Lan-ikuskaritza: 2025erako aurreikusitako jarduera-ildo nagusiak

trabajo seguro 2025

Lan-harremanak

Lan-harremanen eremuan, honako hauek izango dira ardatz:

  • 50 langile edo gehiago dituzten enpresetan desgaitasuna duten pertsonentzako % 2ko kuota betetzea sustatzen duten kanpainak indartzea.
  • Lan-denborari eta lanaldi-erregistroari buruzko jardunekin jarraitzea.
  • Aitortu gabeko edo ezkutuko aparteko orduak detektatzea eta kontrolatzea.
  • Talka-plan berriak kontratazio-iruzurrari aurre egiteko, arreta jarrita aldi baterako kontratuetan, aldizkako kontratu finkoetan, lanaldi partzialekoetan eta probaldi irregularretan.

Berdintasuna lan-ingurunean

2025ean berdintasun-baldintzak hobetzen jarraituko dugu, honako hauen bidez:

  • Enpresetan berdintasun-planak betetzen direla eta aplikatzen direla kontrolatuz.
  • Sexu-jazarpenaren eta sexuan oinarritutako jazarpenaren aurka jarduteko protokoloak gainbegiratuz.
  • LGTBI+ pertsonen aurkako jazarpenari aurre egiteko babes-neurriak eta protokoloak sustatuz.

Laneko segurtasuna eta osasuna

Arriskuak prebenitzearekiko konpromisoak funtsezko ekintza-multzo bat dakar:

  • Talka-plan bat abiaraztea laneko ezbeharren aurka, eta, horretarako, iruzurraren aurka borrokatzeko tresna (HLF) erabiltzea enpresak hautatzeko.
  • Laneko istripuak ikertzea, nola arinak hala larriak, baita hilgarriak ere, kausak zehazteko eta errepikatzea prebenitzeko.
  • Laneko segurtasun- eta osasun-jarduerak areagotzea, plangintza trinkoago baten bidez.
  • Arrisku psikosozialak ebaluatzeko ikuskapenak, bereziki sektore sentikorretan.
  • 18 urtetik beherakoen segurtasun-baldintzak aztertzea, kontratua dutenenak eta hezkuntza-hitzarmenetan parte hartzen dutenenak barne.
  • Lantokietan makinak, ekipoak eta instalazioak berrikustea, baldintza seguruak bermatzeko.
  • Tresneriarekin eta makineriarekin izandako akatsen edo gorabeheren aurrean jarduteko protokolo erreal eta eraginkorren lanketa eta aplikazioa bultzatzea.
  • Ingurune-baldintza txarrei (beroa, hezetasuna, etab.) buruzko kanpaina espezifiko bat zabaltzea, bai barrualdean, bai aire zabaleko lanetan.

 

Birziklatzea: Mutualia etorkizun jasangarri baten alde konprometituta 

reciclaje 2025

Maiatzaren 17a Birziklapenaren Nazioarteko Eguna da, hondakinen kudeaketan dugun erantzukizunari buruz gogoeta egiteko data giltzarria.  

Ba al zenekien zaborrari dagokionez gutako bakoitzak bere pisua halako sei sortzen duela urtean? Zabor horren parte handi batek gure planeta kutsatzen du azkenean.   

Nola birzikla dezaket eraginkortasunez? 

  • Hondakinak ondo bereizi, hori baita haiei bigarren bizitza bat emateko lehen urratsa. Gure hondakin askok zabortegietan, ibaietan eta itsasoan amaitzen dute. 
  • Baliabideak zaindu. Erabilitako materiala produktu berri bihurtu, eta bigarren bizitza bat eman. 
  • Ekonomia zirkularra. Eduki produktuak eta materialak denbora gehiago, eta hala lehengai gutxiago eta baliabide berri gutxiago erabiliko dituzu. 

Jasangarritasunerako gakoa baliabideak ondo kudeatzea da: birpentsatzea nola ekoizten dugun, zer kontsumitzen dugun eta produktuak nola baztertzen ditugun. 

Eta gure erantzukizuna da! Etxean eta lanean hondakinak ondo bereiztea da haiei bigarren bizitza bat emateko lehen urratsa. 

Egin zure partea! 

  • Ikasi birziklatze-motei eta material birziklagarriei buruz. 
  • Bereizi hondakinak behar bezala etxean eta lanean. 
  • Babestu jasangarritasuna sustatzen duten politikak eta enpresak. 
  • Parte hartu birziklatze-programetan. 

