Partzialtasun-ehunekoa aplikatzea enplegu bakarra galtzen duten lanaldi partzialeko langileen langabeziagatiko prestazioaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko.

(Auzitegi Gorenaren Lan Arloko Salaren 2018ko urtarrilaren 16ko Epaia. 370/2017 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)

Epaiak besteren konturako zerbitzuak, lanaldi partzialean eman zituen emakume langile baten kasua aztertzen du (lanaldi osoaren % 50agatik zehazki), non lan-harremana kausa objektiboengatik amaitu zen.

Langabeziagatiko prestazioaren eskaera aurkeztuta, Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak horretarako eskubidea aitortu zion, 720 eguneko aldi baterako, baita, hasieran, eguneko 18,12 euroko prestaziorako eskubidea ere. Zenbateko hori ateratzen zen % 50eko partzialtasun-ehunekoa aplikatuz ardurapeko seme-alabarik gabeko onuradunentzat ezarritako hileko gehieneko zenbatekoari. Orduan, izan ere, 1.087,20 eurokoa zen (errenten adierazle anizkunak –IPREM adierazleak– orduan indarrean zuen zenbatekoaren % 175a, seiren bat handiagotuta).

Langile horrek ebazpen horren aurkako demanda aurkeztu zuen, eta partzialtasunagatiko ehunekoa ezabatzeko eskatu. Lan-arloko epaitegiak ezetsi zuen, eta erabaki hori Gaztela eta Leongo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak berretsi zuen 2016ko azaroaren 30ean emandako epaian (1636/2016 errek.).

Langileak doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zuen, errekurritutako epaiaren eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak 2014ko apirilaren 21ean (1555/2013 errek.) emandakoaren artean dagoen kontraesana alegatuta. Errekurritutako epaiaren iritziz GSLOren 211.3 artikuluan xedatutakoarekin bat etorriz (testu bateginaren oraingo 270.3 artikulua) langabeziagatiko prestazioaren gehieneko zenbatekoa kalkulatzeko dagokion partzialtasun-ehunekoa aplikatu behar da, eta alegatutako epaiak, berriz, ulertzen du arau hori bakarrik jartzen dela indarrean erabateko langabeziarik ez dakarren lanaldi partzialeko enplegua galtzen denean, baina ez lanaldi partzialeko lana galduta langabezia erabatekoa denean.

Auzitegi Gorenak, 2018ko urtarrilaren 16ko epaiaren bidez, berretsi egiten du Salak 2016ko abenduaren 27ko epaian (3132/2015 errek.) jada bateratutako gai horretako doktrina. Epai hark ezarri zuenez, lanaldi partzialeko lan bat galtzekotan partzialtasun-ehunekoa ez da oinarri arautzailearen gainera proiektatu behar, prestazioaren gehieneko eta gutxieneko mugen gainera baizik. Ehuneko hori, bestalde, oinarri arautzailearen zenbatekoa zehazten duen azken 180 eguneko aldian lan egindako orduen batezbestekoaren arabera zehazten da. Horrenbestez, partzialtasun-ehunekoa langabeziagatiko prestazioaren gehieneko eta gutxieneko mugen gainean proiektatu behar da lanaldi partzialeko enplegua galduz gero, hau da, prestazioaren gehieneko zenbatekoa zehazteko orduan IPREM adierazlea hartu behar da kontuan lan egindako orduen arabera.

Epaiak adierazten du, halaber, lege-aurreikuspenak ez diola kontra egiten 97/81 Zuzentarauaren 4. klausulari (LCEur 1998, 124), lanaldi partzialeko lanari buruzko esparru-erabakiari buruzkoari, eta ez dela diskriminatzailea legezko mugak jartzea prestazioak jardueraren araberako modu proportzionalean jasotzeko. Horrez gain, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak lanaldi partzial bertikaleko lana prestazioaren iraupena erabakitzeko zenbatzeari dagokionez emandako erabakien aurkakoa ere ez da Auzitegi Gorenaren iritziz, hemen planteatutako auziak ez baitu loturarik zenbaketa horrekin prestazioaren iraupena erabakitzeko, haren gehieneko zenbatekoarekin baizik, erreferentziako aldian lan egindako orduen kopurua kontuan hartuta.

Kepa Bilbao

Aholkularitza Juridikoa

Argitaratu da ESS/214/2018 Agindua, martxoaren 1ekoa, RED sistema erregulatu eta eguneratzen duena

Aurreko ministro-agindua, martxoaren 26ko ESS/484/2013 Agindua, indarrean jarri eta lau urte baino gehiago igaro ondoren, erreformari ekin zaio, hiru helburu lortzeko:

  1. RED sistemaren aplikazio subjektiboko esparrua zabaltzea, kolektibo berrietara hedatuz; nagusiki, norberaren konturako langile edo autonomoetara.
  2. Neurrien aplikazioa erraztea, egokiago zehaztuz sistema horren bidez elektronikoki transmititu daitezkeen ekintzak, bai eta datuen trukaketa eta komunikazioko esku-hartzaileak ere.
  3. Ekintza horien barruan, datuak komunikatzeko modu berri bat sartzea, Gizarte Segurantzaren prestazioak azkarrago aitortzea ahalbidetuko duena.

 

Aginduak dakartzan aldaketen artean, zein dira nabarmenenak?

 

  • RED sistemak jarduketa berri bat transmititu ahal izango du, alegia, lan-kontratuaren etenduraren edo dagokion baimenaren hasiera-dataren enpresa-jakinarazpena, amatasun, aitatasun, haurdunaldiko eta edoskitzaroko arriskuengatiko prestazioak izapidetzeko, bai eta guraso, adoptatzaile edo hartzaileen lanaldi-murrizketenak ere –onuradun diren besteren konturako langileenak edo parekatuenak–, minbizia edo beste gaixotasun larri bat duten adingabekoak zaintzeko prestazioak izapidetzeko. Amatasun- eta aitatasun-baimenak 2018ko apirilaren 1ean jarriko dira indarrean; gainerakoa, 2019ko urtarrilaren 1ean.
  • RED sistema aplikatzea nahitaezkoa izango da LAABetan eta REMean integratutako norberaren konturako langileentzat; azken araudiko bigarren eta hirugarren kotizazio-taldetan sailkatuta daudenentzat izan ezik, norberaren konturako gainerako langileekin bat ez datorrelako. Nahitaezko integrazioa gauzatzeko epea: 6 hilabete, 2018ko apirilaren 1etik aurrera.
  • RED sistema ere nahitaezkoa izango da enpresa, enpresa-talde eta Araubide Orokorrean kotizatzeko eginbeharra betetzeko ardura duten gainerako subjektuentzat, merkataritza-ordezkarien kolektiboari eta Erretxinaren Industriaren Sistema Bereziari dagokienez; orain arte ez dira derrigortuak egon.
  • Arau bereziak dituzten beste subjektu arduradun batzuk.
  • RED sistemara sartzea ez da nahitaezkoa izango:
    • Araubide Orokorrean, enpresa, enpresa-talde eta kotizatzeko eginbeharra betetzeko ardura duten gainerako subjektuentzat, zezenketako profesionalen kolektiboari eta etxeko langileentzako Sistema Bereziari dagokienez.
    • REMean, urriaren 21eko 47/2015 Legearen 10. artikuluaren bigarren edo hirugarren kotizazio-taldeetako norberaren konturako langileentzat.

 

Agindua 2018ko apirilaren 1ean jarriko da indarrean, adierazten diren salbuespen batzuk izan ezik.

https://www.boe.es/boe/dias/2018/03/06/pdfs/BOE-A-2018-3080.pdf

Eibarko asistentzia-zentroaren irekiera

Hobekuntza lanak amaitu ondoren Eibarko asistentzia-zentroa (Barrena Kalea 20) datorren martxoaren 14an (asteazkena) irekiko dugula.

Azken hiru hilabeteetan egindako erreformei esker asistentzia-zentroaren espazioa handitu dugu, eta bereziki errehabilitazio eremua izan da zabalkuntza handiena izan duena. Horretaz gain, aldagela berriak egin ditugu, medikuen bulegoak eta senda-gela handitu eta zerbitzu orokorrak berregokitu ditugu.

Berrikuntza lan hauetan garrantzi berezia eman diogu erabiltzaileen mugikortasuna hobetzeari eta mugikortasun urriko pertsonen sarrera egokitu dugu.

 

Eibarko errehabilitazio eremu berriaren bideoa: 

Laneko istripu eta gaixotasun guztiak saihestu daitezke, arriskua identifikatu eta neurriak hartu behar dira.

Europar Batasuneko enpresek urtean 143 milioi lanaldi inguru galtzen dituzte laneko istripuen ondorioz, «Causes and circunstances of accidents at work in the EU»-ren arabera. Zentroen % 21,5ean laneko istripuak eta/edo gaixotasunak gertatu dira, azken bi urteetan, Enpresetan Segurtasuna eta Osasuna Kudeatzeari buruzko inkesta nazionalaren arabera (EKIN, 2009), LSHIN.

Alfonso García Cardó    Prebentzioa ez da kontu berria.