25 urte, Bilbo berriaren ikonoaz geroztik: Guggenheim Museoak 25. urteurrena ospatzen du

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketa

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketatu dugu, Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaria eta Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Guggenheim Museoa 1997ko urrian iritsi zen Bilbora. Zergatik Bilbo? Eta hirian zer ondorio izan dute museoa sortzeak eta 25 urte hauetan izandako ibilbideak?

Museoa Euskadiren ekonomia suspertzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin sortu zen. 1980ko hamarkadaren amaieran zenbait euskal administraziok hasitako jarduera-multzo baten zati izan zen. Jarduera horien bidez, Bilboren oinarri ekonomikoa industria tradizionaletik harago dibertsifikatu nahi zen, garai hartan krisi sakon batean murgilduta baitzegoen, eta ardatz atlantikoko eskualdeen erreferentziazko gune bihurtu nahi ziren Bilbo eta metropoli-eremua.

Une hartan, hiria egoera ekonomiko kritikoan zegoen, gatazka sozial etengabeetan nahasita, eta Bilbok bere etorkizuna birplanteatu behar zuen. Administrazio publikoak modernizatzeko ekintzak ezinbestekoak izan ziren: metroa, itsasadarraren saneamendua, Abandoibarreko hiri-berroneratzea…

Ingurumari horretan, Museoa proiektu nabarmen eta polemikoenetako bat izan zen. 1997an inauguratu zen, mundu mailako oihartzunarekin, eta arte eta arkitekturarako aparteko ekarpen bihurtu zen. Museoa gai izan zen hiriaren eraldaketa sakona indarrez abiarazteko, eta baikortasun- eta itxaropen-dosi handiak ekarri zizkien herritarrei, beste edozein ekimenen gainetik. Hala, Bilboko biztanleen harrotasunaren ikono bihurtu zen.

25 urte hauetan Museoak bizirik mantendu ditu harro egoteko arrazoi haiek. Hasierako berritasunaz harago, inaugurazioarekin izandako boomaren ondoren, proiektua lehen mailako arte-espazio gisa finkatu da, nazioarteko instituzio onenen mailako programazioa aurkeztu baitu kalitatean eta helmenean.

“Nahitaez bisitatu beharreko tokia da, eta Bilbo bere erakargarritasuna zabaldu eta munduaren aurrean konplexurik gabe aurkezten den hiri bihurtu da, eta nazioarteko mapan merezitako tokia eskatzen du.”

Gaur egun zaila izango litzateke Bilbo Guggenheim gabe imajinatzea, ez bakarrik lehen mailako eskaintza kulturala edukitzera ohitu garelako, edo eraikina itsasadarreko paisaiaren berezko zati dela sentitzen dugulako, baizik eta ia umezurtz geratuko ginatekeelako, harrotasuna eta baikortasuna galduta.

Museoaren misioan jasota dago kultura-ondare garrantzitsua eraikitzeko eta gizartera hurbildu ahal izateko ardura. Nola bideratzen duzue jarduera pertsonen onura bilatzeko?

Sortu zenetik, Museoaren helburua lehen mailako arte-bilduma eraikitzea eta artea gizarteratzen laguntzea izan da.

Alde batetik, pixkanakako inbertsioen bidez, 145 lan biltzea lortu da. Bilduma gaztea denez, oraindik kopuru txikia da, baina arte modernoko goi-mailako lanen multzoa osatzen du dagoeneko. Ondare kultural hori hurrengo belaunaldiei utziko zaien ondare handia da, goza eta ikas dezaten.

Baina bildumazaletasunaz harago, Museoak artea eta horren balioak gizarteari hurbiltzeko konpromisoa du. Erabat sinetsita gaude artearen balio humanistikoek onura indibidualak eta sozialak ekartzen dituztela, desberdintasunak errespetatzen, ulertzen ez dugunarekin enpatizatzen eta elkarrengandik hurbilago sentitzen irakasten digutelako. Batzuetan ilun eta gatazkatsua den mundu batean, Museoa bizikidetzarako, gogoetarako eta pentsamendu kritikoa eta gozamena bultzatzeko gunea da.

