Kontsulta juridikoa 2025ko Otsaila

consulta

Guraso bakarreko familia izanez gero, luzatu daiteke jaiotzagatiko baimena?

kontsulta

Planteatu da ea guraso bakarreko familia osatzen duten pertsonek luzatu dezaketen baimena, beste gurasoari jaiotzagatik legokiokeen baimena hartuta, gainerako familiei ematen zaizkien baldintza berberak bermatuz, adingabea ez diskriminatzeko. 

Berriki 4948/2024 epaia (2024ko urriaren 15ekoa) eman du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Salak funtzionario publikoentzat, eta garrantzitsua da epai horren eragina, harik eta legegileak egoki ikusten duen arte guraso bakarreko familia horien eskaerak kontuan hartuta arautzea. Ez da gai erraza, ordea, ikusiko dugunez. 

Epaia aldekoa da, hau da, bi gurasoko familietako guraso bakoitzari dagokion baimena pilatzeko aukera ematen dio guraso bakar horri. 

Eztabaida juridikoak hainbat ertz ditu, eta, baloratzeko, kontuan hartu behar dira Espainiako Konstituzioaren 14. artikulua (“Espainiarrak berdinak dira legearen aurrean; debeku da, bada, inolako diskriminaziorik egitea jaiotzagatik”) eta 39.1 artikulua (“Botere publikoek segurtatzen dute familiaren babes sozial, ekonomiko eta juridikoa”). 

Arrazoiak berdintasunean eta adingabearen interesaren babesean oinarritzen dira; izan ere, uste da guraso bakarreko familia batean jaiotako seme-alabek ezin dutela bi gurasoko familia batean jaiotakoek baino denbora gutxiagoan izan guraso baten konpainia eta zaintza, adingabeak baldintza berdinak izateko eta diskriminaziorik ez gertatzeko. 

Hainbat interes garrantzitsu eta legitimo daude baimen horiek baloratzerakoan, hala nola amaren osasuna eta ongizatea, familiaren interesa, gurasoen arteko berdintasuna sustatzea seme-alaben zaintza-betebeharrei dagokienez, familia eta lana errazago uztartzea eta, batez ere, adingabearen interesa, zeinak etengabeko babesa, arreta eta zaintza behar baititu bizitzako lehen hilabeteetan. Azken hori gailentzen da, jaioberrien arteko berdintasuna baloratzen baita, Espainiako Konstituzioak ezarritako ildoei jarraikiz.  

Bestalde, aplikatu beharreko araua Langileen Estatutua denean, ondorioa ez da berdina. Hala, Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren azken ebazpenak (1637/2023), 2024ko irailaren 12koak, ez du onartzen baimenak metatzeko eskubidea. Horretarako, argudio batzuk ematen ditu, eta garrantzitsuena da, Gizarte Segurantzarekin lotuta, tratu-desberdintasuna eragiten duena ez dela familia-eredua, baizik eta gurasoek Sisteman kotizazioak egitea edo ez egitea. Izan ere, guraso bakarrari prestazioak metatzeko aukera emanda, egoera kaskarragoan geratuko lirateke bi guraso izan eta bietako batek alta emateko baldintzak betetzen ez dituztenak, ez baitute bigarren laguntza hori jasotzen. 

Interpretazio-lan bat egin behar da; izan ere, Legeak ez ditu berariaz aipatzen guraso bakarreko familien baimenak, ez emateko eta ez ukatzeko, baina horrek ez du esan nahi legeak ezer esaten ez duelako ukatu behar direnik. Horregatik, interpretatu egin behar da ama biologikoaren baimenari bigarren gurasoaren baimena gehitzeko aukera, bai estatuko langileentzat eta bai lan-harremana Langileen Estatutuaren arabera arautzen zaien langileentzat. 

