16/2022 Errege lege-dekretua, irailaren 6koa, etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzakoak hobetzekoa.

servicio-hogar

Irailaren 6an, etxeko langileen lan-harremanen erreforma egiteko araudi berria onartu da. Araudi berri horrekin, nabarmen aldatu da langile horiei aplikatzen zaien araubidea, batez ere bi gai nagusiri dagokienez: alde batetik, atzera egiteari dagokionez, inolako justifikaziorik gabe kaleratu ahal izateko aukera aldatzen baita; eta, bestetik, etxeko zerbitzuaren enplegatzaileek langabeziagatik zein Soldatak Bermatzeko Funtsagatik (FOGASA) kotizatzeko duten betebeharrari dagokionez.

Ikusi behar dugu gaur egungo erregulazioa Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2022ko otsailaren 24ko Epaiaren emaitza dela (C-389/20 gaia). Prozedura hori Vigoko Administrazioarekiko Auzien 2. zenbakiko Epaitegiko magistratuak eskatuta izapidetu zen, eta, bertan adierazten denez, langile horien kolektiboa emakumez osatuta dago ia erabat. Hori dela eta, Justizia Auzitegiari eskatzen dio Gizarte Segurantzaren arloko berdintasunari buruzko Zuzentaraua interpreta dezala, kasu horretan sexuagatiko zeharkako diskriminaziorik dagoen ala ez zehazteko, zeina Zuzentarauak berariaz debekatzen baitu.

Lehenik eta behin, eta atzera egiteari dagokionez, araudi hau indarrean jarri arte aukera zegoen langileak inolako justifikaziorik gabe kaleratzeko, eta arau-aldaketa honen ondoren, kaleratzea Langileen Estatutuan ezarritako arrazoien menpe jarri beharko da. Halaber, arrazoi horiek zabaldu egin dira zenbait kasutan, etxeko langileen lan-harremanaren berezitasunarekin lotuta; hartara, azkentzearen arrazoi justifikatutzat hartuko dira zerbitzuen hartzaile den etxean gastuak areagotu izana, aipatutako etxekoen diru-sarrerak murriztu izana, etxekoen premiak funtsean aldatu izana, edo langilearen jokabideak konfiantza-galera eragin izana, betiere zentzuz eta era proportzionalean funtsatuta. Kasu horietan guztietan, kalte-ordainak hamabi egunekoak izango dira lan egindako urte bakoitzeko, sei hileko mugarekin, eta zazpi egun lehenago jakinarazi beharko da. Edonola ere, epea hogei egunekoa izan ahalko da urtebete baino gehiago iraun duten lan-harremanetan.

Bigarrenik, eta berritasun handi gisa, langabezia-prestaziorako eta FOGASAgatik kotizatzeko betebeharra dugu. Hala, lehen aipatutako Epaian adierazitakoa aplikatuz, legegileak araudia aldatu egin du; etxeko zerbitzuko langileen kontratuetan bi kontzeptu horiengatik kotizatzeko derrigortasuna finkatu du, eta, ildo horretan, etorkizunean langabezia-prestazioa eskuratzeko eskubidea ezarri du, baita FOGASAren estaldura ere, enplegatzaileak zor dituen soldatak ordaintzeko kaudimengabezia duen kasuetarako, eta lan-harremana amaitzeagatik kalte-ordainak ordaindu behar direnerako.

Horrekin lotuta, kontuan hartu behar da langile zein enplegatzaileek noiz hasi beharko duten kotizatzen (16/2022 Errege Lege-dekretuaren Bigarren Xedapen Gehigarrian arautua). Hartara, bi egun egongo dira, hileko kontratazio-orduen arabera: hilean 60 orduko edo gehiagoko lanaldia duten lan-kontratuetan, betebeharra 2022ko urriaren 1etik aurrera ezarriko da, eta adierazitako lanaldia baino txikiagoa duten kontratuetan, berriz, betebeharra 2023ko urtarrilaren 1etik aurrera.

