Administrazio prozeduraren gaineko lege berria indarrean jartzea

Urriaren 1eko 39/2015 LegeaHerri Administrazioen Administrazio Prozedura Erkidearena (APE)2016ko urriaren 2an jarri zen indarrean haren 7. xedapenetako azkenari jarraikiz, (ahalordeen erregistro elektronikoa, erregistro elektronikoa, gaitutako enplegatu publikoen erregistroa, Administrazioaren sarbide-puntu elektroniko orokorra eta artxibo elektroniko bakarrari dagozkion ezarpenak salbuetsita geratzen dira, eta 2018ko urriaren 2anjarriko dira indarrean).

Berrikuntza garrantzitsuenak:

Legeak bere aplikazio eremua sektore publiko osora zabaltzen du. Halaber, sektore publikoaren (instituzionalaren) barruan, honako erakunde hauei aplikatuko zaie legea: lotutako administrazio publikoei edo haien mende dauden zuzenbide pribatuko erakundeei, zeinak lege honetako arauetan xedatutakoaren mende geldituko baitira berariaz haiei buruzkoak direnean eta, beti, administrazio-ahalak baliatzen dituztenetan.

Ordezkari moduan pertsona fisikoak ez ezik pertsona juridikoak ere aritu daitezkeela ezartzen du, erakundearen Estatutuek halakorik esaten baldin badute.

Bereizi egiten ditu interesdunaren identifikazioa eta sinadura, biak ala biak elektronikoak: oro har, lehenengoa da beharrezkoa, eta interesdunaren borondate eta onarpena egiaztatu behar denean baino ez da eskatuko bigarrena.

Administrazio Publikoekin harremana bitarteko elektronikoen bidez izateko eskubide eta obligazioa erregulatzen du.

–          Pertsona fisikoek uneoro aukeratu ahal izango dute Administrazio Publikoekin bitarteko elektronikoen bidez komunikatzen diren edo ez, arauren batek behartzen dituenean izan ezik.

–          Edonola ere, Administrazio publikoarekin bitarteko elektronikoak baliatuta komunikatzera behartuta daude honako hauek, gutxienez: pertsona juridikoak; nortasun juridikorik gabeko erakundeak; diharduten lanbidean jarduteko elkargo bateko kide izan behar dutenak, jarduera hori dela-eta administrazio publikoekin egin behar dituzten izapide eta jarduketetarako; Administrazioarekiko harremana elektronikoki izatera behartua dagoen interesdun baten ordezkari direnak; eta Administrazio publikoetako enplegatuek enplegatu publiko izateagatik administraziookin egiten dituzten izapide eta jarduketetarako.

–          Erregelamenduz, administrazioekiko harremana nahitaez bitarteko elektronikoz izan beharra ezarri ahal izango da zenbait prozeduratarako eta (haien gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik) bitarteko elektronikoetarako irispidea eta horiek erabiltzeko modua duten pertsona fisikoen multzo batzuentzat.

Administrazio-espedientea formatu elektronikoan: Haren osagai izan behar duten agiri, froga, irizpen, txosten, erabaki, jakinarazpen eta gainerako eginbideak ordenaturik batuz osatu behar da, eta barnean dituen agiri guztien aurkibide zenbakitu batekin joan behar du bidaltzen denean. Espedientean jaso behar da, orobat, hartutako erabakiaren kopia elektroniko ziurtatua.

Dokumentuak aurkezteko erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Administrazio bakoitzak erregistro elektroniko orokor bat izango du, hartan idazpena egiteko edozein agiri aurkezten edo jasotzen dela ere, bai eta beste organo edo herritar batzuei zuzendutako agiri ofizialak irteten direnean ere.

–          Interesdunek Administrazio publikoei zuzendutako dokumentuak honako toki hauetan aurkeztu ahal izango dituzte:

  • Zuzentzen zaizkion administrazio edo organismoaren erregistro elektronikoan.
  • Sektore publikoa osatzen duen edozein subjekturen gainerako erregistro elektronikoetan.
  • Posta-bulegoetan.
  • Espainiak atzerrian dituen ordezkaritza diplomatikoetan edo kontsuletxe-bulegoetan.
  • Erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan.
  • Indarrean dauden xedapenetan ezarritako beste edozein tokitan.

