Mutualex-Kontsulta juridikoa 2025ko Azaroa

consulta

LANGABEZIA-PRESTAZIOA ETA SEME-ALABAK ZAINTZEKO ESZEDENTZIA. Ba al du langabezia-prestazioa jasotzeko eskubiderik seme-alabak zaintzeko eszedentzian dagoen emakumezko langile batek, baldin eta tarte horretan 6 hilabeteko aldi baterako kontratu bat sinatzen badu eta kontratu hori amaitzean langabezia-prestazioa eskatzen badu? 

kontsulta

Planteatzen den kontsultan, 12 urteko semea zaintzeko eszedentzian dagoen emakume langile bat dugu, zeinak, egoera horretan, aldi baterako lan-kontratu bat formalizatzen baitu enpresa batekin, 6 hilabeterako. Hain zuzen, garatu beharreko jarduera bateragarria zen semeak behar zuen zainketekin. Kontua da, kontratua amaitzean langabezia-prestazioak eskatu nahi dituela, baina eszedentzian zegoen enpresara itzultzeko eskatu gabe. Beraz, zehaztu beharreko auzia da honelako kasuetan langile bati uka ote dakiokeen langabezia-prestaziorako eskubidea, langabezia-prestazioa eskatu aurretik ez badio eszedentziatik itzultzeko eskatu enpresari.  

Orain arte, hainbat iritzi izan ditugu planteatutako kasuari buruz, eta bi jarrera desberdin egon izan dira gure auzitegietan. Batzuen iritziz, eszedentziako epea amaitu aurretik langileak ezin zuen enpresara itzultzeko eskatu, eta, beraz, langabezia-prestazioetarako eskubidea ezin egon zitekeen itzultzeko eskaera egitearen mende, eskaera hori ezin baitzuen gauzatu.  

Bestalde, orain arte eman diren ebazpenek diotenez, lanpostura itzultzeko eskaera indarrean dagoen legerian ezarritako kasu eta epeetan egiten ez duen langilea ez da legezko langabezia-egoeran egongo; izan ere, kontrako kasuan, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 267.2.d) artikulua urratuko litzateke, artikulu horrek berariaz jasotzen baitu lanera itzultzeko eskaeraren betebehar hori. 

Gai horri erantzuteko, eta eztabaida hori argitzeko, Auzitegi Gorenak doktrina finkatu du, 2025eko uztailaren 4an emandako 701/2025 epaiaren bidez (4513/2023 errek.) 

Alde batetik, ohartarazten du GSLOren 267.1.a) 6. zenbakiak xedatzen duenez legezko langabezia-egoeran egongo dira lan-harremana honako arrazoi hauen ondorioz azkentzen zaien langileak: “Prestakuntza-kontratuan edo iraupen mugatuko lan-kontratuan hitzartutako denbora amaitzeagatik, ekoizpeneko inguruabarrengatik edo langilea ordezteagatik, arrazoi horiek ez direnean heldu langilearen salaketaren ondorioz”. 

Era berean, Auzitegi Gorenak GSLOren 267.2.d) artikulua aipatzen du, zeinaren arabera langileak ez baitira legezko langabezia-egoeran egongo “lanpostura berriz sartzeko eskatu ez dutenean, indarreko legerian ezarritako kasu eta epeetan”. 

Lege-manu horiek aplikatuta, Auzitegi Gorenak hau argitzen du: eszedentzia-egoeran den langile batek beste lan bat egiten badu aldi horretan eta bere borondatearen aurka lan hori utzi behar badu, eta lehen lan horretako eszedentzia-aldia amaitu ez bada, alegia, ezin badu eszedentzian den lanpostura itzultzeko eskaera egin, ez dago lege-oztoporik langabezia-prestazioak eskuratu ahal izateko.  

Hala ere, Auzitegiak nabarmendu du doktrina hori borondatezko eszedentzia-kasuetan bakarrik aplika daitekeela eta ezin dela seme-alabak zaintzeko eszedentzia-egoerara eraman. Izan ere, azken kasu horretan ez dago inolako eragozpenik egoera horretan dagoen langileak edozein unetan enpresan berriro sartzeko eskatzeko, eta, eskatuko balu, enpresa behartuta egongo litzateke langilea berriz onartzera. 

Beraz, Langileen Estatutuaren (LE) 46.3 artikuluaren aipamena egiten da, zeinak zehazten baitu langileek hiru urtetik gorakoa ez den eszedentzia-aldia hartzeko eskubidea izango dute seme-alabetako bakoitza zaintzeko, norberak sortua izanda nahiz adopzioan hartuta ere, edota adopzio aurreko zaintza edo harrera iraunkorreko kasuetan, jaio den egunetik, edo, hala dagokionean, administrazio-ebazpena edo ebazpen judiziala ematen denetik kontatzen hasita.  

Honela jarraitzen du manu horrek: “Artikulu honetan ezarritakoaren arabera eszedentzian ematen duen aldia antzinatasunerako zenbatuko zaio langileari, eta lanbide-prestakuntzako ikastaroetara joateko eskubidea izango du; enpresariak jakinaraziko dio ikastarootan parte hartzeko aukera, batez ere langilea lanera itzultzen denean. Eszedentziaren lehenengo urtean, langileak bere lanpostua gordetzeko eskubidea izango du. Lehenengo urtetik aurrera, berriz, lanbide-talde bereko edo kategoria baliokide bateko lanpostu bat gordeko zaie”. 

Hala bada, Auzitegi Gorenak adierazten du seme-alabak zaintzeko eszedentziarako eskubide horren irismenari buruz badagoela jurisprudentzia-doktrinarik, zeinaren arabera LEren 46.3 artikulutik ondorioztatu behar baita enpresa derrigortuta dagoela langileari lanpostu bera gordetzera eszedentziaren lehenengo urtean, baina eszedentzia luzatzen bada, “lanbide-talde bereko edo kategoria baliokideko lanpostu bat” gordeko diola. egokituko baitzaio gordetze hori. Beraz, Auzitegi Gorenaren iritziz beti gorde behar da lanpostua, eta, ondorioz, legeak hala aginduta, lanpostua gordetzera behartuta dago enpresa. Ondorioz, planteatutako bi kasuetan, ezin daiteke lanean berriz hastea inola ere baldintzatu, edo hutsuneren bat egotearen mende jarri. 

 

Aurrekoaren arabera, planteatutako kontsulta ebazteko, Auzitegi Gorenak dio seme-alabak zaintzeko eszedentzia ezin daitekeela izan hiru urtetik gorakoa eta langileak edozein unetan eskatu ahal izango duela enpresara itzultzea, eszedentzia-aldia amaitu arte itxaron beharrik izan gabe. Hala ere, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 267.2 d) artikuluaren arabera, ez du langabezia-prestazioetarako eskubiderik izango, baldin eta aldez aurretik berriro lanean hasteko aukera hori eskatu ez badu; izan ere, eszedentzian dagoen bitartean beste enpresarekiko lan-prestazioa amaitzean, ez dago legezko eragozpenik lanean berriz hasteko eskatzeko, eta enplegatzailea eskaera onartzera behartuta dago. 

 

Interesgarria da Auzitegi Gorenak egiten duen azken zehaztapen bat nabarmentzea. Hain zuzen, Auzitegiaren ustez, lege-iruzurreko egoera nabarmen bat da seme-alabak zaintzeko eszedentzian dagoen langile batek oso iraupen txikiko aldi baterako kontratu bat formalizatzea lan-prestazioa amaitzean langabezia-prestazioak eskatzeko. Auzitegiaren arabera kontuan hartu behar da, halaber, lan-kontratu berri hori hain laburra izanik, prestazioa aitortuko balitzaio, eszedentzian dagoen enpresan lanean aritu den bitartean egin dituen kotizazioen kontura izango litzatekeela nahitaez, eta, gainera, enpresa horretara lanera itzul litekeela, benetan bere borondatea lan-merkatura itzultzea balitz. 

 

Horregatik guztiagatik, Auzitegi Gorenak adierazten du agian langabezia-prestaziorako eskubidea aitortu ahal izango litzaiokeela, baldin eta langileak lan berri horretan metatuko balitu prestazio-aldi jakin bat eskuratzeko behar diren kotizazioak, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 269.1 artikuluan ezarritakoaren arabera, eszedentzian dagoen enpresan —horretara edozein unetan itzul daiteke— sortutakoak zenbatu beharrik gabe. 

Hala ere, aztertutako kasuaren modukoetan, zeinean eszedentzian zegoen bitartean egindako lana oso iraupen laburrekoa baita eta ez baita iristen lege-manu horren eskalaren arabera eska daitekeen kotizatutako okupazio-aldiaren legezko gutxienekora, GSLOren 267.2.d) artikuluak galarazi egiten du prestazioa aitortzea. 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria      

Mutualex epaia 2025ko Azaroa

sentencia

AUZITEGI GORENAREN 298/2025 EPAIA, LAN ARLOKO SALARENA (634/2023 ERREK.), 2025EKO APIRILAREN 8KOA 

mazoa

Aztertuko dugun epaian, Auzitegi Gorenak gure auzitegietan nahiko eztabaidagarria den gai bat argitzen du, ezartzen baitu zein egunetan hasten den zenbatzen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 53.1 artikuluan ezarritako hiru hilabeteko atzeraeragin-epea, kasu hauetan: prestazioa jasotzen hasi ondoren judizialki aitortutako egitate berrien ondorioz, aldi baterako ezintasun-prestazioan diferentziak erreklamatzen direnean. 

Zehazki, Auzitegi Gorenak ebatzitako kasuan, lanaldi partzialeko kontratuen bidez zerbitzu ematen aritu zen langile baten kasua aztertzen da, zeina, benetan, lanaldi osoan aritu baitzen lanean. Gaixotasun profesionalagatiko aldi baterako ezintasuneko (ABE) prozesu bat hasi zuen, eta, ondoren, lan-arloko epaitegiak, kontratua azkentzeari, kaleratzeari eta zenbatekoari buruzko prozeduraren gainean emandako epaian, zehaztu zuen egiaztatuta geratu zela zerbitzuak lanaldi osoan eman zituela, eta, ondorioz, berretsi zen enpresak behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu zuela.  

Langilearen benetako lanaldia eta enpresak behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu zuela egiaztatu zituen lan-arloko epaitegiaren epaian oinarrituta, aipatutako langileak Gizarte Segurantzarekin elkarlanean aritzen den mutualitateari eskatu zion ABEaren oinarri arautzailea berrikusteko eta behar baino kotizazio txikiago horren aitorpenaren ondorioz sortutako diferentziak ordaintzeko. Mutualitateak ezetsi egin zuen langilearen eskaera, iritzita berrikuspena hiru hilabeteko gehieneko atzeraeraginera mugatu behar zela, berrikuspena eskatzen den egunetik hasita, GSLOren 53.1 artikuluaren arabera, eta ez zela bidezkoa ondorio ekonomikoak prestazioaren hasierako egunera arte luzatzea. 

Langileak demanda jarri zuen mutualitatearen aurka, eta lan-arloko epaitegiak demanda partzialki baiestea erabaki zuen. Epai horri erregutze-errekurtsoa jarrita, langilearen eskaerak erabat onartu ziren. Hala, erregutze-errekurtsoa ebazteko epaiak ondorioztatu zuen langileak aldi baterako ezintasunaren berrikuspena 3 hilabeteko epearen barnean eskatu zuela —oinarri arautzaile handiagoa (behar baino kotizazio txikiagoa dela eta) finkatzeko baldintzak ezartzen dituen epaiaren datatik hasita—, eta, beraz, ABEaren ondorio ekonomikoak hasierako unera atzeratu behar zirela, egitate berriak aintzat hartuta, oinarri arautzaile berria ordutik aurrera aplikatu behar zelako, hau da, gaixotasun profesionalagatiko bajaren datatik aurrera. Onuradunak epai hori baino 3 hilabete geroago egin izan balu erreklamazioa, orduan bai, ondorioak eskaera egin aurreko 3 hilabeteetara soilik atzeratuko lirateke. 

Horren aurrean, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoa formalizatu zen. Kontraste-epai gisa Valentziako Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiko lan-arloko salak emandako epai bat aurkeztu zen, zeinak eztabaida bera planteatzen baitu eta errekurritutako epaiaz bestelako epai bat ematen baitu. Horrela, kontraste-epaiak ezarri zuen berrikuspen-eskaeraren aurreko hiru hilabeteetatik aurrera izan behar zituela ondorioak oinarri arautzaile berriak, eta ez ABEagatiko bajatik aurrera, errekurritutako epaiak adierazten duen bezala.  

Bada, aztertzen ari garen epaian, Auzitegi Gorena GSLOren 53.1 artikuluaren edukiari dagokionez garrantzi handikoa den azalpen bat eginez hasten da: adierazten du manuan bi xedapen bereiz daudela. Lehenengoak Gizarte Segurantzaren prestazioak aitortzeko eskubidearen preskripzioa zehazten du; hain zuzen, bost urteko preskripzio-epea finkatzen du —preskribaezintasuneko salbuespenezko kasuetan izan ezik—. Epe horretan, aitortu ez zaion prestazio baten onuradunak prestazioa aitortzeko eska dezake. Bigarrenean, berriz, jada aitortuta dagoen prestazio baten ondorio ekonomikoak arautzen dira, berrikuspen-eskaera baten ondorioz zenbatekoari eragiten zaionean. Bigarren kasu horretan, xedatzen da ondorio ekonomikoek gehienez hiru hilabeteko atzeraeragina izango dutela eskaera aurkezten den egunetik aurrera. Horrek esan nahi du berrikuspena egiteko eskatzen duen prestazio aitortu baten titularrak ez duela inolako denbora-mugarik zenbatekoa aldatzeko eskaera egiteko, baina berrikuspen horren ondorio ekonomikoek, berriz, hiru hilabeteko atzeraeragina baino ez dutela izango. 

Ebazten duen kasuan, Auzitegiak adierazten du sortutako eztabaida zehatza, erabaki judizial desberdinak eman direna, hau dela: jada aitortuta dagoen ABEko prestazio baten zenbatekoaren berrikuspenaren ondorio ekonomikoak, aitorpen horren ondoren gertatutako egitate baten ondorioz egiten denean berrikuspen-eskaera. Auzitegiak zehazten duenaren arabera, kasu horietan, hiru hilabeteko epea zenbatzen hasteko eguna da jada aitortuta dagoen prestazioaren berrikuspena eragiten duen egitate berria gertatzen den eguna. Hau da, egitate berri hori gertatzen den egunetik aurrera, prestazioaren onuradunak hiru hilabete izango ditu aitortutako oinarri arautzailea berrikusteko eskatzeko. Kasu horretan, ondorio ekonomikoek hasierako unera egingo lukete atzera, alegia, datu berrien arabera, oinarri arautzaile berria aplikatu behar zen unera.  

Epaian sortutako eztabaida ebaztean, kasu zehatz honetan, Auzitegiak adierazi du berrikuspen-eskaeraren arrazoia dela behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu izana luzaroan, eta hori, zalantzarik gabe, egitate berri gisa kalifikatu daitekeela. Hala, behar baino kotizazio txikiagoa ordaindu izana prestazioa sortu aurretik gertatu arren, aitortza judizialetik aurrera soilik izan zitzakeen ondorioak, ordura arte, ezbaian zen auzi juridikoa baizik ez baitzen. Jujeak onartzen du onuradunak pentsa zezakeela ABEagatiko sorospen handiagoa merezi zuela, baina nabarmentzen du langileak ez zuela zertan jakin nola kalkulatzen zen ABEagatiko sorospenaren oinarri arautzailea, eta adierazten du ABEa hasi ondoren emandako epai judizialak berretsi zituela haren susmoak, eta, aldi berean, lehenago segur aski ez zuen froga-elementu gisa balio izan ziola. 

 

Ildo horretan, Auzitegiak ondorioztatzen du ez zela arrazoizkoa langileari eskatzea ABEa onartu eta berehala erreklamazioa egiteko, eta zerbitzu ematen lanaldi osoz —ez lanaldi partzialean— aritu zela judizialki aitortu zen arte ez zuela aukerarik izan prestazioaren zenbateko zuzena erreklamatzeko. Hain zuzen, egokiro egin zuen hori aitortza judizialaren ondoren, hiru hilabeteko epearen barruan, egitate berria zehaztu zenetik hasita. Horrenbestez, jujeak ez du zalantzarik batere: erreklamazio horren ondorioak prestazioa onartu zen unera arte atzeratu behar dira. 

 

Horregatik, Auzitegi Gorenak ezetsi egiten du mutualitateak jarritako errekurtsoa, eta, ondorioz, aztertutako epaiak argitzen du prestazioaren hasierako egunera arte luzatu behar dela ondorio ekonomikoen atzeraeragina, baldin eta, prestazioa hasi ondoren eta judizialki aitortutako egitate berrien ondorioz, ABEko prestazioak berrikusi beharra badago, eta berrikusteko eskaera hiru hilabeteko legezko epearen barruan egiten bada, egitate berria aitortzen denetik zenbatzen hasita. Era horretan, arau orokorretik desberdintzen da; izan ere, haren arabera, eskaera egin baino hiru hilabete lehenagora mugatzen da atzeraeragina. 

 


Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria      

Estatuko klase pasiboen alarguntza-pentsioa, haren bi onuradunetako bat hil denean

balanza de la justicia

2025eko irailaren 19ko epaiaren bitartez (1153/2025 zk.), Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salak pentsioen arloan garrantzi handia izango duen gai bat ebatzi du, eta doktrina finkatu du Estatuko Klase Pasiboen Legearen alarguntza-pentsioei buruz, onuradunak bi izanik, eta, ondorioz, prestazioaren zenbatekoa bien artean banatzen dutelarik, onuradunetako bat hiltzen denerako.  

Epai horren bitartez, Auzitegi Gorenak mugarri bat ezarri du, eta segurtasun juridikoa eskaintzen die egoera horretan dauden funtzionarioen familiei, alargun baten kasua aztergai hartuta; zenduaren emazte ohiarekin pentsioa partekatzen zuen, eta behin emazte ohia ere hil ondoren, pentsioa oso-osorik jasotzea eskatzen zuen.  

 

Hasiera batean, Ogasun Ministerioko Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiak ukatu egin zuen eskatutako alarguntasun-pentsioa berrikusi ahal izatea, pentsioaren zenbatekoa eskatzailearekin partekatzen zuen emakumea ere hil ondoren, oinarritzat hartuta Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legeak, apirilaren 30eko 670/1987 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onetsi zenak, 38. artikuluan xedatzen duena eta Zuzendaritza horrek berak emandako jarraibide propioak. Haren arabera, alarguntza-pentsioa onuradun anitzen artean banatzeko ondorio-data gertaera eragilearena da; beraz, haietako edozeinen heriotzak edo pentsioa jasotzeko lege-gaitasuna galtzeak ez du aldatzen gainerako onuradunei esleitzen zaien hainbanaketa.  

 

Bidenabar, zuzendaritza nagusi horrek berak argudiatzen zuen eskatzaileak lortu nahi zuen gehikuntza, Estatuko Klase Pasiboen arloan indarrean dagoen zuzenbidean, soilik terrorismo-ekintzen ondoriozko aparteko pentsioen kasuetarako dagoela aintzat hartuta, bai eta 851/1992 Errege Dekretuak 14. artikuluan xedatzen dituen kasuetarako ere (Gizarte Segurantzako edozein erregimen publikotan eskubiderik ez duten terrorismo-ekintzen biktimak). Hau da, berariazko lege-xedapenik ez zegoenez, ondorioztatzen zuen ezin zela aitortu eskatzaileak beretu nahi zuen eskubidea. 

 

Ebazpen horren aurrean, eskatzaileak esaten zuen ezen, alarguntza-pentsioaren jasotzaile onuradun anitzeko egoera desagertu zenez, ez zuela zentzurik Estatuko Klase Pasiboen Legeak 38.2 artikuluan, alarguntasun-pentsioa jasotzeko eskubidea izateko baldintzei buruzkoan, xedatzen zuen banaketa-irizpideari eusteak. Artikulu horrek, besteak beste, hau ezartzen du: “Baldin eta, dibortzioa egon denean, pentsiorako eskubidea duten hainbat onuradun aldi berean badaude, pentsioaren zenbatekoa haietako bakoitza eragilearekin bizi izan den denboraren araberako proportzioan aitortuko da; nolanahi ere, ehuneko 40 bermatuko da ezkontidearen alde edo, hala dagokionean, ezkontidea ez bada ere, hiltzeko unean eragilearekin bizi zenaren alde, betiere alargun-pentsioaren onuraduna bada hurrengo 4 apartatuan aipatutako moduan”. 

 

Auzia Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusira iritsi zen, eta Langileen Kostuen Zuzendaritza Nagusiaren antzera ebatzi zuen, esanez eztabaidaren xede nagusia zela zehaztea onuradun bat hiltzeak beste onuradunaren pentsioa dagokion proportzioan handitzea erakar ote dezakeen, indarrean dagoen legediaren arabera, Estatuko Klase Pasiboen Erregimenean alarguntza-pentsioa aldi berean onuradun baten baino gehiagoren artean banatzen den kasuan, eta ondorioztatu zuen errekurtsogileak eskatzen zuen pentsioaren “gehikuntza” ez zegoela aintzat hartuta indarreko legerian eta ezinezkoa zela, kontuan hartuta pentsioaren aitorpen-datan alarguntza-pentsioa banatzeko aplikatu behar zen irizpidea. 

 

Kasua Auzitegi Gorenaren Administrazioarekiko Auzien Salaraino iritsi denean, hark ondorioztatu du, Lan-arloko Salaren doktrinarekin bat etorriz, Estatuko Klase Pasiboen Araubideari dagokion alarguntza-pentsioa onuradun bakar batek kobratu behar duela oso-osorik eskubide-kidea hiltzen denetik aurrera, ulertu behar baita ez dela pentsioaren gehikuntza bat, egon pentsio bakarra dagoelako, jatorriz eta osorik bizirik dirauen ezkontideari dagokiona, eta soilik beste onuradun batzuekin hainbanatu behar den kasuetan banatu behar dena araudian jasotzen den moduan.   

 

Auzitegi Gorenaren iritzian, bizirik dirauen alargunari pentsioaren zenbatekoa osorik ez ordaintzeko arrazoia desagertu ondoren, alargunaren eskubidea jatorrizko dimentsiora itzultzen da, eta Estatuko Klase Pasiboen Legean berariazko arau-xedapenik ez egotea ez da eragozpen Estatuko Klase Pasiboen Legearen 38.2 artikulua halako moldez interpretatzeko, ezen bete egingo baita jubilatutako edo erretiroa hartutako funtzionarioen eskubide pasiboen arloko arau-hutsune hori, Espainiako Konstituzioan aipatzen den elkartasun sozialaren printzipioari jarraikiz, eta adinekoek bizimodu duina eta independentea izateko duten eskubidea bermatuta, zeina Europar Batasuneko Oinarrizko Eskubideen Gutunak bermatzen baitu. 

Ondorioz, Auzitegi Gorenak Estatuko Klase Pasiboei buruzko Legearen 38.2 artikuluaren interpretazio hau zehazten du: eskubide pasiboen kausatzailearen onuradun bat baino gehiago aldi berean dagoenean, dibortziatutako ezkontidearen edo egungo ezkontidearen alarguntza-pentsiorako eskubidea azkendu ondoren, bizirik dirauen eta horretarako baldintzak betetzen dituen onuradunak osorik berreskuratzen du pentsioaren zenbatekoaren jatorrizko eskubide oso-osoa eta, ondorioz, dagokion alarguntza-pentsio osoa kobratzeko eskubidea. 

Andrea Fernández Pérez 


Mutualiako Lege-aholkularitzako lege-teknikaria      

Gizarte Segurantzak indartu egin du baja medikoei (ABE) buruzko informazioaren gaineko kontrola 

“Lanpostua” eta “Funtzioen deskribapena” eremuak nabarmenduta dituen euskarazko inprimaki digitala duen bulego baten irudia, “Baliozkotua” edo “Errorea” zigilua duena.

GSINen helburua da enpresekiko komunikazioa indartzea. Hori dela eta, lortu nahi du haiek gehiago inplikatzea baja medikoen kudeaketa egokian, eta langilearen lanpostuari eta funtzioei buruzko datuen jakinarazpen egokia bermatzea. 

 

 Zer ari da eskatzen zehazki GSIN? 

 

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak gogorarazten du eremu hauen informazioa behar bezala eman behar dela: 

 

  • “Lanpostua” (gutxienez 4 karaktere) 
  • “Funtzioen deskribapena” (gutxienez 15 karaktere) 

 

Datu horiek ezintasun-datuen fitxategiaren bidez edo RED sistemako “Aldi Baterako Ezintasuna Online” zerbitzuaren bidez jakinarazi behar dira. 

 

 Zergatik da hain garrantzitsua informazio hori? 

 

GSINek jakin behar duelako zer zeregin dituen benetan langileak, horren arabera baloratzeko ea berriro lanean hasteko moduan dagoen edo ABEko egoeran jarraitu behar duen. 

Lanpostuaren eta haren funtzioen deskribapen zehatza: 

 

  • Balorazio mediko egokiagoa ahalbidetzen du. 
  • GSINen, mutualitateen eta osasun-zerbitzu publikoen arteko koordinazioa bultzatzen du. 
  • Baja-prozesuak zorrotzago eta era efizienteagoan kontrolatzen laguntzen du. 

 

 Zer egiaztapen ari da egiten Gizarte Segurantza? 

 

Enpresen betetze-maila aztertu ondoren, GSINek hauteman du bidalketa askok ez dituztela eremu horiek beteta izaten edo datu orokorrak izaten dituztela. 

 

 Zer akats ager daitezke behar bezala informatzen ez bada? 

 

Errorea Betekizunaren Eremuan, ez dagoelako beteta 

  • Lanpostua Gutxienez 4 karaktere ❌ 158 Errorea – “LANPOSTUA NAHITAEZKOA” 
  • Funtzioen deskribapena Gutxienez 15 karaktere ❌ 159 errorea – “FUNTZIOEN DESKRIBAPENA NAHITAEZKOA” 

 Zer ondorio izan ditzake ez betetzeak? 

 

Datu horien berri ez ematea edo hori oker egitea arau-hauste administratibotzat har daiteke, Lan Arloko Arau Hausteei eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 21.4 artikuluaren arabera (5/2000 Legegintzako Errege Dekretua). 

Horrek zehapen ekonomikoak eta Laneko Ikuskatzailetzaren ohartarazpenak ekar ditzake. 

 

 Zer onura ditu zuzen betetzeak? 

 

  •  Informazio medikoaren kalitatea hobetzen du. 
  •  GSINen, mutualitateen eta osasun-sailaren arteko koordinazioa errazten du. 
  •  Gorabehera gutxiago dago parteen bidalketan. 
  • Administrazio-zehapenak edo -errekerimenduak saihesten ditu. 

 

 Zer egin behar dute orain enpresek eta aholkularitzek? 

 

  • Nomina-sistemak eta ABEaren kudeaketa-sistemak berrikusi. 
  • Eremu horiek behar bezala atzitzen eta transmititzen dituztela ziurtatu. 
  • Ezintasun-datuen fitxategien txantiloiak eta automatismoak eguneratu. 
  • “Enplegatu” edo “langile” moduko deskribapen orokorrak saihestu. 
  • Giza Baliabideetako edo nominetako langileak prestatu, informazio horren garrantzia eta inpaktua uler dezaten. 

 

GSINen helburua da kalitatea handitzea baja medikoen datuetan, ABEko prozesuen balorazioa hobetzeko. 

Betebehar hori zuzen betetzeak hutsegiteak eta zehapenak saihesten ditu eta sistemaren efizientzia hobetzen du. 

Zure bezero edo langileen ABEak kudeatzen badituzu, egiaztatu zure RED sistemek behar bezala bidaltzen dituztela “Lanpostua” eta “Funtzioen deskribapena” eremuak. 

 

Berrikuntza erradiologian, adimen artifizialaz lagunduta

diagnostico-por-imagen

Duela mende bat zuri-beltzeko lehen irudi lausoaz geroztik, erradiologiak etengabeko bilakaera izan du eta izaten jarraitzen du; izan ere, irudiak adimen artifizialaren medioz interpreta daitezke gaur egun. Irudi-ekipoen etengabeko garapen teknologikoari adimen artifiziala gehitu zaio duela gutxi, eta irudiak sortzeko eta interpretatzeko ate berriak irekiko dira horrela.

Azaroaren 8an Erradiologiaren Mundu Eguna ospatzen dugu. Erradiologia espezialitate medikoa da, diagnostiko medikorako giza gorputzaren irudiak emateko teknikak integratzen dituena. Medikuntzako atalik berritzaileenetako bat izanik, balio handia ematen die espezialitate mediko gehienei.

Irudi bakoitzak osasun-arazoak detektatzen laguntzen du, hala nola hauek: tumore txikiak, hausturak, alzheimerraren eta beste gaixotasun batzuen lehen zantzuak. Irudi horien interpretazioak ezagutza eta zehaztasuna eskatzen ditu; testuinguru horretan, adimen artifizialak giza begiari ikusezinak zaizkion eredu eta xehetasunak aztertzeko laguntzaile adimentsu gisa dihardu eta erradiologiako medikuen aliatu bihurtzen da, diagnostiko azkar eta zehatzagoak eskaintzeari dagokionez.

 

Adimen artifiziala praktikan

  • Garunean, biriketan edo bihotzean jazotako aldaketa sotilak detektatzen ditu
  • Neurtu eta alderatu egiten ditu irudiak, denboran zehar, gaixotasunen bilakaerari jarraipena egiteko, hala nola tumoreen hazkundeari edo lesio berrien agerpenari.
  • Emaitzen interpretazioa estandarizatu, txostenen arteko aldakortasuna murriztu eta sorospenaren kalitatea hobetzen du.
AA irudiak

 

Paziente eta profesionalentzako onurak

  • Miaketa azkar eta zehatzagoak. Erresonantzia magnetikoen kasuan, adimen artifizialak azterketa-denbora % 50eraino murriztu dezake eta, horrenbestez, pazientearen antsietatea eta estresa gutxiagotzen du, irudien kalitatea hobetzeaz gainera.
  • Lehentasuna premiazko kasuetan. Aurkikuntza kritikoak detekta ditzake, hala nola garuneko isuria tomografia batean; hala, automatikoki ohartarazten da talde medikoa, berehala jardun dezan.
  • Diagnostiko goiztiarragoak. Alzheimerra, esklerosi anizkoitza eta halako gaixotasun neurologikoetan, adimen artifizialak garuneko aldaketa milimetrikoak kuantifikatzen ditu, diagnostiko goiztiarrak eta tratamendu pertsonalizatuak erdieste aldera.
  • Minbiziaren detekzioa. Erradiologoaren irizpide klinikoaren eta adimen artifizialaren ereduen azterketaren arteko konbinazioak aukera ematen du lesioak hasierako faseetan lokalizatzeko, horien tamaina neurtzeko eta tratamenduaren erantzuna zehaztasunez ebaluatzeko.

 

 

Adimen artifiziala erradiologian laguntzeko

erresonanzia

Adimen artifiziala erradiologiako profesionalaren lanaren osagarri gisa balio du; hots, ez du sekula hura ordezkatzen. Erradiologoak testuinguru klinikoa, arrazoibidea eta enpatia ematen ditu, eta ezinbestean ikuskatu behar du adimen artifizialaren bidezko informazioa. Teknologiaren eta ezagutza medikoaren konbinazioa funts-funtsezkoa da diagnostiko eta tratamendu eraginkorragoak zehazteko.

Adimen artifizialak etorkizuneranzko bide bat irekitzen du, eta, bide horretan, sintomak agertu aurretik arriskuak aurreikusi ahalko ditu, tratamenduak optimizatzeaz gain paziente bakoitzaren profilaren arabera, bai eta diagnostiko azkarragoak erraztu ere.

 

Mutualia eta adimen artifiziala erradiologian

Mutualiak BoneView izeneko adimen artifizialeko soluzio bat du ezarrita erradiografietan hausturak detektatzeko, 25 azterketak baino gehiagok bermatutako eraginkortasun klinikoarekin. Sistemak % 95etik gorako sentsibilitatea du, detektatu gabeko hausturak % 30 urritzen ditu, irakurketa-denbora % 35 murrizten du, eta lokadurak, artikulazio-isuria eta hezur-lesioak ere detektatzen ditu.

Irizpide aldaketa aldi baterako ezintasuna duten langileen prestazioaren oinarri arautzailearen lanaldi murriztuko kalkuluan

reloj partido

Jarraian, aldi baterako ezintasunaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modulu-proiektua ezagutaraziko dugu, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala auzia aztertzen ari baita Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin batera.  Helburua da aldi baterako ezintasuna duten langileen prestazioaren oinarri arautzailea kalkulatzeko modu komun bat ezartzea, eta enpresei ordainketa eskuordetuan deduzitu beharreko zenbatekoa aurkeztea hileko kotizazioak likidatu aurretik. 

2025eko urtarriletik, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak hilero komunikatzen dizkie mutualitateei aldi baterako ezintasunen oinarri arautzaileak, aintzat hartuta Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak komunikatutako oinarri arautzaile finkatua; helburua da balizko aldeak identifikatzea eta kalkulua egiteko metodo komun bat adostea Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren eta mutualitateen artean, elkarrekin lan egiteko eta balizko aldeak argitzeko eta bateratzeko. 

Onartutako irizpideetako bat, orain artean Mutualian aplikatutakoa aldatzen duena, honakoa da: gertaera eragilearen datan (medikuaren baja) langileak benetan egiten zuen lanaldiaren ehunekoa aintzat hartuko da. Horrenbestez, ehuneko horrek mugatuko du prestazioaren oinarri arautzailea. Hau da, lanaldi partzialeko kontratua izan arren langilea lanaldi osoz lanean ari bada bajaren datan eta horrela jasota badago Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrean –lanaldiaren koefizientea % 100ekoa izanik–, lanaldi osoari dagokion arau orokorra aplikatuko da; horiek horrela, medikuaren bajaren aurreko hileari dagokion kotizazio-oinarria lanaldi osokoa izango da (hilabetera heltzen ez badira kotizatutako egunak, modalitate horretan kotizatutako egunak hartuko dira aintzat). 

Aldiz, langilea bajaren datan lanaldi partzialeko langilea bada, partzialtasunaren aldaketak egon arren, eta betiere langileak lanaldiaren % 100 egiten ez badu eta beti kontratu berarekin ari bada lanean, gertaera eragilearen aurreko hiru hilabeteetako langilearen kotizazioa hartuko da aintzat. Hiru hilabeteko aldi horretan % 100ean lan egindako jardunaldiak egongo balira (Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrari behar bezala komunikatutakoak), zenbaketa geratu egingo da (lanaldi osorako kontratu aldaketa bat egon dela ulertuko baita). 

Era berean, lanaldi osoko kontratu batean bajaren aurreko hilabetean lanaldi partzialeko aldiak badaude, egoera horretara iristean zenbaketa geratuko da oinarri arautzailearen kalkulurako. 

Irizpide aldaketaren helburua arauaren espiritura egokitzea da, hau da, gertaera eragilearen unean sortutako errentak ordeztea. Mutualiak kalkulua egiteko modu hori erakunde kudeatzailetik hartuko du, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala aurki hasiko baita irizpideok aplikatzen eta enpresei bidaltzen aldi baterako ezintasunen oinarri arautzaileak, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren Enpresen FIE fitxategiaren bitartez, prestazioaren erakunde arduraduna mutualitate bat denean. 

Azkenik, jakinarazten dizuegu Gizarte Segurantzako Institutu Nazionala hasi dela dagoeneko informazio trukerako modulu bat garatzen Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrarekin; etorkizunean, aldi baterako ezintasunei ordainketa eskuordetuagatik dagozkion dedukzioen zenbatekoak komunikatu ahal izango dira bertatik, langile bakoitzari eta kotizazio tarte bakoitzari aplikagarriak. Elkarlan horren helburua da, epe ertainean, Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorra gai izatea dedukzio horiek zuzenean sartzeko kuoten likidazio prozesuan. 

Emandako informazioa zuentzat erabilgarria izatea espero dugu eta gogoratzen dizuegu berrikuntza honen aplikazioarekin lotutako edozein zalantza kontsultatu nahi badiguzue, zuen esanetara gaudela.