Elkarrizketa: ELHUYAR

Jon Abril elkarrizketa

Euskararen eta euskal gizartearen garapenean erreferente

Elhuyarren xedea da, euskaratik, teknologiaz eta ezagutzaz baliatuz eta zientzia zabalduz, gizarte aktibo, kritiko eta berdinzalea eraikitzea. 

Jon Abril, Elhuyarreko koordinatzaile nagusia, elkarrizketatu dugu. 

  • Elhuyarrek 50 urte bete zituen iaz. Hasiera-hasieratik erakunde aitzindari eta berritzailea izan da. Nola sortu zen Elhuyar, eta zer ibilbide izan du azken urteotan? 

Ikasketak gaztelaniaz egin zituen ingeniari talde batek bultzatuta jaio zen Elhuyar. 1972a zen, frankismoa oraindik indarrean zen, eta euskara ez zen ofiziala, ez legezkoa. Kontestu hartan, zientzia eta teknologiaren eremuan ekarpena egin nahi izan zuten. Ordurako hasita zeuden ikastolak, gau-eskolak, irrati batzuk… eta horietarako ere materialak behar zirela, eta gauza batzuk euskaraz sortzen hasi ziren, beste batzuk itzultzen… Aldizkari forma eman zioten, egungo Elhuyar aldizkariaren aitzindari izan zena. Eta hura osatzeko bestelako behar batzuk sortzen joan ziren, batez ere hizkuntzalaritzarekin lotutakoak. Horrela etorri ziren hiztegi entziklopedikoa, Elhuyar hiztegia, eta bestelako hiztegi espezializatu batzuk. Pixkanaka, edizioen munduan sartzen joan zen, eta kultura zientifikoaren zabalkundean, Norteko Ferrokarrilla edota Teknopolis programak egiten… eta 2000. urtetik aurrera beste jauzi bat eman zen, eremu berrietara zabalduz: hizkuntzalaritzatik hizkuntzen teknologiara, euskara lan-mundura zabaltzeko, eta metodologia horietatik etorri ziren gerora partaidetza eta berdintasunean murgiltzea eta bestelako esparru batzuk irabaztea. Beti euskararentzat eremu berriak lortzeko xedearekin. Egun lau zerbitzu-eremutan ari gara: adimen artifiziala eta hizkuntza-teknologiak; berdintasuna, partaidetza eta eraldaketa soziala; zientziaren gizarteratzea eta hezkuntza; eta hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak. 

  •  Zenbat pertsonek osatzen duzue Elhuyar eta zeintzuk dira zuen profil profesionalak? 

105 lagunek osatzen dugu, gaur egun, Elhuyarren lantaldea. Oso profil desberdineko profesionalak gara, eta diziplina artekotasuna oso txertatuta dago gure lantaldeetan: hizkuntzalariak, zientzialariak, kazetariak, soziologoak, zuzenbide-ikasketak dituztenak, informatikariak, ingeniariak… 

  •  Eskaintzen duzuen zerbitzuetako bat hizkuntza-zerbitzuak eta euskara-planak dira. Norentzat dira horrelako zerbitzuak? 

Hizkuntza-zerbitzuak (itzulpenak, trebakuntza, hizkuntza-auditoriak…) hizkuntza lanabestzat duten profesionalentzat dira, batez ere, baina baditugu beste zerbitzu batzuk gizarte osoarentzat direnak, Elhuyar hiztegia kasurako, hiztegi erreferentea dena, urtean 50 milioi kontsulta baino gehiago jasotzen dituena. Euskara-planak, berriz, administrazio publikoan eta enpresa eta erakunde publikoetan lantzen ditugu. Administrazioarekin, gainera, barne-erabilerarako plangintzak ez ezik, herrietarako eta herritarrekin euskararen sustapenerako planak eta programak lantzen ditugu. 

  •  Elhuyarren beste zutabeetako bat zientzia-dibulgazioa da, bai gizartean, bai hezkuntza-ingurunean. Zein esparrutan egiten duzue lan? 

“Kultura zientifikoaren zabalkundea da lan-ardatzetako bat.” 

Gizarteari zientzia eta teknologiaren aurrerapenen berri ematen diegu Euskadi Irratiarentzat ekoizten ditugun Norteko Ferrokarrilla eta Ekosfera programen bidez, edo ETBko Teknopolis telebista saioaren bidez (aurten 25 urte beteko dituena), edota zientzia.eus ataria eta Elhuyar aldizkaria bezalako proiektu komunikatiboekin. Bestetik, STEAM-hezkuntzako proiektuak lantzen ditugu, hezkuntza arautuan Zientzia Azoka bezalako proiektuekin, edota aisialdian, Bizilabe gazteentzako ikerketa-zentroen bidez. Eta, hirugarrenik, zientzia eta teknologiaren alorreko ikerketa-zentro, unibertsitate eta bestelako erakundeentzat eta Europako proiektuetan komunikazio-zerbitzu espezializatuak eskaintzen ditugu. 

