Izotz gaineko patinajea

ekfb

Neguko jardun dibertigarria

ekfb

Egun hauetan, gure inguruko hainbat herri eta hiritan jartzen dituzte izotz pistak, eta horietan oso agerikoa da zein ongi pasatzen duten haurrek batez ere. Neguko sasoiari ondoen egokitzen zaion kiroletako bat da, eta adin guztietako jendearentzat da dibertigarria: izotz gaineko patinajeaz ari gara.

Modalitate honen onuren berri eman nahi dugu Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan. Jende asko egoten da hil hauetan berriro patinatzeko irrikaz, eta oraindik horretan jardun ez duenari hasteko gomendioa egiten diogu: erraza da, eta behar den material guztia aloka daiteke. Bai lehen urratsak emateko, bai estiloa hobetu nahi dutenen segurtasunerako, hainbat ikastaro antolatzen dira instalazio horietan; bertan egoten diren begiraleek ondo zaintzen dute mugimendu egokiak egin ditzagun eta jarrera ona har dezagun.

Azpimarratu nahi dugu izotz gaineko patinajea kirol aproposa eta egokia dela urteko sasoi honetan jarduteko. Arestian esan dugunez, hirietako lekurik bisitatuenetan daude patinaje pista erakargarriak, eta txiki zein nagusiek oso tarte dibertigarri eta bereziak igarotzen dituzte bertan; ondo pasatzeaz gainera, kirola ere egiten dute, patinatzeak onura handiak eta interesgarriak ekartzen baitizkio osasunari. Negua da familiarekin edo lagunekin izotz gaineko patinajean aritzeko sasoirik egokiena. Lehenik eta behin, erortzeko beldurra gainditu ondoren, asko gozatzen da kirol dibertigarri honekin; ez dago bira handiekin edo abiadurarekin zertan arriskatu eta horiekin zertan gehiegi arduratu. Izotz gaineko patinajeak giharrak tonifikatu eta indartzen ditu, kirol anaerobikoa baita; alboko mugimenduak (hankak, ipurmasailak, gerria, abduktoreak edo aduktoreak) egiten dira bereziki, eta, horrela, giharrak sendotu eta indartzen dira. Batez ere artikulazioak sendotzen dira, esaterako, belaunak, horiei egiten baitzaie mesede gehien izotz gaineko patinajean.

Hori bai, behar bezala patinatzen ikasi behar da, mugimendu zakarrekin edo premiazkoak ez diren jauziekin min hartu gabe. Izotz gaineko patinajean burua ere lantzen da, kontzentrazio handia, espazioaren azterketa eta memoria behar direlako mugimendu guztiak behar bezala koordinatzeko. Eta patinatzean, gainera, argaldu egiten da, patinaje saio batekin 400 eta 500 kaloria bitarte erre baitaitezke; patinatzeko ohitura hartuz gero, pisua gal liteke. Gainera, gaixotasun kardiobaskularren prebentzioan laguntzen du, bihotzari eta birikei mesede egiten baitie, oxigenazioari esker. Estresa ere, beste edozein kiroletan bezala, desagertu egiten da patinajean, burua askatu eta errotik aldentzen dituelako eguneroko arazoak. Bestalde, patinatzean askatutako endorfinen ondorioz, hobeto sentitzen gara.

Eta ez inoiz etsi. Guztiz normala da erortzea edo geure hankekin estropezu egitea, hasieran bereziki. Horregatik, kontu handiz ibili behar da ikaskuntza fasean, baita gai horretan aditua bazara ere. Neurriak hartuz gero, lesioak saihesten dira, eta konfiantza eta segurtasun handiagoa lortzen da. Kaskoa erabiltzea gomendatzen dizuegu (kolpeak saihesteko), bai eta belaun eta ukondoko babesak (artikulazioak arintzeko), eskularruak, ondo egokitutako patinak eta arropa erosoa ere, mugimendu egokiak egiteko. Izotz gaineko patinajea kirol eta aisialdiko jarduera osasungarria eta gomendagarria da inondik ere, eta, koordinazioa, oreka, kontzentrazioa eta erreflexuak hobetzen ditu.

