Kontsulta juridiko 2024ko Otsaila

consulta

Ezintasun iraunkorrari eta erretiroa hartzeko ohiko adina betetzeari buruz

kontsulta

Galdera hau oso ohikoa da, eta maiz egiten dute pentsioa jasotzeko eskubidea ematen duen ezintasun iraunkor bateko pentsio baten onuradunek (osoa edo absolutua eta baliaezintasun handia): Zer gertatzen da aitortutako pentsioarekin erretiro-adina betetzen denean?

Jarraian azalduko dugun bezala, gehienetan prestazioaren onuradunak ez du ezer egin beharko, eta pentsiodunak ez du kalterik jasango inolaz ere, kasurik okerrenean egoera berean geratuko baita.

Ikus dezagun gure ordenamendu juridikoak nola antolatzen duen ezintasun iraunkorretik erretiroa hartzeko ohiko adina betetzerako iragate hori; ikusiko dugun bezala, izen-aldaketa bat baino ez da izango kasu gehienetan.

Urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 200.4 artikuluak dioenez, “Ezintasun iraunkorragatiko pentsioei, haien onuradunak hirurogeita zazpi urte betetzen dituztenean, erretiro-pentsio deituko zaie. Izendapen berri horrek ez du inongo aldaketarik ekarriko, ordura arte jasotako prestazioaren baldintzei dagokienez”.

Lege-testua oso argia da: printzipioz, pentsiodun batek ere inolako kudeaketa edo izapiderik egin beharrik gabe, ez Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalean, ez eta beste erakunde batean, ezintasun iraunkorreko pentsioari erretiro-pentsio deitzen zaio automatikoki, eta ez dira birkalkulatzen ez oinarri arautzailea, ez pentsio-ehunekoa, ez ordainsari-kopurua, ez eta PFEZaren ehunekoa ere, ezintasun oso kualifikatua, absolutua edo baliaezintasun handia jasotzen bazuen pentsioak PFEZtik salbuetsita egoten jarraituko baitu.

Nabarmendu behar dugu artikulu horrek 67 urteko adina aipatzen duela erretiroa hartzeko ohiko adin gisa, 2027an hori izango baita erretiroa hartzeko ohiko adina, gutxienez 38 urte eta sei hilabetez kotizatu izana egiaztatzen ez dutenentzat.

Oraindik trantsizio-aldian gaude, eta, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren zazpigarren xedapen iragankorrak adierazten duen bezala, gradualki aplikatuko da; 2024an, 66 urte eta 6 hilabetekoa da adin hori.

Kontuan hartu behar dugu, gainera, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 163.1 artikuluak adierazten duela araubide orokorraren pentsioak elkarrekin bateraezinak izango direla onuradun berarengan metatzen direnean, “legez edo erregelamenduz berariaz kontrakoa xedatzen ez bada”. Beraz, erretiroa hartzeko behar beste kotizatu dugula uste badugu, erretiro-pentsioa eska diezaiokegu Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalari. Erakunde kudeatzaileak aztertuko du pentsioa jasotzeko baldintzak betetzen diren, dagokion pentsioa kalkulatuko du, eta horretarako eskubidea aitortuko du, baina organo kudeatzailea hasiko da ordainketa egiten, edo, hala badagokio, urteko zenbatekoetan handiena den pentsioa ordaintzen jarraituko du. Horrenbestez, printzipioz, zenbateko handieneko pentsioa ordainduko da, salbu eta pentsioduna (edozein arrazoi dela eta) ados ez badago eta beste aukera bat baliatzen badu.

Egia esan, kasu gehienetan oso gutxitan da onuragarriagoa erretiro-pentsioa eskatzea, aldez aurretik ezintasun iraunkorreko pentsioduna izanez gero —eta zenbat eta gazteago aitortu hasierako pentsioa, orduan eta onura gutxiago ekarriko du—, berriz kotizatu ez bada eta maila ezintasun absolutukoa edo baliaezintasun handikoa bada. Nolanahi ere, zalantzarik izanez gero, onuradunak beti eska dezake pentsioa, eta erretiroa hartzeko eskubidea betetzen ez badu edo zenbateko txikiagokoa bada, ondoriorik gabe geratuko da.

