Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko XIX. Argazki Lehiaketaren irabazleen berri emanez ospatuko du Mutualiak apirilaren 28a

fotografias ganadoras XIX premio

Gaur, apirilak 28, Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna da, eta prebentzioaren ikuspegia saritu nahi izan du Mutualiak, Lanaren Nazioarteko Erakundeak aurtengorako aukeratutako kanpaina babestuz.

“Elkarrekin, segurtasun eta osasun kultura positibo bat eraikitzeko”.

Sariak bihar, apirilaren 29an, banatuko dira, Mutualiak Bilboko Euskalduna Jauregian antolatutako Segurtasunaren, osasunaren eta aniztasunaren topaketan.

Besterik gabe, hemen dituzue irabazle izan diren argazkiak:

1. saria. 1.200 euro: Igor Otaegi Gurrutxaga jn. / Argazkiaren izenburua: «Garaiak aldatu dira, zuretzat»

2. saria. 900 euro: Manuel Ortiga Castillo jn. / Argazkiaren izenburua: «Motokultorea»

3. saria. 600 euro: Jaime Charles Bernis jn. / Argazkiaren izenburua: «Hondakinei eraginez»

garaiak aldatu dira zuretzat
Garaiak aldatu dira zuretzat
motocultor
Motokultorea
removiendo los restos
Hondakinei eraginez

Epaimahaia joan den apirilaren 8an bildu zen, zeregin zail batekin: aurkeztutako argazki ugarietatik (150etik gora) aukeraketa egitea; hauek osatu zuten epaimahaia:

  • Iñaki Olaizola Nogales jn. / Osalaneko Plangintzako zuzendariordea
  • José Antonio Carnero Fernández jn. / Bizkaiko Lan Ikuskaritzako arduraduna
  • Jorge Arbaiza Zabalo jn. /Idazkari orokorra – Gerentzia Zuzendaritzaren ondokoa
  • Mª Del Mar Crespo Millán and. / Mutualiako Prebentzio Aholkularitzako arduraduna

Bihar izango da sari-banaketa, eta ekitaldi horretan izango dira, halaber, Mutualia sarien banaketa, 0Bidean aintzatespenen banaketa, eta Laneko Arriskuen Prebentzioko berrikuntza-joerei buruzko hitzaldia, Silvia Leal dibulgatzaile zientifikoaren eta etorkizuneko joeretako adituaren eskutik. Guztia, Mutualiak Euskalduna jauregian egingo duen jardunaldian.

Segurtasunaren, osasunaren eta aniztasunaren topaketa

Jardunaldian, Mutualiak bere babesa eman nahi dio Lanaren Nazioarteko Erakundearen urteko kanpainari; aurten, honako gai hauxe du ardatz:

Laneko Segurtasun eta Osasunaren Mundu Eguna, 2022.

“Elkarrekin, segurtasun eta osasun kultura positibo bat eraikitzeko”

Gaur, inoiz baino gehiago, oso aintzat hartzen dugu zure ikuspegia.

Eskerrik asko parte-hartzaile guztiei, eta zorionak irabazleei.

Automobilismoa: Euskal Selekzioa automobil-talde berria, Joseba Iraola pilotua buru

logo-ekfb

Nazioarteko probetan lehiatzen ari da dagoeneko, UFDV-EKFBren, Euskadiko Automobilismo Federazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzari esker.

Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Euskadiko Automobilismo Federazioak, Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin, Euskal Selekzioa automobilismo-talde berria sortzea ahalbidetu dute. Joseba Iraola pilotua du lider, eta Euskadi ordezkatzen du mendi-lasterketen Europako Txapelketako nazioarteko zenbait probatan.

Aurkezpen-ekitaldia Bilboko Itsasmuseumeko zabaldegian egin zen; Ángel Gurrutxaga UFDV-EKFBko lehendakariak eta pilotuak berak parte hartu zuten, ilusio handiz.

«Azkenean iritsi da proiektu polit hau argitara ateratzeko eguna. Aurkezpen honetan urduriago egon naiz Frantzian egindako lehen lasterketan baino. Oso pozik gaude. Orain, probetan zentratuko gara. Gure helburua txapelketa osoa egitea da. Frantsesak eta italiarrak dira erreferentzia, eta, nire aldetik, ahal dudan guztia egingo dut. Top 3ren bat ideala litzateke, proba batzuetan podiumera igotzeko borrokatuko gara. Euria egiten duen edo ez duen egiten, alde handia izango da guretzat. Munduko Txapelketan, goian egon gaitezkeela erakutsi genuen», laburbildu zuen Iraolak aurkezpenean.

