MUTUALIAK ARRAKASTAZ GAINDITU DU AENORen AUDITORIA

smiley face

AENORen auditoria arrakastaz gainditu da!

Irudia: ijeab – www.freepik.es

Apirilean, Mutualiak arrakastaz gainditu du AENORek egindako 7 ziurtagirien auditoria

Mutualiak konpromiso sendoa du kudeaketa profesionalizatu eta eraginkorrarekin. Horren erakusgarri dira ziurtatuta dituen hainbat kudeaketa-sistema ezberdin : Kalitatea, Ingurumena, Laneko Arriskuen Prebentzioa, Energia Eraginkortasuna, Informazioaren Segurtasuna, Konplimendu Penala, Pazienteen Segurtasuna, etab.

Ziurtagiri horiek berme bat dira gure interes-taldeen aurrean. Horregatik, eta nahiz eta COVID-19agatik bizi dugun salbuespenezko egoerak jarraitu, Mutualiak auditoretzaren formatua egokitu egin du; zati bat aurrez aurre eta beste bat bideokonferentzia bidez.

Auditoria honetan, AENORek gure kudeaketa-sistemak ikuskatu ditu: Kalitatea, Ingurumena, Laneko Arriskuen Prebentzioa, Energia Eraginkortasuna, Pazienteen Segurtasuna, Infekzioak eta Informazioaren Segurtasuna.

Emaitzak oso positiboak izan dira: AENORek 2 desadostasun baino ez ditu detektatu (7 ziurtagiriko auditoria batean), baita zenbait indargune eta unean uneko ohar batzuk ere.

Argitaratu da “104/2021 Irizpide Teknikoa, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak arrisku psikosozialen arloan egin beharreko jarduketei buruzkoa”.

Joan den apirilaren 15ean, Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzak argitara eman zuen 104/2021 zk.ko EO LGSI Irizpide Teknikoa, Laneko eta G.S.ko Ikuskatzailetzak Arrisku Psikosozialen Arloan egin beharreko jarduketei buruzkoa.

Europako Batzordeak, 2017ko urtarrilaren 10eko “Lan seguruagoa eta osasungarriagoa denontzat-Laneko segurtasunari eta osasunari buruzko EBren legislazioaren eta politiken modernizazioa” jakinarazpenean, adierazi zuen arrisku psikosozialak, eta bereziki laneko estresa, arazorik konplexuenetakoa direla laneko segurtasunari eta osasunari dagokienez, eta gorantz doazela pixkanaka.

2018an, Batzordearen aginduz, SLIC delakoak (Lan Ikuskaritzako Goi Arduradunen Batzordeak) onetsi egin zituen “Arriskuaren eta prebentzio-kudeaketaren ebaluazioen kalitatea baloratzeko gida, arrisku psikosozialak prebenitzeari dagokionez” eta “Lan-ikuskatzaileentzako jarduera-printzipioak, dibertsitateari, eta, bereziki adinari, generoari eta beste ezaugarri demografiko batzuei dagokienez”.

Joan den apirilaren 15ean 104/2021 Irizpide Tekniko hau argitaratu zen, gida hori eta printzipio horiek egokitzeko estatuan indarrean dagoen legediari eta Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskatzailetzaren atribuzio eta eskumenei.

Mutualiak Irizpide hori helarazten dizue, jorratzen dituen gaiei buruzko informazioa errazteko.

Mutualiaren Prebentzio Aholkularitza.

Argazki hauek izan dira irabazleak Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Mutualiaren XVIII. Argazki-lehiaketan.

José Vicente- “Luz 1”

Pandemiaren ondoriozko zailtasunak gorabehera, beste urte batez –hamazortzigarrenez, dagoeneko–, Mutualiak saria eman dio prebentzioaren gaineko begiradari apirilaren 28an, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Nazioarteko Egunean. Epaimahaiak, telematikoki bilduta, aukeratutako 200dik gora argazkien artetik hautatu ditu bere ustez laneko arriskuen prebentzioaren balioak hoberen adierazten dituztenak. Hauek dira sarituak: 

Lehiaketaren helburua da gizartea laneko segurtasunaz eta osasunaz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea, eta, denen artean, lan-ingurune seguruagoak lortzea. Honakoek osatu zuten epaimahaia:  

  • Iñaki Olaizola Nogales jn. / Osalaneko Planifikazio zuzendariordea  
  • José Antonio Carnero Fernández jn. / Bizkaiko Lan Ikuskaritzako burua  
  • Ismael Calle Sobrón jn. / Mutualiako Kudeaketa zuzendaria 
  • María del Mar Crespo Millán and. / Mutualiako Prebentzio Aholkularitzako arduraduna  

Lan zaila izan zuten: kalitate handiko 200 argazki baino gehiagoren artean aukeraketa egitea. Argazki horiek arrisku-egoerak, jardunbide egokiak eta, nola ez, SARS-CoV-2ak eragindako pandemiaren ondorioz aurten bizi izandako egoerak erakusten zituzten.  

Gaur, inoiz ez bezala, zure ikuspegiak garrantzia du. 

Eskerrik asko guztioi parte hartzeagatik, eta zorionak irabazleei. 

KONTSULTA JURIDIKOA 2021EKO APIRILA

KONTSULTA JURIDIKOA

Zeintzuk dira 2021erako Aurrekontu Orokorren Legearen berritasun nagusiak Gizarte Segurantzari dagokionez?

2021ERAKO ESTATUKO AURREKONTU OROKORREN LEGEA

BERRITASUNAK GIZARTE SEGURANTZAREN ARLOAN

Tradizioz, Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak berritasun esanguratsuak izan ohi ditu Gizarte Segurantzari dagokionez. Haatik, 2021eko ekitaldirako onartu berri den legean (11/2020, abenduaren 30ekoa) ez dago aldaketa askorik, eta daudenak erretiroko eta jaiotzagatiko prestazioei eta adingabekoak zaintzeagatik emandakoei buruzkoak dira.

Erretiroaren kasuan, bere erreferentziazko arauaren (27/2011 Legea, abuztuaren 1ekoa) xedapen iragankorretan finkatutako prestazioaren jasotze-erregimen progresiboa garatuz, ezartzen da 2021ean erretiro osoa hartu ahal izango dutela 65 urte betetzen dituztenek, betiere hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete edo gehiago kotizatu badituzte Gizarte Segurantzan. Kotizatutako denbora hori bete ez duenak, baina bai hamabost urte gutxienez, hirurogeita sei urterekin hartu beharko du erretiroa. Bistan denez, bi kasu horietan ez gara erretiro aurreratuaz ari, prestazioa ohiko erregimenean jasotzeaz baizik.

2021. urtean, prestazioaren oinarri arautzailea zein den jakiteko, 336z zatitu beharko da azken 228 soldaten kontingentzia arruntengatiko kotizazio-oinarrien batukaria; hau da, kotizatutako azken 24 urteena. Gogoratu beharra dago 2022tik aurrera, eta ondorengo urteetan, beste erreformarik ez badago, kotizatutako azken 25 urteak hartuko direla kontuan. Oinarri arautzaile horri, eta prestazioa kalkulatzeari dagozkion ondorioetarako, honako portzentajeak ezarriko zaizkio: lehen hamabost urteengatik prestazioaren % 50 onartuko da; hortik aurrerako hilabete bakoitzeko % 0,21 gehituko da 1 eta 106 hilabeteren arteko tartean, eta % 0,19 ondorengo hilabete bakoitzeko.

Borondatezko erretiroaz den bezainbatean, 2021ean baimendu egiten da hirurogeita hiru urterekin erretiroa hartzea hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete edo gehiago kotizatuta izanez gero, eta, era berean, hirurogeita laurekin, hogeita hamahiru urte eta hogeita hamazazpi urte eta hiru hilabete bitarteko kotizaziora iritsiz gero. Kasu horietan, jakina, prestazioa lehenago jasotzen hasteari dagokion koefiziente murriztailea aplikatu beharko da.

Jaiotzagatiko edo adingabeak zaintzeko baimena, berriz, iraupen berekoa da bi gurasoentzat 2021eko urtarriletik. Hortaz, ama biologikoa ez den gurasoak hamasei aste izan ditzake dagoeneko, zatika edo jarraian. Bestalde, adopzioagatiko, adopzioa egiteko zaintzagatiko edo behin-behineko zein behin betiko harrera egiteko baimenari dagokionez, honakoa ezarri da: 2021etik aurrera, bi gurasoek lan egiten badute, derrigorrezko atsedenaren lehen sei asteen osteko aldia zatika hartu ahal izango da, eta horretarako epea lehen sei asteen bukaeraren eta hamabi hilabeteen artekoa izango da, jaiotzatik zenbatzen hasita, edo adopzioa gauzatzen den ebazpen judizialetik, edo adoptatzeko edo harrera egiteko helburua duen zaintzaren erabaki administratibotik zenbatzen hasita.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

