![]() |
Mutualiako Campus Birtualak, enpresa txikiei, izendatutako pertsonei prestakuntza emateko eta lan-arriskuen prebentzioaren antolaketa baliabide propioekin beren gain hartzeko aukera ematen die, prebentzioa kudeatzeko Lan eta Gizarte Ekonomia Ministerioak eskaintzen duen “Prevencion10.es” aplikazioaren osagarri gisa. Campus birtualeko gainerako jarduerak bezala, oinarrizko ikastaroak doakoak dira. Oinarrizko ikastaroen eta bestelako jardueren eskaintza ezagutzeko, klikatu hemen.Mutualiako Campus BirtualaEdozein zalantza izanez gero, jar zaitez gurekin harremanetan:prebentzioa@mutualia.eus |
TELELANA KUDEATZEKO TRESNEN LABURBILDUMA
Gaur egun, handitu egin da beraien lana urrunetik, batez ere etxetik, lan egiten dutenen kopurua. Baina,
ZER LANEKO ARRISKU DITUZTE?
Mutualiatik, zuen eskura jarri ditugu zenbait tresna, hainbat formatutan. Esate baterako:
· TELELANAri buruzko online prestakuntza, campus birtualean
Gure campus birtualean aurkituko duzu online prestakuntza-jarduera hori, TELELANAren ondorioz sor daitezken arriskuak detektatzeko eta horiei aurre egiteko. Halaber, enpresariak tresna teknologikoak modu arrazoizkoan erabiltzeari buruzko prestakuntza eta sentsibilizazio ekintzak gauzatzeko daukan betebeharrari erantzungo zaio, zeina Urrutiko lanari buruzko 28/2020 Errege Lege-dekretu berrian jasota dagoen.
· TELELANEKO POSTUA EBALUATZEKO INFORMAZIOA BILTZEA
Telelaneko postua ebaluatzen laguntzeko, informazioa biltzeko gure fitxan galdetegi bat aurkituko duzu, telelanean zer egoeratan ari zaren aztertzeko laguntza eta gomendioekin.
Eta Telelana izeneko fitxan, berriz, aholku eta gomendio sorta bat izango duzu, lanpostuan kontuan izateko.
· MUTUALIA ON, ariketa fisikoen errutinak, bai bideoetan bai triptikoetan.
Beste laguntza-material batzuk ere badaude, adibidez, minutu gutxian egunero egiteko moduko ariketa fisikoko errutinak, ongizate fisikoa nahiz mentala hobetzeko.
Mutualiaren Prebentzio Aholkularitza
MUTUALEX 124

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.).
2020ko irailaren 19tik 25erako astea.
OINARRIZKO ESKEMA – 28/2020 ERREGE LEGE-DEKRETUA, URRUNEKO LANARI BURUZKOA (BOE 2020/09/23)
Noiz jarriko da indarrean?
Diputatuen kongresuak baliozkotzeko dago, boen argitaratu denetik (2020ko urriaren 13an) 20 egun naturalera.
Zer lan-harreman eta egoeratan aplikatu behar da errege lege-dekretu hau?
Besteren kontura erregularki urrunetik egiten diren lan-harreman guztietan (3 hileko erreferentziazko aldian, lanaldiaren % 30 gutxienez, edo ehuneko proportzional baliokidea, lan-kontratuaren iraupenaren arabera). kontratu txikiagoetan eta praktiketan, prestakuntzan edo ikaskuntzan, gutxienez % 50 presentziala.
Zein dira errege lege-dekretu honetan kontuan hartu beharreko funtsezko kontzeptu eta definizioak?
«Urruneko lana»: Lana antolatzeko edo lan-jarduera egiteko modu bat, zeinean lanaldi osoa edo zati bat langilearen etxean edo langileak aukeratutako tokian egiten den, erregularki.
«Telelana»: Urruneko lan mota bat, zeina nagusiki edo guztiz informatikako, telematikako eta telekomunikazioetako baliabide eta sistemen bidez egiten den.
«Lan presentziala»: Lantokian edo enpresak zehatutako tokian egiten den lana.
Borondatezkoa da? enpresaren eta langilearen arteko akordioa behar da?
Urruneko lanaren akordioa:
- Borondatezkoa izango da langilearentzat eta enpresa enplegatzailearentzat.
