Familia bakarreko etxe baten kanpoaldeko ataripean erortzea. in itinere lan-istripua?

caida

Auzitegi Gorenak, lan-arloko Salaren 2018ko otsailaren 22ko epaian (1647/2016 DBKE), langile batek Galiziako Auzitegi Nagusiko lan-arloko Salaren 2016ko martxoaren 17ko epaiaren aurka jarritako kasazio-errekurtsoa ebatzi du. Azken horrek ezetsi egin zuen langilearen demanda, etxeko atetik irtetean (finka bat eta lorategia dituen familia bakarreko etxea), 7:10ean, ataripean labaindu eta eskuineko sorbaldaren gainean erorita, izan zuen lesioa lan-istriputzat hartzeari buruzkoa.

Langilea autoz joaten da lantokira, etxetik 7:00ak aldera aterata. Lan-ordutegi zatitua du, 08:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 17:00etara.

Auzitegi Gorenak gogorarazi duenez, «etxea» honela definitu du ondore horietarako: «langileak bizitza familiar, pertsonal, pribatu eta intimoko jarduera bereizgarriak egiteko erabili ohi duen toki itxia, hau da, oro har etxebizitza izendatzen dena, pertsonak bizitzeko eraikitako toki itxi eta estali bat».

Epaiaren arabera, «espazio zehatz hori uztea lan-jarduera egiteko ibilbidea hastearekin lotu behar da», istripua gertatu den unean «espazio pertsonal eta pribatu hori, bere benetako etxea, atzean utzia, eta lantokirako ohiko ibilbidea zerbitzu-emateari berrekiteko normalean erabili ohi duen garraio-bitartekoa erabiliz hasia zuen» baloratuz.

Komentatutako epaiaren arabera, ez dago kontraesanik kontrakotzat jotako epaiarekin, ez dutelako funts bera. Horretarako, gure kasuan, honako hau baloratzen du: «Finka batez eta lorategiz osatutako etxe batean bizi da, beraz, oraindik ez zebilen edozein pertsonarentzako irispide libreko leku batean eta, zalantzarik gabe, materialki ez da bere ohiko garraio-bitartekora iritsi (autoa hartzea)». Bereziki, kontrakotzat jotzen den epaitik bereizteko, kasu honetan, honako hau baloratzen du: «Istripua izan duen pertsona ez zegoen eskailera komunitarioetan, ezta beste bizilagun batzuekin partekatutako aparkalekuan edo hainbat eraikinetarako komuna den barruti itxi batean ere, bera titular bakarra den eremu batean baizik».

Hala ere, Auzitegi Goreneko lan-arloko Salak honako hau ere baloratzen du: «Gainera, langilearen familiak familia bakarreko etxeko ataripeari ematen dion erabilera alde batera utzita, egiazki, eremu horrek bertan bizitzeko eraikitako etxearen kokalekua den finkaren perimetroaren barruko bide edo lursail baten oso bestelako ezaugarriak ditu. Ez dirudi arrazoizkoa denik etxeko ataripea etxearen kokalekua den finkako bide batekin parekatzea».

Salak ondorioztatzen duenez, «ez gara baztertzen ari etxe bateko ataripea etxeko espazio esklusibo eta eskluientearen hormen kanpoko eremutzat jotzea. Esaten duguna da orain ebatzitakoa eta kontrastatzeko erabili den epaiko kasuak ezberdinak direla.

Bere etxearen ataripearen barruan gertatutako eroriko bat lan-istriputzat jotzeko eskatzen duenak kontraesankorra den epai bat aurkeztu behar du, bere kasua LJALk legez exijitutako baldintzen arabera ebazteko».

Beraz, Auzitegi Gorenak, nahiz eta ez duen kasuaren kasuistika zehatza sakonean aztertzen (familia bakarreko etxe bateko ataripean erortzea), kasu honetan in itinere lan-istriputzat kalifikatzeari edo ez kalifikatzeari buruzko arrazoiketaren oinarri izan daitezkeen argudioak ematen ditu.