Azaldu dugun guztia pentsio kontributiboei buruzkoa da, baina gerta liteke onuraduna baliaezintasun-pentsio ez-kontributibo bat jasotzen aritzea. Gure ordenamendu juridikoak Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 367.3 artikuluan arautzen du egoera hori, eta, funtsean, arestian adierazitakoarekin bat datorren araubide bat ezartzen du. Izan ere, honako hau adierazten du: “Baliaezintasun-pentsioei erretiro-pentsio deituko zaie haien onuradunek hirurogeita bost urte betetzen dituzten unetik aurrera. Izendapen berri horrek ez du inongo aldaketarik ekarriko, ordura arte jasotako prestazioaren baldintzei dagokienez”.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualex epaia 2024ko Otsaila

sentencia

ALDI BATERAKO EZINTASUNAREN ETA LANGABEZIAREN ARTEKO LOTURA

mazoa

Auzitegi Goreneko Lan Arloko Salaren 2023ko azaroaren 22ko epaia, doktrina bateratzeko RCUD. 3.230/2020 kasazio-errekurtsoan emana. Ignacio García Perrote Escartín magistratua izan da txostengilea.

Prozedura horretan, gai hau planteatu da: ea langabezia-prestazioa jasotzeko aldia luzatzen den baldin eta langilea prestazio hori jasotzen ari dela aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzen bada.

Prozedura horren jatorria da Elxeko Lan Arloko 2 zenbakiko Epaitegiaren epai bat; haren kontra erregutze-errekurtsoa jarri zen Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salan, eta Auzitegi Gorenaren aipatutako epaia eragin du.

Eztabaidatutako gaiaren oinarri faktikoa honako hau da: Kasazioan errekurtsoa jarri zuen langileak lan-istripu bat izan zuen 2016ko ekainaren 6an, eta horrek aldi baterako ezintasuneko prozesu bat eragin zuen; 2016ko azaroaren 9an eman zioten alta langileari. 2016ko azaroaren 9an, langilea kaleratu zuten, eta langabezia-prestazioa 2018ko azaroaren 9ra arte onartu zitzaion.

2016ko abenduaren 5ean, aldi baterako ezintasun-egoerara igaro zen berriz ere, eta 2017ko martxoaren 13an Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak (GSIN) ebatzi zuen aurreko prozesuan berriz gaixotzeagatik izan zela.

Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (EEZP) 2017ko uztailaren 17ko ebazpenak honako hau adierazi zuen: “langilearen langabezia-prestazioa kontsumitzen den aldia ez litzateke etengo 2016ko abenduaren 5ean (kaleratu ondoren) hasitako aldi baterako ezintasunagatik, nahiz eta 2016ko ekainaren 6an hasitako aurreko aldi baterako ezintasunean berriz gaixotzeagatik izan”.

Langileak auzitara eraman zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoa, eta Elxeko Lan Arloko 2. Epaitegiaren epaiak baietsi egin zuen demanda. EEZPk erregutze-errekurtsoa jarri zuen, eta Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak baietsi zuen 2020ko apirilaren 24an: Lan-arloko Epaitegiaren epaia baliogabetu zuen, eta Estatuko Zerbitzu Publikoaren ebazpena berretsi zuen.

Aztergai dugun epaian, zuzenbide-azterketa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 283. artikuluan xedatutakoan oinarritzen da, zeinak arautzen baitu langabezia-prestazioaren eta aldi baterako ezintasunaren arteko lotura.

Aipatutako aginduaren 1. apartatuan, aldi baterako ezintasuneko egoeran dagoen eta egoera horretan lan-kontratua azkentzen zaion langilearen kasua arautzen da, eta bereizten dira kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasuna eta kontingentzia profesionalen ondoriozkoa. Bereizketa horrek garrantzia du. Izan ere, gertakari arrunten kasuan, langabezia-prestazioa jasotzeko alditik kenduko da, kontsumitu gisa, lan-kontratua azkentzen den egunetik aurrera aldi baterako ezintasuneko egoeran egon den denbora; eta, bigarren kasuan, kontingentzia profesionalen kasuan, ez da bidezkoa langabezia-prestazioa jasotzeko alditik kentzea kontratua azkendu ondoren aldi baterako ezintasuneko egoeran egon den denbora. Horrenbestez, lege-trataera ezberdina da kontuan hartuta aldi baterako ezintasuna gertakari arruntek eragindakoa den ala kontingentzia profesionalek eragindakoa den.

Aztertutako epaian planteatutako kasuan, ordea, ez da aplikatzekoa Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.1 artikuluan xedatutakoa; izan ere, kontratua ez da azkendu langilea aldi baterako ezintasun-egoeran dagoela. Aitzitik, lege-testu beraren 283.2 artikuluan xedatutakora jo behar dugu, zeinak arautzen baitu erabateko langabeziagatiko prestazioa jasotzen ari den eta aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzen den langilearen kasua, hori baita errekurritutako epaian gertatzen den kasua.

Horretan, legegilearen konponbidea desberdina da, ez baitu bereizten kontingentzia arrunten eta profesionalen artean; horren ordez, bereizten ditu, batetik, lan-kontratu baten indarraldian hasitako aurreko prozesu baten berriz gaixotzea den kasua eta, bestetik, lan-kontratu baten indarraldian hasitako aurreko prozesu baten berriz gaixotzea ez den kasua.

Ezberdintasuna hau da: lehenengo kasuan, langabezia-prestaziorako hasieran ezarritako iraupen-aldia amaitu ondoren langileak aldi baterako ezintasun-egoeran jarraitzen badu, lehen jasotzen ari zen zenbateko berean jarraituko du jasotzen aldi baterako ezintasuneko prestazioa; berriz gaixotzea ez bada, ordea, hileko eragin anitzeko errenten adierazle publikoaren % 80ko zenbatekoan jarraituko du jasotzen aldi baterako ezintasuneko prestazioa.

Baina epaian honako gai hau eztabaidatzen da, aldi baterako ezintasuna aurreko prozesuaren berriz gaixotze bat izan zein ez: “langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez da luzatuko langilea aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik (Gizarte-Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluaren hirugarren paragrafoa)”, eta artikulu hori da aztertutako kasuari aplikatzekoa.

Epaian, txostengileak nabarmentzen du legegileak “Gizarte Segurantzaren prestazioek langabezia-prestazioan duten eraginari buruzko erregulazio bereiziak” sartu dituela, eta bestelako irizpidea izan duela lege-testu bereko 284. artikuluan, zeinak aipatzen baititu langabezia-, amatasun- eta aitatasun-prestazioak. Artikulu horretan, irizpidea mesedegarriagoa da; izan ere, kontratua azkentzen denean, ez da deskontatzen langabezia-prestazioa jasotzeko alditik langilea amatasun- edo aitatasun-egoeran egon den aldia, eta, langilea erabateko langabezia-prestazioa jasotzen ari bada eta amatasun- edo aitatasun-egoerara igarotzen bada, kasu horretan ere langabezia-prestazioa eteten zaio, eta, amatasun- edo aitatasun-prestazioa azkendu ondoren, langabezia-prestazioak jarraitzen du berriro, jasotzeke zegoen iraupenarekin eta etetearen unean zegokion zenbatekoarekin.

Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluaren hirugarren paragrafoak xedatutakoak 283.1 artikuluaren hirugarren paragrafoan xedatutakoaz eta 284. artikuluan xedatutakoaz bestelako aurreikuspen bat sartu du. Aztergai den kasuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 283.2 artikuluan xedatutakoa da aplikatzekoa, eta, horrenbestez, langabezia-prestazioa jasotzeko aldia ez da luzatuko langilea aldi baterako ezintasun-egoerara igarotzeagatik. Prestazioa arautzen duen arauaren hitzez hitzeko interpretazio hori aplikatu da epaian, eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren irizpidea berretsi da.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua

GSINen jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioa eskatzeko izapideak

recien nacido

Jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioak, 2019ko apiriletik aurrera amatasun- eta aitatasun-prestazioak ordeztu eta modalitate bakar batean bateratzen dituenak, seme-alaben jaiotzatik, adopziotik edo adoptatzeko helburua duen zaintzatik eta familia-harreratik eratorritako atsedenaldiak eta baimenak babesten ditu.

Telematikoki eska dezakezu (ziurtagiri digitalarekin eta gabe), edo posta arruntez edo aurrez aurre Gizarte Segurantzaren Arreta eta Informazio Zentroetan (CAISS), betiere aldez aurretik hitzordua baduzu.

Onlineko eskaera



Ziurtagiri digitala edo Cl@ve sistemako erabiltzailea eta pasahitza badituzu, “Tu Seguridad Social “(https://sede-tu.seg-social.gob.es/) atariaren bidez eskatu ahalko duzu. Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoaren esteka honen bitartez ere sar zaitezke adierazitako atarira. Horretarako, sakatu ziurtagiri digitalarekin edo erabiltzaile eta pasahitzarekin sartzeko aukeran, eta, bi kasuetan, “Tu Seguridad Social” atarira eramango zaitu, autentifikatzeko. Datuak bete eta dagokion dokumentazioa erantsi besterik ez duzu egin beharko. Atariak aukera ematen dizu prestazio horren simulazio bat egiteko, eta, hala, gutxi gorabehera zenbat jasoko duzun eta baimenaren iraupena zenbatekoa izango den jakin ahalko duzu aldez aurretik, jaiotzaren aurreikusitako dataren arabera.
 

Aldez aurretik identifikatzeko metodorik ez baduzu, esteka honetan aurkituko duzun GSINen ziurtagiri digitalik gabeko izapideetarako plataforma erabil dezakezu.  

Posta arruntaren bidezko edo aurrez aurreko eskabidea CAISS batean

Nahi izanez gero, hemen aurkituko duzun eskabide-orria deskargatu eta bete dezakezu, eta posta arruntez bidali dagokion GSINen edo IGIren Zuzendaritza Probintzialera, gainerako dokumentazioarekin batera. Esteka honetan aurkituko duzu helbideen zerrenda.

Aurrez aurre eskatzeko, eskabide-orria eta gainerako dokumentazioa ere aurkeztu beharko dituzu. Horretarako, hitzordua eskatu beharko duzu. Hemen eskaera egiteko behar duzun informazio guztia.

Dokumentazioa



Kasu guztietan, honako dokumentu hauek aurkeztu behar dituzu:

  • Prestazioa eskatzeko.
  • Gurasoen nortasuna egiaztatzea (NANa, pasaportea edo AIZa).
  • Besteren konturako langileentzat: Enpresaren ziurtagiria, jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko lan-atsedenaren hasiera-data jasotzen duena. Enpresak bidali badu, ez da beharrezkoa izango.

Eskaeraren arrazoiaren arabera, gerta liteke beste dokumentu espezifiko batzuk aurkeztu behar izatea.

Seme/alaba bat jaiotzen bada:

  • Amatasun-txostena, Osasun Zerbitzu Publikoak emana.
  • Familia-liburua edo seme/alaba Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.
  • Ordezkapenagatiko haurdunaldiaren kasuan:
  • Jaioberriaren filiazioaren Erregistro Zibileko inskripzioa guraso komitentearen alde (bere seme/alabaren haurdunaldia beste pertsona baten esku uzten duen pertsona), edo seme/alabaren filiazioaren inskripzioa Espainiako Erregistro Zibilean komitentearen eta ama biologikoaren alde.

Adopzioaren edo harreraren kasuan:

  • Familia-liburua edo seme/alaba Erregistro Zibilean inskribatu izanaren ziurtagiria.
  • Adopzioa eratzen duen ebazpen judiziala edo familia-harrera ematen duen ebazpen administratiboa edo judiziala.
  • Lehenago haur adoptatuaren jatorrizko herrialdera joan behar denean, bere autonomia-erkidegoko organo eskudunak emandako dokumentazioa aurkeztu beharko du, adopziorako izapideen hasiera justifikatzen duena.

Iraupena



2021eko urtarrilaren 1etik, lehen aldiz parekatu da jaiotzagatiko eta adingaberen zaintzagatiko baimena bi gurasoentzat, eta dagoeneko 16 asteko prestazioa dute. Aldi hori honela bana daiteke:

Derrigorrezko 6 aste, etenik gabekoak eta lanaldi osokoak, erditzearen ondoren (adopzioaren kasuan, ebazpen judizialaren edo administrazio-erabakiaren ondoren). Ama biologikoak erditzea aurreikusten den eguna baino 4 aste lehenagora arte aurreratu dezake aldi hori.

Gainerako 10 asteak aste osoko alditan hartuko dira, bata bestearen atzetik edo etenekin, erditu ondorengo edo, adopzioaren kasuan, ebazpen judizialaren edo administrazio-erabakiaren ondorengo 12 hilabeteetan.

Gainera, epe hori luzatzeko zenbait kasu ezartzen dira:

  • Astebete gehiago guraso bakoitzarentzat seme/alaba bakoitzeko, bigarrenetik aurrera, jaiotza, adopzio edo harrera anizkoitza izanez gero.
  • Astebete gehiago guraso bakoitzarentzat, seme/alabak desgaitasuna badu.
  • Erditze goiztiarragatiko eta ospitaleratzeagatiko (7 egunetik gorakoa) luzapena erditzearen ondoren; gehienez, 13 astera arte.

Jaioberriaren osasun-laguntza


Izapide hori jaiotzagatiko eta adingabeen zaintzagatiko prestazioaren eskaerarekin batera egin ohi da, batez ere aurrez aurre edo posta arruntez egiten bada.

Izapide hori honela egin daiteke:

  • Tu Seguridad Social” atariaren bidez, ziurtagiri elektronikoa edo cl@ve sistemako erabiltzailea eta pasahitza badituzu.
  • Aurrez aurre, hitzordua eskatuta, Gizarte Segurantzaren Harreman eta Argibideetarako Zentro (CAISS) batean, edo posta arruntez, dagokion GSINen Zuzendaritza Probintzialera zuzenduta (IGIren Zuzendaritza Probintzialera, itsasoko langileen kasuan).
  • Aldez aurretik identifikatzeko metodorik ez baduzu, ziurtagiri digitalik gabeko izapideetarako GSINen plataforma erabil dezakezu.

Azken bi kasu horietan, eskabidea behar bezala beteta aurkeztu beharko duzu (esteka honetan deskargatu dezakezu), baita aseguratuaren nortasun-agiriaren fotokopia eta haurra inskribatua duen familia-liburua edo jaiotza-ziurtagiria ere. Egiaz, onuradunak hiru hilabetetik behera baditu, ez da aurkeztu beharko, dokumentazio hori Erregistro Zibilak bidaliko baitu.

Izapide hori amaitutakoan, adingabearen osasun-txartela eskatu beharko duzu zure autonomia-erkidegoko dagokion osasun-zerbitzuan, eta dagokion pediatra esleituko diote.

2024rako Gizarte Segurantzako kotizazioak

PJC/51/2024 Agindua, urtarrilaren 29koa, Gizarte Segurantzako kotizazioari, langabeziari, jarduera uzteko babesari, Soldatak Bermatzeko Funtsari eta 2024. urterako lanbide-prestakuntzari buruzko legezko araudia garatzen duena, eta 145/2024 Errege Dekretua, otsailaren 6koa, 2024rako lanbide arteko gutxieneko soldata ezartzen duena, argitaratu dira, eta Gizarte Segurantzako araubideen kotizazioen koadroak bidaltzen dizkizuegu.

Badaukagu iradokizun hoberenaren XII. sariaren irabazlea

premio 12 sugerencia

Mutualiak Iradokizun Hoberenaren Sariketaren XII. edizioa egin du. Lehiaketa horren bidez, esker ona erakutsi nahi zaio, urtero, gure zerbitzuen kalitatea hobetzen laguntzen digun ideiari.

Mutualiaren estranetean zuzeneko ordainketen eskaera sartzea. Helburua langileei eskaera erraztea da; horri esker sistemaren bidez enpresaren ziurtagiriaren datuak sartu ahal izango ditu, bai eta eska daitekeen beste edozein dokumentazio ere.

-Javier Gomez Gredilla (Jauregui Ingeniería y Servicios Industriales, S.A.)

Jasotako iradokizun-kopurua eta haien kalitatea eskertu nahi ditugu. Zalantzarik gabe, aukera emango digute gure zerbitzuak hobetu eta gure bezeroen aurreikuspenetara egokitzeko modua ezagutzeko.

Lainoa: seguru gidatzeko aholkuak

conducir con niebla

Inoiz lainoarekin gidatu behar izan baduzu, ziur naiz zuretzat ere hori dela baldintza klimatologiko txarrenetako bat, nabarmen murrizten baitu ikusteko gaitasuna.

Esperientzia oso arriskutsua izan daiteke; zoritxarrez, halaxe egiaztatu dugu duela gutxi A-4an izandako istripu tragikoan, zeinean hiru lagun hil baitziren. Hildakoak, Sevilla CF taldearen jarraitzaileak, Madrilerako bidean ziren, taldearen partida bat ikusteko. Gogora dezagun, halaber, 1991ko abenduaren 6ko zorigaiztoko data; orduan gertatu baitzen Euskadin inoiz izandako istripurik larriena (17 hildako), A-8an, Zornotza parean.

Gainera, neguan maizago gertatzen bada ere, urteko edozein sasoitan aurki dezakegu.

Zergatik da hain arriskutsua lainoarekin gidatzea? Erantzuna begien bistakoa da. Ikuspena (gidatzean erabiltzen den zentzumen nagusia) izugarri murrizten da, eta horrek zaildu egiten du errepidean dauden beste ibilgailu batzuk, trafiko-seinaleak eta edozein oztopo-mota ikustea.


 Baldintza horietan seguru gidatzeko, hona hemen aholku batzuk:

1. Moteldu abiadura: Lainoak ikuspena murrizten du, eta horregatik gidatu behar da ohikoa baino mantsoago. Horri esker, denbora gehiago izango duzu edozein ezustekoren aurrean erreakzionatzeko.

2. Piztu argi egokiak: Ondo ikusteko, erabili argi laburrak edo gurutzatze-argiak eta, halakorik izanez gero, baita aurreko laino-argiak ere. Baldintzak bereziki txarrak badira, atzeko laino-argia erabili behar dugu nahitaez, askoz ere lehenago ikus gaitzaten. Argi horiek zure ikuspena hobetzen dute eta gainerako gidariei zu ikusten laguntzen diete. Ez erabili, ordea, errepide-argiak edo argi luzeak, lainoa islatzea eta zure ikusmena are gehiago murriztea eragin baitezakete.

3. Utzi distantzia seguru bat: Areagotu zure ibilgailuaren eta aurrekoaren arteko distantzia. Gogoratu lainoak zaildu egin dezakeela gainerako ibilgailuen argiak ikustea; beraz, denbora nahikoa izan behar duzu erreakzionatzeko eta, behar izanez gero, gelditzeko.

4. Erabili haizetako-garbigailua eta lurrunaren kontrako gailua: Lainoak ibilgailuaren kristalak lurruntzea ere eragin dezake. Eduki haizetako-garbigailuak egoera onean beti, eta haizetakoa kondentsaziorik gabe.

5. Egon adi trafiko-seinaleei eta abiadura-mugei: Gerta liteke, lainoa dela eta, zirkulazio-seinale batzuk ez ikustea. Beraz, gainerako gidarien jarraibideei adi egon behar duzu, eta zure abiadura egokitu, gomendatutako mugen arabera.

6.Erabili bide-marrak gida gisa: Laino itxia badago, erabili bide-marrak orientatzeko. Gida baliotsua izan daitezke errei egokitik ez ateratzeko.

7. Entzun inguruan gertatzen denari:Batzuetan, ikuspena oso txikia denean, leihoak pixka bat jaistea eta trafikoa entzutea lagungarria izan daiteke; batez ere, bidegurutzeetan.

8. Ez aurreratu beste ibilgailurik: Lainoak ikuspena zailtzen du, eta, beraz, aurreratzeko maniobrak egitea oso arriskutsua izan daiteke. Itxaron egoera hobetu arte, beste ibilgailu batzuk aurreratzen saiatu aurretik.

9. Egon lasai: Lainoa dagoenean gidatzea estresagarria izan daiteke, baina garrantzitsua da lasai egotea eta errepidean kontzentratzea. Saihestu distrazioak, hala nola telefono mugikorra erabiltzea edo irratia doitzea, kondizio horietan gidatzen duzun bitartean.

10. Lainoa itxiegia dela sentitzen baduzu, eta ez bazara seguru sentitzen edo nekatuta bazaude, bilatu leku seguru bat gelditzeko (atsedenlekuak, zerbitzuguneak, gasolindegiak, etab.), harik eta egoera hobetzen den arte, eta saiatu, ahal den neurrian, bazterbideetan ez geratzen.

Lainoarekin gidatzea zaila da, eta arreta, pazientzia eta prestakuntza eskatzen du. Emandako aholkuei jarraituz gero, nabarmen handitu dezakezu zure eta besteen segurtasuna errepidean. Gogoratu garrantzitsuena zure helmugara modu seguruan iristea dela, horrek zertxobait gehiago berandutzea eskatzen badu ere.

Lanaldi-murrizketa seme/alaba adingabea zaintzeagatik eta txandakako lana

sentencia del tribunal

Gai interesgarri honi dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2023ko azaroaren 21eko epaiak, 3.576/2020 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoari dagokionak, ebatzi du adingabe baten legezko zaintzagatik lanaldia murrizteko eskubideak ez dakarrela berekin murrizketa horrek txandakako lanaren sistemari eragitea. Hala, figura horren bidez ezin da lanaldia txanda bakarrean egin, baldin eta ordura arte aldizkako txandak egiten baziren.

Honako hau xedatzen du Langileen Estatutuaren (aurrerantzean, LE) 37.6 artikuluak, urriaren 23ko 2/2015 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartutakoak: “Legezko zaintza dela eta, hamabi urte baino gutxiagoko haur bat edo desgaitasuna duen pertsona bat (ordaindutako jarduerarik betetzen ez badu) zaindu behar duen langileak lanaldi-murrizketarako eskubidea izango du. Gutxieneko murrizketa lanaldiaren zortzirena izango da, eta gehienekoa, berriz, lanaldiaren erdia, eta soldata proportzionalki gutxituko da, murrizketaren arabera.”. Bestalde, agindu horren 7. atalak hau ezartzen du: “Bularra emateko baimena zer ordutan zehaztu eta lanaldi murriztua nolakoa izango den eta noiz hartu, langileak berak erabakiko du, bere lanaldi arruntaren barruan, 4. eta 6. zenbakietan aurreikusi bezala”, alegia, langileak ohikoan lan-prestazioa betetzen duen denbora-tarte zehatza eta mugatua, LEaren 34. artikuluan eta hurrengoetan arautzen diren legezko edo hitzarmenezko mugen barruan.

Auzitegi Gorenaren ustez, aipatutako artikuluek ez dute interpretazio-zalantzarik eragiten legeetan ezarritako irizpide hermeneutikoekin —Kode Zibila eta Berdintasunerako Lege Organikoa—. Lege horietan aitortzen du legegileak eguneko lanaldia murrizteko eskubidea, eta langileak zehazten ditu ordutegi-murrizketaren baldintzak, muga bakar batekin: murrizketa lanaldi arruntaren barruan izatea, ordura arte egindako txandakako lanaren araubidea aldatu gabe.

Era berean, Auzitegi Gorenak adierazi du legezkotasun arrunteko kontu baten aurrean gaudela, eta, beraz, ezin dela epaiketarik egin oinarrizko eskubide bat betetzeko beharrari buruz. Kasu honetan, nahikoa da Auzitegiak aztertzea zer antolamendu-zailtasun eragin diezazkiokeen lantokiari langileak eskatutako ordutegia onartzeak, enpresaren ezezkoa oinarriduna izan daitekeela egiaztatzeko eta enpresaren erabakia inola ere abusua edo iruzurra ez dela balioesteko. Auzitegi Gorenak, aurretiko erabakietan, hala nola 2023ko maiatzaren 25eko epaian (747/2022 doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa), ezarri du ezen, LEren 37.7 artikuluaren esparruan, langileari interesatzen zaion ordutegiaren antolaera ukatze hutsak, hori ukatzeko arrazoiak adierazita, ez duela esan nahi, berez, sexu-diskriminaziorik ez jasateko eskubidea urratzen ari denik, ezta zeharkako diskriminaziorik ez jasatekoa ere.

Horri dagokionez, Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren jurisprudentzia ere badago. Europar Batasuneko Justizia Auzitegiaren 2019ko irailaren 18ko epaiak —C-366/18 auzigaia— ezarri du ez duela Europar Batasuneko zuzenbidea urratzen lanaldi-murrizketa lanaldi arruntaren barruan egitea eskatzen duen Espainiako araudiak, eta ezin dela eskatu, akordiorik ezean, lanaldi zatitua lanaldi jarraitu bihurtzea, edo ordutegia edo lana aldatzea txanda-sistematik finkora pasatuta.

Nolanahi ere, horrelako auzietan, legezko araudiaz gain, beti aztertu behar da enpresaren balizko hitzarmenezko araudia, eta funtsezkoa izango da baloratzea enpresak hartutako erabakian adierazi duen arrazoizkotasuna.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua