Haurren minbizia gaixotasun ezohikoa da, eta proportzioa helduetan hautemandako kasuena baino 100 aldiz txikiagoa da. 2021ean, gaixotasun horren 967 kasu diagnostikatu ziren Espainian 14 urtetik beherako adingabeetan; 1.116 kasu, 19 urtera arteko nerabeak ere kontuan hartuz gero (Espainiako Hematologia eta Onkologia Pediatrikoko Elkartearen Haurren Tumoreen Espainiako Erregistroko datuak).
Minbiziaren diagnostikotik bost urterako biziraupen-indizeak nabarmen egin du hobera azken urteetan, eta % 90 ingurukoa da, baina gaixotasun horrek inpaktu handia du familietan. Gurasoak buru-belarri aritzen dira adingabe gaixoa zaintzen, eta, duela gutxira arte, lanaldi-murrizketak, ordaindu gabeko baimenak edo aldi baterako ezintasunagatiko baja eskatzen zuten, besteak beste, adingabea zaintzeko eta tratamenduan eta sendatze-aldian harekin egon ahal izateko. Horrek galera nabarmenak ekartzen zituen diru-sarreretan beharrezkoen ziren une batean, hots, gaixotasunari aurre egiteko unean, eta deskonexioa gertatzen zen lan-harremanean.
Minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duten adingabe gaixoen arreta eta zaintza errazteko, diru-sarrerak galtzea saihesteko eta gurasoak lan-ingurunetik ez urruntzeko, Gizarte Segurantzako Sistemaren babes-ekintzak jasotzen du gurasoek eskubidea dutela lanaldia murrizteko eta prestazio ekonomikoa jasotzeko, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen adingabea zaintzeko.
Langileen Estatutuko 37.6. artikuluak ezartzen duenez, guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek eskubidea dute beren lanaldia gutxienez % 50 murrizteko, soldata ere proportzio berean murriztuz, minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen beren ardurapeko adingabea zaintzeko ospitaleratzean eta tratamendu jarraituan zehar, zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorra eskatzen duen ospitaleratzea eragiten duenean. Osasun publikoko sistemak ziurtatu beharko du egoera hori eta, gehienez ere, adingabeak hogeita hiru urte bete arte iraungo du eskubideak.
Bestalde, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren X. kapituluak aukera ematen du aurreko paragrafoan ezarritakoaren arabera lanaldia murriztu duten guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek prestazio ekonomikoa eska dezaten minbizia edo beste gaixotasun larriren bat(CUME) duen adingabe bat zaintzeko, lanaldi-murrizketaren ehunekoari, eta, beraz, lan egiten ez den denari, dagokion soldata jaso dezaten.
HAZA prestazioa jasotzeko baldintzak
Prestazio hori Gizarte Segurantzarekin lankidetzan diharduten mutuek kudeatzen dute, eta, eskuratzeko, honako betekizun hauek bete behar dira:
Bi guraso biologikoek, adoptatzaileek edo abegi-gurasoek Gizarte Segurantzako Sistemaren erregimenen batean afiliatuta eta alta emanda egon behar dute, eta jardunean aritu behar dute aldi berean.
Adingabeak gaixotasun larri bat izan behar du, iraupen luzeko ospitaleratzea eta/edo ospitaleratzearen ondorengo etxeko tratamendu medikoa eskatzen duena, zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorrarekin. Hortaz, edozelan ere, beharrezkoa da ospitaleratzea gertatzea.
Eskaeraren unean, adingabe gaixoak 18 urte baino gutxiago izan behar ditu, 18 urte betetzeagatik HAZA prestazioa iraungitzen denean izan ezik, kasu horretan eskuratzeko baldintza beteko baitu.
Eskatzaileak gutxienez % 50 murriztu behar du lanaldia adingabe gaixoa zaintzeko, % 100era iritsi gabe, murrizketa horrek enpresarekiko lan-harremana etetea ekarriko bailuke. Erregimen orokorreko langileen kasuan, enpresak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusian erregistratu behar du adingabe gaixoa zaintzeko lanaldi-murrizketa hori, dagokion kodea eta murrizketaren ehunekoa adieraziz.
