Euskadiko langileen % 45 ingururi eskaintzen dio babesa Mutualiak.
350.000 osasun-laguntza baino gehiago eskaini ditu, eta 322 milioitik gora ordaindu ditu prestazio ekonomikotan.
Osasun-laguntza jaso duten pertsonen % 94,66k adierazi dute eskainitako laguntzarekin pozik edo oso pozik daudela.
Donostia, 2023ko uztailaren 14a
Mutualiak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen 2 zenbakiko mutuak, Ohiko Batzar Orokorra egin du, zeinean 2022ko ekitaldiko balantze ekonomikoa eta jarduera onetsi baitira. Erakundeak 16,5 milioi euroko emaitza izan du ekitaldi horretan; zenbateko horri araudiak ezarritako ehuneko berrietara egokitzeko behar diren erreserben aplikazioari batuta, 47 milioi euro dira. Haietatik 8,2 erreserbetara bideratzen dira osorik, eta Gizarte Segurantzaren funtsetan sartzen dira 38,8 milioi euro. Kontingentzia arruntengatiko prestazioen igoera handia izan da 2022ko ekitaldiaren ezaugarri nabarmenetako bat. Igoera horrek lotura zuzena du jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren indarberritzearekin.
Ezohiko Batzar Orokorrean —egun berean egin da—, Zuzendaritza Batzordeak gobernantza-sistema aurreratu bat ezartzeko egindako ahalegina eskertu du Urtsa Errazti Mutualiako lehendakariak, eta gogora ekarri du sistema guztia koherentea dela Mutualiaren xedearekin (Gizarte Segurantzarekin lankidetzan pertsonek osasunaz, segurtasunaz eta ongizateaz gozatzeko duten eskubidea bermatzea). Bestalde, Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak nabarmendu du langile bakoitzeko baja-egunek Euskadin izan duten igoera; hori dela eta, beraren ustez, “inplikatutako eragile guztien gogoeta lasai baina premiazkoa” behar da. Testuinguru horretan, iragarri du arazo hori konpontzeko pausoak ematen ari direla, eta emaitzak lortuko dituztelakoan dago, epe ertainean bada ere.
Batzar Orokorra Mutualiaren Pakea klinikako ekitaldi-aretoan egin da, eta Erronka Garbia metodologiari jarraitu zaio hura diseinatzeko eta antolatzeko garaian; hala, mota horretako ekitaldietan izaten diren ingurumenarekiko inpaktu negatiboak minimizatzeko neurriak aplikatu dira.
Duela gutxi argitaratu da 5/2023 Errege Lege Dekretua, ekainaren 28koa. Kontziliazio-eskubideei dagokienez, Errege Dekretu horrek aldatu egiten ditu Langileen Estatutua, Gizarte Arloko Jurisdikzioa arautzen duen Legea eta Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutua. Ekainaren 30ean sartu zen indarrean errege-dekretu hori.
Honako hauek dira aldaketak:
Lan-harremanean dauden langileen eskubide gisa jasotzen da kontrako tratamendurik ez jasotzeko eskubidea familia- eta lan-bizitzaren kontziliazio- eta erantzukidetasun-eskubideak baliatzeagatik.
Langileei aitortzen zaie lan-neurri malgua eskatzeko eskubidea (egokitzapenak lanaldiaren iraupenean eta banaketan, lanaldiaren antolamenduan eta prestazioa emateko moduan, telelana barne), hauek zaindu ahal izateko: 12 urtetik gorako seme-alabak; ezkontidea edo izatezko bikotekidea; langilearen bigarren mailarainoko odoleko ahaideak; eta mendekotasuna duten beste pertsona batzuk, baldin eta etxebizitza berean bizi badira eta adinagatik, istripuagatik edo gaixotasunagatik beren kabuz baliatu ezin badira.
Eskubide hori baliatzeko baldintzak negoziazio kolektiboaren bidez ezarri daitezke, baina, halakorik ezean, enpresak negoziazio-prozesu azkar bat abiatzeko betebeharra du.
