Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko azaroaren 25tik abenduraren 1rako astea.
EUSKARAREN NAZIOARTEKO EGUNA
Abenduaren 3an Euskararen Nazioarteko Eguna ospatzen da
Euskarak hainbat erronka gainditu ditu azken hamarkadetan, baina oraindik asko dago egiteko: “euskararen eta euskal kulturaren nazioarteko presentzia indartzea”, “euskararen ezagutza areagotzea eta, batez ere, euskararen erabileran eragitea arlo sozial eta kulturalean, ekonomikoan, digitalean eta sektore publiko eta pribatuan”, edo “hizkuntza-eskubideak erabat errespetatzeko eta hizkuntza-bizikidetza normalizaturako bidean aurrera egitea”, besteak beste.
Mutualia, Eusko Jaurlaritzak antolatutako ekitaldi instituzionalean izan da, Donostian, Tabakaleran, Iñigo Urkullu lehendakaria buru zela. Ekitaldian euskarak munduan eta, bereziki, mundu digitalean dituen erronkei buruzko hausnarketa egin da. Eta hala islatzen du Eusko Jaurlaritzak argitaratutako adierazpen instituzionalak, non ingurune digitalean euskara gehitzeko beharra nabarmentzen den.
“Euskara zabaltzeko aro digital berri bat hasi da, inplikazio pertsonalaren eta komunitarioaren bidez jarduteko unea iritsi da. Geure gain har dezagun adimen artifizialaren bidetik datozen tresnak euskaraz funtziona dezaten egokitzeko ardura, irakats diezaiogun gure eguneroko jardueraren ezinbesteko mundu digitalari euskaraz lan egiten”.
Mutualiak hamarkada luzea darama hizkuntza-berdintasunaren alde lanean, batetik, interes-taldeei zerbitzuak euskaraz ere eskaini ahal izateko, eta, bestetik, langileek nahi duten hizkuntzan lan egin ahal izateko.
Mutualia ASCOM elkartearen Compliance Officer Egunean
Mutualia elkartekide duen Compliance Elkartearen (ASCOM) 2023ko Compliance Officer Eguna dela eta, Madrilgo Arte Ederren Elkargoak antolatutako prestakuntza-jardunaldian izan dira Batzorde Betearazleko kideak. Erakundeetan delituak prebenitzearen arloko azken berritasunak eta gaurkotasunezko gai praktikoak izan dituzte aztergai.
Mutualian, Gobernu Korporatibo Onaren Politika Orokorraren ikuspegiarekin eta Kode Etikoan eta arlo bakoitzaren jardunean gerta daitezkeen arrisku penalak identifikatzeko, ebaluatzeko eta kontrolatzeko etengabeko zereginean oinarrituta, arlo penaleko gure compliance kudeaketa-sistemak (2019tik du ziurtagiria UNE 19601 arauan) erakundearen jasangarritasunari laguntzen dio, ondorio kaltegarriak ekar litzaketen delituak edo bestelako arau-hausteak ahalik eta modurik eraginkorrenean saihesten saiatuz.
Mutualiak hainbat printzipio, politika eta jarduteko barne-prozedura ditu —gure atari korporatiboan argitaratuta daude—, Arrisku Penalak Prebenitzeko gure eredua osatzen dutenak, Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduen erakunde bat garen aldetik garatzen dugun jardueran arlo penaleko araudia behar bezala bete dezagun bermatzeko eta ustelkeriaren eta iruzurraren aurkako borrokan etikaren eta zuzentasunaren kudeaketa arautzeko.
Arau-hausteei eta ustelkeriaren aurkako borrokari buruzko informazioa ematen duten pertsonak babesteko 2/2023 Legean eta mutuaren INFORMAZIOKO BARNE-SISTEMAREN POLITIKAN ezarritakoa betetzeko, BARNEKO INFORMAZIO-KANALA du Mutualiak, komunikazioak, informazioa eta salaketak jasotzeko. Tresna baliotsua da mutuaren jarduerari lotutako legez kontrako edozein jokabide edo legezkotasuna urra lezakeen edozein gorabehera jakitera emateko.
Batzorde Betearazlea
Mutualia 5. ekinBarri urteroko topagunean izan da
Azaroaren 27an, 5. EkinBarri Urteroko Topagunean parte hartu zuen Mutualiak. Ekimena Bilbon egin zen, BAT B Accelerator Tower-en.
