4/2020 Errege Lege-dekretuak indargabetu egiten du Langileen Estatutuaren 52.d) artikulua

langileen estatutuaren 52.d) artikuluan lanera ez joateagatik ezarritako kaleratze objektiboa indargabetzea. 4/2020 errege lege-dekretuaren motiboen azalpenaren garrantzia.

2020ko otsailaren 19an, otsailaren 18ko 4/2020 Errege Lege-dekretua argitaratu zen Estatuko Aldizkari Ofizialean, zeinaren bidez indargabetu egiten den urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutako Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan arautzen den lanera ez joateagatik ezarritako kaleratze objektiboa.

Aipatutako Errege Dekretuak eduki baten zati xedatzaile bat ezartzen du, zehatza eta erraza dela esan dezakeguna, eta artikulu bakarra ezartzen du:

“Indargabetuta geratzen da urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 52. artikuluaren d) letra”

. 4/2020 ERREGE LEGE-DEKRETUA

Hala ere, uste dugu, artikulua indargabetzeaz gain, interesgarria dela Errege Dekretuaren Motiboen Azalpenaren analisi bat egitea. Azterketa hori Estatuko Aldizkari Ofizialaren sei orrialdetan egiten da, eta, gure ustez, arau-manuaren indargabetzea Errege Lege-dekretuaren lege-tresnaren bidez justifikatzeko betebehar hutsetik harago doa, zeina, jakina denez, ezohiko eta urgentziazko premia kasuetarako erreserbatuta dagoen, Exekutiboak asmoen zinezko adierazpen bat egiten duelarik.

Motiboen azalpenean jasotzen denez, absentismoagatiko kaleratzea garrantzi handiko araua da lan-ordenamenduan; izan ere, aurrez aurre jartzen du, batetik, enpresaren interes legitimoa, enpresa-proiektua garatzeko behar den lan-indarra izatekoa eta haren hutsegiteak eragindako kostuak bere gain hartu behar ez izatekoa, eta, bestetik, langileek beren erantzukizuna ez diren inguruabar pertsonalengatik zigortuak ez izateko duten eskubidea, gaixotasunarekin lotutakoak diren bezala, eta ikuspegi horretatik, bien arteko arau-oreka lortu behar da.

Puntu horretatik abiatuta, arauaren hitzaurreak artikuluaren bilakaera historikoaren lehen azterketa egiten du. Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluaren arabera, lanera huts egiten duten langileen kaleratze objektiboa legitimatzen da, bai justifikatuta bai justifikatu gabe, baldin eta ehuneko jakin batzuk gainditzen badituzte eta kalte-ordain murriztua jasotzeko eskubidea badute, justifikaziorik gabeko bajak edo 20 egun baino gutxiagoko baja mediko justifikatuak izanez gero.

Arauaren hitzaurrean Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluari buruz 2018ko urtarrilaren 18an egindako adierazpena aztertzen da (Ruiz Conejero gaia), zeinak xedatzen duen artikulu hori ez dela egokitzen enpleguan eta okupazioan tratu-berdintasunerako esparru orokorra ezartzeari buruzko 200/78/EE Zuzentarauarekin, haren formulazioa desgaitasunagatiko diskriminazioa izan daitekeelakoan, egokitzapena eta proportzionaltasuna kontrolatzeko bideak egon ezean.

Jurisprudentzia horren arabera, zilegi da enpresan absentismoa murrizteko interesa izatea, baina hori ezin da gauzatu desgaitasuna duten pertsonen kolektiboan izan dezakeen eragina kontuan hartu gabe; izan ere, kolektibo horretan, kaleratzea gaur egun Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluan ezartzen direnak baino berme handiagoekin egin beharko da.

Era berean, Konstituzio Auzitegiaren urriaren 16ko 118/2019 epaia ekarri du gogora, zeinak Estatutuaren 52.d) artikuluaren konstituzionaltasuna xedatu baitzuen.

Hartutako erabaki judizialak aztertu ondoren, manua indargabetzeko motiboen azalpenak beste argudio bat eransten du, genero-dimentsioaren integrazioaren printzipioan oinarritua; izan ere, haren ustez, 52.d) artikuluak eragin handiagoa izan dezake emakume langileengan, zaintza-jardueretan inplikazio handiagoa izateagatik, faktore ugarien ondoriozko kontziliazio-zailtasunengatik.

