezala, argi luzeak argi laburrekin aldatuz une egokian, eta aurreratzen ari den ibilgailuak, berriz, argi luzea konektatzea ikusten duenean ez duela aurreratua itsutuko.

Gainera, meteorologia-kondizio txarrak erantsiz gero, hala nola euria edo elurra, egoera zaildu egiten da, eta, horregatik, informatzea eta eguraldia aztertzea komeni da; ez soilik goazen tokikoa, baita bidaian pasako ditugun tokietakoa ere.

NEKEA ETA LOGURA:

Gidariak ahalik eta egoera onenean egon behar du gauez gidatu aurretik, atseden hartuta, unadura eta nekea saihesteko, halakoak maizago agertzen baitira. Bidaia hastean atseden hartuta egon arren, logura errazago agertzen da goizaldeko 3ak eta 5ak artean. Konponbide bakarra lo egitea eta atseden hartzea da. Gaua nekagarria da, ahalegin handiagoa eskatzen duelako. Horregatik, kilometro gutxiago egin ostean atseden hartzea komeni da (ordu eta erdiro; kondizio egokietan, berriz, bi orduan behin gelditzea gomendatzen da), eta nekea hautemanez gero, beti lehenago.

Kasu berezi bat “errepideko hipnosi” deritzona da. Ibilbideen monotoniaren (zuzengune luzeak eta oso trazadura leunak) eta gauez gertatzen den ikusmen-murrizketaren ondorioz gertatzen da. Horri aurre egiteko, begiak ikuseremuaren erdigunean jartzea saihestu behar dugu, eta aldian behin alboetara begiratu, baita bidaian behar adina atseden hartu ere.

Egin dezagun seguruago errepidea, egin dezagun seguruago gaua.

Sarna lan-ingurunean. Zer da eta nola jokatu behar da?

Sarcoptes scabiei

Azkenaldian nabarmen egin dute gora sarna-kasu eta -agerraldiek, bai gizartean oro har, bai lan-ingurunean. Horrek ezinegona eragin die erakundeei eta agerraldien eragina jasan duten enpresei; bereziki, egoitzei, osasun-zentroei eta zentro soziosanitarioei dagozkien sektore eta jardueretako enpresei.

Baina zer da sarna eta nola kutsatzen da?

Sarna edo hazteria azaleko gaixotasun bat da, parasito batek eragiten duena —Sarcoptes scabiei akaroa—; azala azalarekin kontaktuan izatean kutsatzen da batez ere. Sarna duen norbaiten ohe-jantziekin, arropekin eta bestelako gauza pertsonalekin kontaktuan egoteagatik ere kutsa daiteke, baina ez da hain ohikoa.

Sarnaren sintoma nagusia eta bereizgarriena azkura da, zeina biziagotu egiten baita gauez. Oro har ez du sortzen arazorik, baina desatsegina izan daiteke; tratamendu egokiarekin sendatzen da.

Zer egin lan-ingurunean agerraldi bat izanez gero?

Sarna ez da nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna, betiere ez badago agerraldirik. Agerraldiak Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaizkio. Honela definitzen da sarna-agerraldia*: zentro bereko bi pertsonari edo gehiagori bi hilabeteko epean sarna diagnostikatzea (probablea edo baieztatua).

Agerraldi bat kontrola daiteke, baldin eta hura azkar hauteman, deklaratu edo ikertzen bada. Beraz, beharrezkoa da jardutea, bereziki, bizikidetasuna eta harremana ohikoak diren lan-inguruneetan: egoitzak, ospitaleak, osasun-zentroak, ikastetxeak, etab.

Hala, mota horretako erakundeetan agerraldi bat izanez gero, ekintza hauek egin beharko dira, besteak beste:

  • Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaio agerraldiaren berri.
  • Agerraldi guztietan gainerako pertsonek gaixotzeko duten arriskua baloratuko da. Horretarako, autonomia-erkidego bakoitzeko zaintza edo jarduketa epidemiologikoko protokoloan ezartzen diren irizpideei jarraituko zaie, eta, agerraldiaren ebaluazio indibidualizatuaren ondoren, neurri egokiak hartuko dira tratamenduari, isolamenduari, gainazal eta ehunen garbiketari, higieneari eta NBEen erabilerari dagokienez.

Langileentzako informazioa

Adierazitako ekintza horiek behar bezala gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da gaixotasun horri buruzko informazioa ematea langileei.

Mutualiak, horretarako, dokumentu hauek eskaintzen dizkizue, zeinetan gaixotasunari buruzko informazioa eta hartu beharreko neurriei buruzko informazioa jasotzen baitira.

*Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 2022ko apirilaren 8an argitaratutako Eskabiosiaren Behaketa Protokolotik jasotako definizioa.

Badaukagu iradokizun hoberenaren XI. sariaren irabazlea

Mutualiak Iradokizun Hoberenaren Sariketaren XI. edizioa egin du. Lehiaketa horren bidez, esker ona erakutsi nahi zaio, urtero, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen laguntzen digun ideiari. Oraingoan, Josu Gorospe aurkeztutako iradokizunarentzat izan da saria.

Josu Gorospe

Jasotako iradokizun-kopurua eta haien kalitatea eskertu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, aukera emango digute gure zerbitzuak hobetu eta gure bezeroen aurreikuspenetara egokitzeko modua ezagutzeko.