  • Elhuyarren Berdintasuna, parte-hartzea eta eraldaketa soziala sustatzeko zerbitzuak ere eskaintzen dituzue. Nola gauzatzen dira? 

Bidelagun izaten gara horrelako egitasmoetan.  

“Emakume eta gizonen berdintasunean aurrerapausoak emateko aholkularitza eta laguntza teknikoa eskaintzen diegu erakunde publiko nahiz entitate pribatuei, eta genero-ikuspegia zehar-lerro gisa lantzeko egiten dugu lan.“ 

Bestetik, herritarren partaidetza-prozesuak eta eraldaketa sozialerako egitasmo berritzaileak lantzen ditugu, nagusiki esparru publikoan, baina baita bestelako eragile sozial eta enpresekin ere.  

Elhuyar Taldea
  •  Urte askotako esperientzia duzue hizkuntzari aplikatutako AAren esparruko teknologia garatzen. Nolako proiektuak garatu dituzue. 

Adimen artifizialaren olatua heldu denerako etxeko lan batzuk eginda genituen, eta abiapuntu ona genuen.  

“20 urte baino gehiagoko ibilbidea egina dugu hizkuntza-teknologien eremuan, eta orain ere adimen artifizialaren eremuan hizkuntzarekin lotutako egitasmoak lantzen ditugu (NLP teknologiak, hizkuntzaren prozesamendu naturala jorratzen dutenak).” 

Itzulpen automatikoa, ahotsaren prozesamendua, edota zaintza adimendunarekin lotutako proiektuak ditugu. Elia gure itzultzaile automatikoa, testuak ahots bihurtzeko eta ahotsa testu bihurtzeko aplikazioak, azpititulazio automatikoa,edota hedabideetan erreputazioa eta joerak aztertzeko tresnak garatzen ditugu, besteren artean. Bikoizketa automatikoaren gaiarekin ere ari gara lanean, eta epe motzean emaitzak ikusi ahal izango ditugula uste dugu. Oinarrizko ikerketa, teknologien garapena eta bezeroari neurrira egindako soluzioak lantzen ditugu, balio-katearen prozesu osoan parte hartzen dugu. Gure teknologia merkatuan hobekiago txertatzeko Orai zentroa sortu dugu, industriaren lehiakortasuna, enpresa eta erakundeen eraginkortasuna eta pertsonen arteko komunikazioan eragiteko. Eta gure teknologiak badu beste bereizgarri bat: tresna etikoak eta ikuspegi sozialarekin lantzen ditugu.  

“Erabiltzaileen datuen konfidentzialtasuna bermatzen dugu gure teknologietan, ez ditugu datuak ustiatzen. Eta gizarte-inpaktu bat bilatzen dugu, eta horretarako, besteren artean, genero-ikuspegia txertatzen dugu, alborapenak gutxitzeko lan egiten dugu, eta datuen entrenamenduek eskatzen duten konputazio-ahalmen handia txikitzeko eta inpaktu ekologikoa gutxitzeko ikerketa-lerroak zabalik ditugu.” 

Hizkuntza gutxituei ere ekarpena egin nahi diegu alor honetan.  

  •  Euskararen Nazioarteko Egunean aurkeztu eta ezagutu genuen azken arrakastetako bat, Mycroft.eus proiektua. Proiektu horretan, bozgorailu bat garatu duzue euskaraz. Nola lortu duzue? 

Guk bozgorailuetarako softwarea garatu dugu, aurrez landutako hizkuntza-teknologietatik abiatuta. Mycroft egitasmoak software librean oinarritutako bozgorailu bat (hardwarea) sortu zuen, eta hor gure teknologia txertatzeko lanean ari ginen. Baina Mycroft egitasmoak porrot egin du, eta ezin dugu bozgorailu fisikoa merkaturatu. Orain, mugikorretarako aplikazio bihurtzeko aukera aztertzen ari gara. Ahots-komandoen bidez tresnek euskara ulertzea eta erantzutea oso garrantzitsua da egungo gizarte teknologikoan. Baina, horrezaz gain, garrantzitsua ere bada laguntzaile edo morroi horiek emango dizkiguten erreferentzia kulturalak ere (zein egunkari edo webgunetatik ematen dizkigun berriak, zein musika edo irrati aukeratuko duen, zein dendatako produktuak eskainiko dizkigun, bilaketak non egingo dituen…) lokalizatuak izatea, tokikoak eta gureak. 

  •  Elhuyarren konpromiso sendoa duzue iraunkortasunarekin. Garapen Jasangarrirako Helburuen aldeko Euskal Aliantzako kide zarete. Kultura- eta Hizkuntza-aniztasunari buruzko 18. GJH-an lanketan parte hartu duzue. Duela gutxi Agendaren Hiztegi Eleaniztuna aurkeztu duzue. Nola sortu zen proiektu hori?  

 Aurrez ere energia berriztagarriekin, kontsumo arduratsuarekin eta larrialdi klimatikoaren erantzunarekin lotutako proiektu eta egitasmoak landuak genituen, baina, berriki, trantsizio ekologikorako lehendabiziko plana onartu dugu. Eta hori ere lotu dugu Garapen Jasangarrirako Helburuekin.  “2030agendahiztegia.eus egitasmoa lankidetza baten ondorio izan da. Ohituratuta gaude beste eragile batzuekin elkarlanean aritzera, eta Danobatgroup jarri zen gurekin harremanetan, GJH-en inguruko glosario bat landua zutela ingelesez eta gaztelaniaz, eta euskaraz ere eduki nahi zutela. Eusko Jaurlaritzara jo genuen proiektuarekin, eta hiru eragileek elkarlanean sortu dugu.” 

Gu lan terminologikoaz arduratu gara. Paraleloan, Eusko Jaurlaritza kultur- eta hizkuntza-aniztasunerako 18. helburua lantzen hasita zegoen, hasiera-hasieratik antzeman baita gai horietan hutsune nabaria zuela agendak, eta tokiko erantzun bat behar zuela. Eta helburu horren definizioan parte hartzeko bidea eman zigun Eusko Jaurlaritzak. Euskara eta hizkuntza-aniztasunaren inguruan landu den prozesua dinamizatzen aritu gara, eta gure ikuspegia eta ekarpena egin ahal izan dugu hor ere.  

  •  Eraldaketa digitalarekin erronka berriak datoz euskararentzat ere. Zein erronkatan ari zarete lanean eta zein erronka dituzue etorkizunean? 

Zuzenean hizkuntza-teknologien eta adimen artifizialeko tresnen alorretik egiten ari gara ekarpena. Adibidez, euskarazko hedabideen digitalizazioan bidelagun izaten ari gara, edo gizartearen esku hainbat tresna digital jartzen ari gara, ahotsa eta testuarekin lotutakoak. Hainbat enpresarekin ere ari gara makina eta gizakien arteko interakzioan euskararen presentzia bermatzeko. 

Eta zeharka bestelako foro batzuetan ere ari gara, euskararen normalizazioan teknologiak izan behar duen lekuaz eztabaidatzen, ekarpenak egiten… edota lan-mundua euskalduntzeko prozesuetan, hezkuntza arautuan… euskara eta digitalizazioaren arteko lanketak egiten ari gara.  

Gizarte Segurantzari buruzko berriak 2024rako

Bases y tipos de cotización en 2023 a la Seguridad Social

Kotizazio-oinarriak

Urtarrilaren 1ean sartuko da indarrean 2/2023 Errege Lege Dekretuan jasotako beste neurrietako bat, araubide desberdinen kotizazio-oinarrien gehieneko mugaren urteko eguneratzea, dagokion Estatuko Aurrekontu Orokorren Legearen arabera (EAOL).

Pentsio kontributiboen balioa handitzeko ezarritako ehuneko berean egingo da, eta 1,2 ehuneko-puntuko urteko gehikuntza gehituko zaio, Gizarte Segurantzaren baliabideak areagotzeko.


Belaunaldiarteko Ekitaterako Mekanismoa (BEM)

2023an jarri zen martxan Belaunaldiarteko Ekitaterako Mekanismoa (BEM), Gizarte Segurantzaren Erreserba Funtsari baliabide gehiago emateko, baina 2024an areagotu egin da (EAOLrekin ere badu lotura); 0,70 ehuneko-puntu areagotuko da, zeinetatik 0,58 enpresari egokituko baitzaizkio eta 0,12 langileari.


Praktikaldiaren kotizazioa

Prestakuntza-programen barruan kanpoko prestakuntza-praktikak edo praktika akademikoak (ordainduak edo ordaindu gabeak) egiten dituzten unibertsitateko eta lanbide-heziketako ikasle guztiek Gizarte Segurantzan kotizatuko dute 2024ko urtarrilaren 1etik aurrera, eta babes handiagoa izango dute. Orain arte, praktika ordainduak egiten zituzten ikasleak altan emateko betebeharra bakarrik zegoen.


Genero-arrakala

Genero-arrakalagatiko osagarriaren zenbatekoak 2024-2025 biurtekorako aurreikusitako balio-handitzearen ehuneko 10eko gehikuntza gehigarri bat izango du; bi ekitaldien artean banatuko da, estatuko aurrekontu orokorren legeek zehazten dutenaren arabera.


Pentsioak

Pentsio kontributiboen zenbatekoa % 3,8 handituko da 2024an. 2024an egingo den % 3,8ko gehikuntza hori 2022ko abendua eta 2023ko azaroa bitarteko batez besteko kontsumoko prezioen indizearen (KPI) emaitza da, pentsioen erosahalmena bermatzeko 20/2021 Legean ezarritako eta hizketakide sozialekin adostutako formularen arabera.


Gutxieneko pentsioen kasuan, urtarrilaren 1etik aurrera, igoera mailakatua gutxieneko soldataren bilakaeran ezarriko da; konbergentzia-bide bat izango du, pentsio horiek (ezkontide bat kargura dutenen gutxieneko pentsioa hartuta erreferentzia gisa) KPIari lotutako urteko balio-igotzeari dagokion ehuneko gehigarri batekin igo daitezen, bi helduko etxebizitza bateko batez besteko errentaren % 60rekin parekatu arte.


Pentsio ez-kontributiboei dagokienez, antzeko prozesu bat ezarri da; gora egingo dute, aurten bertan pertsona bakarreko etxebizitza baterako kalkulatutako pobrezia-atalasearen % 75ekin berdindu arte. 2024ko urtarrilaren 1ean, erreferentziazko zenbatekoak gora egingo du dagoen arrakala ehuneko 20 murrizteko behar den zenbatekoan.


Erretiroa hartzeko adina

2024an, erretiroa hartzeko legezko adina 66 urte eta 6 hilabete izango da 38 urtetik beherako kotizazio-karreretarako, eta 65 urte izaten jarraituko du 38 urte edo gehiago kotizatu dituztenentzat, 27/2011 Legea betez.


Erretiro partziala

Erretiro partziala hartu ahal izateko adina ere aldatu da, kotizatutako urteen arabera. 2024an, 62 urte eta 6 hilabete izango da 36 urtez edo gehiagoz kotizatu duten pertsonentzat, eta 64 urte, erretiro partziala eragiten den unean 33 urtez kotizatu dutenentzat.

GUZTIONTZAKO HEZKUNTZA  

Día Internacional de la Educación

Mutualiak bat egin du hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa lortzeko konpromisoarekin, Garapen Jasangarrirako 4. Helburuarekin bat etorriz 

Hezkuntzaren Nazioarteko Egunean, Mutualiak hezkuntzaren garrantzia nabarmendu nahi du, baita lan-ingurunean ere. Behar diren gaitasunak lortzen laguntzen du hezkuntzak, alderdi pertsonalari eta lanekoari dagokienez. Hala, hezkuntza inklusibo eta ekitatiboarekin, desberdinkeria murriztu, eta aukera-berdintasuna bultzatzen da. Hezkuntzak, halaber, jendea ahalduntzen du, bizimodu osasuntsua eta jasangarria izan dezaten.  

Mutualiak hezkuntza inklusiboa, ekitatiboa eta kalitatezkoa bultzatzen du, eta ikaskuntza sustatzen du, “Kalitatezko hezkuntza” Garapen Jasangarrirako 4. Helburuan jasotzen denari jarraikiz. 

Mutualiak Garapen Jasangarrirako 4. Helburua lortzen laguntzen du, 4.4 xedeak (enplegua, lan duina eta ekintzailetza eskuratzeko beharrezkoak diren gaitasunak dituzten gazteen eta helduen kopurua nabarmen handitzea) eta 4.a xedea (ikaskuntza-ingurune seguruak, ez-bortitzak, inklusiboak eta eraginkorrak eraikitzea eta egokitzea, bizitza osoko ikaskuntza-inguruneak kontuan hartuta) lortzeko martxan dituen proiektuen bidez

  • Aliantzak egin ditu unibertsitate eta lanbide-heziketako zentro batzuekin, ikasleek praktikak egin ditzaten erakundean. 
  • Gaztea proiektua. Lehen sorospenei buruzko prestakuntza DBHko ikasleentzat. 
  • Prebentzio-gela. Mintegiak, jardunaldiak, sentsibilizazio-hitzaldiak, campus birtuala… 
  • MutualiaOn! programa. Enpresa osasungarriaren eredua, lanean osasuna sustatzeko.  
  • Barneko etengabeko prestakuntza-plana. Laneko ingurunean langileen gaitasunak hobetzeko trebakuntza espezifikoak eta beste gai batzuei buruzko trebakuntza orokorrak: arrisku penalen prebentzioa, gardentasuna, berdintasuna, dibertsitatea, jasangarritasuna, enpresa osasungarria…  
  • Boluntalia proiektua. Zenbait GKE eta erakunderekiko lankidetza, kalitatezko hezkuntza sustatzen duten eta mota guztietako tratu txarrak amaitzea bultzatzen duten proiektuak garatzeko. 
  • Educator proiektua. Helburua da osasuneko eta higiene- eta osasun-arloko ezagutzak zabaltzea enpresei eta haietako langileei, jakin dezaten nola jokatu lan-istripu bat gertatzen bada, eta pazienteei eta haien zaintzaileei, beren osasun-prozesuan modu aktiboan parte hartzera bultzatzeko. 

Kontsulta juridiko 2024ko Urtarrila

consulta

Pentsiodun batek eskaeraren aurreko 5 urteetako gutxieneko pentsiorako osagarriak jaso ditzake ala aurreko hiru hilabeteei dagozkionak bakarrik?

kontsulta

Zehaztu beharko litzateke zer efektu ekonomiko aplikatu behar zaizkien prestazio nagusia aitortu ondoren erreklamatzen diren gutxieneko pentsiorako osagarriei; hau da, eskaeratik hiru hilabeteko atzeraeraginarekin aitortu behar den edo bost urteko epe orokorrarekin.

Aztertzen ari garen kasu jakin honetan, erretiroagatiko pentsiodunak prestazio nagusiaren ondoren eskatu zuen gutxieneko pentsiorako osagarria aitortzea, eta erakunde kudeatzaileak eskaeratik hiru hilabeteko atzeraeraginezko ondorioekin bideratu zuen eskaera.

Auzitegi Gorena, 2023ko azaroaren 21eko epaian, gutxieneko pentsiorako osagarriak eskatu eta 5 urteko atzeraeraginarekin aitortzearen alde agertu da, alarguntasunagatiko pentsiodun baten antzeko kasu batean. Auzitegiak ondorioztatu zuenez, “erakunde salatuak auzi-jartzailearen datuak zituenez prestazioaren hasierako eskaera aurkeztu zen unetik, eta datu horiek, edozein kasutan, Ogasunak dituen datuekin kontrastatu daitezkeenez, hasieratik aitortu beharko zukeen osagarria. Eta, egin ez bazuen, oker material baten ondorioz izan zen, ez baita zalantzan jartzen hura jasotzeko eskubidea, eta atzeraeragina aurreko bost urteei dagokie”.

Auzitegiak errepikatu du erakunde kudeatzaileak osagarria ez duela ukatu prestazioa oinarritzen duten elementuak ez betetzeagatik, eta ez du zalantzan jarri eskatzailearen egoera ekonomikoa, familiarra eta bizikidetzakoa. Ondorioz, pentsatu behar da akatsen bat izan dela pentsiodunak osagarri horiek jasotzeko eskubidea duen zehazteko eragiketa aritmetikoak egitean, espediente administratiboan jasotzen baitziren horri buruzko datu guztiak, eta ez zen inolaz ere zalantzan jarri betetzen zituela osagarriak jasotzeko eskakizun guztiak alarguntasunagatiko pentsioa aitortu zitzaion unetik bertatik. Ez dago legezko oztoporik “pentsiodunari zuzenbidez dagozkion gutxieneko pentsiorako osagarriak aitortzeko 5 urteko atzeraeraginezko ondorioekin, gerora pentsioa aitortzea eragin duen berrikusteak oker material, egitatezko edo aritmetiko bat zuzendu baitu”.

Susana Castaños del Molino


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualex epaia 2024ko Urtarrila

sentencia

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiak aintzatetsi du etxeko langile baten langabezia kobratzeko eskubidea, legediak baimentzen ez zuenean eskatu zuen arren

mazoa

Galiziako Justizia Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak (TSXG) epai bat eman du 2023ko urriaren 10ean, berritzailea Espainian, zeinean etxe-langile bati aitortu baitio kontribuzio-langabeziagatiko prestazioak jasotzeko eskubidea duela 16/2022 Errege Lege Dekretua (16/2022 ELD), etxeko langileen lan-baldintzak eta Gizarte Segurantzaren arlokoak hobetzekoa, indarrean sartu aurretik.

Langabeziako subsidioa eskatu zuenean, ukatu egin zitzaion, ez baitzen aurreikusten etxeko langileentzat. Izan ere, 2022ko irailaren 9an sartu zen indarrean 16/2022 ELD.

Aztertzen ari garen gertaeran, langilea Etxeko Langileentzako Sistema Bereziko kide zen 2022/08/04 arte; egun horretan kaleratu zuten, eta 2.361 egun kotizatu zituen araubide horretan, eta 2 egun Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean (GSAO). 2022/09/07an langabeziagatiko subsidioa eskatu zuen, eta ukatu egin zitzaion, ez baitzen aurreikusten etxeko langileentzat, 16/2022 ELD 2022/09/09an sartu baitzen indarrean, eta auzi-jartzaileak ez zuelako kotizazio nahikorik kontingentzia horri dagokionez GSAOn; ez ziren eztabaidatu legezko langabezia-egoeran zegoela jotzeko gainerako eskakizunak [Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 267.1.a).8 artikulua].

Alderdi garrantzitsuak eta epaimahaiaren ebazpena laburbilduko ditugu:

  • 2022ko irailaren aurretiko araudiak ez du kotizaziorik eta langabeziagatiko prestazioak kobratzerik aurreikusten sistema berezi horretara atxikitako pertsonentzat.
  • Etxeko langileen kolektiboa oso feminizatuta dago (emakumeak dira guztizkoaren % 95,53). Horregatik, kontu berezia izan behar da erabakiak hartzeko garaian.
  • 2022/02/24an Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren epaia eman zen, Justizia Kontseilua GSDNren aurka. Epai horretan ulertu zen gizarte-segurantzaren alorrean gizon eta emakumeen arteko tratu-berdintasunaren printzipioa progresiboki aplikatzeari buruzko Kontseiluaren 1978ko abenduaren 19ko 79/7/CEE Direktibaren 4. artikuluaren 1. apartatua honela interpretatu behar dela: aurka egiten diola Gizarte Segurantzako legezko araubide baten arabera etxeko langileei emandako Gizarte Segurantzako langabeziagatiko prestazioak Gizarte Segurantzaren langabeziagatiko prestazioetatik kanpo uzten dituen xedapen nazional bati, xedapen horrek emakumezko langileak desabantailan uzten dituen neurrian gizonezko langileei dagokienez, eta faktore objektiboek eta sexuaren ondoriozko diskriminazio-arrazoiez bestelako faktoreek arrazoitzen ez badute. Lege-aldaketa bat ekarri zuen horrek.
  • Araubide berri horrek, zeina 16/2022 ELDren bide onetsi baitzen, diskriminazio hori baztertu du hura indarrean sartzen denetik sortutako prestazioetan, eta lehengo egoera berean uzten ditu aurretiaz sortutako balizko prestazioak.
  • Araudia genero-ikuspegiarekin interpretatuta eta Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentziatik eratorriko betebeharra kontuan hartuta, nahitaezkoa da sistema berezi horretara atxikitako langileak babestea, baldin eta araubide berriaren aurretik galdu badute beren enplegua eta babesik gabe badaude.

Horregatik guztiagatik, TSXGk aitortu du langileak langabeziagatiko prestazioa jasotzeko eskubidea duela, kotizatu ez duen arren (legezko ezintasun diskriminatzailearen ondorioz). Auzitegiak gogora ekarri du antzeko irizpide bat erabili dela 52 urtetik gorakoentzako langabeziagatiko subsidioa eskatzen duten etxeko langileei dagokienez (Kataluniako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2022/03/16ko R. 5506/21 epaia eta Aragoiko Justizia Auzitegi Nagusiaren 2023/06/12ko R. 200/23 epaia); aztertzen ari garen kasuan aintzatetsitako prestazioaz (langabeziagatiko kontribuzio-prestazioa) bestelakoak dira, baina araudiari dagokion diskriminazio bera dute sakonean.

Auzitegiak prestaziorako zenbateko likido bat zehazteko aukerarik eza ez da oztopoa prestazioa aitortzeko, “kontuan hartuta ez dela izan kotizaziorik Etxeko Langileentzako Sistema Berezian izan den diskriminazio iraunkorraren ondorioz“, eta ezarri da “lortu ahal izango d[el]a 16/2022 ELDk aldatutako ETren hamaseigarren xedapen iragankorrean jasotako eskalak oinarri hartuta kalkulu aktuario bat eginda, bai 2022aren aurretik, bai ondoren; kontuan hartu beharko dira langileak jasotako soldata, sistemari egindako kotizazioen oinarriak eta aplikatu beharreko tasak, ELDren bigarren xedapen iragankorrean adierazitakoa betez”.

Susana Castaños del Molino


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Negua eta ibilgailua: presta ezazu

conducir invierno

Negua datorrenean, funtsezkoa da datozen kondizio klimatiko gogorretarako prest edukitzea gure ibilgailua. Prestaketa egokia erabakigarria izan daiteke segurtasunari eta errendimenduari dagokienez. 

 Artikulu honetan, neguan zure ibilgailua doi-doi jartzeko aholku batzuk emango dizkizugu. 

Hotza eta lehenengo elurteak iritsi aurretik, ezinbestekoa da azterketa orokor bat egitea gure ibilgailuari Egiaztatu balaztak, argiak, haizetako-garbigailuak eta likidoen maila (olioa, hozgarria, balazta-likidoa, etab.), eta, batez ere, pneumatikoen egoera, zeina sarritan ez baita kontuan hartzen, harrigarria bada ere. Elementu horiek guztiak ezinbestekoak dira ibilgailuak funtzionamendu egokia izan dezan neguko kondizioetan. 

 

 PNEUMATIKOAK: Autoa negurako prestatzeko azterketa batean, funtsezkoa da pneumatikoen kontrol osoa egitea: marrazkia, higaduraren uniformetasuna eta presioa. Continental pneumatiko-fabrikatzailearen arabera, gidarien heren batek baino ez daki bere ibilgailuko pneumatikoen marrazkiak gutxienez 1,6 milimetroko sakonera izan behar duela.  

Pneumatikoen egoerak eragiten ditu neguko istripuen % 30. Testuinguru horretan, RACEren ikerketa batean ondorioztatu zen, Espainian zeharreko ibilgailuen milioi bat azterketa tekniko baino gehiago aztertu ondoren, milioi-erdi ibilgailu baino gehiago izan litezkeela zirkulazioan akats larriekin; hau da, milioi-erdi autok baino gehiagok izango lukete aquaplaning egiteko, bidetik ateratzeko edo elkarren segidako talkak eragiteko arriskua, pneumatikoetako marrazkiaren sakonera egokia ez izateagatik (gutxienez 1,6 mm). 

 

BALAZTAK: Balazten egoera txarra da Espainiako auto-gidarien artean arrazoi mekanikoen ondoriozko istripuen bigarren kausa. Hala, balazta-disko eta -pastillen egoera eta balazta-likidoaren egoera, lotura malgua eta balaztatze-banagailua aztertu beharko lirateke. 

ARGIZTAPENA ere alderdi garrantzitsua da. Ibilgailu berriak eguneko argiekin (DRL) datoz fabrikatik; baina ibilgailu gehienek ez dute halakorik, antzinatasuna dela eta. Kasu horietan, oso gomendagarria da argi laburra egunez ere piztea neguan. Izan ere, istripuz hildakoen kopurua % 10 murriztu ahal izango litzateke modu horretan. Adibide bat jartzen aldera, argi laburrak piztuta dauzkan kolore argiko auto bat 240 metrora ikus daiteke, eta argiak itzalita dauzkan auto ilun bat ez da ikusten 70 metrora izan arte. Arratsaldez, argiak piztuta dauzkan auto zuri bat 240 metrora ikusten da, baina argirik gabeko auto ilun bat ez da ikusten ikuslearengandik 30 metrora izan arte.  

ARGIAK: Neguan argi-ordu gutxiago daudenez, gauez gidatzea arriskutsua izan daiteke autoaren alderdi teknikoak zaintzen ez badira, hala nola argiak. Funtsezkoa da ongi doitzea beste erabiltzaileei trabarik ez egiteko, eta gogoan izan beharrekoa da faro bat erreta badaramagu isuna jar diezaguketela. 

AIRE GIROTUA: Elementu hau ezinbestekoa da autoko kristaletako lurruna berehala kentzeko. Horregatik, aztertzea komeni da, eta, ez badu ongi hozten edo berotzen, gasa kargatu behar zaio, ziurrenik ihesen bat izango baitu sisteman. 

IZOTZ-KONTRAKOA: Auto berrietan, ez dago alderdi hori kontrolatu beharrik, zero azpitik gradu askoko eremuetan ibili behar badugu edo autoa halako toki batean utzi behar badugu izan ezik. Auto zaharretan, ordea, komeni da likido hori erabiltzea, ez dadin hozte-sistema hondatu, autoaren parte oso garestiak kaltetuko bailirateke. 

BATERIA: Funtsezko elementua da automobiletan, bateria ez badabil autoa ez baita mugituko. Autoak egun asko ematen baditu mugitu gabe, hamar urte baino gehiago baditu eta aurretiaz bateriak narriadura-sintomaren bat izan badu eta martxan jartzeko arazoak izan baditu, bada nahiko arrazoi elementu hori aztertzeko. Abioko pintza tradizionalez gainera, gaur egun bada abiarazle txiki eta merke bat ere; ezinbestekoa izan daiteke kasu batzuetan. MOTORRA PRESTATZEA: Neguan sufritzen dute gehien automobil baten parte mekaniko guztiek. Horregatik da erabat gomendagarria motorra doitzea; batez ere, hamar urte baino gehiago baditu. Bujiak, injektoreak, iragazkiak eta bestelako piezak aztertu behar dira, mailak zaindu behar dira, eta olioa eta likidoak aldatu. 

ESKUILAK: Inguruan gertatzen dena ezin hobeto ikustea funtsezkoa da segurtasunez gidatzeko. Hala, haizetako-garbigailuak pieza garrantzitsuak dira, eta egoera onenean izan behar dira beti. Merkeak izanik, haien eraginkortasuna murrizten denean berriak jartzera animatu beharko genuke. 

 Eta, amaitu aurretik, ZUHAITZEN ORRIEI buruzko ohar txiki bat: Autoa hosto erorkorreko arbola batzuen azpian uzteak haren girotze-sistema honda dezake, haizetakoaren ondoko aireztatze-saretan geratzen diren orriak garaiz kentzen ez badira. Gainera, gogorarazi beharrekoa da itsaspen falta eragin dezaketela galtzadan geratzen direnean. 

Ez hartu arriskurik; prestatu zure ibilgailua, eta gozatu neguak errepidera ekar dezakeen edozein zailtasuni aurre egiteko prest izatearen lasaitasunaz. 

Mutualiak AEK-KORRIKArekin lankidetza-hitzarmena sinatu du

23 korrika

Mutualiak eta AEK-KORRIKAk hitzarmena sinatu dute

Mutualiak ibilibide luzea darama EAEn eskaintzen dituen zerbitzuak euskaraz ere izan daitezen lanean, eta baita langileen artean euskararen ezagutza ete erabilera sustatzen. Mutualiaren hizkuntza-politikaren zutabe dira, eta orain arte, hainbat ekintza egin ditu euskararen prestakuntza, sentsibilizazio eta erabilera bultzatzeko.

Horren adibide da e-Korrika egitasmoa. Korrikaren 20. edizioan egitasmoaren sortzaileak omendu ziren, eta gurean ere bat egin genuen ideia horrekin; izan ere, Mutualiako presidentea, Urtsa Errazti, sortzaileetako bat izan zen.

Zer da e-Korrika?

Emailak hartuko du lekukoaren postua, eta eskuz eskuz beharrean, ordenagailuz ordenagailu, postontziz postontzi bidaiatzen du Mutualiako langileen artean. Horrela, e-Korrikak ibilbide birtuala egingo du Mutualiako egoitzetatik. Orain arte 3 edizio egin dira, eta aurten 4. edizioa egingo da; bakoitzean eginbeharra ezberdina izan da, baina denetan lekukoa, lan baliabide bat izan da, e-posta.

Lehenengo edizioa: Mutualiako presidenteak mezu bat idatzi zuen eta hori enkriptatu egin zen. Ondoren, langilez langile bidaiatu zuen emailak eta bi eginbehar zituzten: batetik, emaila beste langile bati birbidali, eta bestetik, emailak erantsita zuen mezua desenkriptatu.

Bigarren edizioa: ipuin baten hasiera idatzi zuen Mutualiako zuzendari kudeatzaileak eta ipuina jarraitzea izan zen eginbeharra. Langile bakoitzak nahi zuen ekarpena egin zuen, nahi zuen hizkuntzan eta gero beste langile bati bidali. Korrikaren 21. edizioa izan zen, eta gauzak horrela, horrenbeste ibilbide egin ziren. Azkenik, egitasmoa gauzatzeko, ipuin bat aukeratu zen eta pertsona esanguratsu batzuei bidali zitzaien bakoitzak amaiera bat emateko. Honela sortu zen e-Korrika ipuinak.

Hirugarren edizioa: Korrika iraun zuen 11 egunetan zehar emailak Mutualiako egoitza batetatik bestera bidaiatu zuen. Mezua Mutualiako langile guztiei bidali zitzaien. Mezuan e-korrikarako mezua idazteko aukera izan zuen hartzaileak, X plataformako formatuan (lehengo Twitter), hau da 280 karaktere gehienez. Mutualia eta euskara lotu behar zituen, bizipen, nahi, itxaropen,…

Mutualia-korrika-hitzarmena-2024

Irudian, Mutualiako presidente Urtza Errazti eta gerente Ignacio Lekunberri, KORRIKA arduradun Ane Elordi eta Tito Serranorekin.