Hitzaurreak dioenez, gaur egungoaren gisako testuinguruan, non pertsonen eskubidea bermatzen duten mekanismoak falta diren familiaren ezinbesteko absentzietarako, eta erabateko erantzunkidetasuna garatzeko oztopoak dauden, LEko 52.d) artikuluaren arabera, zilegi izan daiteke zaintzaileak merkatutik kanporatzea, mezu okerra ematen aritzeaz gain, hau da, kontziliazioak pertsonari baino ez dagokiola, eta ez enpresari eta gizarteari.

Eta ondorioztatzen du, aurretik adierazitakoagatik, Langileen Estatutuaren 52.d) artikulua indargabetzea ezinbestekoa dela kontziliazioa eta erantzunkidetasuna ezinbesteko erreferente izango diren testuinguru berri bat eratzeko.

Azken batean, haren ustez, Langileen Estatutuaren 52.d) artikuluko mekanismoa automatikoki aplikatu beharrekoa da, eta ez du onartzen Europar Batasuneko Europako Justizia Auzitegiak eskatutako egokitasun- eta proportzionaltasun-judizioa aplikatzea, zeharkako diskriminazioa eragin baitezake desgaitasunagatik eta generoagatik ere.

Hitzaurrea amaitzeko, seigarren arrazoi gisa, honako hau adierazten du: 52.d) justifikatzen da Errege Lege-dekretuaren bidez honako motibo hauengatik:

– Europako araudia betetzen da eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak 2018ko urtarrilaren 18ko epaian ezarritakoa Espainiako ordenamendura eramatea bermatzen da.

– Diskriminazio zuzenak eta zeharkakoak saihesten ditu gizarte-bazterkeria jasateko arrisku handia duten kolektibo bereziki ahulentzat, hala nola desgaitasunarengatik edo generoarengatik.

– Eta saihesten du ebazpen judizial kontrajarri gehiago ematea.

Artikulu honen hasieran adierazi dugun bezala, uste dugu arauaren hitzaurrea Errege Lege-dekretuak arautzen duen premia urgentea eta salbuespenezkoa justifikatzeko hitzaurrea baino harago doala eta asmoen adierazpen bat dela, zeinean Gobernuak lan-arloan dituen printzipio programatikoak ikusten diren, eta argi eta garbi erakusten den generoagatiko diskriminaziorik ezaren aldeko jarrera, emakume langileak berariaz aipatuz, horrek arauaren hitzaurreari aipatu dugun garrantzia ematen diolarik.

Jose Antonio Prieto


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Adineko pertsonentzako ariketak eta aholkuak

ekfb

Koronabirusaren krisiak eragindako ezohiko egoera honek aurrera jarraitzen du; ondorioz, mota orotako kirol txapelketak, euskal federazioen ardurapekoak barne, bertan behera geratu edo atzeratu egin dira, kutsadurak saihesteko helburuarekin. Unión de Federaciones Deportivas Vascas / Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, aurreko hilean zuen etxeetan ariketak egiten hasi zinetenean egin genuen bezala, pertsona bakoitzarentzat egokia den kirola egiteko gomendatzen jarraitzen dugu; izan ere, pertsona batzuk beste batzuk baino aktiboagoak dira. Bakoitzak bere gorputza ezagutzen du, eta ariketak bere ohituretara egokitu behar ditu, lesioak saihesteko. Kirola egitea baliagarria izango zaigu, egoera normaltzen denean hutsetik hasi behar ez izateko. Adinekoentzat, ariketa hauen xede-taldearentzat, aisialdirako modu osasungarria dira, eta asperduraren ordez hobeto sentitzeko eta osasun egoera ona mantentzeko lagungarriak dira. Horrez gain, dieta orekatua edukitzea, egoki hidratatzea, eta burua eta gorputza aktibo izatea ere lagungarria da. Oinarrizko ariketen errutina bat praktikatzen bada, itxialdi osasungarriagoa bermatzen da; izan ere, mugikortasuna lantzen da, oreka garatzen da, muskulu-masa mantentzen da, burua lanean jartzen da eta norbere arazoak kontrolatzen dira. Beti gogorarazten eta gomendatzen dugun bezala, beharrezkoa da muskuluak eta artikulazioak prestatzea ariketa modu seguruan praktikatzeko, zenbait minutuz aurretiko berotze-ariketak eginez. Berotzeko, besoak modu leunean aurrera eta atzera mugitu daitezke, enborra alboetara luzatu daiteke, kontrako besoa alde bererantz luzatuta eta gauza bera kontrako aldera errepikatuta, edo belaunak apur bat tolestu daitezke, mugimendu biribilak eginez. Lerro hauen bidez, sorbaldetako muskuluak lantzeko ariketa batzuk proposatzen dizkizugu, gorputzaren jarrera hobetzen laguntzeko, edo besoak luzatzea, gorputzaren alde banatara. Besoak luzatuta dituzula, esku-ahurrak beherantz jarri, eta, ondoren, gorantz, eta txandakatu. Ondoren, jarri eskuak sorbalden altueran, ukondoak tolestuta, eta biratu sorbaldak atzerantz; jarraian, biratu sorbaldak aurrerantz. Tolestu lepoa astiro-astiro aurrerantz, eta, ondoren, atzerantz. Gero, egin mugimendu biribilak lepoarekin; eraman ezkerreko belarria ezkerreko sorbaldara, eta, hortik abiatuta, eraman eskuineko belarria eskuineko sorbaldara. Badaude beste ariketa

egoki batzuk sorbaldak, bularra eta bizkarra lantzeko, adibidez: eseri aulki batean, luzatu besoak aurrerantz sorbalden altueran, esku-ahurrak kanporantz jarrita; ondoren, aulkian eserita zaudela, luzatu besoak alboetarantz sorbalden altueran, esku-ahurrak aurrerantz jarrita; amaitzeko, jarri eskuak aulkiaren bizkarraldean edo mahaiaren gainean, altxatu hanka bat atzerantz, mantendu jarrera horretan segundo batzuez eta egin gauza bera beste hankarekin.

Beste ariketa erraz bat da ohearen edo aulkiaren ertzetik, finko eserita zaudela, zutik jartzea eta berriro esertzea; bilatu altuera egoki bat, altxatzeko saiakera bakoitza konplexua izan ez dadin. Altxatzean besoak igotzen badituzu, apur bat gehiago aktibatuko da gorputza. Beste ariketa bat da altuera txikia duen maila edo gainazal irmo eta egonkor bat gaitzea, eta hori igo eta jaistea, eskuetan pisu apur bat duzula, intentsitatea areagotzeko. Era berean, ariketak egin daitezke, pedalei eragiten ari bazina bezala (laguntzen duen gailu estatiko bat izanez gero, askoz hobeto). Eseri aulki batean, bizkarra tente, eta altxatu eta eseri zenbait alditan jarraian; ariketa horrek ere hankak mugiarazten eta indartzen laguntzen du. Gimnasia egitea oso osasungarria da adina edozein dela ere, eta adinekoentzat funtsezkoa da, muskulu- eta hezur-masaren galera saihesteko. Gaur egun bizi dugun egoeran, oso erabilgarria eta beharrezkoa da. Horregatik, etxean zuen burua aktibo eta sasoian mantentzera animatzen zaituztegu.

ekfb

Dagoeneko baditugu mutualiako lan arriskuen prebentzioari buruzko argazki lehiaketaren XVII. edizioko irabazleak.

Aurten, bizitzen ari garen COVID-19k eragindako itxialdi egoera izanda ere, 150 argazki jaso ditugu

Mutualiak, apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren mundu egunean, Laneko Arriskuen Prebentzioko Argazki-lehiaketako XVII. edizioko sarien irabazleak jakinarazi ditu. Laneko arriskuen prebentzioko balioak argazki bidez nabarmentzea da lehiaketaren asmoa, alderdi guztietan: arrisku-egoerak, jardunbide egokiak, langileei, enpresaburuei, gazteei eta, oro har, gizarteari helarazi nahi zaizkion mezuak. Horren guztiaren helburua da laneko istripuen aurkako kontzientzia hedatzea, denon artean, lan-ingurune seguruagoak eratu ditzagun.


Epaimahaia honako hauek osatu dute:
Francisco Javier González Gómez jauna, Osalaneko Plangintza zuzendariordea.
José Antonio Carnero Fernández jauna, Bizkaiko Lan Ikuskaritzako burua.
Jorge Arbaiza Zabalo jauna, Mutualiako Eragiketen zuzendaria.
Mª del Mar Crespo Millan andrea, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzako arduraduna.

Epaimahaia modu telematikoan bildu eta jasotako argazkiak aztertu ondoren, epaimahaiko kideek, aho batez erabaki dute 2020an sari hauek ematea:

1. saria: Inés Morales Palacio andrea, «Infierno blanco» argazkiarengatik (1200 €)
2. saria: José Reyes Belzunce jauna «Alta tensión» argazkiarengatik. (900 €)
3. saria: David Tijero Osorio jauna, «Garbitzaileak» argazkiarengatik (600 €)

Zorionak irabazleoi!!!!

Prebentzio Aholkularitzak eskerrak eman nahi dizkie argazkiak bidali dituzten parte-hartzaile guztiei, eta hurrengo edizioetan parte hartzera animatzen zaituztegu.