Kotizazioaren zenbatekoei dagokienez, adierazi behar dugu % 6,05ekoa izango dela langabeziaren kasuan (% 5 enplegu-emaileari dagokio eta % 1,05 langileari), eta % 0,2koa FOGASAren kasuan (oso-osorik enplegatzailearen kontura). Era berean, arauak aurreikusten du enplegatzaileak aukera izango duela kotizazioan % 80ko hobaria izateko, langabeziari zein FOGASAri dagokienez.

Azkenik, eta azken berritasun gisa, etxeko langileen lan-kontratua idatziz egin behar da kasu guztietan, eta ezin da ahoz egin, ezta, orain arte bezala, lau astetik beherako kontratuen kasuan ere.

Elikaduraren munduko eguna eta 2030 agenda

alimentacion saludable-eus

Urriaren 16an Elikaduraren Munduko Eguna ospatzen da; egun horretan, NBEren nekazaritza eta elikaduraren erakundearen sorrera oroitzen da. Elikadurarekin zerikusia duten arazo guztien aurrean ekiteko egindako ohartarazpena da, besteak beste, pobreziaren, desnutrizioaren, elikadura-segurtasunaren, aldaketa klimatikoaren eta abarren aurrean ekitekoa. Horiek guztiak 2030 Agendako Garapen Jasangarriko Helburuak lortzeko ekintza-planean daude jasota.

Hala dago jasota NBEren Munduko Itunaren urteroko argitalpen honetan: GJH, 7. urtea. Berrikuntza, 2030 Agenda lortzeko: negozio-eredu jasangarri berriak.

Horren arabera, Garapen Jasangarriko 17 helburuak funtsezko esparrua dira elikadura jasangarriaren merkatuan beharrezko diren aldaketak lortzeko, berrikuntzaren bidez. Horrek eragin zuzena dauka GJH hauetan:

  1. GJH: Goserik ez izatea. 2.1, 2.2 eta 2.4 jomugak. Elikadura osasungarria, nutritiboa eta nahikoa bermatzea pertsona guztientzat.
  2. GJH: Osasuna eta ongizatea. 3.2, 3.5 eta 3.9 jomugak. Malnutrizioa eragoztea (desnutrizioa, gehiegizko pisua…), mundu mailako osasun erronka handienetako bat baita.
  3. GJH: Genero berdintasuna. 5.1 eta 5.6 jomugak. Haurdunaldiko eta edoskitzaroko elikadurari eta nutrizioari buruzko ikerketak lagun dezake gaixotasunak prebenitzen, bai amarenak bai haurrarenak.
  4. GJH: Ekoizpen eta kontsumo arduratsuak. 12.2, 12.3 eta 12.4 jomugak. Baliabide naturalak efizientziaz erabiltzeak, elikadura xahutzearen aurkako borrokak eta produktuen trazabilitateak aukera emango digute elikagai osasungarriagoak eta jasangarriagoak eskuratzeko.
  5. GJH: Urpeko bizitza. 14.4, 14.6 eta 14.7 jomugak. Gehiegizko arrantza eta itsas degradazioa eragozteko ekintzak, hala, itsas mundua babestu eta bertatik datozen mantenugai ugaridun elikagaiak izateko.
  6. GJH: Lehorreko ekosistemen bizitza. 15.3 eta 15.5 jomugak. Lurzoru onek mantenugaiak ematen dituzte, eta elikadura osasungarria ekoiztearen oinarria dira. Lurzoruaren emankortasunak eragina dauka fruten, barazkien, zerealen eta bestelako baliabide naturalen kalitatean eta kantitatean.

2022: HAUSNARKETARAKO URTEA

coche accidentado

Barne Ministerioak errepideko istripu-tasari buruzko 2021eko datu bateratuak aurkeztu ditu Toledon. Esperantzazko zifrak dakartzate 2019koekin alderatuz gero; urte hori zen pandemia aurreko erreferentzia urtea estatistiketarako. Datu horien arabera, 2021ean 1.553 hildako eta 7.784 zauritu larri egon ziren. Horrek esan nahi du 222 hildako (-% 13) eta 829 zauritu larri (-% 10) gutxiago egon direla; horrenbestez, 2021a hildako eta zauritu larri gutxien izan dituen urtea da erregistro estatistikoak daudenetik.

Datu horiei buruz EAEn hitz egiten badugu, 2021ean 42 pertsona hil ziren eta 417 zauritu larri izan ziren; hau da, %17,5 gutxiago hil ziren (51) eta %7,3 gutxiago (450) zauritu larri (450) 2019an baino.

Erregistro horiek heriotza-tasa hau ematen dute: 32 hildako milioi bat biztanleko. Europar Batasuneko 2021eko daturik baxuenetako bat da, eta bide-segurtasuneko tradizio luzea duten zenbait herrialdetakoa baino hobea da, besteak beste: Finlandia (40), Austria (40), Belgika (43) eta Frantzia (45). Europar Batasuneko batez besteko tasa 44 hildakokoa da.

Hala eta guztiz ere, uda honetan, ezbehar-kopuruak pandemia aurreko mailan jarri gaitu; izan ere, 2019ko (COVIDaren aurreko urtea) udako zifrak gainditu dira, eta hori berri txarra da bide-segurtasunarentzat.

Ministerioko irail honetako datuen arabera, aurtengo udan 225 pertsona hil dira errepideetan izandako 221 istripuetan; horrek esan nahi du 10 hildako gehiago egon direla 2019ko aldi beraren aldean. Gogoan izan dezagun, uda honetan (murrizketarik gabeko lehena), % 2,4 handitu dela ibilbide luzeko (halakotzat jotzen dira 50 km-tik gorako bidaiak) joan-etorrien kopurua (93,4 milioi bidaia izan dira mota horretakoak), eta, hala ere, biktimei dagokienez, ehunekoaren igoera handiagoa izan da desplazamenduen ehunekoaren aldean (+% 4,65).

Heriotza gehiago, eta ez udan bakarrik. Aurtengo udako zifrek 2022 osoan sumatzen zen joera baieztatu besterik ez dute egin.Aurten, urtarriletik irailera, 753 pertsona hil dira, 2019an baino % 6 gehiago.

Bi datu nabarmenduko ditugu, garrantzitsuak baitira aztertzeko:

– Lehena: istripuak izateko joerarik handiena duten lekuak bigarren mailako errepideak dira. Ezbehar gehien halakoetan gertatzeaz gainera (4tik 3, eta 225 hildakoetatik 173 uda honetan), horien arriskua ere areagotu egin da (52 hildako, 2019an baino 13 gehiago). Egitate horrek berriz ere piztu du, ibilgailuak aurreratzeko, abiadura orduko 20 kilometroan gainditzeko aukera kendu zuen arau polemiko hura. Egia da gehienak bidetik irtetearen ondorio izan zirela (% 40); hala ere, % 23 aurrez aurreko talken ondorio izan ziren.

– Aztertu beharreko bigarren datua erabiltzaile zaurgarriei (oinezkoak, mugikortasunerako ibilgailu pertsonaletan dabiltzanak eta txirrindulariak) eta motozaleei dagokie; izan ere, horienak izan dira zifrarik txarrenak. Hildako biktimen % 41, alegia. Ehuneko hori txikiagoa da aurreko urteetakoen aldean, baina 2019an gainditu zen % 40ko atalasetik gora dago.

Datuak aztertuz gero, oro har, ikus dezakegu zenbaki hobeak direla. Nolanahi ere, ez dago konformismorako edo erlaxatzeko aukerarik. Beste herrialde batzuetan agerian gelditu da arau berriak ezartzearen eraginkortasuna. Esate baterako, hauena: aurreratzeko, errepide konbentzionaletan abiadura orduko 20 kilometroan gainditzeko aukera kentzea; orduko 30 kilometroko muga herri barruko errepideetan; eta eguneroko trafikoan joan-etorrietarako modu berriak sartzea.

Abian da XI. iradokizun hoberenari saria. bidali zurea!

11 iradokizun hoberenari saria mutualia

Dagoeneko jarri dugu martxan Iradokizun Hoberenari XI. Saria. Sariketarekin, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideiarik onena aitortu nahi dugu. 

Ekimena gure enpresa elkartuetako eta lankide ditugun aholkularitzetako langileei xedaturik dago.

Zure iradokizuna gure web-orriaren bidez ere bidal diezagukezu, inprimaki honen bidez edo sugerencias [A BILDUA] mutualia.es posta elektronikora idatziz.

Iradokizunak 2022ko abenduaren 31ra arte  aukeztu ahal izango dira eta finalisten zerrenda 2023ko urtarrilean argitaratuko da. Irabazleak iPad Mini bat eskuratuko du. 

Mila esker hobetzen laguntzeagatik! 

Kontsumo Ministerioak “Espainiako biztanleentzako gomendio dietetiko jasangarriei eta jarduera fisikoari buruzko gomendioen txostena” aurkeztu du. 

informe consumo

Elikadura Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentziaren (AESAN) Batzorde Zientifikoak bizimodu osasungarri eta jasangarrirako gomendioak jasotzen dituen txostena egin du; dieta osasungarria sustatzeko jarraibideak eguneratu ditu bertan, bai eta ingurumenaren gaineko eragina aztertu eta bizitza aktiborako aholkuak eman ere. 

Txostena egiteko, OMEk osasunari eta ingurumenaren jasangarritasunari buruz ezarritako jarraibideak bete dira, eta, orobat, kontuan hartu dira bai Elikagaien Segurtasunerako Europako Agintaritzaren (EFSA) iradokizunak bai ebidentzia zientifiko berrienak. 

AESANen ustez, dieta askotarikoak eta orekatuak, pertsonen osasuna eta ongizatea hobetzeaz gain, ingurumenaren gaineko inpaktua txikiagoa izatea eragiten du. Horretarako, elikagai begetal gehiago eta animalia jatorriko elikagai gutxiago kontsumitzea proposatzen du, eta, elikagai horien nutrizio edukiaz gain, elikagai horiek jatea eta sukaldaritza prozesua ere hartzen ditu kontuan. 

Proposamena, zehazki, honako jarraibide hauetan oinarritzen da: egunero 3 barazki anoa eta 2-3 fruta anoa kontsumitzea, otordu nagusietan oliba-olioa kontsumitzea egunero, bai janaria prestatzeko bai ontzeko, egunero 3-6 zereal anoa hartzea, ahal dela integralak eta ale osokoak, 2-4 anoatik 0-3 anoara murriztea egunero esnearen kontsumoa, ur asko edatea eta patatak neurrian kontsumitzea. 

Lekaleen asteko kontsumoa 2 anoatik 4 anoara handitzen joatea, pixkana, egunero kontsumitzera iritsi arte, landare proteinen iturri nagusia delako eta ingurumen inpaktu txikiagoa duelako. Haragiaren kontsumoa astean 2-4 anoakoa izatetik 0-3 izatera murriztea, eta kontsumitzen den haragi hori ahal dela hegaztien eta untxien haragia izatea. Arrainak eta itsaskiak, astean 3 anoa (arrain urdina, gehienbat). Astean 4 arrautza bitarte kontsumitzea. Fruitu lehor naturalen kontsumoa ere pixkanaka handitzea, eta egunero jatera iristea. Gatza eta gantz eta azukre askoko elikagai ultraprozesatuak murriztea. 

Era berean, Nazio Batuen Garapen Jasangarrirako Helburuekin bat datozen jarduera fisikoko jarraibideak eguneratu ditu. Gomendioak adin tarteen arabera ezartzen dira, helburu nagusia izanik jarduera fisikoa hainbat arlotan sustatzea bizimodu osasungarria edukitzeko, hala nola lanean, eskoletan, kirol jardueretan, joan-etorrietan, eguneroko zereginetan eta etxeko lanetan. 

Biztanle helduak. Gomendioa da astean 150 eta 300 minutu bitarteko jarduera aerobiko moderatua egitea, hala nola azkar ibiltzea, bizikletan ibiltzea, dantza egitea edo 75 eta 150 minutu bitarteko jarduera bizia egitea, esaterako, eskailerak azkar igotzea, korrika egitea, igeri egitea, etab. 

Haurrak eta nerabeak. Gomendagarria da egunero gutxienez 60 minutuz jarduera fisiko aerobiko moderatua egitea, eta astean hiru egunez gutxienez jarduera fisiko bizia (kirola egitea) eta gutxienez hiru astez hezurdura hazteko jarduerak egitea (inpaktuak edo jauziak beharrezkoak diren jarduerak, norberaren gorputzaren pisua kargatzea behar dutenak…).