Nola egiten dugu Mutualian? 

  • Edukiontzi bereiziak erabili: Ondo ikasi zer bota behar den edukiontzi bakoitzera. Gorabeheraren bat atzematen baduzu edo iradokizunen bat egin nahi baduzu, jarri gurekin harremanetan (41. postontzia, Garapen Jasangarrirako Batzordea). 
  •  Murriztu, berrerabili, birziklatu: Ezer bota aurretik, pentsatu ea berriro erabil daitekeen. 
  • Jasangarriaren alde egin: Birziklatzen duten materialak, produktuak eta enpresak aukeratzen ditugu, eta materialei bigarren bizitza bat ematen diegu gure EIAS taldearen bidez.  

Mutualia eta birziklatzearekiko konpromisoa 

Mutualiak birziklatze-jarduerak sustatzeko konpromisoa du, eta hondakinak behar bezala bereiztearen eta kontsumo arduratsuko ohiturak hartzearen garrantziari buruzko sentsibilizazioa eta hezkuntza sustatzen ditu.  

Garapen Jasangarrirako Batzordeak sustatutako hainbat ekimenen bidez, gure langileak eta, oro har, gizartea inplikatzea eta haiek ere honetan parte hartzea lortzen dugu, etorkizun jasangarriago bat garatzeko, non ekonomia zirkularrak funtsezko zeregina izango baitu.  

ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PRESTAZIOA ALDIZKAKO KONTRATU FINKOA ETA/EDO LANALDI PARTZIALEKO KONTRATUA DUTEN PERTSONEN KASUAN 

trabajadores discontinuos

Aldaketa bat izan da lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileen aldi baterako ezintasuneko (ABE) prestazioaren kalkuluan; 2025eko apirilaren 1ean sartu zen indarrean. 

 


Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren lehengo testuak (indarrean izan zen 2025/03/31 arte) hau ezartzen zuen: 

 

“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza.” 

 

Hortaz, 2025eko martxoa bitarte, artikulu horren arabera eta lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileei dagokienez, adibidez 2025eko martxoan hasitako ABE baten oinarri arautzailea kalkulatzeko, kontuan hartzen zen prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hiru hilabeteetako kotizazioa aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza; hau da, 2025eko otsaileko eta urtarrileko eta 2024ko abenduko kotizazio-oinarriak batu eta emaitza aldiaren egunekin zatitu behar zen: 28 + 31 + 31 = 90 egun. 

 

Baina, gaur egun, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, adierazitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 248.1.c) artikuluaren arabera (Erretiro-pentsioaren eta lanaren bateragarritasuna hobetzeko abenduaren 23ko 11/2024 Errege Lege Dekretuaren lehen artikuluko zazpigarren atala betez ezarria —abenduaren 24ko BOE—): 

 

“c) Aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken altatik egiaztatutako lanaldi partzialeko kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Aldizkako kontratu finkoa duten pertsonentzat, aldi baterako ezintasunaren ondoriozko prestazioaren eguneko oinarri arautzailea izango da azken deialdiak eragindako zerbitzu-ematea hasi eta araubide horretan alta eman zutenetik egiaztatutako kotizazio-oinarrien batura (gehienez ere, prestazioa eragiten duen egitatearen aurreko hilabetearen aurreko hiru hilabete) aldiaren egun naturalen kopuruarekin zatitzearen emaitza. 

 

Beraz, 2025eko apirilaren 1etik aurrera, lanaldi partzialeko kontratua edo aldizkako kontratu finkoa duten langileek mediku-baja hartzen dutenean, honela egingo dira kalkuluak: mediku-baja, adibidez, 2025eko maiatzaren 10ean hasten bada, ABEaren prestazioaren eguneko oinarri arautzailea kalkulatuko da kontuan hartuz mediku-bajaren aurreko hilabetearen aurreko 3 hilabeteetako kotizazio-oinarriak; hau da, ez lirateke kontuan hartuko 2025eko apirileko kotizazioak, eta 2025eko martxoko, otsaileko eta urtarrileko kotizazio-oinarrien batura aldi horretako egun naturalekin zatitu beharko litzateke: 31 + 28 + 31 = 90 egun.

 

 

Jesús María Vicente Cuadrado 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Lege-aldaketak: Ezintasun iraunkorragatiko kaleratzeak automatikoa izateari utzi dio

Cambios legales: El despido por incapacidad permanente deja de ser automático

Albiste eguneratua 2024/09/13

Apirilaren 29ko 2/2025 Legeak (2025eko apirilaren 30eko BOE), zeinaren bidez aldatzen baitira Langileen Estatutua, langileen ezintasun iraunkorragatik lan-kontratua azkentzeari dagokionez, eta Gizarte Segurantzaren Lege Orokorra, ezintasun iraunkorrari dagokionez, Langileen Estatutuaren 49.1 e) artikulua indargabetzea ezartzen du. Orain arte, langileak automatikoki kaleratzeko aukera ematen zuen, ezintasun iraunkor bat aitortzen zitzaionean.

Langileari erabateko ezintasun iraunkorra, ezintasun absolutua edo orain arte baliaezintasun handia esan zaiona aitortzen zaionean kontratua automatikoki iraungitzeko aukera ezabatuta, modu eraginkorragoan babestu daiteke ezintasunen bat duten pertsonen enplegua, eta enpleguari eta ezintasunari buruzko liburu zurian jasotako proposamenetako bat betetzen da.

  • Enpresek dagoeneko ezingo dute beren aldetik bakarrik erabaki lan-harremana iraungitzea langileak ezintasun iraunkorra badu.
  • Enpresek arrazoizko doikuntzak egin beharko dituzte edo langilea beste lanpostu batera aldatu beharko dute, langileen lan-harremana hasita dagoela aitortzen bazaie ezintasun iraunkorra.
  • Termino gutxiesgarriak ere aldatu dira testuan, Konstituzioan egin zen moduan. Hemendik aurrera, “baliaezintasun handia”ri “hirugarrenaren laguntza-osagarria” esango zaio.
  • Arauan zehazten dira, halaber, lanpostua egokitu behar duten enpresentzat zer kostu diren gehiegizkoak zehazteko irizpideak.
  • Lan-arriskuak prebenitzeko zerbitzuek eta langileen legezko ordezkariek protagonismoa hartuko dute lanpostuak behar dituen ekarpenak eta langileak zer lanpostu berritan lan egin dezakeen zehazteko garaian.
  • Testuan aipatzen da, gainera, langileak zer trebakuntza-behar izan ditzakeen laneko arriskuen prebentzioari dagokionez.
  • Enpresak hiru hilabeteko epea izango du lanpostua egokitzeko edo lanpostua aldatzeko; denboraldi horretan, aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa jasoko du langileak.

Elkarrizketa: Iñaki Iraola – KL Katealegaia

Katea Legaia

Enpresako Aniztasunaren Mutualia Saria jaso du 2025ean KL Katealegaia erakundeak, “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektuari esker. 

Iñaki Iraola Gorostidi, Katealegaiako unitate teknikoko zuzendaria, elkarrizketatu dugu 

Nola sortu zen KL Katealegaia? 

KL Katealegaia irabazi-asmorik gabeko lan-sozietate bat da, duela 45 urte baino gehiago sortua; desgaitasunen bat duten eta baztertze-arriskua duten pertsonentzat Gipuzkoan kalitatezko enplegua sortzea eta mantentzea da gure helburua. 12 lantoki ditugu Gipuzkoan, eta 1.000 pertsona ingururekin egiten dugu lan.  

Industria-jardueran dihardugu, eta, zehazki, sektore hauetan: mugikortasuna, automobilgintza, energia, igogailuak, sarbide-kontroleko sistemak, etxeko erosotasun-sistemak, elektronika, etab. Haien bidez, Gipuzkoako eta inguruko enpresa nagusi gehienei ematen diegu zerbitzua.  

“Aukerak sortuz”. Desgaitasunen bat duten eta baztertzeko arriskuan dauden pertsonentzako kalitatezko enplegu-aukerak sortzen ditu KL Katealegaiak. Nola egituratzen du KL Katealegaiak enpresa-eredua eta zein dira haren funtsezko balioak? 

KL interes sozialeko lan-sozietate bat da, eta erakundea osatzen dugun pertsonak bazkideak gara; horri esker, proiektuak denboran irauteko konpromisoa indartzen dugu.  Balio hauek aplikatzen ditugu eguneroko lanean: gardentasuna, partaidetza, guztion ongizatea eta etengabeko hobekuntza. Epe ertaineko ikuspegia dugu, eta enplegagarritasun-premiak dituzten pertsonak dira beti kudeaketaren ardatza.  

kl katealegaia

KL Katealegaiak konpromiso sendoa du dibertsitatearekin eta inklusioarekin, eta laneratze eraginkorra eta arrakastatsua lortzea da haren helburu nagusia. Zer motatako zerbitzuak eskaintzen dituzue? 

KL Katealegaiak orientazio-zerbitzu pertsonalizatua eskaintzen die desgaitasunen bat duten pertsonei, haien enplegagarritasuna hobetzeko. Horretarako, lehenbizi, pertsonaren gaitasunak identifikatzen dira, elkarrizketen eta laguntza-tresnen bidez. Lehen balorazio horren ondoren, ibilbide egokiena diseinatzen dugu harekin batera (bai KL Katealegaiaren instalazioetan bertan enplegua eskainiz, bai beste aukera batzuetara bideratuta); modu horretan, haren enplegu-premietara ondoen egokitzen diren baliabideak eskaintzen dizkiogu. 

Zertan oinarritzen da enpresako aniztasunaren 2025eko Mutualia Saria jaso duen “GAITASUN DESBERDINAK DITUZTEN PERTSONEN ENPLEGAGARRITASUNERAKO INDUSTRIALIZAZIO-METODOLOGIA” proiektua?   

KL Katealegaiak kalitate handiagoko zerbitzu integralagoa eskaini nahi die bezeroei. KLk garatzen dituen ekoizpen-prozesuak gero eta konplexuagoak eta zorrotzagoak dira.  

“KLko lantaldea osatzen duten gaitasun desberdineko pertsonek dituzten premiei erantzuteko landu zen metodologia.”  

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen aplikatzen?   

Gaur egun, lehen baino askoz modu osoagoan kudeatzen dira aukerak. Orain, diziplinarteko talde batek aztertzen du prozesua zenbateraino den egingarria, eta 360 º-ko egokitzera bideratutako ekintza-plan bat garatzen du (prozesua, ingurunea, sarbidea, ergonomia, etab.).  

Prozesua ezarri zenetik, 8 proiektu berri industrializatu dira erakundean, eta zailtasun bereziak dituzten 50 pertsonari baino gehiagori eman zaie enplegua.  

Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?   

Hauek nabarmenduko nituzke: 

  • Industrializatze bizkorra eta eraginkorra. Jarduera hasi arteko denbora minimizatzea eta enplegua sortzea eta mantentzea ahalbidetzea.  
  • Diziplinarteko koordinazioa hobetzea erakundean; erantzun bizkorragoa dakar berekin alderdi honek.  
  • Lan-ingurunea hobetzea: argiztatzea, higiene-kondizioak (zarata, tenperatura).  
  • Hobekuntza ergonomikoak: kargak manipulatzea saihestea, aulki espezifikoak egokitzea, nekearen aurkako alfonbrak erabiltzea, tresnen erabilerak eragindako karga fisikoa murriztea eta exoeskeletoak egokitzea.  
  • Irisgarritasun-hobekuntzak instalazioetan. 
  • Informazioa eskuratzearen inguruko hobekuntzak: irakurketa erraza jarraibideetan, pantaila egokituak, bideoak zeinu-hizkuntzan, etab.   
  • Kontziliazioaren esparruko egokitzapena hobetzea: ordutegiak, garraioa erraztea, lanaldiak egokitzea.  

Proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan erabiltzeko modukoa da?   

Kudeaketaren oinarria pertsonetan duten edozein motatako erakundeetan aplika daiteke metodologia.  

“Metodologia integratzaile eta inklusiboa da, eta ez du inor baztertzen generoa, adina eta desgaitasuna direla eta.” 

Metodologia horretan erabiltzen den tresnetako bat (Urratsez Urrats) gure webgunean dago GRUPOKL, jende guztiarentzat eskuragarri.  

KL Katealegaia

Elkarrizketa: Montse Cartañà eta Carlos Arana (Bellota Herramientas)

Bellota herramientas eus

BELLOTA HERRAMIENTAS SLUk Laneko Arriskuen Prebentzioko Berrikuntzaren 2025eko Mutualia Saria jaso du, “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)” proiektuagatik 


bellota herramientas 01

Elkarrizketa egin diegu Bellota Herramientaseko Montse Cartañàri (Laneko Arriskuen Prebentzioko teknikaria) eta Carlos Aranari (Sistemetako zuzendaria). 


 

Bellota. Hasiera eta jarduera  

Bellota Herramientasek ibilbide luzea du kalitate handiko esku-erremintak fabrikatzen. Patricio Echeverríak sortu zuen 1908an Legazpin (Gipuzkoa, Euskadi, Espainia). Hasieran, pieza forjatuak ekoizten zituen konpainiak, nekazaritzaren sektorerako eta industriarako.  

Haren produktuak beti izan dira gogorrak eta iraunkorrak, ezkurra bezala, eta hortik datorkio “Bellota” izena. 

Bellota erreminta-aukera zabalduz joan da, eta sektore askotara iritsi da, hala nola nekazaritzara, eraikuntzara, segurtasun-oinetakoen sektorera, lorezaintzara eta industriara.  

Erreferentziazko marka bihurtu da, bai Espainian, bai nazioartean, etengabe sustatzen dituelako berrikuntza, fabrikazio-prozesuetako kalitatea eta azken erabiltzailearekiko hurbiltasuna. 

Bellotak bere presentzia globala sendotu du, eta jasangarritasun- eta ergonomia-irizpideak integratu ditu bere erreminten diseinuan.  

Gaur egun, 120 herrialdetan baino gehiagotan dago, eta 1.950 langile eta 14 ekoizpen-instalazio ditu. 

Nola kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa Bellota Herramientasen eguneroko lanean? 

Bellotan, modu jarraituan eta egituratuan kudeatzen da laneko arriskuen prebentzioa, erakundearen eguneroko lanean integratutako ekintzen bitartez. Hasieratik, segurtasuna erdigunean kokatzen da: Montsek hasierako harrera egiten die langile berriei, eta, DOJO espazioan, langile adituek ere lagunduta, prozesuetara eta jardunbide egokietara ohitzen dira. Gero, Kanpoko Prebentzio Zerbitzuak bigarren harrera egiten du, arrisku espezifikoen ebaluazioan eta substantzia kimikoen erabilera seguruan ardaztua.

bellota herramientas 02

 

Prebentzioaren kultura egunero sendotzen da saileko bileretan, zeinetan segurtasuna baita beti gai-zerrendako lehenengo gaia. Bilera horietan, ekintza ez-seguruak aztertzen dira, azkenaldiko gertakariak berrikusten dira, eta hobetzeko neurriak proposatzen dira; zeregin horietan, zuzenean hartzen dute parte Montsek eta tartean diren langileek. 

Gainera, aldizkako segurtasun-ikuskapenak egiten dira, eta gainbegiraleek, batzordekideek eta funtsezko beste eragile batzuek aktiboki parte hartzen dute.  

“Dinamika horri esker, gure lan-ingurunean langile guztiek oso sentsibilizazio handia dute segurtasunarekiko, eta lasai ematen dute arrisku posibleen berri; horrela, etengabe hobetzen dugu.” 

 

Nola lortzen duzue langileak segurtasun-gaietan trebatzea eta haiekiko sentsibilizatzea? 

Bellotan, zeharka eta etengabe heltzen zaie segurtasunaren arloko sentsibilizazioari eta trebakuntzari: teoria eta praktika konbinatzen dira, eta hasieratik sustatzen da prebentzioaren kultura. Gakoa da segurtasuna eguneroko bizitzan integratzea eta enpresaren DNAren parte bihurtzea. 

Enpresan sartzen denetik, langile berriari kontu handiz diseinatutako harrera-prozesua egiten zaio, eta egunero sendotzen da, sailetako bileretan, zeinetan tarte espezifiko bat egoten baita segurtasunarekin erlazionatutako alderdiak aztertzeko, azkenaldiko gertaeretan ikasitakoak partekatzeko, eta jardunbide egokiak indartzeko; orobat, trebakuntza espezifikoak ematen zaizkio askotariko segurtasun-gaietan (ATEX, goratze-bitartekoak, arrisku elektrikoak, eskorgak, kargen manipulazioa…), eta sentsibilizazio-kanpainak egiten dira hainbat euskarritan (WhatsApp, pantailak, mezu elektronikoak…). 

“Funtsezkoa izan da partaidetza-ikuspegi iraunkor eta hurbil horri eustea Bellotako langile guztiak segurtasuna hobetzeko prozesuaren parte aktibo sentitu daitezen.” 

 Zertan datza “DOJO (segurtasuneko entrenamendu-gela)”, berrikuntzaren kategorian 2025eko Mutualia Saria irabazi duen proiektua?