- Ezertan eragotzi gabe legeetan edo negoziazio kolektiboan aitortutakoa, enpresak ezingo du horretara behartu, langileen estatutuaren 41. artikuluari jarraikiz (mugigarritasun funtzionala ekonomiaren, teknikaren, antolamenduaren edo ekoizpenaren arloko arrazoiengatik).
- Urrunetik lan egiteko erabakia itzulgarria izango da, hala enpresarentzat nola langilearentzat.
Zer eskubide dituzte urruneko langileek?
- Eskubide berberak, tratu-berdintasuna eta diskriminaziorik eza.
- Prestakuntzarako eta lanbide-sustapenerako eskubidea.
- Jarduera gauzatzeko beharrezkoak diren baliabide, ekipamendu eta tresna guztiak enpresaren eskutik jaso eta mantentzeko eskubidea.
- Zailtasun teknikoak daudenean behar den arreta jasotzeko eskubidea, batez ere telelanaren kasuan.
- Enpresaren eskutik lan-jarduerarekin lotutako ekipamendu, tresna eta baliabideekin lotutako gastuen ordaina jasotzeko eskubidea.
- Zerbitzuak emateko ordutegien malgutasuna, ordutegi erregistroaren barruan.
- Lan-arriskuen prebentziorako eskubidea.
- Intimitaterako eta datuen babeserako eskubidea, baliabide telematikoen erabileran eta egindako lana gailu automatikoen bidez kontrolatzeko orduan.
- Lan-ordutegitik kanpo deskonexio digitalerako eskubidea.
- Talde eskubideak, zentro bereko gainerako langileen eduki eta irismen berarekin.
Zer betebehar espezifiko dituzte urruneko langileek?
Enpresak gai hauei buruz emandako jarraibideak bete behar dituzte:
- Datuen babesa eta informazioaren segurtasuna.
- Ekipamendu eta tresna informatikoen erabilera eta kontserbazioa.
Antolamenduko, zuzendaritzako eta kontroleko zer ahalmen ditu enpresak urruneko lanean?
Langileak laneko bere betebehar eta eginbeharrak betetzen dituela egiaztatzeko zaintzako eta kontroleko neurririk ustez egokienak har ditzake enpresak, baliabide telematikoen erabilera barne, langilearen giza duintasunari zor zaion begirunea zainduz, bai neurriok hartzean zein ezartzekoan ere, kontuan hartuta, halakorik badago, desgaitasunen bat duten langileen benetako gaitasuna.
Zer arautu daiteke enpresako hitzarmen edo akordio kolektiboen bidez?
Lan presentzialetik urruneko lanera eta alderantziz igarotzeko mekanismo eta irizpideak ezar daitezke, bai eta egoera jakin batzuekin lotutako lehentasunak ere, esaterako, honako hauekin lotutakoak:
- Desgaitasunen bat edo arrisku bereziak dituzten pertsonen lan-egonkortasuna,
- Enplegu-aniztasuna edo jarduera-aniztasuna,
- Egoera pertsonal edo familiar jakin batzuk,
- Arau honetan ezarritako lehentasunen antolamendua,
- Eta arautu beharrekotzat jotako gai guztiak.
Rolak betikotzea saihestu behar da, eta kontuan hartu behar da emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasunaren sustapena, enpresan aplikatu beharreko berdintasun-planaren diagnostikoa eta tratamendua eginda.
Zer gertatuko da 28/2020 errege lege-dekretu hau indarrean sartu aurretik zeuden urruneko lanekin?
- Urruneko zerbitzuen baldintzei buruzko hitzarmen edo akordio kolektiboen bidez aurretiaz araututa zeuden lan-harremanetan 28/2020 errege lege-dekretu hau aplikatuko da hitzarmen horiek indarra galtzen dutenetik edo, iraunaldi bat aurreikusten ez badute, arau hau boen argitaratu denetik urtebete igarotzean, hitzarmenen alderdi sinatzaileek epe luzeago bat berariaz adostu ezean, zeinak ezingo duen 3 urte baino gehiagokoa izan.
- Covid-19aren ondorioz osasun-arloko euste-neurri modura hasitako urruneko lanari, salbuespenez ezarri bada 8/2020 errege lege-dekretuaren 5. artikuluari jarraikiz, edo covid-19aren ondoriozko osasun-arloko euste-neurrien ondorioz ezarri bada, eta neurriok indarrean dauden bitartean, ohiko lan-araudia aplikatuko zaio, eta langileek gastuen ordaina jasotzeko eta behar diren baliabide, ekipamendu, tresna eta kontsumigarriez hornitzeko eskubidea izango dute, betiere.