EKFBren ekimen berriak eta Euskal Selekzioaren emaitzak zenbait kiroletan

logo-ekfb

Euskal Kirol Federazioen Batasunari buruzko hilabete honetako atalean, laster egingo den jarduera garrantzitsuenetako bat aurreratuko dugu, eta erakunde horrek sustatzen duen Euskal Selekzioaren azken emaitzetako batzuk aipatuko ditugu. Hala, martxoaren 24tik 26ra izango da Basque Country Cup-en lehen edizioa, Getarian, Uretako Eskiaren eta Motonautikaren Euskal Federazioak antolatuta, EKFBren eta Euskal Selekzioaren laguntzarekin. Nazioarteko motonautika-proba da, eta Offshore eta Endurance modalitateetako etapak jokatuko dira. Hiru egun, sei etapa, 450 kilometro. Berealdiko abentura.


Modalitate horietan, pilotuen erresistentzia eta indarra dira gakoak, sasoi eta trebetasun handia eta zorte pixka bat eskatzen dituzten muturreko kondizioei egin behar baitiete aurre. Kostaldetik gertuko ur irekietan egingo dira, hainbat etapatan zatituta. Getariako uretako motorren erresistentzia-proba Motonautikako Euskal Selekzioa ofizialki izendatuko den lasterketa izango da, eta euskal pilotuak podiumaren gorenean egoteko lehiatuko dira. Nazioarteko piloturik onenez inguratuta egongo dira, haiek ere izango baitira lasterketan parte hartzen eta hiru lehiaketa-jardunaldietan dena ematen.


Basque Country Cup-en lehen edizioaren kasuan, proba sei etapatan banatuko da, martxoko aipatu asteburu osoan zehar. Euskal kostalde guztian zehar ibiliko dira, Hondarribitik Bermeora, Donostian, Orion, Zarautzen, Lekeition eta Elantxoben biratuz, besteak beste. Etapa bakoitzean 70 kilometro egingo dituzte, batez beste, gelditu gabe. Ostiralean (hilak 24) hasiko da, goizean; eta igandean (hilak 26) amaituko da, arratsaldean. Distantzia luzeko offshore modalitatean sartuko dira horietako lau. Gainerako biak, Endurance modalitatean. Horietan, ibilbidea motzagoa da, eta ibilbidea egin beharko dute 40 minutu gehi bira bat osatu arte. Motonautikako modalitate zorrotzenak dira. Etapa guztiak Getarian hasi eta amaituko dira, bigarren egunean izan ezik, eguneko lehen etapa Lekeition bukatuko baita. Geldialdi baten ondoren, pilotu guztiei irteera emango zaie berriz, eta Getariako baseraino iritsi arte nabigatuko dute.


Pilotu guztiek nahitaez izan beharko dute laguntzako GPS gailu bat motorrean instalatuta, eta etapa bakoitzeko koordenatu gakoak sartu beharko dituzte. Lasterketa-zuzendaritzak argitaratuko ditu horiek, ekitaldia hasi aurretik. Halaber, parte-hartzaile bakoitzari segurtasun-transponder bat emango zaio, eta beti gainean eraman beharko du. Balizek pilotu guztien kokapena adieraziko dute, telefonoz eta satelite bidez. Horrela, parte-hartzaile guztien eboluzioa jarraitu ahalko da, denbora errealean, segurtasun-bulegotik eta paddock-ean jarritako pantaila baten bidez. Horrek aukera emango du zer abiaduratan doazen jakiteko, geldirik dauden jakiteko, SOS botoien alertak jasotzeko eta abarretarako.
Gainera, Gurutze Gorriaren laguntza izango da, bai lurrean eta bai itsasoan, presentzia izango baitu ibilbide guzti-guztietan. Ekitaldiaren antolakuntzan bertan, ontzi pribatuen laguntza ere izango da. Eta helikoptero bat ere egongo da, airetiko segurtasun-laguntza emateko.


Bestalde, eskubaloiko Euskal Selekzioaren emaitza bikainak nabarmendu dira. Emakumezkoen eta gizonezkoen gazte-taldeek zilarrezko eta brontzezko domina lortu zuten, hurrenez hurren, Benidormen antolatutako Espainiako Lurralde Selekzioen Txapelketan. Edizio horretan 2.500 kirolarik baino gehiagok parte hartu zuten, eta euskal ordezkaritza gorenean izan zen. Gainera, izotz-hockeyko emakumezkoen eta gizonezkoen selekzioak Puigcerdáko izotz-pistan aritu ziren. Modalitate honetan jada tradizionala den Catalunya-Euskadi partida jokatu zuten, lehen aldiz. azken edizioa egin eta bost urtera. Emakumezkoek berdinketa izan zuten, bina, eta Euskadik penaltietan galdu zuen gero. Gizonezkoen selekzioak 7-4 galdu zuen Kataluniaren aurka. Kataluniaren eta Euskadiren arteko balantzea katalanen aldekoa da orain: lau garaipen haiek, eta bat, euskal taldeak.

Lan-kontrataziorako pizgarrien sistema berria

dos personas se dan la mano

Lan-kontrataziorako pizgarrien sistema berria onartu du Ministroen Kontseiluak

  • Kontrataziorako pizgarriak kontratu mugagabeentzat dira batez ere
  • Enpresa onuradunen betebeharrak sinplifikatu eta homogeneizatu egin dira
  • Hobarien bidez finantzatutako kontratuetarako, kontratu pizgarriduna hasten denetik gutxienez hiru urtez altan eduki beharko du langilea enplegatzaileak.
  • Gizarte Segurantzako hobariei dagokienez, hilabete natural oso bakoitzeko zenbateko bat ezarri da.
  • Desgaitasuna duten edo genero-indarkeriaren edo sexu-indarkeriaren biktima diren pertsonentzako hobariek bere horretan jarraituko dute.
  • Kontziliazioari lotutako kontratuek ere pizgarriak dituzte, kontratazio-aldi osoan
  • Ceutan eta Melillan, kontratazio mugagaberako hobariak % 75eraino igo dira.

