
Egilea: Kepa Bilbao

Egilea: Kepa Bilbao

Buruko nekeak edo neke fisikoak eragindako egoera da estresa, eta, baliabide baino eskakizun-maila handiagoko egoeren aurrean, eragindako pertsonak gainezka egiten duenean gertatzen da; egoeraren aurrean erreakzionatzeko gaitasun ezak frustrazioa eragiten du. Lan esparruan azken urteotan gertatu diren aldaketa ugariak direla-eta, estresak eragindako gero eta kasu gehiago daude. Hauek dira arrazoietako batzuk:
– Lan-gainkarga.
– Erabakietan parte hartu ezin izatea.
– Gehiegizko erantzukizuna.
– Ingurumen faktoreak (zarata, argiztapena, etab.).
– Giro txarra lankideen artean.
– Soldata baxuak.
– Motibazio falta.
Erreakzio horrek osasunari eta pertsonen arteko harremanei eragin diezaieke, hala lan esparruan nola esparru pertsonalean. Lan estresak jotako pertsona batek sintomahauetakoren bat izan dezake, bai psikologikoak bai fisikoak:
– Fisikoak: insomnioa, buruko mina, digestio motelak, gose eza, arazo kardiobaskularrak, diabetesa, inpotentzia, alopezia, giharretako mina, etab.
– Psikologikoak: gehiegizko kezka, erabakiak hartzeko ezintasuna, suminkortasuna, ahazte etengabeak, kontzentratzeko ezintasuna, drogekiko mendetasuna, depresioa, etab.
Laneko esparruan, patologia honek eragin negatiboa izan dezake pertsona horrek lanean duen errendimenduan. Egoerak lankideekiko eta buruekiko harremanetan eragiten badu, gatazkak sor daitezke eta harremana hondatu egin daiteke. Beste modu batean esanda, laneko estresak produktibitatea murriztu eta lan-giro txarra eragiten du.
Bestalde, erakundeetan estresa saihesteko, AEBko Segurtasunerako eta Lan Osasunerako Institutu Nazionalaren honako aholkuei jarraitu dakieke:
– Langileen bizitza pribatuan gatazkarik eragiten ez duten lan-ordutegiak diseinatzea.
– Langileei euren jardunean eragina duten erabaki edo ekintzetan parte hartzen uztea.
– Lan-kargak langilearen gaitasunak eta baliabideak gainditu ez ditzan kontrolatzea, eta zeregin berriari ekiten hasi baino lehen indarberritzeko aukera edukitzea.
– Zereginak modu zentzudunean eta estimulatzailean diseinatzea, langile bakoitzak bere erantzukizunpean izango duen zeregina ondo zehaztuta.
– Gizarte interakziorako aukerak sortzea, lanean babes morala eta laguntza eskainita.
– Ibilbide profesionalaren garapena sustatzea eta lan-egonkortasunaren inguruko gaian anbiguotasunak saihestea.
Bestalde, lanean estresa eragiten duten zenbait egoera kontrolpean mantendu daitezke, aholku hauei jarraituta:
– Buruekin harremanetan egotea, lankideekin arazorik badago edo lantokiko ingurumen-egoerak kaltegarriak badira, adibidez.
– Erlaxazio teknikak praktikan jartzea, kaltegarriak izan daitezkeen estres-egoerak kontrolpean izateko.
– Kirola egitea eta osasuntsu jatea.
– Behar besteko denboran lanetik deskonektatzea, burua argitzeko.
– Egunean 7-8 orduz lo egitea.