MUTUALEX EPAIA 2021eko apirila

epai judiziala

BIDEGABEKO KALERATZEA – BERRIZ HARTZEKO EZINTASUNA ENPRESA ETETEAGATIK – IZAPIDE-ALDIKO SOLDATA

Langileen Estatutuaren 52. artikuluaren arabera, kaleratzea bidegabetzat jotzen denean, kontratua bete ez duen enpresaburuak bi aukera ditu: kaleratua berriz hartu edo kalte-ordaina ordaindu, zerbitzuan emandako urte bakoitzeko 33 egunen baliokide dena, gehienez ere 24 hilekotan. Kalte-ordaina emateko aukerak lan-kontratua azkentzea dakar, eta azkentze hori bat dator benetako lan-uztearen egunarekin. Hortaz, kalte-ordaina ematea aukeratuz gero, kalte-ordainaz gain, ez da soldatarik ordaindu behar, zerbitzuak emateari benetan utzi ondoko aldiengatik. Aitzitik, langilea berriz hartu eta bere lanpostuan jartzeko aukerak kalte-ordain bat ordaintzetik salbuesten badu ere, izapide-soldatak ordaintzeko betebeharra dakar berekin enpresarentzat, hain zuzen, kaleratze-dataren eta bidegabea dela adierazten duen epai judizialaren jakinarazpenaren artekoak, salbu eta lehenago langileak beste enplegu bat aurkitu badu; kasu horretan, enplegu horren hasiera-datara artekoa izango da.

Artikulu hori Gizarte Segurantza arautzen duen Legearen –GJAL– 110. artikuluarekin bat etorriz interpretatu behar da; horren arabera, kaleratzeari buruzko epaiketan bertan, enpresaburuak aurreratu ahal izango du bidegabea deklaratuz gero baliatuko duen aukera, eta, aldi berean, fase horretan ikusten bada epaitegiak ezin duela berriz onartu, azkenean bidegabea dela deklaratzeko erabakia hartzen bada, kalte-ordaina emateko aukera baliatu dela ulertuko da, eta lan-harremana azkendutzat joko da.

GJALren 110. artikuluaren interpretazioari dagokionez, zalantza hau planteatzen zen: kasu horietan, epaiketa egiten zen unean, langilearekin zerikusirik ez zuten arrazoiengatik, langilea berriz hartzea ezinezkoa bazen, konpentsazioko kalte-ordainaz gain, izapidetze-aldiko soldatak ere ordaindu behar ote ziren. Kaleratzearen ondoren eta bidegabeko deklarazio judizialaren aurretik enpresa ixtea edo enpresa-jarduera etetea da kasua eragiten duen inguruabar komuna.

Horri buruzko erabaki kontraesankorrak zeuden: batzuk izapidetze-aldiko soldatak ordaintzeko betebeharrik ez izatearen aldekoak ziren, aukera egingarri bakarra kalte-ordaina ematea baita; eta beste batzuek, berriz, epaiak ebatzi arte soldatak ordaintzea posible izango zela uste zuten. Auzitegi Gorenak ebatzi du auzia, duela gutxi, 2021eko otsailaren 17ko epaian, eta izapidetze-aldiko soldatak ordaintzea bidezkoa dela erabaki du.

Auzitegi Gorena suposizio batetik abiatzen da: ostalaritzako langile bat kaleratzen da, eta, gainera, zor uzten zaizkio hartu gabeko oporrei dagozkien soldatak. Bidegabekeriari buruzko epaiketa egiten den unean, enpresa itxita dago eta ez du inolako lan-jarduerarik. Auzialdiko epaitegiak baietsi egingo du demanda, eta, bidegabeko kaleratzeaz gain, lan-harremana azkendu dela deklaratuko du, enpresa itxita dagoenez, langilea berriz hartzea ezinezkoa delako. Epaiak aitortzen du langileak eskubidea duela kalte-ordaina jasotzeko eta ordaintzeke dauden oporren ordainketa jasotzeko, baina ez, ordea, izapide-aldiko soldatak jasotzeko, ordainketa hori ez baita berariaz aurreikusten aipatutako GJALren 110. artikuluan. Justizia Auzitegi Nagusiak epaia berretsi ondoren, langilea doktrina bateratzeko kasazioan joan da Auzitegi Gorenera, eta horrek bere uzia hartuko du arrazoibide honetan oinarrituta.

Auzitegi Gorenak onartzen du, GJALren 110.1.b) artikulua zorrotz eta hitzez hitz interpretatuz gero, uler daitekeela ez dela bidezkoa izapidetze-aldiko soldatetara kondenatzea, aipatutako manuan ez dagoelako berariaz aurreikusita kondena hori, baina, aitzitik, adierazten du itxurazko omisio hori ez dela halakoa, manua beste batzuekin bat etorriz interpretatu behar delako, hala nola Langileen Estatutuaren 56.3 artikuluarekin eta GJALren 278.etik 286.era bitarteko artikuluekin. Zehazki, GJALren 286.1 artikuluak hau adierazten du, kaleratzeari buruzko epai irmoak betearazteari dagokionez: “Aurreko artikuluetan xedatutakoari kalterik egin gabe, enpresa eten edo itxi behar izateagatik edo ezintasun material edo legaleko beste edozein arrazoirengatik langilea berriz onartzea ezinezkoa dela egiaztatzen bada, epaileak autoa emango du, eta, bertan, lan-harremana azkendutzat joko du ebazpen horren egunean, eta langileari kalte-ordainak eta 281. artikuluaren 2. paragrafoan adierazitako jaso gabeko soldatak ordaintzea erabakiko du.” Bere ustez, langileari egotzi ezin zaizkion arrazoiengatik langilea berriz hartzeko aukerarik ez dagoen kasu berezi horietan, betearazte-faseko lege-aurreikuspenean jasotzen bada izapidetze-aldiko soldatak ordaintzea, horretatik ondorioztatu behar da, prozesu-ekonomia dela-eta, kondena hori betearazi beharreko epaian bertan gertatu behar dela, behin epaitegiak langilea berriz hartzea ezinezkoa dela egiaztatu ondoren. Kontrako interpretazio bat eginez gero, eskubide hobekoak izango lirateke, lan-harremana berriz hartzeko ezintasunagatik, berariaz azkentzeko deklarazioa beren demandan eskatzen ez duten langileak, eta, gero, epaia betearazteko fasean ezintasun hori egiaztatu ondoren, zilegi ez den azkentzearen konpentsaziozko kalte-ordaina ez ezik, bitartean jaso gabeko soldatak ere eskuratuko lituzketenak.

Iñaki Esnal

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Triatloia

ekfb
ekfb

Abantaila ugariko modalitatea

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko atal honetan, oraingoan, osotasun beteko kirol bat egiteak eragiten dituen askotariko onurak azpimarratuko ditugu: triatloia da kirol hori. Euskal Herrian kirol honetako hainbat klub daude, eta Euskadiko Federazioan horien berri jaso dezakezue. Egia da espezialitate gogor samarra dela, ahalegin berezia eskatzen duela, baina, erraz suma daitekeenez, gorputz osoa trebatzen duen kirola da, triatloia egitean gihar talde guztiak sendotzen baitira. Zehatzago adierazteko, igeriketak gorputzaren goialdea trebatzen du; txirrindularitzak eta korrikak, aldiz, beheragoko gorputz-indarra garatzen laguntzen dute. Era horretan, giharrak garatu, indarra handitu eta gorputz osoa bizkortzen da. Gainera, pisua galtzen da, jakina, lehen aipatu ditugun igeriketa, txirrindularitza eta korrika modalitateak konbinatuta, entrenamendu osoa eta elkarlotua eskaintzen baitu –eta asegarria–. Horri esker, sasoi ederra eskuratzen da, eta gorputzeko atal guztietan koipe kopuru handiak erretzen dira.

Energia handiagoa ere eskaintzen digu, jarduera areagotu egiten delako, eta, dieta aldatzeak, adibidez, produktibitate hobea izaten laguntzen duelako. Nahiz eta antolatutako entrenamendu-saio batzuk gainditzea zaila eta aski neketsua izan, oro har energia mailak asko igotzen dira. Txirrindularitza, korrika eta igeriketa praktikatzeak arteria-presioa murrizten laguntzen du, obesitatea eta diabetesa prebenitzen laguntzen du, bai eta gaixotasun kardiobaskularrak, beste gaixotasun larri batzuk, eta depresioa bera ere. Hau da, triatloiak ondo sentiarazten gaitu. Foro batzuetan irakur dezakegunez, triatletek dauzkate bihotz handienak, eta horien bihotz-maiztasuna batez bestekoa baino %17 txikiagoa da; horrek osasun hobea eskaintzen du, gehiago eta hobeto bizi ahal izateko. Izan ere, ezaugarri horiek dituen edonor askoz gazteago sentitzen da.

Pisua galtzea nabaritzeaz gain, gorputzak aukera berriak ematen ditu, adinaren arabera. Beti dago egoera zailak azpikoz gora iraultzeko modu bat, gero eta leunagoak diren entrenamendu programekin, hutsetik hasita, gorputz ahaltsua duen merituko triatleta bihurtu arte. Izan ere, triatloiko proba edo entrenamendu bateko alderdi bakoitzak osasunerako onura jakin batzuk eskaintzen ditu, eta horrek gorputza moldatzen laguntzen du. Igeriketak gorputzaren goialdea hobeto definitzen du, eta malgutasuna hobetzen du; korrikak, berriz, gihar luze eta meheak garatzen ditu, eta txirrindularitzak gure gorputzaren behealdea bizkortzen du, aldi berean sendotu egiten duen bitartean.

Triatloia egiteko entrenamenduak hobeto jaten ahalegintzen lagunduko du, oreka egokiko dieta zainduz eta helburu guztiak lortzeko energia ematen duten produktuekin gorputza elikatuz. Osasuna hobetzen hasten denean, beste kontu garrantzitsu bat da erronkak jarrita lortu dezakegunaz eta egin dezakegun ahaleginaz dugun ikuspuntua hobetzen hasten dela.

Horrela, nabaritzen hasten da konfiantza maila handiagoa eta besteek ere norbera hautemateko moduan ageri den aldea. Triatloi bat bukatzeak sinesgaitza den zerbait eskaintzen du, eta, beraz, indar eta sinesmen handiagoa ematen du norberarengan. Praktikatzen duten pertsonak seguruago sentitzen dira, eta lehen ezagutzen ez zituzten alderdiak aurkitzen dituzte. Kirol bakarra egiten denean, esate baterako, korrika, gorputz-atal berberak zigortzen dira, eta horrek ohiko lesio arruntak eragiten ditu. Triatloia praktikatuz, esfortzua hiru kiroletan egiten da, bakoitza gorputzaren atal ezberdinetan zentratuta. Horri esker, eremu zehatz batean ez da etengabeko kargarik eta estresik jasaten. Beraz, triatloia bezalako egokitzapen fisikoko metodo orekatuago batekin, lesio gehiegi gabe denbora gehiagoz goza daiteke: min gutxiago eta gorputz indartsuagoa sentitzera eraman gaitzake. Triatloia praktikatzeak zure bizitza eta zeure burua ikusteko modua alda ditzake.

Izan ere, triatloia praktikatzen hasten zarenean konturatzen zara, lana, ahalegina, ilusioa eta konpromisoa izanda, edozer egin daitekeela. Halaber, taldean egiten baldin bada, asebetetzea eta sentsazioak askoz hobeak dira. Triatloi baterako entrenatzeak kontzentrazioa doitzen du eta produktibitatea hobetzen du. Eta hiru modalitateetako aldaketetara egokitzen gara, horrekin estresa murrizten dugulako eta egoera berriei beldurra galtzen diegulako; hori gure eguneroko bizitzara eraman daiteke. Egunero entrenatzeko ilusioari tinko eusten diogu, eta motibazioa da hori. Halaber, triatloiak gure autoestimua handitzen du. Edozer egin dezakegula uste dugu. Triatleta, berez, pertsona zoriontsua da.

LOTU SEGURTASUN-UHALA, LOTU BIZITZA

Joan den Aste Santutik, Trafikoko Zuzendaritza Nagusia (DGT) kanpaina bat egiten ari da segurtasun-uhala erabiltzearen komenigarritasunaren inguruan. Kanpaina 1973. urteko iragarki bateko irudietan inspiratuta dago, eta honako hau irakur zitekeen bertan: “Zure segurtasunagatik, erabili segurtasun-uhala”. 50 urte geroago, mezuak indarrean jarraitzen du. 

Iraganeko kontua dela pentsa daiteke, baina ez da hala. XXI. mendean, ia bost hamarkadaren ondoren, DGTk segurtasun pasiboko sistema horren garrantzia azpimarratzen jarraitu behar du, trafiko-istripuetan heriotzak saihesteko. Iragarkia 1973ko kanpainako fotogramekin hasten da, eta gaur egungo beste batzuekin amaitu. Denboraren iragatea nabaria da. Kanpainen komunikazioan bilakaera sozial eta informatiboa nabaritzen da, baina mezua berbera da. 50 urte daramatzagu iragarki bera ikusten, hainbat modutan, baina eduki berarekin. Zergatik? Benetan kezkagarria den zerbaitengatik. 2020an, segurtasun-uhala erabiltzen ez zuten hildakoen ehunekoa % 22tik % 26ra igo zen; hau da, 4 hildakotik batek baino gehiagok ez zeraman jarrita gailu hori. Sinestezina, baina egia. 

B. Franklinen aipu ospetsua baliatuta (“Esaten badidazu, ahaztu egingo dut; irakasten badidazu, gogoan izango dut; tartean sartzen banauzu, ikasi egingo dut”), sakon hausnartu beharko genuke segurtasun-uhalaren garrantziaz (hildakoak ia % 50 murriztea eragiten du), eta gazteenei mezu hori transmititzeko konpromisoa hartu beharko genuke, haurtzarotik hasita, bideko segurtasunaren arloko ikaskuntzak duen garrantziagatik. 

Hori dela eta, Trafikoko Zuzendaritzak gogoeta egiteko eta, batez ere, jarduteko eskatzen digu. 

Lotu segurtasun-uhala, lotu bizitza! 

A&B Laboratoriosek 20 urte bete ditu

ABL_equipo_hall

Isabel Acevedo elkarrizketatu dugu (Produkzio-zuzendaria eta LSO)  A&B Laboratorios 2001ean sortu zen. Nola sortu zen enpresa, eta zein da bere jarduera nagusia? 

A&B Laboratorios de Biotecnología 2001ean sortutako familia-enpresa bat da eta helburu hau du: ohiko produktu kimikoak baino seguruagoak diren eta ingurumenaren gainean eragin txikiagoa duten produktu kimiko eta bioteknologikoak diseinatzea, fabrikatzea eta merkaturatzea. Hori lortzeko, 33 pertsona ari gara lanean egunero. Horietatik zazpik profil teknikoa dute eta I+G+b unitatea osatzen dute, zortzi produkzio-lanean aritzen dira, eta, gainerakoak, lan komertzialetan eta jardueraren euskarri-lanetan dihardute. Nazio mailan hasi zen enpresa hark arreta handia bereganatu du nazioarteko merkatuetan, eta 20 herrialdetan presentzia dauka gaur egun. 

Enpresari zer ondorio ekarri dizkio pandemia-urte honek, eta zer prebentzio-neurri hartu dituzue? 

Pandemia-urte hau oso gogorra izan da, bi arrazoi direla-eta: osasun-egoera eta horrek gugan sortu duen erronka. Izan ere, premia-premiazko desinfektatzaileen eskari biziki handiari erantzuna eman behar izan zaio, arazo eta ziurgabetasun handiko hornidura-kate baten bidez. Merkatuari begira, agertoki ezberdinak etengabe aztertzeari esker eta zailtasunak zailtasun, gure baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzen ahalegindu gara, gure bezeroei eta gure sare komertzialari erantzunik hoberena emateko. 

Ahalik eta ingurunerik seguruenean lan egiteko xedez, prebentzio-neurriak hartu ditugu enpresa barruan: kontingentzia-plana, COVID-19aren aurkako neurriak, lan-talde espezifikoak sortzea, garbiketa- eta desinfekzio-plana egokitzea, etab. Emaitza onak lortzeaz gain asko ikasi dugu urte honetan

A&B Laboratoriosek pertsonekin eta ingurunearekin konpromiso sendoa dauka, baita ingurumenaren aldeko apustu garbia ere. Ingurumenarekin errespetua gordetze aldera, zer neurri hartzen dituzue zuen produktuekin lan egiten duzuenean? 

Sinetsita gaude gakoa zera dela: produktuaren diseinu-faseko erabakitze-prozesuan segurtasuna eta ingurumena txertatzea, eta, hori, produktuaren bizi-ziklo osoa kontuan hartuta. Hala, hauek denak kontuan hartzen ditugu: lehengaiak (horien eskuratzea, jatorria, arriskugarritasuna, zer ontzitan datozen), plantan produzitzen dugun modua eta produktuaren nahiz erabilitako ontzien garraioa, erabilera eta bizi-amaiera. Diseinu-fasean hori dena modu sistematiko eta kuantifikatuan kontuan hartzen badugu, prototiporik seguruena eta eraginik txikiena duena hautatu ahal izango dugu. Ekodiseinu-sistematizazio hori aplikatuz, kalitate benetan altuko produktuak garatu ditugu, eragin minimoa sortzen dutenak eta merkatuan oso onarpen ona daukatenak. 

Era berean, komunikazioan ahalegin handia egiten dugu, helburu hauekin: alde batetik, ingurumen-informazioa hornidura-katean zehar transmititzea, eta, bestetik, produktuen erabilera haien diseinuaren araberakoa izatea. Adibidez, ez du ezertarako balio erabileran 2 ml eskatzen dituen produktu garbigarri bat diseinatzea, erabiltzaileak dosifikazio hori bikoiztu egingo badu: eragin kaltegarria txikitzeko ahalegin guztia zakarrontzira doa. Hori dela eta, gure iritziz, gure ardura da produktua modu egokian erabiltzeko komunikazio eraginkorra sortzea ere. 

2018an, A&B Laboratorios enpresak Europako Ingurumen Saria irabazi zuen, garapen jasangarrirako kudeaketaren mailan. Zer eman zizuen aitorpen horrek? 

Lehenik, bultzada emozional bat izan zen, gure negozioa ulertzeko modua sendotu zuena, eta bide horretan aurrera jarraitzeko energiak eman zizkiguna. Pozgarria da jakitea zure lana eta ahaleginak hain modu nabarian aintzat hartzen direla. Gainera, gure produktuarentzako erakusleiho moduko bat izan zen nazioartean; horrek onura handia sortu digu alderdi komertzialean. 

Zein dira enpresaren helburu nagusiak jasangarritasun aldetik? 

2021. urte honetarako jasangarritasun-plan bat garatu dugu, honako faktore hauekin lotutako helburuak ezartzen dituena: balio-katea mapatzeagarapen jasangarrirako helburuak (GJH) estrategian txertatzea, jarraipena egitea, barne- eta kanpo-komunikazioa garatzea, trakzio-lana egiten duten eragileekiko lankidetza-proiektuak sustatzea eta salmenta-sailari laguntzea, erantzukizun sozialeko alderdiak komunikatuz. 

Nola txertatu dituzue GJHak estrategian? 

Txertatze-prozesua duela bi urte baino gehiago hasi zen, orduan, GJHekiko gure egoera zein zen aztertu eta diagnostikatu baitzen, gure jarduerak zein helbururekin egiten zuen talka jakiteko asmoz. Fase horren ondoren, gure helburu estrategikoak GJHekin erlazionatu genituen. Horri esker, gai gara irudikatzeko nola egiten duten talka gure helburu pertsonalek eta tokiko helburuek helburu globalekin. Urte honetan zehar, GJHak kudeaketa-planetan txertatuko ditugu. Horrela, garatu ahala, erakunde osoaren osagarri bihurtuko dira. 

Nola lortzen duzue garapen jasangarriko helburuak eguneroko jardueran zuen langileei helaraztea? 

Alde batetik, komunikazioko eta sentsibilizazioko barne-kanpainekin, erakundeko kide guztiok GJHak ezagut ditzagun, eta, gure jarduera profesionalarekin, baita etxeko esparruan egiten ditugun ekintzekin ere, lot ditzagun. Eta, bestetik, GJHak erakundearen estrategian txertatuta egotearen emaitza gisa —arlo eta prozesu bakoitzean—, gure eguneroko planen eta ekintzen parte izatera igarotzen dira.  

Zein erronka dituzue etorkizunari begira? 

Erronka nagusia zera da: José Luis Gutiérrez gure sortzaileak markatu zigun bidean aurrera jarraitzea, eta nazioko nahiz nazioarteko merkatuan berrikuntzan eta erantzukizunean erreferentzia izaten jarraitzea, aldi berean gure lehiakortasunari eta gure konpromisoari (bezeroekiko, gizartearekiko eta ingurumenarekin) eutsiz.  

ABL_equipo_hall