Eskatzaileak gutxienez honako aldi hau eduki behar du kotizatuta:
90 egun aurreko 7 urteetan edo 180 egun lan-bizitza osoan, 21 eta 26 urte bitartean baditu.
180 egun aurreko 7 urteetan edo 360 egun lan-bizitza osoan, 26 urte baino gehiago baditu.
Eskatzaileak lanaldi partzialeko kontratua badu, lanaldiaren % 25ekoa izan behar du gutxienez.
Eskatzailea langile autonomoa bada, Gizarte Segurantzako kuotak ordainduta eduki behar ditu.
HAZA prestazio ekonomikoa eskatzeko, eskatzaileak honako dokumentazio hau aurkeztu beharko du:
Prestazioaren eskaera, murrizketaren hasiera-data eta murriztutako lanaldiaren ehunekoa adierazita.
Medikuaren adierazpena, honako hauek zehaztuko dituena: gaixotasunaren diagnostikoa, ospitaleratzeak, jaso beharreko tratamendu medikoa, prestazioa eskatzen duen pertsonak eman beharreko zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorrak, lanaldi-murrizketa justifikatzen dutenak, eta zaintza hori beharrezkoa den aldia. Eskaera hori Osasun Zerbitzu Publikoko mediku arduradunak sinatu eta zigilatuko du, eta aldi baterako ezintasun-baja medikoaren partearekin parekatu ahal izango dugu.
Adingabearen mediku arduraduna mediku pribatua bada, adierazpena Osasun Sistema Publikoan adingabearen arduradun den medikuak sinatu behar du beti.
Guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-guraso bien arteko akordioa, prestazioa nork jasoko duen adieraziz.
Eskatzailearen enpresa-ziurtagiria, kotizazio-oinarria, murrizketaren hasiera-data eta lanaldi murriztuaren ehunekoa adieraziz.
Eskatzailea langile autonomoa bada, murrizten duen lanaldi profesionalaren zatiari dagokion jardueraren egoeraren adierazpena.
Familia-liburuaren kopia.
Guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-guraso bien NAN/AIZ/pasaportearen kopia, eta adingabearena, 14 urtetik gorakoa bada.
Behin prestazioa eskuratzeko baldintzak betetzen direla egiaztatu ondoren, mutuak zuzenean ordainduko dio eskatzaileari HAZA prestazioa. Haren hileko zenbatekoa lanaldi-murrizketa hasi aurreko hileko kotizazio-oinarria izango da, lanaldiaren murrizketaren proportzioan. Zenbateko hori eskatzaileak eskatuta aldatuko da, kotizazio-oinarriak eguneratzen direnean.
Prestazioa hilabeterako onartuko da hasieran, eta aldiko bi hilabete luzatu ahal izango da gehienez, zainketa zuzeneko, jarraitu eta iraunkorrekin jarraitu behar dela egiaztatzen duen beste mediku-adierazpen bat aurkeztuta.
HAZA prestazioa etetea eta amaitzea
HAZA prestazioa eten egingo da egoera hauetan:
Eskatzailearen gaixotasun arruntagatiko edo lan-istripu edo gaixotasun profesionalagatiko, amatasunagatiko/aitatasunagatiko, haurdunaldi-arriskuagatiko edo edoskitzaro naturalagatiko aldi baterako ezintasuna.
Eskatzailearen enplegu-erregulazioko espedientea.
Prestazioa amaitu egingo da egoera hauetan:
Zainketa-beharrak amaitzea, adingabea hobetu edo sendatu delako.
Eskatzaileak jarduerari erabat berrekitea.
Eskatzaileak edo beste gurasoak bere lan-jarduera amaitzea.
Adingabeak 23 urte betetzea.
Adingabearen edo eskatzailearen heriotza.