Joan den apirilaren 19an, MUTALIAK Fundación Diversidad fundazioaren Aniztasunaren Charterra sinatu zuen «Barcelona Activa» erakundearen Empren aretoan, BARTZELONAN. Haren bidez, atxiki egiten da pertsonak errespetatzeko eta barnean hartzeko duen konpromisoa sustatzeko eta mezua bere inguruan zabaltzeko printzipioei, printzipio berdinak partekatzen dituen eta, hortaz, pertsonen eta beren erakundeen bizi- eta lan-kalitatea bultzatzen duen komunitate baten alde egiteko. Izan ere, Silvia Lázaro FERROVIAL-eko Barne Komunikazio, Konpromiso eta Aniztasuneko zuzendariak adierazi bezala, «aniztasunaren kudeaketa ez da jada aukera bat, enpresek bete beharreko agindu bat baizik».
Aniztasuna modu egokian kudeatzeak, hots, desberdintasunak integratzeak, sozialki arduratsua den kanpaina gisa dugun konpromisoa handitzen du, eta, stakeholder-ekiko beharrezko harremanari mesede egiteaz gain, haiekiko lotura emozionala areagotzen duen harremana ahalbidetzen du, elkarrekin errentagarriak, lehiakorrak eta iraunkorrak izate aldera.
Egia da gure barne-bezeroen beharrizan aldakorrei, teknologiaren bilakaera guztiz azkarrari eta gure interes-taldeen eskakizunen eraldatzeari aurrea hartzeko «aniztasunaren kudeaketa ez dela jada aukera bat, enpresek bete beharreko agindu bat baizik».
Mutualiak, Aniztasunaren Charterraren erakunde sinatzaile moduan, Cristina Mendia izan zuen ordezkari.

Apirilean, MUTUALIAK berdintasunarekin, aniztasunarekin eta adiskidetzearekin lotutako hainbat ekitalditan hartu du parte.
Mutualiak, «emakumeek eta gizonek zuzendaritza-batzordeetan agerpen orekatua izateko» BORONDATEZKO AKORDIOEN sinatzaile moduan, Cristina Mendia izan zuen ordezkari.
Teresa Laespada Bizkaiko Aldundiko Enplegua, Gizarte Inklusioa eta Berdintasuna Sustatzeko Saileko diputatuak eman zion hasiera jardunaldiari, eta bertaratutakoen artean izan ziren Izaskun Landaida Emakundeko zuzendaria, Miren Elgarresta Gipuzkoako Aldundiko Emakumeen eta gizonen Berdintasunerako Organoko zuzendaria eta Sebastián Zurutuza Gipuzkoako Aldundiko diputatu nagusiaren Kabineteko Kudeaketa Estrategiako zuzendaria.
Mutualiak, hasiera-hasieratik Sareko kide izanik eta pertsonen, enpresen eta hiriaren interesak bateratzeko helburuz gaur egun beste enpresa batzuk Sarera sartzeko erraztasunak emate aldera monitorizatzen dituen «talde motor» horretako kide moduan, Cristina Mendia, María Bodón eta Eduardo Cobo Mutualiako Berdintasunerako Batzordeko kideak izan zituen ordezkari.