Kontratazioetarako hobari berriak

  • Egoera berezietarako ordezkapenak. Hobaria duen aldi baterako kontratu bakarra da. Langabezian dagoen eta desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzen bada aldi baterako ezintasunean dagoen eta desgaitasuna duen beste pertsona bat ordezkatzeko, 366 euroko hobaria izango da hilean, ordezkapenak irauten duen bitartean. Hobari hori bera izango da haurdunaldiko arriskuagatik, edoskitzeagatik, seme-alaben jaiotzagatik edo adingabeen zaintzagatik bajan dagoen langile bat ordezkatzeko langabezian dagoen eta 30 urte baino gutxiago dituen langile bat kontratatzen bada. Kasu honetan, bi kotizazioek izango dute hobaria, ordezkatutakoarenak eta ordezkatzen duenarenak: 366 euro bakoitzeko, ordezkapenak irauten duen bitartean.
  • Genero-indarkeriaren, sexu-indarkeriaren, salerosketaren, lan-esplotazioaren edo prostituzioaren biktimen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
  • Gaitasun intelektual mugatua duten pertsonen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
  • Lanpostua aldatu bada haurdunaldiko edo edoskitzaroko arriskuagatik, edo lana gaixotasun profesional batera egokitzeko. 138 euro hilean, aldaketa horrek irauten duen denboran.
  • Gizartean baztertuak izateko arriskua duten pertsonen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean. Laneratzeko enpresa batetik atera eta hurrengo urtean egiten bada lehenengo kontratua, 147 euro hilean lehen urtean. Gizartetik baztertuta geratzeko arriskuan daude: gutxieneko errentak jasotzen dituztenak eta haien bizikidetza-unitateko kideak; erroldan edo bizikidetza-unitatean behar adina denbora ez egiteagatik gutxieneko errenta horiek eskuratu ezin dituztenak, edo errenta horiek agortu dituztenak; adingabeen zentroetatik ateratako 18 eta 30 urte bitarteko pertsonak; droga-mendekotasuna edo beste mendekotasunen bat izan eta errehabilitazioan daudenak; espetxealdia lanarekin bateragarri egiten dutenak; eta ostatatze-zentro alternatiboetan edo gizarteratze-zerbitzuetan arreta jasotzen dutenak.
  • 30 urte baino gutxiago dituzten eta kualifikazio-maila txikia duten pertsonen kontratu mugagabea —Batxilergoko titulurik edo erdi-mailako heziketa-ziklorik ez dutenena— edo gazteentzako berme-sistema nazionalaren parte direnena. 275 euro hilean, lau urtean. Hobari hau lege-dekretuaren indarraldiko lehen urteko kontratazioei aplikatuko zaie. Luzatu ahal izango da, behar adina diru badago.
  • Terrorismoaren biktimen kontratu mugagabea. 128 euro hilean, lau urtean.
  • Iraupen luzeko langabeen kontratu mugagabea, baldin eta aurreko 18 hilabeteetatik gutxienez 12tan enplegu-eskatzaile gisa izena emanda egon badira. 110 euro hilean hiru urtean, edo 128 euro emakumeak edo 45 urtetik gorakoak izanez gero.
  • Prestakuntza-kontratuak mugagabe bihurtzea (128 euro hilean hiru urtean;147 euro emakumeak badira) eta errelebo-kontratuak (55 euro hilean; 73 emakumeak badira).
  • Praktika-kontratua izatetik kooperatibetako bazkide langile izatera pasatzea. 138 euro hilean, hiru urtean. Desgaitasuna duen pertsona bat izanez gero, lan-harremanak irauten duen denbora guztian.
  • Kooperatiba bateko bazkide bihurtzen diren langabeak. 73 euro hilean, hiru urtean. Lehenengo urtean 147 euro ordainduko dira 30 urtetik beherakoak badira edo % 33ko desgaitasuna edo handiagoa badute.
  • Ikertzaileentzako doktorego aurreko kontratuak. 115 euro hilean, kontratuak irauten duen bitartean.
  • Txandakako prestakuntzako kontratua. Hainbat hobari ditu: hilean 91 euroko bat, enpresako tutoretza konpentsatzeko beste laguntza batzuk, eta 28 euroko deskontua hilean langileak ordaintzen dituen kuotetan.
  • Nekazaritzako aldi baterako langile izatetik aldizkako langile finko izatera aldatzea. 55 euro hilean hiru urtean; 73 euro emakumeak izanez gero. Hobari hau bi urtez bakarrik egongo da indarrean, irailean dekretua indarrean sartzen denetik kontatzen hasita.
  • Turismo-enpresak (edo turismoari lotutako ostalaritza- eta merkataritza-enpresak), baldin eta otsailean, martxoan eta azaroan beren aldizkako langileei eusten badiete edo alta ematen badiete. 262 euro hilean, hil horietan.
  • Ezintasun iraunkorragatik kargutik kendutako pertsona bati kontratu mugagabea egitea. 138 euro hilean, bi urtean. 55 urtetik gorakoa izanez gero, beste kategoria batean edo beste enpresa batean kontratatzen bada ere aplikatuko da.
  • Kontratazio mugagabea Ceutan eta Melillan, sektore hauetan: nekazaritza, arrantza, industria (energia eta ura izan ezik), merkataritza, turismoa, ostalaritza eta beste zerbitzu batzuk, eraikuntza, finantzak, aseguruak eta higiezinen sektorea. 262 euro hilean, kontratuak irauten duen denboran, baldin eta urtean gutxienez 20 orduko prestakuntza-ekintzak egiten badira.