HAZA prestazioaren alderdi garrantzitsuak
Adingabe gaixoaren zaintzagatik murriztutako lanaldiaren zatia ez dute kotizatzen ez enpresak eta ez mutuak, baina Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrak egoera hori aurreikusten du. Hori dela eta, % 100era gehituta zenbatuko dira langileak adingabe gaixoa zaintzeko lanaldia murriztuizan ez balu egingo zituzkeen kotizazioak, etorkizuneko prestazioei begira, hala nola erretiroari, aldi baterako ezintasunari eta ezintasun iraunkorrari, amatasun-/aitatasun-baimenei eta haurdunaldiko arrisku eta edoskitze naturalagatiko baimenei dagokienez.
Eskatzaileak ez baditu betetzen HAZA prestazioa eskuratzeko betekizunak, adingabe gaixoa zaintzeko lanaldi-murrizketa mantendu ahal izango du, eta aurreko paragrafoan aurreikusitako kotizazioak jaso, baldin eta zuzeneko zaintza jarraitu eta iraunkorraren beharra baldin badago.
HAZA prestazio honen beste onura bat da familia-prestazioa dela eta ez duela PFEZik ordaintzen, errenta salbuetsia delako.
Mutualian jabetzen gara zer-nolako inpaktu eta aldaketa esanguratsuak eragiten dituen familietan seme-alabei minbizia edo beste gaixotasun larriren bat diagnostikatzeak, eta HAZA prestazioaren espediente bakoitzari izapidegile bat esleitzen diogu, eskaera kudeatzeko orduan eta ondoren arreta pertsonalizatua eskaintzeko eta prestazioa jasotzen den bitartean sor daitezkeen zalantza guztiak argitzeko.
Haurren minbizia ezin da prebenitu, diagnostiko bizkorra eta ondorengo tratamendua dira borrokaren gakoak, eta Mutualiaren helburua da HAZA prestazio ekonomikoa eskuratzeko bidea ahalik eta gehien erraztea, erreferentziako araudian ezarritako baldintzak betez, gurasoek beren seme-alabak zaindu ahal izan ditzaten hain une zailetan.
Neguko solstizioarekin, urteko egun laburrena bizi izan genuen; hortaz, baita gau luzeena ere.
Solstizioaren aurreko eta ondorengo hilabeteak dira argi-ordu gutxieneko urteko garaiak. Dakigunez, garai horiek udazkenaren amaierarekin eta neguaren hasierarekin bat egiten dute, eta eguraldi txarrena ere orduan izaten da.
Kontuan hartu behar dugu zirkulazioari buruzko informazioaren % 90 ikusmenaren bitartez jasotzen dugula: argi-sentsazioa, ikus-zolitasuna eta koloreak bereizteko gaitasuna. Hiru prozesu horiek nahasi egiten dira gauean. Ikusmenak eta garunak ahalegin handiagoa egin behar dute edozein egoeraren aurrean bizkor eta eraginkortasunez jarduteko.
RACEk argitaratutako Argiztapena eta bideko segurtasuna azterketak ondorioztatzen duenez, gidari batek behar dituen datuen % 90 ikusmenaren bitartez hautematen dira eta, gauez, begiek informazio-urritasun nabarmena jasaten dute. Egiaztatu zuten gidarien ikus-ahalmena % 20ra murrizten dela egunez gidatzearekin alderatuta, baita distantziak eta ikuseremuak hautemateko gaitasuna ere.
Azterketa horrek berak azpimarratzen duenez, zenbat eta adin handiagoa, orduan eta ezinbestekoagoa da ibilgailuan argiztapen-sistema ona izatea. Argiztapena segurtasun-sistema garrantzitsuenetako bat izanagatik ere, mantentze- eta kontrol-lanetan arreta gutxien jaso ohi duen multzoetako bat da beharbada.
Estatistikek agerian uzten dutenez, Espainian, biktimak eragiten dituzten istripu gehienak egunez gertatzen dira (% 70). Nabarmentzekoa da ilunabarra eta egunsentia bitartean izaten direla biktimak eragiten dituzten istripu gehienak, hildakoen % 40 eragiteraino. Nahiz eta zirkulazio-intentsitate txikieneko aldia izan.
Zein dira arrisku nagusiak?
Hauek dira gauez gidatzearen arrisku nagusietako batzuk: ikuspen falta, itsualdiak, nekea, logura eta beste inguruabar batzuk, hala nola aurreratzeak, hiri-bideetan gidatzea edo “errepideko hipnosi” deritzona. Juan Ignacio Serenak (DGT) azaltzen duen gisan, “arindu daitezke, praktikan erraz jartzeko moduko neurriak hartuz gero”.
IKUSPENA:
oso garrantzitsua da guk ikustea eta besteek gu ikustea. Ildo horretan, autoaren argi guztiek behar bezala funtzionatu behar dute, eta argietako eta haizetakoko kristalek garbi egon behar dute. Gainera, argien altuera berrikusi behar dugu, eta argiak lehenago piztu behar ditugu egunsentiko eta ilunabarreko orduetan.
Horren harira, gogoan izan behar da ibilgailuen fabrikatzaileak etengabe ari direla aurrerapen handiak egiten argiztapen-sistemetan. Ez soilik argi-motei dagokienez (xenon, LED edo laserra), zeinek ibilgailuaren aurretik argiztatutako metroak 600 metroraino luzatu baitituzte, baizik eta baita beste sistema batzuei dagokienez ere, hala nola hauek: pizte automatikoa, argi orientagarriak (argia bihurgunerantz orientatzen da), argi gehigarria biraketetan, argi luze automatikoa (aurreko ibilgailua detektatzen du eta helmen luzeko argiak kentzen ditu, ez itsutzeko), argi moldagarriak edo gaueko ikus-sistemak (infragorrien bidez, oztopoak, animaliak edo pertsonak detektatzen dituzte). Ikus dezakegunez, argiztapenaren eremuan oso aurrerapen handiak egin dira, bai kalitatean eta bai erosotasunean, marka guztiek ildo horretan egin duten ahalegin handiari esker.
Baina gauaren arazo espezifiko bat egotekotan, itsualdiak dira. Beste ibilgailu batzuekin gurutzatzean (batez ere, argiak ez badauzkate ondo erregulatuta edo ez badituzte helmen laburrera aldatzen), itsualdiak jasan ditzakegu, eta une batez ikusmena galdu.
La Salud Visual de los conductores españoles y su implicación en la seguridad vial (Espainiako gidarien ikusmen-osasuna eta haren eragina errepideko segurtasunean. 2019. Fesvial, Intras, Essilor eta Cepsa) azterlanaren arabera, “gidarien % 32,6k adierazten du oso edo nahiko maiz izaten duela beste ibilgailu baten argiek eragindako itsualdia”. Arazoa da itsualdia jasaten duen pertsonak 3 eta 5 segundo bitartean behar izaten dituela ikusmena berreskuratzeko, eta % 9k arazoak izaten dituztela guztiz berreskuratzeko, eta horrek istripu-arriskua eragiten duela. Izan ere, 50 km/h-ko abiaduran, 5 segundoan 70 metro egiten dira itsu-itsuan.
Kasu horretan, begirada eskuinera eta beherantz desbideratzea komeni da, seinaleztapen horizontala gidatzat erabiliz (bide-ertzeko lerroa, errepideak halakorik badu), baita abiadura murriztea ere. Ispiluen bidez itsutzen bagaituzte, buruaren posizioa alda dezakegu, edo ispiluaren behaketa-angelua aldatu, itsutzeen kontrako sistemaren bidez.
Horregatik, ezinbestekoa da argien altuera ondo erregulatua izatea eta argiak aldatzen adi ibiltzea (helmen luzetik laburrera) beste ibilgailu batzuekin gurutzatzen garenean, itsutzea saihesteko. Nabarmentzekoa da modelo modernoenek sistema automatikoak izaten dituztela jada, ez soilik argiak pizteko, baita argiak aldatzeko ere (ibilgailuen presentzia detektatzen dute distantzia jakin batera, eta argia helmen laburrera aldatzen dute, ez itsutzeko).
AURRERATZEA ETA IKUSPENA:
Gaueko beste maniobra konplexu bat aurreratzea da, argi gutxirekin zailagoa baita distantziak eta abiadurak hautematea. Horregatik, DGTk gomendatzen du aurreratutako ibilgailuak maniobra erraztu dezala, argi luzeak argi laburrekin aldatuz une egokian, eta aurreratzen ari den ibilgailuak, berriz, argi luzea konektatzea ikusten duenean ez duela aurreratua itsutuko.
Gainera, meteorologia-kondizio txarrak erantsiz gero, hala nola euria edo elurra, egoera zaildu egiten da, eta, horregatik, informatzea eta eguraldia aztertzea komeni da; ez soilik goazen tokikoa, baita bidaian pasako ditugun tokietakoa ere.
NEKEA ETA LOGURA:
Gidariak ahalik eta egoera onenean egon behar du gauez gidatu aurretik, atseden hartuta, unadura eta nekea saihesteko, halakoak maizago agertzen baitira. Bidaia hastean atseden hartuta egon arren, logura errazago agertzen da goizaldeko 3ak eta 5ak artean. Konponbide bakarra lo egitea eta atseden hartzea da. Gaua nekagarria da, ahalegin handiagoa eskatzen duelako. Horregatik, kilometro gutxiago egin ostean atseden hartzea komeni da (ordu eta erdiro; kondizio egokietan, berriz, bi orduan behin gelditzea gomendatzen da), eta nekea hautemanez gero, beti lehenago.
Kasu berezi bat “errepideko hipnosi” deritzona da. Ibilbideen monotoniaren (zuzengune luzeak eta oso trazadura leunak) eta gauez gertatzen den ikusmen-murrizketaren ondorioz gertatzen da. Horri aurre egiteko, begiak ikuseremuaren erdigunean jartzea saihestu behar dugu, eta aldian behin alboetara begiratu, baita bidaian behar adina atseden hartu ere.
Egin dezagun seguruago errepidea, egin dezagun seguruago gaua.
Verónica Álvarez Castro, BCAMeko doktoretza-ikaslea, elektrizitate-kontsumoa aurresateko eta energia-eraginkortasuna hobetzen laguntzeko adimen artifizialeko sistema bat garatzeagatik saritu dute
Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak sustatzen du eta BERC (Basque Excellence Research Centers) sarearen parte da. 2008an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak, Ikerbasqueren bitartez. EHUren, Bizkaiko Foru Aldundiaren, Innobasqueren eta Petronor Innovación enpresaren laguntza ere badu, eta, 2022az geroztik, baita Bilboko Udalaren laguntza ere.
Haren helburu nagusietako bat da matematika gizartearen zerbitzura jartzea, ezagutzaren transferentziaren bitartez, ikerketaren emaitzak beste sektore batzuetara zabalduz, hala nola biozientzietara, osasunera, energiara edo fabrikazio aurreratura, tokiko eta nazioarteko erakunde eta enpresekin batera lan eginez.
BCAM hiru aldiz akreditatu da, ondoz ondo, Estatuko Ikerketa Agentziaren “Severo Ochoa” bikaintasun-zentro gisa (azken aldiz, 2021eko deialdian); beren arloan onenak diren munduko ikerketa-erakundeei ematen zaie bereizgarri hori. Gaur egun 25 herritartasun desberdinetako 150 ikertzailetik gora ditu, zenbait arlotan lanean, datuen zientziatik edo matematika konputazionaletik hasi eta modelaketa matematikoraino.
BCAM taldea 5 arlo handitan zatitua dago, eta haiek, aldi berean, bizpahiru ikerketa-ildotan banatuta daude: Computational Mathematics, eta, haren barruan, Mathematical Design, Modeling and Simulations eta CFD Modelling and Simulation; Mathematical Modelling with Multidisciplinary Applications arloa, Modelling and Simulation in Life and Materials Sciences, Mathematical and Theoretical Biology eta Mathematical, Computational and Experimental Neuroscience ikerketa-ildoekin; Mathematical Physics arloa, Quantum Mechanics, Statistical Physics and Singularity Theory eta Algebraic Geometry ildoekin; Linear and Non-Linear Waves, Applied Analysis eta Harmonic Analysis ildoak, Analysis of Partial Differential Equations arlokoak; eta, azkenik, Data Science & Artificial Intelligence, zeinen barruan sartzen baitira Combinatorial Optimization, Applied Statistics eta Machine Learning ildoak.
Verónica Alvárez Castro elkarrizketatu dugu; matematikan graduatua da. eta doktoretza-ikaslea BCAMen. Santiago Mazuelas eta José Antonio Lozanorekin batera, BBVA Fundazioaren SEIO saria jaso du, urtarrilaren 18an Madrilen egindako ekitaldian. Verónicak elektrizitate-kontsumoa aurreikusten duen adimen artifizialeko sistema bat garatu du, efizientzia energetikoa hobetzen laguntzen duena.
Laburbilduko diguzu zertan datzan azterketa eta zer helburu duen?
“Gure lanean, energia-kontsumoa aurreikusteko adimen artifizialeko teknikak aurkezten ditugu.”
Zehazki, aurreikuspen zehatzak lortzen dituzten modeloak proposatzen ditugu, aurreikuspenen ziurgabetasunak modu fidagarrian ebaluatzen dituztenak. Aurreikuspen zehatzak funtsezkoak dira energia-sorkuntza planifikatzeko eta doitzeko; izan ere, sistemak hornitzen duen energiak eskariaren etengabeko aldaketak ase behar ditu. Aurreikuspen horiek are garrantzitsuago bihurtu dira azkenaldian, energia berriztagarriak integratu direla eta, energia sortzeko gaitasuna ez baita beti bat etortzen energia behar den unearekin.
Nola sortzen da algoritmo bat eta zein da errore-tasa?
Proposatzen dugun metodoak ehunka modelo erabiltzen ditu aurreikuspenak egiteko, eta modelo horiek etengabe ikasten dira, informazio erreal berriena integratuz. Hau da, kontsumo-datu errealak jakiten diren bakoitzean, modeloak eguneratu egiten dira, eta etorkizuneko kontsumoak modelo horien bidez aurreikusten dira. Gainera, garatutako teknikek aurreikuspenen ziurgabetasuna zehaztu ere egiten dute, eta, beraz, etorkizuneko kontsumoen probabilitatea kalkulatzen laguntzen dute.
% 4 eta % 10 bitarteko errore-tasa lortu genuen. Ez da gauza bera aurreikuspena eraikin bakar baterako egitea (kasu horretan, errore-marjina handiagoa da) edo hiri baterako egitea. Helburua kontsumo-aurreikuspenaren errorea zero izatea da, eta hori ezinezkoa da. Baina egin dezakegun murrizketa oro da positiboa, % 0,1 izan arren, ekonomian eta ingurumenean dituen ondorioak direla eta. “Probabilistic Load Forecasting Based on Adaptive Online Learning’’ artikuluan zenbait tamainatako eremuetako datu-baseen emaitzak hartu ditugu: ehun eraikineko multzo batetik hasi eta Belgika bezalako herrialde oso bateraino (11,5 milioi biztanle), tarteko tamaina batzuetako hiriak ere aintzatetsiz, hala nola Ohioko Dayton hiria (137.000 biztanle baino zertxobait gehiago).
Zein da azterketaren aplikazio-esparrua?
“Energia-aurreikuspen zehatzak ezinbestekoak dira, bai ekonomiarako eta bai ingurumenerako, alferrik galtzen den eta hirugarrenei erosten zaien energia murrizteko balio baitezakete.”
Gainera, energia-aurreikuspen zehatz eta fidagarriek nabarmen lagundu dezakete energia-baliabideak efizientzia handiagoz erabiltzen eta, adibidez, energia berriztagarriei probetxu handiagoa ateratzen.
Zer ekar dezake adimen artifizialak industriaren sektorera?
“Adimen artifizialean, machine learning arloan eta beste arlo batzuetan egiten den ikerketak mundu errealean inpaktu handia duten arazo praktiko ugari konpon ditzake.”
Gaur egun, arlo horietan garatutako tekniketan oinarritutako aplikazio ugari daude, hala nola gomendio-sistemak, itzulpen automatikoa eta prozesu industrialen automatizazioa.
Otsailaren 11n Neska eta Emakume Zientzialarien Nazioarteko Eguna da. Emakumeek presentzia txikia izaten jarraitzen dute ikerketa zientifikoan eta garapen teknologikoan.
Zerk eraman zintuen matematika ikastera eta ikerketan jardutera?
Batxilergoko bigarren mailan nengoela erabaki nuen matematika ikastea. Betidanik nuen gustuko, baina inoiz ez nuen planteatu matematika ikastea. Batxilergoan izan nuen matematika-irakasleak piztu zidan zientzia horrekiko interesa. Matematikako ikerketa eta adimen artifiziala deigarriak egiten zitzaizkidan, arazo berriei aurre egiteak dakarren erronkarengatik. Izan ere, hasiera batean, ez dakizu arazo horiek konponbiderik duten edo konponbidea interesgarria eta erabilgarria den.
Nola animatuko zenituzke etorkizuneko belaunaldiak STEM (Science, Technology, Engineering and Mathematics) arloekin, hots, Zientzia, Teknologia, Ingeniaritza eta Matematikarekin, lotutako ikasketak eta lanbideak aukeratzera?
“Garrantzitsua da etorkizuneko belaunaldiek jakitea STEM arloak funtsezkoak direla arlo ugaritan aplikazioak garatzeko, hala nola finantzetan, kirolean eta medikuntzan.”
Adibidez, adimen artifizialaren eta machine learning-aren arloko ikerketaren bitartez garatutako teknikak lagungarriak dira erabakiak hartzeko orduan, edo erabaki horiei loturiko arriskua ezagutzeko aukera ematen digute. Arlo horiek arazo praktikoak konpontzen nola lagundu dezaketen jakinez gero, posible da arlo horiek ikasten dituzten gazteen kopuruak gora egitea, eta hori oso erabilgarria litzateke gaur egun.
Oharra: PCM/313/2023 Agindua argitaratu ondoren Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren (2023ko apirila) aldaketekin eguneratutako taulak.
PCM/74/2023 Agindua, urtarrilaren 30ekoa, zeinaren bidez garatzen baitira Gizarte Segurantzaren kotizaziorako, langabeziarako, jarduera eteteagatiko babeserako, Soldatak Bermatzeko Funtserako eta lanbide-heziketarako 2023ko ekitaldirako lege-arauak.
Hona hemen 2023an Gizarte Segurantzan kotizatzeko oinarriak eta tasak, 2023ko urtarrilaren 1az geroztiko atzeraeraginezko ondorioekin.
Otsailaren 4a Minbiziaren Mundu Eguna dela eta, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak bere enpresa elkartuei gogorarazten die ezen, enpresaren batean langileak agente kantzerigenoen eraginpean egon badaitezke, enpresa horiek nahitaezko jarraibide batzuk bete behar dituztela:
– Enpresan agente kantzerigenoak identifikatzea.
-Teknikoki posible den heinean, eragile kantzerigenoen ordez, arriskutsuak ez diren edo hain arriskutsuak ez diren beste batzuk erabiltzea.
– Ordeztu ezin badira, nola erabiltzen diren aztertzea, haien eragina ahalik eta gehiena murrizteko.
– Behar diren prebentzio- eta babes-neurri guztiak ezartzea.
– Araudiak zehazten dituen higiene pertsonaleko eta norbera babesteko neurriak ez ahaztea (665/1997 Errege Dekretua).
– Eraginpean eta eraginpetik kanpo dauden langileen zerrenda bat izatea, esposizio-mailak adieraziz.
– Enpresan eraginpean egoteari utzi ondoren ere langilearen osasunaren jarraipena egitea.
– Enpresarekin kontratu-harremanik ez dagoenean, langileari informazio esanguratsu guztia ematea agente kantzerigenoen laneko eraginaren inguruan.
Aurreko guztia jasota eta garatuta dago “Agente kantzerigeno edo mutagenoen eraginpean lan egitearen arriskuak ebaluatzeko eta prebenitzeko gida teknikoa”ren azken aldaketan.
Bestalde, Mutualiak zenbait baliabide jartzen ditu enpresen eta langileen eskura, amiantoaren eta bestelako substantzia kantzerigenoen arriskuak prebenitzeko. Amiantoarekiko esposizioak eragindako minbizia izaten da minbizi profesionalen ondoriozko munduko heriotzen erdien eragilea, gutxienez. Esan bezala, prebentziorako lehen urratsa segurtasun- eta babes-neurriak identifikatzea eta ezartzea da. Horregatik, gure enpresa elkartuen esku jartzen dugu informazioa gure eskuliburuaren bidez edo campus birtualaren bidez:
Azkenaldian nabarmen egin dute gora sarna-kasu eta -agerraldiek, bai gizartean oro har, bai lan-ingurunean. Horrek ezinegona eragin die erakundeei eta agerraldien eragina jasan duten enpresei; bereziki, egoitzei, osasun-zentroei eta zentro soziosanitarioei dagozkien sektore eta jardueretako enpresei.
Baina zer da sarna eta nola kutsatzen da?
Sarna edo hazteria azaleko gaixotasun bat da, parasito batek eragiten duena —Sarcoptes scabiei akaroa—; azala azalarekin kontaktuan izatean kutsatzen da batez ere. Sarna duen norbaiten ohe-jantziekin, arropekin eta bestelako gauza pertsonalekin kontaktuan egoteagatik ere kutsa daiteke, baina ez da hain ohikoa.
Sarnaren sintoma nagusia eta bereizgarriena azkura da, zeina biziagotu egiten baita gauez. Oro har ez du sortzen arazorik, baina desatsegina izan daiteke; tratamendu egokiarekin sendatzen da.
Zer egin lan-ingurunean agerraldi bat izanez gero?
Sarna ez da nahitaez aitortu beharreko gaixotasuna, betiere ez badago agerraldirik. Agerraldiak Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaizkio. Honela definitzen da sarna-agerraldia*: zentro bereko bi pertsonari edo gehiagori bi hilabeteko epean sarna diagnostikatzea (probablea edo baieztatua).
Agerraldi bat kontrola daiteke, baldin eta hura azkar hauteman, deklaratu edo ikertzen bada. Beraz, beharrezkoa da jardutea, bereziki, bizikidetasuna eta harremana ohikoak diren lan-inguruneetan: egoitzak, ospitaleak, osasun-zentroak, ikastetxeak, etab.
Hala, mota horretako erakundeetan agerraldi bat izanez gero, ekintza hauek egin beharko dira, besteak beste:
Zaintza Epidemiologikoko Unitateari jakinarazi behar zaio agerraldiaren berri.
Agerraldi guztietan gainerako pertsonek gaixotzeko duten arriskua baloratuko da. Horretarako, autonomia-erkidego bakoitzeko zaintza edo jarduketa epidemiologikoko protokoloan ezartzen diren irizpideei jarraituko zaie, eta, agerraldiaren ebaluazio indibidualizatuaren ondoren, neurri egokiak hartuko dira tratamenduari, isolamenduari, gainazal eta ehunen garbiketari, higieneari eta NBEen erabilerari dagokienez.
Langileentzako informazioa
Adierazitako ekintza horiek behar bezala gauzatu ahal izateko, beharrezkoa da gaixotasun horri buruzko informazioa ematea langileei.
Mutualiak, horretarako, dokumentu hauek eskaintzen dizkizue, zeinetan gaixotasunari buruzko informazioa eta hartu beharreko neurriei buruzko informazioa jasotzen baitira.