Aztik eta Inithealthek aipamen berezia jaso dute , Mercedes-Benz Españak, laneko jazarpen sexualaren eta sexistaren prebentziorako prozedura hoberenaren saria jaso du. Petronorrek eta Metro Bilbaok ere aintzatespena jaso dute, laneko jazarpen sexualaren eta sexistaren prebentziorako martxan jarri dituzten neurriak direla eta. Jardunaldi berean Zero Bidean sariak banatu ziren, Sisteplant, S.L., ZIV Metering Solutions S.L, Jaureguizar Promocion y Gestion Inmobiliaria S.L. eta Voith Hydro S.L. enpresei.
“Mutualia Sariaren” VII. edizioaren sariak atzo banatu ziren, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Munduko Eguna ospatzeko. Sari horien helburua, Mutualiako kide diren eta prebentzioaren alorrean aurrera daramaten ikerkuntza, garapen teknologiko nahiz berrikuntzan nabarmendu diren enpresak eta langile autonomoak aintzatestea da.
Jardunaldian, Urtsa Errazti jaunak, Mutualiako presidenteak, Mutualiaren lehentasunezko helburuak azpimarratu zituen: konponbide berritzaileen ekarpenaren bitartez enpresei laguntzea, prebentzio-kultura zabaltzea, enpresa elkartuen lan-istripuen indizeak txikiagotzeko konponbideak eskaintzea, eta kalitatezko osasun-laguntza ematea.
Izaskun Urien andreak, Osalango zuzendariak, “Lan-arriskuen prebentzioan ikerkuntza, garapen teknologiko eta berrikuntzari” sariak eta akzesitak banatu zituen, eta bere hitzaldian, laneko arriskuen eta gaixotasun profesionalen prebentzioan diharduten agente guztien arteko kolaborazio eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu zuen.
Tubos Reunidos Industrialen kasuan, epaimahaiak “Siderurgia industrian istripugarritasun maila murrizteko azterlan estatistikoa eta modelo matematikoa” izenekoa baloratu zuen. Epaimahaiak akzesit bana ematea erabaki zuen, Aztiri “jarduera zientifikoetan arriskuen prebentziorako eta jardunbide seguruetarako giden bilduma” proiektuarengatik eta Inithealth enpresari “Soluzio teknologikoen garapena osasunaren eta ongizatearen alorrean” proiektuari esker.
Osalaneko, Confebaskeko eta Mutualiako Zuzendaritzako eta Prebentzio Saileko kideek osatu dute epaimahaia, eta aurkeztutako produktu, sistema edo tresnak baloratzean, txertatutako hobekuntzak, desberdintze alderdiak, eta enpresentzako eskuragarrik eta aplikagarriak izatea eduki du kontutan. Helburua, beti ere, proiektu hauek enpresen antolaketan eta lan-egoeren hobekuntzan lagungarri izatea da.
Mutualia Sariaren VII. edizio honetan lehen aldiz, mutuako kide diren hainbat erakundek laneko jazarpen sexuala eta sexista prebenitzeko eta horri aurre egiteko martxan jarri dituzten prozedurak hartu dira kontuan. Enpresa irabazlea Mercedes Benz España izan da, “Prebentziorako eta esku-hartzeko protokoloa jazarpena gertatuz gero, zuzendaritzaren eta ordezkaritza sozialaren arteko esku-hartze bateratuan oinarrituz” proiektuari esker.
Miren Elgarresta andreak, Gipuzkoako Foru Aldundiko emakume eta gizonen berdintasunerako organoaren Zuzendari Orokorrak, banatu zuen saria, eta bere hitzaldian Mutualiak banatzen dituen sari hauek suposatzen duten aurrerapausoa nabarmendu zuen, baieta enpresek problematika hau modu ikusgai eta sistematiko batetan abordatzeak duen garrantzia.

Petronorrek akzesit bat jaso du “Jazarpenaren kontrako prebentzio protokoloa eta laguntza psikosoziala” lanarengatik, eta Metro Bilbaok aintzatespena jaso du “Laneko jazarpenaren aurreko jarduketarako protokoloarengatik”.
Jardunaldian, Izaskun Urien andrean, azken hamar urteetan laneko istripu maila murrizteko egindako esfortzua aintzatesten duten Zero Bidean errekonozimenduak banatu zituen. Errekonozimendu hau lortu duten enpresak Jauregizar Promoción y Gestión Inmobiliaria, Sisteplant, ZIV Metering Solutions eta Voith Hydro izan dira.
Errekonozimendu hauen bitartez, Mutualiak jardunbide, metodologia, tresna… onak ezagutarazi nahi ditu bere kide diren enpresen artean, ideiak zabaltzeko, kontzientziatzeko eta eredu izateko.

Apirilaren 28an, laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko egunean, Mutualiak Bilboko Metroko hainbat geltokitatik pasako den erakusketa ibiltaria antolatu du, beste ekitaldien artean.
Ekimen horren helburua da Laneko Arriskuen Prebentzioak langileen egunerokotasunean duen garrantzia nabarmentzea. 15 argazkik osatuko dute erakusketa, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualiaren 12 argazki-lehiaketetan parte hartu duten 1.000 argazkien artean aukeratuak.
Argazkiak formatu handian inprimatu dira eta hainbat testu, datu eta gogoetarekin batera aurkeztuko dira, gutako bakoitzak duen eta izan dezakeen eginkizunaz kontzientziatzearren, laneko istripuak eta lanbide-gaixotasunak saiheste aldera.
Mutualiak prebentzioari erreparatzera animatzen zaitu.

Erakusketa maiatzaren 16a arte bisitatu ahal izango da Abandoko geltokiko sarbideetan, eta, ondoren, San Mamesen ekainaren 17a arte eta Moyuan uztailaren 1etik 29ra.

Erakusketa hori apirilaren 28an laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko eguna ospatzeko antolatutako jardueren artean kokatzen da, eta aurken honako goiburu hau izango du:
«Laneko estresa: taldeko erronka bat».
Gaur egun, langile askok presio handia jasan behar izaten dute lan-bizitza modernoaren eskakizunak betetzeko. Lantokietako giroak gero eta estresagarriagoak dira, lehiakortasun handiagoaren, errendimenduaren inguruko itxaropen handiagoen eta lan-ordu luzeen moduko arrisku psikosozialen eraginez.

Laneko segurtasunaren eta osasunaren munduko eguneko ospakizuna urtero antolatzen den nazioarteko kanpaina batean datza, lan seguru, osasuntsu eta duina sustatzeko helburuarekin. Apirilaren 28a da, era beran, munduko sindikatuen mugimenduak hautatutako data laneko istripuetako eta lanbide-gaixotasunen biktimei omenaldia egiteko.

Mutualiak, Adegi, Cebek eta Sea-rekin elkarlanean eta INSHT eta OSALAN-en lankidetzarekin, zuzeneko hiru jardunaldi antolatu ditu nork bere Laneko Arriskuen Prebentzioa kudeatzeak dituen abantailak eta mugak azaltzeko.
Jardunaldiak EAEko hiru hiriburuetan gauzatuko dira eta 25 langile baino gutxiago dituzten eta, beren jardueraren eta barne-antolakuntzaren arabera, beren prebentzio-jarduera kudeatzeko aukera aintzat hartzen duten mutualitate-enpresa guztiei zuzenduta egongo dira.
Jardunaldien datak eta tokiak:
Jardunaldian, OSALAN-ek autokudeaketa horren lege-esparrua eta bere mugak azalduko ditu. Bestalde, INSHT-ek prevención10.es zerbitzua aurkeztuko du, prebentzio-jarduera kudeatzeko eta kontrolatzeko lanabesa. Lanabes hori etengabe garatzen ari da eta azken urteetan garrantzi handiko berrikuntzak izan ditu, 25 langilerainoko enpresetako prebentzioaren autokudeaketaren mesederako.
Jardunaldian, era berea, bere prebentzio-jarduera kudeatzeko prevención10 lanabesa erabili duen enpresa baten esperientzia praktikoari helduko zaio. Azkenik, Mutualiatik eskaintzen dugun laguntza- eta euskarri-lana azalduko da, oro har enpresa txikien prebentziorako sailari eta zehatzago prevencion10 lanabesari dagokienez.
Aukera hau aztertu nahi duten enpresa guztiak jardunaldietan izena ematera animatzen ditugu.

Mutualiak animatu egiten zaitu begiak irekitzera eta zure inguruko arriskuez eta prebentzio-neurriez ohartzera. Prebentzioa fokuratzeak saria dauka.
Apirilaren 28an, laneko segurtasun eta osasunaren egunean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualiako 13. argazki-lehiaketa abiaraziko da. Ekimen horren bitartez, Mutualiak jarrera seguru eta osasuntsuez kontzientziatzeko eta horiek sustatzeko asmoa du, bai lanean eta bai gure eguneroko jardueretan.
Lehiaketak hiru sari izango ditu:
Doan parte hartu ahal izango da, eta 18 urtetik gorako pertsona guztiek parte hartu ahal izango dute, argazkigintzako afizionatuek nahiz profesionalek.
Lehiaketarako argazkiek jatorrizkoak izan behar dute eta prevencion@mutualia.es helbidera bidali behar dira, irudiaren “azalpen-orri” batekin batera.
Argazkiak aurkezteko epea 2016eko maiatzaren 31n amaituko da.

Noiztik ari da Francisco Espinosa y Compañía SL zerbitzuak ematen?
Gure enpresa 1971n jaio zen, nire aita Francisco Espinosa López profesional bezala bere kasa lanean hasi zenean. Sozietatea berez 1979an sortu zen.
Ematen dituzuen zerbitzuak alor fiskalekoak bakarrikdira?
Francisco Espinosa y Compañía SL enpresan mota guztietako zerbitzuak ematen ditugu, alor fiskalean eta merkataritza-alorrean. Aholkularitza fiskal integral jarraitua nahiz noizbehinkako zerbitzu zehatzak (berregituraketa-operazioak, Zerga Ikuskaritzaren aurreko agerraldiak, testamentu-epaiketak…) eskaintzen ditugu.
Gainera, gure taldeko beste sozietate batzuek gure bezeroen beharrei erantzuten diete beste alderdi batzuetatik: kontabilitatea (ASERCONTA SL), lan-arloa (SERVICÍS Y ASOCIADOS SL) eta auditoretza (MOORE STEPHENS AMS SL).
Horretaz gain, itun profesionalak ditugu izen handiko beste bulego batzuekin, alderdi zibilak, penalak, jabetza intelektualekoak eta tankerakoak lantzeko.
Zenbat jendek egiten du lan taldearen sozietate guztietan?
Gure sozietateak Bilbon, Logroñon eta Gasteizen ditu bulegoak. Francisco Espinosa y Compañía SLn 32 lagunek egiten dugu lan. Taldean, 70 inguru gara.
Zer motatako bezeroak dituzue?
Denetik daukagu. Tamainari dagokionez, bere kasa dabilen enpresariak eta atzerrian filialak dituzten enpresa handiak dira gure bezeroak, baina tartean profesional liberalak eta ETEak ere baditugu.
Forma juridikoari dagokionez, merkataritza-sozietateak ditugu, pribatuak nahiz publikoak, eta fundazioak, irabazi asmorik gabeko erakundeak, kooperatibak, ABEEak, EITak… jarduera-alor guztietan.
Zer eragin izan du krisialdi ekonomikoak zuen sektorean?
Bulego profesional batzuk eta haien bezeroen kopuru garrantzitsu bat desagertu egin dira 2007-2008 aldean hasi zen krisialdi ekonomikoaren eraginez; gainera, ordain-sariak bere horretan geratu dira.
Bulego askotan pertsonala gutxitzeko neurriak hartu dituzte eta ez dituzte soldatak igo.
Francisco Espinosa y Compañía SLn ondorio larri horiek saihesteko gauza izan gara, gure bezeroen leialtasunari esker. Fakturazioa krisialdiaren aurrekoaren antzekoa da eta ez dugu neurri gogorrik hartu behar izan lan-arloan.
Gainera, administrazio publikoek nabarmen igo dute enpresek eman beharreko informazioa, zergen bidez diru gehiago biltzeko eta kontrol handiago izateko. Horren ondorioz, bulegoetan lan-karga handiagoa daukagu, baina ezin diegu bezeroei inola ere ordainarazi.
Egoera horren aurrean, gure kasuan, sektoreari aplikatutako teknologian eta marketin-ekintzetan inbertitzea erabaki dugu, bezero zaharren leialtasuna indartzeko eta bezero berriak erakartzeko.
Zer azpimarratuko zenukete MUTUALIAREKIN duzuen harremanaz?
Elkarrekin daramagun denbora luzea, lehenik eta behin. Francisco Espinosa y Compañía SL sortu zen urtean bertan, 1979an, hasi ginen garai hartako Mutua Vizcaya Industrial mutualitatearekin elkarlanean.
Taldeko beste enpresa batzuk are lehenago (1975). Elkarrekiko konfiantzan oinarritutako harreman bat dugu, eta horrek eroso eta seguru sentiarazten gaitu.
Zeintzuk dira Francisco Espinosa y Compañía SLren balio estrategikoak?
Gure balioak egunero eramaten ditugu praktikara, ez dira idatzita daukagun zerbait soilik. Honako hauek dira:
Zein izan da balio horiek finkatzera eraman zaituzten prozesua?
Balio horiek finkatzeko prozesuan gure langile gehienek hartu dute parte. Gainera, gure bezeroen eta gurekin harreman komertzial hori izan ez arren ezagutzen gaituzten hirugarren batzuen ekarpenak ere bildu ditugu. Egia esan, balio horiek aspaldi finkatu genituen, eta uste dugu oraindik ere indarrean daudela. Ez hori bakarrik, etorkizunean ere eutsi beharko diegu.
Nola partekatzen dituzue balio horiek zuen bezeroekin?
Dedikazioari eta esfortzuari dagokienez, konpromiso bat dugu gure bezeroekin, planteatzen dizkiguten gaietan zerbitzu azkarra eta eraginkorra emateko. Esleitzen zaien aholkulariarekin hitz egitea erraza da, eta horrela gertuko pertsona bat dela sentitzen dute. Horrelako zerbitzu bat eman ahal izateko ahalegina egin behar dugu. Erakunde guztiaren inplikazioa jartzen dugu horretan, eta igarri egiten da.
Profesionaltasunari dagokionez, hainbeste araudi-aldaketa eta irizpide administratibo dituen sektore batean, uste dugu kalitatezko zerbitzu bat etengabeko prestakuntzaren bitartez baino ezin daitekeela eman.

Auzitegi Gorenak 2016-02-29an (1011/2015 errek.) eta 2016-03-16an (1535/2015 errek.) eman dituen bi epaiek doktrina ezartzen dute gure Zigor Kodearen 2015eko lege-erreformaren ondorioz iritsi den erregulazio berri horren inguruan.
Aipatutako lehen epaiak zenbait enpresak jarritako errekurtsoa aztertzen du. Enpresa horiek delitu bat egiteko bitartekoa izategatik kondenatu zituzten. Haietako biri desegiteko zigorra eta isuna ezarri zaie; hirugarren bati Espainian bost urtez merkataritza-jarduerak egitea debekatu, eta isuna ezarri zaio, osasun publikoaren aurkako delitu bat leporatuta (droga-trafikoa). Auzitegi Gorenak kondena berresten du, honako honetan oinarri hartuta:
– Egin den delitua haren gertaleku izan den pertsona juridikoari erantzukizun penala sor liezaioketen arau-hausteen lege-katalogokoa da.
– Delitu hori egin duten pertsona fisikoak pertsona juridikoaren kide dira, kasu honetan zuzenbideko eta egitatezko administratzaile gisa.
– Kondenatutako pertsona juridikoek ez zuten batere baliabiderik delituak prebenitzeko.
Bestalde, aipatutako bigarren epaiak higiezinen bitartekotzan aritzen den SM baten errekurtsoa aztertzen du. SM horri isun bat ezarri diote, eta bere lokala 6 hilabetez ixteko zigorra, maula-delitu bat leporatuta. Kondenatutako elkarteak defentsarik eza alegatu zuen bere errekurtsoan; auzian ez zituztela modu formalean inputatu argudiatu zuen, beren parte-hartzearen berri behin-behineko konklusio-idazki baten bitartez izan zutela, eta instrukzio kriminalean ez zitzaiola beren legezko ordezkariari entzun. Auzitegi Gorenak SMaren errekurtsoa onartzen du, eta kondena orotatik absolbitzen du, defentsarako haien funtsezko eskubidea urratu zelako, ez baitzitzaion aukerarik eman, instrukzioan zehar, bere legezko ordezkari eta defentsak pertsona juridiko inputatu gisa deklaratzera dei zezan, berme guztiekin.
Auzitegi Gorenaren 2016-02-29ko epaian nabarmendu beharreko doktrina:
– Pertsona juridikoaren jokabidea zehaztea garrantzitsua da bere erantzukizun penala baieztatzeari begira, 2015eko erreformaren ondoren. Analisi honetatik abiatu behar da:
– Beste galdera bati ere erantzuna eman nahi zaio: ea zer araubideren arabera izendatu behar den nortasun juridikoaren erantzukizun penal posiblea epaituko den prozeduran pertsona juridiko horren ordez arituko den pertsona fisikoa, baldin eta interes prozesalen gatazka bat gertatuko balitz delako ordezkaritza-funtzioak (ordezkariak eta administratzaileak) burutzera legalki deituta leudekeenen eta pertsona juridikoaren beraren interes independenteen artean, eta horrek, aldi berean, hirugarrenen eskubideei ere eragin baliezaieke, hala nola langileei, hartzekodunei, akziodun minoritarioei eta abarri.
Hori dela eta, Auzitegi Gorenak dei egiten du epaileek eta auzitegiek eragotz dezaten pertsona juridikoaren kontrako prozesu penalean ordezkari gisa jardutea erantzukizun penala ekarri dion delituaren erantzule posible gisa ere akusatuta dauden pertsona fisikoetako batek.
– Legezko exijentzia da delitu-jarduketaren ondorioz pertsona juridikoarentzat «probetxu» edo «onura» bat egotea, haren erantzukizun penala burutu dadin. Exijentzia hori edozein motatako onurari buruz ari da, baita igurikimen hutsei buruz ere, hala nola beste lehiakide batzuekiko egoera hobetzeari, baldin eta ordezkariak, administratzaileak edo mendeko hierarkikoak egindako delituaren gertalekua den pertsona juridikoaren irabaziei edo iraupen soilari begira onuragarria bada.
Auzitegi Gorenaren 2016-03-16ko epaian nabarmendu beharreko doktrina:
– Pertsona juridikoen erantzukizun penala ezin da baieztatu pertsona fisikoari egotzitako delituzko egitatea frogatze hutsetik abiatuta. Baztertu egiten da honako tesi hau: loturazko izaera (pertsona fisikoak egindako delitua) frogatutakoan, badela, besterik gabe, antolaketa-akats bat izan delako presuntzioa.
– Pertsona juridikoak «kasuaren gertakariak kontuan hartuta, gainbegiratzeko, zaintzeko eta kontrolatzeko dagozkion egitekoak larriki bete ez direnean» bakarrik erantzungo du. Hori dela eta, pertsona juridikoa ez da sozietate-jardueretan bere onura zuzenerako egindako delitu bakoitzaren eta guztien erantzule penala izango, ezta erantzukizun penaletatik kanpo geratzen diren ez-betetze ez hain larri edo arinen ondoriozkoak izan direnean ere.
– Pertsona juridikoei zigor posibleak ezartzeak (isuna, pertsona juridikoa behin betiko desegitea eta galtzea, etetea, lokalak edo establezimenduak ixtea, desgaikuntza eta kontu-hartze judiziala) Fiskaltzari exijitzen dio beste edozein zigorren jatorria justifikatzeko eskatzen zaion frogatzeko ahalegin bera egitea.
– Jakina, pertsona juridikoa inputatzeak ezin du alboratu pertsona fisikoari egotzitako erreferentziako delitua, baina haren ikerketan jarri beharko da arreta, egiturazko ikuspegi batetik. Beraz, kontrol- eta kudeaketa-mekanismoen gabezia ahalbidetu duten eta enpresan kriminaltasuna eragozteko prebentziozko sistemen lasaikerian eragin erabakigarria izan duten antolamendu- eta egitura-osagai horiei buruzko ikerketa izango da.
– Hori dela eta, kudeaketa-, zaintza- eta gainbegiratze-ereduen egiturazko gabezia delitu korporatiboaren erantzukizunaren oinarria den neurrian, errugabetasun-presuntzioaren eskubidea indarrean egoteak ezartzen du gainbegiratze-egitekoak larriki bete ez direla egiaztatu behar duela akusazioak.
– Ikertua den pertsona juridikoak, nolanahi ere, egokitzat jotzen dituen neurri frogagarri guztiak –aditu bidezkoa, agiri bidezkoa, lekuzko bidezkoa– baliatu ahal izango ditu, bere funtzionamendu zuzena frogatzeko, legea betetzeari dagokionez.
– Pertsona juridikoaren erantzukizun penalaren konplexutasunak ezinezko egiten du kasu guztietarako erabil daitekeen doktrina bat sortzea, eta beraz, kasu bakoitzak banako trataera izan beharko du.
Jose Angel Moral. Mutualiako lege aholkularitzako abokatua