“Hasieratik oso argi izan dugu bisitariek egon behar zutela Museoaren kudeaketaren erdigunean.”

Museoek elkartzeko, trukerako, ikasteko eta entretenitzeko leku bihurtzeko xedea dute. Horregatik, bisitarien lehentasunetara adi egon behar dugu: haien gustuak eta premiak funtsezko informazio-iturriak dira gure kudeaketan. Ikusleak askotarikoak dira, eta, hortaz, era askotako gauzak eskatzen dituzte, eta ez programazioari dagokionez bakarrik, baizik eta bisitaren esperientziari dagokion guztian. Hala, erakusketa erakargarriak eta kalitate handikoak eskaintzeaz gainera, aisialdirako aukera zabala eskaintzen zaie: dendako produktuak, jatetxeak, erlaxatzeko eta sozializatzeko guneak… eta, nola ez, hori guztia albait modu bizkor, irisgarri eta erosoenean.

“Hain da handia bisitariei entzuteko dugun interesa, ezen zenbait bide jartzen baitizkiegu eskura, beren iritziak, hobetzeko proposamenak, esperientziaren balorazioa… helaraz diezazkiguten. Ildo horretan, proiektu bat ere jarri dugu abian, bisitan sortu diren sentimenduak ezagutzeko eta kolektiboki mapa emozional bat eraikitzeko aukera ematen diguna.”

Ziurtagiri hauek erantzuten al diote ingurune sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoari?

Egia da askotariko ziurtagiri ugari eskuratzeko prozesua egin dugula (kudeaketa-sistemak, osasuna, berdintasuna eta aniztasuna, euskararen sustapena, gardentasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta abar). Baina ziurtagiri horiek ez lukete inolako baliorik izango, baldin eta ez baliote uste irmo bati erantzungo: horiek eskuratzeko aplikatu beharreko politika eta ekimenak beharrezkoak eta onuragarriak izatea halako proiektu bat zuzentzeko.

“Ez da hain garrantzitsua ziurtagiri-kopurua, baizik eta zein den gure buruari joko-arau zorrotzak ezartzera eramaten gaituen konpromiso sozial, ekonomiko eta are etikoa.”

Garbine-URRUTIKOETXEA

Ziurtagiri horiek lortzeko eta segimendua egiteko baliabide eta denbora asko eskaini behar dira, eta haien helburua zenbait adierazle eta neurketa izatea da, gogoraraziko digutenak ez dugula konplazentzian erori behar. Geure burua ondo ezagutzera eramaten gaituzte, eta lagungarriak dira egiten ari garen bikaintasunerako bidean zenbait eremutan dugun hobekuntza-marjina identifikatzeko.  

Oso ondo dakigu beste erakunde batzuentzako erreferentetzat har gaitzaketela askotariko arloetan, eta, beraz, jatorrian bereizgarri izan genuen espiritu berritzaile hori bizirik mantendu behar dugu.

Nola egiten die aurre Museoak etorkizuneko erronka estrategikoei?

Urte zailak atzean uzten ari gara pixkanaka. Osasun- krisiak eta Ukrainako gerrak, azken hilabeteetako gertaera soziopolitiko kritikoetako batzuk aipatzearren, argi eta garbi utzi digu mundu ezegonkor eta globalki konektatuan bizi garela. Ziurgabetasuna eta zalantza erakundeen kudeaketan sartu beharreko osagaiak izango dira.

Zorionez, 2022. urtean bisitari-kopurua nabarmen igo da, eta jarduera bizia izan dugu Museoan. Horrek itxaropena ekarri digu eta etorkizunarekiko ilusioa itzuli digu.

“Uste dut datozen urteetako erronkei konfiantzaz eta baikortasunez egingo diegula aurre, konpromiso berrituarekin, Museoaren lehen 25 urteen ondoren, eta jakinik erakunde gisa malguak, moldagarriak eta bizkorrak izan behar dugula gure erantzunetan, gure ingurunean motor kultural eta ekonomikoa izaten jarraitzeko.”

