SECA Biltzarra 2019: praktika onak eta aurrerapausoak asistentzia kalitatean

Urriaren 23tik 25era Asistentzia Kalitatearen Espainiako Elkarteak XXXVII. SECA Biltzar nazionala egingo du Donostian. 25 urte geroago, SECA Asistentzia Kalitateko Espainiako Elkartearen Biltzarra Gipuzkoako hiriburuan egingo da, oraingo honetan AKEB-Asistentzia Kalitaterako Euskal Batzordeak antolatuta.

Helburutzat hartuta asistentzia-kalitatearen arloko azken aurrerapausoak ezagutzea eta beste erakunde batzuetako praktika egokiak ikastea, Mutualia aurtengoan ere biltzarreko partaide izango da, hainbat proposamenekin: saio tekniko batean eta osoko solasaldi batean parte hartuko du, eta 5 komunikazio aurkeztuko ditu.

Gainera, AKEB-Asistentzia Kalitaterako Euskal Batzordeko batzordekidea den Miren Fernández Mujika Mutualiako Pertsonen Garapeneko zuzendariak hartuko du parte, bai Biltzarreko Zuzendaritza Batzordean, bai Antolakuntza Batzordean.

Mutualia 2019ko SECA Biltzarrean:

Urriak 24, osteguna: Saio teknikoa: “Asistentzia-kalitatea laneko mutualitateetan. Osasunean balioa sortzen: neurtzea, humanizatzea eta antolatzeko eredua”. Karmele Araujok aurkezpen bat egingo du, gai hau ardatz hartuta: “Erabiltzaileak eta humanizatzeko politikak”.

Urriak 25, ostirala: Osoko solasaldia: “Antolatzeko eredua, taldeak eta pertsonak”. Moderatzailea: Miren Fernández Mujika.

Halaber, Mutualiak bost komunikazio aurkeztuko ditu:

1. Infekzioen prebentzioa eta kontrola. Autoebaluazioa, OMEren galdetegiaren arabera

2. Osasun espazioak humanizatzea: H espazioa

3. Educator proiektua: osasun hezkuntza lantzen

4. Pazienteen segurtasun arriskuen mapak: eboluzioa eta etengabeko hobekuntza

5. Osasuna humanizatzearen esparruko fisioterapia-harremana Mutualian

Deskargatu eta kontsultatu PROGRAMA OSOA

Bihotz-gelditzearen Mundu Eguna: sentsibilizazioa eta prestakuntza

“Munduko herritar orok salba dezake bizitza bat”. Hori da Bihotz-gelditzearen Mundu Egunerako aurtengo leloa; gaurko egunez ospatzen da, urriaren 16an. Espainian, 30.000 pertsonatik gora hiltzen dira urtero bihotz-gelditzearen ondorioz. Alabaina, horietatik % 20k bizirik jarraituko zukeen, norbaitek bihotz-biriketako bizkortze (BBB) maniobra bat egin eta berehala desfibriladore publiko bat erabili izan balitz. Datuek eurek esaten dute; horrenbestez, gero eta ezinbestekoagoa da gai horri buruz kontzientziatu eta sentsibilizatzea.

Bihotz-biriketako bizkortzerako teknikak ikasteak duen garrantziaz jabetuta, Mutualiak hainbat prestakuntza eta dibulgazio-ekimen jarri ditu abian. #MutualiaHealth Osasun hezkuntzako ikasgelen barruan, Bihotz-biriken bizkortzeari buruzko oinarrizko prestakuntza eskaini dugu, bai eta lehen esku-hartzerako materialari eta kanpoko desfibriladore automatikoei buruzkoa ere. Halaber, Gaztea gure proiektua ere badugu; DBHko gazteak sentsibilizatzeko Laneko Arriskuen Prebentzioari buruz, eta lehen sorospeneko praktikak eta BBB irakasteko.

Gogoan izan: munduko herritar orok salba dezake bizitza bat.

Ba al dakizu zer pauso jarraitu behar dituzun bihotz-biriken bizkortzean?

Ezagutzen al dituzu katarroa eta gripearen arteko desberdintasunak?

Katarroa arnasbideetako infekzio arin bat da, jatorri birikokoa.

Gripea goiko eta beheko arnas aparatuetako infekzio akutu bat da, influenza birusak eragina. Hiru birus mota daude: A, B eta C.

Katarroaren eta gripearen sintoma nagusiak

Desberdintasun nagusiak

Bi patologiek antzeko sintomak eduki ditzakete, baina identifikatzen saiatzea oso garrantzitsua da, tratamendua eta konplikazio posibleak ezberdinak direlako.

Katarroarekin alderatuta, gripeak honako ezberdintasun nagusi hauek ditu:

  • Bat-bateko sukar altua, 38 º eta 40 ºC artean.
  • Buruko mina.
  • Giharretako mina.
  • Neke handia.
  • Ondoez orokorra.

Prebentzioa

Gure sistema immunologikoa ondo badago, bai hotzeria bai gripea prebenitu ditzakegu. Horretarako, hona gomendio batzuk:

  • Elikadura askotarikoa eta orekatua izan.
  • Behar beste ordu lo egin.
  • Kirola erregularki egin.
  • Estresa kontrolpean eduki.
  • Berogarriak jantzi eta bai aire korronteak bai bat-bateko tenperatura aldaketak saihestu.
  • Arrisku-talderen baten barruan egonez gero, urtero gripearen aurkako txertoa jarri.

Kutsadura saihesteko, oinarrizko higiene ohitura batzuk eduki behar dira:

  • Eskuak maiz garbitzea, xaboiarekin.
  • Begiak, sudurra eta ahoa ez ukitzea, germenak gure organismoan ez sartzeko.
  • Eztul eta doministiku egiten dugunean, erabili eta botatzeko zapi batekin estaltzea, birusa ez zabaltzeko.
  • Gaixo dauden pertsonekin tresnarik ez partekatzea.
  • Espazio itxiak aireztatzea.

Tratamendua

Ez ditugu inoiz sendagaiak gure kabuz hartu behar. Lehenengo sintomak agertzen direnean, osasun-arloko profesional batengana joango gara. Berak analgesikoak, antiinflamatorioak, kongestioa kentzekoak, sudur-garbiketak… gomendatu ahal izango dizkigu.

Ez dugu antibiotikorik hartu behar, bai gripea bai katarroa birusek eragindakoak direlako, ez bakteriek, eta beraz, botika horiek ez direlako eraginkorrak sendatzeko. Antibiotikoak bakteriek eragindako konplikazioren bat izanez gero bakarrik gomendatzen dira, eta beti medikuaren agindupean.

Txertaketa-kanpaina

Gripearen eragina eta konplikazio posibleak murrizteko, gripearen kontrako txertaketa-kanpaina egiten da, arrisku-taldekotzat jotzen diren pertsona hauentzat:

  • 65 urtetik gorako pertsonak.
  • Patologia kroniko hauek dituzten 65 urtetik beherakoak: arnasketarekin lotutako gaixotasunak, bihotzeko gaixotasunak, giltzurrunetakoak, gibelekoak, diabetes mellitusa, immunodepresioa, etab.
  • Haurdunak.
  • Kolektibo horrekin harremanetan dauden osasun-arloko eta laguntza arloko profesionalak.
  • Hegazti-haztegietako langileak.

Txertaketa dosi bakarraz osatuta dago. Sorbaldan edo besoan jartzen da.

Isunak oraindik mutualitaterik hautatu ez duten autonomoentzat

28/2018 Errege Lege Dekretuak arauan egindako aldaketa dela-eta, 2019ko urtarrilaren 1etik aurrera, langile autonomoen kolektiboak ezinbestean hautatu behar du Gizarte Segurantzaren lankidea den mutualitate bat, osoko estaldura izateko, hala gaixotasun arrunta denean, nola lan-istripua edo lan-gaixotasuna denean, bai eta lan-jarduera utzi behar duenean ere. Gizarte Segurantzarekin estaldura kontratatuta zuten eta mutualitaterik hautatu gabe zeuden langileentzako epea joan den martxoaren 31n amaitu zen.

Ildo horretan, lan-ikuskaritzak autonomoei gutunak bidaltzen hasi da, hain zuzen, epea amaitu ondoren oraindik Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalean (GSIN) jarraitzen dutenei.

Mutualitate bat hautatu ezean, isun arina erazarriko da, 60 € eta 625 € artekoa, Ordena sozialeko arau-hausteei eta isunei buruzko Legeak 40.1. artikuluan jasotzen duen moduan.

Aldaketa egiteko, langile autonomoek TA-521 bete beharko dute Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian (GSDN).

Gizarte Segurantzaren informazio-jardunaldi espainiar-frantziarrak, Madrilen

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) informazio-jardunaldi batzuk antolatu ditu Madrilen, Frantzian lan egin duten eta beren pentsio-eskubideei buruzko informazioa izan nahi duten pertsonentzat.

Urriaren 14tik 18ra, Gizarte Segurantzaren Frantziako erakundeen alorreko adituek arreta eta informazio pertsonalizatua eskainiko dute, erretiroari eta beste prestazio batzuei buruz. Jardunaldiak GSINren Probintzia Zuzendaritzaren egoitzan egingo dira, Madrilgo Serrano kaleko 102. zenbakian.

Hitzordua eska dezakezu telefono honetara deituta: 915 660 450.

Mutualiaren parte hartzea Prevencionar Biltzarrean

Prevencionar Biltzarraren bigarren edizioa ospatzen ari da Madrilen. Biltzarraren xedea da herritarrak kontzientziatzea erakundeetan laneko arriskuak prebenitzeak duen garrantziaren inguruan.

“Teoriatik praktikara” izenburupean, segurtasunaren, osasunaren eta ongizatearen esparruko adituen, enpresen, elkarteen eta erakundeen jardunbide onak eredu bihurtu eta hedatu nahi dira Biltzarraren II. edizioan, lan azpimarragarria egiten baitute. Halaber, Prevencionar Sarien II. edizioan irabazle eta finalista izan diren proiektuak zeintzuk diren jakinaraziko da.

Mutualia topaketa horretan parte hartzen ari da, eta zenbait jarduera ari da egiten:

-Hilaren 4an, Mari Mar Crespok, Mutualiaren Prebentzio Aholkularitzaren arduradunak, “LAP mutualitateetan (orainaldia, iragana eta etorkizuna)” izeneko mahai-inguruan hartuko du parte.

-Hiru poster aurkeztu dira:

“Joan-etorriek eragindako laneko lesioak murrizteko tresnak”

“MutualiaOn – muskulu-deskargarako tailerra”

“Laneko absentziak prebenitu eta kudeatzeko laguntza-plana”

Gainera, Prevencionar Biltzarraren bideo-lehiaketan hautatutako 17etako bat izan da Mutualia, Bide Segurtasuneko Kontzientziazioaren Asteari buruzko lan batekin. 3 bideo irabazleak zein diren jakinaraziko da Biltzarrari amaiera emateko zeremonian.

-Halaber, Mutualiak Prebentziozko begiradak argazki-erakusketa aurkeztu du. Erakusketa horrek laneko arriskuen prebentzioak duen garrantzia islatuko du, bai eta ikuspegi oso ezberdina eta iradokitzailea eman ere. Azalpen-testu bat dago argazki bakoitzean, eta testu horren xedea gai horren inguruko gogoeta eragitea da.

Mutualiaren “Miradas de Prevención” argazki erakusketa Prevencionar Biltzarrean