Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko urriaren 21etik 27rako astea.
2024ko lan egutegia
Mutualiak lan egutegi berria prestatu du 2024. urterako. Bertan, jaiegunen zerrenda dago jasota. Mutualiaren egutegia PDF betegarriaren formatuan dago eskuragarri , eta buletinak argitaratu ostean prestatu da, bertan baitaude jasota 2024. urteko jaiegunen zerrendak.
Hauek izango dira lan-egutegiak Euskadin 2024an izango dituen hamabi jaiegunak:
- Urtarrilaren 1a (Urteberria)
- Urtarrilaren 6a (Errege-eguna)
- Martxoaren 28a (Ostegun Santua)
- Martxoaren 29a (Ostiral Santua)
- Apirilaren 1a (Pazko bigarrena)
- Maiatzaren 1a (Langileen eguna)
- Uztailaren 25a (Santiago)
- Abuztuaren 15a (Jasokundea)
- Urriaren 12a (Nazio-jaieguna)
- Azaroaren 1a (Domu Santu eguna)
- Abenduaren 6a (Konstituzio-eguna)
- Abenduaren 25a (Eguberri-eguna)
Lanaldi horiei beste bi jaiegun gehitu behar zaizkie, Lan eta Gizarte Segurantza Zuzendaritzaren lurralde-ordezkaritzek horretarako irekiko duten prozesu berrian Udalei eta Aldundiei dekretatzea dagokienak.
2024KO LAN-EGUTEGIA: ALDIZKARI OFIZIALAK
Prebentzioa, iktusaren aurkako babesik onena
Iktusaren Nazioarteko Eguna dela eta, Freno al Ictus Fundazioak, Espainiako Neurologia Elkartearekin (SEN) eta SENen Gaixotasun Zerebrobaskularrak Aztertzeko Taldearekin (GEECV-SEN) batera, eta GMPren laguntzarekin, dibulgazio-jardunaldi bat egingo du datorren urriaren 30ean, “Iktusari buruzko Topaketa Zientifiko eta Soziala” izenburupean, gaixotasun horrek Espainian duen eragina ikuspegi zientifikotik zein sozialetik aztertzeko.

Espainian, emakumeen heriotza-eragile nagusia da iktusa, eta ez da adinekoen gaixotasuna, hiru iktusetik bat lanean aktibo dauden pertsonengan gertatzen baita.
Zein dira arrisku-faktore nagusiak?
- Diabetesa
- Presio arterial altua
- Elikadura
- Kolesterola
- Osasun emozionala, estresa
- Sedentarismoa
- Tabakoa, alkohola eta drogak kontsumitzea
Zer egin dezaket?
Iktusen % 90 prebenitu daiteke.
Horregatik, hartu bizimodu osasungarria izateko konpromisoa:
- Egin dieta osasungarria eta orekatua
- Egin jarduera fisikoren bat eta egin aurre sedentarismoari.
- Utzi tabakoa eta drogak kontsumitzeko ohiturak, eta gutxitu alkohol-kontsumoa.
- Zaindu zure osasun emozionala, saihestu estresa, eta izan bizimodu aktibo eta osasungarria.
Eta gogoratu, edozein sintoma izanez gero…
- Aurpegiko paralisia
- Gorputz-adarren batean indarra galtzea (hanka, besoa edo biak)
- Hitz egiteko arazoak
- Bat-bateko buruko min handia
- Ikusmenaren bat-bateko alterazioa
DEITU 112 telefono-zenbakira
‘Segi jokatzen!” kanpaina, neskek kirola egiten jarraitu dezaten
Euskal Kirol Federazioen Batasunaren (EKFB) atal honetan, euskal kirolari, haren espezialitateei eta sentsibilizazio-kanpainei buruzko albiste esanguratsuenen berri ematen dizuegu hilero. Neska gazteek kirol-jarduera bertan behera uztearen aurkako kanpaina bat abiarazi du Euskal Kirol Federazioen Batasunak. Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzarekin lankidetzan landu da ekimena. “Segi jokatzen!” esloganarekin, jarduera fisikoa eta kirola egiten jarraitzera animatu nahi dira neska gazteak. Egiaztatu da nesken uzte-tasak mutilenak baino handiagoak direla eta gorantz doazela. Horregatik, zabaldu dira baliabide grafiko batzuk komunikazio-kanaletan (webgunea, sare sozialak, posta elektronikoa, berehalako mezularitza, etab.), mezu hori hedatzen laguntzeko.