LANALDI MURRIZTUKO ABEE IZAN ONDOREN KALERATZEAGATIK ORDAINDU BEHARREKO KALTE-ORDAINA ARAUTZEN DUEN SOLDATA
COVID-19aren pandemiak sortutako ohiz kanpoko egoeraren ondorioz, aldi baterako enplegu-erregulazioko espedienteak ugaritu egin dira, eta horietako asko lanaldi partzialekoak dira. Zoritxarrez, egoeraren ondorioz, espediente horien kopuru handi batean, enpresaren jarduera eta, hortaz, lan-harremanak iraungiko dira.
Langileen Estatutuan kaleratze-mota desberdinetarako aurreikusten diren kalte-ordainek, besteak beste iraungipenarekin amaitzen diren ABEE-en kaleratze objektiboari dagokionak (LE, 53. art.), hileko soldata erabiltzen dute kalkulurako unitate gisa, eta lan-harremana amaitzen denean jasotzen dena jotzen da halakotzat. Iraungitzeko erabakiaren aurretik lanaldi murriztuko ABEE bat baldin badago, zalantza sor daiteke, kalte-ordainetarako kontuan hartu beharreko hileko zenbatekoa ABEE aurreko lanaldi osoari dagokiona den edo lanaldi partzialarekin bat etorrita proportzioan murriztutakoa den, batez ere aintzat hartu beharreko hileko saria iraungitzeko unean indarrean dagoena bada.
Auzi hori dagoeneko ebatzi zuen Auzitegi Gorenak pandemiaren aurreko garaian, zehazki 2018ko ekainaren 27ko epaian (Kasazio-errekurtsoa doktrina bateratzeko, 2655/2016 zk.), eta ondorio horietarako kontuan hartu beharreko hileko zenbatekoa lanaldi osoari dagokiona dela baieztatzen du, ez ABEE bitartean lanaldi partzialean murriztutakoa.
Epaiaren arabera, ABEE indarrean dagoen bitartean lanaldia murrizteko neurria enpresaren ekimenez eta interes nagusiaren ondorioz datorren neurria da, eta murrizketa iragankorra da, kaleratzeak zapuzten duen harremanaren izaera mugagabearen aurrean. Salak adierazten du lanaldi murriztuari dagokion ordainsaria soldata-modulu gisa onartzeak lege-iruzurra ekarriko lukeela, onartuko bailuke lanaldi-murrizketa kaleratzea merkatzeko aitzakia gisa erabiltzea.
Gogoan izan behar da, kaleratze objektiboagatiko kalte-ordainaren zenbateko behar baino txikiagoa ordainduz gero, bidegabekotzat jo daitekeela, eta, ondorioz, zenbatekoa handitu egin behar dela. Beraz, garrantzitsua da azaldutako irizpidea kontuan hartzea, kalkulu-akatsik ez egiteko lan-harremanaren amaiera ezinbestean saihestezina denean. Auzitegi Gorenak horri buruzko irizpide argi bat finkatzeak zaildu egingo luke kalte-ordainaren kalkuluan akats barkaezina alegatzea, kaleratzea bidegabekoa dela ez deklaratzeko; beraz, kontuan hartu behar da.
Iñaki Esnal
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Hipika: Espezialitate konpletoa eta dibertigarria
Udazkenean gaude jada, eta, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik, kirol praktikarekin jarrai dezazuen nahi dugu, uda nahiko atipiko honen ondoren ere bai.
