Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko (aurrerantzean, EAEJAN) Lan-arloko Salak, 2021/05/11n emandako epaian (674/2021 zk.dun Erregutzeko Errekurtsoa), bere enpresak aitaren familia-zaintzarako eskatu zuen eszedentzia eman zion langile baten kasua aztertu du. Aita adinean aurrera eginda zegoen eta gaixotasun larria zuen.
Enpresak eszedentzia hori eman zion urtebeterako eta adierazitako helburu bakarrerako.
Kontua da eszedentzia-egoera hori hasi eta hilabete batzuetara, eta emandako epea amaitu baino lehen, langilearen aita hil zela. Langileak ez zion horren berri eman enpresari, ez eta lanera itzultzeko eskatu ere, eta beste enpresa bati zerbitzuak ematen hasi zen.
Azkenik, jatorrizko enpresak emandako eszedentziaren epearen amaierako data hurbiltzen ari zenean, langileak lanera itzultzea eskatu zuen. Une hartan, enpresa horrek, beste bide batzuetatik jakin baitzuen langilea zaintzen ari zen pertsonaren heriotza, ezetsi egin zuen langilea lanera itzultzeko eskaera.
Enpresaren neurri horrekin ados ez zegoenez, langileak kaleratze demanda jarri zuen enpresaren aurka.
Lanpostua hutsik ez zegoelarik, enpresa horrek bi arrazoi zituen langileari lanera itzultzen ez uzteko. Lehena zen eszedentzian zegoen bitartean langileak beste enpresa bati zerbitzua emanez egin zuela lan. Bigarrenaren oinarria zen, hasieran eskatu eta eman zen arrazoia desagertu ondoren, eszedentzia borondatezkoa bihurtu zela.
Bigarren arrazoi horri dagokionez, EAEJANek adierazi du, Langileen Estatutuaren 46. artikuluan ezarritakoaren arabera, familia-zaintzarako eszedentziak araubide berezia duela, eta borondatezko eszedentziaren gainetik dagoela, besteak beste, lehenengo urtean lanpostua gordetzea barne hartzen baitu. Bada, Auzitegiak uste du senitartekoa zaintzeko berariazko eszedentzia hura eragin zuen arrazoia desagertu zenean, kasu honetan zaintzen zen aita hil zenean, langileak enpresara itzuli behar zuela. Hala egin ez duelarik, Auzitegiak uste du bere eszedentzia borondatezkoa bihurtu zela, eta horrek esan nahi du ez zuela babesten senitartekoa zaintzeko eszedentziarako aurreikusitako berariazko araubidea, baizik eta aplikagarria zitzaiola Langileen Estatutuaren 46. artikuluak berak borondatezko eszedentzietarako arautzen duena, zeinaren arabera ez den ezartzen lanpostu erreserbarik.
Azken finean, Auzitegiak ondorioztatzen du langilearen aita hiltzeak berarekin ekarri zuela senitartekoa zaintzeko eszedentziaren arrazoia desagertzea; beraz, langileak une hartan eskatu behar zuen lanera itzultzea, baina ez zuen hori egin. Beraz, jarraitzen zuen kontratua bertan behera uzteko egoera ez zegoen senitartekoa zaintzeko eszedentziaren babesean, eta borondatezko eszedentzia hasi berritzat jo behar zen, horri dagokion araubide juridikoarekin. Horrenbestez, araubide berezi hori aplikatu behar denez, eta horretan lanpostua gordetzea sartzen ez denez, Auzitegiak ondorioztatzen du enpresak lanera itzultzeari uko egitea, lanpostua hutsik ez dagoela kontuan izanda, ezin dela kaleratzetzat jo.
Kepa Bilbao
Mutualiako Aholkularitza Juridikoa