 

JOSE ANGEL MORAL. Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

 

Boleibola. Osasuna eta dibertsioa

ekfb

Boleibola gure kirolen artean espazio garrantzitsua duen beste modalitateetako bat da. Euskal Kirol Federazioen Batasunak espezialitate dibertigarri horretan aritzea gomendatzen dizue; badugu euskal talderik lehiaketa ofizialean, esaterako: Galdakao, Sestao, Deusto, Lekeitioko Marierrota, Fortuna, Aranbizkarra eta Kostkas Igartza. Gainera, Maider Santxo Soto eta Kattalin García Lopategi hondartza-boleiboleko modalitateko jokalari gazteek Bizkaiko Foru Aldundiak ematen dituen Bizkaia Kirolak Sariak lortu zituzten orain dela gutxi. Atal honetan egin ohi dugun bezala, boleibolean aritzeak dituen askotariko onuretako batzuk aipatuko ditugu. Lekualdatze gutxiko kirol bat da; beraz, ez da hain zorrotza maila kardiobaskularrean. Hori dela eta, positiboa da pertsona batek denbora luze eman badu jarduera fisiko gehiegirik egin gabe. Kirol atsegina da ildo horretatik, bai eta indarrari begira ere, ez baitago kontakturik. Sare baten banantzen ditu bi taldeak. Alderdi aerobikoan nabarmentzen da, saltoak, azkartasuna eta arintasuna tarteko. Ez dugu tonu fisiko izugarri onean egon behar, ahalegin normala eginda aritu baikaitezke joko dibertigarri honetan. Boleibolean zangoak eta gluteoak trebatzen dira gehienbat. Belaunak flexionatuta daude beti, aurkariak sakea egin eta pilotaren zain; ondorioz, koadrizepsak gogortzen dira.

Salto egitean, batik bat saretik gertuen dagoen defentsak, edo errematea egitean, intentsitate handiz trebatzen dira bikiak eta abdominalak, ekintzak eskatzen duen zurruntasuna dela eta. Gainera, besoak etengabe goratzen dira, eta bizkarraren goialde osoa trebatzen da. Gimnasioan, pisuekin eta hainbat gailurekin eta abdominalekin egin daitezke jarduera hauek. EKFBren atal honetan jorratzen dugun kirol bakoitzak bere ezaugarri bereziak ditu, eta horiek ezagututa gehien komeni zaigunean aritzen has gaitezke. Kasu honetan, boleibola, osasunerako nahiz ongi pasatzeko da aproposa, dela estilo klasikoa, dela hondartza-boleibola. Azken hori gero eta zabalduago dago gure hondartzetan, batez ere orain uda gerturatzen ari zaigula.

Kide bakar batekin nahiz talde osoan jokatu daiteke boleibolean, eta pabilioi baten barruan nahiz hondartzan; beraz, modu bikaina da beste pertsona batzuekin batera egoteko. Erresistentzia hobetzen du, osteoporosia prebenitzen du, koipea eta kaloriak erretzen ditu, antsietatea murrizten du, metabolismoa errazten du, muskulu eta nerbioen errendimendua hobetzen du, baita kontzentrazioa ere, bihotz-osasuna handitzen du, obesitate-arriskua murrizten du, gorputzari forma ematen dio, barne-organoak elikatzen ditu, oreka eta abiadura optimizatzen ditu, begi eta eskuen koordinazioa hobetzen du, eta gaitasun aerobikoa egokitzen du. Eta oso kirol dibertigarria da. Gainera, jarraitutasuna izanez gero, gorputza hobe daiteke; alegia, tonifikatu eta pisua galdu. Halako jarduera batean arrakasta izateko oinarria, batik bat maila onean jokatuz gero, elikadura ona da. Boleibola talde-kirol popularrenetako bat izan da beti, futbolaz, saskibaloiaz, eskubaloiaz eta errugbiaz gain. Kirol honek kidearekin lan egiten irakasten digu, eta onurak dakarzkigu, bai gorputzaren osasunerako, bai sasoi onenean egoteko.

Jardunaldi zientifikoa: sistema muskulu–eskeletikoaren erradiologia larrialdietan

Berrogei bat lagun izan ziren prestakuntza-ekitaldian: lehen mailako arretako eta larrialdietako zerbitzuko medikuak, erizainak, izpien zerbitzuko eta errehabilitazioko kideak. Jardunaldian erabilitako metodologiaren ardatza izan zen bertan ikasitakoa kontsultetan berehala aplikatzen hasi ahal izatea.

Mutualiaren Arabako erabakimen azkarreko ospitaleko osasun-laguntzako zuzendari Javier Oleaga doktoreak eman zion hasiera ekitaldiari. Jardunaldiko hizlaria Enrique Arbaiza doktorea izan zen, Santurtziko San Juan de Dios ospitaleko traumatologiako larrialdietako medikua.

Programaren lehen puntua bizkarrezurraren (goiko aldea eta behekoa) eta sorbaldaren anatomia normalaren miaketa eta analisia izan zen. Adibideak emateko irudi eta bideoak erabili ziren, horietako asko eguneroko jardunetik hartutakoak, eta haiei esker erakutsi ziren irudi-probetan egiaztatu beharreko puntuak, aztertutako eremuetako lesio ohikoenak eta minaren iturburu posibleak.

Kafea hartzeko atsedenaldi labur baten ostean, ukondo, eskumutur, esku, pelbis, belaun, orkatila eta oinaren anatomia normala landu zen. Atal horretan, lehenengoan bezalaxe, aztertu egin ziren irudi bidezko miaketetan kontuan izan beharreko puntuak, eremu bakoitzeko lesiorik ohikoenak eta maizen egiten diren akatsak.

Ondoren, parte-hartzaileek beren kasu partikularrak eta zalantzak adierazi zituzten, eta Arbaiza doktoreak ebatzi egin zituen.

Epaiaren analisia: kaleratu al daiteke abe-n dagoen langile bat?

Baliogabea al da horrelako kaleratze bat?

Aldi baterako ezintasun-egoeran dagoen langile baten kaleratzea baliogabea izateari buruzko eztabaida juridikoa berriz ireki zen Espainian Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA) C-395/15 gaiari buruz emandako 2016ko abenduaren 1eko Epaiaren ondorioz.

Epai horrek Bartzelonako lan-arloko epaitegi batek sustatutako epaitu aurreko arazoa ebatzi zuen. Bartzelonako epaitegi horrek galdetu zion EBJAri ea enpresa batek langilearen aldi baterako ezintasun-aldian erabakitako kaleratzeak 2000/78/EE Zuzentaraua urratzen duen –Zuzentarau horrek eragozten du eskubideen urraketa edo diskriminaziorik eza desgaitasun-kasuetan–, eta, zehazki, ea Zuzentaraua honako honen arabera interpretatu behar den: «lan-istripu baten ondorioz pertsona bat, zuzenbide nazionalarekin bat etorriz, aldi baterako ezintasun-egoeran egoteak berez dakar pertsona horren gaitasunaren mugaketa iraunkortzat kalifikatu ahal izatea zuzentarau horretan aipatutako desgaitasun-kontzeptuarekin bat etorriz». Zuzentarau horren xedea da marko orokorra ezartzea aipatutako edozein arrazoitan –hala nola desgaitasuna– oinarritutako diskriminazioaren aurka borrokatzeko enpleguaren eta okupazioaren arloan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaiak hau ebazten du:

  2000ko azaroaren 27ko 2000/78/EE Zuzentaraua, enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzkoa, honela interpretatu behar da:

 

 
Interesduna lan-istripu baten ondorioz, zuzenbide nazionalarekin bat etorriz, aldi baterako ezintasun-egoeran egoteak berez ez du esan nahi pertsona horren gaitasunaren mugaketa «iraunkortzat» kalifikatu ahal denik zuzentarau horretan aipatutako «desgaitasun» kontzeptuarekin bat etorriz; zuzentarau hori interpretatzen da oinarritzat hartuta Desgaitasuna duten pertsonen eskubideei buruzko Nazio Batuen Konbentzioa, zeina Europako Erkidegoaren izenean onartu baitzen Kontseiluaren 2009ko azaroaren 26ko 2010/48/EE Erabakiaren bidez.