2023ko prestazioak ordaintzeko egutegia

calendario mutualia pago prestaciones 2023

Jarraian, Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia azalduko dizuegu:

  • Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak.
  • Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
  • Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta.
  • Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa.
ordainketen egutegia 2023


Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira

Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegian ikus dezakezue.

Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:

Kontsulta juridiko 2022ko Abendua

kontsulta

Murriztu litezke zenbait baimen eta osagarri, lan egindako denboraren arabera?

Norberaren gauzetarako baimenen kasua planteatzen da, batetik, aldi baterako laneko ezintasuna daukan langile batentzat; eta laneratze eta puntualtasun osagarrien kasua, bestetik, lanaldi murriztua daukan beste langile batentzat.

Lehen kasua orain gutxi argitu du Auzitegi Nazionalak, 2022ko irailaren 15eko ebazpenean. Ebazpen horretan, 2021eko ekainaren 30eko aurrekarian ezarritakoari eutsi dio, kasu bera planteatzen baita kontratua eteteko arrazoia enplegu erregulazioko espediente bat denean.

Aipatutako ebazpen horretan, laneko bajagatik kontratua eteteari dagokionez, gogoan hartzen da aukera dagoela hitzarmen bidez araututako norberaren gauzetarako egunak urte naturalean hartzeko, kontuan izan gabe zenbat denboran izan den laneko harremana etenda, kasu honetan, langilea aldi baterako ezintasun egoeran zegoelako.

Enpresak lan egindako denboraren proportzioan soilik onartzen dizkie baimenak.

Sektoreko hitzarmenaren aplikazioari dagokionez, jurisprudentziaren interpretazioa aztertzen da, zenbait irizpide kontuan hartuta; besteak beste, literala –hau da, klausulen literaltasuna–, sistemikoa –klausulen zentzu globala–, historikoa –aurrekariak– eta finalista –alde negoziatzaileen asmoak–.

Horietan oinarrituta, zehazten da norberaren gauzetarako baimenaren lizentzia –kasu honetan, hiru egunekoa– asteko atseden egunetan egin ezin diren kudeaketa pertsonalak egiteko dela. Eta bistan da aldi baterako ezintasun egoerak ere eragotzi egiten duela izapide horiek egitea. Desadostasun gorena urtebetez goitiko ezintasun epeak dira.

Bigarren kasuan planteaturiko egoerari erantzunez, Auzitegi Gorenaren 2022ko urriaren 4ko ebazpena (795/2022 zk.) aipatu behar da, hartan aztertzen baita legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketaren eta laneratze eta puntualtasunagatiko soldata osagarriaren arteko erlazioa.

Osagarri hori laneratzea eta ordutegia betetzea sustatzeko helburuarekin sortu da, eta, berau irabazteko, ezinbestekoa da hilabeteko egun bakar batean ere lanera hutsik egin ez izana, ez eta berandu iritsi edota hitzartutako ordua baino lehenago ateratzea ere.

Eztabaida ebazteko, honako hau ezartzen da: osagarri bikoitz hau ez da inola ere lan egindako denboraren araberakoa, eta, hortaz, ez du zentzurik haren zenbatekoa murriztea langileak lanaldi murriztua izateagatik, kasu honetan, legezko zaintzagatik.

Auzitegi Gorenak gogoetatzen du eta gogorarazten digu ebidentzia enpirikoak egiaztatzen duela legezko zaintza mota hori emakumeek egiten dutela, nagusiki, eta, beraz, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 4. artikuluak aipatzen dituen diskriminazioari eta genero ikuspegiari buruzko arauen arabera interpretatu behar dela, auzitegi horrek behin eta berriz egiten duen moduan.

María Urizar Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

MutuaLex Epaia- 2022ko Abendua

sentencia

Ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko gehikuntzaren eta beste lan-jarduera batengatik sortutako langabezia-prestazioaren bateraezintasuna

AUZITEGI GORENAREN EPAIA, 2022KO URRIAREN 26KOA (4256/2019 errekurtsoa)

Auzitegi Gorenak honako eztabaida hau baloratu du: ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko igoera eta ezintasun iraunkor eta osoa aitortu zeneko lanbidea ez den beste bat uzteagatik sortutako langabezia-prestazioa bateragarriak diren ala ez.