Adierazi bezala, indartu egiten ditu hanketako giharrak, eta goiko muskuluak ere lantzen ditu, biratzen edo frenatzen denean. Korrika egiteak ekartzen dituen antzeko onurak ekartzen ditu, baina, patinatzean, artikulazioek ez dute kolpeen ondoriozko higadura jasaten, hankak apenas aldentzen baitira lurretik. Hori bai, uste baino kirol gogorragoa da, baina oso dibertigarria, eta ahaleginaren sentipena txikiagoa da, nahiz eta jarduera fisikoa handiagoa izan.

Kirol guztiz aproposa, hortaz, neguan egiteko.

Mutualiak aintzatespena jaso du, bide segurtasuna kudeatzeko dituen jardunbide onak direla-eta

innovabide

Mutualiak lehenengo INNOVABIDE aintzatespena jaso du, bide-segurtasuna kudeatzearen esparruan egin dituen jardunbide onak direla-eta.

MutualiakEusko JaurlaritzarenSegurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagareneskutik jaso zuen aintzatespena, Bilbon abenduaren 12an egindako ekitaldi batean. Bertan, Mutualiak bide-segurtasuna kudeatzearen esparruan egindako jardunbide onak nabarmendu zituen.

Ekitaldi horretan, gainera, gure enpresa elkartua den Protón Electrónica S.L.U.k INNOVABIDE aipamen berezia jaso zuen, eta, horren bidez, arlo horretan haren kudeaketa etengabe hobetu nahian egindako esfortzua aitortu zen. Horrez gainera, Protón Electrónica S.L.U.k, Fernández Aedo S.L.k, Ingeteamek eta Urkide hezkuntza-zentroak aukera izan zuten bide-segurtasunarekin lotutako jardunbide onei buruzko beren ereduak aurkezteko.

INNOVABIDE sarea, alegia, bide-segurtasunaren alorrean kudeaketa hobetzeko konpromisoa duten Euskadiko Enpresen Sarea, 2018an jarri zuen martxan Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren Trafiko Zuzendaritzak, trafikoko laneko istripuetan (“in itinere” eta “in mision”) zendutako pertsonen eta larri zauritutakoen kopurua % 40 murrizteko asmoz. Euskadiko edozein enpresa, doan eta edozein dela ere bere tamaina edo lan-esparrua, sarearen parte izan daiteke, bai eta, hala, bide-segurtasunarekin lotutako enpresa-kudeaketarekiko konpromisoa hartu ere.

Mutualiatik, gure enpresa elkartu guztiak gonbidatu nahi ditugu INNOVABIDErekin bat egitera, bai eta ikastearen eta beste erakunde batzuekin ezagutzak trukatzearen onurak hartzera ere.

innovabide

Nutrizioa, jarduera fisikoa eta ongizatea: Gabon osasuntsuen zutabeak

Gutxi geratzen da Gabonetarako; gizarteko eta familiako ospakizunekin lotutako garai horretan, ohiko errutina alde batera utzi eta jan-edanari eta bizitza sedentarioari ekiten diegu. Baina, posible al da gehiegikeriak alde batera utzi eta Gabon osasungarriak izatea?

Mutualia Osasuntsua taldeko kide eta mediku Carlos Sarabiak baieztatu digu Gabonak eta osasuna bateragarriak direla. Kontua da oreka bilatzea hiru zutabe nagusi hauen artean: nutrizioa, jarduera fisikoa eta norberaren ongizatea.

Carlos Sarabiaren gomendioak entzun ditzakezu podcast formatuan (gaztelaniaz) edota elkarrizketa osoa irakur dezakezu hemen.

Jan-edan handirik gabeko Gabonak egin al daitezke? Nola planteatu dezakegu gehiegikeriarik gabeko menu bat?

Egin daiteke, baldin eta menu orekatu eta askotarikoa diseinatzen badugu, zeinetan sasoiko produktu freskoak erabiliko ditugun, frutak, barazkiak eta fruitu lehorrak barne hartuta eta, ahal dela, plantxan, lurrunetan edo labean eginda, saltsak eta gisatuak alde batera utzita, digestio arinagoa izateko eta gure organismoko defentsak gehiagotzeko. Halaber, garrantzitsua da azukre gehiegi ez jatea. Guztioi gustatzen zaizkigu gozo-gauzak, baina hobe bakarra izatea! Gabonetako postre tradizional gehiegi ez jaten saiatu behar dugu, eta gogoratu behar da sasoiko frutarekin batera jan daitezkeela, esaterako, laranjarekin, C bitamina ematen baitigu eta efektu asegarria baitu.

