Saskibaloia: Balio eta onura fisikoak kantxan

ekfb
ekfb

Ikasturtea hasia da jada, eta haurrek, klasera joateaz gain, zenbait kirol praktikatzen dituzte. Horietatik, hautatuenetako bat saskibaloia da. Izan ere, fitxa gehien dituen tokietako bat da gure ingurua. Talde asko daude gizonezkoen nahiz emakumezkoen kategorietan, besteak beste: Baskonia —Europako talderik garrantzitsuenetako bat—, Bilbao Basket, Gipuzkoa, Lointek Gernika eta Araski, zeinak txikienentzako punta-puntakoak eta erreferentzia diren. Horrez gain, Euskal Federazioaren Euskadiko gizonezkoen nahiz emakumezkoen selekzioak betidanik jaso du Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntza, eta nazioarteko selekzioen aurka jokatzen du urtero; horrek agerian uzten du erakarpen handia duen kirol-espezialitate honetan dagoen maila nabarmena. Oinarri-lana oso garrantzitsua da. Kiroldegietako eta ikastoletako saskibaloi-kantxak hilabete daramate milaka partida hartzen, eta hori egiten jarraituko dute datorren urteko maiatzera arte. Baliorik onenak transmititzen dituen eta sasoi onean egoten laguntzen duen kirol baten aldeko grina islatzen dute partida horiek. Astebururo, beharrezkoak diren entrenamenduak egin baino zenbait egun lehenago, udalerrietan, gazteen eta hain gazteak ez direnen kopuru handi batek denbora librea eta aisialdia aprobetxatzen dute saskibaloian jokatzeko eta gehien gustatzen zaienarekin ondo pasatzeko. Haien lagunekin eta kideekin esperientziak trukatzeko, etsaia errespetatzeko eta gorputzarekin ondo sentitzeko. Izan ere, kanpoan edo estalitako kantxetan —sasoiaren arabera— saskibaloia praktikatzen duten haurrek gaitasun fisiko eta kognitiboak sendotzen dituzte txikiak direnetik, eta, horiei esker, beraien helburuak lortzen dituzte; jokaldiak ikasten dituzte, baloia saskian sartzen dute eta pistan zehar mugitzen dira, trebetasun handiarekin. Saskibaloari esker, posible da zenbait egoerari azkar aurre egitea, eta horrek sormena sustatzen du. Oraingoan, gure saskibaloi-kantxetan topaketa asko ikusteko garaian gaude; izan ere, 2019-20 denboraldian, zenbait pertsonak oso zabala den kirol bat jokatu, eta prestakuntza jasoko dute.

Saskibaloiak zenbait onura fisiko ditu, besteak beste, koordinazio egokia, kontzentrazioa eta erreflexu bizkorrak. Horrenbestez, arintasuna eta zenbait gaitasun garatzen laguntzen du, eta erresistentzia ematen die praktikatzen dutenei. Kirol-modalitate honek sistema kardiobaskularra babesten du, eta muskulu-erresistentzia hobetzen du. Hortaz, lagungarria da kaloriak erretzeko orduan. Honako hauek egiten dira: blokeoak, esprintak, hainbat modutan egin daitezkeen paseak, jauziak, barne-defentsak, eraso zehatzak, driblingak, saskirako sarrerak, urrunetik egiten diren jaurtiketak, kontraerasoak, errekuperazioak… Etengabeko mugimendua dago, eta erresistentzia hobetzea ahalbidetzen duen gainesfortzu fisikoa eskatzen du kirol honek. Intentsitate handiko kirola da: gastu energetiko eta metaboliko handia eskatzen du. Horrez gain, gaitasun aerobikoa estimulatzen du, eta, hala, birikak sendotzen dira. Hori dela-eta, erresistentzia kardiobaskularra sendotzeko oso kirol gomendagarria da, bai eta gazteenen odol-zirkulazioa eta tentsio arteriala erregulatzeko ere. Arintasuna eskatzen duen kirola da saskibaloia, betiere, oinak mugitzeko eta baloiaren norabide-aldaketei azkar erantzuteko. Mugimendua etengabekoa da kantxan, gorputzaren beheko aldea garatzeko (oinak eta ipurmasailak); jaurtiketak, defentsa eta paseak egitean, berriz, mesede egiten zaio gorputzaren goiko aldeari (besoak, bizkarra eta enborra). Kirol hau praktikatzeak kaloria asko erretzea ahalbidetzen du. Hala, 75 kilo inguru dituen pertsona batek 600 kaloria baino gehiago erretzen ditu ordu batean.

Gizarte-mailan, kirol hau praktikatzen duenaren autonomia sendotzen du. Halaber, bereziki kirol honetan hasiak diren txikienen kasuan, saskibaloiak talde baten parte sentitzen laguntzen du, eta, hala, jokalariek gizartean beren tokia betetzeko prestakuntza jasotzen dute. Saskibaloiak zenbait balio irakasten ditu, besteak beste, lankidetza, laguntasuna, elkartasuna eta taldean jokatzea. Kirol honen dinamikak berak azkar jarduten, denbora-tarte txikian erabakiak hartzen eta partida bakoitzak planteatzen dituen egoera zailak konpontzen irakasten die haurrei. Saskibaloiaren baitan, zenbait gaitasun lortzeko ariketak egiten dira, besteak beste, oreka, exekuzio-erraztasuna, autokontrola, kontzentrazioa, konfiantza, gihar-arintasuna eta erreflexuak.

Lan-jazarpena

Konstituzio Auzitegiak, maiatzaren 6an emandako 56/2019 epaian (RTC/2019/56), funtzionario publiko baten lan-jazarpenaren ondoriozko lan-jarduerarik gabeko egoeraren kontra Babesa eman du. Hala, integritate moralaren eskubidea bermatzen duen Europar Kontseiluaren 15. artikulua noiz urratzen den aztertzen du, eta gogoratzen du zein den lan-jazarpena kontzeptuaren jatorria eta bilakaera. 

lan-jazarpena

Psikologian sortu zen lan-jazarpenaren kontzeptua, ikuspegi teraupetikotik heltzeko, elkarrekin, ezaugarri komun hauek betetzen dituzten laneko estres egoera edo jokabide askotarikoei: errepikatu egiten dira denboran, ondorioz dakarte lan-baldintzak andeatzea edo liskarrak, eta helburua edo emaitza izaten dute langilearen integritate pertsonalari eraso egitea edo arriskuan jartzea.  

Egoera edo jokabide horiek bultzatzen dituztenean enpresaren organigraman goragoko posizioa betetzen dutenek –eta hori izaten da, hain zuzen, ohikoena–, jazarpena “bertikal beheranzkoa” edo “instituzionala” dela esaten da. Lan-jazarpenaren helburuak era askotakoak izan litezke: otzana ez den langile bat errepresaliatzea; bazterrera uztea, ez ditzan nagusiak nabarmen utzi; beldurra ematea, produktibitatea igo dezan; edo jazarlearen izaera manipulatzailea edo erasotzailea asetzea (jazarpen “perbertsoa”), eta abar.  

Erakunde pribatuen barruan, lan-jazarpenak helburu edo emaitza argi bat eduki ohi du, zeina den langile jazarriak borondatez lana uztea, era horretara, enpresak ez baitio ordaindu beharko bidegabeko kaleratzeari dagokion kalte-ordaina, baina herri administrazioetan, funtzionarioen erregimenaren berezitasunak direla-eta, langilearen bazterketa profesionala izaten da funtsa, askotan, eta hainbat arrazoik bultzatua izaten da (mendeku pertsonala, zigor ezkutua, bazterketa ideologikoa).  

Orain dela gutxira arte ez da gaiari buruz kontzientzia sozialik edo instituzionalik egon, nahiz eta lan-jazarpen moduren bat jasan duten langileen ehunekoa kontuan hartzeko modukoa izan, eta are handiagoa den herri administrazioen esparruan [cfr. Europar Parlamentuak lantokian jasandako jazarpen moralari buruzko ebazpena, 2001/2339 (INI) zk. eta Europar Batzordeak gizartearen eta langilearen munduan gertatzen ari diren aldaketei egokitzeko moduari buruzko jakinarazpena: osasunaren eta segurtasunaren estrategia komunitario berria, COM (2002) 118 final].  