Lege berria kontuan hartu beharra dago 2023ko ekainaren 30era arte aplikatzen ari ziren lanaldi-egokitzapenetarako, eta, bereziki, langilea aurreko egoerara itzultzen denerako —egokitzapenek indarrean jarraituko dute eta araudi berria aplikatuko zaie—.
Eremu subjektiboa handitzen da (bestelako bizikidetza-modu batzuk hartzen dira barnean) eta baimen-egunen kopurua zabaltzen da, bai eta beste kausa batzuk (istripua, gaixotasuna edo heriotza) dituzten baimenak bereizi ere. Honakoa ezartzen da:
15 egun natural, izatezko bikotea erregistratzen bada.
5 egun (lehen 2), joan-etorriak egon ala ez (lehenago, 4 eguneko joan-etorrien kasuan) ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo bigarren mailarainoko odol- edo ezkontza-ahaidetasunezko senideen istripu edo gaixotasun larriagatik, ospitaleratzeagatik edo ospitaleratzerik ez baina etxeko atsedena behar duen ebakuntza kirurgikoagatik, barne hartuta izatezko bikotekidearen odoleko ahaidea, bai eta aipatu ez diren pertsonak ere, baldin eta langilearekin etxe berean bizi badira eta benetako zaintza behar badute.
2 egun (4 egun, joan-etorriren bat egin behar bada) ezkontidearen, izatezko bikotekidearen edo 2. mailarainoko odoleko ahaideen edo ezkontzakoen heriotzagatik.
Kontziliazio-baimenak baliatzearen ondoriozko kaleratzeen aurkako babesa zabaltzen da (arrazoi objektiboek eragindako kaleratzeak nahiz diziplinazkoak), ELDan sartu berriak barne, eta deuseztasun-kausen artean jasotzen dira.
Eguneko lanaldia murrizteko eskubidea zabaltzen da, lanaldiaren 1/8 gutxienez eta erdia gehienez, eta soldata proportzioan murriztuta, baldin eta zuzenean zaindu behar badu ezkontidea edo izatezko bikotekidea, edo izatezko bikotekidearen odoleko ahaidea, gaixotasun edo istripu baten ondorioz bere kabuz baliatu ezin bada eta ordaindutako jarduerarik egiten ez badu.
Gainera, kasu horretara hedatzen da enpresak ordezko plan bat ezartzeko betebeharra, baldin eta eskubide hori aldi berean baliatzeko aukera mugatu egiten bazaie enpresa berean lan egiten duten eta subjektu eragile bera duten bi langileri.
Eskubide hori baliatzeari dagokionez, halaber, ezartzen da kontuan hartuko dela emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzea eta genero-rol eta -estereotipoak betikotzea ekiditea. Bularreko haurra zaintzeko lanaldi-murrizketari heltzean adierazi bezala, kasu honetan ere kontuan hartu behar da 2023ko ekainaren 30era arte baimen hori baliatzen ari diren pertsonek baimena baliatzen hastean aplikatu beharreko araudiaren menpe jarraituko dutela.
Enpresaren betebehar hau jasotzen du: bi langilek subjektu eragile beragatik bularreko haurra zaintzeko lanaldia murrizteko eskubidea baliatzen dutenean, eta enpresak eskubide hori aldi berean baliatzeko aukera mugatzen duenean enpresaren funtzionamenduari buruzko arrazoi oinarridun eta objektiboengatik —idatziz eta behar bezala arrazoituta—, ordezko plan bat eskaini beharko du, bi langileek eskubide hori baliatzea bermatuko duena eta kontziliazio-eskubideak baliatzea eragingo duena.
Bereziki kontuan izan behar da 2023ko ekainaren 30era arte baimen hori baliatzen ari diren pertsonek baimen hori baliatzen hastean aplikatzekoa zen araudiaren arabera jarraituko dutela, eta horrek ez duela guraso-baimenarena mugatuko.
Guraso-baimena lan-kontratua eteteko arrazoi gisa arautzen da.
Senideak zaintzeko eszedentzia luzatzea (2 urtez gehienez, negoziazio kolektiboaren arabera iraupen luzeagoa izan ezean) ezkontidea, izatezko bikotekidea edo izatezko bikotekidearen odoleko ahaideak zaintzeko.
