Mutualiak lan egutegi berria prestatu du 2023. urterako. Bertan, jaiegunen zerrenda dago jasota. Mutualiaren egutegia PDF betegarriaren formatuan dago eskuragarri , eta buletinak argitaratu ostean prestatu da, bertan baitaude jasota 2023. urteko jaiegunen zerrendak.
ExOsasun proiektua
Exoeskeletoen ikerketa eta garapena, lan-ingurunean nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko
2022ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Europako Asteak, urriaren 24tik 28ra bitartean egingo denak, “Lan osasungarriak, erlaxa ditzagun kargak” izeneko kanpaina europarra du ardatz, eta helburu nagusia nahasmendu muskuloeskeletikoei aurrea hartzea da.
Osalanen datuen arabera, nahasmendu muskuloeskeletikoak dira laneko gaixotasunik ohikoenak; langileen % 60k uste du nahasmendu muskuloeskeletikoak direla beren arazo larrienak, eta min fisikoak dira nahasmendu horien ondorio nagusiak. Ondorio nagusiak min fisikoak izan daitezke, gaixotasun kronikoak, laneko bajak eta abar eragin ditzaketenak. Ondorio ekonomiko eta laboralak ere baditu, diagnostikoak eta tratamenduak eragiten duten gastua laneko istripuek eta lanbide-gaixotasunek eragindako gastuaren % 40 baita EBko herrialde batzuetan, eta inpaktu ekonomikoa BPGren % 2 ingurukoa da.
“Laneko gaixotasun ohikoenak dira nahasmendu muskuloeskeletikoak; langileen % 60k uste du gihar eta hezurretako nahasmenduak direla beren arazo larrienak.”
Prebentzioa da nahasmendu muskuloeskeletikoei aurre egiteko oinarria. Helburu horrekin sortu zen “ExOsasun Proiektua”. Proiektuaren helburua laneko ingurunean halako nahasmenduak murriztea da, exoeskeleto adimendun eta pertsonalizagarriak ikertuz eta garatuz, horrela, gehiegizko esfortzuek EAEn eragin handiena duten sektoreetan, hala nola sektore industrialean eta soziosanitarioan, sortzen duten inpaktua murriztu ahal izateko. 2020. urtean abian jarritako proiektua, Eusko Jaurlaritzak (HAZITEK laguntza-programaren bidez) eta Europako Batzordeak (EGEF) finantzatzen dute.
“ExOsasun Proiektua laneko ingurunean nahasmendu muskuloeskeletikoak murriztera bideratuta dago, exoeskeleto adimendunen eta pertsonalizagarrien ikerketaren eta garapenaren bidez.”
Hauek dira proiektuan parte hartzen duten enpresak: GESTAMP GLA, Gogoa Mobility Robots, Ibermática, Ludus VR, STT Ingeniería y Sistemas, ZERMIK, i3B eta Tecnalia. Partzuergoaren buru IMQ Zorrotzaurre Klinika (Grupo IMQ) da, eta Osalan, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionala, Mutualia eta PESI (Industria Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoa) erakundeen kanpo-aholkularitza jasotzen du.
Gogoa Mobility Robots enpresa arduratzen da exoeskeletoen diseinuaz eta fabrikazioaz. Ikerketa Zientifikoen Kontseilu Gorenaren (CSIC) spin-off enpresa da Gogoa; Abadiñon (Bizkaia) dago, eta aplikazio klinikoetarako, industrialetarako eta kirol-esparrurako exoeskeletoak diseinatzen eta garatzen ditu, pertsonen bizi-kalitatea hobetzeko. Beheko gorputz-adarrak birgaitzeko exoeskeleto baten CE ziurtagiria lortu duen Europako lehen enpresa da.
Juantxu Martín zuzendari teknikoak ExOsasun proiektua nola abiarazi zen eta proiektu horretan duen inplikazioa azaldu digu.
Nola diseinatu eta fabrikatu dira nahasmendu muskuloeskeletikoei aurrea hartzeko exoeskeletoak?