Aitortutako pentsioa % 20 igotzeko aukera izateko, zenbait baldintza bete behar dira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 196. artikuluaren arabera; izan ere, hazkunde horrek adina, prestakuntzarik eza eta beste enplegu bat lortzeko zailtasuna baloratzen ditu, eta beharrezkoa da lan-jarduerarik ez izatea.

Auzitegi Gorenak adierazi izan du ezintasun iraunkor kualifikatu hori ez dela lehendik zegoenaz bestelako ezintasun iraunkorreko maila bat, pentsioaren prestazio ekonomikoaren zenbatekoa handitzea baizik, eta ez dela pentsioaren izaera aldatzen, baizik eta haren zenbatekoa, lanik gabeko aldi bat ordezten baita.

Langabezia-prestazioa, GSLOren 282.2 artikuluak ezartzen duenez, bateraezina da Gizarte Segurantzaren izaera ekonomikoko prestazioak jasotzearekin, prestazio horiek prestazioa eragin zuen lanarekin bateragarriak direnean izan ezik.

Artikulu horiek aplikatuz, honako hau ondorioztatu du:

-Ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren onuradunaren lana bateraezina da ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko igoerarekin.

-Jasotzen duen soldatak aukera ematen dio bere diru-sarrerak osatzeko.

-Onuraduna kaleratzen dutenean eta langabezia-prestazioa (langabeak jaso ez dituen soldatak ordezkatzeko funtzioa duena) jasotzen duenean, langabezia-prestazio hori ere, onuradunari lan-harreman hura amaitu delako ordaintzen zaiona, bateraezina da % 20ko igoera horrekin.

Hau da, ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren onuradunaren lana bateraezina bada pentsio horren oinarri arautzailearen % 20ko igoerarekin, era berean, onuraduna kaleratzen badute eta jaso ez dituen soldaten ordezko langabezia-prestazioa jasotzen duenean, prestazio hori bateraezina da igoera horrekin, halaber.

María Urizar Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Euskal kirol-selekzioak aurrera egiten ari dira nazioarteko panoraman

logo-ekfb

Aurten euskal taldeek izan duten jardueraren berri ematera gatoz oraingoan Euskal Kirol Federazioen Batasunaren atal honetatik.

300 kirolari baino gehiago, kontinente guztietako 25 herrialde, hogei bat euskal kirol-federazio, lehiaketa ofizialak, lagunarteko topaketak eta 20 kirolen erakustaldiak. Horiek dira euskal kirol-selekzioen nazioarteko jarduera laburbiltzen duten zifrak, 2022an, Itsasmuseumeko auditorioan izandako ekitaldian aurkeztu zirenak, euskal gizartea osatzen duten esparru guztietako ordezkarien aurrean.

Euskal Selekzioen jarduera sustatzen eta bultzatzen duen Euskal Kirol Federazioen Batasuna (EKFB) erakundeak antolatutako ekitaldi horretan, buru izan ziren Bingen Zupiria, Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika sailburua, Gorka Urtaran, Eudelen presidente eta Gasteizko alkatea, Itxaso Erroteta, Bilboko Udaleko Gazteria eta Kirol zinegotzia, eta Angel Gurrutxaga eta Leire Gerenabarrena, EKFBko presidente eta kudeatzailea, hurrenez hurren.