MUTUALEX EPAIA 2020KO APIRILA

SENTENCIA

EMAKUMEZKOEN GIZARTE ZERBITZUAREN BETEARAZPEN ALDIAREN ZENBAKETA, ERRETIRO AURRERATUA ESKURATZEKO GUTXIENEKO KOTIZAZIO-ALDIA EGIAZTATZEKO.

ARAUEN INTERPRETAZIOA, GENERO IKUSPEGIAREKIN

Auzitegi Gorenak 2020-02-06ko epaia (Errek. 3801/2017) eman du; epai horretan, dotrina bateratuta, uste du emakumezkoek gizarte zerbitzua egiten emandako denbora zenbatu egin behar dela, erretiro aurreratua eskuratzeko kotizazio-aldia egiaztatzeko. Arauak genero ikuspegitik aplikatuta heldu da ondorio horretara.

Egitezko baldintza da GSINren aurrean erretiro aurreratua eskatu zuen emakumezko langile baten kasua. GSINk eskaera baztertu zuen, gutxieneko kotizazio-aldia betetzen ez zuela iritzita, 7 egun falta zitzaizkiola, ez baitzuen aintzat hartzen Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzuko prestazio-aldia.

Lehen auzialdiko epaitegiak auzi-jartzailearen aldeko epaia eman zuen, langileak egindako gizarte zerbitzuaren aldia zenbatzea zegokiola iritzita.

Ebazpen horren aurrean, GSINk erregutze-errekurtsoa jarri zuen. Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren Lan-arloko Salak errekurtsoa baietsi zuen, eta lehen auzialdiko epaia baliogabetu zuen.

Justizia Auzitegi Nagusiaren epaiak ondorioztatu zuen, emakumezkoaren gizarte zerbitzua arautzen zuen araudia aztertu ondoren, bertatik ez dela ondorioztatzen zerbitzuaren prestazio-aldia parekagarria denik besteren kontura lan egindako aldiarekin, eta agintari eskudunek ez dutela inolako betebeharrik estaldura publiko pribatuko inongo sistematan afiliatu, alta eman edo kotizatzeari dagokionez; hortaz, derrigorrezko gizarte prestazio hori ez da inoiz gizarte ikuspegiko inongo sistema publikoren estaldura-esparruaren barrukotzat jo. Horrenbestez, ez dagokio aldi horiek aintzat hartzea erretiro aurreratua eskuratzeko gutxieneko kotizazio-aldia zenbatzeko orduan.

Langilea epai horren aurka agertu zen, dotrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa aurkeztuta; kontrasterako, Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2016ko urriaren 11ko epaia (Errek. 1821/2016) aurkeztu zuen.

Auzitegi Gorenak errekurtsoa baietsi du, auzi-jartzaileak “Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzua” egiten emandako denbora zenbatu egin behar dela iritzita, erretiro aurreratua eskuratzeko eskatzen den gutxieneko kotizazio-aldia betetzeko. Arauak genero ikuspegitik aplikatuta heldu da ondorio horretara.

Auzitegi Gorenak derrigorrezko Gizarte Zerbitzua arautzen duen araudia, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bategina eta Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun eraginkorraren 3/2007 Lege Organikoa aztertu zituen, eta Zuzenbideko Laugarren Oinarrian arrazoitu zuen Emakumezkoaren Gizarte Segurantza zenbaketan aintzat hartzeko erabakia, erretiro aurreratua eskuratzeko eskatutako gutxieneko kotizazio-aldia betetzeko, puntu hauetan oinarrituta:

1. GSLOren 208.1 artikuluaren hitzez hitzeko interpretazioak Gizarte Segurantzaren alorrean emakumezkoen eta gizonezkoen arteko trataera- eta aukera-berdintasunaren printzipioa urratzea ekarriko luke, Batasuneko araudian (1978-12-19ko Kontseiluko 79/7 Zuzentaraua) eta barne araudian (Konstituzioaren 1., 4. eta 6. artikuluak, 3/2007 Lege Orokorra eta GSLOren 2.1 artikulua) aldarrikatzen den bezala.

GSLOren 208.1 artikuluak erretiro aurreratua eskuratzeko kotizazio-aldia zenbatzeko orduan aitortzen ditu derrigorrezko zerbitzu militarraren prestazio-aldia edo horren ordezko gizarte-prestazioa, zeinak gizonezkoek soilik egiten baitzituzten; hortaz, gizonezkoei soilik aitortzen zaie kotizatu gabeko aldi bat.

2. Emakumezkoaren Gizarte Zerbitzua derrigorrezkoa zen, zerbitzu militarraren eta horren ordezko gizarte-prestazioaren antzera; beraz, modu berean tratatu behar dira.

3. Bi zerbitzuen xedea antzekoa da, “Aberriari berehalako zerbitzua ematea”, 1937ko urriaren 11ko 378 Dekretuaren Zioen Azalpenak jasotzen duenaren arabera.

4. Prestazio bietako batean ere ez dago Gizarte Segurantzan kotizatzeko betebeharrik.

5. Epaiak adierazten du interpretazioan genero ikuspegia aplikatuta eta GSLOren 208.1 manua aplikatuta soilik lortzen dela trataera- eta aukera-berdintasuna gizonezkoen eta emakumezkoen artean; izan ere, hori hitzez hitz aplikatzeak adierazitako printzipioa urratzea ekarriko luke, emakumeen trataera diskriminatzailea adieraziko bailuke gizonezkoen trataeraren aurrean.

Azken puntu horrek, hain zuzen, ematen dio epai honi are garrantzi handiagoa, eskatutako eskubidea aitortzeak berak dakarrena baino; izan ere, Auzitegi Gorenak ezartzen du, arauak interpretatzeko orduan, Estatuko botere guztiak lotzen dituen genero-dimentsioa txertatzeko printzipioari jarraikiz interpretatu behar direla arauok eta, zehatz-mehatz, epaileek eta epaitegiek printzipio hori jurisdikzio-ahalaren erabileran txertatzeko betebeharra ezartzeari jarraikiz.

Jurisprudentzia-ildo hori erdiesteko, Emakumezkoen eta gizonezkoen arteko berdintasun eraginkorrari buruzko martxoaren 22ko 3/2007 LOren 4. artikuluan oinarritzen da Auzitegi Gorena. Lege horren arabera, emakumezkoen eta gizonezkoen trataera- eta aukera-berdintasuna ordenamendu juridikoaren printzipio informatzailea dela ezartzen da eta, horrela den aldetik, arau juridikoen osaeran eta aplikazioan txertatu eta behatuko da.

Horretaz gainera, EGABLOren 15. artikuluak xedatzen du emakumezkoen eta gizonezkoen trataera- eta aukera-berdintasunaren printzipioak, zeharka, botere publiko guztien ekintza jakinaraziko duela.

Arauen interpretazioan genero ikuspegia txertatzeko printzipioan oinarritutako ildo horretan bertan eman da Auzitegi Gorenaren 2020ko urtarrilaren 29ko epaia, Zahartzaroko eta Ezintasuneko Derrigorrezko Aseguruko (SOVI) pentsioduna zen amaren heriotzagatik, emakumezko bati senideen aldeko pentsio bat kobratzea aitortzeari buruzkoa.

Jose Antonio Prieto

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualiak bere langileentzako App-a gaurkotu du

Mutualia langileentzako app

Mutualiak bere App-a gaurkotu du, zure osasuna modu erraz eta intuitiboan kudeatu dezazun, segurtasunaren eta datuen konfidentzialtasunaren berme osoarekin.

App honen bitartez, informazioa eskura izango duzu edozein tokitan zaudela ere, gure zentroetara etorri beharrik gabe.

· Modu automatikoan alta eman, gure instalazioetara etorri gabe, eta datuak edozein unetan aldatu, modu errazean.

· Sartu informaziora aztarna biometrikoarekin.

· Sarbidea azken 3 urteetako mediku-historiara; bertan, hauek egin ahal izango duzu:

o Hurrengo hitzorduak kontsultatu; egutegian gorde ahal izango dituzu, alarmak jarri, eta dataren, orduaren eta zentroaren inguruko informazioa kontsultatu.

§ EKontsultatu informazio hau:

o Azken 3 urteetako hitzorduak kontsultatu.

o Mutualiako medikuek agindutako botikak kontsultatu.

o Egindako irudi erradiologikoak ikusi.

§ Azken 3 urteak baino lehenago izandako hitzorduren bat baduzu, arazorik gabe eska dezakezu horren gaineko informazioa.

o Fisioterapeutak gomendatutako errehabilitazio-ariketak egin etxean bertan, App-ean esleituta dituzun bideoei esker.

· Mutualiak azken 3 urteetan kobratutakoak kontsultatu, ordainketa-epea, zenbatekoa eta eragineko data jakiteko.

· Esleitutako bideoen inguruko ohar pertsonalizatuak eta intereseko bestelako informazioa jaso.

· Jakinarazpenak jaso.

· Mutualiaren sareko zentroak bilatu eta horiei buruzko informazioa eskuratu.