Orain arte bezala jarraituko duten hobariak

  • 30 urte baino gutxiago dituzten edo 35 urte baino gutxiago izanik % 33ko desgaitasuna edo handiagoa duten pertsonen laneratze-enpresetako kontratuak. 147 euro hilean, kontratua indarrean dagoen bitartean, edo hiru urtean, mugagabeak badira.
  • Desgaitasuna duten pertsonak kontratatzea. 375 euro hilean kontratuak irauten duen bitartean; 425 desgaitasun handia dutenetan. Emakumea bada, 70,83 euro gehiago emango dira. Eta 45 urte baino gehiago baditu, 100 euro gehiago. Halaber, % 100eko hobaria emango da desgaitasunen bat duten pertsonak ONCEn kontratatzeko, eta % 50ekoa prestakuntza-kontratuetarako.
  • Etxeko langileak kontratatzea. Gainera, beste hobari batzuk ere izango dituzte; zehazki, haurdunaldiko arriskuagatik edo adin txikikoak zaintzeagatik lanean ari ez direnak edo genero- edo sexu-indarkeriaren biktima direnak ordezkatzeko 30 urtetik beherako langileei egindako kontratuei dagozkienak.
  • Ikertzaileak kontratatzea. % 40, orain arte bezala, baina % 5 gehiago emakumeak edo 30 urtetik beherakoak badira.
  • Lana uzten duten edo mugigarritasun geografikoa edo aldaketa eskatzen duten genero- edo sexu-indarkeriaren biktimentzako ordezkoak aldi baterako kontratatzea. Kuotaren % 100.

1/2023 Errege Lege Dekretuan (BOEn argitaratua) jasotako lan-kontrataziorako pizgarrien eta hobarien erreforma hori irailean sartuko da indarrean.

2023ko ESKOLEN AURRERAPENA

escuela de prevención

Aurreko ekitaldietan bezala, Mutualiak trebakuntza-eskolen eskaintza zabala antolatu du 2023rako, eta langile kualifikatuek eta espezializatuek eman eta garatuko dituzte guzti-guztiak.

Eskolak doakoak dira; talde txikiei zuzenduta daude, eta enpresa elkartuentzat bakarrik dira.

ELIKADURA OSASUNGARRIAREN ESKOLA (4,5 ordu)

escuela de alimentación

Online formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza ordu eta erdikoa.

Enpresek benetako ohitura osasungarriak sustatzeko erronkari egin behar diote aurre. Elikadura da pertsonen osasunerako oinarri nagusietako bat. Hori dela eta, Elikadura Osasungarriaren Eskolaren saio batzuk egingo ditugu, gai hauen inguruan: “Ez egin dietarik, ikasi jaten”, “Nola planifikatu zure menuak”, “Kirol-nutrizioa”, “Planifikatu zure menuak”, “Ongizatea 50 urtetik aurrera”, “Elikadura funtsezko faktorea da patologia kardiobaskularrak eta hanturazkoak hobetzeko”…

Deialdiak: Otsaila, martxoa, maiatza, ekaina, uztaila, iraila, urria eta azaroa.


ESTRESA KUDEATZEKO ESKOLA (10,5 ordu)

Online formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza hiru ordu eta erdikoa.

Estresak gaur egun gure egunerokoan izan ditzakeen adarrak erakutsiko ditugu, eta egoera hori bideratzeko jarraibideak eskainiko ditugu, bai harreman pertsonalei eta lan-harremanei dagokienez, bai telelanari dagokionez. Estresaren sintomak ezagutzeko, zantzu fisikoak, emozionalak eta jokabideari dagozkionak erabiliko ditugu. Jarrera pertsonalak eta aurre egiteko estrategiak identifikatuko ditugu, eta eguneroko jarraibideak garatuko ditugu estresari aurre egiteko.

 Deialdiak: Otsaila, martxoa, maiatza, ekaina, iraila, urria eta azaroa.


LOAREN ESKOLA (6 ordu)

Online formatuan ematen da. Bi saio ditu, bakoitza hiru ordukoa.

Loaren mekanismo biologikoak landuko ditugu, eta loaren higienea ohitura osasungarria dela nabarmenduko dugu. Loaren nahasmenduak identifikatuko ditugu, eta diagnostikoak, ohitura egokien bidezko prebentzioak eta tratamendu espezifikoak duten garrantziaz jabetuko gara. Loaren kalitatea hobetuz, laneko eta lanetik kanpoko istripuak eta gaixotasunak prebenitzen ditugu.

Deialdia: Maiatza eta urria.


AHOTSAREN ESKOLA (6 ordu)

Online formatuan ematen da. Bi saio ditu, bakoitza hiru ordukoa.

Helburu nagusia da ahotsa lan-tresna gisa erabiltzen duten profesionalek ahots-teknika ikastea eta ohitura eta ahots-higiene egokiak eskuratzea. Horrela, ahotsarekin lotutako gaixotasun eta patologia nagusiak ezagutu eta prebenitu ahal izango ditugu.

Deialdiak: Martxoa, ekaina eta urria.


SEGURU GIDATZEKO ESKOLA (7 ordu)

Aurrez aurreko formatuan ematen da.  2 saio ditu. Lehenbizikoa teorikoa da, 2 ordukoa; bigarrenean, berriz, praktikak egiten dira zirkuitu batean, 5 orduz.

Eskola hori edozein erakundek laneko bide-segurtasunaren arloan antolatu nahi dituen jardueretako bat izan daiteke, lanarekin lotutako joan-etorrien segurtasuna sustatu eta kudeatzeko, hau da, etxetik lanerako bidaiak edo lanari dagozkionak.

Deialdia: Ekaina.