EkinBarriren helburua da pertsonak ardatz izango dituen enpresa-estilo berri bat garatzea eta sendotzea. Bizkaiko enpresa-erakundeek zuzentzen dute (CEBEK, FVEM, CECOBI, ASCOBI eta AVEQ), Bizkaiko Foru Aldundiaren laguntzarekin. Gaur egun 80 enpresak osatzen dute, eta 120 talde eta 1.000 pertsonatik gora aritzen dira beren esperientziak trukatzen, betiere eraldaketa, berrikuntza, ongizatea eta talentuaren garapena bultzatzen dituen kultura baten alde.
Miren Fernández Mutualiako Pertsonen Garapenerako zuzendariak eta Lourdes Gondra Mutualiako Zerbitzu Korporatiboen zuzendariak azaldu dute nola kudeatzen den lidergoa mutuan: kudeaketa-sistema aurreratu, etiko eta berritzailea daukagu, zeina lau lerro estrategikotan garatzen baita:
- Gobernu korporatiboa eta herritarren enpresa bultzatzea
- Mutualiako pertsonekiko konpromisoa indartzea
- Berrikuntza zerbitzuetan
- Osasunaren zaintza humanizatzea eta babes ekonomikoa


Mutualiak lidergoa garatzeko Boga proiektua dauka ezarrita, zeina mutuako pertsonen (lider deritze) parte-hartzean oinarritzen baita. Liderrak Mutualiaren proiektuarekiko eta balioekiko konpromisoa duten pertsona gisa, eragin positiboa dutenak, konfiantza sortzen dutenak eta langileengan eragiten dutenak, bezeroak eta gainerako interes-taldeak asebetetzearekin bat datozen emaitzak lortzeko. Xede horrekin, enpresari aplikatutako etikari buruzko jardunaldiak, konpromiso batzuk eta lidergoa ebaluatzeko metodo bat barne hartzen dituen prestakuntza-sistema bat eta helburu batzuk ezarri ditu Mutualiak.
Ainara Basurko Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saileko foru-diputatuak itxi du ekitaldia: nabarmendu du, lurraldearen, enpresen eta pertsonen lehiakortasuna eta ongizatea bultzatzeari dagokionez, zenbaterainoko garrantzia duen EkinBarri bezalako programa bat izateak, eta zehaztu du pertsonak funtsezkoak direla.
ETXEKO LANGILEAK eskuliburu eguneratuta
Etxeko langileen laneko eta Gizarte Segurantzako baldintzak hobetzeko aldaketak, irailaren 6ko 16/2022 Errege Lege Dekretua indarrean sartzearen ondorioz.
Arau honen helburua da familietako etxeko langileen laneko eta Gizarte Segurantzako baldintzak besteren konturako gainerako langileenekin parekatzea. Era horretan, ezabatu egin nahi dira diskriminatzaileak izan daitezkeen desberdintasunak, justifikatutako arrazoirik ez edukitzeaz gain langile-kolektibo hori desabantaila nabarmeneko egoeran jartzen baitute.
Kolektibo hori Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko azaroaren 8ko 31/1995 Legearen aplikazio-eremuan sartzen da. Adierazi behar da langileek eskubidea dutela laneko segurtasunaren eta osasunaren arloan babes eraginkorra izateko, batez ere emakumeen aurkako indarkeriaren prebentzioaren arloan —etxeko lanen ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta—, betiere haien osasuna eta segurtasuna ziurtatzeko erregelamendu bidez zehaztutako baldintzetan eta bermeekin.
Hori dela eta, eguneratu egin da etxeko langileei buruzko gure eskuliburua.
Ariketa fisikoen errutina bat erantsi dugu, malgutasunari eusteko eta lokomozio-aparatuaren lesioak prebenitzeko.
MutuaLex 271 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko azaroaren 18tik 24rako astea.
Mutualiak adimen artifizialeko soluzio bat ezarri du erradiodiagnostikoan laguntzeko
Adimen artifiziala (AA) erakundeek eguneroko erronkei aurre egiten dieten modua aldatzen ari da, eta bizkor, gainera.