Zuetako askok beharbada probatuta izango duzue honezkero hipika, eta, oraindik probatu ez baduzue, aukera baduzue, probatzea gomendatzen dizuegu. Espezialitate konpletoa eta dibertigarria da. Euskal Hipika Federazioaren webgunean , kirol honi buruzko informazioa duzue, bai eta prestakuntzari, egutegiari eta diziplinei buruzkoa ere. Ekitazio lehiaketa osoa, hiru zaldi-diziplinen konbinazioa da: doma klasikoa, krosa eta oztopo-jauziak; doma klasikoa bera, zeina, reprisean idatzitako segida jakin baten arabera, mugimendu-serie bat egitean datzan. Bestalde, poniak dira haurrekin ekitazioan hasteko biderik egokiena; poniaren garaieraren arabera, lau kategoria daude: 1,10 metrotik hasi eta 1,48ra ferrarik gabe. Oztopo-jauzian, berriz, zaldizkoa eta zaldia epaitzen dira, osotasunean, oztopoen ibilbidea egin bitartean, hainbat baldintza aintzat hartuta. Azkenik, zaldi-turismoa (aisialdia) dago; izan ere, Euskal Hipika Federazioak ekitazioa aisialdi-praktika gisa ere sustatu nahi du, aurrez aipatu dugun bezala, kirol konpletoenetako bat baita eta edozein adinetan praktika baitaiteke.
Hipikak balio batzuk hartzen laguntzen du, esate baterako, norbere burua gainditzea eta animalienganako maitasuna eta errespetua. Halaber, modalitate honek arazoak gainditzeko gaitasuna indartzen du, izan fisikoak nahiz psikologikoak. Hala, kirol honen onurak askotarikoak dira, eta onura terapeutikoak ere badakartza, fisikoez gainera, besteak beste, jarrerak zuzentzen laguntzea eta oreka zentzumena garatzea. Enborraren jarrerak amazonei eta zaldizkoei ahalbidetzen die jarrera tentea mantentzen, edota hori zuzentzen, hala behar bada. Abantaila gehiago ere baditu: hipikak gure egoera fisikoa nahi dugun puntuan mantentzen laguntzen digu, bai eta tonu muskularra ere, gorputzeko zati gehienak lantzen dira-eta: hankak, besoak, bizkarra, abdominalak eta gluteoak. Zaldiaren gainean egiten dugun ariketa fisikoak gure muskuluak indartzen eta lantzen laguntzen digu, tonifikatu egiten ditu, eta gorputza moldatzen laguntzen digu. Kirol praktika hau, horrenbestez, funtsezkoa da gorputzaren elastikotasuna garatzeko; hori dela-eta, ekitazioa kirol bikaina da, gure egoera fisiko egokia proiektatzen laguntzen
diguna. Horrez gainera, mugimendu-koordinazioa garatzen du, aipatutako orekaren garatze hori eta gorputzaren eta adimenaren koordinazioa ahalbidetzen baititu. Erreflexuak optimizatu egiten dira, beti egon behar baita zaldiak egin ditzakeen mugimenduei edo ustekabeko erreakzioei adi, eta haren gaineko kontrola izaten eta lasaitasuna igortzen ikasten da. Kirol honi esker, handitu egingo dugu arnas-gaitasuna, eta bihotza indartu. Zaldian ibiltzeak, orobat, tonu muskularra hobetzeaz gainera, gaitasun kardiorrespiratorioa hobetzen du, eta gure arnasketaren kontrolean laguntzen du; ondorioz, bihotzeko muskuluak indartzen ditu. Eta horrek onurak dakarzkio odol-zirkulazioari.
Ekitazioa praktikatzek dituen beste abantaila batzuk dira gure konfiantza eta autoestimua hobetzea. Batez ere, beldurrak gaindi ditzakegulako eta oso beharrezkoa dugun gainditze-espiritu hori barneratu dezakegulako, bete beharreko helburuak pixkanaka handitzen baitira. Gainera, kirol hau zentro eta klub espezializatuetan egiten da, kirol honen zale nahiz kirol honetan aditu direnekin, eta horrek lagundu egiten du lagun berriak egin eta zaletasunak partekatzen.
Hipikak kontzentrazio-maila handia eskatzen du; hori da beste alderdi positiboetako bat. Estresa askatzeko aukera ematen digu, eta gure eguneroko arazoetatik deskonektatzen laguntzen digu. Hori guztia, gainera, oso dibertigarria den jarduera bat eginda, eta nabarmendu egingo ditugu horretarako behar diren ikasteko diziplina, pazientzia eta konstantzia; guztiak ere oso alderdi onuragarriak guztiontzat, baina, batez ere, umeentzat. Izan ere, oso kirol aproposa da adin guztietako jendearentzat, modalitate desberdinak baitaude, testuaren hasieran aipatutakoak, esaterako, eta urteko sasoi guztietan egin baitaiteke, adibidez orain, udazkenean.
Abantailekin jarraituz, bestelako balio batzuk ere garatzen ditu: erantzukizuna, afektua eta errespetua, beste izaki bizidun batekin batera jarduten baitugu, eta hura zaindu eta maitatu behar dugu. Horrenbestez, balioak hazten dira, hala nola natura eta animalienganako maitasuna, eta zaldia ahalik eta baldintzarik onenetan zaintzeko ardura. Jarduera honetan ere, gainerako jarduera fisiko guztietan bezalaxe, ez dira inola ere segurtasuna eta arreta ahaztu behar, eta onurak ekar diezazkieke, besteak beste, autismoak, down sindromeak edo arreta defizitaren nahasmenduak jotako edo garuneko paralisia eta ikusizko urritasuna duten pertsonei. Hipikari esker, egunez egun ezagutza berriak eskuratu eta forma fisiko hobea izango dugu. Izenburuak laburbiltzen du, alegia: konpletoa eta dibertigarria da.
IRAILAREN 23A: ZEINU HIZKUNTZEN NAZIOARTEKO EGUNA

Nazio Batuek jasotzen duten moduan, “Zeinu Hizkuntzen Nazioarteko Eguna aukera paregabea da gor guztien eta zeinu-hizkuntzaren beste erabiltzaile batzuen hizkuntza-identitatea eta kultura-dibertsitatea bultzatzeko eta babesteko”.
“Arabako Gorrak” Arabako Pertsona Gorren Elkarteko Zuzendaritza Batzordeko kide Alejandro Bravo Romerorekin harremanetan jarri gara, pertsona gor baten eguneroko bizimodua bertatik bertara ezagutzeko.
· Nola eta noiz sortu zen Arabako Gorrak elkartea?
Arabako Gorrak 1972. urtean sortu zen, gorren eskubideak lortzeko eta eguneroko bizitzako arlo guztietan (hezkuntza, lana, gizartea, familia, kultura, aisia, etab.) integra daitezen lan egiteko, arreta berezia jarriz komunikazio-oztopoak ezabatzeko lanari.
· Zer da eta zertan datza zeinu-hizkuntza?
Zeinu-hizkuntza gorren hizkuntza propioa eta naturala da, informaziorako eta komunikaziorako eta gizartean parte hartzeko sarbide osoa ematen diena, eta gorren komunitatearen balio kulturalik garrantzitsuena da. Jende askok uste du, oker, Espainiako zeinu-hizkuntza zeinu bihurtutako espainiera dela, espainierarentzako eskuzko kodea dela, eta informazio zehatza bakarrik adieraz dezakeela. Hizkuntza-ikerketek erakusten dutenez, zeinu-hizkuntza mintzatutako hizkuntzarekin erka daiteke, konplexutasunean eta adierazkortasunean. Bere egitura gramatikala du, beste edozein hizkuntzaren gramatika bezala hartu behar dena. Zeinu-hizkuntza bisuala da, entzungarria izan ordez, eta eskuen mugimendu eta posizio oso zehatzek osatzen dute.
· Zeinu-mintzoa ikasteko ikastaro homologaturik badago?
Lehenik eta behin, argitu behar da ez dela “zeinu-mintzoa”, “zeinu-hizkuntza” baizik. “Mintzo ingelesa” edo “mintzo frantsesa” esaten ez dugun bezala, ez da “zeinu-mintzoa” esaten. Eta bai. Arabako Gorrak elkarteak 20 urte baino gehiago daramatza Eusko Jaurlaritzak homologatutako hizkuntzen irakaskuntzarako Europako Esparru Bateratuan zeinu-hizkuntzako ikastaroak ematen. Gainera, Pertsona Gorren Estatuko Konfederazioaren (CNSE) Zeinuen Hizkuntza Irakasteko Estatuko Sarearen parte da.
· Zeinuka proiektua dugu Mutualian, entzumen-ezgaitasuna duen gaixoaren eta profesionalaren arteko komunikazio egokia ziurtatzen duen proiektua. Zer zailtasun dago osasun-sisteman sartzeko?
Osasun-arloan dugun arazo nagusia da osasun-arloko profesionalek ez dakitela zer den gorra izatea ezta harekin nola komunikatu ere. Pertsona gorren taldea oso heterogeneoa da: pertsona gor batzuk zeinu-hizkuntzan bakarrik komunikatzen dira eta zeinu-hizkuntzako interpretea behar dute; beste batzuek ezpainetako irakurketa erabiltzen dute; beste batzuk beren entzumen-hondarrez ere baliatzen dira eta audifonoekin edo inplante koklearrekin aprobetxatzen dituzte, etab.
Akats handia da pertsona gor guztiak zaku berean sartzea eta denak berdinak direla pentsatzea. Pertsona gor bakoitzaren komunikazio-beharretara egokitzen jakin behar da. Gainera, zenbait entzulek oinarrizko gauzak ikasi dituzte zeinu-hizkuntzan, eta hori bi ahoko ezpata da; izan ere, hizkuntza hori ondo ezagutzen ez bada eta ondo erabiltzen ez bada, gaixoaren eta osasun-langilearen arteko gaizki-ulertuak eragin ditzake, eta ondorio atzeraezinak izan diagnostikoetan eta tratamenduetan.
Osasun-arloan gorrek aurkitzen dugun beste komunikazio-oztopoetako bat, pandemiaren ondorioz larriagotu dena, hau da: telefonoa ezarri dela medikuen eta gaixoen arteko harremanetarako bide bakar gisa. Gor askok babesgabe ikusi dugu geure burua osasun-arloko hitzorduak eskatzean, familia-medikuari kontsultatzean, sendabideen jarraipena egitean; halaber, bilatzaileek gurekin harremanetan jarri nahi badute, ezinezkoa izango da, etab. Osasun-sistemak orain arte ez duenez jakin handicap horri erantzuten, senideen, lagunen, lankideen eta abarren mende egon behar izan dugu, osasun-arloko profesionalekin telefonoz harremanetan jartzeko.
Pertsona gorrak egunero borrokatzen gara autonomia osoa eta independentzia lortzeko eguneroko bizitzako kudeaketak egiteko orduan, eta pertsona gorren errealitatea ezagutzen ez duten eta entzuten dutenek hartutako erabaki horiek guztiek mendekotasuna sustatzen dute, eta horrek esan nahi du atzeraka ari garela izan ditugun gure lorpen apurretan.
· COVID19a prebenitzeko nahitaezko maskarek ezpainen irakurketa eta komunikazioa zailtzen dituzte. Nola konpon dezakegu?
Egia da maskarak erabiltzeak asko zailtzen duela pertsona gorren eta entzuten dutenen arteko komunikazioa. Baina argitu behar da ezpainen irakurketa errazteko maskara gardenak homologatzeko eskaerari buruz sare sozialetan egiten ari diren kanpainek pentsamendu okerra eragin dezaketela: pertsona gor guztiek ezpainak irakurtzen dakigula; hori ez da errealitatea.
Gainera, ezpainen irakurketa oso ona duen pertsona batek gehienez ere ahoz transmititutako mezuaren % 45 hartuko du; hainbat faktoreren araberakoa izango da: pertsona gorrak hartu duen hiztegia, igorleak ondo ahoskatzen duen ala ez, mezua zer abiaduratan transmititzen den, giroan argi aski dagoen ezpainak irakurtzeko, etab. Ezpainen irakurketa hartzen den trebetasun bat da; pertsona gorra izateak ez du esan nahi ezpainak ezin hobeki irakurtzen jakingo denik.
Arazoa ez dira maskarak, arazoa da gizarteak ez dakiela nola komunikatu pertsona gor batekin.
Maskara gardenez gain, askoz ere baliabide gehiago erabil daitezke: zeinu-hizkuntzako interpreteak edo bideo-interpretazioko zerbitzua izatea, idatziz komunikatzeko arkatza eta papera erabiltzea edo ahozko mezua testura transkribatzen duten aplikazioak, zeinu-hizkuntzan komunikatzea, eta, hizkuntza hori ezagutzen ez bada, mimika eta keinu-laguntza erabil daitezke, etab.
Nazioarteko egun honetan, aukera izango dugu pertsona gorren beharren inguruan sentsibilizatzeko eta horiek ikusarazteko, haien gizarte-inklusioa benetakoa izan dadin. Eskerrak eman nahi dizkiogu Arabako Gorrak elkarteari, egin duen lan handiagatik eta bere egunerokoaren berri emateagatik.
EUROPAKO MUGIKORTASUN JASANGARRIAREN ASTEAREN AMAIERA

Beste urte batez, Mutualiak bat egin du Europako Mugikortasun Jasangarriaren Astearen deialdiarekin, irailaren 16tik 22ra.
Mugikortasun jasangarriaren oinarrian ingurumeneko arazoen gaineko kezka eta bide segurtasuna sustatzeko nahia dago, hiri garbiagoak eta, era berean, seguruagoak sortzeko helburuarekin. Bide segurtasuneko estrategiaren zutabeetako bat da efizienteagoak, osasungarriagoak eta jasangarriagoak diren mugikortasun ereduak sustatzea: oinez ibiltzea eta bizikleta nahiz garraiobide publikoak erabiltzea.
Ez dugu ahaztu behar oraindik ere gehienok autoz mugitzen garela.
2019ko errepideetako istripuen kopuruei buruzko datuak harrigarriak izan dira; izan ere, udan 46 hildako gutxiago egon ziren aurrekoaren aldean, eta are erregistroak daudenetik hildako gutxien izaten dituzten hilabeteekin (apirila, ekaina eta abuztua) alderatuta ere.
Horrenbestez, urte hau historiako urterik onena izan da, 1.098 hildako izan baitira; aurreko urteetako datuak hobetu dira, eta balio handiagoa dauka, 2019an desplazamendu gehiago egin baitira, ibilgailu eta gidari gehiagorekin, gainera.
Hortaz, datu hauek frogatzen dute istripuak eragotzi daitezkeela.
Segi dezagun lanean; izan ere, oraindik ere:
· hildakoen % 20k ez zeraman jarrita segurtasun-uhalik,
· eta hildakoen % 40 alkoholaren edo drogen eraginpean zegoen.
Jarrai dezagun mugikortasun modu berrien gorakada ikertzen eta ikasten: bizikleten, ziklomotorren, motoen, patinete elektrikoen eta abarren erabileraren igoera, esaterako. Gazteenen artean eragin izugarria ari da izaten.
Batez ere, bateratu ditzagun indarrak haien alde, bide segurtasunaren funtsa heztea eta sentsibilizatzea baita, eta zenbat eta gazteago egin, askoz hobe.
Ez badugu amore ematen eta mugikortasun modu berriak era arduratsuan geure egiten baditugu, dugun erronka eta helburu itzela erdietsiko dugu: 0 hildako izatea errepideetan.
Mutualiaren Prebentzio-Aholkularitz
MUTUALEX 123

Azken berri juridikoak. Interes orokorreko antolamenduak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.).
Irisgarritasunerako eta Erantzukizun Sozialerako Fundazioak 4 DIGA izarrekin egiaztatu du Mutualiaren gardentasun ataria

MUTUALIAk, Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2 zk.ko mutuak, asistentzia zentroen irisgarritasunarekin nahiz eremu digitalen erabilerraztasunarekin duen konpromisoa dela-eta, berriz ere lortu du gardentasun atariaren ziurtagiria.
Irisgarritasunerako eta Erantzukizun Sozialerako Fundazioak erabilerraztasun graduaren egiaztatze prozesua AIS 2/2018 Arauaren arabera egin du, eta honetan datza:
• Datuak hartzea, erregistroa eta ikuskaritza.
• Egiaztatze-azterketa osatzea.
• Irizpen-proposamena.
Egindako egiaztapenei esker, maila globalean ondoriozta daiteke interfazeko hainbat osagaik webgunerako sarbide egokia eskaintzen dutela, eta nabigazioa osoa eta ulergarria dela aztertutako bide guztietan eta erabiltzaile multzo zabal batentzat; halaber, maila altuko prestazioak ditu webgunearen bateragarritasunari dagokionez, nabigatzaile gehienek, laguntza teknikokoek eta beste erabiltzaile-agente batzuek interpretatu ahal izateko.
Horregatik guztiagatik, ondorioztatu da “GARDENTASUN ATARIA” (https://transparencia.mutualia.eus/) webguneak 4 izarri dagokion erabilerraztasun maila lortu duela, AIS 2/2018 Arauaren arabera, modalitate honetan: “2020ko iraila baino lehen funtzionamenduan zegoen eremu digitala (webgunea).

Ziurtagiri hau eskuratzea Mutualiak erabilerraztasunaren eta irisgarritasunaren alde egin duen apustu globalaren barruan dago. Hala, 2014az geroztik 17 zentrok lortu dute dagoeneko DIGA ziurtagiria, eta horietatik hiru 5 izarrekin, gainera.