Alkoholdun edariek mahai asko betetzen dituzten egun hauetan, nola kudeatu dezakegu halakoen kontsumoa?

Ez da gehiegi edan behar. Alkohola neurriz edaten saiatu behar dugu eta, betiere, otorduetan, kaloria hutsak besterik ez baititu ematen, eta kalteak eragin baititzake digestio -eta nerbio- sistemetan, epe laburrean. Gainera, ez da ahaztu behar gehiegi edateak ajea ekarriko digula hurrengo egunean… Horregatik, garrantzitsua da ura edan eta hidratatzea. Heste-igarotzea errazten du eta janagatiko antsietatea murrizten du. Egunean 6-8 edalontzi edatea gomendatzen da edo, bestela, zukuak, infusioak edo zopa naturalak hartzea, horiekin ere hidratatuta egongo baikara.

Jarduera fisikoa ere egin behar da. Nolako jarduerak egin ditzakegu, normalean egin ohi ditugunen ordez?

Ospakizunak ditugun egunotan, jarduera fisikoaren eguneroko errutina apurtzen dugu, baina badaude bideak sedentarismoa alde batera uzteko. Oraindik ez dituzula opari guztiak erosi? Ba jantzi zure oinetako erosoenak, eta zoaz erritmo bizian hiri osoan oinez. Eta eskailerak igo eta jaisten badituzu, are hobeto. Ariketa aerobiko aparta da; kaloriak erre eta tentsioa eta kolesterola jaisteaz gain, hesteak erregulatzen laguntzen du. Eta kementsuenek izotz gainean patinatu edo mendiko martxa egin dezakete, urte berria hasteko.

Egun hauek emozio biziak eta antolakuntzako estresa ekar ditzakete. Zer jarduera egin ditzakegu gure ongizate emozionala orekatuta mantentzeko?

Nutrizioaz eta jarduera fisikoaz gain, ez dugu alde batera utzi behar gure ongizatea. Egun hauetan gure ongizate emozionala orekatuta mantentzeko, hoberena da ekitaldi bakoitza aurretiaz planifikatzea, gure hurbileko pertsonez inguratzea, hizketan aritzea, barre egitea eta ingurukoekin aire zabalean paseatzea. Horrek guztiak haizeberritzen eta arterietako tentsioa jaisten lagunduko digu.

Eta lotarako ohiturak?

Oso garrantzitsua da, halaber, atsedeneko ohitura onak izatea. Jaietako egun batzuetan, ordutegiak aldatzen ditugu eta lotara joateko ordua atzeratzen dugu. Osasunaren Munduko Erakundeak egunean gutxienez 6 ordu lo egitea gomendatzen du, eta egokiena 8 ordu egitea da. Eta, ezin bagara lokartu, ariketak, meditazioa edo arnasketa-teknikak egin edo bainu lasaigarri bat har dezakegu.

GABONETAKO ORDUTEGIAK 2019-2020

Gure asistentzia sarearen ordutegia zein den jakiteko segi ondorengo lotura.

Informazio gehiago behar badozu, jarri harremanetan gurekin galdeiguzu formularioaren bitartez edo kudeaketa sailaren telefonoan:

– ARABA: 945 00 90 90

– BIZKAIA: 94 425 25 00

– GIPUZKOA: 943 42 65 00

Oharra: Ercilla eta Pakeako klinikak 24 orduko zerbitzuarekin jarraituko dute.

GureEsperientziaPartekatua, LAPen trukerako eta kolaboraziorako dugun espazioa

Besteak beste, Finlandian eta Holandan “Zero Istripu” Foroak existitzen dira. Horietan, enpresak borondatez joaten dira esperientziak partekatzera eta praktika onak zabaltzera. Kide guztiek laneko segurtasuna hobetzeko nahia dute, eta zero istripu lortzea dute helburu. Mutualiaren Prebentzio Sailean uste dugu esperientziak, ezagutzak eta gako-ideiak (prebentzioan eraginkortasuna handitu dutenak) partekatzean, hala esperientziaren berri ematen duen pertsona nola hori jasotzen duena aberasten direla.

