Mutualex epaia 2024ko Ekaina

sentencia

Auzitegi Gorenak, 2024ko otsailaren 26ko epaian, GSLOren 53.1 artikulua ezartzea berretsi zuen, kontingentzia aldatuz gero aldi baterako ezintasunaren prestazioaren eragin ekonomikoak finkatzeko, eta adierazi zuen eragin ekonomikoei hiru hilabeteko atzeraeragina aplikatu behar zaiela, kontingentzia zehazteko eskaera egindako egunetik kontatzen hasita.

mazoa

Auzitegiari jakinarazitako kasuan, langileak aldi baterako ezintasuneko prozesu bat hasi zuen 2016ko abenduaren 20an, eta, hasiera batean, ezintasun hori lanez kanpoko istripu baten ondoriotzat jo zen. 2018ko otsailaren 21ean, langileak aldi baterako ezintasuneko prozesuan kontingentzia zehaztea eskatu zuen. 2018ko apirilaren 12an, GSINk ebatzi zuen langileak 2016ko abenduaren 20an hasitako aldi baterako ezintasuneko prozesua laneko istripu baten ondorio zela. Mutualitateak kontingentziaren zehaztapenaren gaineko demanda aurkeztu zuen, eskatzeko ezintasuna jatorri arruntekotzat jo zedila, edo, betiere, lanekotzat joz gero, eraginak kontatzen eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenagotik has zedila, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 53. artikuluaren arabera.

Auzialdiko epaitegiak kontingentzia aldatzea eskatutako egunean hasita aplikatu zien hiru hilabeteko atzeraeragina eragin ekonomikoei, baina Justizia Auzitegi Nagusiak iritzi zion ez zela hala aplikatu behar, eta, beraz, kontingentzia-aldaketaren eragin ekonomikoak aldi baterako ezintasuna hasitako egunetik aitortu zituen, hau da, 2016ko abenduaren 20tik.

Auzitegi Gorenak ondorioztatu zuen aldi baterako ezintasuneko prestazioaren kontingentzia zehazteko prozedura judizialetik eratorritako eragin ekonomikoak zein egunetan ezarri behar diren erabakitzeko eztabaidaren irtenbidea hau zela: eragin ekonomikoek kontingentzia zehazteko egindako eskaera aurkeztu baino hiru hilabete lehenago hasi behar dutela ezartzea. 

Horiek horrela, auzi-jartzaileak 2018ko otsailaren 21ean eskatu zuen kontingentzia zehaztea, hau da, gertaera eragiletik hiru hilabeteko epea igaro ondoren. Ondorioz, asmo hori aitortzetik eratorritako eragin ekonomikoak eskaera egin aurreko hiru hilabeteetara mugatu behar dira, hau da, 2017ko azaroaren 21era, auzialdiko epaiak ondorioztatu bezala.

Ondorio horretara heltzeko, Auzitegi Gorenaren bi epai hauetara jotzen du: 22/2021 epaia, urtarrilaren 13koa (rcud. 2245/2019), eta 895/2022 epaia, azaroaren 10ekoa (rcud. 856/2019). “Gai hau ebazteko, GSLOren 53.1 artikuluak ezartzen duena hartu behar dugu abiapuntutzat: “1. Prestazioak aitortzeko eskubideak bost urteko epean preskribatuko du, kasuan kasuko prestazioaren egitate eragilea gertatzen den egunaren biharamunetik kontatzen hasita; hori, halere, ez da eragozpena izango lege honetan ezartzen diren salbuespenetarako eta aitorpen horren ondorioak kasuko eskaera aurkezten den eguna baino hiru hilabete lehenagotik gertatzeko“.

Arau hori aplikatuz gero, Gizarte Segurantzaren prestazioen eragin ekonomikoak gertaera eragilea izandako egunean sortzen dira, baldin eta eskaera hurrengo hiru hilabeteetan aurkezten bada, eta gehieneko atzeraeragin horrekin berarekin, baldin eta eskaera epe hori igaro ondoren egiten bada. Hala, aldi baterako ezintasuneko prestazioaren berezitasuna da automatikotasunaren printzipioak babesten eta ofizialtasunaren printzipioak zuzentzen duela, eta, beraz, ez dagoela zertan eskaera aurkeztu, jasotzeko eskubidea sortzeko.

Behin eta berriz adierazten duen moduan, “… lege horrek porrot egiten du aldi baterako ezintasuna eragiten duten gaitzen etiologia eztabaidatzen bada eta langileak kontingentzia zehazteko eskaera aurkeztu behar badu erakunde kudeatzaileak egotzitako gaixotasun arruntaren kalifikazioa eztabaidatzeko, irailaren 11ko 1430/2009 Errege Dekretuaren 6. artikuluak ezarritakoaren arabera. Errege Dekretu horrek Gizarte Segurantzaren gaineko neurriei buruzko abenduaren 4ko 40/2007 Legea garatzen du, aldi baterako ezintasunaren prestazioari dagokionez. Haren arabera, aldi baterako ezintasuneko prozesuak eragiten dituen kontingentzia zehazteko prozedura has daiteke, batetik, medikuak baja-agiria egindako egunetik aurrera; bestetik, ofizioz, erakunde kudeatzailearen beraren aldetik; eta, azkenik, langileak edo mutualitateak hala eskatzen badu. Horretarako, eskaera eta kontingentzia zehaztu ahal izateko behar diren agiri guztiak aurkeztu behar dira, baita egindako txosten eta proba medikoak ere, hala badagokie“.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

BERO-KOLPEA ETA GIDATZEA 

Bero-kolpea gertatzen da gorputza tenperatura altuan luze egoteagatik gehiegi berotzen denean. Egoera mediko larria da, eta arretari, organismoaren erantzunari eta jarduerak osatzeko gaitasunari eragiten dio, hala nola gidatzeko gaitasunari. Hauek dira gidatzean eragin ditzakeen ondorioak:  

  • 25 °C-tik gorako tenperaturan gidatzeak arreta eta kontzentrazioa murrizten ditu. Gainera, ustekabeen aurreko erreakzio-denborari eragiten dio, eta frogatuta dago seinaleen % 20 ez dela hautematen 35 °C baino tenperatura altuagoan gidatzean. 
  • Beroak eta eguzkiak ikusmenari ere eragiten diote, eta itsualdi bat izateko arriskua handitzen dute. Gainera, DGTk adierazi du hori izan dela Espainiako 3.500 bat auto-istripuren arrazoia.  
  • Tenperatura altuek neke- eta logura-sentsazioa ere eragiten dute.  Ondorio horiek saihesteko, autoa martxan dagoen bitartean barruko tenperatura 21 °C eta 23 °C artean mantentzea gomendatzen dute adituek. 

Nola saihestu autoan bero-kolpe bat izatea? 

Udan ibilgailuaren tenperatura jaistea ezinezkoa dela dirudien arren, badira hainbat metodo erraz bero-kolperik ez izateko. Horretarako, autoa hartzerakoan jarraibide hauek bete besterik ez duzu:  

APARKATU ITZALEAN. 

Autoa eguzkipean uzten duzunean, kanpoko karrozeria berotu egiten da, eta, bero hori guztia barrura pasatzen denean, barruan 70 °C-rainoko tenperatura eragin dezake. Horregatik, autoa berriro hartzeko unean baldintzarik onenak izatea bermatzeko, aukerarik onena itzalean leku bat bilatzea da. 

Aparkatu aurretik, garrantzitsua da ondo erreparatzea eguzkiaren norabideari. Zure autora itzuli arte itzala ez bada leku horretan mantenduko, onena da autoa tenperatura altuetatik babestuko duen beste leku bat bilatzea. 

ERABILI EGUZKITAKOA.   

Eguzkitakoa aliaturik onenetako bat da autoan bero-kolpeak saihesteko, eta eguzki-izpiak ibilgailuaren barruan sartzea saihesten du. Horri esker, tenperatura 11 °C inguru jaisten da. Alboetan errezelak eta atzeko beiretan beste eguzkitako bat jartzea ere komeni da.  

Halaber, eguzkitakoak auto barruko elementuak (bolantea, abiadura-palanka eta aurreko panela) ez berotzen ere laguntzen du. Ibilgailuaren atal horiek guztiak 50 °C-rainoko tenperaturara irits daitezke, eta azalean erredurak eragin.  

ERABILI AIRE GIROTUA BEHAR BEZALA. 

Aire girotuak bere funtzioa behar bezala bete dezan, piztean leihatilak jaitsi behar dira. Klimatizazio-sistemak segundo batzuk behar ditu giroa hozteko; beraz, bero-kolpeak saihesteko, komeni da aire freskoa autoan sartzen uztea.  

Autoa erabat itxita dagoela aire girotua pizten duzunean, aire beroak ez du irteerarik aurkitzen eta denbora gehiago behar izaten du barreiatzeko. Hona hemen gomendioa: aire girotua pizten duzunean, itxaron 2 minutu leihatilak itxi arte, eta mantendu klimatizagailuaren tenperatura 21 °C eta 23 °C artean.  

EZ ITXARON IBILGAILUAREN BARRUAN. 

Geldialdi bat egin behar baduzu, nahiz eta oso laburra izan, onena ibilgailutik irtetea da, aire freskoa hartzeko. Tenperatura altuen eraginpean etengabe egoteak zure organismoaren gaitasunari eragin diezaioke, eta bero-kolpe baten berezko sintomak eragin.  

Horregatik, garrantzitsua da auto barruan umerik ez uztea. Familiako txikienek oraindik ez dute guztiz garatua arnas sistema, eta bero-kolpeak jasateko arrisku handiagoa dute. Antzeko zerbait gertatzen da maskotekin; animaliek ez dute gizakiena bezalako izerdi-sistemarik, eta gehiago sufritzen dute tenperatura altua dagoenean.  

MANTENDU HIDRATAZIOA. 

Tenperatura altuan zauden bitartean hidratatuta egoteak gorputza gehiegi ez berotzen laguntzen dizu. Hala, bero-kolpe bat edo deshidratazioaren ondorioak saihestu ditzakezu. Horretarako, eraman beti botila bat ur fresko aldean eta edan etengabe, egarri ez bazara ere.  

AIREZTATU AUTOA SARTU AURRETIK 

Autoaren barruko tenperatura kanpoaldekoa baino askoz handiagoa izan daiteke; beraz, funtsezkoa da ibilgailua hoztea gidatzen hasi aurretik. Abiatu baino minutu batzuk lehenago, ireki ateak eta jaitsi leihatilak, aire freskoaren korronteak autora sar daitezen. Ez piztu aire girotua barruko tenperatura gradu batzuk jaitsi arte.  

Autoaren barrualdea hozteko modu azkarrago bat japoniar trikimailua da. Hori egiteko, kopilotuaren leihatila jaitsi besterik ez duzu, eta gero gidariaren atea ireki eta itxi, haizemailearen antzeko mugimenduarekin. Horrela, aire beroa atera eta tenperatura 10 °C jaisten da minutu gutxian.  

Udako tenperatura altuak etsai isil baina hilgarriak dira, eta gidari asko ez dira jabetzen. Hala ere, aholku erraz hauei jarraituz, bero-kolpea saihestu daiteke. Gidatzean, segurtasuna bermatzea izan behar da beti helburu. 

Gogoratu uda bakoitza abentura bat dela eta oraindik asko ditugula bizitzeko. 

Jendaurrean Erabili Proiektua

Joan den ekainaren7an, Jendaurrean Erabili praktika komunitatearen aurrez aurreko saioa izan zen Mutualiak Bilbon (Henaon) duen egoitzan. Saioaren lehen zatian Jordina Arnauk “Lidergoa, ahalduntzea eta hizkuntzen kudeaketa erakundeen komunikazioan” izenburuko hitzaldia eman zuen. Bigarren zatian, AZK komunikazio eta publizitate agentziak Jendaurrean Erabili komunitatea sortzen dabilen “Erakundeek euskaraz komunikatzeko gida” webgunearen lehen bertsioa erakutsi zuen. Bertan urte hauetan guztietan landutako komunikazio alor ezberdinak agertuko dira, baita euskaraz komunikatzeko baliabideak ere. Datorren udazkenean egingo da gida honen aurkezpen publikoa.

Egitasmo honek aurten 10 urte bete ditu, eta aurtengoa egitasmoaren azkena izango da. Ibilbide oparoa izan du urte horietan guztietan makina bat saio eta ikerketa lan eginez; besteak beste, “Praktika komunitatea hizkuntza gutxituan ere komunikatzen duten erakundeen testuinguruan”, “Hedabide eta erakundeen arteko harremanak eta praktika linguistikoak” eta “COVID19aren pandemiaren eraginak erakundeen komunikazio publikoan”.

Egitasmoaren praktika komunitatearen sorreran talde nuklearra Adegi, AEK, Athletic Club, EITB, Guggenheim, ELA, Getxoko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta UPV/EHUk osatu zuten. Ondoren, hainbat erakunde batu dira egitasmo honetara: Artez, Bai Euskarari, CAF, Donostiako Zinemaldia, Donostiako Udala, Elhuyar, Emun, Eusko Legebiltzarra, Kontseilua, LAB, Makina Erraminta Institutua, Malerrekako Mankomunitatea, Mondragon Koop., Mondragon Unibertsitatea, Mutualia eta Sakanako Komunitatea.

Jendaurrean Erabili egitasmoak erakunde ezberdinen arteko elkarlana eta saretzea bultzatu du, helburu zehatz batekin: jendaurreko komunikazioan euskara gehiago, hobeto edo eraginkorrago erabiltzea, erakunde eta eragileei lagundu eta jardun hori errazteko bide eta bitartekoak eskainiz.

Jendaurrean Erabili
Jendaurrean Erabili

Elkartasunezko kotizazio gehigarria

cotizacion adicional

2025/01/01etik aurrera, tasa berri bat aplikatuko zaio gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen soldata-tarteari. Hauetan arautzen da elkartasunezko kuota: Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 19 bis artikuluan eta 42. xedapen iragankorrean eta abenduaren 22ko 2064/1995 Errege Dekretuaren 72 bis artikuluan (duela gutxi barne hartu da martxoaren 26ko 322/2024 Errege Dekretuaren bidez —2024/03/27ko BOE—).

Adierazitako araudian, GSLOren 147.1 artikuluan ezarritakoaren esparruan, zehazten da gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekoa gainditzen duen besteren konturako langileen ordainsarien zenbatekoa elkartasunezko kotizazio gehigarri bati lotuko zaiola kuota-likidazio orotan; zenbateko hori ezarriko da Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak urte bakoitzerako ezartzen duen kontingentzia arruntengatiko gehieneko kotizazio-oinarriaren zenbatekotik aurrera langileak duen ordainsari-soberakinaren arabera. Kotizazio hori gradualki aplikatuko da, 2025etik 2045era.

Elkartasunezko kuota zehazteko, urteko ehuneko bat aplikatuko zaio urte bakoitzeko Estatuko Aurrekontu Orokorren Legeak ezarritako gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen ordainsariko zenbatekoari, GSLOren 42. xedapen iragankorrean ezarritako tarteekin bat etorriz, eta modu horretan egingo da 2045a arte. Ondorioz:

2025701/01etik aurrera, ehuneko hauek aplikatuko dira elkartasunezko kuota gisa

  • % 0,92ko kotizazio gehigarria, gehieneko oinarritik gehieneko oinarri hori % 10 bitarte gainditzen duen soldata-zatiari.
  • % 1, gehieneko oinarritik gorako % 10 eta % 50 bitarteko soldata-zatiari.
  • % 1,17, gehieneko oinarritik gorako % 50etik aurrerako soldata-zatiari.

2045/01etik aurrera, ehuneko hauek aplikatuko dira elkartasunezko kuota gisa

  • % 5,50eko kotizazio gehigarria, gehieneko oinarritik gehieneko oinarri hori % 10 bitarte gainditzen duen soldata-zatiari.
  • % 6, gehieneko oinarritik gorako % 10 eta % 50 bitarteko soldata-zatiari.
  • % 7, gehieneko oinarritik gorako % 50etik aurrerako soldata-zatiari.

Kotizazio-tasaren banaketa

Elkartasunezko kotizazio-tasa enpresariaren eta langilearen artean banatuko da, eta kontingentzia arruntengatiko kotizazio-tasaren banaketaren proportzio berdina izango du.

Gizarte Segurantzarako kotizazioa kotizazio-oinarri edo kuota finkoen bidez egiten diren kasuei dagokienez, kontuan izan behar dugu kotizazio gehigarri hau ez zaiela aplikatu behar langile autonomoei; besteren konturako langileei bakarrik aplikatuko zaie.

Elkartasunezko kotizazio gehigarria ordaintzeko oinarrizko epea

GSLOren testu bateginaren 19 bis artikuluan zehazten diren ordainsariak ordaindu behar diren hilabetearen hurrengo hilabeteko azken egunean amaitzen da.

Enpresek jakinarazteko duten betebeharra

Enpresek informazio hau jakinaraziko diote Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, baliabide elektronikoen bidez: kotizazio gehigarri horren eraginpeko langileen identifikazio-datuak, ordainsariak zer epetan ordaindu behar diren, aplikatu beharreko gehieneko kotizazio-oinarria gainditzen duen kotizazio-oinarria duten ordainsarien zenbatekoa eta gehieneko oinarriaren eta ondorio hauetarako konputagarri diren ordainsariei dagokienaren arteko kotizazio-oinarrien zenbatekoa.

Zaintza eta egiaztatzea

Laneko eta Gizarte Segurantzako Ikuskaritzari dagokio, bere eskumenen barruan, artikulu horretan ezarritako betebeharrak betetzen diren zaintzea. Eskumen horien kalterik gabe, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak GSLOren testu bateginaren 36.1 artikuluan adierazitako egiaztapenak egiteko ahalmena izango du elkartasunezko kotizazio gehigarri honi dagokionez, une oro eskura dituen eta kuota-likidazioak birkalkulatzeko aukera ematen duten datuetan oinarrituta.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Tabakorik gabe, askoz hobe

mujer rompiendo cigarro

1987. urteaz geroztik, “Tabakorik gabeko Mundu Eguna” ospatzen da mundu osoan. 

Ekimenaren helburua da herritarrak tabakoaren kontsumoari lotutako arriskuez kontzientziatzea. 24 orduz tabakorik ez kontsumitzera animatzen dira herritarrak, eta tabako-kontsumoa murrizteko politika eraginkorrak defendatzen dira. 

Enpresa osasungarrien politiketan, gomendagarria da erretzeari uzteko sentsibilizazio-kanpainak egitea. 

Erretzeak osasuna kaltetzen du, eta 8 milioi heriotzatik gora eragiten ditu urtean mundu guztian, arrisku-faktorea baita gaixotasun askotan. Izan ere, osasunari eragiten dio oro har, bai eta sistema kardiobaskularrari eta birika-sistemari ere. 

Tabakoa kontsumitzeak, osasunari kalte egiteaz gainera, garuna kaltetu dezake, gaitasun kognitibo batzuen narriadura bizkortu eta zahartzaroan dementzia izateko arriskua areagotu.  

Erretzeari uzteak onura nabarmenak ditu. Erretzaile izandakoek, erretzeari utzi eta hamar urtera, ez-erretzaileen pareko arrisku-maila dute gaixotzeari dagokionez. 

Tabako-kontsumitzaile gehienek badakite tabakoak zer arrisku dituen, eta ohitura utzi nahi dute. Baina laguntza behar da erretzeari uzteko eta abstinentzia-sindromeak izan ditzakeen eraginak kontrolatzeko. Sintomak askotarikoak izan daitezke: suminkortasuna, haserrea, frustrazioa, insomnioa, eztula, zorabioak, buruko mina, antsietatea, kontzentratzeko ahalmena galtzea, idorreria, urdaileko mina, jateko gogo handiagoa, etab. 

Erretzeari uzteko prozesuak zenbait fase ditu: erabakia hartzea, mentalizatzea eta erretzeari uztea. Erretzaileak oso kontzientziatuta egon behar du. Izan ere, erretzeari uzteko erabakia erretzaileak hartu behar du. 

Osakidetzak eraginkortasun frogatuko metodoak ditu erretzeari utzi nahi dioten pertsonak artatzeko eta haiei aholku emateko; zenbait baliabide ematen ditu, hala nola hezkuntza-materiala eta hainbat programa, barne hartzen dutenak aurrez aurreko tratamendua, urruneko tratamendua edo tratamendu mistoa.  

Esteka: https://www.osakidetza.euskadi.eus/tabakismoa-prebenitzea/webosk00-oskcon/eu/ 

Elikadura funtsezkoa da enpresa osasungarria eta jasangarria izan dadin

Elikadura da gure bizitza osoan osasuna eta ongizatea ekarriko dizkigun oinarria. Dieta orekatua izateak zenbaterainoko garrantzia duen azpimarratu nahi du Mutualiak. Izan ere, fisikoki eta mentalki sasoian egoteko funtsezkoa izateaz gainera, lan-ingurune osasungarriagoa eta produktiboagoa bermatzen du.

Horregatik da hain garrantzitsua elikadurak gure bizitzan duen eraginaz jabetzea. Elikadura orekatua eta jasangarria izanez gero, gure bizi-kalitatea eta osasuna hobetuko ditugu, eta zahartzaro aktiboa eta osasungarria izango dugu. Mutualiak Elikadura osasungarria izateko eskuliburua landu du, elikadurari buruzko funtsezko alderdiak azaltzeko. Hona hemen haietako batzuk:

  • Elikadura-ohiturak. Aholku praktiko batzuk emango dizkizugu elikadura-ohitura osasungarriak har ditzazun, elikadurak eragin handia baitu gure bizitzan.
  • Nutriente bakoitzaren garrantzia. Nutriente bakoitzak funtzio bat du gure organismoan. Makronutrienteen eta mikronutrienteen funtzioak identifikatzen lagunduko dizugu, bai eta pertsona bakoitzaren profilaren arabera kantitate egokiak hautatzen ere.
  • Nutrizio-estrategiak. Ohiturak hobetze aldera, nutrienteak egunean zehar banatzen lagunduko dizuten estrategia batzuk ikusiko dituzu, eta zuk zenbat energia behar duzun jakingo duzu, zure eguneroko gastuan oinarrituta; urrats txiki horiekin, aldaketa handi bat lortuko duzu.
  • Menuak planifikatzea. Planifikatzen eta janaria prestatzen denbora gehien ematen duen jendeak aukera gehiago ditu elikadura osasungarria izateko. Asteko planifikazioa egiteko eta elikagaiak kontserbatzeko eredu bat proposatu dizugu.
  • Jasangarritasuna eta km0 produktuak. Ikasiko duzu erosketa osasungarria egiten, zerrenda prestatzen, produktuen etiketak irakurtzen eta jasangarritasunaren alde jokatzen. Gertuko produktuak hautatzea da gakoa.

Mutualian Elikadura osasungarriaren eskola ere badugu. Zenbait eskolak osatzen dute; besteak beste:

  • Ongizatea 50etik aurrera
  • Ez egin dietarik, ikasi jaten
  • Plangintza
  • Kirol-nutrizioa
  • Elikadura funtsezko faktorea da patologia kardiobaskularrak eta hanturazkoak hobetzeko.

Talde txikiei zuzentzen zaizkie eskola horiek. Egitura praktikoa eta partizipatiboa dute, eta doakoak dira Mutualiaren enpresa elkartuetako langileentzat.