Osasun-arloan, erradiografietan hausturak goiz atzematen izan du eraginik handiena adimen artifizialak, besteak beste.
Mutualiak erradiografietan hausturak atzemateko adimen artifizialeko soluzio bat ezarri du: BoneView. Hauek dira soluzioaren ezaugarri nagusiak:
- Hausturak atzemateko sentikortasun handia du, % 95 baino handiagoa; beraz, oso fidagarria da hausturarik ez dagoela ziurtatzeko.
- Maiz samar, erradiografietan hausturak ez dira nabaritzen; sistema honekin, % 30 gutxiago geratzen dira detektatu gabe.
- Erradiografiak irakurtzeko denbora % 35 gutxitzen du.
- Oso erraz erabiltzen da, modu erabat automatizatuan. Analisiaren emaitza bi minuturen buruan ematen du, eta sendagileak emaitza hori baloratu besterik ez du egin behar.
- Hausturez gain, luxazioak, giltzadurako isuriak eta hezur-lesioak atzematen ditu.
Ebidentzia zientifikoa
Eraginkortasun klinikoa zenbait ikerketa klinikoren bitartez frogatu dute, eta ikerketa horiek aldizkari zientifikoetan argitaratuta daude (25 artikulu). Artikulu horietako batek Margulis Award saria jaso zuen 2022an. Sari hori Ipar Amerikako Erradiologia Elkarteak (RSNA) ematen du urtero, erradiologiari buruzko artikulu garrantzitsuenak aintzatesteko. Gainera, gailu medikoetarako CE marka du, eta FDAk onartu du; beraz, bat dator pazienteen segurtasun-estandarrekin. Softwarea aitzindaria da merkatuan, eta 800 erakunde publiko eta pribatutan baino gehiagotan ezarri da, 30 herrialdetan.


Nola funtzionatzen du?
Oso erraza da, dena automatikoa baita. Erradiografia bat egiten den bakoitzean, sistemak irudia adimen artifizialaren bidez aztertzen du, eta interesgarriak izan daitezkeen guneak lauki hori batekin markatzen ditu.
Osasun-langileak bi irudi ditu egindako erradiografia bakoitzeko: jatorrizkoa eta adimen artifizialarekin aztertutakoa. AAk ez du jatorrizko erradiografia aldatzen, erradiografiaren kopia bat egiten du, eta, haustura edo lesioren bat egon daitekeela uste badu, gune hori lauki hori batekin seinalatzen du. Bi irudiak artxibatu egiten dira, eta, hala, osasun-langileak behar duen guztietan kontsultatu ditzake.
Erradiodiagnostikoan AA aplikatzeak fidagarritasuna eta segurtasuna handitzen ditu, eta diagnostikoa zehatzagoa da, errore-marjina txikiagoa baita. Aurrerapen handia da osasun-langileentzat, diagnostikoa egiten laguntzen duelako, eta baita hobekuntza garrantzitsu bat ere pazienteentzat.
Antibiotikoak egoki erabiltzea zure esku ere badago
Lehen antibiotikoa XX. mendearen erdi aldera sortu zuten, eta horrek medikuntza modernoaren ibilbidea aldatu zuen: gizakien eta animalien bakterio-infekzio gehienak tratatzen hasi ahal izan zuten.
Gaur egun, osasun publikoaren mehatxu larrienetako bat bakterioak sendagai-mota horiekiko erresistente bihurtzea da. Izan ere, bakterio multirresistenteek urtean 33.000 heriotza eragiten dituzte Europan, bai eta 1.500 milioi euroko osasun-gastu gehigarria ere.
Arazo horren sorburu nagusietako bat antibiotikoak gehiegi eta modu desegokian erabiltzea da, eta guztiok gara, neurri batean, erantzule. Konponbidea ere denon esku dago. Zuk ere zure aletxoa jar dezakezu! Lagundu antibiotikoek funtzionatzen jarrai dezaten.
