Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetan, neguko hilabete hauetarako oso egokia den kirol baten berri emango dugu: mendiko eski alpinoa, gero eta jarraitzaile gehiago dituen modalitatea. Mendiko eskia gorantz doan espezialitatea da, eta are gehiago gure artean; izan ere, praktikatzaile asko Euskal Herrian hain errotuta dagoen mendi-mundutik datoz, eta ez eskitik bertatik.
Horregatik, trail runningeko korrikalari dezente hurbiltzen dira diziplina honetara neguko hilabete hauetan sasoian jarraitzeko, udaberriari begira aurreikusitako probak prestatzeko eta erronka berriak aurkitzeko. Erresistentzia-kirol gisa bikaina da, altueran egiten dena, oxigeno gutxiago dagoen lekuetan, horrela bihotza indartzen baita. Nahiko onuragarria da sistema kardiobaskularrarentzat. Kirol hau polita eta dibertigarria da, gorakoan zein beherakoan, irristatzea funtsezkoa baita modalitate honetan. Fondistarentzat, indarra baino garrantzitsuagoa da teknika. Hainbat estilotan praktika daiteke, eta norberak erabaki dezake egokiena: zeharkaldia, patinatzailea edo alternatiboa.
Mendiko eskia, neurri batean, mendiko korrikalariarentzako entrenamendu gurutzatu gisa ulertzen da. Duela pare bat hilabete elurra gailur garaienetara iristean, zapatilen ordez eskiak jartzeko aukera sortu da. Modalitate honek burura ekartzen digun lehenengo gauza deskonexioa denez, berau praktikatzea sasoian mantentzeko eta natura-ingurunearekin bat egiten jarraitzeko modu ona da. Hain iradokitzailea den mendiarekin eta ingurune naturalarekin harremanetan egoten segitzeko modu bat da. Aipatu dugun bezala, zapatilen ordez mendiko eskiak jartzean egiten den kirol-diziplinaren aldaketak gure buruari arnasa ematen laguntzen du, bai eta estres beldurgarria alde batera uzten ere. Gero, lasterketara itzultzean, motibazio berrituarekin egiten da, eta, gainera, lortutako onura fisiko ugariak jasota.
Izan ere, ikerketa zientifikoek adierazten dutenez, mendiko eskiak metabolismo aerobikoari estimulazio egokia ematen dio. Gainera, logikoa denez, giltzaduretan inpaktua dezentez txikiagoa da. Mendiko eskiak, elur gainean irristatzen garenez, mendiko lasterketak baino eragin txikiagoa du gure organismoaren gain. Inpaktua ez da hain kaltegarria, eta ordu gehiagoz lan egiteko aukera ematen du, lesioen edo giharretako gainkargen beldurrik gabe.
Modalitate honek koordinazioa hobetzen du; izan ere, kirol teknikoa denez, kontzeptu batzuk buruz ikasi behar dira, koordinazio hobea izateko eta eremu teknikoegietan ingurunea hobeto kudeatzeko. Gainera, giharrek potentzia- eta indar-lan bat egiten dute. Giharrei asko eskatzen dien kirola da, batez ere gainditu behar diren desnibelengatik. Horregatik, indarra eta potentzia handitzen dira gorputzaren beheko ataletan, eta, gainera, bihotzarentzat aipatu ditugun abantailak ematen ditu.
Argi dago mendiko altuerako entrenamenduak errendimendua hobetzeko onurak sortzen dituela gorputzean, eta nekeari aurre egiteko erresistentzia eta tolerantzia handitzen dituela; horrela, ondoren beste edozein kirol mota praktikatzeko erresistentzia handitzen da.
Esaten denez, elurretan irteera bat egiten dugunean 1.000 metro positibo lortzera irits gaitezke, eta 2.000 edo 3.000 inguru astean. Hori guztia, lasterketaren kasuan izaten den giharretako nekerik gabe. Askok, udaberriko eta udako denboraldiari begira, entrenamendu-bolumena handitzeko kirol gisa erabiltzen dute mendiko eskia. Eta berriro diogu, naturarekiko harremana bete-betea da; izan ere, iraupen-eskia egiten den zirkuituak elurtutako bide ederrak dira, edo haranak, pinudi ederrak… Beharrezkoa den deskonexioa, sasoian mantentzen gaituen kirol entretenigarri eta zoragarri bat egiten dugun bitartean.