Administrazio publikoen aurrean eskura aurkezten diren agiriak erregistro-gaietako laguntzarako bulegoak digitalizatu egin beharko ditu; zein bulegotan aurkeztu diren administrazio-espediente elektronikoari gehitzeko, bulego horrek digitalizatuko ditu, hain zuzen. Jatorrizko agiriak interesdunari itzuliko zaizkio (arau batek honako hau ezartzen duenean izan ezik: Administrazioak zaindu behar izatea aurkezten diren agiriak edo nahitaezkoa izatea objektu edo agiri batzuk euskarri espezifikoren batean aurkeztea eta ondorioz ezin digitalizatu izatea).

Ahalordeen erregistro elektronikoak erregulatzen ditu:

–          Estatuaren Administrazio Orokorrak, autonomia-erkidegoek eta toki-erakundeek ahalordetze-erregistro elektroniko orokor bat izango dute, eta hartan inskribatu beharko dira, gutxienez, administrazio prozedura batean interesdun izan eta administrazio publikoen aurrean beraren izenean jarduteko ordezkari baten alde bera agertuz edo elektronikoki, apud acta ematen diren izaera orokorrekoak.

–          Ahalordetze-erregistro elektroniko orokorren eta partikularren bidez, baliozko moduan egiaztatu ahal izango da administrazio publikoen aurrean hirugarren baten izenean jarduten dutenen ordezkaritza, kontsulta eginez antzeko beste administrazio-erregistro batzuetan, merkataritza-erregistroan, jabetzaren erregistroan eta notario-protokoloetan

–          Merkataritza-erregistroak, jabetzaren erregistroak eta notario-protokoloen erregistroak elkarreragingarriak izango dira ahalordetze-erregistro elektroniko orokor eta partikularrekin.

Amaitutako prozedurentzako artxibo bakar elektronikoa. Amaitutako prozedurei dagokien artxibo bakar elektroniko bat izan beharko du administrazio bakoitzak, eta agirien benetakotasuna, osotasuna eta kontserbazioa bermatuko dituen formatu batean gorde behar dira.

Epeak orduka zenbatzea. Epeak ordutan jartzen badira, baliodunak dira egun baliodun bateko ordu guztiak

Egunetan zenbatutako epeen kasuan, larunbatak egun baliogabetzat joko dira.

Epeak datatik datara zenbatzea argitzen da. Epea egintza jakinarazten, argitaratzen edo administrazio-isiltasunez baiesten edo ezesten den egunean amaituko da. Muga-eguneko hilean ez bada hasierako egunaren baliokiderik, epea hilaren azken egunean bukatzen dela joko da.

Abuztua hilabete balioduntzat jotzen jarraituko da administrazio prozedurari dagokionez

Erregistro elektronikoak urteko egun guztietan 24 orduz dokumentuak aurkeztea posible egingo du.  Egun baliodunetako epeen zenbaketari dagokionez, agiria egun baliogabe batean aurkeztuz gero, hurrengo egun balioduneko lehenengo orduan egin dela erregistratuko da (arau batek beren beregi egun baliogabeetan jasotzea ahalbidetzen duenean izan ezik).

Prozedurak ebazteko gehienezko epea geldieran uzteko arrazoi berriak

–          Europar Batasunaren esparruan amaitu gabeko prozeduraren bat baldin bada, eman beharreko ebazpenaren edukia zuzenean baldintzatzen duena.

–          Prozedura ebazteko ezinbestekoa bada jurisdikzio-organo batek aldez aurretik irizpena ematea.

–          Administrazio publiko batek beste bati errekerimendua egiten badio legez kontrako deritzon egintza bat deusezta edo berrikus dezan, egintza hori izanik lehenak bere eskumenen barruan eman behar duen egintza baterako oinarria.

–          Ebazteko eskudun den organoak jarduera osagarriren bat egitea erabakitzen badu.

–          Interesdunek errekusazioa sustatzen badute prozedura bat izapidetzen ari den bitarteko edozein unetan.

APE berriak administrazio-isiltasunaren eragina erregulatzen du, 30/1992 Legean ezarritako oinarrizko lerroei jarraikiz, eta zehaztapen, osagarri eta berrikuntza batzuekin:

–          Prozeduraren gaia jarduera baterako irispidea izatea edo jarduera horretan aritzea denean, isiltasunak ezespen-balioa duela xedatzen duen legeak interes orokorreko arrazoi erabatekoetan oinarritu beharko du.

–          Isiltasunak ezespen-balioa izango du ingurumenari kalte egin liezaioketen jarduerak egitea dakarten prozeduretan eta administrazio publikoen ondare-erantzukizunari buruzko prozeduretan.

–          Ez da isiltasun positiborik izango isiltasun bidez ebatzitako eta isiltasunez diktatutako ekintzen aurka ezarritako gora jotzeko errekurtsoen kasuan, errekurtsoak hasierako administrazio prozeduran isiltasun positibotik salbuetsitako gaiei erreferentzia egiten badie.

–          Ziurtagiria ofizioz emango du ebazteko eskudun den organoak, hamabost eguneko epean, prozedura ebazteko gehieneko epea amaitzen denetik aurrera zenbaturik.

Jakinarazpenak:

–          Jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo dira, ahal dela; interesduna behartuta baldin badago bide horretatik jasotzera, beti.

–          Aurrekoa gorabehera, bitarteko ez elektronikoz egin ditzakete administrazioek jakinarazpenak kasu hauetan:

  • Jakinarazpena egiteko arrazoia interesduna edo haren ordezkaria erregistro-gaietako laguntzarako bulegoetan agertzea bada eta une horretan eskatzen badu komunikazio edo jakinarazpen pertsonala.
  • Administrazio-jarduketaren eraginkortasuna ziurtatzeko beharrezkoa bada jakinarazpena egiten duen administrazioko enplegatu publiko batek zuzenean emanez egitea jakinarazpena.
  • Jakinarazpenak paperean eginda ere, horiek interesdunaren eskura jarri beharko dira jarduten ari den administrazioaren egoitza elektronikoan, nahi badu haien edukia ikusteko modua izan dezan.

–          Jakinarazpen elektronikoa jasotzera beharturik ez dauden interesdunek noiznahi erabaki ahal izango dute, jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egin daitezela edo hala egiteari utzi dakiola.

–          Erregelamenduz, administrazioek jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egiteko betebeharra ezarri ahal izango dute zenbait prozeduratarako eta pertsona fisikoen multzo batzuentzat, beren gaitasun ekonomikoagatik, gaitasun teknikoagatik, dedikazio profesionalagatik edo bestelako arrazoiengatik egiaztaturik badago behar diren bitarteko elektronikoetarako irispidea badutela eta erabil ditzaketela.

–          Inoiz ez dira jakinarazpenak bitarteko elektronikoz egingo honako kasu hauetan: jakinarazi beharreko egintzarekin batera formatu elektronikora ezin bihur daitekeen elementuren bat igorri behar denekoak; obligaziodunaren aldeko ordainketa-moduren bat daramatenak, hala nola txekeak.

–          Interesdunari bide batetik baino gehiagotatik egiten bazaio jakinarazpena, lehenik egin zaionarena hartuko da jakinarazpen-datatzat.

–          Paperezko jakinarazpenetan aldaketak: interesdunaren bizilekuan jakinarazpena emateko 2. saiakera egiteko modua: Inor ez bada jakinarazpenaren kargu egiten, beste ahalegin bat egingo da, bakarra, hurrengo hiru egunen barruan eta beste ordu batean. Lehenbiziko jakinarazpen-ahalegina hamabost orduak baino lehen egin bada, bigarren ahalegina hamabost orduak baino geroago egingo da, eta alderantziz, betiere hiru orduko tartea utzirik, gutxienez, bi ahaleginen artean.

Jakinarazpen elektronikoak egitea:

–          Bitarteko elektronikoz egindako jakinarazpenak diharduen administrazioaren edo erakundearen egoitza elektronikoan agertuz egingo dira.

–          Egoitza elektronikoan agertzea zera da: interesdunak edo haren ordezkariak, behar bezala identifikaturik, jakinarazpenaren edukia eskuratzea.

–          Haien edukira sartzen den unean egintzat joko dira bitarteko elektronikozko jakinarazpenak.

–          Interesdunek jakinarazpenak eskuratu ditzakete Administrazioaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan, zeinak sarbideko atari baten moduan funtzionatuko baitu.

–          Jakinarazpena paperean egin nahiz bitarteko elektronikoz egin, administrazio publikoek abisua bidaliko dute interesdunak eman duen gailu elektronikora edo posta elektronikoko helbidera, eta, abisu horretan, adieraziko diote jakinarazpen bat eskura jarri diotela dagokion administrazio edo erakundearen egoitza elektronikoan edo eman duen helbide elektroniko bakarrean. Abisu hori ez emanagatik ere, jakinarazpena guztiz baliozkoa izango da.

–          Ez onartutzat joko da, haren edukia ez bada eskuratu jakinarazpena eskura jarri zenetik hamar egun natural igarotakoan.

Herritarren eskubideak administrazio publikoen aurrean eta interesdunen eskubideak administrazio-prozeduretan  Berrikuntzak:

–          Interesdunek aholkulari batez lagundutik jarduteko eskubidea dutela jasotzen du

–          Interesdunek dokumentu originalak ez aurkezteko duten eskubidea (aplikatzekoa den araudiak, aparteko kasuetarako, kontrakoa adierazten duenean izan ezik). Salbuespenezko moduan jatorrizko agiri bat aurkeztu behar badute, haren kopia kautotua eskuratzeko eskubidea dute.

–          Prozeduren izapidetzea nola doan jakiteko eskubidea eta bertako dokumentuen kopiak eskuratzeko eskubidea erregulatzen du, eskubide horiek bitarteko elektronikoak baliatuz erabiltzeko aukerarekin:

  • Informazioa Administrazioaren Sarbide Puntu Elektronikoan kontsultatzeko eskubidea, sarbideko atari baten moduan funtzionatuko duen gunean, hain zuzen.
  • Prozeduretan sartutako agirien kopiak emateko Administrazioak duen betebeharra konplitutzat joko da haiek eskura jartzen direnean administrazio eskudunaren Sarbide Puntu Nagusi Elektronikoan edo dagozkion egoitza elektronikoetan.

 

Jose Angel Moral. Mutualiako lege aholkularitzako abokatua

Inithealth, S.L.

Gonzalo Lopez eta Juan Carlos Santamariari, Inithealth, SL Enpresaren merkataritzako zuzendari teknikoa eta Negozio-Garapen Zuzendariari, egin diegu elkarrizketa, eta enpresa osasuntsu bat lortzeko erari buruz hitz egin digute.

Enpresek urteak daramatzate laneko istripuak eta gaixotasunak murriztu behar direla azpimarratzen, langileen segurtasuna eta osasuna hobetzeko.  Azken urteetan, laneko osasunaren ikuspegi osoagoa hedatu da. Ondorioztatu da ezinezkoa dela edo oso zaila dela hori lortzea, hau da, lanari dagokionez, bizitza osasuntsua izatea, arlo horretatik at izan gabe, eta alderantziz.  Teknologia digital berrien, aplikazio inteligenteen eta datuen interkonexioko plataformen sorrerarekin, ekimen horiek garatzeko hainbat aukera agertu dira, besteak beste, «enpresa osasungarri» deritzonarekin lotutako guztia.  Enpresa asko pauso hori ematen ari dira, eta horrek eragina izango du langileen motibazioan. Beraz, produktibitate handiagoa eta absentismo txikiagoa lortuko da, eta hori onuragarria izango da enpresarentzat zein langilearentzat.

Gaur Inithealth enpresaren arduradun biekin hitz egin dugu. Berritzailea da eta enpresei laguntzeko tresnen garapenean espezializatu da, enpresa osasungarria lortzea errazteko.

1-      Zer da enpresa osasungarria bat?

 

Enpresa bat osasungarria da, osasun-prebentzio eta -zaintzako araudia bete ez ezik, langileak enpresaren benetako balio direnean eta osasuntsuak direnean. Horretarako, osasun-kontzeptua OMEk deskribatzen duen moduan ulertu behar da: gaixotasunik ezaz gain, ongizate fisiko, psikiko eta soziala da osasuna.

Horretarako, kudeaketa-estrategiaren barruan helburu hori jarraitzen duten pertsona osasuntsuak, planak eta ekintzak izan beharko ditu.

 

2-      Zer tresna eta jarduketa gauzatu ditzakete enpresek osasungarriak izateko?

Gaur egun, prestakuntzako eta komunikazioko formatu ugari dago arlo horretan. Kasu batzuetan funtzionatzen dute, eta beste batzuetan, berriz, ez.  Uste dugu enpresak paper garrantzitsua eta aktiboa izan behar duela beren pertsonen osasunean, bai lanaldian, bai lanalditik kanpo. Horretarako, enpresaren barruan eta kanpoan erabiltzen diren tresnak izan beharko ditu. Hain zuzen, era ludikoan zaindu, estimulatu eta prestatzen duten tresnak. Eguneroko teknologiak balio erantsia ematen du horretarako.

3-      Nola laguntzen du zuen plataformak enpresa bat osasungarria izan dadin?

 

Alde batetik, enpresek gure Inithealth plataforma erabiltzen dute beren antolakuntza kontzeptu berritzaileekin lotzeko. Adibidez, teknologiarekin eta bizimodu osasungarriaren ohituren sustapenarekin.

Enpresek gure plataforma erabiltzen dute kanal baten gisa, eduki osasungarriak eskaintzeko eta langileei erronkak proposatzeko, ariketa fisikoaren arloan, elikadura osasungarriaren arloan eta emozioen arloan.

Plataformak aplikazio bat du, eta merkatuko 250 wearable eta aplikaziotara konektatuta dago, komunikazioa zuzena izan dadin eta erronken jarraipena automatikoa eta erraza izan dadin pertsonentzat.

Halaber, gure tresnak pertenentzia-sentimendua areagotzen du. Eta hori da, hain zuzen ere, talentua gordetzeko helburu nagusia, erronkak kolektiboak eta kooperatiboak izan daitezke eta.

Gure plataformak zerbitzu propioak eta hirugarrenen zerbitzuak integratzen ditu prebentzioaren esparruan eta bizitza osasungarriaren ohituren sustapenean.

 

4-      Zer enpresa motari zuzentzen zaio zuen plataforma?

Guk galdera hau egiten diegu beti giza baliabideen, prebentzioaren eta marketinaren zuzendariei: «Nahi al duzu zure bezeroek, langileek eta erabiltzaileek zure erakundea enpresa osasuntsuaren kontzeptuarekin lotzea? Hala bada, hitz egingo dugu».

 

5-      Nola neur daitezke langileen osasuna hobetzeko neurriak ezartzearen emaitzak?

Kudeaketa-panel bat eskaintzen dugu, plataformaren barruko jardueraren eta enpresaren sail eta lokalizazio ezberdinei proposatutako erronka-lorpenen inguruko estatistika-txosten handietara sarbidea duena.

Erronkak errazak dira: ibiltzea, bizikletan ibiltzea edo igeriketa egitea. Eta horiek motibatzeko mezuekin ematen dira, pertsonak bere aplikazio edo wearable gailuan jasotzen ditu. Ondorioz, osasun-parametroak hobetzen dira.

 

6-      Zer ondorio atera daitezke enpresa ezberdinetako esperientzia aztertuta?

 

Ordenagailuaren aurrean nola jesartzeari buruzko dokumentu bat emanda ere, jendeak bizkarreko mina izango du. Enpresak zein langileak enpresa osasungarriaren estrategiarekin bat egin behar dute. Gure plataformak parte-hartzera lagundu eta animatzeko tresna da.

Hauxe da ondorioa: Funtziona dezan, enpresak eta batez ere haren zuzendaritzak enpresa osasungarria xedatzeko beharrean sinistu behar du eta kolaboratzaileei transmititu behar die.

 

7-      Zer erronka dituzue etorkizunerako?

 

Gure ametsa da gizartea konprometitua egotea osasunaren kudeaketarekin. Horretarako, ahalbidetzen duten tresnen dohaintza egiten dugu, eta beren kolektiboari balio horiek transmititu nahi dizkieten bezero-enpresei esker amets horren bila ari gara.

Bizimodu osasungarriko ohiturak sustatzeko zerbitzuak eta osasun-zerbitzuen hainbat hornitzaile biltzen dituen plataforma izatea nahi dugu.

Teknologiak garatzen dituzten enpresek bere egitea nahi dugu, bai eta gara dezatela ere, beren bezeroen ezaugarriak aintzat hartuta.

Dagoeneko nazioarteko hedapenarekin hasi gara, eta ehealth sektorean lan egiten duten edo lan egiten hasi nahi duten enpresen eskutik dator.

Gabonetako ordutegiak 2016-2017

Gabonetan, Mutualiaren laguntza zentroen ordutegia aldatuko da.

Ordutegia (2016/12/26tik 2017/01/05 arte): 08:00-15:00 EAE ko zentroetan:

–       Azkoitia: (2016/12/26tik 2017/01/05 arte) Itxita

–       Iurreta: (2016/12/26tik 2017/01/04 arte): 08:00-17:00

(2016/12/30 eta 05/01/2017): 08:00-15:00

 

Informazio gehiago behar badozu, jarri harremanetan gurekin, galdeiguzu formularioaren bitartez edo kudeaketa sailaren telefonoan:

 

–       ARABA:       945 00 90 90

–       BIZKAIA:      94 425 25 00

–       GIPUZKOA:  943 42 65 00

Mutualia LAP ikasgelaren dibulgazioko eskaintza prestatzen ari gara 2017. urterako.

Jardunaldi teknikoak edo zure aburuz interesgarriak diren edo LAParen inguruko erronka berriei erantzuna ematen dieten tailerrak proposa ditzazula nahi dugu.

Mutualiak tresnarik efikazenak eta eraginkorrenak eman nahi dizkie enpresa elkartuei, prebentzioaren integrazioa sustatzeko, prebentzio-kudeaketa hobetzeko eta ezbehar-kopurua murriztea suspertzeko. Horregatik, urtero egutegi bat diseinatzen du, dibulgazioko eta hezkuntzako jarduerak dituena.

Ba al dago laneko arriskuen prebentziorako prestatu eta heziak izan diren pertsonak baino tresna hoberik ezbehar-kopurua murrizteko?

Aintzat hartuta, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaile garen heinean, bete behar dugun funtzioetako bat laneko arriskuen prebentziorako aholkularitza eta dibulgazioa dela, eta enpresen beharrak ezagututa, prebentzio sailetik dibulgazioko eskaintza diseinatzeko ahalegina egiten dugu, ikuspegi praktiko eta berritzailetik. Hartzaileen eta lortu beharreko helburuen arabera, ezaugarri ezberdineko jardunaldiak antolatzen dira.

Mintegi teknikoak:

Jardunaldi horiek prebentzioko profesionalei, zuzendariei eta agintariei zuzentzen zaizkie, eta pertsona horien prestakuntza eta ezagutza teknikoak hobetzea dute helburu. Ondorioz, enpresa elkartuen prebentzioko jarduera hobetuko eta ezbehar-kopurua murriztuko da.

Tailer praktikoak:

Tailer praktikoak dira nagusiki, langileei zuzenduak, eta gai espezifiko bat lantzen dute. Landutako arriskuari buruzko ezagutza praktikoak ematea dute helburua, bai eta horren inguruan kontzientziatzea ere.

LAP integratzeko jardunaldiak:

Agintari, zuzendari edota langileei zuzentzen zaizkien jardunaldi espezifiko horiek enpresarekin batera antolatzen dira, eta prebentzioko jarduera enpresaren maila guztietan integratzea dute helburu.

Kanpus birtuala:

Mutualiak enpresa elkartuen eta langileen eta babestutako langileen esku jartzen du kanpus birtuala. Bertan heziketako eta dibulgazioko jarduerak egin daitezke, laneko arriskuen prebentzioarekin lotutako gai ezberdinen inguruan.

Eskainitako jardunaldi eta tailerrek ez dute inolako kostu gehigarririk enpresa elkartuentzat.

Uste baduzu gai zehatz bat landu beharko litzatekeela, enpresa elkartuen, langileen eta babestutako langileen eskura jartzen ditugun edozein modalitateetan, jar zaitez harremanetan prebentzioko sailarekin.

prevencion@mutualia.es

LAPari dagokionez, enpresa elkartuek planteatutako zalantza eta beharrei erantzuna eta laguntza ematea dugu helburu.

MUTUALIAk CEBEK-ek bultzatutako ENPRESAN BARDIN proiektuan parte hartu du

Cristina Mendiak, MUTUALIAren izenean, Bizkaiko enpresetan berdintasuna sustatzeko «Enpresan Bardin»proiektuaren barne egindako gosarian parte hartu zuen pasa den azaroaren 15ean. Bertan hainbat ekintza proposatu ziren Cebek, Bizkaiko Enpresen Konfederazioaren gobernu-organoetan emakumeak egotea lortzeko.

Francisco Javier Azpiazu Cebek-eko idazkari nagusiak Cebek-en Gobernu Organoen hauteskunde-prozesuaren sistematika azaldu zuen.

 

Jarraian, Iñaki Garcinuño CEBEK-en presidenteak Fortec-en ikertzailea aurkeztu zuen. María Reulak aurkeztu zuen «Emakume enpresarien/zuzendarien parte-hartzearen eragina Bizkaiko enpresen gobernu-organoetan, eta, ondorioz, enpresa-elkarteen gobernu-organoetan» azterlana, Cebek-ek egin duena, Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin.

Ikerketaren arabera, zuzendaritza-taldeetan emakumeak egoteak sormena eta berrikuntza areagotzen ditu; beste ikuspegi bat eskaintzen dute. Gizarte-errekonozimendua eskuratzen dute horrela.

 

Gainera, emakumeak unibertsitateetan prestakuntza bikaina jasotzen ari direnez, hanka-sartze bat da «talentu eta goi-mailako kualifikazio» hori alde batera uztea, enpresetako zuzendaritza-postuetan aritzeko gai direlako. Gainera, argi dago genero-dibertsitateak enpresaren irudia eta ospea hobetzen dituela, sinesgarritasuna handitzeaz gain.

 

Aurkezpenean aurrerago, abantailak aipatu zituen: bizitza pertsonala, familiakoa eta profesionala kontziliatzeko neurriak ezartzeari esker, langileak konprometituago daude enpresarekin, talentua erakarri eta bertan geratzen da eta, azken batean, bizi-kalitatea hobetzen da.

 

Txostenean (www.cebek.es webgunean eskura daiteke), emakumeek zuzendaritzako postuetara iristeko dituzten oztopo eta zailtasun nagusiak aztertzen dira. Horiek, besteak beste, generoari eta antolakuntza-kulturari buruzko aurreiritzien eta kontziliazio-zailtasunen ondorio dira. Horrez gain, neurri eta ekimen eredugarriak proposatzen ditu erantzunkidetasunaren arloan.

MUTUALIA gonbidatu du Generación y Talento behatokiak, GENERATION WARS jardunaldian parte hartzeko.

Azaroaren 10ean, Repsolen egoitzan, Madrilen, belaunaldien arteko desberdintasunei buruzko jardunaldi bat egin zen; enpresetan, belaunaldi batekoek zein bestekoek interes desberdinak dituzte, eta horien artean urte askoko aldea badago, lan munduari buruzko ikuspegiak oso bestelakoak dira elkarren artean. Oso bestelakoak dira interes horiek, eta erakundeek hori kudeatu behar dute belaunaldien arteko oreka lortzeko eta denek izan dezaten aukera ahal duten onena emateko, eta ekarpen hori egin diezaioten enpresari, ezagutza-trukeari bide emanez.

Jardunaldia hasteko, Belaunaldi-talentuari buruzko eztabaida-mahaia egin zen.

Ondoren, BELAUNALDI DIBERTSITATEAREN DIAGNOSTIKOA azterketa aurkeztu zen, Belaunaldiarteko talentua aztertu duena enpresetan. Horren ostean, enpresetan belaunaldiarteko talentua kudeatzeko erronkei buruzko eztabaida-mahaia egin zen.

MUTUALIAk, gaian duen esperientzia agertu du Gipuzkoako Aldundiak antolatutako Berdintasun eta kontziliazioko Kongresuan.

Berriro ere, erakundeek MUTUALIA hautatu dute berdintasunari eta kontziliaziori buruzko jardunaldiak eta kongresuak antolatzeko.

Urriaren 27an eta 28an, MUTUALIAk Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko diputatuaren eskaera jaso zuen, aldundiak antolatutako Berdintasun eta kontziliazioko Kongresura bertaratu ezin zen Europako hizlarietako bat ordezkatzeko.

Cristina Mendia Mutualiak gai horretan dituen jardunbide egokien gainean jardun zen, eta horrekin proiektuak egoki aurrera egiteko lagundu zuen. Era horretan, berdintasunaren, dibertsitatearen eta kontziliazioaren arloetan izaera berritzailea eta aitzindaria aitortu zaio Mutualiari.

Markel Olano diputatu nagusiak Kongresuari hasiera eman zion eta parte-hartzaileekin hitz egin zuen, jardunaldian aktiboki parte hartuz.

Lehenengo jardunaldiaren amaieran, antolakuntzak afari bat egin zuen, hainbat herrialdetako hizlariak batu zirena. Hala, esperientziak eta ikuspegiak partekatzeko aukera paregabea izan genuen giro atsegin eta aberasgarrian.

EUSKADI FAMILIA 2016 Aitorpena MUTUALIArentzat

Azaroaren 11n, Mutualiak 17. Familiaren Astearekin kolaboratu zuen, jardunaldi bat antolatuz. Bilboko Gurutze Gorriaren egoitzan egin behar izan zen jardunaldia, ikaslegai gehiago zegoelako Henao kaleko ikastaro-gelan lekua baino.

Jardunaldia FAMILIA ADIMENTSUAK izenarekin egin zen, eta Antonio ORTUÑO psikologoa aritu zen hizlari, giro lasaia sortu, eta bertaratu zirenak adi-adi eduki zituena.  Inkesta bete zutenen % 90k adierazi zuen jakin minak geratu zirela, saio gehiago antolatu behar zirela eta bertaratzeko aukera izan ez zutenentzako esperientzia errepikatu behar zela. Saioak izandako arrakastak eta harrera onak pozez bete gaitu.

Gure kolaborazioaren ondorioz, azaroaren 15ean, asteartea, Bilboko Udalaren, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Eusko Jaurlaritzaren (Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburua Angel Toña ordezkari) ordezkariak eta gainerako agintariak bertan zirela, MUTUALIAk Euskadi Familia 2016 AITORPENA jaso zuen Euskaltel eta PWN enpresekin batera, kontziliazioarekiko konpromisoa serio hartu duen erakunde eredugarri izendatuta.

Saio berean, IBERDROLAk Euskadi Familia 2016 saria jaso zuen kontziliazioaren arloan egindako ibilbide luzeagatik, zehazki, amatasuna eta seme-alaben zaintza zein heziketa errazteko malgutasun-neurriengatik eta GURASOEN ESKOLA proiektuarengatik, langileen seme-alabek eskolarik ez duten denbora-tarteari loturiko premiak asetzen dituena.

Saioa amaitzeko Emilio Duró aritu zen. Tonu atsegin eta zuzenean, «Ezin da amore eman» hitzaldia eman zuen, eta aukera izan genuen Emilioren mezua jasotzeko, mezu baikor, indartsu eta tinkoa. Goazen bidetik jarraituko dugu.

ATECE Bizkaia elkartea «bazkide solidarioak» bilatzen ari da Bizkaiko enpresen artean

Gurekin harremanetan jartzen diren gobernuz kanpoko erakunde edo elkarteek egiten dituzten kanpaina sozialak hedatzen laguntzeko helburua duenez, Mutualiak, hil honetan, bere enpresa elkartuei eta langileei eta langile afiliatuei jakinarazi nahi die ATECE BIZKAIA duela 20 urtetik egiten ari den lana. Hartutako Kalte Zerebrala (HKZ) duten pertsonak integratzen, laguntzen eta beren ongizatea bermatzen dihardu.

Gure helburua da elkarte horrek nagusiki Bizkaiko enpresen artean abiatu duen kanpainaren berri ematea pertsona guztiei. «Bazkide solidarioak» behar ditu, kolaboratzaileen sarea handitu nahi duenez HKZ duten pertsonei laguntzen jarraitzeko, kolektiboaren inguruan sentsibilizatzeko eta beren beharrak ezagutzera emateko.

Zer da HKZ? Bat-bateko edozein kalte zerebral, istripu baten edo endekapenezkoa ez den gaixotasun baten ondorioz sortua.

Elkarte hori 1994an sortu zuten Hartutako Kalte Zerebrala duten pertsonen senideek, pertsona horiei arlo guztietan laguntza eta babesa emateko, bai eta familiako kideei orientazioa eman eta erakunde publikoen eta pribatuen aurrean beren eskubideak aldarrikatzeko ere. Horretarako, ATECE Bizkaiak 5 profesionaleko taldea du, laguntza psikologikoa, logopedia-errehabilitazioa eta neurologia-fisioterapiako zerbitzuak eskaintzen dituena. Horrez gain, aisialdi eta denbora libreko programak, esku-hartze psikosoziala familiarrekin eta herritarrak sentsibilizatzeko programak ditu. Gastuaren % 60 zerbitzu-prestazioarekin eta kideen kuotekin finantzatzen da, eta gainerakoa diru-laguntzekin, legatuekin eta dohaintzekin. Beraz, dirua biltzea funtsezko elementua da jardueraren jarraitasuna bermatzeko eta helburuak lortzeko.

 

Bazkide solidarioaren figuraren bidez, ATECE Bizkaiak enpresa konprometituak, enpresaren gizarte-erantzukizunaren zati bat HKZra bideratzen dutenak izango lituzke lagun, eta zeregin garrantzitsua jarriko lieke arloan-arloan, lankidetza-esparruak sortzeko bertan. Bazkide solidarioaren konpromisoa borondatezkoa da, eta urteko kuota bat ordainduko da (ekarpen horren % 20ren zerga-atxikipena egin daiteke, ATECE «erabilera publikoko eta interes sozialeko erakundea» da eta), ahal den neurrian, elkartearen ekimenak babesteko.

 

Gainera, enpresa eta pertsona guztiek kolaboratu dezakete, 2017ko egutegiaren banaketa-sarean parte hartuz eta egutegiak erosiz. Laster eskuratu ahal izango da, elkartearen arteterapia-tailerreko pinturekin.

 

Izan ere, HKZk gure gizartean duen hedapena ikusgarri egin behar da; Euskadin KHZ duten 19.000 pertsona dagoela kalkulatzen da, eta urtero, ia 6.000 kasu berri gertatzen dira.

 

BAT EGIN Hartutako Kalte Zerebrala ezagutzera emateko, desgaitasunaren kausetako bat da eta EGIN ZAITEZ BAZKIDE SOLIDARIO!

 

Informazio gehiago eskuratzeko, idatzi helbide honetara: atecebizkaia@gmail.com

ATECE Bizkaiaren kontu-zenbakia: ES67 2095 0000 78 3830806771