Ekitaldiak balio izan zuen agerian uzteko erakundeen artean lankidetza bikaina dagoela, Euskadik modu aktiboan parte har dezan nazioarteko kirol-panoraman. Hala, munduari erakutsi zitzaizkion kirolarien bikaintasuna, lehen mailako ekitaldiak antolatzeko gaitasuna, lehiakortasun-maila handia eta federazioaren ospea, euskal kirol-selekzioen bitartez. Bloke instituzionalerako sortutako mahai-inguruan nabarmendu zen euskal kirol-selekzioen aldeko apustua erabatekoa dela, eta aipatu zen Eusko Jaurlaritzaren, EKFBren eta tokiko erakundeen, eta euskal federazio eta kirol-kluben arteko aliantza ezinbestekoa dela euskal kirola ahalduntzeko eta sustatzeko, Estatuan erdiguneko posizio bat okupatuko badu, nazioarteko kirol-erreferentzia bihurtuko duen orainerako eta etorkizunerako proiektuekin. Aipatutako erakunde guztiez gainera, zeinek sintonia handiz lan egiteko gaitasuna egiaztatu baitute, ekitaldian euskal kirol-federazioak berak izan ziren protagonista. Federazioek, ordezkari exekutiboen eta kirolarien bidez, mahai-inguruetan azaldu zuten 2022an selekzioekin izandako kirol-jarduera bizia, bai eta Euskadi nazioartean bultzatu eta ordezkatzeak eragiten dizkien ilusio eta harrotasun handiak ere. Halaber, 2023 honetan izango duten jardueraren berri eman zuten laburki, eta badirudi datorren urtea izango dela euskal kirol-selekzioen historiako urte aktiboena. Baina zer gertatuko litzateke euskal selekzioekin, euskal gizarte osoa gabe? Hain zuzen ere, euskal gizartea ordezkatuta egon da “Herritarrok” izeneko mahaian; bertan parte hartu zuten Iñigo Vicens aurkezleak, Ane Muruamendiaraz kirol-kazetariak, María Iraragorrik (Gerra Zibilak iraun zuen urteetan mundua liluratu zuen Euskadiko selekzioko kide eta Athleticen lehen aurrealde mitikoko kide izandako Jose Iraragorriren alaba), eta Beñat Zarrabeitiak. Euskal selekzioekin loturiko esperientziak partekatzean, agerian utzi zuten gure nazioarteko kirol-ordezkaritzaren garra bizirik mantentzeak indartsuago egiten gaituela gizarte gisa. Ekitaldian, mahai-inguruen dinamismoaz gainera, honako hauek guztiak izan ziren: karate, gimnasia eta sokatirako euskal selekzioen erakustaldiak; “Euskal Selekzioa” izeneko mendiko lasterketetako automobil-taldeko Joseba Iraolaren barketaren erakusketa; kayak-surfeko euskal selekzioaren piraguaren erakusketa; motonautikako euskal selekzioko motorren erakusketa; eta euskal selekzio guztiak janzten dituen Umbro markako jantzi ofizialen erakusketa. Azken hori EKFB euskal selekzioei dagokienez egiten ari den marka-kudeaketa bateratuaren adibide argia da.

Gabonetako ordutegiak 2022-2023

NAVIDADES 2022-2023-MUTUALIA

MUTUALIAKO osasun-zentroen ordutegia Gabonetako egun hauetan aldatuko da (2022eko abenduaren 19tik 2023ko urtarrilaren 5era).

Gure klinikek 24 orduko zerbitzua mantentzen dute: Ercilla eta Pakea 24 orduko zerbitzua eta Gasteizko Erabakimen Handiko Ospitaleak 08:00etatik 20:00etara. Ordutegiz kanpo eta jaiegunetan larrialdietako arreta zerbitzua eskainiko da San Jose Ospitalean. 

Zentro guztien ordutegia (Araba,Bizkaia eta Gipuzkoa) 12/19tik 1/5ra, barne, 08: 00etatik 15: 30era.

Azkoitiko zentroa itxita dago.

MUTUALIAKO ZENTROEN SAREAREN ORDUTEGIAK

eguberri 2022

Posible da Eguberri osasungarria?

carlos sarabia mutualia

Carlos Sarabiak, mediku eta Mutualia Osasungarria taldeko kideak, gakoak azaldu dizkigu: jarduera fisikoa, nutrizioa, ongizate pertsonala.

mutualia osasuntsua

Nola eutsi diezaiekegu ohitura osasungarriei Eguberrietan, kontuan izanda sasoi horretan errutina ahaztu, gehiegi jan eta edan eta bizimodu sedentarioagoa izan ohi dugula?