Lehenik, proiektuaren azken bi erabiltzaileen ohiko mugimenduak aztertu ziren: GESTAMP GLA enpresan (automobilgintzaren sektorea) laser bidezko ebaketa-makinen zamalanekin lotutakoak, eta IMQ Zorrotzaurre eta Virgen Blanca klinikak enpresan pazienteak lekualdatzeko lanekin lotutakoak. Bi eragiketa horiek oso ohikoak dira bi sektore horietan.
Exoeskeleto adimentsu eta pertsonalizagarriei buruz ari gara. Zer irizpidek definitzen dute exoeskeleto baten pertsonalizazioa?
Baztertu egin zen exoeskeleto aktiboak edo pasiboak erabiltzea, kasu batean (GESTAMP GLA) laneko espazio fisikoaren mugengatik, eta bestean (IMQ Klinikak) ikusmen-inpaktuagatik; izan ere, ingurune kliniko batean ez da oso egokia (exoeskeleto komertzialek, aktiboek zein pasiboek, egoera jakin batzuetan inbaditzailea izan daitekeen egitura mekanikoa dute). Irtenbide egoki bat lortzeko, GOGOAk “soft” motako exoeskeletoen bi eredu berri diseinatu eta garatu ditu, prototipo-mailan.
Nolako ereduak garatu dituzue ExOsasun proiekturako?
“Soft” exoeskeletoak arinak dira, ehunez eta elastomeroz soilik osatuta daude, eta, beraz, maila inbaditzailerik txikiena dute: Exoarm ereduak (GESTAMP GLA enpresan erabiltzeko) gerrialderako eta besoetarako euskarria du, eta Exosport ereduak (IMQ Klinikan erabiltzeko), gerrialderako eta hanketarako euskarria.
“«Soft» exoeskeletoak arinak dira, ehunez eta elastomeroz soilik osatuta daude, eta, beraz, maila inbaditzailerik txikiena dute.”
Nola bermatzen dira exoeskeletoen eraginkortasun klinikoa eta segurtasuna?
Bi ereduak funtzionalki baliozkotu dira laborategian, eta funtzionamendu-baldintza errealetan baliozkotzen hasi dira, TRL6 heldutasun-maila lortzeko, maila teknologikoen balidazio-eskalaren arabera. TRL6 mailak esan nahi du produktua ingurune errealean eta funtzionamendu-baldintza errealetan baliozkotu dela, eta, beraz, industrializatzeko prest dagoela.
Zein fasetan dago gaur egun ExOsasun proiektua?
Proiektua aurtengo abenduaren 31n amaituko da. Laborategian baliozkotu ondoren, proiektuaren azken hilabete hauetan, probak lan-baldintza errealetan egingo dira azken bi erabiltzaileen kasuan (GESTAMP GLA eta IMQ Kliniketan), eta, behar izanez gero, azken doikuntzak egingo dira.
IBERMÁTICA erakundeak ere hartzen du parte proiektuan. Horren helburu nagusia Big Datan eta Adimen Artifizialean oinarritutako tresna bat sortzea izan da, edozein lanposturen ergonomia automatikoki modelizatzeko gai izan dadin. Tresna horren helburu nagusia da lanpostu horietan lesio muskuloeskeletikoak izateko arriskua murriztea, langile eta lanpostu bakoitzaren azterketa xehatuak egin beharrik gabe: horretarako, Ibermáticak langilearen beraren informazioa jasotzen du denbora errealean, hala nola datu zinematikoak, giharrak aktibatzeko ereduak, etab. Informazio hori exoeskeletoaren bidez zein exoeskeletorik gabe jasotzen da. Lanpostuak hala eskatzen badu, langilearen inguruneari buruzko informazioa ere jaso daiteke, adibidez, lurrarekiko erreakzio-indarra. Informazio horrekin guztiarekin eta ergonomiako aditu baten ezagutza esplizituaren bidez, bai eta sistemak automatikoki ondorioztatutako ezagutzaren bidez ere, Ibermáticak epe laburrean, ertainean eta baita luzean ere lesio bat eragin dezaketen karga-egoerak zehaztu nahi ditu.