Europar Kontseiluaren esparruan, Europar gutun sozial (RCL 1980, 1436, 1821) berrikusia izan zen lehenengo erreakzioa (Estrasburgon egina 1996ko maiatzaren 3an), zeinaren arabera lan-jazarpena “lanean duintasuna bermatzeko eskubidearen” kontrakoa den, eta izenpetzen duten alderdiek “neurri egokiak hartu behar dituzte langileei babesa emateko” (26. art.). Europar Batasunean, 2000/43/CE (LCEur 2000, 1850), ekainaren 29koa, eta 2000/78/CE (LCEur 2000, 3383), azaroaren 27koa, Kontseiluaren zuzentarauen ondorioz, zeinak diren tratu berdintasunari buruzkoak, Estatu kideek bazterketarekin zerikusia duten jazarpen kasuen kontrako neurriak hartu behar izan dituzte, besteak beste, “bermatu behar da alderdi demandatuari dagokiola tratu berdintasunaren printzipioari dagokionez ez dela inolako urraketarik gertatu” (8.1. eta 10.1. art., hurrenez hurren). 

Espainiar legegilea hasi da arazoa prenbentzioaren, babesaren eta errepresioaren ikuspegitik kontuan hartzen. Aipatzekoak dira, azken ikuspegi horri dagokionez eta enplegu publikoari lotuta, alde batetik, Langile publikoaren oinarrizko estatutuari buruzko Legearen testu bateginaren 95.2 o) art. (LEEP –RCL 2015, 1695, 1838–), urriaren 30eko 5/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren –RCL 2015, 1695, 1838– bitartez onartua, non falta oso larri gisa tipifikatzen den “lan jazarpena”, eta, bestetik, Zigor Kodeko 173.1. artikuluaren bigarren paragrafoa –RCL 1995, 3170 eta RCL 1996, 777–, ekainaren 22ko 5/2010 Lege Organikoaren –RCL 2010, 1658– bitartez sartua, zeinak “integritate moralaren” kontrako delitu gisa tifikakatzen dituen “edozein lan-harremanetan edo funtzionarialetan behin eta berriro egindako etsaitasun egintzak edo egintza iraingarriak nagusitasun harremanaz baliatuta”, baldin eta “biktimaren kontrako jazarpen larria eragiten bada”.  

Auzitegiak adierazten du, dagokion ikuspegi konstituzionaletik, kontuan hartu behar dela lan-jazarpeneko egoerek, helburua edo emaitza dutenez langilearen integritatearen kontra jardutea edo hura arriskuan jartzea, zerikusia dutela konstituzioan onartzen den pertsonaren duintasunarekin, integritate fisiko eta moralaren funtsezko eskubidearekin eta tratu irangarrien debekuarekin (CE 10.1 eta 15. art. –RCL 1978, 2836–). 

Edonola ere, lan-jazarpenaren inguruko egoerak forma askotakoak direnez, funtsezko beste eskubide batzuei ere eragin diezaiekete, besteak beste, Konstituzioak artikulu hauetan aitortzen dituenak: pertsonaren duintasuna (10. artikulua), osotasun fisiko eta moralerako eskubidea, inoiz ezin direnak meneratu torturetara, ez eta zigor edo tratu ezgizakor edo itsusietara (15. artikulua), eta ohorerako, norberaren eta senitartekoen barrukotasunerako eta bakoitzaren irudirako eskubidea (18. artikulua). Era berean, botere publikoei agintzen die, 40.2. artikuluan, lanean segurtasuna eta higienea zaindu dezaten.  

Susana Castaños 

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

MUTUALIAREN ESKOLAK ETA TAILERRAK

aula_mutualia_prevencion
mutualia ikasgela prebentzioa

Mutualian, irail honetan, hainbat doako jarduera antolatu ditugu, enpresa bazkidetuentzat: 

 
Estresa kudeatzeko eskola: EAEko 3 lurraldeetan, talde txikiei eskaintzeko deialdia egin da, eta eskaini ahala bete ziren lekuak. 

Hiru saio izango dira, eta hauek ditu xede nagusi: 

  • Estresaren kudeaketa prebentiboan laguntzea, bai enpresen aldetik bai langileen aldetik. 
  • Estresa identifikatzeko moduak ikastea, eta zerk eragin dezakeen jakitea. 
  • Estresa kontrolatzeko teknikak ikasi eta praktikatzea. 

Absentismoa kudeatzeko tailerra: urte hasieran aurkeztu genuen Absentziak prebenitzeko eta kudeatzeko gida, eta harrera ona izan zuen absentismoaren arazoarekin sentsibilizatutako enpresen artean. 

Horren haritik, tailer bat diseinatu da, bertaratutakoei Absentziak prebenitu eta kudeatzeko plan bat abian jartzeko oinarrizko ezagutza eskaintzeko, besteak beste, adierazleei, lantaldeari, edukiari, kronogramari, barne-komunikazioari, arrisku nagusiei eta abarri buruz. 

Tailer honen lehen atala irailaren 24an, 25ean eta 26an eman da, Donostiako, Vitoria-Gasteizko eta Bilboko gure instalazioetan. Aurrerago, beste tailer batzuk egingo ditugu, Absentziak kudeatzeko plana osatzeko protokoloak egiteko lanean aurreratzeko. 

Ahots-eskolaren beste deialdi bat egin da, urri honetarako, eta hau ere 3 lurraldeetarako: 

Eskola hau esperientzia luzeko logopeda batek emango du, eta tailer bakoitzak hiru saio izango ditu. 

  • VITORIA – GASTEIZ, Mutualiaren EHO eraikina, Tomas Zumarraga Dohatsuaren kalea 10-Bis 

Urriak 10, 17 eta 24; 13:00etatik 15:00etara 

  • DONOSTIA- SAN SEBASTIÁN, Pakea klinika, Arriola pasealekua 26 

Urriak 9, 16 eta 23; 13:00etatik 15:00etara 

  • BILBO, Henao kalea 26 

Urriak 8, 15 eta 22; 13:00etatik 15:00etara. 

Etorriko zarela baieztatzeko, mesedez, EMAN IZENA HEMEN 

Laster, Estresa kudeatzeko eskolaren beste deialdi bat egingo da. 

Zure ahotsa lan-tresna gisa erabiltzen al duzu? Mutualian zaintzen lagunduko dizugu

Mutualiak Ahotsaren Eskolaren deialdi berria zabaldu du. Ahotsa lanabes moduan erabiltzen duten pertsonei zuzenduta dago eskola, eta ahots-teknikak ikastea da helburu nagusia. Hala, fonazio-aparatuak nola funtzionatzen duen eta ondo erabiltzen ikasiko dute; horrez gain, ahots-higiene eta -ohitura egokiak erakutsiko zaizkie, eta gaitz eta patologia nagusiak prebenitu ahalko dituzte.

Jardunaldiak doakoak dira enpresa elkartuentzat eta esperientzia handiko logopeda batek emango ditu. Saioetan ahots-teknika era praktikoan landuko da, talde txikietan.

Tailer bakoitza hiru saiotan emango da. Informazio osagarria eskuratu nahi izanez gero, jar zaitez harremanetan Mutualiaren Prebentzio-aholkularitzarekin.

Zein eragin izan du Euskaraldiak?

2018ko azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatu zen Euskaraldia. Aurrekaririk gabeko ariketa sozial honetan Euskal Herri osoan 225 mila lagunek hartu zuten parte. Hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea posible dela frogatzea zuen xede. Hainbat erakundek bezala, Mutualiak ere parte hartze zabala izan zuen Euskaraldian.

Baina, zein eragin izan du Euskaraldiak? Aldatu al dira hizkuntza ohiturak?

Euskaraldiaren eragina neurtzeko ikerketa egin du Soziolinguistika Klusterrak Eusko Jaurlaritzaren enkarguz. Hona Euskaraldiaren emaitzen txostena, eta emaitzarik esanguratsuenak ondorengo bideoan.

Lan-kontratua azkentzeagatiko kalte-ordainak kalkulatzea ahalbidetzen duen web aplikazioa zabaldu egin da, aldizkako langile finkoek eta etxeko langileek ere erabili dezaten.

tramite-electronico

Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiak (BJKN) beste bi kasu gehitu dizkio web aplikazioari, eta, horri esker, posible da lan-kontratua azkentzeagatiko laneko kalte-ordainak kalkulatzea. Bi kasu horiek aldizkako langile finkoen lana eta familia-etxeko zerbitzuaren lan-harreman berezia dira, langile askori eragiten dieten bi kasu, alegia.

Tresna 2016an jarri zen martxan, eta gaur egun Karrera Judizialeko kideen, abokatuen, prokuradoreen, gizarte-graduatuen, langileen, sindikatuen, enpresen, Administrazioko letradunen eta, orokorrean, hiritarren esku dago. Orain arte, tresna horri esker, posible zen kalte-ordainak kalkulatzea, besteak beste, bidegabeko kaleratzeagatikoak, langileen beraien borondatez kontratua indargabetzeagatikoak, arrazoi objektiboak direla-eta kontratua indargabetzeagatikoak, kaleratze kolektiboengatikoak, mugikortasun geografikoengatikoak edo lan-baldintzak nabarmen aldatzeagatikoak.

BJKNk adierazi duenez, aplikazioak segurtasun juridikoa eskaintzen du. Izan ere, emaitzak lotesleak ez badira ere, aplikazio horri esker posible da kontratu bakoitzari dagokion kalte-ordaina kalkulatzea, betiere, legeak finkatutako azkentze-arrazoien arabera, eta legea interpretatzen duen eta indarrean dagoen jurisprudentzia-doktrina oinarri hartuta.

Kontsulta juridikoa 2019ko iraila

Borondatezko eszedentziadun langilea lanean berriro hartzeari enpresak ezezkoa eman ondoren eta adiskidetze-ekitaldian lanetik kanporatzea bidegabea izan zela onartu ondoren, langileak badu langabezia-babeserako eskubiderik?

Planteatzen den auzia langileari kontribuzioko langabezia-prestaziorik badagokion edo ez argitzean datza, borondatezko eszedentzia-aldia amaitu ondoren enpresan berriro sartzea eskatzen badu eta enpresak onartzen ez badu, esanez betetzeko posturik ez dagoela.

Langileak helegitea aurkeztu zuen erabakiaren aurka, judizialki bidegabeko kaleratzea adostu zela argudiatuz, eta zegokion kalte-ordainerako eskubidea zuela.

Planteatzen zaigun galderari erantzuteko, lehenik eta behin, egoera horretan langabezia-prestazioa badagokion aztertu behar dugu, eta horretarako eskakizun guztiak betetzen dituen; prestazio horretarako eskubidea izateko eskakizunetako bat da, hain zuzen, Gizarte Segurantzan alta emanda egotea.

Jurisprudentzia-irizpidearen barnean, borondatezko eszedentzia-egoeran, eta norberaren intereserako enpresatik bereizte gisa ulertuta egoera hori, jotzen zen lanean berriro onartzeko aukera itxaropen hutsa zela; irizpide hori gaindituta, eta kontuan hartuta egoera horretan, egiaz, ez dela lanpostua galtzen, enpresak lan-harremana amaitutzat ematen duenean kaleratzearen ondorioak finkatzeko orduan, egin daitekeen bakarra da lana utzi zuen unean zegoen egoerara itzularaztea eszedentziadun langilea, edota dagokion kalte-ordaina ordaintzea.

Auzitegi Gorenaren 2019-03-14ko epaiak, 2785/2017 Doktrina Bateratzeko Kasazio Errekurtsoan (DBKE) emandakoak, gogora dakar Auzitegi Gorenaren Salako osoko bilkuraren epaia, 2011-11-19koa, DBKEn emana, hauxe baitio: eszedentziadun langilea berriro hartzeko betebeharra betetzen ez duenean enpresak, ondorioa da berriro hartu ez den eszedentziadun langilearen egoera eta bidegabeki kaleratutako langilearena parekoak direla; eta, beraz, egoera horietan, langileak langabezia-prestaziorako eskubidea izango du.

Orduan, kontua da zehaztu beharra dagoela betetzen ote diren prestazioa jasotzeko eskakizun guztiak, eta, besteak beste, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategina onartzen duenean, 266. artikuluan biltzen dira eskakizun horiek; horrez gain, kontuan hartu behar da lege-testu horretan bertan, 281. artikuluan, zer esaten den prestazioetarako eskubidearen automatikotasunaz, eta erantzuna, nahitaez, 2019-03-14an Auzitegi Gorenaren epaian adierazitakoa izango da.

Enpresak eszedentziadun langilea berriro hartzeko betebeharra bete ez duenez eta langile horren egoera bidegabeki kaleratutako langilearen parekoa denez, enpresak Gizarte Segurantzan alta emanda eduki behar zuen langilea, berriro hartzeko betebeharra zuen egunetik kaleratzearen ondorioei zegokien datara arte, eta, horren ondorioz, langileak eskubidea du Gizarte Segurantzako Erregimen Orokorrean alta emanda egoteko, eta eskubidea du, halaber, Zerbitzu Publikoak prestazioa ordain diezaion, enpresaren kontra abiaraz ditzakeen egintzak gorabehera.

Raquel Martínez Mutualiako aholkulari juridikoa

Mutualex epaia 2019ko iraila

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak langileak abiarazitako kasazio-errekurtsoa aintzat hartu du, eta Andaluziako Justiziako Auzitegi Nagusiaren Lan Arloko Salak (Sevillako egoitza) 2016ko urriaren 27an 2421/2015eko errekurtsoari dagokionez emandako epaia indargabetu eta ezeztatu du.

Jarduera hauetan planteatzen den galdera zera da: ea oporraldiaren eskudiruzko konpentsaziorik ematea egoki den, oporretarako erabakitako datan aldi baterako ezintasun-egoeran dagoenean langilea, lanean berriro hasi gabe ezintasun iraunkor osoa aitortu zaiolako, eta, ordaina badagokio, preskripzio-epearen zenbaketa noiz hasten den, aipatutako kopuruak eskatu ahal izateko.

Hauek dira auziarekin lotutako egitateak: 2012ko abenduaren 14an Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren ebazpen bidez ezintasun iraunkor osoa onartu ostean, enplegu-emaileak langileari enpresan baja eman zion, eta langileak ez zuen 2010, 2011 eta 2012. urteei zegozkien oporraldiez gozatu, urte horietan aldi baterako ezintasun-egoeran baitzegoen, 2010eko martxoaren 3tik 2010eko martxoaren 19ra eta 2010eko abuztuaren 30etik ezintasun iraunkor osoa aitortu arte.

Erreklamazioa 2013an hasi zen; adiskidetze-ekitaldia maiatzaren 9an izan zen; auzitan eskatutako kopurua, berriz, 3.114,04 eurokoa zen, 2010. urteari, 2011. urteari eta 2012ko urtarrilaren 1etik 2012ko abenduaren 12ra bitarteko epeari zegozkien hartu gabeko oporraldien konpentsazio ekonomiko gisa.

Jerezko Lan Arloko 3. zenbakiko Epaitegiak atzera bota zuen hasiera batean langilearen eskaera, eta horixe egin zuen Andaluziako Auzitegi Nagusiak ere, nahiz eta arrazoi desberdinak erabili horretarako; Lan Arloko Epaitegiaren epaiaren arabera, preskribatu egin zuen kopuru horien ordainketak, Langileen Estatutuaren 59. artikuluan xedatutakoak jasotakoaren ildotik; eta Lan Arloko Salak errekurtsoa ezesteko arrazoi gisa adierazi zuen ez zela egokia konpentsazio ekonomikoaren aitortza, langilea aldi baterako ezintasun-egoeran egon zenez.

Planteatutako gai horiek aztertzen ditu Auzitegi Gorenaren 2015eko martxoaren 14ko epaiak, eta Langileen Estatutuaren 38.3 artikuluan xedatzen dena aztertzen du, bai eta auzitegi horren doktrina ere, Europako Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziarekin bat etortzeari dagokionez; azken hori batez ere bi epaitan oinarritzen da, 2009ko irailaren 10eko epaian eta 2012ko ekainaren 21ekoan, hala jasotzen baitu urteroko oporrengatik konpentsazio ekonomikoa eskatzeko eskubideaz: salbuespenezkoa da, eta eskubide hori in natura eraginkor egiteko ezintasuna dagoenean soilik da egokia, langilearen borondatetik kanpo, betiere; eskubide hori ez da sortzen lan-harremana amaitu arte, eta une horretan hasten da konpentsazioa eskatzeko ekintzarako epea; izan ere, lan-harremana duten bitartean, eta oraindik harreman hori eten ez denean, ezin da eskatu betebehar horren ordezkapena dirutan.

Hortaz, eta doktrina hori kasu honi aplikatuta, erreklamazioa egin duen langileak eskubidea du konpentsazio ekonomikorako; izan ere, Auzitegi Gorenak adierazi duenaren ildotik, langileak ezin izan zituen oporrak hartu ezinbestez, hots, aldi baterako ezintasun-egoeran zegoelako, eta formulatutako ekintzaren epea zenbatzeko dies a quo izango daezintasun iraunkor eta osoa aitortu zaion data; beraz, langileak urtebeteko epea du erreklamazioa egiteko, Langileen Estatutuaren 59.2. artikuluan jasotzen denaren arabera, eta, aztergai dugun kasuan, erreklamazioa epe barruan egin da; beraz, eskatutako konpentsazio ekonomikorako eskubidea aitortu da.

Raquel Martínez

Mutualiako aholkulari juridikoa

Mutualia eta Pazienteen Segurtasuna

Gaur, irailak 17, Pazientearen Segurtasunerako Munduko Eguna da, eta Mutualiak bat egin du Pazientearen Segurtasuna osasun arloko lehentasuntzat har dadin OMEk sustaturiko kanpainarekin.

OMEren datuen arabera, “diru-sarrera handiko herrialdeetan, 10 pazientetik batek kalteren bat izaten du ospitalean igarotako denboran. Akatsen edo kontrako efektuen ondorio izan daitezke halako kalteak, eta halakoen % 50 prebenitu egin daitezke”.

Mutualian, Pazientearen Segurtasunerako Plana lantzen jarraitzen dugu, laguntza-kalitate hobea eskaintzeko, gure pazienteei ematen diegun osasun arretarekin lotutako kalteak murriztuz, eta erakundearen, gure profesionalen eta pazienteen euren konpromisoa batuz.

Lan-ildo horretan, hiru dira gure funtsezko estrategiak:

1.- Pazientearen Segurtasunaren alorreko kultura, prestakuntza eta ikerketa sustatzea.

2.- Pazientearen Segurtasuna laguntzaren jardueran gehiago txertatzea, praktika kliniko seguruak ezarriz eta OMEk proposatutako estrategia nagusiekin bat eginez.

3.- Pazienteen eta ingurukoen parte-hartzea sustatzea, profesionalen eta pazienteen foku-taldeak sortuz, jarraipenerako eta osasun heziketarako.

2008an, Pazientearen Segurtasunerako 1. Planari ekin genion Mutualian, eta aitzindariak izan ginen hainbat ziurtagiri lortzen:

  • 2013: Pazientearen Segurtasunerako Arriskuak Kudeatzeko UNE 179003 ziurtagiria
  • 2016: Osasun Laguntzarekin lotutako Infekzioak Zaindu, Prebenitu eta Kontrolatzeko Sistemaren UNE 179006 ziurtagiria
  • 2017: Informazioaren Segurtasunaren ISO 2017 ziurtagiria
  • 2018:
    • Bezeroen Kudeaketa Aurreratuari Euskal Saria
    • Laguntzaren kalitatearen bikaintasuna egiaztatzen duen QH*** egiaztagiria

Mutualian Pazientearen Segurtasunaren alde lanean jarraitzen dugu, helburu argi batekin: osasun laguntza segurua eta kalitate onekoa eskaintzea.