Gaur egun, beste urrats bat egin da gai honen inguruan, eta, arazoa konstituzio-kontrakotasuneko gisa planteatuta, Konstituzio Auzitegiaren osoko bilkurak ebatzi du 140/2024 epaian, 2024ko azaroaren 6koan, beharrezkoa dela ezen, legegileek gai horri buruz zerbait erabakitzen duten bitartean, guraso bakarreko familietan honela interpretatzea Langileen Estatutuko 48.4 artikuluan eta GSLOren 177. artikuluan aipatzen den baimena: ama biologikoarentzako baimenari (16 aste) beste gurasoarentzat aurreikusitakoa gehituko zaio (10 aste; lehenengo 6 asteak kendu egiten dira, horiek nahitaez jarraian eta erditu eta berehala hartu behar baitira). 

María Urizar Pérez 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Mutualex epaia 2025ko Otsaila

sentencia

ENPRESA-POLITIKAK ORDAINSARI-GARDENTASUNEAN DUEN IRISMENA 

mazoa

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren Epaia (5709/2024 zk.), 2024ko azaroaren 21ekoa. 

Epai horretan aztertzen da enpresak plantilla osoaren ordainsari-datuak emateko betebeharra duen, ordainsari-gardentasunari dagokionez.  

Auzitegi Nazionalaren Lan Arloko Salan gatazka kolektiboari buruzko demanda jarri ostean, eskatu zen sindikatu batzuek plantilla osoaren ordainsari-datuak jasotzeko eskubidea izatea, soldata-gardentasunaren testuinguruan. Hasiera batean eskaera onetsi egin zen, baina komentatzen ari garen epaiak ezetsi egin zuen, enpresak jarritako kasazio-errekurtsoa onetsiz. 

Baloratzen da Langileen Estatutuaren (LE) 28.2 artikuluko soldata-erregistroan beharrezkoa den langile baten ordainsari indibidualizatua identifikatzeko aukera ematen duten datuak sartzea. 

Garrantzitsua da kontuan hartzea enpresaburuaren betebeharrari dagokion soldata-erregistroa ordainsariaren batez besteko balioei buruzkoa dela, ez balio indibidualei buruzkoa, eta sexuaren arabera bereizita eta talde profesional edo lanpostu berdinetan edo balio berekoetan banatuta egon behar dutela, hori baita soldata-erregistroaren helburua. 

Jakin nahi da sexuaren arabera bereizitako ordainsariaren batez besteko balioek sexuagatiko desberdinkeriarik erakusten duten, lehen adierazitako LEren 28.2 artikuluaren arabera, zeina martxoaren 1eko Errege Lege Dekretuak —enpleguaren eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko premiazko neurriak ezartzen dituena— txertatu baitu. Horregatik, emakumeen eta gizonen arteko konparazioak du garrantzia, ez langile bakoitzaren ordainsari indibidualizatuak; bi soldatak konparatuta berdintasunaren helburutik urruntzen diren edo ez. 

LEaren 28. artikulu hori 902/2020 EDak garatzen du; zehazki, 5. artikuluan soldata-ordainsariari buruzko arau orokorrak xedatzen dira. Artikulu horretan zehazten denez, erregistroa plantilla guztiarentzat da, batez besteko datu banakatuekin dokumentatu behar da eta benetan jasotako zenbatekoaren batezbesteko aritmetikoa eta mediana jaso behar dira, ez soldata indibidualak edo indibidualizatuak. 

Komentatzen ari garen epaiak aipamen berezia egiten dio Datuak Babesteko Erregelamendu Orokorrari, tratamenduaren zilegitasunari dagokionez. Xedatzen duenez, zilegi da tratamendua beharrezkoa denean tratamenduaren arduradunari aplikatu beharreko legezko betebehar bat betetzeko; horretarako, beharrezkoa da Europar Batasuneko zuzenbideko arau edo lege batek aurreikustea. Hala, aplikatu beharrekoa da EBren 2023/970 Direktiba, eta berme espezifikoak gaineratu behar dira langilea identifikatzea saihesteko. 

Testuinguru horretan, ondoriozta daiteke gaur egun ez dagoela lege-izaerako araurik langile baten soldata indibidualizatua identifikatzeko aukera ematen duten datuak soldata-erregistroan sartzera argi eta garbi behartzen duenik. Legeak horretarako aukera eman nahi badu, argi eta garbi zehaztu behar du. 

Arazo hau planteatzen zaie: bereizitako datua datu pertsonal bilaka daiteke langile-kopuru txikia duten talde profesionaletan. Horrenbestez, arriskuen azterketan oinarritutako segurtasun-neurriak garatu behar dira, eta, hain zuzen, neurri horiek ez dira aurreikusten indarrean den zuzenbidean, beharrezko argitasunarekin bederen; kasu horretan, pertsona horren datu-babeserako eskubidea urratuko litzateke, eta legezko oinarri garbia behar da haren datuak tratatzeko. 

Ondorio gisa, esan dezakegu gaur egun ez dagoela langile baten soldata zehatza (batezbestekoak edo medianak bakarrik) emateko gaitzen duen legezko araurik, langile-kopurua haiek emateko adinako txikia bada eta datua ez bada estatistika bilakatzen (datu erreal bat ematen da). Talde batean langile bakar bat sartzen bada, esan nahi du batezbestekoa ematen denean langilearen soldata ematen dela, eta justifikatuta dago datu hori eman nahi ez izatea. Horregatik onetsi da kasazio-errekurtsoko idatzian enpresak eskatutakoa. 

María Urizar Pérez 

Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua      

Badaukagu iradokizun hoberenaren XIII. sariaren irabazlea

Premio a la mejor sugerencia
Mutualiak 2024an zehar XIII. Iradokizun Onenaren Sariaren edizioa ospatu du. Lehiaketan gure zerbitzuen kalitatea hobetzen lagunduko digun urteko ideia saritu nahi da.
Oraingoan, Kira Villamizarrek bidalitako iradokizunak jaso du saria.

“Nire iradokizuna da auto ebaluatzeko edo prestatzeko aukera ematen duen plataforma moduko bat egotea. Formatu digitaleko plataforma bat, langileek beren ongizatearen autoebaluazioa egin ahal izateko (mentala, fisikoa…). Eta autoebaluazio hori egin ondoren, behar izanez gero, hobetzeko gomendioren bat ematea. Ildo horretatik, langilearen sektoreko arriskuetan oinarritutako trebakuntza barne hartzen duen gomendioa izan daiteke (bizkarreko edo eskumuturreko mina baduzu, zer ariketa egin lanaldian, adibide bat aipatzearren). “

Irabazleari eta gainerako parte-hartzaileei eskerrak eman nahi dizkiegu jasotako iradokizunen kantitateagatik eta kalitateagatik, zalantzarik gabe gure zerbitzuak nola hobetu jakiteko eta gure bezeroek espero dutenera egokitzeko aukera ematen baitigute.
Zorionak eta eskerrik asko.

Mugikortasun berria: Bi gurpileko ibilgailuen garrantzia.  

vehiculo de dos ruedas

Mugikortasun berriari eta bi gurpileko ibilgailuei buruzko legedia sortu zen hirietako eta garraioko araudiak hirietan gertatzen ari diren aldaketetara eta herritarren lehentasunetara egokitzeko beharrari erantzuteko. Aldaketa horiek hainbat faktorek bultzatzen dituzte, besteak beste, hiriko trafikoaren pilaketa gero eta handiagoak, ingurumen-kutsadurarekiko kezkak eta mugikortasun-irtenbide jasangarriagoen beharrak. Funtsezko hiru arrazoi hauek justifikatzen dute legeria:  

1. Ingurumen-jasangarritasunaren beharra.

Bi gurpileko ibilgailuei buruzko legeria —batez ere elektrikoei buruzkoa— ezartzeko arrazoi nagusia da hirietan gas poluitzaileen emisioak murrizteko gero eta behar handiagoa dagoela. Garraioa da ingurumen-eragin handiena duen sektoreetako bat, eta eragin handia du karbono dioxidoaren (CO2) eta beste gas kaltegarri batzuen emisioetan. Legeriak ibilgailu jasangarriagoetarako trantsizioa bultzatzen du, hala nola bizikleta eta patinete elektrikoetarakoa, horiek erabiltzean kutsatzailerik igortzen ez dutelako.  

Helburu nagusia emisioak murriztea da. Erregulazioak barne-errekuntzako ohiko garraioaren ordezko aukerak sustatzeko diseinatuta daude. Izan ere, garraio hori da hirietako poluzio atmosferiko gehiena eragiten duena. Horrek berotegi-efektuko gasak murrizteko nazioarteko konpromisoei eta hirien jasangarritasun-helburuei laguntzen die, Parisko Akordioaren eta NBEren Garapen Jasangarrirako Helburuen (GJH) ildotik.  

Nabarmentzekoa da, halaber, emisio gutxiko guneen (EGE) inpaktua. Hiri askotan, errekuntza-ibilgailuak ezin dira eremu jakin batzuetara sartu. Legedi horrek zero isurpeneko mugikortasuna sustatzen du, eta, beraz, bizikleta eta patinete elektrikoak erabiltzea. Hori bat dator jasangarritasun-politika orokorrekin eta airearen kalitatea hobetzearekin.  

2. Hiri-zirkulazioaren eta auto-pilaketen erronkak.

Hiri modernoek gero eta zirkulazio-pilaketa handiagoei egin behar diete aurre, errepideetako ibilgailu-kopurua handitu delako. Arazo horrek, joan-etorrien denbora luzatzeaz gain, kutsadura, estresa eta produktibitate-galera ere areagotzen ditu. Bi gurpileko ibilgailuek, batez ere elektrikoek, arazo horri aurre egiteko alternatiba eraginkorra eskaintzen digute.  

Bizikleta eta patinete elektrikoek lau gurpileko ibilgailuek baino leku askoz gutxiago hartzen dute herri barruko bideetan, eta horrek auto-pilaketa gutxitzen laguntzen du. Gainera, mugikortasun arinagoa ahalbidetzen dute, batez ere biztanle-dentsitate handiko eremuetan. Legeriak ibilgailu horien erabilera errazten du, haientzako gune esklusiboak ezartzen baititu, hala nola bizikletentzako erreiak, eta espazio publikoaren erabilera arautzen baitu, haien eraginkortasuna maximizatzeko. Ezin dugu ahaztu hirietan ibilgailu pribatuen kopurua murrizteko beharrari erantzuten diola administrazioek mugikortasun partekatua sustatzeak, bai eta ibilgailu partekatuen plataformak arautzeak ere (patinete eta bizikleta elektrikoak).  

3. Irisgarritasuna eta justizia soziala.

Legeriak ere zeregin garrantzitsua du mugikortasun berria herritar guztientzat irisgarria izan dadin bermatzeko. Bi gurpil elektrikoko ibilgailuak merkeagoak eta erabilerrazagoak direnez, garraiobide inklusibo bat eskaintzen dute, baliabide ekonomiko gutxiago dituzten pertsonentzat onuragarria izan daitekeena, ohiko ibilgailu motordunekin alderatuta. 

Ondorioa  

Mugikortasun berria eta bi gurpileko ibilgailuak mugitzeko modua aldatzen ari dira, gaur egungo hiri-erronkei irtenbide berritzaileak eta jasangarriak eskainiz. Teknologiak hobetu ahala eta azpiegiturak garraiobide berri horietara egokitu ahala, espero da teknologia horiek gero eta gehiago erabiltzen jarraitzea, etorkizun garbiagoa, eraginkorragoa eta guztiontzako eskuragarriagoa lortzen laguntzeko. Hala ere, funtsezkoa izango da azpiegituraren eta segurtasunaren arloko erronkak gainditzea, irtenbide horiek erabiltzaile guztientzat benetan onuragarriak izango direla bermatzeko. Erronka horiek dira mugikortasun hobea lortzeko benetako koxka. 

Gizarte segurantzaren prestazioen errekarguaren ehunekoa, segurtasun-neurririk ezaren kasuan

recargo economico

Aztertuko dugu zer eragin duen langileen jokabideak Gizarte Segurantzaren prestazioetan segurtasun-neurririk ezak eragindako errekarguaren ehunekoa finkatzean. 

Zoritxarrez, lan-istripuak gertatu egiten dira, eta gehienetan kanpoko arrazoien, ustekabekoen edo aurreikusi ezinezko arrazoien ondorioz gertatzen dira, baina beste kasu batzuetan, ordea, langileen jokabideak ondorio nabarmenak ditu. 

Baloratu behar da erru-konkurrentzia dagoen, eta alderdiek azken gertaeran duten erantzukizuna haztatu. Horrela, baloratu behar da, batetik, langilearen beraren zuhurtziagabekeria izan daitekeen, eta, bestetik, enpresaburuak oinarrizko segurtasun-arauak bete dituen edo ez. Ondorioa hau da: langileen zuhurtziagabekeria ez-ausartegiak eta enpresaburuak prebentzio-arauak ez betetzeak ez du eragozten ez arau-haustea aplikatzea ez prestazio-errekargua ezartzea. 

Beste modu batera esanda, biktimaren erruak ez du hausten kanpoko agentearengandik datorren kausazko lotura. Langileari egotz dakiokeen erruzko jarduera izan ezik, ez bada kasua, eta ausarkeriazkoa ez den errua baldin bada, erru-konkurrentzia gertatzen da, hau da, segurtasun- eta osasun-neurrien omisioarekin batera, beste elementu bat izan daiteke, langilearen zuhurtziagabekeria, faltaren larritasuna ezarritako zehapena graduatzeko irizpideen arabera haztatzeko, eta horrek enpresaren erantzukizuna arinduko luke, langilearen zuhurtziagabekeria hori izan ezean emaitza bestelakoa izango bailitzateke. 

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 164. artikuluak, zeinak prestazio-errekargua ezartzen baitu, ez du egozpen-irizpide zehatzik ematen, baina errekargua zehazteko jarraibide orokor bat ematen du, hutsegitearen larritasuna. Baloratzeko tarte handia uzten dio epaileari, hasiera batean lehen auzialdikoari, eta, ondoren, goragoko instantzietan berrikusi ahal izango da, hasierako balioespen hori modulatuz; hasieran finkatutako errekargu-ehunekoa aldatu ahal izango da, nahiz eta egitateei buruzko aldaketarik ez egin. 

Irizpide hori aplikatu izan du gure jurisprudentziak erru-konkurrentziaren kasuetan, bi jokabideek eragiten baitute azken emaitza. 

María Urizar Pérez 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

2024ko lanbide arteko gutxieneko soldataren (LGS) indarraldia, lan-eskubideak babesteko 

salario minimo

Laneko Zuzendaritza Nagusiak, “bere eskumeneko xedapen juridikoak interpretatzeko eta aplikatzeko” duen funtzioa betez, LGSren 2024rako indarraldia bertan behera uztearekin lotutako interpretazio-irizpide bat eman du. 

Horregatik, LGSren 2025erako balioa ezarri arte, hau zehazten da, Lan Zuzendaritza Nagusiaren instrukzioaren bidez:  

  • Luzapena bat-batean desagertzeak ez die eragiten indarrean dauden soldatei, soldata horiek kontratu bidez jasoak baitaude. 
  • Kontratazio berrien gutxieneko soldata ezin da izan 2024ko LGSan finkatutakoa baino txikiagoa. 
  • Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzak zainduko du langileek itundutako soldata jasotzen dutela eta enpresa-betebehar hori zorrotz betetzen dela.