Proiektu honen esparruan, LUDUS etxeak bere ekarpena egin du lan sorta guztietan, eta, batez ere, lanpostuen off-line erreprodukziorako azpiegitura teknologikoa sortzearekin eta errealitate areagotuko prototipo teknologiko bat sortzearekin lotutako zereginean, erabilera-kasuetan gidatu ahal izateko. Alde batetik, errealitate birtualeko sistema eta teknologia horretan oinarritutako ebaluazio- eta iragarpen-sistemaren osagaiak garatzeaz arduratu da. Bestetik, proiektuaren erabilera-kasuetan errealitate areagotuko aplikazioak garatzeko sistema bat sortu du, errealitate birtualeko sistemarako landutako biki digitaletik abiatuta eta erabilera-kasuetara bideratuta. Proiektu honen bidez, LUDUS etxeak hainbat lorpen egin ditu, eta errealitate birtualeko ingurune murgiltzaileetatik errealitate areagotuko aplikazioak arin garatzeko zerbitzu berri bat eskaintzeko gaitasuna du.
TECNALIAren parte-hartzea, batez ere, Gogoak garatutako bi exoeskeletoak baliozkotzean oinarritu da, bai laborategiko baldintzetan, bai hurrengo asteetan eta ingurune errealean eta langile kopuru handiagoarekin egindakoetan ere. Lan horren ondorioz, exoeskeletoen ebaluazio aurreratua egiteko protokolo eta metodologia batzuk eskuratuko ditu, ikertutakoa etorkizuneko exoeskeletoen garapenetan aplikatu ahal izateko.
Helburu hori lortzeko, Tecnaliak Ibermáticarekin lankidetzan jardun du, datuen analitika aurreratuko sistema bat garatzeko. Sistema horretan, EMG, EEG eta mugimendua jasotzeko sentsoreekin egindako laborategiko proba guztietatik jaso dira datuak, mugimendu-patroiak eta muskulu-aktibazioak detektatzeko, gure erabilera-kasuetan identifikatutako zereginetan exoeskeletoa erabiliz. Zermik etxearekin izandako lankidetzan, datuak modu masiboan biltzeko sistemak prestatu dira, eta Ludus etxearekin, berriz, agertoki birtualak eraikitzeko sistema bat garatu da, lanpostu industrialak azkartasunez egiaztatzeko. Azkenik, STTrekin ere lankidetzan aritu da, mugimendua atzitzeko eta jarrera aurreikusteko markatzailerik gabeko sistema bat garatzeko eta lanpostuen ebaluazio azkarra egiteko, instalazio gehigarrien beharrik gabe.
ExOsasun proiektuak ondoko erakunde hauek osatutako aholkularitza-talde bat du: OSALAN, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionala, MUTUALIA eta PESI (Industria Segurtasuneko Espainiako Plataforma Teknologikoa); erakunde horiek laneko arriskuen prebentzioaren azterketan eta aplikazioan esperientzia egiaztatua dute, eta proiektuko kide aktiboak dira. Honako ildo hauetan laguntzen dute:
- Partzuergoak garatzea erabakitzen duen proiektuaren ikerketa- eta garapen-estrategia berrikustea eta horri buruzko aholkularitza ematea, erakunde horiek laneko arriskuen prebentzioaren arloan gaur egun dituzten estrategietara egokitu dadin.
- Entregatzeko gaiak berrikustea eta zuzentzea, aurreko puntuaren ondorioz partzuergoak haien parte-hartzea garrantzitsutzat jotzen duenean.
- Proiektuaren parte-hartzea eta hedapena.
Mutualia 2022ko Euskaraldiarekin
Mutualiak aurreko bi edizioetan bezala bat egingo du Euskaraldiarekin. Azaroaren 18tik abenduaren 2ra bitarte gauzatuko da egitasmoa, eta 15 egun horietan hizkuntza ohiturak astindu eta ohiko harremanetan euskara gehiago erabiltzea posible dela frogatzea du xede. Mutualian izen ematea martxan jarri dugu jada, eta hainbat arigune sortu ditugu. Honela gure bezero/pazienteak eta baita bertako lankideek, euskara lasai eta normaltasunez erabiltzeko guneak izango ditugu. HITZEZ EKITEKO GARAIA DA!