Hobe da prebenitzea
Antibiotikoekiko erresistentzia-prozesua bi faktorek bizkortzen dute, nagusiki: batetik, botika horiek gaizki erabiltzeak; eta, bestetik, infekzioak prebenitzeko eta kontrolatzeko dauden hutsuneak. Denok har ditzakegu gertakari horren eragina murrizteko eta hedatzea mugatzeko neurriak. Mutualiak Eskuko Higienearen Batzorde bat du, zeinak, aldian-aldian, eskuak egoki nola garbitzen diren erakusten baitu, OMEren gidalerroei jarraituz, hau da, eskuak garbitzeko bost uneak aintzat hartuz. Gainera, jarraibide oso zehatzak ditu ebakuntzen aurretik eskuak garbitzeko eta desinfektatzeko, eskularruak eta mantalak jartzeko eta abar. Jarraibide horiei esker, asistentziarekin lotutako infekzio-indizeek behera egin dute Mutualian.
Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) gomendatzen du, batez ere:
- Eskuak maiz garbitzea.
- Elikagaiak ongi garbitzea.
- Gaixorik dauden pertsonekin harreman zuzenik ez izatea.
- Txertoen egutegia behar bezala betetzea.
Osasun-langilea edo farmazialaria bazara, infekzioak saihesten lagundu dezakezu:
- Eskuak, tresnak eta ingurunea behar bezain garbi daudela ziurtatuz.
- Zure pazienteen txertoen egutegiak egunean izanez.
- Bakterio-infekzioren baten susmorik izanez gero, kultibo eta proba egokiak eginez.
- Antibiotikoak behar-beharrezkoak direnean bakarrik aginduz eta emanez.
- Antibiotiko aproposa aginduz eta emanez, posologia egokiarekin eta dagokion denborarako.
Sendagaiak nork bere kabuz hartzearen arriskuak
Neguko gaixotasun askok sintoma berberak izan ditzakete, baina agian ez dute tratamendu bera behar. Aurrekoan gaixotu zinenean agindu zizuten antibiotikoarekin sendatu bazinen, tentagarria izan daiteke antzeko sintomak edukiz gero antibiotiko bera erabiltzea. Hala ere, tratatu zaituen sendagileak bakarrik erabaki dezake neguko gaixotasun hori sendatzeko antibiotikoak behar dituzun.
Hotzeriari eta gripeari aurre egiteko antibiotikoak hartzeak ez dizu mesederik egingo. Gainera, antibiotikoek ondorio kaltegarri desatseginak izan ditzakete: beherakoa, goragalea eta larruazaleko erupzioak, adibidez. Askotan, bakterio-infekzio arinak (adibidez, errinosinusitisa, bronkitisa eta eztarriko eta belarriko mina) tratatzeko ez dago zertan antibiotikoak hartu, gure immunitate-sistema gai baita, gehienetan, infekzio horiei aurre egiteko. Neguko gaixotasun gehienek hobera egiten dute bi asteren buruan. Sintomek irauten badute, garrantzitsua da sendagilea jakinaren gainean jartzea.

Javier de la Fuente Ortiz de Zárate doktorea
Mutualiako Infekzioen Batzordeko koordinatzailea
Adina eta lana. Zahartze aktiboa eta osasungarria.
Herrialde industrializatuetan, azken urteotan, biztanleria gero eta zaharragoa da. Gure gizartea munduko adindunen artean dago (65 urtetik gorako biztanleen % 18,8 dugu), eta bizi-itxaropen handia du beste herrialde batzuekin alderatuta (85 urte emakumeen kasuan eta 80 urte gizonen kasuan).
Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, zahartzeak gaitasun fisikoak eta mentalak pixkanaka gutxitzea dakar, eta hori lan-ingurunera eramanez gero, eragina izan dezake lanpostuaren eskakizunen aurrean erantzuteko gaitasunean.
Lan-ingurunean adina kudeatzea funtsezkoa da epe luzera lan-ingurune inklusiboak eta jasangarriak lortzeko, zahartze aktibo eta osasungarria ekarriko duen osasun fisiko, mental eta emocional ona sustatuko dutenak.
Helburu horrekin, Mutualiako Prebentzio Aholkularitzak zahartze osasuntsuari buruzko kanpaina jarri du abian. Kanpaina horretan, sei gai biltzen dira bideo eta infografia formatuan (ikusmena, entzumena, indarra, nutrizioa, gaitasun kognitiboa eta ariketa fisikoa), eta hilero argitaratuko da.
MutuaLex 270 zk.
Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O.,
G.A.O. y E.B.A.O.), 2023ko azaroaren 11tik 17rako astea.