Prebenztiorako Aholkilaritza

Langile erretiratuek sozietateetako administrazio-kontseiluetan parte hartzea

jubilado en consejo de administracion

Nola eragiten dion horrek pentsioari eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) izena emateko betebeharrari

Kasu askotan, lan-bizitza aktibotik erretiratuta dauden langileak, beren ibilbidea dela eta, sozietate-erakundeetako zuzendaritza-organoetan kide gisa parte hartzera gonbidatzen dituzte. Sarritan, parte-hartze hori lankidetza bat baino ez da izaten, bertaratze-dieta hutsen bidez ordaindutako kidetza bat. Alabaina, horrelako kontuetan parte hartzeari uko egiten zaio nolabait; izan ere, batzuek uste dute ondorioak izan ditzakeela jasotzen duten pentsioan eta, beharbada, LAABen izena eman behar dutela.

Hau da kontuan hartu beharrekoa: sozietatearekiko (merkataritzakoa edo asoziatiboa) lankidetza horrek Gizarte Segurantzaren araubideren batean kokatzea dakarren ala ez, dela Araubide Orokorrean, dela LAABen. Jarduera hori dela eta araubide horietakoren batean afiliatu beharra izanez gero, horrek ondorioak izango lituzke, zalantzarik gabe, erretiratuak jasotzen duen erretiro-pentsio osoari dagokionez (normalean, Araubide Orokorretik jasotzen du).

Demagun lankidetzan diharduenak ez duela partaidetzarik kapital sozialean edo, izanda, ez dela iristen hura benetan kontrolatzeko aukera emango liokeen kuotara. Funtsean, kasu honen aurrean egongo ginateke: sozietatearen administrazio-kontseiluaren noizbehinkako bileretan kide gisa parte hartuko duen pertsona bat, trukean bertaratze-dietak bakarrik jasoko dituena.

Sozietatearen administrazio-kontseiluko kide diren pertsonek, irabazi-asmoz sozietatearentzat kudeaketa-lana egiten dutenek zuzenean, ohikotasunez eta pertsonalki (hau da, zuzendariak, kudeatzaileak, kontseilari delegatuak, presidente exekutiboak, etab.), LAABen izena eman behar dute, baldin eta, gainera, sozietatearen benetako kontrola badute, GSLOren 305.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Halakorik ez badute, ez dute LAABen afiliatuta egon behar, baizik eta GSAOn, besteren konturako langileen pareko langile gisa, GSLOren 136.2 eta 305.2 artikuluen arabera —langabezia-babesetik eta Soldatak Bermatzeko Funtsetik kanpo—.

Zuzendaritza-batzordean edo administrazio-kontseiluan noizean behin kide gisa parte hartzen duen pertsona baten kasua aztertzen ari bagara, eta pertsona horrek sozietatearen ohiko eta eguneroko kudeaketa-lanak egiten ez baditu, baizik eta eskuordetu ezin direnak bakarrik, trukean dietak kobratuz, oso zalantzazkoa da LAABen alta emanda egon behar izatea, eta are gutxiago GSAOn.

Esan bezala, GSLOko gaur egungo 305.2 artikuluan dago zehaztuta kontseilariak, haien ezaugarrien arabera, Gizarte Segurantzako Sistemaren araubideren batean sartuta dauden. Artikulu horretan ezarritakoaren arabera, LAAB araubidea aplikatuko zaie, nahitaez, honako hauei: «Kontseilari- edo administratzaile-karguan aritzeak dakartzan zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituztenak, edo kapital-sozietate baterako beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak, irabazi amoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietate horren benetako kontrola, zuzena edo zeharkakoa, badute. Nolanahi ere, inguruabar hori gertatzen dela ulertuko da baldin eta langilearen akzioak edo partaidetzak gutxienez ere kapital sozialaren erdia badira». Eta honako hau gaineratzen du: «Aurkako frogarik ez badago, langileak sozietatearen benetako kontrola duela ulertuko da, baldin eta baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

  1. Bere zerbitzuak jasotzen dituen sozietatearen kapitalaren erdia, gutxienez, bizikide dituen bazkideen artean banatuta egotea, baldin eta haiekin ezkontza-lotura badu edo ahaidetasunezkoa, dela odolaren, ezkontzaren edo adopzioaren bidezkoa, bigarren mailarainokoa. 2. Kapital sozialean duen partaidetza haren herenaren parekoa edo handiagoa izatea. 3. Kapital sozialean duen partaidetza haren laurdenaren parekoa edo handiagoa izatea, baldin eta zuzendaritzako eta gerentziako lanak esleituta baditu.»

Horrenbestez, LAABen sartu behar izateko ezinbestekoa da:

  • Zuzendaritza- edo gerentzia-eginkizunak betetzea.
  • Edo, bestela, beste zerbitzu batzuk ematea, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietatearen benetako kontrola badu.

Zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunei dagokienez, bi figura bereizi behar dira. Batetik, kontseilari exekutiboa, hau da, normalean dedikazio profesionala eskatzen duten zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituena. Bestetik, kontseilari pasiboa edo egonekoa, kontsulta- edo aholkularitza-eginkizunak soilik betetzen dituena eta batzarretan laguntzen duena; beraz, normalean bere karguek ez dakarte dedikazio profesionalik, ez, jakina, ohikotasunez egin beharreko lanik edo sozietatearen eguneroko eta zuzeneko kudeaketari lotutakorik.

Kasu honetan, eraginpeko pertsonak batzordekide gisa edo horren pareko gisa hartzen badu parte administrazio-kontseiluan, hau da, exekutiboa ez den kontseilari huts gisa, eta egiten duen bakarra bada administrazio-organoak deitutako bileretara joan ordainsari baten truke (bertaratze-dietak), eta horrek ez badakar dedikazio profesionala eskatzen dion zerbitzurik eman behar izatea sozietateari, ez litzateke beteko baldintza bakar bat ere kontseiluko kide hori LAABen afiliatu behar izateko, ez baitu zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik betetzen eta ez baitu beste jarduerarik egiten sozietatearentzat, ez bada administrazio-organoak deitutako batzarretara noizean behin joatea. Funtsean, ez du egiten «kontseilari- edo administratzaile-kargua betetzeak berekin dakarren zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik edo kapital-sozietate bati beste zerbitzu batzuk ematen dizkienik, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean».

Arrazoi berengatik, ez legoke GSAOra atxikita, ez baititu eginkizun horiek betetzen; beteko balitu, sozietatearen benetako kontrolik izan gabe, besteren konturako langiletzat jo beharko litzateke. GSLOren 7.1 a) artikuluaren arabera, Langileen Estatutuan ezarritako baldintzetan lan egiten duten besteren konturako langileak soilik sartuko dira nahitaez GSAOren aplikazio-eremuan. Bestalde, LEren 1.3.c) artikuluak ezartzen du pertsona hauek ez direla izango besteren konturako langileak: “Sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan kontseilari-kargua edo administrazio-organoetako kidearena soilik betetzen dutenak, baldin eta enpresaren barruan kargu horri datxezkion eginkizunak bakarrik egiten badituzte”.

Beraz, azaldutakoa bezalako egoera batean ez litzateke GSAOn edo LAABen afiliatuta egoteko beharrik izango, eta, beraz, erretiro-pentsioa ez litzateke murriztuko GSLOren 214.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Jarduerak zuzenean, ohikotasunez, pertsonalki eta ordainsari baten truke lan egitea eskatzen duelako erretiratuak LAABen edo GSAOn alta eman behar badu, pentsa liteke, erratuta, sozietateak enplegatuak izanez gero haren erretiro-pentsio osoa babestuta geratuko litzatekeela. Azpimarratu behar da salbuespen hori, zeina artikulu berean jasotzen baita, soilik aplikatuko dela langile erretiratuak beste pertsona bat kontratatzen badu jarduera horretarako, eta hori ez da, inola ere, sozietateak enplegatuak izatearen parekoa.

Azken batean, erretiratuaren jarduera administrazio-kontseiluaren bileretan kide gisa edo horren baliokide gisa esku hartzera mugatzen bada, beste jarduera gehigarririk gabe, jarduera horretan aurrera egin daiteke, erretiro-pentsioa babestuta geratuko den gutxieneko segurtasunarekin.

Iñaki Esnal Zalakain


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letratua 

25 urte, Bilbo berriaren ikonoaz geroztik: Guggenheim Museoak 25. urteurrena ospatzen du

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketa

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketatu dugu, Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaria eta Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Guggenheim Museoa 1997ko urrian iritsi zen Bilbora. Zergatik Bilbo? Eta hirian zer ondorio izan dute museoa sortzeak eta 25 urte hauetan izandako ibilbideak?

Museoa Euskadiren ekonomia suspertzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin sortu zen. 1980ko hamarkadaren amaieran zenbait euskal administraziok hasitako jarduera-multzo baten zati izan zen. Jarduera horien bidez, Bilboren oinarri ekonomikoa industria tradizionaletik harago dibertsifikatu nahi zen, garai hartan krisi sakon batean murgilduta baitzegoen, eta ardatz atlantikoko eskualdeen erreferentziazko gune bihurtu nahi ziren Bilbo eta metropoli-eremua.

Une hartan, hiria egoera ekonomiko kritikoan zegoen, gatazka sozial etengabeetan nahasita, eta Bilbok bere etorkizuna birplanteatu behar zuen. Administrazio publikoak modernizatzeko ekintzak ezinbestekoak izan ziren: metroa, itsasadarraren saneamendua, Abandoibarreko hiri-berroneratzea…

Ingurumari horretan, Museoa proiektu nabarmen eta polemikoenetako bat izan zen. 1997an inauguratu zen, mundu mailako oihartzunarekin, eta arte eta arkitekturarako aparteko ekarpen bihurtu zen. Museoa gai izan zen hiriaren eraldaketa sakona indarrez abiarazteko, eta baikortasun- eta itxaropen-dosi handiak ekarri zizkien herritarrei, beste edozein ekimenen gainetik. Hala, Bilboko biztanleen harrotasunaren ikono bihurtu zen.

25 urte hauetan Museoak bizirik mantendu ditu harro egoteko arrazoi haiek. Hasierako berritasunaz harago, inaugurazioarekin izandako boomaren ondoren, proiektua lehen mailako arte-espazio gisa finkatu da, nazioarteko instituzio onenen mailako programazioa aurkeztu baitu kalitatean eta helmenean.

“Nahitaez bisitatu beharreko tokia da, eta Bilbo bere erakargarritasuna zabaldu eta munduaren aurrean konplexurik gabe aurkezten den hiri bihurtu da, eta nazioarteko mapan merezitako tokia eskatzen du.”

Gaur egun zaila izango litzateke Bilbo Guggenheim gabe imajinatzea, ez bakarrik lehen mailako eskaintza kulturala edukitzera ohitu garelako, edo eraikina itsasadarreko paisaiaren berezko zati dela sentitzen dugulako, baizik eta ia umezurtz geratuko ginatekeelako, harrotasuna eta baikortasuna galduta.

Museoaren misioan jasota dago kultura-ondare garrantzitsua eraikitzeko eta gizartera hurbildu ahal izateko ardura. Nola bideratzen duzue jarduera pertsonen onura bilatzeko?

Sortu zenetik, Museoaren helburua lehen mailako arte-bilduma eraikitzea eta artea gizarteratzen laguntzea izan da.

Alde batetik, pixkanakako inbertsioen bidez, 145 lan biltzea lortu da. Bilduma gaztea denez, oraindik kopuru txikia da, baina arte modernoko goi-mailako lanen multzoa osatzen du dagoeneko. Ondare kultural hori hurrengo belaunaldiei utziko zaien ondare handia da, goza eta ikas dezaten.

Baina bildumazaletasunaz harago, Museoak artea eta horren balioak gizarteari hurbiltzeko konpromisoa du. Erabat sinetsita gaude artearen balio humanistikoek onura indibidualak eta sozialak ekartzen dituztela, desberdintasunak errespetatzen, ulertzen ez dugunarekin enpatizatzen eta elkarrengandik hurbilago sentitzen irakasten digutelako. Batzuetan ilun eta gatazkatsua den mundu batean, Museoa bizikidetzarako, gogoetarako eta pentsamendu kritikoa eta gozamena bultzatzeko gunea da.

“Hasieratik oso argi izan dugu bisitariek egon behar zutela Museoaren kudeaketaren erdigunean.”

Museoek elkartzeko, trukerako, ikasteko eta entretenitzeko leku bihurtzeko xedea dute. Horregatik, bisitarien lehentasunetara adi egon behar dugu: haien gustuak eta premiak funtsezko informazio-iturriak dira gure kudeaketan. Ikusleak askotarikoak dira, eta, hortaz, era askotako gauzak eskatzen dituzte, eta ez programazioari dagokionez bakarrik, baizik eta bisitaren esperientziari dagokion guztian. Hala, erakusketa erakargarriak eta kalitate handikoak eskaintzeaz gainera, aisialdirako aukera zabala eskaintzen zaie: dendako produktuak, jatetxeak, erlaxatzeko eta sozializatzeko guneak… eta, nola ez, hori guztia albait modu bizkor, irisgarri eta erosoenean.

“Hain da handia bisitariei entzuteko dugun interesa, ezen zenbait bide jartzen baitizkiegu eskura, beren iritziak, hobetzeko proposamenak, esperientziaren balorazioa… helaraz diezazkiguten. Ildo horretan, proiektu bat ere jarri dugu abian, bisitan sortu diren sentimenduak ezagutzeko eta kolektiboki mapa emozional bat eraikitzeko aukera ematen diguna.”

Ziurtagiri hauek erantzuten al diote ingurune sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoari?

Egia da askotariko ziurtagiri ugari eskuratzeko prozesua egin dugula (kudeaketa-sistemak, osasuna, berdintasuna eta aniztasuna, euskararen sustapena, gardentasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta abar). Baina ziurtagiri horiek ez lukete inolako baliorik izango, baldin eta ez baliote uste irmo bati erantzungo: horiek eskuratzeko aplikatu beharreko politika eta ekimenak beharrezkoak eta onuragarriak izatea halako proiektu bat zuzentzeko.

“Ez da hain garrantzitsua ziurtagiri-kopurua, baizik eta zein den gure buruari joko-arau zorrotzak ezartzera eramaten gaituen konpromiso sozial, ekonomiko eta are etikoa.”

Garbine-URRUTIKOETXEA

Ziurtagiri horiek lortzeko eta segimendua egiteko baliabide eta denbora asko eskaini behar dira, eta haien helburua zenbait adierazle eta neurketa izatea da, gogoraraziko digutenak ez dugula konplazentzian erori behar. Geure burua ondo ezagutzera eramaten gaituzte, eta lagungarriak dira egiten ari garen bikaintasunerako bidean zenbait eremutan dugun hobekuntza-marjina identifikatzeko.  

Oso ondo dakigu beste erakunde batzuentzako erreferentetzat har gaitzaketela askotariko arloetan, eta, beraz, jatorrian bereizgarri izan genuen espiritu berritzaile hori bizirik mantendu behar dugu.

Nola egiten die aurre Museoak etorkizuneko erronka estrategikoei?

Urte zailak atzean uzten ari gara pixkanaka. Osasun- krisiak eta Ukrainako gerrak, azken hilabeteetako gertaera soziopolitiko kritikoetako batzuk aipatzearren, argi eta garbi utzi digu mundu ezegonkor eta globalki konektatuan bizi garela. Ziurgabetasuna eta zalantza erakundeen kudeaketan sartu beharreko osagaiak izango dira.

Zorionez, 2022. urtean bisitari-kopurua nabarmen igo da, eta jarduera bizia izan dugu Museoan. Horrek itxaropena ekarri digu eta etorkizunarekiko ilusioa itzuli digu.

“Uste dut datozen urteetako erronkei konfiantzaz eta baikortasunez egingo diegula aurre, konpromiso berrituarekin, Museoaren lehen 25 urteen ondoren, eta jakinik erakunde gisa malguak, moldagarriak eta bizkorrak izan behar dugula gure erantzunetan, gure ingurunean motor kultural eta ekonomikoa izaten jarraitzeko.”

Euskal kirol-selekzioak aurrera egiten ari dira nazioarteko panoraman

logo-ekfb

Aurten euskal taldeek izan duten jardueraren berri ematera gatoz oraingoan Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik.

300 kirolari baino gehiago, kontinente guztietako 25 herrialde, hogei bat euskal kirol-federazio, lehiaketa ofizialak, lagunarteko topaketak eta 20 kirolen erakustaldiak. Horiek dira euskal kirol-selekzioen nazioarteko jarduera laburbiltzen duten zifrak, 2022an, Itsasmuseumeko auditorioan izandako ekitaldian aurkeztu zirenak, euskal gizartea osatzen duten esparru guztietako ordezkarien aurrean.

Euskal Selekzioen jarduera sustatzen eta bultzatzen duen Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) erakundeak antolatutako ekitaldi horretan, buru izan ziren Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Gorka Urtaran, Eudelen presidente eta Gasteizko alkatea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, eta Angel Gurrutxaga eta Leire Gerenabarrena, EKFBko presidente eta kudeatzailea, hurrenez hurren.

Ekitaldiak balio izan zuen agerian uzteko erakundeen artean lankidetza bikaina dagoela, Euskadik modu aktiboan parte har dezan nazioarteko kirol-panoraman. Hala, munduari erakutsi zitzaizkion kirolarien bikaintasuna, lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna, lehiakortasun-maila handia eta federazioaren ospea, euskal kirol-selekzioen bitartez. Bloke instituzionalerako sortutako mahai-inguruan nabarmendu zen euskal kirol-selekzioen aldeko apustua erabatekoa dela, eta aipatu zen Eusko Jaurlaritzaren, EKFBren eta tokiko erakundeen, eta euskal federazio eta kirol-kluben arteko aliantza ezinbestekoa dela euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, Estatuan erdiguneko posizio bat okupatuko badu, nazioarteko kirol-erreferentzia bihurtuko duen orainerako eta etorkizunerako proiektuekin. Aipatutako erakunde guztiez gainera, zeinek sintonia handiz lan egiteko gaitasuna egiaztatu baitute, ekitaldian euskal kirol-federazioak berak izan ziren protagonista. Federazioek, ordezkari exekutiboen eta kirolarien bidez, mahai-inguruetan azaldu zuten 2022an selekzioekin izandako kirol-jarduera bizia, bai eta Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatzeak eragiten dizkien ilusio eta harrotasun handiak ere. Halaber, 2023 honetan izango duten jardueraren berri eman zuten laburki, eta badirudi datorren urtea izango dela euskal kirol-selekzioen historiako urte aktiboena. Baina zer gertatuko litzateke euskal selekzioekin, euskal gizarte osoa gabe? Hain zuzen ere, euskal gizartea ordezkatuta egon da “Herritarrok” izeneko mahaian; bertan parte hartu zuten Iñigo Vicens aurkezleak, Ane Muruamendiaraz kirol-kazetariak, María Iraragorrik (Gerra Zibilak iraun zuen urteetan mundua liluratu zuen Euskadiko selekzioko kide eta Athleticen lehen aurrealde mitikoko kide izandako Jose Iraragorriren alaba), eta Beñat Zarrabeitiak. Euskal selekzioekin loturiko esperientziak partekatzean, agerian utzi zuten gure nazioarteko kirol-ordezkaritzaren garra bizirik mantentzeak indartsuago egiten gaituela gizarte gisa. Ekitaldian, mahai-inguruen dinamismoaz gainera, honako hauek guztiak izan ziren: karate, gimnasia eta sokatirako euskal selekzioen erakustaldiak; “Euskal Selekzioa” izeneko mendiko lasterketetako automobil-taldeko Joseba Iraolaren barketaren erakusketa; kayak-surfeko euskal selekzioaren piraguaren erakusketa; motonautikako euskal selekzioko motorren erakusketa; eta euskal selekzio guztiak janzten dituen Umbro markako jantzi ofizialen erakusketa. Azken hori EKFB euskal selekzioei dagokienez egiten ari den marka-kudeaketa bateratuaren adibide argia da.

Mutualiaren parte-hartzea SETLAren 2022ko biltzarrean

mutualia-setla-2022

Abenduaren 1ean eta 2an izan da Espainiako Lan Traumatologiako Elkartearen Biltzarra, Valentzian. Programa zabala landu du, bai teorian, bai praktikan, eta elkargunea izan da traumatologoentzat, asistentziako medikuentzat, eta erizaintzako eta fisioterapiako langileentzat. Mutualiak ere parte hartu du laneko traumatologiaren arloko azken berrikuntzak azaldu eta partekatu diren topagune horretan.

Mutualiak bi komunikazio aurkeztu ditu biltzarrean, biomekanikak fibrokartilagoko lesioak dituztenengan eta industriaren sektorean eskuko lesioak dituzten langileengan duen balorazioari buruzkoak biak.

SETLACristinaPerucho-convert.io_

Cristina Peruchok, Mutualiaren Erabakimen Handiko Ospital eta Ercilla Klinikako mediku errehabilitatzaileak, “Tresna biomekanikoen erabilera fibrokartilago triangeluarreko lesioa dutenen balorazio funtzionalean” komunikazioa aurkeztu zuen. Lan horren emaitza nagusia da tresna biomekanikoak laguntza handikoak direla gaixoen balorazio objektibo funtzionala egiteko.

SETLALoreadelaHera

Lorea de la Herak, Mutualiako Ercilla Klinikako mediku traumatologoak, “Eskuan presio altuan injektatzearen ondoriozko lesioak” komunikazioa aurkeztu du. Pintatzeko, koipearekin, olioarekin, erregaiekin edo bestelako disolbatzaile likido batzuekin presio handiko ekipoak erabiltzen dituzten eta normalean nagusia ez den eskuari eragiten dioten industria inguruneetako langileengan sortzen diren lesioei buruzko ikerketa bat da. Lesio horiek infekzio, hantura eta ebaki arrisku handia izaten dute, eta arrisku hori areagotu egiten da tratamendu medikoa 6 ordu edo gehiago atzeratzen bada. Ondorioz, diagnostikoa garaiz egitea eta premiazko desbridatze kirurgikoa funtsezkoak dira arazo larriak saihesteko eta emaitza funtzional ona lortzeko.

Biltzarrean parte hartzearen bitartez, bete egiten da pazienteari ematen zaion laguntzaren kalitatean eta segurtasunean Mutualiak daukan funtsezko helburuetako bat, zeina baita osasunaren alorreko gure profesionalean etengabeko prestakuntza, azterketa eta ikerketa.