Presentación nueva escudería de automovilismo Euskal Selekzioa
Euskal Selekzioa automobilismo-talde berria

Euskal Selekzioa automobil-taldearen proiektu honen liderra Joseba Iraola Balmasedako pilotua (39 urte) da, Espainiako Mendiko txapelduna. Iraolak 100 lasterketa baino gehiago irabazi ditu hamabi urtean –Jaizkibelgo igoera, bost aldiz–, eta bosgarren izan da 2021ean, Portugalgo Munduko Mendiko Txapelketan. 2022ko lehen lasterketa, Aiako igoera, irabazi zuen, marka berria ezarrita. Eta Europako Txapelketako lehen hitzorduan debuta egin zuen, apirilaren 8an eta 9an, Frantzian (Saint Jean du Gard-Col Saint Pierre). Proba horretan, Joseba Iraolak lehen aldiz defendatu zituen Euskal Selekzioaren koloreak. Gainera, Portugalen, El Fitoko Nazioarteko Igoeran (Espainia), Txekiar Errepublikan, Italian, Suitzan, Eslovenian eta Kroazian ere lehiatuko da. “Lehenengo lau edo bosten artean geratu nahi dut, baina ikusiko dugu. Errepideak zure lekuan jartzen zaitu”, esan du Iraolak.

Joseba Iraolak, txirrindulari izan ondoren, lehiaketaren bidea hartu zuen, baina oraingoan lau gurpileko ibilgailu motordunen gainean. Lehen urtean Espainiako Txapelketan izena eman zuen, eta lehen lasterketan kategoria goreneko podiumera igo zen. Asier Lasa eta Endika Garairekin, Espainiako Mendiko Txapelketa irabazi zuen 2016an. 2017an ezin izan zuen titulu hori defendatu, istripu larri bat izan zuela eta. Autoak su hartu zuen eta gidariak erredura larriak izan zituen. Ondoren, 2018ko Espainiako Mendiko Txapelketako kategoria gorenean lehiatu zen, eta Norma M20 barketa baten bolanteari eutsita nagusitu zen berriro. Unerik onena izan zuen ordukoa, Javier Villaren aurkako buruz buruko borrokan irabazi baitzuen.

Bestalde, Ángel Gurrutxagak, Unión de Federaciones Deportivas Vascas-Euskal Kirol Federazioen Batasuneko lehendakariak, honako hau nabarmendu zuen:

Joseba Iraola pilotua eta Ángel Gurrutxaga, UFDV-EKFB lehendakaria

«Gure erakundeak aurreratu zuen helburu nagusietako bat euskal selekzioen sustapena dugula. Zenbait modalitatetan urratsak egiten ari gara, eta orain automobilismoan egin ditugu. Joseba Iraola izango da gure enbaxadorea nazioarteko hainbat probatan. Nor bera baino hobe modalitate honetan gu ordezkatzeko?».

Joseba Iraolak esan du, Christian Merli italiarrak irabazi zuen lehen lasterketa haren ondoren,

«etxeko lanak erdi eginda” geratu zela, “ezin izan genuelako punturik lortu. Lehen lasterketa ofizialean izotz-kontrakoaren mahuka bat irten zen, gurpila likidoz bete zuen eta tronpo bat egin genuen laugarren martxan. Zorte handia izan genuen. Gero, azken lasterketa ona izan zen, laugarren denborarik onena genuen. Argi zegoen ezbehar hori gertatu izan ez balitz, podiumera igotzeko borrokan izango ginela, helburu horrekin amets egiten baikenuen. Oso pozik gaude taldearekin, oso ondo baitabil. Borrokatzera etorri gara».

Joseba Iraola pilotua

Auzitegi Gorenak lanbide arteko gutxieneko soldata igotzeak sortutako kostua arintzeko aukera emango die enpresei.

salario

Auzitegi Gorenak, 2022ko urtarrilaren 26an eman berri duen epaian, enpresei aukera eman die, lanbide arteko gutxieneko soldata igotze aldera, antzinatasun-plusak irensteko; hala, langilearen soldata osatu eta kopuru horretara irits daiteke. Beraz, soldata-osagarriak langileen Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren zatitzat hartu behar dira.

Epai horretan, 2019rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzen duen abenduaren 21eko 1462/2018 Errege Dekretua interpretatzeko zegoen arazo nagusiki juridikoa ebatzi du, bai eta, zehazki, epaian eztabaidatzen den kasuan, Kataluniako adimen-desgaitasuna duten pertsonentzako lantegien sektoreko VII. Hitzarmen Kolektiboaren eremuan duen aplikazioa ere.

Kontua da erabakitzea ea, aipatutako hitzarmenak bermatzen duen lanbide arteko gutxieneko soldata benetan jasotzen dela bermatzeko, kategoria horretako soldata espezifikoaren gainean jardun behar den, eta 2019rako arauz ezarritako gutxieneko soldata berriaren aldea gehitu ala, aitzitik, hitzarmenean jasotako soldataren zenbatekoak barne hartu behar duen langile bakoitzak hirurteko gisa jasotzen duen zenbatekoa, eta ateratzen den kopuruaren gainean, lanbide arteko soldata berria betetzeko falta dena gehitu.

Gai hori ebazteko, hitzez hitz hartu behar dira arau hauek:

Langileen Estatutuaren 26.5 artikuluak ezartzen duenez, «Urte osoan benetan ordaindutako soldata guztiak batera hartu, eta arauetan edo hitzarmenetan finkatutakoak baino hobeak badira langileentzat, konpentsazioa eta xurgapena gertatuko dira».

Langileen Estatutuaren 27. artikuluaren 1. apartatuaren azken paragrafoaren arabera, «Lanbide arteko gutxieneko soldata berriro aztertzen denean, horrek ez die eraginik sortuko lanbide-soldaten egiturari eta zenbatekoari, batera hartuta eta urtekoa kontuan dela, hura baino handiagoak badira».

Bi arau horiek hitzez hitz hartuta, Auzitegi Gorenak ondorioztatu du lanbide arteko gutxieneko soldata gisa ezarritako zenbatekoa benetan jasoko dela ziurtatzeko, lehen jasotzen zuten oinarrizko soldata gehi langileek hirurteko bakoitzeko jasotzen zuten zenbatekoa 2019ko lanbide arteko gutxieneko soldatan finkatutako zenbateko berrietara heldu arte osatu beharko dela; izan ere, guztira eta urteko zenbaketan, 2019ko Errege Dekretu berrian ezarritako lanbide arteko gutxieneko soldata berriak ordezkatu zuen aipatutako arau-esparru berrian ezarritakoak baino txikiagoak ziren.

Arauaren helburuaren ikuspegitik, Auzitegi Gorenak adierazi du arauaren bidez besteren konturako langileentzako gutxieneko soldata-berme bat ezarri nahi dela; langileok urteko zenbaketan 12.600 euro jasotzeko eskubidea dute kontzeptu guztiengatik. 

Ondorioztatu duenez, sindikatuen tesia onetsiz gero, lanbide arteko gutxieneko soldataren berrikuspena lanbide arteko gutxieneko soldataren azpitik dauden oinarrizko soldatako hitzarmen kolektibo guztietara zabalduko litzateke. Modu horretan, denbora-unitateko oinarrizko soldata edo soldata finko bihurtuko litzateke langile guztientzat eta, ondorioz, erabat aldatuko litzateke berorren izaera juridikoa, eta, gainera, negoziazio kolektiboak soldatak finkatzeko gune natural gisa duen papera urratuko luke.

Aipatu behar da, azterketa honen xede den 2022ko urtarrilaren 26ko Epaiaren ondoren, Auzitegi Gorenak 2022ko martxoaren 29ko (162/2019 errek.) eta 2022ko martxoaren 29ko (60/2020 errek.) epaiak eman dituela gai horri buruz, baina oraindik ez dira argitaratu.

2022ko urtarrilaren 22ko Epaiak azaldutakoaren arabera, antzinatasun-osagarriagatik irabazitakoa langile arteko gutxieneko soldata berriarekin alderatu beharreko soldataren zati da; bestalde, 2022ko martxoaren 22ko Epaiak (162/2019 errek.) arau hori soldata-osagarri guztietara hedatu zuen (baita sari aldakorretara ere). Auzitegi Gorenaren 2020ko martxoaren 29ko Epaiak (60/2020 errek.) gauza bera egin zuen, eta soldataz kanpoko hartukizunak arautik kanpo geratzen direla ohartarazi zuen.

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

KONTSULTA JURIDIKOA 2022ko APIRILA

CONSULTA JURIDICA

Alargun batek kausatzailearen ezkontidearekin alarguntasun-pentsio bat partekatzen duen kasuetan, ba al dago onura ekonomikorik lehen alargunarentzat, bigarrena hil ondoren?

Kontsulta horri erantzuteko, Auzitegi Gorenak 2022ko otsailaren 9ko Epaian (Auzitegi Gorenaren 544/2022 Epaia) berriki ebatzi duen egitatezko kasu zehatz bat aztertuko dugu. Horretan, alarguntasun-pentsioaren arauketaren bilakaera berrikusteaz gain, honako hau adierazten da: alargunak alarguntasun-prestaziorako eskubide osoa du, eta eskubide hori beste onuradun bat egoteak soilik murrizten du; hortaz, logikoa da pentsatzea azken hori desagertzeak eskubide hori bere osotasunean aktibatuko duela berriz (baina ez handitu).

Egitatezko kasua:

Y jauna X andrearekin ezkondu zen 1973an, eta harengandik dibortziatu zen 1986an (13 urte ezkonduta). Hiru urte geroago, 1989an, Y jauna Z andrearekin ezkondu zen, eta 7 urte geroago Y jauna hil egin zen. 

Bi ezkontza-harremanen iraupena kontuan hartuta, eta indarrean dagoen araudia aplikatuz, honela ezartzen da alargun-pentsioaren banaketa: % 30,27 izango da Z alargunarentzat, % 69,73 X andrearentzat, azken horrek ezkontza-harreman luzeagoa izan baitzuen Y jaunarekin. 

2017an, X andrea hil zen eta, orduan, Z andreak bere pentsio osoa aitor ziezaioten eskatzea erabaki zuen, berekin prestazioa partekatzen zuen pertsona desagertu ondoren berari osorik zegokiola ulertzen zuelako.

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezezkoa eman zion Z andrearen eskaerari, pentsioa handitzea beste kasu batzuetarako soilik jasota dagoela ulertzen duelako, esaterako, zurztasunerako, ez alarguntzarako.

Demanda aurkeztu ondoren, Lan Arloko Epaitegiak onartu zuen, eta Z andreari pentsio osoa jasotzeko eskubidea aitortu zion, zehazki, % 52ko pentsioa data horretan. Adierazi zuenez, ezkontide alargunari pentsio osoa dagokio, eta pentsio hori beste pertsona batek hura kobratzeko eskubide proportzionala badu soilik txikiagotzen da. Horiek horrela, ez bazaio eskubide hori aitortzen, lehen ezkontideak jasotzen zuen pentsioaren zati bat ez litzateke ordainduko, eta horrek Erakunde Kudeatzailea bidegabeki aberastea ekarriko luke. Erregutze-errekurtsoa egin ondoren, Lan Arloko Salak atzera bota du instantziako epaia, uste baitu ez dagoela berariazko araudi edo jurisprudentziarik alarguntza-pentsioa handitzea ahalbidetzen duenik, zurztasun-pentsioarekin eta beste batzuekin gertatzen denaren aldean.

Oinarri hartuta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 174.2 artikuluak ezartzen duena, zeinaren arabera alarguna pentsio oso baten titularra den eta beste onuradun bat ere badagoenean soilik murriztuko den haren zenbatekoa, kontua da argitzea ea, beste onuradunen bat ez egonez gero, alargunak jasoko lukeen pentsioa berriz aktibatzen den bigarren pertsona horren eskubidea desagertzen denean.

Auzitegi Gorenak, kontuan hartuta ez dagoela egitatezko kasu zehatz hori konpontzeko arauketa espezifikorik, ondorioztatu du instantzian emandako irtenbide horrek ez dakarrela pentsio baten zenbatekoa bere zenbatekoaren gainetik handitzea; aldiz, partekatu beharko ez balitz pentsio horri legez legokiokeen zenbatekoa berreskuratzea dakar.

Beraz, pentsioa ez da benetan handitzen; izan ere, halako zerbait gertatzeko, pentsioaren onuradunaren eskubidea handituko litzateke, jatorriz dagokionaren aldean. Alabaina, kasu honetan, eskubidea bere jatorrizko hedadurara itzultzen da; hau da, legegileak pentsioa inorekin partekatu behar ez den kasuetarako ezarritako zenbatekoa berreskuratzen du alargunak. 

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

MUTUALEX EPAIA 2022KO APIRILA

SENTENCIA-2022-MUTUALIA

EUROPAR BATASUNEKO JUSTIZIA AUZITEGIAREN ERABAKIA
ETXEKO LANGILEEN SISTEMA BEREZIKO LANGABEZIA-PRESTAZIOARI DAGOKIONEZ

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak, Espainiako epaile batek planteatutako judizio aurreko arazo bat ebazte aldera, 2022ko otsailaren 24ko Epaian adierazi zuen 79/7/EEE Zuzentarauaren 4. artikuluan aurka egiten zaiola langabezia-prestazioa etxeko langileei aitortutako prestazioetatik kanpo uzten duen xedapen nazional bati.


Erabaki horrek kasu honetan du jatorria: langilea, enplegatzaile batentzat lan egiten duen etxeko langilea, pertsona fisikoa, Gizarte Segurantzako sistema berezian afiliatua 2011ko urtarriletik. 2019ko azaroan, langileak langabeziagatiko prestazioan kotizatzeko eskabidea aurkeztu zuen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian, dagokion prestazioa jasotzeko eskubidea eskuratze aldera. Haren enplegatzailea prest zegoen eskatutako kotizazioa ordaintzeko, eta hala adierazten zuen agiri bat aurkeztu zuen.


Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak eskabidea ukatu zuen, eta alegatu zuen Estatuko legeriak berariaz baztertzen duela sistema berezian langabezia-prestazioa lortzeko asmoz kotizatzeko aukera.


Langileak errekurtsoa jarri zuen Vigoko administrazioarekiko auzien 2. epaitegian, eta adierazi zuen xedapen nazional horrek gizarte-babesgabetasuneko egoeran uzten dituela etxeko langileak beren lan-harremana egotzi ezin zaizkien arrazoiengatik amaitzen denean; izan ere, ezin dute langabezia-prestazioa eskuratu, ez eta prestazio hori amaitzea eskatzen duen beste gizarte-laguntzarik ere, esaterako, langabeentzako gizarte-laguntzak.


Espainiako epaileak, ikusita langile-kategoria hori ia erabat emakumez osatutako kolektibo batek osatzen duela, Europako Justizia Auzitegiari 79/7/EEE Zuzentaraua interpretatzeko eskatu dio, erabakitzeko ea kasu honetan Zuzentarau horrek debekatutako zeharkako sexu-diskriminaziorik gertatzen den. Zuzentarau hori gizarte-segurantzaren arloan gizonen eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioari buruzkoa da.


Egitatezko kasua azaldu ondoren, kontuan hartu beharreko esparru juridikoa gogoraraziko dugu, bai Batasuneko Zuzenbidearen ikuspegitik, bai zuzenbide nazionalaren ikuspegitik.

Batasuneko Zuzenbidea

  1. 79/7 Zuzentaraua:

 79/7 Zuzentarauko bigarren kontuan hartuzkoaren arabera, «komenigarria da tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzea gizarte-segurantzaren arloan, lehenik eta behin, gaixotasunaren, baliaezintasunaren, zahartzaroaren, laneko istripuen, gaixotasun profesionalaren eta langabeziaren arriskuen aurkako babesa bermatzen duten lege-araubideetan».


3. artikulua, 1. apartatua: «Zuzentarau hau arrisku hauen aurkako babesa bermatzen duten lege-araubideei aplikatuko zaie: gaixotasuna, baliaezintasuna, zahartzaroa, laneko istripua eta gaixotasun profesionala, langabezia».


4. artikulua, 1. apartatua:  «Tratu-berdintasunaren printzipioak esan nahi du ez dela sexuagatiko diskriminaziorik egongo, ez zuzenean ez zeharka, batez ere ezkontza- edo familia-egoerari dagokienez, bereziki araubideen aplikazio-eremuari eta horietara iristeko baldintzei dagokionez»

  • 2006/54 Zuzentaraua:



1. artikuluak («Helburua») adierazten duenez, «Zuzentarau honen xedea da, enplegu- eta okupazio-gaietan, gizonen eta emakumeen artean aukera- eta tratu-berdintasunari buruzko printzipioaren aplikazioa bermatzea. Horretarako, tratu-berdintasunaren printzipioa aplikatzeko xedapenak jaso dira, honako gai hauei begira: (…) Gizarte Segurantzaren lanbide-araubideak».


2. artikuluak («Definizioak»), 1. apartatuan, honako hau ezartzen du: «Zuzentarau honen ondoreetarako, aintzat hartuko dira hurrengo definizioak: (…) Zeharkako bereizkeria: itxuraz neutroa den xedapen, irizpide edo eginera batek sexu jakin bateko pertsonentzat desabantaila jakin bat ekartzea beste sexuko pertsonei begira, non xedapen, irizpide edo eginera horiek modu objektiboan justifikatzen ez diren, xede legitimo batekin, betiere, xede horiek lortzeko bideak egokiak eta beharrezkoak izanda».

5. artikuluak («Bereizkeria debekatzea») ezartzen duenez, «4. artikuluan xedatutakoari kalterik egin gabe, Gizarte Segurantzaren araubide berezietan ez da gauzatuko sexuan oinarritutako inolako bereizkeriarik, ez zuzenekorik, ezta zeharkakorik ere, batik bat, hurrengo gaietan: 

a) Araubide horien aplikazio-esparruan eta horietara biltzeko baldintzetan.

b) Kotizatzeko betebeharrean eta kotizazioen kalkuluan».



9. artikuluak («Bereizkeria-adibideak») hau ezartzen du bere 1. apartatuan: «Tratu-berdintasunaren printzipioaren aurkako xedapentzat hartu beharko dira, sexuan oinarritzen direnak, zuzenean nahiz zeharka, hurrengo helburuekin:

a) Prestazioak emateko baldintza desberdinak ezartzea edo prestazio horiek sexu jakin bateko pertsonentzat erreserbatzea.

b) Arau desberdinak jasotzea, h) eta j) idatz zatietan ezarritako neurriari dagokionez izan ezik, kotizazioak itzultzeko, langileak kasuan kasuko araubidea uzten duenean, epe luzeko prestazioetarako eskubide geroratua bermatzen dizkioten baldintzak bete gabe».


Espainiako Zuzenbidea 

GSLOren Testu Bateginaren 251. art.: «Etxeko langileentzako sistema berezian sartutako langileek gizarte-segurantzako prestazioak jasotzeko eskubidea izango dute araubide orokorrean ezarritako baldintzen araubideetan, honako berezitasun hauekin (…). Etxeko langileentzako sistema bereziaren babesak ez du barne hartuko langabeziari dagokion prestazioa».


GSLOren 264. art.: «Langabeziaren babesaren barruan egongo dira Gizarte Segurantzaren araubide orokorrean sartuta egonik kontingentzia horiengatik kotizatu nahi duten besteren konturako langileak».


625/1985 Errege Dekretuak, langabeziagatiko babesa arautzen duen legea garatzen duenak, bere 19. artikuluaren 1. paragrafoan honako hau adierazten du: «Langabeziagatiko kotizazioa egitera behartuta egongo dira Gizarte Segurantzako araubide orokorrean eta kontingentzia hori babesten duten araubide berezietan sartuta dauden enpresa eta langile guztiak».


Europako Justizia Auzitegiak, beharrezkoak diren baldintzak behar bezala aztertu ondoren, adierazi du epaiketa aurreko erabakia eskatzea onargarria dela, eta funtsari buruzko iritzia eman du; hala, esan du xedapen hori 79/7 Zuzentarauaren testuinguruan interpretatu behar dela, eta ikusi behar dela ea etxeko langileen kolektiboan zuzentarau horretan jasotako desabantaila dagoen beste sexuko beste pertsona batzuen aldean; halaber, adierazi du jardunbide hori ezin dela justifikatu bidezko helburu baten bidez.



Epaile nazionalak desabantaila hori egiaztatu dezake datu estatistikoen bidez; batetik, aintzat hartu behar ditu tratu-desberdintasunaren jatorriko araudi nazionalari lotutako langile guztiak. Bestetik, ustezko tratu-desberdintasunaren eraginpekoak diren eta eraginik ez duten langileen proportzioak alderatu behar ditu araudi honen aplikazio-eremuaren barruko emakumezko langileen artean, eta proportzio berak aplikazio-eremu bereko gizonezkoen langileen artean. 

Ildo horretan, 2021eko maiatzaren 31n, Gizarte Segurantzako Araubide Orokorraren mendeko langileetatik, ehuneko 48,96 emakumeak ziren eta 51,04 gizonak. Aldiz, Etxeko Langileen Sistema Berezian, % 95,93 emakumeak ziren eta % 4,47 gizonak.


Ondorioz, datuok ikusita, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren Testu Bateginaren 251. artikuluak sexuagatiko zeharkako diskriminazio bat dakar, edozein sexu-bereizkeriarekin zerikusirik ez duten faktore objektiboek justifikatuta eta gizarte-politikaren helburu legitimo egoki eta beharrezko batean oinarrituta egon ezean.

Horri buruz, gobernuak adierazi zuen aipatutako tratu-desberdintasunak arrazoi hauek zituela: etxeko langileen eta haien enplegatzaileen kategoriaren ezaugarri espezifikoak, bai eta langileak babesteko, sektore horren okupazio-maila babesteko eta iruzurraren eta ezkutuko lanaren aurka borrokatzeko helburuak ere. 

Auzitegiaren ustez, egia da gizarte-politikako helburu legitimoak direla, baina ez daude sexuan oinarritutako bereizkeria orotatik kanpo eta, beraz, ezin dute justifikatu diskriminazio kaltegarririk.


Horrez gain, adierazi duenez, enplegu-emaileen etxean egiten diren lanetako edo enplegu-tasei, kualifikazioari eta ordainsariei dagokienez berezitasun berberak dituzten sektoreetako beste lan-kolektibo batzuk (lorezainak, gidari partikularrak eta nekazaritzako langileak, bai eta garbiketa-enpresek kontratatutako langileak ere) langabezia-kontingentziaren aurrean estalita daude, nahiz eta, batzuetan, haien kotizazioak etxeko langileei aplikatzen zaizkienak baino txikiagoak izan. Horregatik, dirudienez, etxeko langileak langabeziagatiko prestazioetatik kanpo uzteko legezko aukera ez da aplikatzen modu koherente eta sistematikoan prestazio horiek jasotzen dituzten beste langile-kolektibo batzuekin alderatuta, langileok etxeko langileen antzeko ezaugarriak eta lan-baldintzak dituzten arren. 

Azkenik, Espainiako gobernuak langabeziagatiko prestazioa aitortzeak kolektibo horretan iruzurra areagotzea ekar lezakeela adierazi izanari buruz, Auzitegiak adierazi duenez, hori horrela balitz, gauza bera gertatuko litzateke lan-merkatuko beste sektore batzuetan kualifikazio gutxi izanik gutxieneko soldata jasotzen dutenen kasuan eta, ondorioz, haiek ere langabezia-prestaziotik kanpo geratu beharko lukete. Halakorik gertatzen ez denez, ez dago loturarik justifikazio horren eta esklusio polemikoaren artean; hortaz, adierazi du etxeko langileak prestazio horretatik kanpo uztea ez dela egokia ezkutuko lanaren eta iruzurraren aurka enplegua babesteko helburuak bermatze aldera.


Horretatik ondorioztatu duenez, 79/7 Zuzentarauaren 4. artikuluaren 1. apartatua honela interpretatu behar da: langabezia-prestazioak Gizarte Segurantzaren lege-araubide batek etxeko langileei ematen dizkien Gizarte Segurantzako prestazioetatik kanpo uzten dituen Estatuko xedapen baten aurka egiten du; hain zuzen, xedapen horretan, etxeko langileak desabantaila-egoera berezi batean daude gainerako langileen aldean, eta ez du sexu-diskriminaziotik kanpoko ezein faktore objektibok justifikatzen.

Azkenik, nabarmentzekoa denez, 2022ko apirilaren 5ean, Ministroen Kontseiluak Lanaren Nazioarteko Erakundearen etxeko langileentzako 189. Hitzarmenaren berrespena Gorte Nagusietara bidaltzea erabaki zuen; horretan, lanbide hori definitzen du eta etxeko eremuan lan hori egiten duten langileei bermatu beharreko eskubideak zehazten ditu.

Aipatutako 189. Hitzarmenaren bidez bermatzen da etxeko langileek gainerako langileei aplikatzen zaizkien baldintza berdinak izango dituztela, inola ere ez kaltegarriagoak, Gizarte Segurantzaren babesari dagokionez.

María José Marcilla


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Daniel Manteca Garcíari elkarrizketa

«Mugikortasunaren etorkizun hurbilera egokitzeko bide gisa ulertu behar ditugu aldaketak»  

Daniel Manteca García  

Bide-segurtasunean trebatzaile eta aditua, 20 urte baino gehiagoko esperientzia duena.  

SEGVIAL Formación autoeskolako zuzendaria.  

Joan den martxoaren 21ean jarri zen indarrean Trafikoaren eta Bide Segurtasunaren Lege berria. Hemendik aurrera, puntu gehiago kenduko dira jokabide arriskutsuengatik, hala nola sakelakoa eskutan eramanda gidatzeagatik, edota segurtasun-uhala, haurrak lotzeko sistemak edo kaskoa ez erabiltzeagatik, baita txarto lotuta eramateagatik ere. Trebakuntza-ikastaroak egitea sustatu nahi da, eta alderdi zaurgarrienei ematen zaie lehentasuna, hala nola oinezkoei, txirrindulariei eta mugikortasun pertsonalerako ibilgailuei, baita ingurumena babesteari ere.  

DGTk aurrekaririk gabeko kanpaina baten bidez eman du aldaketen berri, zer dela-eta horrelako kanpaina?  

Kanpaina bizia eta bikaina da, eta komunikabide mota guztiak barne hartzen ditu, klasikoak zein berriak; hala, sare sozial gehienetara ere iritsi da, publiko mota guztiengana iristeko, bereziki, gazteenengana. Berebiziko garrantzia zuen pertsona guztiengana iristeak, aldaketa asko izan baitira eta horiek eragin nabarmena izango baitute gure egunerokoan. DGTren kanpainan esaten denez, garai berrietarako arau berriak.  

Hitz egin dezagun, bada, aldaketa horiei buruz. Zeintzuk dira, eta zergatik ekarriko dute aldaketa nabarmena?  

Ezer baino lehen, gure herrialdean zein Europar Batasunean mugikortasunaren etorkizun hurbilera egokitzeko bide gisa ulertu behar ditugu aldaketak; izan ere, ezbehar-kopurua eta errepideko heriotzen kopurua murriztera bideratuta daude. Helburu hori lortze aldera, berrikusi egin dira puntuak kentzea eragiten duten arau-hausteak. Izan ere, berrikusketa hori ezinbestekoa zen sistema eguneratzeko eta hobetzeko, baita garai berrietara egokitzeko ere. Hori horrela, gogortu egin dira zehapenak; ez alderdi ekonomikoari dagokionez, baizik eta puntu-kenketari dagokionez. Batez ere, hemendik aurrera gogorrago zigortuko dira jokabiderik arriskutsuenak, hau da, distrakzioak, horiek eragiten baitituzte gaur egun istripu gehien (sakelako telefonoa eta/edo bestelako gailu elektronikoen manipulazioa). Horrela, neurri handiagoan babestu nahi dira erabiltzaile zaurgarrienak, hala nola oinezkoak, mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak eta bizikletak. Elementu horiek guztiak funtsezkoak dira mugikortasun berrirako bidea egiteko.  

Gainera, nabarmentzekoa da hildakoak eragiten dituzten hiru ezbeharretik bi errepide arruntetan gertatzen direla eta, ondorioz, horietan ere hartu dira neurriak; adibidez, deuseztatu egin da, beste ibilgailu bat aurreratzeko orduan, gehieneko abiadura generikoa orduko 20 km-an gainditu ahal izateko aukera, zeina ez baitzen existitzen gure inguruko ezein herrialdetan.  

Aurreratzeko, orduko 20 km-ko abiadura gehitzeko aukerari agur esan diogu, bada. Zergatik ezarri da neurri hori?  

Maniobraren arriskugarritasuna izan da arrazoi nagusia. Logikoa denez, maniobra kopurua murriztuta, horiek egiteko orduan eragiten diren istripuen kopurua ere txikituko da. Horrela, bide horietan heriotzak eragiten dituzten ezbeharrak murriztu ahal izango dira, ezbehar eta hildako ugari gertatzen baitira gaur egun. Gogoan izan behar dugu lautik hiru direla horrelakoak; eta, gainera, Europar Batasuneko salbuespen bakarra ginen horretan; hau da, neurri hori indarrean genuen bakarrak ginen.  

Beste nobedade bat honako hau da: mugikortasun pertsonalerako ibilgailuei lotutako alderdi ororen arauketa sakonagoa.  

Halaxe da. Lege-esparrua eman zaie horrelako ibilgailuei, bai ibilgailuari berari dagokionez, bai zirkulatzeko moduari dagokionez. Horrela, ibilgailu horiei «estatus» propioa eman zaie, funtsezko elementutzat jotzen baitira mugikortasun berrian.  

Mintza gaitezen sakelakoaz. Puntuen kenketa handitu egin da horretan ere.  

Jakina! Errepidean zer gertatzen den apur bat aztertu baino ez dago, eta konturatuko gara kezkagarria dela hor ikus daitekeena. Horregatik, hemendik aurrera, gidatu bitartean sakelakoa heltze hutsak 6 puntu kentzea eragingo du. Euskarriaren gainean dagoela manipulatzeagatik 3 puntu kentzen dira. Izan ere, arrisku handia dakarte WhatsAppen eta sare sozialen bidezko mezularitzak. Gogoan izan behar dugu errepideko istripuetan izaten diren hiru hildakoetatik bat distrakzioen ondorioz gertatzen dela. 

Azkenaldian, maiz entzuten dugu “mugikortasun berria” terminoa. Azalduko diguzu zehatzago zer den?  

