Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2024ko otsailaren 10etik 16rako astea.
Badaukagu iradokizun hoberenaren XII. sariaren irabazlea
Mutualiak Iradokizun Hoberenaren Sariketaren XII. edizioa egin du. Lehiaketa horren bidez, esker ona erakutsi nahi zaio, urtero, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen laguntzen digun ideiari.
Mutualiaren estranetean zuzeneko ordainketen eskaera sartzea. Helburua langileei eskaera erraztea da; horri esker sistemaren bidez enpresaren ziurtagiriaren datuak sartu ahal izango ditu, bai eta eska daitekeen beste edozein dokumentazio ere.
-Javier Gomez Gredilla (Jauregui Ingeniería y Servicios Industriales, S.A.)
Jasotako iradokizun-kopurua eta haien kalitatea eskertu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, aukera emango digute gure zerbitzuak hobetu eta gure bezeroen aurreikuspenetara egokitzeko modua ezagutzeko.
MutuaLex 282 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. , E.B.A.O.), 2024ko otsailaren 03tik otsailaren 09rako astea.
Lainoa: seguru gidatzeko aholkuak
Inoiz lainoarekin gidatu behar izan baduzu, ziur naiz zuretzat ere hori dela baldintza klimatologiko txarrenetako bat, nabarmen murrizten baitu ikusteko gaitasuna.
Esperientzia oso arriskutsua izan daiteke; zoritxarrez, halaxe egiaztatu dugu duela gutxi A-4an izandako istripu tragikoan, zeinean hiru lagun hil baitziren. Hildakoak, Sevilla CF taldearen jarraitzaileak, Madrilerako bidean ziren, taldearen partida bat ikusteko. Gogora dezagun, halaber, 1991ko abenduaren 6ko zorigaiztoko data; orduan gertatu baitzen Euskadin inoiz izandako istripurik larriena (17 hildako), A-8an, Zornotza parean.
Gainera, neguan maizago gertatzen bada ere, urteko edozein sasoitan aurki dezakegu.
Zergatik da hain arriskutsua lainoarekin gidatzea? Erantzuna begien bistakoa da. Ikuspena (gidatzean erabiltzen den zentzumen nagusia) izugarri murrizten da, eta horrek zaildu egiten du errepidean dauden beste ibilgailu batzuk, trafiko-seinaleak eta edozein oztopo-mota ikustea.
Baldintza horietan seguru gidatzeko, hona hemen aholku batzuk:
1. Moteldu abiadura: Lainoak ikuspena murrizten du, eta horregatik gidatu behar da ohikoa baino mantsoago. Horri esker, denbora gehiago izango duzu edozein ezustekoren aurrean erreakzionatzeko.
2. Piztu argi egokiak: Ondo ikusteko, erabili argi laburrak edo gurutzatze-argiak eta, halakorik izanez gero, baita aurreko laino-argiak ere. Baldintzak bereziki txarrak badira, atzeko laino-argia erabili behar dugu nahitaez, askoz ere lehenago ikus gaitzaten. Argi horiek zure ikuspena hobetzen dute eta gainerako gidariei zu ikusten laguntzen diete. Ez erabili, ordea, errepide-argiak edo argi luzeak, lainoa islatzea eta zure ikusmena are gehiago murriztea eragin baitezakete.
3. Utzi distantzia seguru bat: Areagotu zure ibilgailuaren eta aurrekoaren arteko distantzia. Gogoratu lainoak zaildu egin dezakeela gainerako ibilgailuen argiak ikustea; beraz, denbora nahikoa izan behar duzu erreakzionatzeko eta, behar izanez gero, gelditzeko.
4. Erabili haizetako-garbigailua eta lurrunaren kontrako gailua: Lainoak ibilgailuaren kristalak lurruntzea ere eragin dezake. Eduki haizetako-garbigailuak egoera onean beti, eta haizetakoa kondentsaziorik gabe.
5. Egon adi trafiko-seinaleei eta abiadura-mugei: Gerta liteke, lainoa dela eta, zirkulazio-seinale batzuk ez ikustea. Beraz, gainerako gidarien jarraibideei adi egon behar duzu, eta zure abiadura egokitu, gomendatutako mugen arabera.
6.Erabili bide-marrak gida gisa: Laino itxia badago, erabili bide-marrak orientatzeko. Gida baliotsua izan daitezke errei egokitik ez ateratzeko.
7. Entzun inguruan gertatzen denari:Batzuetan, ikuspena oso txikia denean, leihoak pixka bat jaistea eta trafikoa entzutea lagungarria izan daiteke; batez ere, bidegurutzeetan.
8. Ez aurreratu beste ibilgailurik: Lainoak ikuspena zailtzen du, eta, beraz, aurreratzeko maniobrak egitea oso arriskutsua izan daiteke. Itxaron egoera hobetu arte, beste ibilgailu batzuk aurreratzen saiatu aurretik.
9. Egon lasai: Lainoa dagoenean gidatzea estresagarria izan daiteke, baina garrantzitsua da lasai egotea eta errepidean kontzentratzea. Saihestu distrazioak, hala nola telefono mugikorra erabiltzea edo irratia doitzea, kondizio horietan gidatzen duzun bitartean.
10. Lainoa itxiegia dela sentitzen baduzu, eta ez bazara seguru sentitzen edo nekatuta bazaude, bilatu leku seguru bat gelditzeko (atsedenlekuak, zerbitzuguneak, gasolindegiak, etab.), harik eta egoera hobetzen den arte, eta saiatu, ahal den neurrian, bazterbideetan ez geratzen.
Lainoarekin gidatzea zaila da, eta arreta, pazientzia eta prestakuntza eskatzen du. Emandako aholkuei jarraituz gero, nabarmen handitu dezakezu zure eta besteen segurtasuna errepidean. Gogoratu garrantzitsuena zure helmugara modu seguruan iristea dela, horrek zertxobait gehiago berandutzea eskatzen badu ere.
Lanaldi-murrizketa seme/alaba adingabea zaintzeagatik eta txandakako lana
Gai interesgarri honi dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2023ko azaroaren 21eko epaiak, 3.576/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoari dagokionak, ebatzi du adingabe baten legezko zaintzagatik lanaldia murrizteko eskubideak ez dakarrela berekin murrizketa horrek txandakako lanaren sistemari eragitea. Hala, figura horren bidez ezin da lanaldia txanda bakarrean egin, baldin eta ordura arte aldizkako txandak egiten baziren.
Honako hau xedatzen du Langileen Estatutuaren (aurrerantzean, LE) 37.6 artikuluak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoak: “Legezko zaintza dela eta, hamabi urte baino gutxiagoko haur bat edo desgaitasuna duen pertsona bat (ordaindutako jarduerarik betetzen ez badu) zaindu behar duen langileak lanaldi-murrizketarako eskubidea izango du. Gutxieneko murrizketa lanaldiaren zortzirena izango da, eta gehienekoa, berriz, lanaldiaren erdia, eta soldata proportzionalki gutxituko da, murrizketaren arabera.”. Bestalde, agindu horren 7. atalak hau ezartzen du: “Bularra emateko baimena zer ordutan zehaztu eta lanaldi murriztua nolakoa izango den eta noiz hartu, langileak berak erabakiko du, bere lanaldi arruntaren barruan, 4. eta 6. zenbakietan aurreikusi bezala”, alegia, langileak ohikoan lan-prestazioa betetzen duen denbora-tarte zehatza eta mugatua, LEaren 34. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren legezko edo hitzarmenezko mugen barruan.
Auzitegi Gorenaren ustez, aipatutako artikuluek ez dute interpretazio-zalantzarik eragiten legeetan ezarritako irizpide hermeneutikoekin —Kode Zibila eta Berdintasunerako Lege Organikoa—. Lege horietan aitortzen du legegileak eguneko lanaldia murrizteko eskubidea, eta langileak zehazten ditu ordutegi-murrizketaren baldintzak, muga bakar batekin: murrizketa lanaldi arruntaren barruan izatea, ordura arte egindako txandakako lanaren araubidea aldatu gabe.
Era berean, Auzitegi Gorenak adierazi du legezkotasun arrunteko kontu baten aurrean gaudela, eta, beraz, ezin dela epaiketarik egin oinarrizko eskubide bat betetzeko beharrari buruz. Kasu honetan, nahikoa da Auzitegiak aztertzea zer antolamendu-zailtasun eragin diezazkiokeen lantokiari langileak eskatutako ordutegia onartzeak, enpresaren ezezkoa oinarriduna izan daitekeela egiaztatzeko eta enpresaren erabakia inola ere abusua edo iruzurra ez dela balioesteko. Auzitegi Gorenak, aurretiko erabakietan, hala nola 2023ko maiatzaren 25eko epaian (747/2022 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa), ezarri du ezen, LEren 37.7 artikuluaren esparruan, langileari interesatzen zaion ordutegiaren antolaera ukatze hutsak, hori ukatzeko arrazoiak adierazita, ez duela esan nahi, berez, sexu-diskriminaziorik ez jasateko eskubidea urratzen ari denik, ezta zeharkako diskriminaziorik ez jasatekoa ere.
Horri dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia ere badago. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2019ko irailaren 18ko epaiak —C-366/18 auzigaia— ezarri du ez duela Europar Batasuneko zuzenbidea urratzen lanaldi-murrizketa lanaldi arruntaren barruan egitea eskatzen duen Espainiako araudiak, eta ezin dela eskatu, akordiorik ezean, lanaldi zatitua lanaldi jarraitu bihurtzea, edo ordutegia edo lana aldatzea txanda-sistematik finkora pasatuta.
Nolanahi ere, horrelako auzietan, legezko araudiaz gain, beti aztertu behar da enpresaren balizko hitzarmenezko araudia, eta funtsezkoa izango da baloratzea enpresak hartutako erabakian adierazi duen arrazoizkotasuna.
Cristina Cearra Guezuraga
Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua
MutuaLex 281 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2024ko urtarrilaren 27tik otsailaren 02rako astea
Radonaren aurkako Plan Nazionala
Abenduaren 20ko 1029/2022 Errege Dekretuan, zeinak onesten baitu osasuna erradiazio ionizatzaileekiko esposizioak eragindako arriskuetatik babesteari buruzko araudia, radonetik babesteari dagokionez, dagoeneko ezartzen da Gobernuak Radonaren aurkako Plan Nazional bat bultzatzeko eta onesteko betebeharra, gas horrekiko esposizioak epe luzera biztanleriarentzat duen arriskua murrizteko. Ezartzen da, halaber, esparru itxietako radon-kontzentrazioaren erreferentziazko maila, eta maila hori betetzeari buruzko betebeharrak zehazten dira, eta, radonaren laneko esposizioei dagokienez, langileen esposizioa urteko zer dosi-mailatatik aurrera kudeatu beharko litzatekeen esposizio-egoera planifikatu gisa.
Betebehar horren ondorioz, 2024ko urtarrilaren 9an, Ministro Kontseiluak Radonaren aurkako Plan Nazionala onetsi zuen. Plan horretan jasotzen dira biztanleriak radonarekiko esposizioagatik duen osasun-arriskua murrizteko ezarri diren estrategiak eta administrazio publikoek garatu beharreko jarduerak.
Radona jatorri naturaleko gas erradioaktibo bat da; uranio-238a deskonposatzean sortzen da, zeina radio-226an desintegratzen baita, eta hura radon-222an. Prozesu hori lurrazalean gertatzen da, uranio-238aren kantitate txikiak baitaude mota askotako arroka, zoru eta materialetan. Material horietatik, radona atmosferarantz joaten da. Atmosferan, sakabanatu egiten da, eta bere ondorengoetan desintegratzen da (haiek ere erradioaktiboak), zeinak aireko partikuletan (aerosol atmosferikoa) itsasten baitira. Horrenbestez, radona eraikinen barrualdean eta lantokietan kontzentra daiteke; batez ere, sotoetan.
Ebidentzia zientifiko zabal batek frogatzen duenez, lotura dago barrualdeetan radonarekiko esposizioan egotearen eta birika-minbiziaren artean. Radona 1. kategoriako eragile kartzinogeno gisa sailkatuta dago gizakientzat (gizakien kartzinogenizitatearen froga nahikoa daudenean aplikatzen da kategoria hori). Radonarekiko esposizioaren efektuak nabarmen areagotzen dira erretzaileengan, radonak eta tabakoak eragin sinergikoa baitute.
OMEren arabera, gasa iragaz dadin prebenitzea eta guneak aireztatzea dira radon-kontzentrazioa murrizteko neurrietako batzuk. OME: Radona eta osasunean dituen eraginak
1029/2022 Errege Dekretuaren 19. artikuluan (lantokietako neurriei buruzkoa) jasotzen denez, babes erradiologikoaren ondorioetarako, aldez aurretiko ebaluazio bat egin beharko da erradiazioarekiko esposiziopean dauden langileentzako arrisku erradiologikoaren izaera eta garrantzia zehazteko. Titularrak identifikatu, mugatu eta sailkatu beharko ditu urte ofizial bakoitzeko 1 mSv-etik gorako dosiak izateko aukera dagoen laneko gune guztiak, eta aplikatu beharreko babes erradiologikoko neurriak ezarriko ditu. Sieverta (Sv)da erradiazio ionizatzailearen unitate baliokidea nazioarteko unitate-sisteman, eta kilogramoko joule bati dagokio. Maila baxuko erradiazio ionizatzaileek giza gorputzaren osasunean duten eragina neurtzen du.
Erradiazio ionizatzaileekiko esposizioak duen arriskua eta babes erradiologikoko neurriak barne hartu behar dira Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legeak ezartzen dituen laneko arriskuen prebentzio-planetan, ebaluazioetan eta prebentzio-jardueren planifikazioetan.
Radonaren aurkako Plan Nazionalean, barne hartuko dira zenbait neurri urteko radon-kontzentrazioei dagokienez abenduaren 20ko 1029/2022 Errege Dekretuaren 72. artikuluan ezarritako erreferentziazko maila gainditzen duten etxebizitzak, erabilera publikoko eraikinak eta lantokiak identifikatzea. Hauek dira erreferentziazko mailak:
a) Esparru itxietako radonarekiko esposizioa: 300 Bq/m3 (becquerel metro kubiko aireko); aireko radon-kontzentrazioaren urteko batezbestekoa, bai etxebizitzetarako, bai erabilera publikoko eraikinetarako, bai lantokietarako.
b) Esparru itxietan, eraikuntza-materialetatik datorren gamma erradiazioarekiko kanpo-esposiziorako, 1 mSv urteko, aire zabaleko kanpo-esposizioaz gainera.
Hauek dira Radonaren aurkako Plan Nazionalaren helburu estrategikoak:
- Arazoa zenbatekoa den jakitea eta kontrolak eta behin betiko soluzioak aplikatzeko gabeziak eta zailtasunak konpontzea.
- Eraikinetako radon-kontzentrazioa murriztea.
- Laneko radon-esposizioak murriztea eta bermatzea ezartzen dela radonarekiko esposizioa duten langileentzako erreferentziazko maila eta betetzen dela dosi-muga.
- Lehentasunezko jardute-eremuetan radonarekiko esposizioa murrizteko ekintza-neurriak garatzea.
- Publikoaren, profesionalen eta administrazioen kontzientziazioa bultzatzea.
Plan nazional horretako helburu estrategiko bakoitza zenbait helburu espezifikori lotua dago, zeinak erlazionatuta baitaude honako hauekin: biztanleriak duen radonarekiko esposizioa ebaluatzea, prestakuntza-programa espezifikoak bultzatzea, lehendik dauden eraikinetan esku hartzeko programak egitea, lantokietan aplikatu beharreko legedia eta araudia bete daitezen bultzatzea, erraz aplikatzeko moduko metodologiak sustatzea eta radonak osasunean dituen eraginei (batez ere, tabakoarekin konbinatuta) buruzko kontzientziazio publikoa areagotzea.
Radonaren aurkako Plan Nazionalaren helburu nagusia da biztanleriaren eta langileen osasuna babestea radonarekiko esposizioak osasunerako dituen arriskuetatik.
Bibliografia:
1029/2022 Errege Dekretua, abenduaren 20koa, erradiazio ionizatzaileen eraginpean egotearen ondoriozko arriskuetatik osasuna babesteko Erregelamendua onesten duena.
© OSASUN MINISTERIOA 2024 Idazkaritza Tekniko Nagusia Argitalpen Zentroa Paseo del Prado, 18, 28014 Madril
NTP 533: Radona eta osasunean dituen eraginak, Laneko Segurtasun eta Higieneko Institutu Nazionala.