Kasu honetan aplikatzekoak dira, halaber, batetik, bi langilek subjektu berarengatik eskubidea baliatu nahi dutenean eta enpresak baimena mugatzen duenean ordezko plan bat eskaintzeko duen betebeharra, eta, bestetik, emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna sustatzeko eta genero-rol eta -estereotipoak betikotzea ekiditeko agindua.
Berriro ere, 2023ko ekainaren 30era arte baimen hori baliatzen ari ziren pertsonek baimen hori baliatzen hastean aplikatzekoa zen araudiaren arabera baliatzen jarraituko dute, eta horrek ez du guraso-baimenarena mugatuko.
Bestalde, lege berriaren arabera, guraso bakarreko familietan, guraso bakar horrek baliatu ahal izango ditu jaiotza, adopzio edo legezko zaintzagatiko kontratu-etetearen luzapen osoak, bi gurasoko familientzat aurreikusitakoak, seme-alabek desgaitasunen bat badute.
Baimen berri bat sartu da: seme-alabak edo urtebetetik gora harreran hartutako adingabeak zaintzeko baimen espezifikoa, haurrak zortzi urte bete arte baliatu daitekeena.
Baimen hori besterenezina da, malgutasunez baliatu daiteke, eta, gehienez ere, 8 asteko iraupena izango du, jarraituak edo etenak.
Gainera, kasu horretan ere kontuan hartuko dira lanaldi-murrizketetarako kalte-ordainen kalkuluari buruzko aurreikuspenak.
Baimen berri bat sartu da, langileek senideekin edo bizikideekin zerikusia duten premiazko eta ustekabeko arrazoiengatik alde egin ahal izateko, gaixotasunagatik edo istripuagatik berehala bertan egon behar badute. Kasu horietan, 4 eguni dagozkien absentzia-orduak ordainduko dira urtean, hargatik eragotzi gabe hitzarmen kolektiboek edo enpresen eta langileen legezko ordezkarien arteko akordioek horri buruz ezar dezaketena.
> 365 ETA < 365 EGUNEKO ABE PROZESUETAN ALTA MEDIKOA AURKARATZEAREN ONDORIOAK.
Auzitegi Goreneko IV. Salak duela gutxi emandako epai batean (Auzitegi Goreneko 276/2023 zenbakiko epaia, 2023ko apirilaren 17koa, ECLI:ES:TS:2023:1566) ezarri da 365 egunetik beherako ABE prozesu batean GSINek alta medikoa igorri ondoren lanpostura ez joatea kaleratzeko arrazoia dela, alta mediko hori aurkaratua izan arren eta aurkaratze hori gaitzetsi ondoren lanpostura joan arren.
Testuingurua ulertzeko, auzipetutako kasuaren laburpen bizkor bat egingo dugu. Gure autonomia-erkidegoko enpresa batean gertatutako kaleratze baten ondorioz hasi zen. Gasteizko Lan Arloko 2. Auzitegiaren arabera, egokia zen; EAEko Auzitegi Nagusiak baliogabetzat jo zuen erregutze-errekurtsoan; eta kasazio-errekurtsoa aurkeztu zen Auzitegi Gorenaren aurrean, erabaki zezan justifikatuta dagoen ala ez 365egun gainditzen ez dituen ABE prozesu batean alta medikoa jaso ondoren langilea lanpostura ez joatea, alta aurkaratua izateagatik.
Langileak 2020-03-24an hasi zuen ABE prozesua gaixotasun arruntagatik, eta alta eman zitzaion 2020-07-03an. Egun horretan bertan GSINen adierazi zuen ez zetorrela bat alta medikoarekin, eta bere enpresari altaren eta aurkaratzearen berri eman zion. 2020-07-09an, lanera itzultzeko eskatu zion enpresak, eta langileak erantzun zion alta medikoaren aurkaratze hutsak alta-espedientea geldiarazten zuela (eta, horrenbestez, ABEaren eraginak luzatzen zirela). 2020-07-20an, GSINek langileari adierazi zion altaren aurkaratzea gaitzetsi egin zela, eta lanpostura itzuli zen 2020-07-21ean. 2020-07-28an diziplinarioki kaleratu zuten, lanera ez joateagatik uztailaren 6tik (altaren hurrengo egun balioduna) uztailaren 20ra; guztira, 11 egun baliodun.
Esan dugunez, instantziako epaitegiak langilearen eskea gaitzetsi eta haren kaleratzea bidezkoa zela ebatzi zuen. Baina EAEko Auzitegi Nagusiak epai hori errebokatu zuen, ukigabetasun-bermea urratzen duela jota (kaleratzea langilearen jarduketen ondoriozkoa izatearen zantzuak ikusi zituen: salaketa Laneko Ikuskaritzan eta enpresan bertan, zenbait arrazoi zirela medio). Auzitegi Gorenari iruditu zaio Justizia Auzitegi Nagusiaren interpretazioa ez dela zuzena, ABE egoera alta medikoa aurkaratzeagatik luzatu dela hartzen duelako oinarritzat. Azaltzen saiatuko gara. Azkenik, enpresak kasazio-errekurtsoa aurkeztu zuen, doktrina bateratzeko.
ABE prozesuetako alta medikoaren aurkaratzearen eraginak zein diren jakiteko, kontuan hartu behar da haien iraupena. Izan ere, kasu bakoitzean aplikatu beharreko araudia desberdina da 365 egunetik gorako bajetan eta hortik beherako bajetan:
365 egunetik gorako ABE prozesuak. Kasu hauei (GSLOren 170.2 artikuluan jasotzen dira) 170.3 artikuluan zehaztutakoa aplikatzen zaie, eta horrek esan nahi du ABE egoera luzatzen dela aurkaratzearen ebazpena atera arte.
(…) interesdunak bere desadostasuna adierazi ahalko dio osasun-zerbitzu publikoko ikuskaritza medikoari, lau egun naturaleko gehieneko epearen barruan. (…)
Ikuskatzaritza medikoak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko ikuskaritza medikoaren erabakia berrestearen alde egiten badu, edo ebazpena eman eta hurrengo hamaika egun naturaletan ezer adierazten ez badu, alta medikoak erabateko ondorioak hartuko ditu. Alta medikoaren egunetik hark erabateko ondorioak hartzen dituen egunera iragaten den aldian joko da aldi baterako ezintasuna luzatu egin dela.
(…) alta medikoa birplanteatzen badu, interesdunari aldi baterako ezintasun-egoeraren luzapena aitortuko zaio ondorio guztietarako. Aitzitik, bere erabakia berresten badu —eta, horretarako, oinarri hartu dituen proba osagarriak aurkeztuko ditu—, aldi baterako ezintasun-egoera azken ebazpenaren egunera arte soilik luzatuko da. (…)
365 egunetik beherako ABE prozesuak. Kasu hauetan (GSLOren 170.1 artikuluan jasotzen dira), medikuaren altak kontingentzia arruntagatiko ABE prozesua iraungitzen du, eta langileari lanpostura itzultzeko betebeharra ezartzen dio, alta mediko hori aurkaratua izan arren; hori guztia 625/2014 EDaren (uztailaren 18koa, aldi baterako ezintasun-prozesuen zenbait kudeaketa- eta kontrol-aspektu arautzen dituena lehenengo hirurehun eta hirurogeita bost egunen barruan) 5.1 artikuluan ezarritakoa betez.
Honela dio 5.1 artikuluko hirugarren paragrafoak: “alta medikoak langilearen aldi baterako ezintasunaren prozesua iraungiko du, eta lan-eraginak izango ditu hura eman eta hurrengo egunean, zerbitzu publiko horrek, hala badagokio, langileari egokitzat jotzen duen osasun-laguntza eskaintzen jarraitzearen kalterik gabe. Alta medikoak zehaztuko du langilea lanpostura itzultzeko betebeharra eragina duen egunean bertan”.
Betebehar hori arau horren 7.4 artikuluan errepikatzen da, zeinean ezartzen baita GSINeko ikuskari medikoak emandako alta medikoaren partearen datuak osasun-zerbitzu publikoari eta, hala badagokio, mutuei igorri beharko dizkiela alta eman eta lehenengo egun baliodunean, datu horien berri izan dezaten. Ikuskari medikoak, halaber, partearen kopia bat eman beharko dio langileari, haren berri izan dezan, eta adierazi beharko dio igortze-egunaren hurrengo egunean lanera itzultzeko betebeharra duela.
Azaldutako guztia aintzat hartuta, ondorioztatzen da 365 egunetik beherako aldi baterako ezintasuneko prozesu bat izan duten langileak ez daudela salbuetsita alta medikoaren ondoren lanera itzultzetik, nahiz eta alta hori aurkaratu. Beraz, enpresek lanera ez joateagatiko diziplinazko kaleratzeak gauzatu ditzakete, lanera ez itzultzearen arrazoia alta aurkaratzea dela jakinarazi bazaio ere enplegatzaileari. Aitzitik, 365 egunetik gorako ABE prozesuetan langileek altarekin bat ez datozela adierazten badute edo hura aurkaratzen badute osasun-zerbitzu publikoko ikuskaritza medikoaren aurrean, ABE egoera luzatu egingo da aurkaratzearen ebazpena eman arte. Halakoetan, ez litzateke egongo lanera itzultzeko betebeharrik aurkaratzearen ebazpenaren berri eman arte, eta ez litzateke egokia izango enplegatua kaleratzea.
Kontsideratzen da ekitaldi bat jasangarria dela hura diseinatu eta antolatzeko ingurumen-neurriak barne dituzten jarraibide batzuk kontuan hartu direnean, horren helburua izanik nagusiki ingurumenaren gaineko inpaktu kaltegarriak albait gehien gutxitzea. Horretarako, IHOBEk Erronka Garbiametodologia du. Mutualiak integratua du prozedura hori bere ekitaldien antolamenduan eta garapenean. Hartara, ingurumenaren gaineko inpaktua gutxitu nahi da, eta, aldi berean, erakundeak eta bertaratzen diren pertsonak kontzientziatu nahi dira jendetza handiak biltzen dituzten ekitaldiak antolatzearen ondorio kaltegarriak arintzeko beharraz.
Onura nagusiak
Energia-efizientzia handiagoa
Ur-kontsumo txikiagoa
Lehengaien berrerabilera
Hondakin gutxiago
Ingurumen-aztarna murriztea
Nola aplikatzen da?
IHOBEk ezartzen duen bezala, ekitaldi bat antolatzeko fase guztiak hartu behar dira kontuan:
Diseinua eta plangintza. Lehendabiziko puntu honetan, ingurumena aintzat hartzeko, ekitaldiaren oinarriak definitu behar dira, kontuan hartuz zein diren ingurumen-alderdi garrantzitsuenak eta lortu beharreko ingurumen-helburuak zein -jomugak. Horretarako, ekitaldiaren kokapenaren eta motaren arabera, hura garatzeko beharrezko baliabideak kudeatuko dira. Beharrizan materialak eta kostu ekonomikoa identifikatuko dira.
Ekitaldi baten antolamendua. Diseinatu eta planifikatutakoan, hurrengo fasea da finantzaketa, kontratazioak eta erosketen plangintza zehaztea, eta ekitaldiaren komunikazio-kanpaina.
Ekitaldia bera eta jarraipena. Fase honetan, plangintzatik gauzatzera pasatuko gara, alegia, ekitaldia ekoiztera eta azken komunikazioa egitera. Adibidez, diseinu- eta plangintza-fasean zehaztu bada hondakinak gaika bilduko direla, ekitaldiaren egunean hori ikusaraziko da, eta bilketarako ezarri diren neurrien berri emango zaie bertaratu direnei, hala nola edukiontzi espezifikoak hondakin-mota bakoitzerako. Halaber, ekitaldiak irauten duen bitartean, zenbait neurri hartuko dira kuantifikatu beharreko datuak biltzeko, adierazle espezifiko eta neurgarriak ezarriz. Adibidez, baliabideak, materialak, erosketak, energia, ura, isuri, hondakin eta emisioen sorrera, etab. Hartara, ekitaldiaren eragina kalkulatu ahal izango da.
Desmuntatzea eta itxiera. Ekitaldia bukatutakoan, ekitaldia ingurumenaren aldetik ebaluatuko da, bildu diren datuen bitartez. Horretarako, Ingurumen Inpaktuaren Kalkulagailu bat du IHOBEk, eta ingurumen-inpaktu orokorra kalkulatzen laguntzen duena. Hiru metodologiaren arabera eskaintzen ditu emaitzak:
Karbono-aztarna
Aztarna hidrikoa
Ingurumen-aztarna
Datu guztien bidez, antolakuntzak jakin ahal izango du eraginkorki jokatu duen edo ez, eta ikusi zer hobekuntza egin daitezkeen beste ekitaldi bat antolatzeko orduan. Erronka Garbia metodologia etengabeko hobekuntzaren filosofian oinarritzen da. Hartara, ikasketen integrazioa sistematizatzen du, ekitaldien inpaktua etengabe murrizteko.
Mutualia eta ekitaldietan ingurumena aintzat hartzea
Mutualiak urteak daramatza bere jardunaldietan ingurumena aintzat hartzen, eta, 2017. urtetik aurrera, IHOBEren Erronka Garbia metodologia aplikatu du. Metodologia horrek gerta daitezkeen ingurumen-eragin kaltegarriak albait gehien gutxitzeko ingurumen-neurriak integratzen ditu.
Uztailetik aurrera, historia klinikoan euskara lehentasunezko hizkuntza dela adierazi duten pertsona guztiek mediku-txostenak euskaraz jasoko dituzte.
Osasun-profesionalek zuzenean euskaraz sortu ezin dituzten txostenak, automatikoki itzuliko dira adimen artifizialaren bidez.
Mutualiak osasun-arreta berritzen du, pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatzeko.
Aurrerapen teknologiko garrantzitsu batean, Mutualiak, Mutualia Gizarte Segurantzarekin lankidetza duen 2zk.ko Mutuak, irtenbide berritzaile bat ezarri du bere pazienteen hizkuntza-eskubideak bermatzeko. Pazienteek osasun-zentro batera joaten direnean izaten duten arazoetako bat da, ez dutela beti bermatzen beren hizkuntzaren erabilera.
Arazo horren zati bat konpontzeko, hau da, urgentziazko txosten medikoak euskaraz sortzeko, Mutualiak abangoardiako adimen artifiziala erabili du, sortzen diren unean bertan larrialdiko txostenak itzuli eta entregatzea lortuz, atzerapenik gabe, kalitate handiagoko zerbitzua eskainiz.
Adimen artifizialeko adituekin eta euskarazko itzulpenetan espezializatutako tresnekinlankidetzan, Mutualiak sistema oso eraginkorra eta zehatza garatu du gaur egun gaztelaniaz bakarrik egiten diren larrialdiko txosten medikoak automatikoki itzultzeko.
Adimen artifizialaren erabilerak itzulpen-prozesua arintzeaz gain, itzulpenen kalitatea ere nabarmen hobetu du. Erabiltzen diren algoritmo aurreratuak datu askorekin entrenatu dira eta hobetu egin dira txostenak ahalik eta zintzoen euskaratzeko.
“Mutualian gure pazienteen hizkuntza eskubideen errespetuan sinesten dugu, baina gure prozesu guztiak euskalduntzeko ahaleginak egin arren, orain arte ezin genituen larrialdietako mediku txosten guztiak euskaraz eskaini “.
“Adimen artifizialaren inplementazio honekin, ziurtatzen ari gara pazienteek nahi duten hizkuntzan eskuratu ahal izango dutela beren informazio medikoa, eta horrek kalitate handiagoko zerbitzu bat eskaintzea ahalbidetzen digu, nahiz eta gure helburua prozesu guztiak euskalduntzea izan.”
Ignacio Lekunberri Mutualiako zuzendari kudeatzaileak.
Berrikuntza horrek erakusten du Mutualiak euskararekin eta pazientearengan oinarritutako arreta medikoarekin duen konpromisoa.