 

 
Mugaketa hori «iraunkorra» dela kontsideratzea ahalbidetzen duten zantzuen artean daude, bereziki, honako hauek: ustez diskriminazioa eragiten duen egitatearen unean, interesdunaren desgaitasunak ez aurkeztea hura epe laburrean amaituko dela adierazten duen ondo mugatutako aurreikuspenik; eta desgaitasun hori nabarmen luzatzea pertsona hori sendatu baino lehen.

 

 
«Iraunkor» izaera hori egiaztatzean, epaitegi igorleak esku artean dituen elementu objektibo guztietan oinarritu behar du, bereziki, pertsona horren egoerari buruzko dokumentu eta egiaztagirietan, betiere gaur egungo ezagutza eta datu mediko eta zientifikoetan oinarrituz idatzitakoetan.

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epai horrek eztabaida juridikoa berriz ere ireki zuen. Eztabaida hori aurretik zegoen itxita Auzitegi Gorenak emandako zenbait erabakiren ondorioz; izan ere, erabaki horiek ezartzen zuten aldi baterako ezintasun-aldian erabakitako kaleratzeak ez direla baliogabeak, baizik eta, gehienez ere, bidegabeak.

Horrenbestez, esaterako, EAEko Auzitegi Gorenaren 2017ko abenduaren 19ko epaiak (Errek. 2345/2017) baliogabe ebatzi zuen 2017ko urtarrilean gertatu zen kaleratze bat, non langilea aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen 2016ko irailetik. Kaleratze hori gertatu zen baja berresteko partea 2016ko abenduaren 18an egin eta gero. Parte horretan, prozesu-mota luzetzat jotzen zen eta 100 eguneko iraunaldi estimatua aurreikusten zen (eta 2017ko urtarrilaren 22an beste berreste-parte bat eman zen, non 200 eguneko iraunaldi estimatua aurreikusten zen). Kaleratze-gutunean hau zen adierazitako kaleratze-argudioa: «bere ohiko lanean etengabe akatsak egiteagatik». EAEko salak argudiatzen du, epai horretan kaleratzea ez badator bat egiaztatutako ezein kausarekin eta, batez ere, gutuneko diziplinazko azalpena eta aipamena bera hain generikoa izateak sendotasun-gabezia erakusten badigu, erabakigarria dela kaleratzea gertatu izana enpresak aldi baterako ezintasun hori epe «luzeko» gisa zehaztu dela jakin eta gero, eta, horrenbestez, kaleratzea baliogabea dela.

Baina, azkenean, Auzitegi Gorenaren Lan-arloko 2018ko martxoaren 15eko Epaiak (2766/2016 DBKE) kontzeptuak argitzen ditu eta ezartzen du (behin-behinean) gai horretan Espainian aplikatu beharreko doktrina «ona», honako puntu eta argudioei dagokienez:

–          Epai horrek ONARTZEN DU enpresak Galiziako Justizia Auzitegi Gorenaren epaiaren aurka jarritako errekurtsoa (doktrina bateratzeko kasazioa). Epai horrek aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen langile baten kaleratzea BALIOGABEA zela ebatzi zuen, eta, azkenean, Auzitegi Gorenak BIDEGABEA izan zela ebatzi zuen.

–          2014ko urritik aldi baterako ezintasun-egoeran zegoen langile baten diziplinazko kaleratzea izan zen, 2017ko uztailean jakinarazi zena. Kaleratzea arrazoitzeko, adostutakoa baino lan-errendimendu txikiagoa izatea egozten zitzaion langileari (egozten zitzaion 2014ko maiatzetik 2015eko uztailera 453 egunez egon zela altan enpresan, eta horietatik 164 egunez eman zituela benetan zerbitzuak)

–          Auzitegi Gorenak aztertzen du ea kasu hori sartzen den 2000/78/EE Zuzentaraua urratzearen eta desgaitasunekoak izendatutako egoeren balorazioaren ondoriozko diskriminazio-nozioan eta, halaber, aztertzen ditu Auzitegi Gorenaren 2016ko maiatzaren 30eko (3348/2014 DBKE) eta 2017ko irailaren 24ko (782/2016 DBKE) aurreko epaiak –aintzat hartzen zituzten EBJAren 2016ko ekainaren 11ko, 2013ko apirilaren 13ko eta 2016ko abenduaren 1eko epaiak– bai eta EBJAren 2018ko urtarrilaren 18ko azken epaia (C-270/16) ere.

–          Adierazten du gaixotasun sendagarri batek edo ez sendagarri batek mugaketa bat badakar, gaitz fisiko, mental edo psikikoetatik eratorria, zeinak hainbat motatako oztopoen aurrean pertsonari eragozten baitio lanean gainerako langileen baldintza berdinetan parte-hartze osoa eta benetakoa izaten, eta mugaketa hori iraupen luzekoa bada, gaixotasun hori 2000/78/EE Zuzentarauan zehazten den «desgaitasun» kontzeptuan sar daitekeela.

–          Jarraian, honako hau adierazten du: Aitzitik, mota horretako mugaketa ez dakarren gaixotasuna ez da sartuko 2000/78/EE Zuzentarauan zehazten den «desgaitasun» kontzeptuan. Izan ere, gaixotasuna, bere zentzu hertsian, ezin da kontsideratu 2000/78/EE Zuzentarauak haien kontra diskriminazio oro debekatzen duen arrazoiei gehitu dakiekeen beste arrazoi baten gisa

–          Azpimarratzen du «gaixotasuna, bere zentzu hertsian» esamoldearen eta «desgaitasun» kontzeptuaren arteko aldea,, eta desberdintzen ditu lanera joaterekin bateragarria den egoera hori (desgaitasuna) eta gaixotasunagatiko baja arrunta

Epaitutako kasuari buruz hau dio:

 

–          Langileak, kaleratu zutenean, zeukan aldi baterako ezintasun-egoerak –data horretan ez zen gehienezko epea amaitu ere egin eta, are gutxiago, ez zegoen egoera horrek etorkizunean iraungo zuelako ebazpenik– ez du uzten egoera hori «desgaitasun» nozioarekin identifikatzen, zeina «gaixotasuna, bere zentzu hertsian» kontzeptuaren desberdina baita.

–          Ez du ikusten, beraz, diskriminaziorik aipatutako ebazpenei buruz EBJAk egindako interpretazioan. Ebazpen horiek gertakariak epaitu aurrekoak dira eta, halaber, gerokoak, C-270/16-an (Ruiz Conejero auzia) gertatzen den gisara, non berriz azpimarratzen duen Kontseiluaren 2000/78/EE Zuzentarauak aurka egiten diola araudi nazionalari absentziak «langile horren desgaitasunari egozten zaizkion gaixotasunen» ondoriozkoak direnean, aurreko ebazpenetan landutako desgaitasunaren nozioa aldatu gabe.

–          Interpretazio horretan oinarrituz, ezin da txertatu auzi-jartzailearen aldi baterako baja baliogabetasun-kalifikazioa duen diskriminazio-kasu batean, baizik eta diziplinazko kaleratzearen justifikazio-gabeziaren ondoriozko bidegabetasun-kalifikazioa mantendu behar da, zeinek, izatekotan, osagai intentzional bat egotea eskatzen duen, langilearen jokabidean ez dagoena

 

JOSE ANGEL MORAL

Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

2018ko maiatza

Kontsulta: Jarduera uztea

BETETZEN AL DITU LANGILE AUTONOMOEN JARDUERA UZTEAGATIKO PRESTAZIOA ESKURATZEKO BETEKIZUNAK ORDAINTZEKE ZEUDEN KUOTAK JARDUERA UTZI ETA GERO ORDAINTZEN DITUENAK?

Kontsultan planteatzen den kasuan, langile batek ordaindu gabe zituen aurreko zenbait hilabeteri zegozkien kuotak Langile Autonomoen Araubide Berezian bere jardueraren etete-datan. Planteatzen dena da, kuota horiek data horren ondoren ordainduz gero, langileari eskubidea aitortzeko betekizunak betetzen diren ala ez.

Horri dagokionez, alde batera zein bestera ebatzitako epaileen zenbait erabakiren ondoren, oraintsu, 2018ko otsailaren 13an, Auzitegi Goreneko Lan-arloko Salak epaia eman du (DBKE 844/2016). Epai horretan, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen Mutualitate batek Kataluniako Auzitegi Gorenaren Lan-arloko Salak 2015eko azaroaren 16an emandako epaiaren aurka jarritako errekurtsoa onartzen du Auzitegi Gorenak.

Eztabaidagaia da, hain zuzen, gertaera eragilearen datan eskatutako kotizazio minimoak ordainduta ez izateakzer ondorio dituen Langile Autonomoen Araubide Bereziko jarduera uzteagatiko prestazioa eskuratzeko orduan eta zer ondorio dituen data horren ostean ordaintzeak.

Abuztuaren 5eko 32/2010 Legearen 4. artikuluak eskatzen du, besteak beste, jarduera uzteagatiko babesa izateko eskubidea sorrarazteko, jarduera uzteagatiko gutxieneko kotizazio-aldiak estalita egon behar duela, gutxienez etete-egoera horren aurreko 12 hilabeteetan.

Era berean, legeak eskatzen du egunean egon behar dutela Gizarte Segurantzaren kuoten ordainketek, eta, halaber, adierazten du etete-datan eskakizun hori beteko ez balitz baina estalita egongo balitz babeserako eskubidea izateko gutxieneko kotizazio-aldia, organo kudeatzaileak zor dituen kuotak ordaintzera gonbidatuko duela langile autonomoa.

Egitatezko kasuan, langile autonomo auzi-jartzaileari jarduera uzteagatiko prestazioa ukatu zitzaion 2013ko ekaineko eta uztaileko buletinak ordainduta ez izateagatik –urte hartako abuztuan ordaindu zituen–, jarduera 2013ko uztailaren 31n eten zuelarik.

Aztertu zen kontuan har zitezkeen, gabealdi espezifikoaren ondoreetarako, gertaera eragilea baino lehenagoko azken 12 hilabeteak, zeinak ez baitziren epean kotizatu, etete-dataren osteko 30 eguneko epean ordaintzeak interesdunaren kuotak egunean daudela kontsideratzea bazekarren.

Auzitegi Gorenak adierazten du ordainketa horrek ordainketa egunean izatearen betekizuna zuzentzen duela, baina horrek balioko lukeela soilik beharrezko gabealdia betez gero, eta kasu honetan ez da hori gertatzen.

Beraz, gertaera eragilearen (jardueraren etete-data) aurreko 12 hilabeteetako batean egin beharreko ordainketa egin ez den kasuetan, nahiz eta ordaintzera gonbidatzeko mekanismoen bidez ordainketa horiek etete-data baino beranduago egin ahal diren, geroago ordaintzeak ez du balio gertaera eragilea baino lehenagoko 12 kotizazio-kuotak ordainduta izatearen gabealdia betetzen dela kontsideratzeko.

Horrenbestez eta laburbilduz, gertaera eragilearen datan langile autonomoak estali gabe baldin bazuen jarduera utzi aurreko 12 hilabeteetako autonomoen kuotaren ordainketaren bat, ez luke beteko gabealdi minimoaren betekizuna nahiz eta etete-dataren ondorengo hilabeteko ordainketarako gonbidapen-epean ordaindu zorra, aipatutako epaian adierazten denez: «inoiz ere ez du ondoren egiten den ordainketak baliozkotzen gabealdia ez betetzea. Kontrakoa onartzeak pentsioen erosketa bidegabea ekarriko luke, inolako ausazkotasun-arriskurik gabe».

 

JOSE ANGEL MORAL

Lege-aholkularitza

 

Jardunaldi Zientifikoa: Sistema muskulu-eskeletikoaren erradiologia larrialdietan

2018ko maiatzaren 23an Jardunaldi Zientifikoa egingo dugu Sistema muskulu-eskeletikoaren erradiologia larrialdietan gaiari buruz. Mutualiak Gasteizen duen Bereizmen Handiko Ospitalean egingo da.

Enrique Arbaiza doktorea (Santurtziko San Juan de Dios Ospitaleko Larrialdietako Traumatologia Zerbitzuko medikua) izango da hizlaria.

Hainbat gai jorratuko dira, hala nola bizkarrezurraren (zerbikala eta lunbarra) eta sorbaldaren anatomia normalaren esplorazioa eta azterketa, eta ukondo, eskumutur, esku, pelbis, belaun, orkatila eta oinaren anatomia normala.

Izen-ematea:  cmarino@mutualia.es

Datuak babesteko erregelamendu orokorra

DBEO EGOKITZE BERRIA – TRATAMENDUAREN ARDURADUNEN KONTRATUAK

Datorren 2018ko maiatzaren 25etik aurrera aplikagarria izango da 2016/679 ERREGELAMENDUA (EB), 2016ko apirilaren 27koa, EUROPAKO PARLAMENTUARENA ETA KONTSEILUARENA, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa; eta 95/46/CE Zuzentaraua indargabetzen duena (DATUAK BABESTEKO ERREGELAMENDU OROKORRA –DBEO–), eta, hori dela eta, gaur egun indarrean dauden datuen babeserako eta konfidentzialtasunerako kontratu-klausulak egokitu behar dira, haien bidez arautzen baitira MUTUALIAREN eta haren HORNITZAILEEN arteko harreman juridikoak. Harreman horretan, MUTUALIA, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2 zk.ko Mutua, Tratamenduaren Arduraduna da, eta MUTUALIAREN enkarguz eta kontura datuak tratatzen dituzten haren ondasunen eta zerbitzuen HORNITZAILEAK, berriz,Tratamenduaren eragileak.

Indarrean dauden kontratuak aipatutako DBEO horretara egokitzeak betebeharrak eta segurtasun-neurriak betetzeko konpromisoak eguneratzeko beharra dakar. Horiek tratatu beharreko datu pertsonalei aplikatu izan zaizkie, eta MUTUALIAK eta bere hornitzaileak, Tratamenduaren Eragile gisa, izenpetutako kontratuaren bidez arautzen ziren.

Kontratu-eredu berria deskargatu.

Egokitzapen hori egin beharko da datorren 2018ko maiatzaren 25etik aurrera MUTUALIAREN kontura eta enkarguz datu pertsonalak tratatzen dituzten hornitzaileak –MUTUALIAK haiekin kontratu-harremana du– behartuta daudelako DBEOn xedatutakoa betetzera, eta, bereziki, IV. kapituluan (Tratamenduaren arduraduna eta tratamenduaren eragilea) xedatutakoa betetzera, hau da, izaera pertsonaleko datuak tratatzeari dagokionez MUTUALIAREKIN duten harreman juridikoari dagokiona.

Klausulen ERANSKINAREN ale bat beteta, zigilatuta eta zuen ordezkariak izenpetuta itzultzeko eskatzen dizuegu. Horretarako, modalitate hauek aukeratu daitezke:

a)     Paperean bidaliz gero: Erantsita bidali dizuegun aurrez zigilatutako gutun-azalean, posta-helbide honetara: MUTUALIA, Erosketa eta Kontratazio Departamentua, Henao kalea 26, 48009 BILBO

b)    Digitalizatua bidaliz gero (PDF formatuan), bidali helbide elektroniko honetara:  contratosRGPD@mutualia.es

Beste edozein zalantza izanez gero, MUTUALIAREN Aholkularitza Juridikoko Departamentuarekin jar zaitezkete harremanetan, 944252515 telefonora deituz edo honako helbide elektroniko honetara mezu bat bidaliz: comitedeseguridadlopd@mutualia.es