“Ingurune seguru eta konfiantzazko bat sortzean datza DOJO: 11 lan-estazio ditu, eta haietan egiten dira trebakuntzak, harrerak, istripuen analisiak, birziklapenak…” 

Hamaika estazio horiek prebentzioarekin erlazionatutako gaurkotasun-gaiak lantzen dituzte, hala nola kargen kudeaketa, seinaleztapena, esku-erreminten eta erreminta motordunen kudeaketa, NBEen erabilera, pieza beroekin matxardak nola erabiltzen diren… 

Proiektu horrek indarrean jarraitzen du, eta, orain, beste bi estazio zabaltzeko asmoa dugu produktu kimikoen erabilerari eta ATEX eremuen segurtasunari eta eskakizunei buruz. 

bellota herramientas 03

Nola sortu zen proiektua, eta noiz hasi zen ezartzen?   

Bellotako gaur egungo trebakuntza-eredua ekarri zuen proiektua duela hiru urte sortu zen, eta enpresak Japoniara egindako bisita baten emaitza da; bidaia hartan, enpresak hurbiletik ezagutu ahal izan zituen lean manufacturing edo ekoizpen doituaren zenbait jardunbide egoki. Bidaia hartan, Bellotako taldeak industria-inguruneari aplikatutako DOJO baten funtzionamendua ezagutu zuen; eremu hori trebakuntza praktikorako eta etengabeko hobekuntzarako da. 

Hain inspiratzailea izan zen esperientzia, ezen ideia hori Espainiara ekartzea eta Bellotaren instalazioaren errealitatera eta behar espezifikoetara egokitzea erabaki baitzen. Helburu nagusia zen trebakuntzaren ikuspegia erabat aldatzea, eta eredu nagusiki teoriko batetik esperientzian oinarritutako eta lanpostuan ardaztutako eredu praktiko batera pasatzea. 

Gainera, eredu berriak zuzenean eta nabarmen hurbildu nahi zuen segurtasuna langileengana, eta hasieratik ikaskuntzaren funtsezko zati gisa integratu.  

Egun, DOJO eremu hori funtsezko tresna bihurtu da langile berriak gaitzeko eta taldea etengabe hobetzeko, eta bat dator eraginkortasunaren, kalitatearen eta prebentzioaren printzipioekin. 

 

Zer hobekuntza lortu dira ezarri zenetik?   

DOJO eremua eta trebakuntzaren ikuspegi praktiko berria ezarri zenetik, Bellotak hobekuntza esanguratsuak izan ditu segurtasunaren eta laneko osasunaren arloan. Lorpen nagusietako bat izan da handitu egin dela prebentzioaren kontzientzia langileen artean; hala, modu inkontzientean haien eguneroko lanaren parte ziren egoera ez-seguru asko identifikatzen eta zalantzan jartzen hasi dira. 

Pentsamolde-aldaketa horrek eragin zuzena izan du arriskuen murrizketan.  

2024an bakarrik, langileak aktiboki parte hartzeari esker, 250 ekintza ez-seguru baino gehiago identifikatu eta zuzendu dira. Esku-hartze horiei esker, argi eta garbi murriztu da laneko istripuen kopurua, eta bat egin ahal izan da enpresaren lehentasunezko helburuarekin: Bellota osatzen duten pertsona guztien segurtasuna eta osasuna bermatzea. 

“Trebakuntza praktikoa, parte-hartze aktiboa eta konpromiso kolektiboa konbinatuta, konpainiaren eguneroko laneko funtsezko elementu bihurtu da prebentzioa, eta segurtasun tinko, jasangarri eta partekatuaren kultura sendotu da.” 

 

Ezar liteke proiektuaren eredua beste enpresa batzuetan?   

Bellotaren esperientziak erakusten duenez, ezarritako eredua, eraginkorra izateaz gain, beste enpresa eta industria batzuetan ezartzeko modukoa ere bada. Trebakuntza praktikoan, langileen parte-hartze aktiboan eta segurtasunaren eguneroko integrazioan oinarritutako ikuspegi horrek emaitza neurgarriak erakutsi ditu arriskuen murrizketan eta langileen kontzientziazioan. 

“Eredu hau Japonian ikusitako jardunbide egokietan oinarrituta dago, eta ezin hobeki egokitu da Bellotaren errealitatera. Erreferentzia baliagarria izan daiteke beren prebentzio-kultura eraldatu nahi duten erakundeentzat. Kontua ez da inbertsio handiak egitea, baizik eta ikuspegia aldatzea: teoriatik praktikara igarotzea, pertsonei protagonismoa ematea, eta segurtasuna balio partekatu bihurtzea” 

 

 

Gainera, sistema malgutasunez egokitzen da hainbat sektoretara, haren printzipioak —esperientzian oinarritutako trebakuntza, behaketa zuzena, ohitura ez-seguruen zuzenketa eta etengabeko komunikazioa— unibertsalak baitira edozein lan-ingurunetan. Zalantzarik gabe, Bellotaren esperientziak ibilbide-orri inspiratzailea eskaintzen du lan-ingurune seguruagoak, parte-hartzaileagoak eta eraginkorragoak lortzeko bidean aurrera egiteko. 

 

Kontsulta juridikoa 2025ko Apirila

consulta

AUTONOMOEK BA AL DUTE EZINTASUN IRAUNKOR BATEN ONDORIOZKO PRESTAZIOAK JASOTZEKO ESKUBIDERIK, GIZARTE SEGURANTZAREKIN KOTIZAZIO-ZOR GERORATUAK BADITUZTE? 

kontsulta

Horretarako, lehenik eta behin, kontsultaren xede den gaia arautzen duen araudiari heldu behar diogu.  

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 193.1 artikuluak, GSLOren 194. artikuluarekin lotuta, honela definitzen du kotizaziopeko ezintasun iraunkorra: dagokion tratamendua egin ondoren, lanerako gaitasuna murrizten edo deuseztatzen duten murrizketa anatomiko edo funtzional larriak dituen langilearen egoera, hura hainbat mailatan sailkatuta (partziala, osoa, absolutua eta baliaezintasun handia). 

Bestalde, Norbere Konturako Langileen edo Langile Autonomoen Gizarte Segurantzako Araubide Berezia arautzen duen abuztuaren 20ko 2530/1970 Dekretuaren 28. artikuluak ezartzen duenez, prestazioak jasotzeko eskubidea izateko, langileak egunean izan beharko ditu kotizazioak.  

Era berean, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra onesten duen ekainaren 11ko 1415/2004 Errege Dekretuaren 31.3 artikuluak aurreikusten duenez, geroratutako zorrak emanez gero, eten egingo da bilketa-prozedura, eta zordunak Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela joko da, diru-laguntzak, hobariak, erantzukizun-salbuespenak eta abar lortzeari dagokionez. 

Azkenik, Gizarte Segurantzaren Diru-bilketako Erregelamendu Orokorra aplikatzeko eta garatzeko arauak ezartzen dituen maiatzaren 25eko 1562/2005 Ministro Aginduaren 171.1 artikuluak atzeratutako kuoten geroratzea gizarte-kotizazioen ordainketan egunean egotearekin parekatzen du, prestazioak jasotzeko eskubidea aitortzeari dagokionez

Kontsultaren xede den gaia ez da Gizarte Segurantzarekin zorrak dituen langile batek ezintasun iraunkorreko prestazio bat jasotzeko eskubidea ote duen, erantzuna zalantzarik gabe ezezkoa baita. Argitu beharreko gaia da ea eskubiderik badagoen Gizarte Segurantzarekiko zorrak geroratuz gero.  

Hortik aurrera, eta logikari jarraituz, geure buruari galdetu behar diogu gerorapen hori gertaera eragilearen dataren aurretik edo ondoren eskatu den, edo, bestela esanda, prestazioa aitortzea ekar lezakeen onuradunaren premia-egoeraren edo egoera patologikoaren aurretik edo ondoren eskatu den. Langilearen babesa gertatuko da geroratzeko eskaera gertaera eragilearen data baino lehen egiten denean. 

Hori da Auzitegi Goreneko Gizarte-arloko Salak maiatzaren 5eko 98/2025 Epaian hartutako irizpidea, zeinak doktrina bateratzen baitu, jurisprudentzia-ildo finkatu bat aldatzea eragozten duten segurtasun juridikoaren eta berdintasunaren printzipioak argudiatuta. 

Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Mutualex epaia 2025ko Apirila

sentencia

AUZITEGI GORENEKO ZIGOR-ARLOKO SALAK 2025EKO OTSAILEAN EMANDAKO 101/2005 ZENBAKIKO EPAIAREN IRUZKINA (4666/2022 ERREKURTSOA) 

mazoa

Auzigaia udal-arkitekto baten eta toki-korporazio bateko alkatearen arteko lan-desadostasunei buruzkoa da. Urteetan zehar, arkitektoak hainbat gatazka izan zituen bere nagusiarekin, kaleratze-mehatxuak eta bulego-aldaketak barne, eta horrek lan-giro txarra sortu zuen. Aldi berean, arkitektoak antsietate- eta depresio-sindromea eta erreakziozko depresio-nahasmendu handia izan zituen lan-egoeraren ondorioz, eta, horregatik, mediku-baja luzea izan zuen. 

Prozeduraren itera ebazpen judizial hauetan oinarritzen da: 

  1. Zigor-arloko Epaitegiaren epaia (2020ko azaroak 4): Don Benitoko Zigor-arloko 1 zenbakiko Epaitegiak alkatea kondenatu zuen osotasun moralaren aurkako delituagatik (laneko jazarpena) eta lesio-delituagatik, eta espetxe-zigorra eta gaitasungabetzea ezarri zizkion, arkitektoari kalte-ordaina emateaz gain. 
  1. Badajozko Probintzia Auzitegiko Zigor-arloko Salaren epaia (2022ko martxoak 21): Kondenatuak epaia apelatu zuen, eta Badajozko Probintzia Auzitegiak (3. sekzioa) kondena baliogabetu zuen, delituetatik absolbitu zuen eta kalte-ordaina ondoriorik gabe utzi. 
  1. Kasazio-errekurtsoa Auzitegi Goreneko Zigor-arloko Salan (2025eko otsailak 6): Udal-arkitektoak kasazio-errekurtsoa jarri zuen Auzitegi Gorenean, Zigor Kodeko zenbait artikulu ez aplikatzeagatik legea urratu zuela argudiatuta. Auzitegi Gorenak ezetsi egin zuen kasazio-errekurtsoa, eta berariaz kondenatu zuen kostuak ordaintzera. 

Auzitegi Gorenak errekurtsoaren arrazoiak aztertu zituen, zeinak manu hauek ez aplikatzean zentratzen baitziren: 

  1. Zigor Kodearen 173.1 artikulua: osotasun moralaren aurkako delitua tipifikatzen du, barnean hartuta laneko jazarpena. Laneko jazarpentzat hartzeko, hierarkian gorago dagoen batek langilearen osotasun moralaren aurka egiten duen jokabide errepikatua gertatu behar da. 
  1. 177. artikulua, Zigor Kodearen 147. artikuluarekin lotuta: lesio-delitua arautzen dute. Lesioengatiko kondena batek kausalitate-harremana eskatzen du laneko jazarpen-delituaren eta biktimak jasandako kaltearen artean
  1. 109. artikulua, Zigor Kodearen 116. artikuluarekin lotuta: delituen ondoriozko erantzukizun zibila ezartzen dute. Lesio-delitua egiaztatzen ez bada, ez da kalte-galerengatiko kalte-ordainik emango. 
  1. Prozedura Kriminalaren Legearen (PKL) 849.1 artikulua:  Legea hausteagatik kasazio-errekurtsoa jartzeko aukera ematen duen arau prozesala. 

Auzitegi Gorenak adierazi duenez, ez zen egiaztatu hasieran kondenatutako pertsonaren jazarpen-jokabide sistematiko eta errepikaturik, laneko jazarpen-mota penalaren barruan sar zitekeenik. Frogatutako gertaerek lan-eremuko gatazkak eta tentsioak deskribatzen dituzte, baina ez hierarkikoki mendekoa den pertsonaren osotasun morala arriskuan jartzea helburu zuten aurkako ekintza umiliagarriak. Ekintza horiek nabarmen larriak izan behar dute, eta larritasun hori ezin da finkatu soilik kontuan hartuta jazarpena jasaten ari dela esaten duenaren pertzepzio pertsonala. 

Laneko jazarpen gisa tipifikatutako jokabiderik ez dagoenez, ezinezkoa da jazarpenarekin lotutako lesio-delitu bat egitea. Deliturik egin dela egiaztatu ez denez, ezin da hartu kalte-galerengatik kalte-ordaina emateko erabakirik ere. 

Epaiak azpimarratzen du argi eta irmo egiaztatu behar dela laneko jazarpen sistematikoa egon dela. Era berean, nabarmendu du garrantzitsua dela inguruabarren azterketa sakona egitea, salatzailearen jokabidea barne, laneko jazarpenaren delituaren konfigurazioa zehazteko. Horri dagokionez, ohartarazi du halaber lan-gatazka testuinguru administratibo zail batean gertatu zela, zeinean bizilagunek kritikak egin baitzizkioten udal-arkitektoaren jarduera profesionalari eta egiteke zeuden lanak egiteko beste teknikari batzuk kontratatu behar izan baitziren.  


Jon Careaga Correa 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua