Langile autonomo batek erretiro-pentsioa jaso dezake, konpentsazio-mekanismoaren bidez bere kotizazio-zorpekoak ordainduz gero?
Honako galdera egin digute kontsulta batean: ea bere kotizazioak “egunean” ez dituen langile autonomo batek Langile Autonomoen Araubide Bereziaren (LAAB) erretiro-pentsioa jaso dezakeen, konpentsazio-mekanismoaren bitartez kotizazio-zorpekoak ordainduz gero.
Erantzuna ezezkoa da ezinbestean. Izan ere, nahiz eta epaitegiren batek onartu, Auzitegi Goreneko Arlo Sozialeko Salak ukatu egin du aukera hori, 2020ko abenduaren 9an eman berri duen epaiaren bitartez (2084/2018 DBKE).
Goi-auzitegiaren epaiak baliogabetu egiten du eskatzaileari erretiro-pentsioa onartu zion auzialdiko epaia. Epai hori eskatzaileak LAABi zor zizkion kuotak ordaintzeko gonbidapena bete ez arren eman zen, errentarik jasotzen ez zuela aintzat hartuz eta pentsioaren kontura konpentsazioa eginez ordain zezakeela onartuz.
Entitate Kudeatzailearen helegiteari erantzuteko emandako baieste-epaian, goi-auzitegiak abiapuntutzat hartzen du GSLOren 47. artikuluak ezarritakoaren analisia, Gizarte Segurantzari egin beharreko kotizazioen ordainketak “egunean” izan beharraz, eta abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuak (1970, 1501 eta 1608 LBK), Beren Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Erregimen Berezia arautzen duenak, bere 28.2 artikuluan aurreikusten duen ordainketa-gonbidapen mekanismoaz. Artikulu horren arabera:
“Era berean, aurreko artikuluko 1. zenbakiko a) eta e) bitarteko ataletan aipatzen diren prestazioak (horien artean erretiroari dagokiona) […] jasotzeko eskubidea izateko, nahitaezko baldintza da Araubide honen aplikazio-eremuaren barruan dauden pertsonek eguneratuta izatea eska dakizkiekeen kuoten ordainketa, dagokion prestazioa sortutzat jotzen den datan. Haatik, prestazioa jasotzeko eskubidea izateko bete behar den gutxieneko kotizazio-aldia beteta, hura eskatu eta Erregimen Berezi honen aplikazio-eremuaren barruan dagoen pertsonak ez baditu eguneratuta eska dakizkiokeen gainerako kuoten ordainketak, dagokion prestazioa sortutzat jotzen den datan, Entitate Kudeatzaileak interesdunari gonbidapena egingo dio zor dituen kuotak ordaintzeko, gonbidapena jaso eta 30 egun naturaleko epe luzaezinean.
Interesdunak gonbidapena aintzat hartu eta zor dituen kuotak ordainduz gero aurreko paragrafoan adierazitako epearen barruan, ordainketa horiek eguneratutzat joko dira, eskatutako prestazioari dagokionez. Zor diren kuotak epe horretatik kanpo ordainduz gero, […] ordainketa egin eta hurrengo hilabeteko lehen egunetik aurrerako ondoreekin emango da prestazioa”.
Beraz, lehenbiziko eta ezinbesteko baldintza da prestazioa jaso ahal izateko gutxieneko kotizazio-aldia ordainduta izatea (kasu honetan ez dago zuzentzeko aukerarik). Aldi hori beterik, nahitaezko baldintza da, halaber, gainerako kotizazioen ordainketa egunean izatea; hala ere, beste kotizazio horiez den bezainbatean, eta premia-egoeran behar bezalako babesa emate aldera, arauak berak onartzen du aukera dagoela zorpekoak kitatzeko, “ordaintzeko gonbidapena”ren derrigorrezko mekanismoaren bitartez hain zuzen.
Auzitegi Gorenak 2016ko ekainaren 29ko epaian (2700/2014 DBKE) dioen legez:
“… argi dago preskribatu gabeko kuotak ordaintzeko gonbidapena ez dela bidezkoa aldez aurretik gutxieneko gabealdia egiaztatu ez bada, eta egitate sorrarazlea gertatu ondoren ordaintzeak ez duela inolako birtualtasunik; edo, bestela esanda, egitate sorrarazlearen aurretik kitaturiko kuoten bidez eskuratzen da prestazioa, baina kotizazioak egunean izateko eskari osagarriak onartzen du zuzenketa egitea, ordaintzeko “gonbidapena” gerora egiteko derrigorrezko mekanismoaren bidez.
Interesdunak aintzat hartzen badu ordaintzeko gonbidapena, eta zor dituen kuotak kitatzen baditu emandako epea beteta, kuota horiek eguneratutzat joko dira prestazioaz den bezainbatean.
Interesdunak ez badio ordaintzeko gonbidapenari erantzun, aukera du zorrak geroratzea eskatzeko, garaiz eta forma egokian: lortutako geroratzea egitate sorrarazlearen aurrekoa bada, eguneratutzat joko dira haren kotizazioak, eta betetzat joko da prestazioa jaso ahal izateko egunean egoteko baldintza (hala ere, prestazioa eten liteke onuradunak ez balitu beteko geroratzearen baldintzak eta eskakizunak); lortutako geroratzea egitate sorrarazlearen ostekoa bada, zorpekoa ez da kitatzen, eta hortaz, langileak ez du betetzen egunean egoteko baldintza eta ezin du prestazioa jaso (aurrez ordaintzeko gonbidapena aintzat hartu eta bere kotizazioen zorpekoak ordaintzen ez duen arte).
Egindako kontsultaren kasuan, goi-auzitegiak ebatzitako adibidean bezala, eskatzaileak ez du betetzen kotizazioak “egunean” izateko lege-baldintza, eta baldintza hori gabe, ezin du jaso eskatzen duen LAABen pentsioa.
Azken batean, ezin da prestazioa aitortu “kotizazioetan zorpekoa” edukiz gero, proposatutako planteamenduan gertatzen den bezala.
Cristina Cearra.
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko legelaria.