Beste Munduko Txapelketa bat Kayak Surfeko Euskal Selekzioarentzat
EKFBren atal honetan, hilero euskal kirolaren alderdirik aipagarrienak zehazten dira, eta oraingoan Kayak Surfeko Euskal Selekzioaren arrakasta azpimarratu nahi dugu, Buden (Ingalaterra) zazpigarren aldiz munduko txapeldun izan baitzen, bi txandatan jokatu zen final baten ondoren. Gure selekzioek hainbat modalitatetan izandako parte-hartze arrakastatsuetako bat da, oraingo honetan Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.
Lehen txandan, Euskadik bere potentziala erakutsi zuen jada, bederatzi puntuko aldea atera baitzion Ingalaterrari, gainditu beharreko aurkari handiari. Bigarrenean, bi metroko olatuekin eta haize indartsuarekin, Buden, Kornualles konderrian, txapelketa parekatuagoa hasi zen. Probek aurrera egin ahala, lehen postuak gehitzen joan ziren. Bukatu baino bi txanda lehenago, euskal taldea berriz ere munduko txapeldun zen. Nahiz eta anfitrioi ingelesak aurkari zail gisa abiatu ziren, probaz proba, euskal taldeak bere nagusitasuna erakutsi zuen gainerako herrialdeekiko. Ingalaterrako selekzioa etxean lehiatzen zen, eta azken munduko txapelketetako talderik indartsuenarekin zetorren, baina ezin izan zuen Euskal Selekzioa mendean hartu. Bikain amaitu du Ingalaterran jokatu zen kayak surfeko Munduko Txapelketa. Urrezko hamar domina lortu zituen jokoan zeuden hamasei dominetatik, eta, ondorioz, Euskal Selekzioa izan da berriz ere dominen liderra. Bigarren Ingalaterra izan zen bi dominarekin; metal bakarrarekin osatu zuten podiuma Frantziak, Galesek eta Irlandak.
Banakako finalak lehia bizian jokatu ziren. Azpimarratzekoa da bi kategoria garrantzitsuenetan, Open Short kategorian, bai gizonezkoetan, bai emakumezkoetan, Odei Etxeberria eta Olatz Garamendia direla txapeldun berriak. Odei Etxeberriari garaipenak ihes egin zion Perun aurreko munduko txapelketan, oso gutxigatik, baina Budeko uretan bere ahalmena erakutsi ahal izan zuen, itsasontzi luzeko zilarrezko beste domina batekin gainera. Olatz Garmendiak, bestalde, Perun zilarra eskuratu bazuen ere, urrea lortu zuen edizio honetan. Emakumeetan, halaber, Ainhoa Tolosak urrea lortu zuen itsasontzi luzean, eta brontzezko domina beste kategorian. Txapelketako errebelaziorik handiena Aiur Illarrieta junior gaztea izan zen; bere bi kategorietan garaipena lortu zuen, eta Open mailako finaletako batean ere sartu zen. Bai neska juniorretan –Aitana Urbieta eta Xiang Mezzacasa–, bai New Agen –Peru Barandiaran eta Hodei Crujeiras–, garaipenak etxera etorri ziren, eta horrek etorkizun ona iragartzen dio Euskal Selekzioari gero eta jarraitzaile gehiago dituen kayak surf modalitate honetan. Era berean, Edu Etxeberriak Peruko Master titulua berrestea lortu zuen. Dominetako podiumak, selekzioek lortutako txapelketarekin batera, Euskadi kirol honetako munduko potentzia bihurtzen du berriro.
Buden egin zen Munduko Txapelketa, a priori, zailenetako bat izan zen, ingelesak, olatuaren jakitun, azken txapelketetan arerio indartsuenak izan baitira. Hala ere, britainiarrek ezin izan zuten ezer egin euskal arraunlarien aurka. Open zein beheko kategorietan egindako lan onak erakusten du azken munduko txapelketetako lana emaitza bikaina izaten ari dela. Argentinan bi urte barru egingo den Munduko Txapelketari begira, Euskal Selekzioak talde indartsua izatea aurreikusten da. Bude 2022n ez ezik, Euskal Selekzioa txapeldun izan zen, halaber, Mundakan 2007an, Estatu Batuetan 2011n, Australian 2013an, Galizian 2015ean, Irlandan 2017an eta Perun 2019an.
“Euskadiko Piraguismo Federazioak, Euskal Kirol Federazioen Batasunak eta Eusko Jaurlaritzak gure alde egiten dutena eskertzen dugu”, nabarmendu zuen Txema Carreto Euskal Selekzioko koordinatzaileak.
MutuaLex 220 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2022ko urriaren 15tik 21rako astea.
Probatu mutualiaren exoeskeletoak, nahasmendu muskuloeskeletikoak prebenitzeko
Nahasmendu muskuloeskeletikoak (NM) laneko gaitz ohikoenetakoak dira. Kostu ekonomiko handia dakarkiete enpresei, eta langileen osasuna murriztu, eta haien bizi-kalitatean ondorio garrantzitsuak eragiten dituzte.
Biztanleria aktiboari, laneko istripuei eta lanarekin lotutako beste osasun arazo batzuei buruz egindako azken inkestaren arabera (Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentzia – EU-OSHA), lanarekin lotutako osasun arazo bat dutela dioten pertsonen % 60k nahasmendu muskuloeskeletikoak izaten dituzte. Bestalde, pertsonen % 61ek adierazten dute esku edo besoez lan errepikakorrak egiten dituztela, % 43k gorputz-jarrera behartuak izaten dituztela, eta % 32k adierazi dute bere lanean karga astunak manipulatzen dituztela denboraren laurden batean gutxienez.
Lan eremuan, pertsonen sistema muskuloeskeletikoan exijentziarik handiena duten zereginak izaten dira NMen eragile nagusiak, hala nola kargen eskuzko manipulazioak, gorputz-jarrera behartuak eta mugimendu errepikatuak. Honako hauek dira inguruabar horiei lotutako NM ohikoenak:
- Goiko gorputz-adarrak: biratzaileen mahukaren tendinitisa; epikondilitisa; epitrokleitisa; karpoko kanalaren sindromea; gongoila.
- Bizkarra: tentsioak eragindako sindrome zerbikala; gerrialdeko gehiegizko esfortzua.
- Beheko gorputz-adarrak: burtsitis prepatelarra.
NMen eragina murrizteko asmoz, enpresek lanpostuak ebaluatu eta egokitzen dituzte, antolaketa-neurriak hartzen dituzte, prozesuen mekanizazioa txertatzen dute, etab. Neurri horiek nahikoak ez direnerako, azken urteotan exoeskeletoak erabiltzen hasi dira lanpostu jakin batzuetako lan-baldintzak hobetzeko.
Sistema eramangarriak dira exoeskeletoak, eta sistema muskuloeskeletikoari laguntzen diote hainbat printzipio mekanikoren bitartez. Muskuluen estresa murriztu dezakete gehien kaltetutako gorputz-eremuetan, hala nola bizkarraren behealdean, goiko gorputz-adarretan, sorbaldetan, etab.
Mutualian, konpromiso irmoa dugu lan munduan NMak prebenitzeko. Horregatik, duela zenbait urtetik hona, hainbat exoeskeleto mailegatu dizkiegu enpresa elkartu ugariri, NM arriskua duten lanetan proba ditzaten eta izan litezkeen onurak egiazta ditzaten. Ekipo edo gailu eramangarri honi esker, berau darabilten pertsonei baretu egingo zaie gorputz-atal edo -eremu jakin batean duten «tentsioa», gailu bakoitzaren diseinu eta erabileraren arabera.
Patologia batzuen prebalentzia kontuan hartuta, merkatuan merkaturatzen direnen artean, honako exoeskeleto hauek aukeratu ditugu (egin klik irudietan informazio gehiago jasotzeko).
Probatu nahi al dituzu?
Jarri Mutualiako PREBENTZIO AHOLKULARITZAREKIN harremanetan, hemen: prevencion@mutualia.es
JARDUNALDIA: “Jatorri traumatikoko zaurien tratamenduaren eguneratzea”
Urriaren 22an, Nazioarteko 9. SEHER Jardunaldi Monografikoa egingo da Bilboko Euskalduna Jauregian, Mutualiak antolatuta.
Jardunaldia jatorri traumatikoko zaurien tratamenduaren eguneratzeari buruzkoa izango da. Honako hauek daude Antolakuntza Batzordean eta Batzorde Zientifikoan: M. Dolores Pérez, Kirurgia Plastiko Konpontzaileko Zerbitzuko Erreduren Unitateko atalburua Valentziako Hospital Universitari i Politécnic La Fe ospitalean; Elena Pérez, Etxeko Ospitaleratzearen Unitateko gainbegiralea Gurutzetako Unibertsitate Ospitalean (Barakaldo); eta Francisco García Bernal, Mutualiako kirurgialari plastikoa.
Oraingoan, jardunaldia diziplina anitzekoa izango da; irakasle zerrenda zabala eta egitarau interesgarria izango dira. Besteak beste, gai hauek landuko dira: zauri traumatikoen maneiua, infekzioen tratamendua eta maneiu kirurgikoa. Horrez gainera, erradiologo batek parte hartuko du, eta ekografia bidezko kontrolari buruzko hitzaldi bat emango du.
Izen-emateak: https://intranet.pacifico-meetings.com/GescoWeb/?cfg=3967&STB&platform=hootsuite&utm_campaign=HSCampaign
Mutualia 2022ko SECAren biltzarrean
Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkarteak (SECA) XXXVIII. biltzarra egingo du Zaragozan, 2022ko urriaren 19tik 21era.
Aurten, biltzarraren goiburua “Gaurko erronkak, biharko kalitatea” izango da, eta asistentzia-kalitateari buruzko hainbat gai aztertuko dira. Horrenbestez, egitarau zientifikoak 6 gai izango ditu ardatz:
- Kalitatea garai latzetan
- Adimen artifiziala eta big data
- Balioan oinarritutako medikuntza
- Aldaketak erizainen zereginean
- Kronikotasuna
- Paziente eta herritarrekiko harreman berriak. Balioen aldaketa erakundeetan.
Mutualiak zenbait komunikazio eta txostenekin parte hartuko du. Miguel Ulibarrenak, Mutualiaren Osasun Kudeaketa eta Kanpoko Osasun Asistentziako zuzendariak, hizlari modura parte hartuko du “Pazienteen segurtasuna Gizarte Segurantzarekin lankidetza duten mutualitateetan” saio teknikoan, pazienteen segurtasunaren kultura hizpide.
Mutualiaren komunikazioak 2022ko SECAren biltzarrean:
- “Estrategia berriak pazienteen segurtasunari buruzko online prestakuntzan”
- “COVID iraunkorra lan-istripuan”
- “Balioekin asebetetzea, kudeatzeko era berria”
- “Medikuntzako Graduan pazienteen segurtasunari buruzko prestakuntza-plan bat garatzea: erakundeentzako erronka”
- “Pazienteen segurtasuna Medikuntzako Graduan: irakasteko metodologiaren eragina irakaskuntza-ikaskuntzako prozesuan”
-
“Etika kudeaketan integratzeko bidean”

Kontsulta juridiko 2022ko Urria
DISZIPLINA BIDEZKO ZEHAPENA JASO DEZAKE ZERBITZUAK TELELAN BIDEZ EMATEN DITUEN LANGILE BATEK, KONTU PERTSONALAK DIRELA-ETA EZ BERTARATZEAGATIK?
Planteatzen zaigun gaia honako hau da: lan-harremana telelanaren modalitatean ematen den kasuetan, enpresak zehatzeko ahalmena balia dezakeen ala ez, baldin eta lanaldian zehar eta justifikaziorik gabe langileak lanpostua uzten badu, eremu pertsonaleko jarduerak egiteko.
Horretarako, aztertu behar da jokabide hori Langileen Estatutuaren 54.1 eta 2 d) artikuluetan jasota dagoen ala ez. Hau da, erabaki behar da zehatze-ekintzak zilegi diren (kaleratzea barne) langilearen ez-betetze larri eta errudunen aurrean, edota kontratuko fede ona urratzean eta lanean konfiantza gehiegikeriaz aritzean.
Horrela, telelan bidezko lanaldia garatzeko figura bat sortzen da, zeinean langileak bere lanaldiari dagozkion lan-parteak eman behar dizkion enpresari, sinatuta, bertan adierazita zein izan den egindako lanaldia eta, beraz, egunero zerbitzuak zein ordutegitan eman dituen zehaztuta. Dokumentu hori emanda, langilea onartzen ari da bertan adierazitakoa guztiz egiazkoa dela, eta, ondorioz, zorrotz betetzen duela dokumentuaren helburua.
Beraz, dokumentu hori –lan-partea– enpresari eman ondoren, enpresak egiaztatzen badu langileak lantokitik alde egin duela jarduera pribatuak egiteko, enpresaren aurretiazko baimenik gabe edo ondoren jakinarazi gabe, falta bikoitza izango da langilearena. Hau da, lanpostutik alde egin izanak enpresari jakinarazi gabe (langileak lan-parteak ematen baititu, lanaldia oso-osorik egin duela adierazteko), esan nahiko luke, alde batetik, langileak lanpostua utzi duela eta ez dituela kontratuan adierazitako zereginak bete; eta, bestetik, enpresari bere lanaldiaren jardunari buruzko gezurrezko informazioa eman diola, kontratu-harremanaren funtsezko zatia izanik ere.
Horrela, bada, enpresak zehatzeko ahalmena baliatzea, zehapenen mailaketan zehapenik larrienaren alde egitera iritsita ere (hau da, langilearen diziplinazko kaleratzea), justifikatuta egon daiteke, kasuaren inguruabarrak kontuan hartuta, eta, beraz, neurria guztiz bidezkoa izan daiteke.
Telelanean diharduen langileak horrelakorik egiteak garrantzi berezia du, enpresarekiko mesfidantza eragiten baitu, kasu horietan zaila delako lanaldia betetzen dela kontrolatzea. Beraz, horrelakoetan, justifikatuta dago enpresak zuzenbidearen arabera zehatzea, kontratuaren fede ona urratzeagatik, eta, batez ere, lanean konfiantza gehiegikeriaz jarduteagatik, zeina agerikoa baita hemen aztertzen ari garena bezalako kasuetan.
Enpresaren zehatzeko ahalmena egikaritzea justifikatzen duen bigarren gaia honako hau izango litzateke: horrelako kasuetan, langileak justifikaziorik gabe uzten du bere lanpostua, eta ez ditu haren kontratu-xede diren zereginak betetzen. Hau da, langileak ez-betetze larria egiten du, eta horrek kaleratzea eta, ondorioz, lan-harremana azkentzea ekar dezake, betiere, behar bezala arrazoituta eta proportzionaltasuna zainduta.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua
MutuaLex Epaia- 2022ko Urria
ENPRESEN KONTRATAZIO BERRIKO LANGILEEI ZIGOR-AURREKARIEN ZIURTAGIRIA ESKATZEKO LEGEZKO GAITASUNA, BEREZIKI SEGURTASUN PRIBATUKO ENPRESEN ESPARRUAN, ETA GAINERAKO ENPRESA-SEKTOREETARA ESTRAPOLATZEKO AUKERA.
Auzitegi Gorenaren 435/2022 Epaia, 2022ko maiatzaren 12koa, 70/2022 Errekurtsoa.
Balizko egoera:
Segurtasun pribatuaren sektoreko enpresa batek aurrekari penalen ziurtagiria eransteko eskatu zien langileei, edota azken bost urteetan aurrekari penalik ez dutela adierazten duen inprimaki bat sinatzeko, hala kontratazio berrietan, nola segurtasun pribatuko estatu-mailako hitzarmen kolektiboa aplikatzearen ondoriozko kontratuetan.
Eskaera horien aurrean, langileen ordezkariek gatazka kolektiboko demanda aurkeztu zuten, praktika hori bertan behera utz dadila eskatzeko, uste baitzuten Espainiako Konstituzioaren (EK) 18. artikuluan datuak babesteko oinarrizko eskubideari buruz xedatutakoaren aurkakoa zela. Auzitegi Nazionaleko Gizarte-arloko Salaren Epaiak demanda baietsi zuen, eta lantoki guztietan praktika hori ezabatzera kondenatu zuen enpresa.
Epai horren aurka, kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen enpresaren auzitarako ordezkariak.
Aztergai den araudia eta jurisprudentzia:
EKren 18.4 artikulua eta Giza Eskubideen Europako Hitzarmenaren 8. artikulua
2016/679 Erregelamendua (EB), 2016ko apirilaren 27koa, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, datu pertsonalen tratamenduari eta datu horien zirkulazio askeari dagokienez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (10. artikulua)
Abenduaren 5eko 3/2018 DBLOaren 10. artikulua
Konstituzio Auzitegiaren 144/1999 Epaia eta Auzitegi Gorenaren 2014ko otsailaren 25eko Epaia (4374/2014 Doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)
Horrela, aipatutako epaiak aztertzen du ea segurtasun pribatuko enpresek aukerarik duten sartu berri diren langileei aurrekari penalak eskatzeko (ex novo kontratazio bidez sartu direnei, nahiz kontratua ohiko aginduz subrogatuta sartu direnei), kontuan hartuta, halaber, langileek datu horiek jasotzeko baimena ematen duten balizko kasua.
Kasuari aplika dakiokeen araudia aztertu ondoren, ebazpen judizialak ondorioztatzen du ezin dela aurrekari penalik eskatu, eta, beraz, berretsi egiten du Auzitegi Nazionalaren Epaia. Horretarako, adierazten du ebazpenean zera aztertzen dela: ea enpresak informazio hori biltzeko beharrik duen, langileek emana baitute eskatutako informazioa biltzeko baimena. Hala, Epaian adierazita dago informazio hori ez dela beharrezkoa; izan ere, informazio hori administrazioak (Barne Ministerioak) eskatzen du, hark ematen baitie langileei beren lanbidea garatzeko gaikuntza, eta, beraz, administrazio horrek berak zaindu behar du gaikuntza mantentzeko baldintzak betetzen direla. Hori horrela, baldintzaren bat gerora betetzen ez dela jakinez gero (horien artean dago aurrekari penalik ez izatea), administrazio horrek berak jardun beharko du, eta emandako gaikuntza baliogabetu beharko du.
Beraz, segurtasun pribatuko enpresen eta langileen arteko lan-kontratazioko harremanaren esparruan, langileen zigor-aurrekariei buruzko datuak ezagutzea ez da kontratazioaren funtsezko elementua; izan ere, aurretik adierazi legez, administrazioaren eskumena da, hark ematen baitie langileei beren jarduera gauzatzeko gaikuntza. Hala, langileen betebeharra da administrazio eskudunak emandako gaikuntza indarrean dagoela egiaztatzea.
Azkenik, Epaiak jasotzen du enpresek ez dutela arau-babesik aurrekari penalei buruzko datuak bildu ahal izateko, halaxe xedatuta baitago Datu Pertsonalak Babesteko eta Eskubide Digitalak Bermatzeko Lege Organikoaren (DBLO) 10. artikuluan. Izan ere, horren arabera, datu horiek eskatu ahal izango dira soilik hartarako Batasuneko Zuzenbidearen, lege honen edo lege-mailako beste arau baten babesa dagoenean. Ondorioz, aplikagarria den arau-agindurik ez badago, enpresek ez dute halakorik eskatzeko lege-ahalmenik izango. Aurrekari penalak babes berezia duten datuak dira, eta arau-hauste penalak prebenitzeko, ikertzeko, detektatzeko edo epaitzeko erabiltzen dira, edo zehapen penalak betearazteko. Hartara, adierazitako araudiaren babespean baino ezin dira bildu.
Horrela, erabaki hori beste enpresa-esparru batzuetara eramanda, ondorio bera atera daiteke edozein jarduera kontratatzeko prozesuei dagokienez. Hortaz, ezein sektoretako enpresek ezin izango dute aurrekari penalen jakinarazpenik eskatu, salbu eta Batasuneko Zuzenbidearen, DBLOaren edo lege-mailako arau baten bidez hartarako babesa badago.
Jesus M. Vicente Cuadrado
Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua






