TESA ASSA ABLOYk 80 urte bete ditu. Eskoriatzan hasi zen (Gipuzkoan), maleten burdineria-fabrikatzaile gisa. Ibilbide luze eta aitorpen handikoa egin ondoren, gaur egun dena izatera iritsi da: sarbideak ixteko eta kontrolatzeko Espainiako fabrikatzaile eta hornitzaile nagusia.
Mikel Cristobalena elkarrizketatu dugu: ASSA ABLOY Opening Solutions – Iberiako HR and H&S Director dena, hain zuzen. Enpresaren eguneroko jardunera hurbilarazi gaitu, baita, bere estrategiaren ardatz gisa, bertako pertsonen segurtasunarekin eta osasunarekin duen konpromiso tinkora ere.
Zein da enpresaren jarduera nagusia, eta zeintzuk dira lortutako mugarriak?
TESA ASSA ABLOY talde multinazional bateko kidea da (ASSA ABLOY), eta produktu-aukera zabala eta betea dauka; horien artean, larrialdi-irteerako dispositiboak, zilindroak, segurtasun-sarrailak, eskuleku eta heldulekuak, ate-itxigailuak, sarbidea kontrolatzeko gailuak (zilindro elektroniko bidezkoak, elektromekanikoak eta elektromagnetikoak) eta ate korazatuak. TESA ASSA ABLOYk Latinoamerikako, Ekialde Hurbileko, Europako, Ozeano Bareko, Asiako eta Ipar Afrikako herrialdeetako merkatuetara esportatzen du.
1980an aitzindariak izan ginen: hoteletara zuzendutako aurreneko sarraila atera genuen, eta, 1995ean, hoteletarako sarraila elektronikoaren merkatuaren mundu mailako lider bilakatu ginen.
Segurtasun mekanikoaren mailan, 1982an gure lehenengo zilindro patentatua erregistratu genuen: T12 izena duena. 2011n, berriz, “DropOrbital” teknologiako ziurtasun handiko lehenengo TESA zilindroa: hain ezaguna den TK100 izenekoa.
Gure ikuspegi estrategikoaren arabera, ateak irekitzeko gailurik berritzaileenen lider eta hornitzaile izan nahi dugu. Jasangarritasuna gizarte mailako lehentasuna da ingurumenaren gaineko eragina gutxitze aldera, osasun- eta segurtasun-indizeak hobetze aldera, baita hornikuntza-katearen jasangarritasuna hobetze aldera ere. Gure beste helburuetako bat kalitateko ISO 9001 eta ingurumeneko ISO 14001 ziurtagiriak lortzea da.
Zenbat lagunez dago osatua eta zeintzuk dira haien lanbide-profilak?
Enpresa 400 bat langilek osatzen dugu. Estatuaren esparru geografikoan, ordezkaritza komertzialak ditugu Bartzelonan, Madrilen eta Irunen, eta bi ekoizpen-zentro dauzkagu, Eskoriatzan eta Irunen; azken hori da egoitza nagusia, eta 238 langile ditu. Era berean, nazioarteko hainbat bulego komertzial ditugu Lisboan, Oporton, Panaman, Dubain eta Casablancan.
TESA ASSA ABLOYk oso maila altuko I+G+b saila dauka; bertan, 28 langile daude merkaturako ebazpen teknologiko eta berritzaileak garatzera emanak, alderdi mekanikoa jorratzen dutenak zein alderdi elektronikoa jorratzen dutenak. Gainera, industria-alorreko kualifikazio altuko profilen beharra dugu, hala nola fabrikazioan, erosketetan eta kalitatean, besteak beste; horiek denak, produktua fabrikatzera eta garatzera bideratuta daude.
Bezeroarenganako orientazioa dugunez, oso langile kualifikatuak dauzkagu salmenten kudeaketan, marketinean, zerbitzu teknikoan eta bezeroaren arretan. Horietaz gain, languntza-profilak ere baditugu, informatikan, administrazioan eta giza baliabideetan.
Zer ekintza egiten dituzue lan-giro seguru eta osasungarria sortzeko?
Lehenik, laneko segurtasunaren inguruko konpromiso/kontzientziazio sendoa sortu nahi dugu. Gure helburua 0 istripu izatea da. Zorionez, bide onean goaz, oso ezbehar-tasa baxuak baititugu. Baina horrekin ez dugu nahikoa.
Horretaz gain, ekintza hauek garatzen ditugu:
- Formakuntza eta sentsibilizazioa, gure segurtasun- eta osasun-kulturan heldutasuneranzko bidea egiteko.
- Laneko aarriskuak desagerraraztea edo minimizatzea; horretarako sortu nahi dugun kulturaren arabera, langile-taldeak euren buruen eta lankideen segurtasunaren eta lan-osasunaren jabe sentituko dira.
Jakina, horrekin guztiarekin bat, hainbat jarduera bultzatzen dituen kudeaketa-sistema bat dugu (arrisku-ebaluaketa, ikuskapenak, auditoriak, etab.), baita lan-metodo eta ohitura seguruak ere.
Era berean, Segurtasunaren Astea egiten duzue. Noiz eta nola sortu zen ekimen hori?
Segurtasunaren Astea 2019ko urtarrilean egin zen lehenengo aldiz, eta, ondoren, 2020an eta 2021ean egin dugu. Horren helburua zera da: langile guztiak sentsibilizatzea, eta guztiei oroitaraztea lehentasuna segurtasuna dela. Eta, hain zuzen, lehentasuna segurtasuna izatea da garamatzana, sinbolikoki, Segurtasunaren Astea urteko aurreneko jardueren artean egitera.
Zer ekintza egiten dira?
Segurtasunaren Astea aste horretako 5 egunetan egiten da. Horietan zehar, hainbat jarduera egiten dira. Lehenik, Erakunde osoari zuzendutako hitzaldiak egiten dira. Horietan, TESA ASSA ABLOYk segurtasunarekin duen konpromisoa adierazten da; lan-zentro guztietako lan-taldeei Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko ekintza nagusiak ezagutzera ematen zaizkie; eta, era berean, haien konpromisoa eskatzen da laneko segurtasunarekin eta osasunarekin, maila indibidualean zein kolektiboan.
Hurrengo egunetan, hainbat arduradun lanpostuz lanpostu joaten dira arrisku handienak zein diren azalduz eta horiek prebenitzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko erne egon behar dugula gogoraraziz. Era berean, azken urtean ezarri diren segurtasun-neurri giltzarriak errepasatzen dira. Horietako hainbat langileek eurek proposatutakoak izaten dira –ekarpen horien aitorpena egiteko aprobetxatzen da–, eta hobekuntza-aukera berriak in situ detektatzeko aukera ematen da. Hobekuntza-aukera horiek honako hauei buruzkoak izaten dira: baliabide humano zein materialak, prozesu-aldaketak, baita segurtasunarekiko jarrera eta jokaera proaktiboen bilaketa ere, maila indibidual zein kolektiboan.
Azken egunean, zuzendari nagusiak, fabrikazioko zein Laneko Arriskuen Prebentzioaren arloko arduradunekin batera, aurreko eguneko segurtasun-ibilaldian detektatutako hobekuntza-aukerak in situ ezagutzen ditu.
Horrela, erakundearen egiturari transmititzen zaio zuzendaritza honek laneko segurtasunarekin duen konpromiso zalantzarik gabea eta hurbila. Era berean, 5 egun horietan zehar langile guztiei informazioa ematen zaie ongizateari lotutako hainbat gairi buruz, hala nola elikadurari buruzko jarraibideak, lantegiko ohitura osasungarriak, sedentarismoaren prebentzioa, bizkarraren eskola, etab. Asko estimatzen dute guztiek.
2021ean, Segurtasunaren Astea ekitaldi ludiko eta berritzaile batekin bukatu dugu: segurtasunari eta ongizateari buruzko galderen lehiaketa bat, online. Langile guztiek aldi berean parte hartu ahal izan dute.
Zeintzuk dira, etorkizunera begira, erronka nagusiak?
Lau zutabetan egituratuko genuke:
- Merkatuan hazten jarraitzea, hazkunde organikoaren bidez, baita erosketen bidez ere.
- Garai eta errealitate berrietara egokitzea, produktua berrituz, mekanikaren zein elektronikaren alderdietan.
- Prozesu efizienteak zehaztea, bezeroen eta enplegatuen asebetetzea handitzeko.
- Antolaketa dinamikoa izatea, une bakoitzean behar diren trebetasunak dituena, ingurune aldakor eta etengabe eboluzionatzen ari den batera egokitu ahal izateko.