Gure inguruko aldaketen erritmoa gero eta azkarragoa da, eta kontrolatzeko gaitasuna galdu dugu. Dagoeneko ezin gara gauzak egiteko gure moduan ezkutatu. LAPen ere, etorkizunak lan kolaboratibora, esperientzien trukera eta gure esperientziak beste ikuspuntu batzuekin alderatzera garamatza. Horregatik guztiagatik, trukerako eta kolaboraziorako espazio hau eskaintzen dugu.

Partekatzeko praktika onen bat daukazu?

LAPeko praktika on bat langileen segurtasuna eta osasuna hobetzen duen edozein jarduera da, lege betebeharretatik harago. Ez da beharrezkoa praktika konplexua edo iraultzailea izatea. Kasu askotan, praktika on bat enpresen prebentzio konpromisoaren araberakoa da, hura martxan jartzeko gastatutako baliabideen araberakoa baino gehiago. Beraz, esperientzia praktikoak, eraginkorrak, bilatzen ditugu, nolabaiteko ikuspuntu berritzaile bat dutenak, balio positiboak helarazten dituztenak, gastatutako baliabideetatik eta proiektuaren tamainatik harago.

Jar zaitez gure Prebentzio taldearekin harremanetan.

prevencion@mutualia.es

944 042 105 / 943 440 526 / 945 009 077

Zer ari dira egiten besteak?

Mutualiak, 2004tik, Mutualia Saria antolatzen du. Sari honek aitortzen du Mutualiarekin elkartutako enpresen artean, Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko ikerketak, garapen teknologikoa eta berrikuntza sustatu edo hedatzen dituztenak. Urte hauetan guztietan, esperientzia ugari aurkeztu dira. Gehienek erakutsi dutenez, prebentzioa egiteko modu desberdin eta eraginkorrago bat dago: lana, hobetzeko esfortzua eta esperientzian oinarritutako berrikuntza oinarri dituena, hain zuzen ere. Sektoreko enpresa liderren zenbait esperientzia kontatzen hasiko gara. Proiektu bakoitzerako, hura azaltzen duen fitxa bat prestatu dugu. Gertu-gertutik ezagutu nahi?

Fitxak GureEsperientziaPartekatua

Zerk funtzionatzen du?

100 urte baino gehiagoko historia duen entitatea da Mutualia, kidetutako enpresa talde bati zerbitzua ematen diona, eta horien artean euren sektoreetan erreferentzia diren enpresak daude. Esperientzia luze eta aberasgarria dugu, denbora honetan partekatua, hobetzeko, aurrera egiteko, eraginkorragoak izateko eta gure jarduera eremuetan eraginkortasun handiagoa lortzeko esfortzuak batuz, horien artean lan arriskuen prebentzioa sustatzea lotutako enpresen artean. Esperientzia luze horrek erakutsi digu lan arriskuen prebentzioak honi esker funtzionatzen duela:

Eredua eta konpromisoa

Guztion eredua ezinbestekoa da, zuzendaritzatik hasita, agintari, lankide eta prebentzio teknikarieekin jarraituz. Baina kanpoko eredu eta esperientziak ere garrantzitsuak dira, Prebentzioa egiteko modu ezberdina eta eraginkorragoa dagoela erakusten dutenak.

Konpromisoa ezinbestekoa da, Lan Arriskuen Prebentzioarekiko konpromisoa, lege betebeharrei edo norbere enpresari bakarrik lotu behar ez zaiona. Aldatu nahi baldin badugu, inguratzen gaituztenekiko konpromiso aktibo eta ikusgarri bati egin behar diogu aurre.

Mutualiako Prebentzio Aholkularitzan esperientzia trukaketa aktiboki sustatzeko konpromisoa hartu dugu. Hala nahi duten elkartutako enpresak animatzen ditugu, besteei lan-arriskuen prebentzioari lotutako euren esperientzia eta bizipenak kontatzera, gure Prebentzio taldearekin harremanetan jarriz.

Partekatzeko esperientziek Mutualia Sarien 9. Edizioko saria lortzeko aukera izango dute.

Zuretzat ondo funtzionatzen duen prebentzioa parteka ezazu.

Saria du

MUTUALEX EPAIA 2019KO ABENDUA

SENTENCIA

BERDINTASUN PLANAK, HAIEN APLIKAZIO EREMUA ETA IRISMENA

Auzitegi Gorenaren 2019-11-13ko epaiak, Angel Antonio Vázquez Blasco Pellicer jauna txostengilea duen 75/2018 zenbakidun kasazio errekurtso arruntean emanak, berdintasun planei buruzko doktrina interesgarria jasotzen du.

Kasazio errekurtsoan argitu beharreko gaia erabat juridikoa zen: zehaztu behar zen aldi baterako lan enpresek jarritako langileek eskubidea duten enpresa erabiltzailearen Berdintasun Planean jasotako neurriak aplika dakizkien.

Bere garaian, zenbait sindikatuk gatazka kolektiboko demandak jarri zituzten, aldi baterako lan enpresen bidez kontratatutako langileek enpresa erabiltzailearen Berdintasun Planean adostutako neurriak hartzeko eskubidea zutela adierazteko eskatuz, zehazki, QUALYTEL TELESERVICES, S.A. enpresarenak (Qualytel, hemendik aurrera). Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salaren epaiak, 2017-12-11koak, baietsi egin zituen aipatutako demandak, eta adierazi zuen aldi baterako lan enpresek haien esku jarritako langileek eskubidea zutela Qualytel enpresa erabiltzailearen Berdintasun Planean adostutako neurriak aplika dakizkien.

Aplikatu beharreko oinarrizko araua Aldi Baterako Lan Enpresak arautzen dituen ekainaren 1eko 14/1994 Legearen 11.1 artikuluko 4. paragrafoaren azterketa izango da.

Agindu horrek honako hau xedatzen du 1. zenbakiaren lehen paragrafoan: “Enpresa erabiltzaileei lagatzeko kontratatutako langileek eskubidea izango dute, bertan zerbitzuak ematen dituzten aldietan, enpresa erabiltzaileak lanpostu bera betetzeko zuzenean kontratatuz gero legozkiekeen funtsezko lan eta enplegu baldintzak aplikatzeko”; eta4. paragrafoan honakoa eransten du: “Era berean, lagatzeko kontratatutako langileek eskubidea izango dute enpresa erabiltzaileko langileei emakume haurdunak eta edoskitze aldian daudenak eta adingabeak babestearen arloan aplikatzen zaizkien xedapen berberak aplikatzeko, bai eta gizonen eta emakumeen arteko tratu berdintasuna aplikatzeko ere, eta xedapen egokitu berberak aplikatzeko, sexuan, arrazan, jatorri etnikoan, erlijioan edo sinesmenetan, desgaitasunean, adinean edo sexu orientazioan oinarritutako diskriminazioei aurre egiteko”.

Agindu horren idazketa ekainaren 16ko 10/2010 Errege Lege-dekretutik dator, zeinaren helburua baita tratu berdintasunaren printzipioa bermatzea aldi baterako lan enpresek lagatako langileen eta lan bera egiten duten enpresa erabiltzaileetako langileen artean, haien esku jarritako langileen lan baldintzen prekarizazioa saihesteko helburuarekin.

Auzitegi Gorenak adierazten du arau horren hitzez hitzeko izaeraz ez direla berariaz aipatzen Berdintasun Planak, kontuan hartuta plan horiek direla enpresan gizonen eta emakumeen arteko benetako berdintasuna eragozten edo zailtzen duten oztopoak kentzeko neurrien multzo ordenatua, enpresa jakin batzuetan nahitaezkoak direnak –hala nola enpresa erabiltzailean, 6.500 langile inguru dituen enpresa baita–, Auzitegi Gorenaren ustetan, sexuan oinarritutako diskriminazioei aurre egiteko neurrietako bat dira berdintasun planak, eta, beraz, aipatutako 11.1 artikuluaren 4. paragrafoan biltzen diren neurrien barruan sartzen dira.

Auzitegi Gorenak egiten duen interpretazioa Emakumeen eta Gizonen Berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 4. artikuluan jasotzen den printzipio orokor baten aplikazioaren bitartez bermatzen da, zeinaren arabera gizonen eta emakumeen arteko tratu eta aukera berdintasuna ordenamendu juridikoaren printzipio informatzailea da, eta, beraz, arau juridikoen interpretazioan eta aplikazioan integratu eta beteko da; beraz, emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna ordenamendu juridikoaren balio gorena da, eta printzipio horren aplikazioa arau juridikoak aplikatzeko ezinbestekoa den irizpide hermeneutiko edo interpretatibotzat hartu behar da.

Era berean, Auzitegi Gorenak gogorarazten digu martxoaren 1eko 6/2019 Legegintzako Errege Dekretuan xedatutakoa, enpleguan eta okupazioan emakumeen eta gizonen arteko tratu eta aukera berdintasuna bermatzeko premiazko neurriei dagokienez. Errege Dekretu horren helburua da araudi egokia ezartzea, pertsonen arteko benetako berdintasuna gauzatzeko beharrezko bermeak ezarri ahal izateko, edozein dela ere horien sexua, Espainiako Konstituzioaren 9.2 eta 14 artikuluak oinarri hartuta. Irizpide hori kontuan hartu behar dute auzitegiek araua interpretatzerakoan.

Aipatutako aginduetan eta ordenamendu juridikoaren irizpide informatzaileetan oinarrituta, ez luke zentzurik eta printzipio horien aurka egingo litzateke, gainera, Aldi Baterako Lan Enpresei buruzko Legearen 11.1. artikulua interpretatuko balitz enpresa erabiltzailearen berdintasun planean jasotako lan neurriak baliatzeko eskura jarritako langileak baztertuz eta enpresa horretako langile propioei soilik aplikatuz; horrela ez litzateke beteko aldi baterako lan enpresen legearen beraren helburua, eta are gutxiago Berdintasunerako Lege Organikoaren aurreikuspenak.

Auzitegi Gorenaren ustez, lagatako langileak aldi baterako lan enpresaren planean eta enpresa erabiltzailearen planean jasotako neurriak metatu ahal izatea, lagapenak irauten duen bitartean, ez da oztopo; izan ere, azken batean, enpresa erabiltzailearen Berdintasun Planean jasotako eskubideak baliatzeak ez du eragozten edo murrizten Aldi Baterako Lan Enpresen Hitzarmenean ezarritako eskubideak baliatzea.

Zalantzarik gabe, Auzitegi Gorenaren epai horrek gizonen eta emakumeen arteko berdintasunaren printzipio informatzailea azpimarratzen du, ordenamendu juridikoaren oinarrizko printzipio gisa eta funtsezko irizpide gisa, arau juridikoak interpretatzeko orduan.

Raquel Martinez

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

KONTSULTA JURIDIKOA 2019KO ABENDUA

JATETXEKO TIKETEN IZAERARI BURUZ. SOLDATA OSAGARRIA EDO KONPENTSAZIO OSAGARRIA?

Auzitegi Nazionaleko Lan Arloko Salaren 2019-10-04ko 1. sekzioaren epaiak, 178/2019 Gatazka Kolektiboko prozeduraren bitartez jaso denak eta Ramón Gallo Llanos jauna izan delarik txostengilea, jatetxeko tiketen izaera juridikoa aztertu du. Gatazka hori sindikatu batek sustatu du, eta soldata osagarritzat har dadila eskatu du, eta ez enpresak babesten duen konpentsazio edo soldataz kanpoko izaerakotzat.

Kontuan hartzen diren egitateak eta gatazka kolektiboaren esparrua 5.120 langileri mugatzen zaie, hain zuzen ere, jatetxeko tiketak, baldintza onuragarriago gisa, baliatzen zituzten langileei, zeinak nominan jasotzen zituzten, 9 euroko zenbatekoan, lanaldi zatituko lanegun bakoitzeko; zenbateko hori bateraezina zen dietak jasotzearekin, ez zen kontuan hartzen ordainsari aldakorra kalkulatzeko, ez eta aplikatzekoa zen sektore hitzarmenean aurreikusitako aldi baterako ezintasunaren osagarria kalkulatzeko ere, eta ez zen soldata eguneratzearen xede, nahiz eta kontuan hartzen zen kaleratzearen ondoriozko kalte-ordainak kalkulatzeko.

2017ko martxoan, bi sindikatuk tiketa monetizatzeko akordio bat hitzartu zuten enpresarekin, ezin konpentsatu eta xurgatu zena, eta jatetxeko tiket zaharren zenbateko monetizatua (1.500 € gordin urtean) nominan islatu zen, “Jatetxeko tiketaren eskubideen konpentsazioa” izeneko kontzeptuaren bitartez, hilean 125 euroko zenbateko gordinarekin.

Akordio hori posta elektronikoz helarazi zitzaien langile guztiei, eta bertan adierazten zenez, jatetxeko tiket eskubideen konpentsazioaren kontzeptuari buruzko akordioa bitartean, hau da, 2017/03/01era bitartean, enpresak aplikatzen zituen arauak eta baldintzak aplikatuko zitzaizkion, eta adierazten zen, halaber, konpentsazio hori langile bakoitzaren ordainsari globalaren zati dela, eta, beraz, jaso ondoren, askatasunez eta borondatez erabili ahal izango dela.

Akordio horretan honela ezartzen da, berariaz: aldi baterako ezintasunagatiko, amatasunagatiko, edoskitzeagatiko edo “lan egin gabeko denboragatiko” baja egoeretan ez da jatetxeko txartel eskubideen konpentsazioari dagokion zenbatekoa jasoko.

Enpresari aplikatu beharreko hitzarmenak osatu egiten ditu aldi baterako ezintasunagatiko prestazioak, 30 egunetik gorako gaixotasunagatiko bajaren 5. egunetik aurrera (egun hori barne), soldataren % 100era arte, baja hartu eta 12 hilabeteko gehieneko epean; hala ere, enpresak jarraitu duen ordainsari politika aldi baterako ezintasunaren osagarria bajaren lehen egunetik beretik ordaintzea izan da.

Auzitegi Nazionalak ulertzen duenez, erakunde sindikal demandatzaileak gauzatutako uziak, hau da, langileek aldi baterako ezintasunagatiko bajaren lehen egunetik jatetxe tiketetarako eskubidearen ondoriozko soldata osagarria jasotzeko duten eskubidea aitortzera kondenatzea enpresa, ezin du aldeko harrera izan, honako gogoeta hauetan oinarrituta:

1.- Langileen Estatutuaren 26.2 artikuluan xedatutakoaren arabera (urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretua), gaur egungo “Jatetxeko tiketaren konpentsazioa ordainsariko kontzeptua ez da soldata kontzeptua, baizik eta konpentsazio kontzeptua, horrekin ez baita benetako lana konpentsatzen; aitzitik, langileari lanaldi zatituko erregimenean zerbitzuak emateko, ordutegi jarraituaren erregimenean emateko ez bezala, sortzen zaizkion gastu handiagoak konpentsatzen zaizkio, bai langileak bazkaltzera etxera joan eta lanera itzuli behar duelako, bai ostatu batean bazkaldu behar duelako.

Auzitegi Nazionalak adierazten du, halaber, kontzeptu hori ezarri zen unetik beretik ez zela dietekin bateragarria izan, eta horrek agerian uzten duela bi kontzeptuek izaera juridiko bera dutela; beraz, kontzeptu hori ez da inolako ondorioetarako soldatatzat hartu behar, eta ondorio horrek ez du ezerezten enpresak kaleratzeagatiko kalte-ordainen ondorioetarako aintzat hartu izana, izan ere, Salaren iritziz, demandatutako enpresako langileek beren onurarako duten baldintza bat baino ez da.

2.- Bestalde, Auzitegi Nazionalak dioenez, ezin da inola ere ondorioztatu jatetxeko tiketa monetizatzeko 2017ko erabakiaren bidez hura aldi baterako ezintasunaren osagarrian sartzeko betebeharra bere gain hartu denik; izan ere, Auzitegi Gorenak ezarritako doktrinari jarraituz, argi dago aldeek jatetxeko tiketa monetizatzean ez zutela hobekuntza hori, aplikatu beharreko erregimen konbentzionalari dagokionez, aldi baterako ezintasunaren osagarritzat hartzerik nahi izan, zeinaren bitartez osatzen duen enplegatzaileak hitzarmenean ezarritakoa baino modu onuragarriagoan; izan ere, literaltasuna argia da, akordioan ezartzen baita “konpainiak 2017ko martxora bitartean aplikatzen zituen arau eta baldintza berberak aplikatzen jarraituko dira”, eta horrekin batera, alderdien ondorengo egintzek, enpresak plantillari egindako jakinarazpenak eta langileen ordezkariek prozedura honen demanda jarri arte erreklamaziorik aurkeztu ez izanak, bi urte baino gehiago igaro ondoren, agerian uzten dute alderdiek ez zutela asmorik izan, jatetxeko tiketa monetizatzearen ondorioz, hobekuntza hori enpresak ordaindu behar duen aldi baterako ezintasunaren osagarriaren parte bihurtzeko.

Beraz, aldeek berariaz bestelako kontsiderazio bat adosten ez badute, jatetxe tiketaren monetizazioa konpentsatzailea izango da, eta ez soldatakoa.

Gabon jasangarriak ospatzeko pistak

Gabonek eragin ekologiko handia sortzen dute, epe laburreko bizitza duten material ugarien kontsumoa eta ekoizpena izugarri igotzen delako. Mutualian aurtengo Gabonak modu jasangarriagoan ospatzeko pistak eskaini nahi dizkizugu, izan ere, ohitura berri erraz eta eraginkorrei heltzen badiegu, gure ingurugiroa zaindu baitezakegu.

GABONETAKO ZUHAITZ EKOALTERNATIBOAK AUKERATU: Gabonetako zuhaitz artifizialek plastikoa dute material nagusitzat; horretaz gain ez dira biodegradagarriak (100 urtetik gora behar dute desagertzeko eta gainera, degradazio prozesu horretan material toxikoak isurtzen dituzte). Horregatik alternatiba hauek dauzkagu:

  • ZUK ZEUK EGIN: Saia zaitez zure zuhaitza berrerabilitako materialekin egiten, adibidez kartoia, paletak edota adarrak erabiliz; horrela, ekologikoa izateaz gain, momentu dibertigarriak pasa ditzakezu etxeko txikiekin.
  • ZUHAITZ NATURALA: Baso kontrolatuetan hazitako zuhaitza etxean jartzea alternatiba garestiagoa izan arren, onura asko dakartza. Gure osasuna hobetzen dute (karbono dioxidoa xurgatzen dutelako), %100 biodegradagarriak dira eta ez dute hondakin toxikorik sortzen beren degradazio prozesuan.

OPARIAK BILTZEKO EGUNKARI EDO ALDIZKARIEN PAPERA ERABILI: Badakigu askoz politagoak direla elur oreinak eta “brillibrillizko” paperak; hala ere “edertasuna barruan dagoenez”, berrerabilpenari garrantzia eman behar diogu, horrela hondakin bihurtu baino lehen, egunkariek beste erabilera bat izango baitute.

JANARIRIK EZ BOTA!: AECOSAN erakundeak esan bezala, Espainiako biztanle bakoitzak astero kilo erdi bat janari botatzen du zakarrontzira. Ohitura hau ez da jasangarria. Horregatik, egin ezazu otorduen plangintza janaririk ez bota behar izateko.

DENBORALDIKO PRODUKTUAK ETA KM 0 EROSI: Badakigu Errusiako kabiarra jaten ari garela esatea oso dotorea dela, baina ekologikoagoa (eta merkeagoa) da km 0 produktuak eta urte sasoiarekin bat datozen produktuak erostea. Horrekin, elikagaien garraioak sortzen duen karbono aztarna  eta janaria kontserbatzeko behar diren material toxikoak murriztuko ditugu.

HONDAKIN BAKOITZA, DAGOKION EDUKIONTZIRA BOTA: Ondo birziklatu behar dugu, birziklapenaren katea ez apurtzeko.