Kirola egiten denean, egoera bereziak sortzen dira; eta kirola egiteari uzten zaionean, desagertu egiten dira. Neska askok ez dute kirola uzteko asmorik, oso gustuko baitute. Baina gero eta neska gazte gehiagok uzten dute kirola alde batera, eta hori aldatu nahi da. Segi jokatzen!!!
Gainera, euskal selekzioen jarduerei dagokienez, Mahai-tenis Inklusiboko Euskal Selekzioa hirugarren postuan geratu zen Irungo tenis inklusiboko nazioarteko txapelketan, non Frantziako, Belgikako, Irlandako eta Galesko selekzioek ere parte hartu baitzuten. Txapelketa ligaxka-formatuan jokatu zen, hiru joko-txandatan. Euskadik 5-0 irabazi zion Frantziari, eta 3-2 galdu zuen Irlanda-Galesen aurka. Egun bat geroago, Belgikaren aurka jokatu zuen, eta 3-2 galdu zuen. Iker Sastre, Ander Cepas, Ángela Rodríguez eta Iker González izan ziren euskal ordezkariak.
Basque Country International Cup txapelketa Irungo Sonia Etxezarreta mahai-teniseko Teknifikazio Zentroan jokatu zen. Euskal Federazioak antolatu zuen, Euskal Kirol Federazioen Batasunaren laguntzarekin.
Gainera, Izotz-hockeyko Euskal Koparen hirugarren edizioa (15 urtez azpikoa) egin zen Donostian, Txuri Urdin izotz-jauregian. Negu Kiroletako Euskal Federakuntzak antolatu zuen, eta bi taldetan banatu zen. A multzoan Txuri Urdin, Angelu, Puigcerdà eta Majadahonda taldeek jokatu zuten; B multzoan Bipolo arabarra, Uharte nafarra eta Bartzelona aritu ziren.
Bestalde, aurreratzen dugu dagoeneko ezarri dela Kirol Autonomikoaren II. Kongresu Nazionala egiteko data eta tokia: Bilboko Euskalduna jauregia, 2023ko azaroaren 11 (larunbata). CUFADEren jardunaldi horretan, kirolari buruzko zenbait alderdi esanguratsu landuko dituzte hizlari ezagunek, adituek eta mahai-inguruetako partaideek. Zenbait gai-multzotan antolatuko da egitaraua; besteak beste, hauek: kirol-kudeaketa, alderdi tekniko eta kirolekoak, eta komunikazioa eta joera berriak. Bazkide askoko erakunde bat ezagutarazi nahi zaio gizarteari, eta eguneroko kudeaketa hobetzeko tresnak eman nahi zaizkie kirol-erakundeetako buru, langile eta laguntzaileei, helburu jakin batzuk lortzen laguntzeko: oinarriko kirolean egiten den lana ezagutaraztea, oinarriko kirol-erakundeen kudeaketa hobetzeko elementuak eskaintzea, eta ideia eta proiektuak eratuko dituen eta, batez ere, lotura profesionalak eta pertsonalak ekarriko dituen eztabaidarako gunea izatea.
CUFADE Espainiako Kirol Federazioen Batasunen Konfederazioak bultzatu du ekitaldia, eta Euskal Kirol Federazioen Batasunak antolatu du, autonomia-erkidegoetako kirolaren balioa nabarmentzeko gizartearen aurrean.
Gainera, EuskalkirolaKlubak eskaintzen dituen abantailekin jarraitzen dugu hilabete honetan. Egin zaitez kide, eta deskontuak izango dituzu era guztietako kategorietako milaka produktu eta esperientziatan: bidaiak, saltokiak, jatetxeak, aisialdia, prestakuntza, teknologia, elikadura, osasuna… Erosiz gero, itsulapiko birtual batean gordetzen diren diru-itzultzeak lortzen dira. Informazio gehiago.
