Mutualiaren PREBENTZIOZKO BEGIRADAK XXII. LEHIAKETAn parte hartzeko epea irekita dago (2025 urtea)

Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak martxan jarri du Laneko Arriskuen Prebentziozko Begiradak Argazki Lehiaketaren beste edizio bat. Gizartea laneko segurtasunari eta osasunari buruz kontzientziatzea eta sentsibilizatzea da lehiaketaren helburua. 

 Modalitateak

  • Argazki onenaren saria, 1.200 € 
  • Adimen artifizialaren bidez sortutako irudi onenaren saria, 600 € 
  • Bideo labur onenaren saria, 1.200 € 

Material guztiek laneko arriskuen prebentzioa landu behar dute, estatuko errealitatean bakarrik jarriz arreta eta prebentzioaren balioak nabarmenduz, dela arrisku-egoerak dela jardunbide egokiak aipatuz,  azken horien balioespen positiboa egingo delarik. 

Epea 2025eko otsailaren 15ean amaituko da, eta epaimahaiaren erabakia Mutualia Sariak banatzeko ekitaldian jakinaraziko da. Ekitaldia Mutualiako erabakimen handiko ospitalean (EHO Mutualia) egingo da, Gasteizen, 2025eko martxoaren 25ean, Mutualiaren 125. urteurrenean. 

 Parte-hartzea doakoa da, eta lehiaketan parte hartzeak berekin dakar oinarriak erabat onartzea. 

ANIMATU PARTE HARTZERA! 

 

Antibiotikoak, haien lana gu babestea da. Zurea, haiek ondo  erabiltzea

antibioticos 2024

Lelo horren pean, PRANek (Antibiotikoei Aurre Egiteko Plan Nazionala) Antibiotikoen Erabilerari buruzko Kontzientziazio Astearen eta Antibiotikoak Zuhurtziaz Erabiltzeko Europako Egunaren kanpaina zabaltzen du.  

Kanpainaren helburu nagusia da pertsona guztiak antibiotikoen erabilera egokiaren inguruan kontzientziatzea eta haien erabilera zuhurra eta egokia sustatzea. 

Botikorresistentziaren ondorioz, antibiotikoak eta mikrobioen aurkako beste medikamentu batzuk ez dira eraginkorrak bihurtzen, eta, beraz, infekzioak gero eta zailagoak edo tratatu ezinagoak dira. Osasun publikoaren mehatxu larrienetako bat bakterioak sendagai-mota horiekiko erresistente bihurtzea da. Izan ere, bakterio multirresistenteek urtean 35.000 heriotza eragiten dituzte Europan, bai eta 1.500 milioi euroko osasun-gastu gehigarria ere.  

Antibiotikoak gehiegi erabiltzea da antimikrobianoen aurkako erresistentzien arrazoi nagusietako bat, gutxitzea denon erantzukizuna da

Hobeto prebenitu 

Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesuari laguntzen dioten faktoreen artean, infekzioen prebentzioan eta kontrolean dauden gabeziak daude, baita farmako horien erabilera okerra ere. Pertsona guztiok neurriak hartu behar ditugu inpaktua murrizteko. 

Osasunaren Mundu Erakundeen (OME) gomendioak 

  • Eskuak maiz garbitzea.  
  • Elikagaiak ongi garbitzea.  
  • Gaixorik dauden pertsonekin harreman zuzenik ez izatea.  
  • Txertoen egutegia behar bezala betetzea.  

Mutualiaren Eskuko Higienearen Batzordea 

Mutualiak Eskuko Higienearen Batzorde bat du, zeinak, aldian-aldian, eskuak egoki nola garbitzen diren erakusten baitu, OMEren gidalerroei jarraituz, hau da, eskuak garbitzeko bost uneak aintzat hartuz. Gainera, jarraibide oso zehatzak ditu ebakuntzen aurretik eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, eskularruak eta mantalak jartzeko eta abar. Jarraibide horiei esker, asistentziarekin lotutako infekzio-indizeek behera egin dute Mutualian.  

Erandioko zentroa: lanak direla eta itxita

mutualia erandio centro

Sarrera nagusian egingo diren eraberritze-lanak direla eta, Erandioko Osasun-zentroa (Astrabudua) itxita egongo da azaroaren 18tik 29ra.

Errehabilitazioko gimnasioak ohiko zerbitzua emango du.

Aldi horretan, lan-istripuagatik asistentzia behar duten pertsonak Mutualia Klinikara joan  daitezke (Ercilla kalea 10, Bilbao), eta baita Mutualiaren Santurtziko Osasun-zentrora ere. Helbidea: Murrieta 70 (San Juan de Dios ospitalea).

Ba al zenekien atxikidura dela faktore aldagarririk garrantzitsuena helburu terapeutikoa lortzeko orduan? 

medicamentos

#AtxikiduraEguna2024 da gaur, “Indartu zure atxikidura, irabazi osasuna”. Pazienteek eta osasun-arloko profesionalek ELKARREKIN lan egin behar dugu atxikidura hobetzeko. Denok gara protagonista. 

Gaur, “Medikamentuekiko atxikidura eta informazioaren eguna”ren 15. edizioa dugu. Ekimen horren bidez, ospitale-farmaziako 100 zerbitzuk baino gehiagok gogorarazten diete pazienteei garrantzitsua dela tratamenduaren jarraibideak betetzea eta medikamentu bakoitzaren hartualdiak ez ahaztea. 

Atxikidura behar baino okerragoa izan daiteke tratamendu kronikoak dituzten paziente adindunen % 50ean, osasun mentaleko tratamenduan dauden pazienteen % 44-56an, eta inhalatutako kortikoideak hartzen dituzten pazienteen % 60an. 

Atxikidura terapeutikoa pertsona guztiengan kontuan hartu beharreko funtsezko alderdi bat da, tratamendua eta patologia edozein direla ere. Atxikidura sustatzeko, osasun-profesional guztien parte-hartzea behar da. Alde horretatik, ospitale-farmazialariok eginkizun bikoitza dugu: 

  • Atxikidura egokia sustatzea: banakako arreta farmazeutikoa, medikamentuei buruzko informazioa, jarraibideak sinplifikatzea, plan terapeutikoa antolatzea… 
  • Atxikiduraren balorazioa eta jarraipena 

Atxikidurarik eza —nahita edo nahi gabe gertatzen delarik ere— arazo konplexua da, hainbat faktorek eragiten baitute, eta faktore horiek guztiak identifikatuz ekin behar zaio arazoari. 

Nola hobetu tratamenduarekiko atxikidura?  

Kontuan izan beharreko alderdiak: 

  • Pazientea ez epaitzea eta errudun ez sentiaraztea 
  • Esku-hartzeak indibidualizatzea 
  • Pazientearen eta profesionalaren artean konfiantza sortzea 

Ospitaleko Farmaziaren Espainiako Elkartearen infografia deskargatu 

Susana Urrutia García


Mutualiako ospitale-farmazialaria

Ezintasun iraunkorraren datak eragina du langile autonomoen araubide berezian kotizatzeko betebeharraren amaieran

euros

Antonio Vicente Sempere Navarro irakasleak azterketa interesgarri eta xehatua egin du Auzitegi Goreneko Administrazioarekiko Auzien Hirugarren Salak 2024ko ekainaren 13an emandako epaiari buruz. Azterketa horrek interes eta garrantzi praktiko handiko auzi bati heltzen dio, administrazioarekiko auzien jurisdikzioaren eta lan-arloko jurisdikzioaren harremanak direla eta, eta bi jurisdikzioen arteko harremanetan jartzen du operadore juridikoaren arreta. 

Egitatezko kasu zehatz batek ekarri du azterketa hori: langile autonomo batek ezintasun iraunkor osoa aitortzeko eskatu zuen, baina Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak ezetsi egin zuen eskaera; langileak errekurtsoa aurkeztu zuen lan-arloko jurisdikzioan, eta jurisdikzio horrek demanda baietsi zuen, 2017ko maiatzaren 31ko epai baten bidez zeinean 2014ko uztailaren 9tik aurrerako ondorioak ezarri baitzitzaizkion ezintasun iraunkorreko pentsioari. 

Demanda izapidetu bitartean, langilea alta-egoeran egon zen ekonomia-jardueren gaineko zergan (EJZ), eta Langile Autonomoen Araubide Bereziari (LAAB) kotizazioak ordaintzen jarraitu zuen; halaber, langileak argudiatu zuen berez ez zela aritu ohiko ekoizpen-jardueran, eta hori enplegatu baten esku utzi zuela. 

2017ko urriaren 6an, LAABen baja emateko eskatu zion Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari (GSDN), argudiatuz 2014ko uztailaren 9an amaitu zela jarduera, ezintasun iraunkor osoa aitortzen duen epaian oinarrituta (ordurako irmoa). GSDNk 2017ko maiatzaren 31tik aurrerako ondorioekin aitortu zuen baja, eta ez 2014ko irailaren 9tik aurrerakoekin. 

Langileak demanda aurkeztu zuen administrazioarekiko auzien epaitegian, eta baietsi egin zen. Ondoren, GSDNk errekurritu egin zuen, eta Balear Uharteetako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salak administrazioaren errekurtsoa baietsi zuen. Horren haritik, kasazio-errekurtso bat aurkeztu zuen langileak Salan, eta Auzitegi Gorenak onartu egin zuen, haren iritziz jurisprudentzia eratzeko kasazio-interes objektiboa zuelako, erabakitzeko “ea egokia den langile baten LAABeko bajaren ondorioak atzera eramatea, lanbiderako ezintasun iraunkor osoa aitortzen zuen lan-arloko epai irmo batean ezarritako datara, Gizarte Segurantzan kotizatzen jarraituz gero eta ekonomia-jardueren zergan alta emanda egonez gero”. 

Auzitegi Gorenak ondore logiko eta zuzen gisa baloratzen du langile errekurtsogileak LAABeko kotizazioak ordaintzen jarraitu izatea baliaezintasun-pentsioa aitortu gabe geratu ostean, ez zuelako kotizazio-denborarik galdu nahi. Bestela, sakrifizio bidegabea galdatuko litzaioke eskatzaileari babes judizial eraginkorra eskatzeko, errekurrituz gero exijituko bagenio bezala pentsioa arriskuan jartzeko, auzitegiek ukoa berretsiko balute; halaber esaten da, GSDNk adierazi bezala errekurtsogileak jarduerarekin jarraituz gero, zuzenbidearen aurkako administrazio-ebazpen baten ondore zuzena izango litzatekeela. 

Balorazio hori gorabehera, gauza epaituaren instituzio juridikoa izango da auzia konpontzeko gakoa (Prozedura Zibilaren Legearen 222. artikulua), azken batean auzitegiek emandako epai irmo baten eraginkortasun osoak nagusitu behar baitu, zeinaren arabera Gizarte Segurantzak aitortu egin behar baitzuen langileak data jakin batean eskatu zuen ezintasuna. Gaia auzitara eraman zuen auzitegiak finkatutako data onartzen ez bada, hein batean baztertu egiten da lan-arloko jurisdikzioaren erabakia, eta urratu egiten da epai honetako gauza epaitu materialaren ondorioa. Beste kontu bat dira aitorpen horren ondoreak; esaterako, ezintasuna aitortu den dataren ondoren ordaindutako kuoten erregularizazioa eta ezintasunagatik dagozkion zenbatekoen ordainketa. Hala ere, eztabaidaezina da lan-arloko jurisdikzioaren auzitegiak finkatutako datara eraman behar direla ezintasunaren aitorpena eta haren ondorio guztiak. 

Auzitegi Gorenak uste du ez dela onargarria eskatzailearen beraren kalterako izatea ezintasun iraunkor osoa ukatzea zuzenbidearen aurkakotzat jo duen jurisdikzio eskudunaren erabaki bat (kasu honetan lan-arlokoa); gauza bera gertatuko litzateke administrazio-jarduna bera bidegabea izatearen ondorioz atzeratuko balira geroagoko data batera aitorpen horren ondorioak (hots, Gizarte Segurantzan kotizatzeko aldiaren amaierara). 

Horrenbestez, lan-arloko jurisdikzioak erabakiko du ondorioen baliozko data, eta aurrekari logiko eta beharrezko gisa sortuko ditu ondorio guztiak.  

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokat

Udazkenean gidatzea: beti erne

conducir en otoño

Meteorologia-aldaketa bortitzak gertatzea da udazkenaren ezaugarri bat. Ohikoa izaten da eguzki betetik behe-lainoa izatera igarotzea, edo ustekabeko euri-zaparradak; edo haize bortitzak direla-eta alertak izatea, oraintsu bezala. Bestalde, eguzki-orduak murrizten direnez eta arian-arian tenperaturak jaisten direnez, zuhurtzia handiagoz jokatu behar dugu urtaro aldakor honi lasaitasunez aurre egiteko.

Zein izango lirateke oinarrizko aholkuak urtaro polit bezain aurreikusgaitz honi segurtasunez aurre egiteko?

  • Kontsultatu eguraldia aldez aurretik. Ezinbestekoa da joan-etorria egin aurretik iragarpen meteorologikoa kontsultatzea. Sasoi ezegonkorra da, eta errepideko kondizioak asko alda daitezke egun berean.
  • Berrikusi ibilgailua bidaiatu aurretik. Komeni da ibilgailua puntuan jartzea udaren ondoren. Jarri arreta berezia pneumatikoei, haiek baitira gure ibilgailuaren eta asfaltoaren arteko lotunea; haiek egoera onean egotea lehentasunezkoa da segurtasunez bidaiatzeko.
  • Euria ari duela gidatzean. Galtzada bustita egoteak, euriaren eraginez ikuspena gutxitzeak edo abiadura desegokia izateak galaraz dezakete ibilgailuaren gaineko kontrola. Hala, euriarekin gidatzeko, neurri batzuk hartu behar ditugu segurtasun-maila egokia bermatzeko.
    • Zuhurrago jokatu. Egokitu abiadura bidearen egoerara. Gogoan izan balaztatze-distantzia bikoitza dela. Hori dela eta, handitu segurtasun-distantzia, eta beste gidariek ikusi ahal izateko adinako denboraz seinaleztatu maniobrak. Saiatu gainerako ibilgailuen arrastoari jarraituz gidatzen, eta ez gelditu ibilgailua.
    • Ez aurreratu ikuspen txikiko egoeretan, batez ere bi noranzkoko bideetan.
    • Ikusi eta ikus zaitzatela. Piztu dagozkion argiak. Piztu aireztatze-sistema, beira lurrundu ez dadin. Gorabeheraren bat izanez gero, ez geratu ibilgailuaren barruan. Seinaleztatu egoera larrialdi-argien bidez, gainerako gidariak ohartarazteko. Jantzi txaleko islatzailea; irten ibilgailutik euria egin arren, eta, trafikoaren egoerak aukera ematen badu, jarri hesiaren atzean edo trafikotik ahalik eta urrunen dagoen leku batean.
  • Behe-lainoarekin gidatzean. Behe-lainoarekin ere, gidatzean arreta handiagoa jarri behar da istripuak saihesteko, ikuspena murrizten eta zorua bustitzen baitu. Aurreko gomendioak ez ezik, beste gomendio espezifikoago batzuk ere izan behar dituzu gogoan:
    • Egokitu abiadura, eta ez aurreratu ikuspen gutxiko egoeretan. Saiatu beste ibilgailuen abiadura berean joaten, eta gogoratu behe-laino itxiarekin gerta daitekeela abiadura-sentsazioa galtzea.
    • Utzi segurtasun-distantzia handiagoa aurreko ibilgailuarekin, baina begien bistatik galdu gabe. Ez egin bat-bateko maniobrarik.
    • Ez geratu, ezta bazterbidean ere. Konponbiderik seguruena iruditu arren, istripua eragin dezakezu beste ibilgailuek ikusten ez bazaituzte.
    • Erabili argi laburrak eta laino-argiak, hobeto ikus zaitzaten. Argi luzeak aktibatzea izaten da joera naturala, baina, ispilu-efektua eragiten dutenez, gidaria itsutu eta ikuspena zailtzen dute.
    • Erabili galtzadaren eskuineko ertzeko marra gida gisa. Horrek lagunduko dizu hautematen zenbateko lainoa dagoen, eta hobeto eusten galtzadako kokapenari.
  • Etengabe begiratu galtzadari. Sasoi honetan, zikinkeria eta oztopo txikiak aurki ditzakegu galtzadan, zuhaitzen hostoak erortzen eta haize-bolada handiak izaten baitira.
  • Animaliak. Udazkenean, maizago gertatzen dira, bai animaliak harrapatzea, bai animaliak saihesteko ahaleginaren ondorioz istripuak izatea. Zehazki, egunsentian eta ilunabarrean izaten dira. Gidariak animalia saihesten beranduegi saiatzen direlako eta abiadura desegokian doazelako gertatzen dira istripuak. Landa-eremuetan gidatzen baduzu, kontuz ibili, eta arreta jarri haien presentziari.
  • Haizea. Alboko haizeak eta haize-boladek dute arriskurik handiena, kontrola galaraz baitiezaiokete gidariari. Haizea 70 km/h-tik gorakoa bada, komenigarria da ibilgailua etxean uztea, arriskutsua izateaz gain, erregai-gastu handiagoa eragiten baitu egoera horretan gidatzeak. Ezinbestean autoa hartu behar baduzu, adi egon aholku hauei:
    • Murriztu abiadura. Haizearekin zein beste fenomeno meteorologiko batzuekin, zuhur jokatu behar duzu. Abiadura txikitu eta martxa laburrekin gidatzen badugu, hobeto heltzen diote pneumatikoek galtzadari.
    • Eutsi bolanteari. Eutsi tinko bolanteari gidatzen duzunean, indarrez helduta. Maniobrek leunak eta kontrolatuak izan behar dute. Haize-boladek zabuak eragin diezazkizukete.
    • Erreiaren erdialdetik. Erreiaren erdialdetik zirkulatu behar da, hartara, haizeak autoaren ibilbidea desbideratzen badu, beste errei bat ez inbaditzeko eta, hala, istripurik ez eragiteko.
    • Aurreratzea. Agian aurreratzea da mementorik kritikoena haizearekin gidatzen dugunean. Ondo aztertu behar da nondik jotzen duen haizeak eta zer arrisku izan ditzakegun aurreratzean. Haizeak aurrez aurre jotzen badu, nabarmen murriztuko da autoaren abiadura, aurreko ibilgailuaren babesetik atera bezain laster. Horren ondorioz, baliteke maniobra motelago egitea eta ohi baino denbora luzeago behar izatea.
    • Haizea albokoa bada, zailagoa da aurreratu nahi den ibilgailua handia bada. Haizea eskuinetik badator, autobusak edo kamioiak haizea estaliko dute, eta, beraz, ibilgailu handienak bereganantz erakarriko du ibilgailu txikiena. Ibilgailu handia aurreratu bezain laster, kontrakoa gertatuko da, eta arekan bukatu dezakezu alboko haizearen ondorioz. Fenomeno horri “pantaila-efektua” esaten zaio, eta haizearekin gidatzean dugun arriskurik handiena da.
    • Kontuz SUVekin (kirol-ibilgailu utilitarioak) eta lur orotarikoekin. Kontuan izan behar da bolada handiek auto txikienei baino are gehiago eragiten dietela kamioiei eta autobusei. Arrazoi beragatik, auto handienek gehiago nabarituko dute haizea, grabitate-zentroa altuago baitute eta ezegonkorragoak baitira. Dena den, pisu eta altuera handiagoak izateak arindu dezake puntu hori, nolabait.
    • Tunelak eta zubiak. Ibilgailu handi bat aurreratzean bezala, zubi edo tunel batean sartzean, horrek haizetik babesten gaitu, baina, handik ateratzean, haize-bolada horiek itzuli egingo dira. Hori dela eta, aurreko zenbait puntu hartu behar dira kontuan: aurreikusi behar da autoa erreitik kanpo bultza dezakeela haizeak, eta, beraz, irmo-irmo eutsi behar zaio bolanteari, baliteke-eta gidariak ez jakitea haizeak nondik joko duen.

Aholku horiek lagunduko dizute bidaiak prestatzen eta joan-etorriak kontrolatzen, eta udazkenean seguru gidatzen.

IKTUSA: Emakumeen heriotza-kausa eta helduen desgaitasun-kausa nagusia 

ictus 2024

Urriaren 29a Iktusaren Nazioarteko Eguna da. Gaixotasun horren 120.000 kasu izaten dira urtero Espainian. Emakumeen artean heriotza gehien eragiten dituen gaixotasuna da, 6 pertsonatik batek iktus bat izango baitu bere bizitzan, eta helduen artean desgaitasun-kausa nagusia da. 

Iktusaren Nazioarteko Eguna dela eta, Freno al Ictus Fundazioak, Espainiako Neurologia Elkartearekin (SEN) eta SENen Gaixotasun Zerebrobaskularrak Aztertzeko Taldearekin (GEECV-SEN) batera, eta GMPren laguntzarekin, dibulgazio-jardunaldi bat egingo du urriaren 28an, “Iktusari buruzko Topaketa Zientifiko eta Soziala” izenburupean.  Jardunaldiaren helburua da gaixotasun honek ikuspegi zientifiko eta sozialetik duen eragina aztertzea. Egitaraua: https://www.frenoalictus.org/noticias/dia-mundial-del-ictus-2024-encuentro-cientifico-y-social-sobre-ictus-1709 

Freno al Ictus Fundazioak gogorarazi duenez, iktusen % 90 prebenitu daitezke; horregatik da hain garrantzitsua prebentzioaren kultura eta bizimodu osasungarria sustatzea. 

Osasuna zaintzeko metodologia bat dauka Mutualiak, MutualiaOn!, bai enpresak bai enpresa osatzen duten pertsonek guztien ongizate fisiko eta mentala bila dezaten, eta, aldi berean, komunitatean parte hartu eta laneko giro fisikoa zaindu dezaten. 

MutualiaOn!-erako esteka: https://www.mutualia.eus/es/mutualia-on-modelo-empresa-saludable/