LSHIN-Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionalaren izena hau izango da aurrerantzean: «Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizatearen Institutu Nazionala»

2017ko uztailaren 7ko Ministroen Kontseiluak, Errege Dekretu baten bidez, Enplegu eta Gizarte Segurantzako Ministerioaren egitura organikoa berritzea onartu zuen. Dekretu horretan sartu zen, halaber, LSHIN izena eguneratzea helburu honekin: «Laneko segurtasun eta osasunarekin gero eta sentsibilizatuagoa dagoen gizartearen eskarira egokitzea, ongizate sozialaren funtsezko zatia baita».

Laneko Segurtasun, Osasun eta Ongizatearen Institutu Nazionala Estatuaren Administrazio Orokorreko erakunde zientifiko eta teknikoa da; bere zeregina laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak aztertzea eta ikertzea da, baita horiek guztiak sustatzea, eta haien hobekuntzaren euskarri izatea ere.

Hala laneko istripuak eta gaixotasun profesionalak murritzeko nola laneko segurtasun- eta osasun-baldintzak hobetzeko benetako kultura prebentibo bat ezarri behar da.Horretarako, institutuak eskura dauden baliabide eta iturriak eta komunikazio-mekanismoak hobetzeko ahaleginak egiten ditu.

Institutuak, besteak beste, funtzio hauek ditu:

  • Aholkularitza teknikoa, legeak egiteko eta normalizazioa aurrera ateratzeko orduan, estatuan zein nazioartean.
  • Lan-arriskuak prebenitzeko arloan, prestakuntza-, informazio-, ikerketa-, azterketa- eta zabalkunde-jarduerak sustatzea, eta, hala badagokio, gauzatzea. Behar izanez gero, koordinazio eta elkarlan egokia izango da autonomia-erkidegoetako prebentzio-arloko organo teknikoekin, horiek arlo honetan dituzten eginkizunak gauzatzean.
  • Lan eta Gizarte Segurantzaren Ikuskaritzari laguntza teknikoa ematea eta harekin elkarlanean aritzea, Administrazio Publikoen alorrean institutuak duen zaintza- eta kontrol-funtzioa betetzeko (Laneko Arriskuak Prebenitzeko Legearen 9. artikuluan aurreikusia).
  • Nazioarteko erakundeekin elkarlanean aritzea, eta esparru horretan nazioarteko lankidetza-programak gauzatzea, eta horietan autonomia-erkidegoen partaidetza erraztea.
  • Administrazio Publikoen arteko koordinazioa zaintzea, horien arteko informazio- eta esperientzia-trukea babestea eta, bereziki, autonomia-erkidegoetan segurtasuna eta osasuna sustatzeko jarduerak egin daitezela sustatzea eta laguntzea.
  • Eskumena duten administrazioekin bat etorriz, laguntza tekniko espezializatua ematea ziurtagiri, entsegu eta akreditazioen inguruan.
  • Erreferentziako Zentro Nazional gisa jardutea Europar Batasuneko erakundeekiko harremanetan, maila nazionalean eskaintzen duen informazioa koordinatu eta transmititzen dela bermatuz, bereiziki Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziarekin eta horren sarearekin.
  • Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren Idazkaritzaz arduratzea, behar duen laguntza tekniko eta zientifikoa eskainiz bere eskumenak garatu ahal izateko.
  • Bere helburuak betetzeko eta dituen eskumenen baitan esleitzen zaizkion helburuak betetzeko behar diren funtzio guztiak egitea, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Batzorde Nazionalaren arabera, eta, halakorik bada, alor horretan eskumenak dituzten autonomia-erkidegoen erakunde teknikoen lankidetzarekin.
 www.insht.es/

Uztailean Bonus pizgarria eman zaie elkartutako enpresei laneko istripuen kopurua murrizteko egindako ekarpenagatik

Uztailean Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen mutualitateak, Bonus pizgarriak banatu ditu, laneko istripuen kopurua murrizteko egindako lana saritzeko.
Laneko Arriskuen Prebentzioan egindako ekarpena saritzeko pizgarria jaso dute honako enpresa hauek:
 BAHIA BIZKAIA ELECTRICIDAD, S.L.
BIELE, S.A.
DEP.DENTAL CORREA, S.L
DIPUTACION FORAL GIPUZKOA-GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIA
GIROA, S.A.U.
LAMINCER, S.A.
MERCEDES-BENZ ESPAñA, S.A.
METRO BILBAO, S.A.
MUNKSJO PAPER,S.A.
QUIMICA DE MUNGUIA,S.A.
SDAD FINANCIERA Y MINERA, S.A.
SERBITZU ELKARTEA, S.L.
SOCIEDAD INFORMATICA GOBIERNO VASCO
TALLERES DE ESCORIAZA, S.A.U.
 Mutualiatik zorionak eman nahi dizkiegu enpresa saritu guztiei.
Pizgarri hori Gizarte Segurantzaren Antolamendurako Zuzendaritza Nagusiak ematen du, eta Mutualiak ordaintzen du, laneko istripuak murriztu eta prebenitzeko ekarpen berezia egin duten enpresei kontingentzia profesionaletako kotizazioa murrizteko sistema bat ezartzen duen araudian zehaztutako baldintza guztiak betetzen direla egiaztatu ondoren.

Ignacio Lekunberriri egindako elkarrizketa

“Euskaraz lan egiten dugunok enpresen aitortza handiagoa jaso beharko genuke”

Arabako ‘La Previsora’, Bizkaiko ‘Mutua Vizcaya Industrial’ eta Gipuzkoako ‘Pakea’ dira Mutualiaren sustarrak. 2006an bat egin zuten eta Mutualia sortu zen. Gaur egun, mutua erreferentea da Euskal Autonomia Erkidegoan eta % 43ko merkatu kuota dauka. Ignacio Lekunberri bilbotarra da zuzendari orokorra, 30 urte daramatza Mutualian, kargu ezberdinetan. Badira bi urte itsasontzia eramateko ardura hartu zuela.

Ignacio Lekunberri – Mutualiako zuzendari orokorra

 

Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehenengo mutua zarete, % 43ko merkatu kuotarekin. Azken urteetan asko hazi zarete, ezta? 

Bai. Baina, haztea ez da gure helburua. Gure helburuak dira, zerbitzuen kalitatea hobetzea, eraginkorragoak izatea, bezeroen gogobetetze maila handitzea, gure pertsonen asebetetzea handitzea eta gure marka hobetzea.

Mutuen sektorean, ordea, helburu konplikatuak dira horiek, bereziki markaren ospearen hobekuntzarena. 

Mutuen sektorea konplexua da. Estatuan 20 mutuek elkarrekin egin beharko genuke lan mutuen irudia hobetzeko. Oro har, mutuek ez dute erreputazio onik. Kaleko iritzitik aldenduta Mutualiaren bezeroek, ordea, bestelako iritzia dute. Hau da, Mutualiaren bezeroen % 95 oso pozik daude. Edozelan ere, ez da ahaztu behar gure zerbitzua istripua izan duen langileak jasotzen duela, eta egoera hori ez da samurra izaten. Oro har, hiritarrek zerbitzu ona jasotzen badute, ez dute txalotzen; zerbitzu txarra jasoz gero, ordea, edozeinek zabaltzen du iritzi negatiboa.

Zein da Mutualiak eskaintzen duen zerbitzu mota? 

Guk bi bezero mota ditugu, pertsonak eta enpresak. Langileak zuzenean gure zerbitzua jasotzen du eta enpresak asegurua egiten du. Eskaintzari dagokionez, bi prestazio mota eskaintzen ditugu. Bat ekonomikoa eta, bestea, osasun arreta. Langile batek istripu bat izaten badu eta bajan baldin badago, ordaindu egiten diogu baja hori eta, gainera, asistentzia sanitarioa ematen diogu. Altan egonda ere, osasun arreta bermatzen zaio. Euskal Autonomia Erkidegoan 18 zentro ditugu zerbitzu hori eskaintzeko.

 

Euskararen arloan ere, dinamikoak zarete. Estrategia aktiboak bideratu dituzue eta, besteak beste, Bai Euskarari Ziurtagiria eskuratu duzue.

2011n egindako Plan estrategikoan ikusi genuen euskararen presentzia txikia zela eta neurriak hartu behar genituela. Gure langileen arteko eta bezeroarekiko harremana euskaldunagoa izatea nahi genuen. Guk mutua euskalduna izan nahi genuen eta handik aurrera bitartekoak ipintzen ari gara hori lortzeko. Euskarak bereiztu egin behar gaitu. Hala, orain dela urte batzuk diagnostikoa egin genuen eta ondoren etorri ziren politika linguistikoaren definizioa, euskara plana, euskara taldearen sorrera… Hori horrela izanik, euskara taldeak proposatu zion zuzendaritzari euskararen arloko politika eta estrategiak. Eta hori guztia praktikara eramateko, dinamizatzailearen lanpostua ere sortu genuen, adibidez.

 

Noiztik ari zarete euskararen sustapenean lanean? 

Enpresaren lehenengo Euskara Plana 2012-2014an jarri zen abian, eta bigarrena, une honetan indarrean dagoena, 2015-2020 garaiari dagokio. Une honetan gure lankideak formatzen ari gara enpresan bertan eta lan orduetan. Ikastaroetan ditugun langile kopurua igotzen joan da, 47rekin hasi ginen eta, gaur egun, 76 daude prestakuntza jasotzen. Gainera, enpresa-itunetan ere, euskara ikasteko baliabideak eskaintzen dira. Gure taldeko norbaitek euskara ikasi nahi duela esaten badigu, eta Mutualian bertan ez badauka aukerarik egiteko (ordutegia dela, maila dela…), euskaltegiko matrikularen % 100 ordaintzen zaio. Barnetegietara joateko aukera ere eskaintzen die Mutualiak bere langileei.

“Euskarak gure egunerokotasunean hurbiltasuna, gardentasuna, profesionaltasuna, abangoardismoa eta taldea ematen dizkigu”

Euskararen ikasketa prozesu horretan zuzendaritzak eredu izan nahi du, ezta? 

Halaxe da, bai. Zuzendaritza taldeko erdia baino gehiago euskaldunak edo euskalduntzeko prozesuan ari dira (orotara 21 pertsona gara).

Egunerokotasunean partekatzen dituzuen dokumentu eta gainerakoak ere euskaraz dituzue.

Ia gure dokumentazio guztia, baliabide informatikoak, materialak… euskaraz eta gaztelaniaz ditugu. Edozelan ere, guztia euskaraz izateko prozesua luzea izango da, dokumentu eta txosten asko baititugu eta ohitura aldaketa eragin behar delako. Lan horretan Bai Euskarari Ziurtagiriaren `Bidean´ agiria jaso dugu eta lagungarria izango da guretzat. Oraindik, bigarren euskara planaren erdian gaude eta helburua da bai kanpo harremanak zein barne harremanak euskalduntzea. Hizkuntza eskubideei erantzun nahi diegu; euskaraz lan egin nahi duenak euskaraz lan egiteko aukera izan behar duelako eta euskaraz zerbitzua jaso nahi duenak eskubidea duelako.

Euskara balio bat da baina badituzue beste batzuk. 

Hurbiltasuna, gardentasuna, profesionaltasuna, abangoardismoa, eraginkortasuna eta taldea… horiek dira gure balioak eta euskarak gure zerbitzu zein egunerokotasunean hori guztia ematen du. Mutualiako pertsona guztiek erabaki dute horiek izango direla gure balioak. Guztion artean erabaki dugu. 600 pertsona gara EAEn eta lan handia egiten ari gara gure marka eta balioen arloan.

Euskararen arloan proiektu bateratuetan ere parte-hartzen duzue.

Euskararen arloan ahalik eta gehien batzen saiatzen gara. Osakidetzarekin elkarlanean ari gara. Identifikazio sistemarekin hasi ginen eta ondoren sinatutako akordioari esker, baliabideak tartekatzen ari gara. Jendaurrean erabili proiektuan ere parte hartzen dugu. Era berean, “Osasuna eta hizkuntza” izeneko EHUren Udako ikastaroan parte hartuko dugu. Eusko Jaurlaritzarekin eta Osakidetzarekin batera plazaratu genuen fisioterapeuten hiztegia euskaraz. Ikusten duzunez, badira euskara sustatzeko hartzen ari garen neurriak eta sustatzen ditugun proiektuak.

Komunikazioaren arloan ere euskara erabat integratuta duzue.

Komunikazioaren arloan hedatzen ditugun eduki guztien % 80 euskaraz argitaratzen ditugu. Guk, normalean, EAEn zein Madrilen erantzun eta komunikatu beharra daukagu eta badaude eduki batzuk soilik gazteleraz sortzen direnak, Madrilera begira. Hona bideratuta dauden guztiak euskaraz izaten dira. Sare sozialetan ere bi kontu ditugu, euskaraz eta gaztelaniaz, eta aldizkaria ere badugu, elebiduna.

Ahalegin horrek guztiak gizarte zein enpresen aitortza izango du, ezta?

Ez pentsa. Penagarria da merkatuak ahalegin hau ez saritzea. Euskaraz lan egiten dugunok hemengo enpresen aitortza handiagoa jaso beharko genuke, baina batzuek ez digute aukerarik ematen, nahiz eta bere politikan euskara garrantzitsua izan. Elkarri lagundu beharko genioke eta euskara oinarrizko irizpide gisa erabili beharko litzateke.

Etorkizunera begira, zer?

Hizkuntza ohiturak aldatzea da gehien kostatuko zaiguna. Euskara arlo pribatutik arlo publikora eraman behar dugu. Hemendik aurrera euskara gaitasuna lortzeko prestakuntza guztiz lotuta egongo da gure laneko zereginekin. Horrekin bermatu nahi dugu normaltasun osoz Mutualian euskaraz lan egin ahal izatea.

 

Sortzailea: Bai aldizkaria – Bai Euskarari Ziurtagiriaren Elkartea

LAN-ABSENTISMOAREN PREBENTZIOARI ETA KUDEAKETARI buruzko mintegiak

Uda ondoren, irailean mintegi teknikoak eta beste ekitaldi batzuk antolatzen jarraituko dugu. Jarraian, aurreikusita ditugun ekitaldiak aurreratuko dizkizugu.

«LAN-ABSENTISMOAREN KUDEAKETA: IKUSPEGI TRADIZIONALETIK HARAGO» mintegia
Absenteen jarraipena eta kontrola egiteko ohiko ikuspegia ez dela nahikoa egiaztatu da denboran zehar; hori dela eta, guztiz beharrezkoa da absentismoaren fenomenoaren ikuspegia zabaltzea eta ikuspegi berriak aurkitzen saiatzea, absentismo-adierazleak kudeatu eta onartzeko moduko kopuruetara berriro eraman ahal izateko. Jardunaldi honek Bilbon eta Donostian izandako arrakastaren ondoren, iraileko 28an Gasteizen errepikatuko dugu.

 

«LANEKO ARRISKUEN PREBENTZIOA INTEGRATZEA, ERDI-MAILAKO BURUAK ETA PREBENTZIOKO TEKNIKARIAK LIDERGOAN TREBATUZ» mintegia.

Jardunaldi honen bidez, erdi-mailako arduradunei, zuzendariei eta prebentzioko teknikariei Laneko Arriskuen Prebentzioa integratzeko legezko betebeharrean haien inplikazioaren eta lidergoaren beharraren berri eman nahi diegu, eta egunerokoan lidergo hori garatu ahal izateko beharrezko esperientziak eta tresnak eman. Urriaren hasierarako (3rarko seguraski) , Bilbon, programatutako jardunaldia.

Eskuliburu berri baten aurkezpena, urriaren bukaeran, Bilbon; eskuliburu berri baten aurkezpena egingo dugu: «Prebentzioa eta lehen laguntzak ostalaritzan».

«GAITASUN PROFESIONALAK ENTRENATZEA ESTRESA SAIHESTEKO ETA GATAZKAK KONPONTZEKO» mintegia.

Maila profesionalean, buruko nekea, egitekoaren konplexutasuna, horrek sortzen dituen itxaropenak, oreka, norberaren ezaugarriak eta abar direla eta, gure lana behar bezala eta eraginkortasunez egiteko baliabide pertsonalik gabe geratzen gara batzuetan. Horrek, kasu batzuetan, antsietatea, autoestimu baxua, mentalki gainezka egitea eta abar eragin ditzake. Mintegi honetan emozioen autokontrolerako teknikak, gaitasun sozialen garapena, denbora kudeatzeko teknikak… emango dira ezagutzera. Honako deialdi hauek egitea aurreikusi da: Iraileko 21ean, Donostian; urriko 24ean, Gasteizen eta azaroko 28an, Bilbon

 

 

«BEREZIKI SENTIBERAK DIREN LANGILEEN GAINEKO KUDEAKETA PREBENTIBOA» mintegia

Donostian, azaroan egingo den jardunaldiaren helburua «langile bereziki sentiberen» kontzeptua mugatzea da, haiei buruzko araudi juridikoa ezagutzeko eta langile horien babesa bermatzen duen kudeaketa prebentiboaren gakoak lantzeko. Esparru bakoitzeko jendea egongo da, eta haien esperientziaren berri emango digute.

 

Programen inguruko informazioa eta noiz eta non emango diren unean-unean jakinaraziko da, haiek egin baino aste batzuk lehenago. Gure eskaintza zuen interesekoa izango delakoan, zuen zain geratzen gara.

Acredita postontziko medikuaren baja-prozesuen egunetako gorabeherak konpontzea

Kuoten likidazioan gorabehera bat sortu duen medikuaren baja-prozesu bat dagoela honela egiaztatu behar da (GSHAZn modu presentzialean agirien bidez egiaztatzea erabakitzen denean izan ezik –aldez aurretik hitzordua eskatuta): hala dagokionean, GSINren Zuzendaritza Probintzialetan berariaz gaitutako mezu elektronikoen (acredit@ postontziak) bidez, kasuan kasuko ABEren parteak bidaliz PDF formatuan. Parteek horien jatorriaren informazioa bildu behar dute.

GSDNk ikusi zuen adierazitako gorabeherak ebazteko atzerapenaren arrazoi ohikoenen artean zeudela horren jatorriaren deskribapen osatugabea, enpresarien iritziz, eta hori ebazteko funtsezko datu batzuk ez adieraztea.

Egoera hori saihesteko, erantsi dugun inprimakia sortu da, eta eranskin gisa gehitu beharko da acredita-ren helbide elektronikora:

acredita.inss-bizkaia.empresas@seg-social.es

acredita.inss-gipuzkoa.empresas@seg-social.es

acredita.inss-alava.empresas@seg-social.es

acredita.inss-madrid.empresas@seg-social.es

acredit@ postontzien formatua:


acredita.inss-[probintzia].empresas@seg-social.es

Inprimaki hauek betetzeko, jarraibide hauek hartu beharko dira kontuan:

  • Inprimaki bat bete beharko da langile eta medikuaren baja-prozesu bakoitzeko. Langile batentzat gorabeheraren bat daukan medikuaren baja-prozesu bat baino gehiago egongo balitz, gorabeheraren bat duen baja-prozesu bakoitzeko inprimaki bat bete beharko da. (txantiloia/inprimakia erantsi dugu)
  • GSINren acredit@ postontzi batera zuzendutako mezu bakar batean behar beste inprimaki erantsi ahalko dira.
  • Inprimakien eremu batzuk nahitaez bete behar dira; beste batzuk, ordea, emandako datuen arabera bete beharko dira edo osagarriak izango dira.
  • Nolanahi ere, eremuetan adierazitako informazioak bat egin behar du medikuaren baja-prozesuaren kasuan kasuko baja-parteen, baja berresteko parteen edo alta-parteen informazioarekin. Edozelan ere, gorabeheraren ebazpena bizkortzeko helburuarekin, beharrezkoa izango da kasuan kasuko medikuaren baja-parteak bidaltzea, PDF formatuan.
  • “Oharrak” eremuan gorabeheraren eduki zehatza deskribatuko da, bereziki, medikuaren baja-parteetan adierazitako informazioa eta enpresaren informazioa bat ez datozenean.

Azkenik, gogorarazten dugu acredit@ postontzien informazioa RED DIRECTO sistemaren eta Likidazio Zuzeneko Sistemaren bidezko kuoten likidazioekin lotutako gorabeherak ebazteko soilik erabil daitekeela.

 

Mutualiak 3Dn inprimatzearen alde egin du

Mutualiak, Donostiako Pakea klinikan, martxan jarri du helburu medikoak dituen 3D inprimaketa ezarri eta garatzeko proiektu bat. Mutualiak langileen asistentzia sanitarioa hobetzeko abangoardian jarraitzeko duen helburua bermatzen du aurrerapen garrantzitsu horrek.

Proiektu hau garatzeko, 3D inprimaketako teknikari, fisioterapeuta, erizain, mediku eta ingeniari biomedikoek osatutako talde berri bat sortu da; halaber, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniaritza Eskola, Tecnum, elkarlanean ari da.

Valentín Guerrero medikuak hau adierazi du: «Proiektu honen helburu nagusia da hausturen modelo fisikoak hiru dimentsiotan egitea; horiek aukera emango baitigute ebakuntzak planifikatzeko eta, horrela, kirurgia-denbora eta pazientearen segurtasuna hobetuko dira». Gaur egun, era berean, EMNen (erresonantzia magnetiko nuklearra) DICOM iruditik modeloak lortzeko ikertzen ari dira teknikoki posible den kasuetan. Horren helburua da OTAren (ordenagailu bidezko tomografia axiala) erabilerarekin pazientearen erradiazio-esposizioa saihestea.

Mutualiak, halaber, 3D teknologia erabili nahi du neurrira egindako ortesiak diseinatzeko alderantzizko ingeniaritzarekin, pazientea irradiatu gabe. Kasu honetan, interes medikoa duen gune anatomikoaren diseinua lortzeko helburuarekin gauzatzen den prozedura bat da alderantzizko ingeniaritza. Gorputzeko dena delako gunearen kopia batetik, 3D inprimagailuari esker, pazientea sendatzea erraztuko duten ferula edo ortesi pertsonalizatuak sor daitezke.

MUTUALIAK belaunaldien arteko lidergo-saioan parte hartu du: Baby Boomers belaunaldia

Uztailaren 4an, MADRILGO ENAGASen egoitzan, Cristina MENDIAk MUTUALIAren ordezkaritzan lan-saio batean parte hartu zuen. Gai hau aztertu zen saio horretan:

Nolakoak dira manager senior hauen zuzendaritza-portaerak? 

 

Generación & Talento BEHATOKIAk antolatuta, jardueraren helburua hau zen:

  • Belaunaldien arteko taldeen lidergoa errazten duten zuzendaritza-portaerak aztertzea eta identifikatzea
  • Managerren zuzendaritza-estiloak eta -portaerak beren belaunaldiaren arabera diagnostikatzea
  • Bide-orri bat diseinatzea, belaunaldi-taldeak kudeatzeko portaera mesedegarriak nola garatu zehazteko

 

Anfitrioi-lanak egin zituen enpresak harrera eta ongietorria egin ondoren, saioa hasi zen Behatokia unibertsitateko ikerketa-taldeekin elkarlanean egiten ari den ikerketen aurkezpenarekin; jarraian, bertaratuak hainbat taldetan banatu ziren: batzuek beren taldeetan belaunaldi berriak integratzean baby boomer belaunaldiko liderren mehatxuak eta aukerak adierazi behar zituzten, eta beste taldeek, horretarako deitu ziren aholkulariek osatuak, belaunaldi horretakoen zuzendaritza-portaerak nolakoak diren aztertu behar zituzten.

 

Kafearen atsedena lorategi batean izan zen, eta networkinga egiteko baliatu genuen. Horren ostean, berriz elkartu ginen jardunaldia amaitzeko; hala, datu guztiak trukatu eta aztertu genituen. Datu horiek ondorioak ateratzen lagundu zuten, eta baliagarriak izan ziren, halaber, jakiteko enpresa bakoitzak bere antolakuntzari buruz zer ikuspegi duen, belaunaldien arteko taldeak kudeatzeko portaera mesedegarriak garatzeko helburuarekin.

 

Saioan, batez ere, Giza Baliabide eta Pertsonen Kudeaketako zuzendari eta teknikariak izan ginen, baita Belaunaldien arteko Taldeen arduradunak, EGE, Dibertsitate, Talentu arduradunak eta Lider Transformatzaileak eta beste.  Guztiok genuen jakin-nahia eta Generación &Talento Behatokiak belaunaldi-dibertsitatearen alorrean proposatzen dituen ezagutza eta jardunbide egokien sarean lan egiteko gogoa.