Asistentziaren Kalitatearen Espainiako Elkartearen (SECA) XXXIX. Biltzarrean parte hartuko du Mutualiak
Murtzian urriaren 25etik 27ra bitartean egingo den SECA biltzarra osasun-laguntzaren kalitateari buruzko esperientziak eta jardunbide egokiak trukatzeko topagunea da.
Aurten, “Asistentziaren kalitatea, jasangarritasunaren oinarria” izenburupean, biltzarrak gogoeta egin nahi du asistentziaren kalitateak osasun-sistema eredu jasangarriago baterantz bideratzeko funtsezko faktore gisa duen rolaz.
Mutualiak hurbileko eta kalitatezko osasun-laguntza emateko konpromisoa du, eta pazienteen osasuna du osasun-laguntzaren oinarri nagusia. Horretarako, osasun-arloko profesionalen talde bat du, kasu guztiak modu pertsonalizatuan aztertzen dituena, paziente bakoitzaren beharren arabera eta osasun-arloko azken teknologiaren laguntzarekin.
Gaur egun, Mutualiak ekimen bat baino gehiago ditu martxan, eta zenbait komunikazio eta hitzaldi aurkeztuko ditu SECA biltzarrean:
Komunikazioen atalean:
- “Segurtasun-errondak. 9 urteko esperientzia praktikoa arriskuak kudeatzen”
- “Adimen artifiziala kontingentzia arruntagatiko bajen kontrola eta segimendua egiteko”
- “Zer dago tratu-desadostasunagatiko kexa baten atzean?”
- “Erizaintzaren balioa kontingentzia arruntagatiko aldi baterako ezintasuna kudeatzean”
Hitzaldien atalean:
Miguel Ulibarrena Mutualiaren Osasun Kudeaketako eta Kanpoko Osasun Laguntzako zuzendariak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuen arteko Benchmarkingari buruzko mahai-inguruan parte hartuko du, “Pazientearen segurtasuna hobetzea” izenekoan, eta “Osasun-laguntza pertsonalizatzeko eredua” hitzaldia aurkeztuko du. Proiektu hori Mutualiako Humanizazio Batzordeak sortu zuen 2018an, jendeari patologiaz gaindiko arreta emateko kultura sustatzeko helburuarekin. Pandemiaren ondoren, 2021. urtean, berrartu egin zen ,eta Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzorde bihurtu zen. 2022an, Mutualiaren eta Humans Fundazioaren arteko lankidetzari ekin zitzaion, kanpoko erakunde baten laguntza metodologikoa eta ebaluazio-laguntza izateko. Hala, Mutualian Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Planaren ereduaren oinarri diren dimentsio eta ardatz estrategikoak ezarri ziren. Aurten, Humans Ziurtagiriarekin (A maila) aintzatetsi da, hots, osasun-laguntzan humanizazio- eta kalitate-neurriak ezarri direla aitortzen duen ziurtagiriarekin.
Cristina Peruchok, Mutualiako mediku errehabilitatzaile eta Osasun Laguntza Pertsonalizatzeko Batzordeko arduradunak, “Onarpen digitala lan-istripuen mutua batean” hitzaldia emango du. Hitzaldi horretan, paziente bat onartzeko Mutualian egiten den prozesu digitala azalduko du, baita erabiltzaileak harrera digitalean duen esperientzia ere.
Eta Ane Telleriak, Mutualiaren Pakea Klinikako erizainak, Educator proiektuaren berri emango du, “Educator 2.0: egia bihurtutako ametsa” izeneko hitzaldian. Proiektuaren helburua da osasun-ezagutzak eta ezagutza higieniko-sanitarioak transmititzea enpresei eta haietako langileei, lan-istripuren bat gertatuz gero nola jokatu jakin dezaten, baita pazienteei eta haien zaintzaileei ere, suspertze-prozesuan aktiboki parte har dezaten.
MutuaLex 266 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko urriaren 14tik urriaren 20rako astea.
Bideko Helbide Elektronikoa: lehen urtebetetzea
Bideko Helbide Elektronikoa (BHE) trafikoari buruzko jakinarazpen eta komunikazio elektronikoak helarazteko kanal edo bitarteko bat da. Hamar urte baino gehiago dira martxan jarri zela, bai pertsona fisikoentzat bai juridikoentzat. Hori dela eta, iaz data hauetan, Trafiko Zuzendaritza Nagusiak kanpaina bat jarri zuen martxan, gogorarazteko azarotik aurrera ibilgailuen jabe diren edo epe luzeko errentari diren enpresek nahitaez erabili behar dutela. Partikularrek aukerakoa dute.
Datorren azaroaren 1ean urtea beteko da derrigorrezkoa dela Bide Helbide Elektronikoa izatea Trafiko Zuzendaritza Nagusia aipatutako enpresekin komunikatzeko bide bakar gisa. Hala, jakinarazpenak posta bidez bidaltzeari utzi zaio, enpresa ugarik egiaztatu ahal izan duten moduan.
Prozesua sinplea eta doakoa da. Joan den urteko azaroaren 1ean, pertsona juridikoek sisteman alta hartzeko borondatezko epea zehaztu zen. Administrazio elektronikoa jendearekiko harremana errazteko sortu zen, eta, beraz, alta egin ez duten enpresek ez dute ekimenarekin bat egiteko aukera galdu eta ez dute inolako zigorrik jasoko. Hain zuzen ere, jakinarazpenak telematikoki bidaliko zaizkie, baina, enpresaren helbide elektronikoa jakinarazi ez dutenez, helbide elektroniko bat esleituko zaie ofizioz. Han egongo dira irakurtzeko moduan, bilduta, irakurtzeke dauden jakinarazpenak. Plataforman sartzeko ziurtagiri digitala behar da, bertan jakinarazpenak ikusteko. Plataforman komunikazio bat jasotzen denean, abisua bidaltzen du enpresak emandako telefono-zenbakira eta helbide elektronikora.
Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren eta pertsona juridikoaren arteko lotura pertsona juridikoaren identifikazio-agiri ofiziala da, hots, IFZa. Enpresa baten Bideko Helbide Elektronikoak indarrean jarraituko du hari lotutako IFZa existitzen den bitartean, enpresak izen soziala, helbidea, administratzaileak eta abar aldatu arren.
BHE urtebete geroago planteatzen ari den galdera ohikoenak:
1. Zer behar dut nire enpresaren alta egiteko? Enpresaren ordezkariaren ziurtagiri elektroniko bat, Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren egoitza elektronikoan BHEaren alta egiteko.
2. Derrigorrezkoa da enpresa guztientzako? Ibilgailuen jabe diren edo epe luzeko errentari direnen enpresentzat baino ez.
3. Zigorrik jasoko dut nire enpresak oraindik ez badu BHEa? Ez. Jakinarazpenak jasotzeko postontzi bat ofizioz esleituko zitzaizun. Hartan sartzeko, enpresaren ordezkariaren ziurtagiri elektronikoa beharko duzu.
4. Paperezko jakinarazpenak ere bidaliko dira? Ez. Guztiz desagerrarazi dira iazko azaroaren 1az geroztik. Orain, enpresekiko komunikazioa baliabide elektronikoen bidez egiten da soilik.
5. Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren jakinarazpenak bakarrik jasoko ditut? Ez. Sistemari zehapen-eskumena duten beste erakunde batzuk atxiki zaizkio, hala nola udalak eta funtzio horiek transferituak dituzten erkidegoak. Zerrenda osoa Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean kontsultatu dezakezu.
6. Nire enpresarentzako zer kostu izango du BHEa erabiltzeak? Ez du kosturik. Plataforman alta egitea eta jakinarazpenak ikusteko erabiltzea doakoa da.
7. Zer epe ditut jakinarazpen bat jasotzen dudanean? Jakinarazpen elektronikoetarako, 10 egun naturaleko epea ezartzen da, jakinarazpena BHEan jasotzen denetik, hura irakurtzeko. Epe horretan irakurtzen ez bada, ulertuko da uko egiten zaiola, prozedurak dagokion moduan jarraituko du, eta izapidea gauzatutzat joko da.
Mutualex epaia 2023ko Urria
ERREZIDIBAK KONTINGENTZIA PROFESIONALEN ONDORIOZKO ALDI BATERAKO EZINTASUNEAN ASISTENTZIAZKO LANGABEZIA-SUBSIDIO EZ-KONTRIBUTIBOAREN JASOTZAILEAREN KASUAN. ALTAREKIN PAREKATZEN EZ DEN EGOERA ETA ALDI BATERAKO EZINTASUNA EZIN ESKURATUA.

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren epaia, 2023ko uztailaren 4koa (3121/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa)
Termino juridiko-administratiboetan, errezidiba esaten zaio aldez aurretiko mediku-baja bat eragin zuen patologia baten beste agerraldi batek eragiten duen aldi baterako ezintasunaren prozesuari, betiere haren hasiera aldez aurretiko mediku-bajaren alta egunetik 180 egun baino gehiagoko epean gertatu bada. Errezidiba horien berezitasuna da, birgaixotzeen aldean (denbora-tartea ez da 180 egunetik gorakoa), ez zaizkiela gehitzen aurreko bajei, aldi baterako ezintasunaren gehieneko iraupen-epeen kalkuluari dagokionez. Funtsean, mediku-baja berria dela jotzen da, aurrekoarekin loturarik gabea, bi prozesuen diagnostikoak berdinak izan arren.
Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salak baloratu du ea langile batek errezidibaren ondorioz aldi baterako ezintasuneko prozesu berri bat has dezakeen asistentziazko langabeziatik (ez-kontributiboa), kontingentzia profesionalen ondoriozko bajen kasuan. Gogoan izan Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 283.1 artikuluan aurreikusten dela kontingentzia profesionalen ondoriozko mediku-baja batek dirauen artean lan-harremana azkentzen bada subsidioa ordaintzen jarraitu behar dela, lan-kontratuak indarrean jarraituko balu jasoko litzatekeen zenbateko berean, harik eta mediku-alta hartu arte; orduan, langabezia-egoerara igaroko litzateke subjektua.
Ez dago zalantzarik langabezia-egoeran har daitekeela berrerortzearen ondoriozko mediku-baja berri bat. Izan ere, kasu horretan, prozesuak metatu egiten direnez, Gizarte Segurantzan altan egotearen oinarrizko betekizuna (Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 165. artikulua) jatorrizko mediku-baja hastearen unera eramaten da, eta baja horri erantsiko litzaioke berrerortzea. Aitzitik, errezidiben kasuan, aurrekoari erantsi ezin zaion prozesu berri bat denez, zalantza planteatu da zer dies a quo hartu behar den kontuan sisteman altan izatearen betekizuna baloratzeko: hasierako mediku-bajari dagokiona, lan-harremana artean indarrean zela gertatua; edo errezidibaren ondoriozko bajaren hasiera, langilea asistentziazko langabezia-egoeran (ez-kontributiboa) dagoela gertatua.
Adierazitako epaiak ebatzi du gaia: oinarri gisa hartu da langilea laneko istripu baten ondoriozko bajan zegoela azkendu zela haren lan-kontratua eta subsidioa kobratzen jarraitu zuela bere mutuako mediku alta jaso bitartean (2016ko maiatzaren 25a); data horretatik aurrera, asistentziazko langabezian izatera igaro zen, ez baitzituen betetzen maila kontributibora iristeko eskakizunak.
Jada langabezian zegoela, langileak, 2017ko martxoan, nahi izan zuen lan-istripuaren ondoriozko aldi baterako ezintasuna esleitzea, mediku-baja, data horretan gaixotasun arruntagatik emana, aldez aurretik lan-istripuaren ondorioz izandakoaren errezidiba zelako. Eskaera hori onartuko balitz, lan-istripuaren ondoriozko aurreko bajan jaso zuenaren pareko subsidioa jaso beharko luke, eta, gainera, subsidio hori kobratu bitartean, ez litzateke kontsumituko asistentziazko langabeziaren aldirik —ez da hala gertatzen gaixotasun arruntagatiko baja arrunt batean, subsidioa langabeziaren zenbatekoa adinakoa izaten baita, eta hura jaso bitartean langabeziagatiko aldia kontsumitzen baita—.
Instantziako epaiak onartu egin zuen eskaera, errezidibaren ondoriozko baja berria lan-istripuak eragindakoa dela joz, eta, aurrekoari erantsi ezin zaion arren, kobra daitekeela zioen, baja hasi zen datan subjektua altaren pareko egoeran (asistentziazko langabezia) zegoela jotzen baitu. Epaia berretsi egin zuen geroago Murtziako Justizia Auzitegi Nagusiaren epai batek; kondenatutako mutuak errekurtsoa aurkeztu zuen, eta errekurtso hori ebatzi du komentatzen ari garen epaiak.
Salak, kasua baloratu ostean, adierazi du ezen, aurreko aldi baterako ezintasunaren prozesuaren altatik sei hilabete baino gehiago igaro badira, haren errezidibak babesa berriro eskainiko lukeela baldin eta horretarako eskubidea izateko betekizun guztiak beteko balira bakarrik, barne dela sistemako altaren edo pareko egoeraren betekizuna. Hain zuzen, puntu horretan aztertu du asistentziazko langabezia (ez-kontributiboa) altaren pareko egoera den; hala gertatzen da langabezia kontributiboaren kasuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 166. artikuluan espresuki jasoa dago eta.
Aurreko epai judizialetan ez bezala (langabezia kontributiboa altaren pareko egoeratzat hartzea hedatu zitekeela esaten zuten asistentziazko langabeziara), Salak, errekurtsogilearen posizioa kontuan hartuz, jotzen du asistentziazko langabezia ez dela sisteman altan egotearen parekoa aldi baterako ezintasunaz baliatzearen ondorioetarako, eta ezartzen du Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 166. artikuluan jasotzen den altarekiko parekotasuna prestazio kontributiboaren bidez babestutako langabeziari bakarrik dagokiola. Interpretazio hori berresten du, halaber, legezko arauaren arauzko garapenak (Gizarte Segurantzan enpresak inskribatzeari, eta langileen afiliazioari, altei, bajei eta datu-aldaketei buruzko Erregelamendu Orokorra onesten duen urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren 36.1 artikulua eta 1967ko urriaren 13ko Ministerioaren Aginduaren 4.1 artikulua).
Ondorioz, Salaren ustez, errezidiben kasuan, prestazioa eskuratzeko betekizunak bete behar dira hasiera-datatik, eta langilea data horretan langabezia kontributiborako legez aurreikusitako altari parekatu ezin dakiokeen asistentziazko langabezian zegoenez, ez da betetzen aldi baterako ezintasuna lortzeko eskatzen den sisteman alta emanda egotearen eskakizuna.
Iñaki Esnal Zalakain
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Kontsulta juridiko 2023ko Urria
Langile autonomo batek galdetzen du ea aukerarik duen bere negozioaren kudeaketa-lanarekin jarraitzeko, bere ohiko lanbiderako ezintasun iraunkorra izanik, baja mediko bat hastean prestazioak bateraezinak direla ebatzi delako.

Autonomoen Araubide Berezian, baita Araubide Orokorrean ere, ezintasun iraunkor osoa emateak langilea ezgaitu egiten du bere lanbideari atxikitako eginkizunak betetzeko. Aztertutako kasuan, langileak, ezintasuna jaso ondoren eta hilabete batzuetako lan-jardunaren ondoren, baja-aldi bat hasi zuen, zeina luzatzen joan baitzen; ulertzen da bajak ez duela ondorio ekonomikorik, prestazioen arteko bateraezintasuna dagoelako.
Langileak ezintasun iraunkorra esleitua zueneko lan-jardueraren pare-pareko testuinguru batean garatzen da baja medikoaren administrazio-egoera. Kasu honetan, langilea pintorea da, eta baja medikoaren unean adierazten du kudeaketa-funtzioak soilik betetzen dituela, hala nola bezeroei bisitak eta aurrekontuak egitea, baina ez dituela zehazki pintatzeko lanak egiten.
Auzi hori ebatzita dago gure auzitegietan, kudeaketa- eta administrazio-eginkizunak pintore autonomoen funtzioen artean dauden ala ez argitzeari dagokionez: adierazi izan da ezen lanbide horrek, pintatzeko lanak ez ezik, barne hartzen dituela halaber langileak bere enpresaren kudeaketaren esparruan egiten dituen lan gehigarriak. Hala, bateraezintasuna lanbide osoari dagokionez ezarri behar da, baita lan autonomoak inplizituki dakartzan kudeaketa-lanei dagokienez ere.
Horrelako kasuetan baloratu eta kontuan hartu beharreko arrazoibidea araubide berezi bat izatearekin lotuta daude, elementu bereizgarri garrantzitsu bat baitago Araubide Orokorrarekin alderatuta, mendekotasuna, alegia. Izan ere, Araubide Berezian, altan dagoen langilea ez da mugatzen lan fisikoa egitera, definizioz mendekotasun-araubidean ez dagoenez —besteren konturako lan-kontratuei dagokien bezala—, bere lanbidean sartzen direlako halaber enpresa-jardueraren berezko beste funtzio desberdin eta askotariko batzuk. Adibidez, ardurapean duen negozioaren administrazioa eta kudeaketa, salgaiak jasotzea, produktuen salerosketa, bezeroei bisita egitea… Ahaztu gabe ezintasun iraunkor eta osoagatiko pentsioa, izatez, jasotzen ez den soldataren ordezko errenta bat dela, hala ez balitz bikoiztasun ekonomiko batean geundekeelako: prestazioa eta soldata.
María Urizar Pérez
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Astea eta «Lan seguru eta osasungarriak aro digitalean» lan osasungarrien 2023-2025eko kanpaina martxan jartzea
Urtero bezala, egutegiko 43. astean (aurten, urriaren 23tik 29ra), Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Europako Astea ospatzen da, Europako Agentziak Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren arloan egiten duen kanpainarekin. Kanpaina horren gaia “Lan segurua eta osasungarria aro digitalean” da, eta lantokiko segurtasuna eta osasuna aktiboki eta parte hartuz kudeatzeak duen garrantziaz kontzientziatzea du helburu.
EU-OSHAk zenbait tresna eta gida praktiko eskaintzen ditu, interesa duten lantokiek segurtasunari eta osasunari buruzko kanpainak egin ditzaten.
Mutualiak bat egin du kanpainarekin, eta gure enpresa elkartuekin tresnak partekatuko ditugu, eragindako lanpostuetan arrisku-mota horiek murrizten laguntzeko.
Hasteko, eskuliburu batzuk zabalduko ditugu, “LANEKO ARRISKUAK MERKATARITZA DIGITALEKO PLATAFORMETAKO LANEAN” eskematikoki azaltzeko.
Ekonomiaren ikuspegitik, plataforma digitalen bidezko merkataritzak gorakada handia izan du azken urteotan, baina horrek berekin ekar dezake haiei lotutako lanpostuetan (plataformen kudeaketa, logistika-zentroetako langileak, banatzaileak eta abar) osasunerako arriskuak areagotzea. Arrisku horiei buruz hausnartu egin behar da, eraldaketa digitalaren ondorio negatiboak aurreikusteko eta prebenitzeko.
Plataforma digitaletako konexio- eta lan-denborekin, langileen eta bezeroen arteko harreman eta komunikazioarekin, lan-erritmoen monitorizazioarekin, lana zuzentzen duten algoritmoekin, bide-segurtasunarekin edo kargak maneiatzearekin lotutako arriskuak.
Kanpaina honi buruzko informazio gehiago jasotzeko, jarri harremanetan Prebentzio Aholkularitzarekin.