Aldaketa sorta bat dela esan dezakegu; une honetan gertatzen ari dira aldaketak, eta mugitzeko modu seguru, garbi eta humanoago baterantz garamatzate. Abiadura-mugak murriztean eta trafikoa arintzean datza mugikortasun berria. Hartara, modu berriak sustatzen dira: mugikortasun pertsonalerako ibilgailuak, bizikletak eta garraio publikoaren sustapena. Hiriak oinezkoentzako prestatzea dakar, isuri txikiko eremuak sortuz, eta horrela ingurune garbi eta atseginagoa sortzea.  

Horiek dira, oro har, mugikortasun berri honen oinarrizko puntuak.  

Isuri txikiko eremuak aipatu dituzu. Zer dira, eta noiz hasiko dira aplikatzen?  

Zirkulazioan murrizketak dituzten guneak dira, Klima-aldaketari buruzko Legearen protokoloetatik eratorritakoak. Izan ere, aipatu legeak 2022. urtean hainbat protokolo martxan jartzera behartzen ditu 50.000 biztanle baino gehiago dituzten udalerriak.  

Udalerriek beraiek izango dute neurriak ezarri, zaindu eta horien urratzeak zehatzeko legezko eskumena.  

Azkenik, posible al da gidabaimena soinean eraman gabe egiaztatzea?  

Bai, noski. Martxoaren 21eko Legea indarrean jarri denetik, «miDGT» aplikazioari esker, sakelakoaren bidez egiaztatu dezakegu gidabaimena badugula. 

Apirilaren 29an, “Segurtasunaren, osasunaren eta aniztasunaren topaketa”

Datorren apirilaren 29an, San Prudentzio eta Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunaren biharamunean, Mutualiak topaketa bat egingo du Bilboko Euskalduna Jauregian, enpresetako segurtasunari, osasunari eta aniztasunari zuzendua.

Ekitaldi honek bide-segurtasunerako, enpresa osasungarrirako, absentzien kudeaketarako eta exoeskeletoetarako erakustokiak izango ditu. Parte-hartzaileek hainbat jarduera egin ahal izango dituzte bertan: azterketa medikua, non bere osasunaren parametro batzuk neurtuko diren, eta baita, alkoholaren edo drogen eraginpean gidatzearen simulazioak ere.

Ekitaldi nagusiak lan-arriskuen prebentzioaren berrikuntzari buruzko hitzaldi bat izango du, Silvia Leal zientzia-dibulgatzaile eta etorkizuneko joeretan adituaren eskutik. Ondoren, Mutualia Sariak banatuko dira.

Informazio gehiago nahi izanez gero, programa kontsulta dezakezu.

09:45. Irekiera, eta dokumentazioa eta egiaztagiriak banatzea.

10:00. Prebentziorako teknologien eta enpresa osasungarrienerakustokiak.

11:00. Mutualia Sarien ekitaldia.

11:05. Proiektu finalisten aurkezpena.

11:35. Laneko arriskuen prebentzioko berrikuntza-joerei buruzko hitzaldia. Silvia Leal andrea. Doktorea eta dibulgatzaile zientifikoa, berrikuntzaneta teknologian aditua.

12:35. Sari-banaketa (Mutualia Sariak, 0Bidean aintzatespenak eta Laneko arriskuen prebentzioari buruzko argazki-lehiaketa).

13:05. Ekitaldiaren amaiera.

13:10. Elikadura osasungarriari buruzko tailerra.

Hurrengo bideoetan ekitaldiari buruzko gauza gehiago azalduko dizkizugu.

Ignacio Lekunberri, Mutualiako zuzendari kudeatzailea

María del Mar Crespo, LAP Aholkularitzako arduraduna

Gonzalo Arroyo, Mutualiako prebentzio-aholkularitza

Fran Vallo, Mutualiako prebentzio-aholkularitza

Alberto Sainz de la Maza, Mutualiako prebentzio-aholkularitza

Juan Manuel Legorburu, Bitarteko zuzendari-medikoa

Silvia Amo, Mutualiako prebentzio-aholkularitza

Silvia Leal

Toscana Viar

MUTUALIAREN LAGUNTZA ZENTROEN ORDUTEGIA 2022ko ASTE SANTUAN

2022ko aste santua ordutegia

Mutualiako arreta-zentroen ordutegia 2022ko apirilaren 11tik 22ra aldatuko da.

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiaz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Aste Santuko ordutegia hau izango da:

ARABAKO ZENTROAK

HAR Vitoria-Gasteiz: Ordutegia mantentzen du 8:00 – 20:00 astelehenetik ostiralera

Ordutegitik kanpo: San Jose Ospitalea

LAUDIO: Ordutegia mantentzen du 8:00 – 15:30

BIZKAIKO ZENTROAK

ERCILLA KLINIKA: 24 ordu

Mutualia Bizkaiaren arreta-zentroen ordutegia 2022ko apirilaren 11tik 22ra aldatuko da, eta ordutegia 8: 00etatik 15: 30era izango da.

GIPUZKOAKO ZENTROAK

PAKEA KLINIKA: 24 ordu

Mutualia Gipuzkoaren arreta-zentroen ordutegia 2022ko apirilaren 11tik 22ra aldatuko da, eta ordutegia 8: 00etatik 15: 30era izango da.

Azkoitia: apirilaren 11, 12, 13an zentroa itxita egongo da

Beasain: apirilaren 20, 21 eta 22an zentroa itxita egongo da