Egin daiteke, eta gomendagarria da. Eguberri osasungarriak izateko gakoa da oreka aurkitzea ohitura osasungarrien hiru zutabe nagusien artean: nutrizioa, ariketa fisikoa eta ongizate pertsonala.

 

Hitz egin dezagun nutrizioaz. Zer egin behar dugu gehiegikeriak saihesteko? Betekada horiek, alkohol eta guzti…

Garrantzitsua da menua planifikatzea. Menu orekatu bat pentsa dezakegu, sasoiko produktu freskoak barne, non frutak, barazkiak, ortuariak eta fruitu lehorrak nagusituko diren. Prestatzeko, hobe da plantxa, lurruna eta labea erabiltzea, saltsak eta gisatuak baino, horiek digestio mantsoagoa eta astunagoa eragin baitezakete. Garrantzitsua da, halaber, azukre gehiegi ez hartzea, eta Gabonetako postre tradizional gehiegi ez jaten saiatzea. Iradokizun on bat izan daiteke sasoiko fruta pixka batekin konbinatzea: laranja, anana, etab.

Alkohola saihestu behar dugu. Garrantzitsua gehiegi ez hartzea. Alkoholaren kontsumoa neurritsua izan dadin saiatu behar da, eta otorduetan edan; gogoratu behar da kaloriak baino ez dituela ematen, eta digestio- eta nerbio-sistemei kalte egin diezaiekeela epe laburrean. Hidratazioa funtsezkoa da; ura edan behar da, heste-igarotzea errazten duelako eta janariarekiko antsietatea gutxitzen duelako. Beste likido batzuk ere har ditzakegu: zuku naturalak, infusioak edo zopak.

 

Jarduera fisikoari dagokionez, eta bizimodu sedentariotik aldentzeko, zer motatako ariketak izan daitezke eguneroko errutinaren alternatiba?

Egia da ospakizun-egunotan gure jarduera fisikoko errutina alda daitekeela, baina sedentarismoa saihestu dezakegu, zenbait ideia oinarri hartuta. Ibili oinez, paseatu zure hirian erritmo bizian, opariak erosteko aprobetxatu, joan Gabonetako merkatu txikietara… San Silbestreko lasterketaren batean parte hartzera ere anima zaitezke, edo urte berria inauguratzeko mendi-irteeraren batean. Ahaztu igogailuaz; eskaileretatik igo eta jaistea jarduera egokia da. Ariketa aerobikoa primerakoa da, kaloriak erretzen eta tentsioa eta kolesterola gutxitzen laguntzen du eta.

 

Ez dezagun ahaztu gure alderdi emozionala. Jai egunak, bazkariak eta opariak antolatzeko estresa. Nola mantendu oreka gure ongizate emozionalean?

Garrantzitsua da egin nahi dugun guztia aldez aurretik planifikatzea, zereginak banatzea, perfekzionismotik ihes egitea eta gure denbora gehien behar dutenekin partekatzea. Egun horietan, gehien maite ditugun pertsonak izaten ditugu inguruan, eta haiekin hitz egiteak, barre egiteak eta gauzak partekatzeak ondo sentiaraziko gaitu. Erlaxatzeko eta gozatzeko egunak dira.

 

Eta lo-ohiturei dagokienez, zer?

Jaietan, atseden-ordutegia aldatu ohi dugu. Gaizki lo egitea, edo gomendatutako orduak baino gutxiago, gure osasunaren etsairik okerrena izan daiteke. Horregatik, garrantzitsua da pauta bati eustea loaren higieneari dagokionez. OMEk egunero gutxienez 6 orduz lo egitea gomendatzen du, eta, ahal bada, 8 orduz. Lo hartzea kostatzen bazaigu, meditatzeko eta erlaxatzeko teknikak erabil ditzakegu, ariketa batzuk egin eta liburu on batez edo bainu lasaigarri batez gozatu. Eta nutrizioaren, jarduera fisikoaren eta ongizate emozionalaren arteko orekari eutsiz, atseden ona lortuko dugu.

 

eguberri osasungarria 2022

Desgaitasunaren erregulazio berria

trabajadora silla ruedas

888/2022 Errege Dekretua, urriaren 18koa, desgaitasun maila aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedura ezartzen duena.

Desgaitasuna, disautonomia, gaitasun mugatua, minusbaliotasuna, ezgaitasuna… Oso hitz ohikoak eta finkatuak dira gure gaur egungo hiztegian, beharrezkoak eta baliagarriak direlako, eta gaur egun ezinbestekoa delako eguneroko bizitzako jarduerak garatzeko arreta eta laguntza berezia behar duten pertsona jakin batzuen ezaugarriak doitzea, autonomia pertsonal handiagoa izan dezaten eta herritar gisa dituzten eskubideak erabat baliatu ahal izan ditzaten.

  1. urtean eman zitzaizkion Gizarte Zerbitzuen Institutu Nazionalari desgaitasun maila edo baldintza jakin batzuk aitortzeko eskumenak eta ahalmenak, eta urte hartako zenbait erregulazio desberdin daude. Nolanahi ere, 2013ra arte ez zen sortu Desgaitasunaren Legea deritzona (1/2013 Errege Dekretua, azaroaren 29koa), zeinak biltzen baititu aurretik zeuden arauak eta jasotzen baititu desgaitasunaren kontzeptu berri bat eta Desgaitasuna duten Pertsonen Eskubideei buruzko Nazioarteko Konbentzioarekin bat datorren terminologia.

Erregulazio berriaren helburua da irtenbidea ematea desgaitasun egoera balioesteko baremoak egokitzeko premiari, baita gaur egun desgaitasun maila jakin bat aitortuta edukitzea eskatzen duten askotariko helburuei ere, hala nola gizarte sektoreetan, sektore psikologikoetan, laguntzakoetan…

Errege Dekretua 2023ko apirilaren 20an sartuko da indarrean, eta haren bidez aldatu eta eguneratuko dira desgaitasunak aitortzeko aplikatu beharreko baremoak. Hamabost artikulu ditu, eta garapen praktiko zabala, eranskinen bidez. Berariaz indargabetuko ditu abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua, gaur egun aplikatu beharreko prozedura arautzen duena, eta 2000ko azaroaren 2ko Agindua.

Maila aitortzeko eta berrikusteko eskumena Adinekoen eta Gizarte Zerbitzuen Institutuarena izango da aurrerantzean ere; hark emango ditu lantalde profesionalek emandako irizpenak. Lantalde profesionalei dagokienez, gutxienez unibertsitate mailako titulua edo baliokidea duten gizarte nahiz osasun arloko profesionalek osatuko dituzte, eta araudian berariaz jasoko da profesional horien esku jartzea prestakuntza programa espezifiko bat.

Desgaitasun egoeraren ebaluaziorako, balorazioa aurrez aurreko baliabideen nahiz baliabide telematikoen bidez egitea aurreikusten da, irisgarritasun unibertsaleko baldintzak bermatzeko. Era berean, desgaitasuna duten adingabeek baldintza beretan baliatuko dituzte beren eskubideak, adinagatik edo desgaitasunagatik inolako diskriminaziorik jasan gabe; beren inguruabarrei egokitutako laguntza eta babesa jasoko dute, eta helduek bezalaxe izango dute informaziorako eta entzunaldirako eskubidea.

Premiazko izapidetzea aurreikusten da osasunarekin, genero indarkeriarekin, bizi itxaropenarekin edo izaera humanitarioko beste arrazoi batzuekin lotutako interes publikoko arrazoiak dauden kasuetarako.

Eskaria aurkezten denetik sei hilabeteko epea izango du Administrazioak berariazko ebazpena emateko; ebazpen horretan adieraziko du desgaitasunaren aitortza, ezarrita dauden baremoen arabera lortutako puntuazioa eta gradua berrikusteko epea, hori guztia Estatu osorako baliozkoa izango den txartel sanitario batean. Sektore honek hamar urtez aldarrikatu eta orain arte bete gabe izan duen eskari bati erantzungo zaio horrela.

María Urizar Pérez


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua