Mutualex epaia 2023ko Iraila

sentencia

KONTINGENTZIA ZEHAZTEA LANGILE PLURIAKTIBOEN ALDI BATERAKO EZINTASUNEKO PROZESUETAN. ZEIN DA KONTINGENTZIA NAGUSIA ERREGIMEN BAKOITZEAN?

mazoa

Auzitegi Gorenak (AG), 479/2023 zenbakiko epaian (2023ko uztailaren 5ekoa, Rec. 3841/2020), indargabetu eta errebokatu egiten du EAEko Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2020ko uztailaren 21ean emandako epai bat, zeinak Bilboko Arlo Sozialeko 6. Epaitegiak 2020ko urtarrilaren 29an emandako epai bat berretsi baitzuen. Beraz, Mutualiaren demanda onesten du, eta eraginik gabe uzten du GSINen ebazpena, zeinaren bidez laneko istripu baten ondoriozkotzat aitortu baitzen Mutualiaren kargurako (kontingentzia profesionalaren erakunde aseguratzaile gisa Langile Autonomoen Araubide Berezian —LAAB—) aldi baterako ezintasunaren aldia. 

Langileak, 2019-01-03an, ondoez bat izan zuen laneko tokian eta denboran, estomatologo-lanetan ari zela araubide orokorreko enpresa batentzat; besteren konturako laneko harremana zuen langileak enpresa horrekin. Langile horrek, bestalde, bere kontura ere egiten zuen lan estomatologo gisa, eta, beraz, altan zegoen LAABen ere.

Kontingentzia zehazteko espedientea eskatu zitzaionean erakunde kudeatzaileari, erakundeak ebazpen bat eman zuen, zeinean aitortzen baitzen 2019ko urtarrilaren 3an hasitako aldi baterako ezintasuna laneko istripu batetik eratorri zela, bai araubide orokorrean, bai LAABen, eta mutua aseguratzailearen erantzukizuntzat jotzen baitziren kontingentzia profesionalak prestazio bakoitzean, haien oinarri arautzailearen arabera.

Ebazpen horren aurrean, Mutualiak demanda bat aurkeztu zuen, eskatzeko LAABetik eratorritako aldi baterako ezintasunari zegokion prestazioan kontingentziak arrunta izan behar zuela, istripuak ez baitzituen betetzen Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 316.2 artikuluan zehaztutako eskakizunak.

Errekurritutako epaiaren eta Kantabriako Auzitegi Nagusiko Arlo Sozialeko Salak 2016ko maiatzaren 19an emandako 489/2016 zk.-ko epaiaren (286/2016 errekurtsoa) arteko kontraesanean oinarritutako doktrina bateratzeko kasazio-errekurtsoan orain Auzitegi Gorenak adierazten duenez, eztabaida juridikoa honetara mugatzen da: erabakitzea ea kasu honetako aldi baterako ezintasuna laneko istripu gisa aitortu behar den, araubide orokorrean ez ezik, LAABen ere.

Hala, doktrina bateratzeko kasazio-errekurtso honetan zehaztu nahi da ea langile pluriaktibo batek bere bi araubideetako batean istripua badu eta ez baditu betetzen beste araubidean laneko istripu aitortzeko eskakizunak, kontingentzia bi araubideetan berdin zehaztu behar den, ala aldi baterako ezintasunaren aldia bi kontingentzia desberdinetara atxiki daitekeen, araubide bakoitzaren arabera.

Auzitegi Gorenaren epaian, lehenengo aztertu da araubideetako bakoitzean zer jotzen den laneko istriputzat. Araubide orokorrari dagokionez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 156.3 artikulua hartu da kontuan, zeinean laneko istripuaren ondoriozkotzat jotzen baitira langileak laneko tokian eta denboran jasaten dituen lesioak. Aldiz, LAABen, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 316.2 artikuluan zehaztutakoa aplikatuz (1273/2003 EDaren 3.2 artikuluari dagokionez), laneko tokian eta denboran jasandako lesioak lanaren ondoriozkoak direla jotzen da baldin eta egiaztatzen bada lesio horiek lotura dutela norbere kontura egindako lanarekin.

Hala, Auzitegi Gorenaren epaian nabarmentzen da LAAB murriztaileagoa dela istripuak lanekotzat jotzeari dagokionez. Izan ere, araubide orokorrean, lanekotzat jotzen dira laneko tokian eta denboran jasandako lesioak, salbu eta ez bada aurkakoa frogatzen; eta, LAABen, aldiz, egiaztatu behar da istripuak jarduerarekin zuzeneko lotura duela.

Ondorioz, epaian aitortzen da ezen, ez denez egiaztatu LAABen eskatzen den zuzeneko eta berehalako lotura, aldi baterako ezintasunari dagokion prestazioa LAABen ezin dela jo laneko istripu baten ondoriozkotzat, eta prestazioa kontingentzia arrunt gisa sailkatuko dela. Beraz, erantzuletzat aitortu du LAABen aldi baterako ezintasunaren prestazioa estaltzen duen erakundea.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Kontsulta juridiko 2023ko Iraila

consulta

Zer erakunderen ardura da aldizkako langile finkoei dagokien kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasunaren prestazioa ordaintzea jarduerarik gabeko aldietan eta aseguru-erakundea aldatzen denean?

kontsulta

Aldizkako langile finko bati dagokion balizko kasu bat aztertuko dugu; langile hori, jarduerako aldian dagoela, kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran sartu da, mutua jakin baten estaldurarekin. Eta jarduerako aldia amaitu du oraindik ere kontingentzia arruntengatiko aldi baterako ezintasuneko egoeran, eta, horrenbestez, prestazioa kobratzen jarraitu du, zuzenean mutuak ordainduta. Langilea egoera horretan dagoela, enpresak erakunde aseguratzailea aldatu du, eta estaldura beste mutua bati edo erakunde kudeatzaileari eskualdatu zaio. Kasu horretan, planteatzen da ea zer erakundek arduratu behar duen prestazioa ordaintzeaz.

Ondorio horietarako, bi soluzio posible egongo lirateke: prestazioa hasi zuen erakundearen kontura jarraitzea ordainketak, deialdi berria egin arte; une horretan, enpresak arduratu beharko luke ordainketa eskuordetuaz. Edo, bestela, erakunde berria arduratzea ordainketaz.

Duela gutxi planteatu eta ebatzi da kasu hori Valentziako Justizia Auzitegi Nagusiaren bi epaitan (946/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 28koa, eta 880/2023 zk.-ko epaia, martxoaren 22koa), zeinek auzitegi horretako lehenagoko epai bati (3107/2022 zk.-ko epaia, urriaren 18koa) egiten baitiete erreferentzia. Epai horretan, hau argudiatzen da:

“Aldizkako prestazioa eta harreman mugagabea dituen kontratu honen izaera bereziak (finko aldizkakoa) erakunde kudeatzailearen zentsura juridikoa atzera botatzera eraman gaitu, areto honen iritzian IV. aretoaren doktrina judiziala (aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa) aplika baitakieke mota horretako langileei, estaldura-aldaketa jarduerarik gabeko aldian gertatzen den ala ez alde batera utzita.

Aldizkako langile finko bat da, mutuarengandik jasotzen zuena aldi baterako ezintasunagatiko prestazio ekonomikoa, hura baitzen erakunde aseguratzailea baja eragin zuen gertaeraren unean. Lan-harremana ez da iraungi; eten egin da, jarduera bera eten delako, aldizkako langile finkoa baita. Kasu hori ez da bateragarria lan-kontratua iraungitzen den kasuekin. Dagokigun kasuan, kontuan hartu behar da aseguramendu-batasunaren eta -integritatearen printzipioa, zeinaren helburua baita laguntza zenbait mutuaren artean banatu dadin saihestea, eta ez ditu kanpoan uzten estaldura-aldaketaren unean aldi baterako ezintasuneko egoeran dauden baina enpresako plantillan jarraitzen duten langileak… eta dagokigun kasuan enpresak mutua aldatu zuen unean auzi-jartzailearen kontratua ez zegoenez iraungita (etenda zegoen kanpaina amaitzearen ondorioz, harik eta hurrengo denboraldia hasi bitartean), aseguramenduaren ardura hartu duen mutua berriak (aztertutako epaietan, GSIN) hartu behar du langile guztien ardura, eta hari dagokio auzi-jartzailearen aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa ordaintzea, langile guztien aseguramendua hasi duen unetik“.

Beraz, hau da planteatutako galderaren soluzioa: lan-kontratua etenda duten eta kontingentzia arrunten ondoriozko aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa kobratzen ari diren aldizkako langile finkoen kontingentziaren erakunde aseguratzailea aldatzen denean, erakunde aseguratzaile berrian sartzen dira langile horiek, eta erakunde horrek ordaindu behar du prestazioa, zuzeneko ordainketa bidez.

 Jesus M. Vicente Cuadrado   


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua 

Europako Mugikortasunaren Astea 2023 

semana movilidad 2023

Irailaren 16tik (larunbata) irailaren 22ra (ostirala), Europako Mugikortasunaren Astearen edizio berri bat ospatuko da. 

 

Europako Mugikortasunaren Astea kanpaina bat da, eta autoaren erabilera irrazionalak hirian dituen ondorio negatiboei buruz sentsibilizatzea du helburu, bai osasun publikoan, bai ingurumenean, eta, aldi berean, garraiobide iraunkorragoak erabiltzeak dituen onurak nabarmentzea, hala nola garraio publikoa, bizikleta eta oinez egindako joan-etorriak. 

 
Europako Batzordeak 2023ko kanpainarako aukeratu duen gaia “Eraginkortasun energetikoa” da, eta aurtengo eta hurrengo urteetako leloa “Konbinatu eta mugitu!” izango da, eta. beste urte batzuetan bezala, irailaren 22an ospatuko den “Autorik gabeko eguna” ere izango da. 

 

Europako Mugikortasunaren Astea 2023 

Enpresan sustatzeko kanpainaren baliabideak. 

 

Mutualiak bat egiten dugu Europako Mugikortasunaren Astearekin, eta Enpresako Mugikortasuna aztertzera animatzen gaitu, eta Mutualiaren Campus Birtualeko jardueren katalogoko dibulgazio-jarduera hauek proposatzen dizkizuegu:  

bide segurtasuna

https://mutualia.apacampus.com/session/7480/about/

 

 

LAP gidarientzat

https://mutualia.apacampus.com/session/7175/about/

lap banaketa langileentzat

https://mutualia.apacampus.com/session/8552/about/

 

Egizu klik horietako bakoitzean, gehiago jakiteko 

 

Eta gidatzera goazenean, zer hobe geldialdi aktibo bat egitea baino, artikulazio-mobilizazioko eta muskulu-luzapeneko ariketa batzuekin, gaitasun funtzional hori zaintzen lagunduko digutenak! 

 

  

 

Era berean, zuen inguruko udalek eskaintzen duten programazioa aztertzera animatzen zaituztegu. 

 

 

 

RED zerbitzu berria: ACREDITAko gorabeheren alta eta kontsulta (ACRA)

Alta y Consulta de Incidencias ACREDITA

Likidazio Zuzeneko Sisteman sortzen diren gorabeherak errazago eta hobeto kudeatzeko, jakinarazten dugu datorren irailaren 4tik (astelehena) aurrera erabilgarri izango dela ACRA (ACREDITAko gorabeheren alta eta kontsulta) aplikazio berria RED Online sisteman. 

Aldi baterako ezintasuna, prestazio ez-kontributiboak eta epe laburrerako beste batzuk kudeatzeko Zuzendariordetza Nagusiak bultzatuta sortu da ACRA, zeinaren helburua baita ABErekin (aldi baterako ezintasuna), AKEZrekin (adingabearen jaiotza eta zaintza), HArekin (haurdunaldiko arriskua), EArekin (edoskitzaroko arriskua), EErekin (edoskitzaroko erantzunkidetasuna) eta MDAZrekin (minbizia duen adingabearen zaintza) lotutako Acredita gorabeheren kudeaketa automatizatzea. 

Zerbitzu berri honen bidez, RED baimena duten erabiltzaileek modu arin eta errazagoan eman ahalgo izango dituzte altan Acredita gorabeherak. Halaber, erabiltzaileak aukera izango du aurkeztutako gorabeheren egoera kontsultatzeko, haien kudeaketa eta izapideak zer egoeratan dauden jakiteko. Horrez gainera, gorabeheren altei dagozkien txosten eta ziurtagiriak bistaratu, deskargatu eta inprimatu daitezke. 

Erabiltzailea RED Onlinen baliozkotu ondoren, hurrengo pantailara igarotzen da, zeinean bistaratzen baita zer zerbitzu dauden erabilgarri; han dago Acredita gorabeherak kudeatzeko aukera. 

Irailean, gorabeherak kudeatzeko bi modu mantenduko dira: batetik, ACRA aplikazio berria eta, bestetik, Acredita postontzi probintzialak. Urriaren 1etik aurrera, Acredita gorabeherak RED Online sistemako ACRA zerbitzuaren bidez bakarrik aurkeztu eta ebatzi ahal izango dira. 

 Aplikazioaren erabiltzailearen eskuliburua Gizarte Segurantzaren webgunean dago, esteka honetan.  

Nobedadeak minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoan

cume

Langileen Estatutuaren Legearen testu bateginaren 37.6 artikulua aldatzearen ondorioz —minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen beren ardurapeko adingabea ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko lan-jardunaldia murrizten duten eta prestazio ekonomikoa jasotzen duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei buruzkoa—, duela gutxi aldatu egin da minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duten adingabeak zaintzeagatiko prestazio ekonomikoa aplikatzen eta garatzen duen Erregelamendua (1148/2011 Errege Dekretua, uztailaren 29koa). 

Egindako aldaketei esker, laguntza hori nabarmen hobetu da. Oro har, aldaketa horien helburua da prestaziorako irispidea erraztea, laguntzaren aldia zabaltzea eta prestazioaren eskubidea berriztatzeko luzapenen tramiteak erraztea

  1. Gaixoa adinez nagusia izan daiteke, betiere minbizia edo gaixotasun larria hark 18 urte bete aurretik diagnostikatu bada

Aldaketaren aurretik, prestaziorako eskubidea aitortzeko, beharrezkoa zen gaixoa adingabea izatea. 

  1. Gaixoak 23 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa. Baldin eta gaixoari % 65eko edo gehiagoko desgaitasuna aitortu bazaio 23 urte bete baino lehen, 26 urte betetzen dituenean iraungiko da prestazioa, betiere ere desgaitasun hori mantentzen bada. 

Lehen, gaixoak adin-nagusitasuna betetzen zuenean iraungitzen zen prestazioa. Beraz, laguntzaren aldia nabarmen zabaldu da. 

  1. Prestaziorako eskubidea hilabeterako aitortzen da gehienez. Aldi hori, hasiera batean, bi hilabetez luza daiteke gehienez eta, ondoren, gehienez lau hilabeteko ondoz ondoko aldiak izapidetuko dira, harik eta prestazioa iraungitzen den arte. 

Lehen, luzapen horiek guztiak 2 hilabetekoak ziren gehienez, eta prestazioaren onuradunek bi hilabetetik behin jo behar izaten zuten adingabearen medikuarengana, hurrengo luzapena eskuratzeko medikuaren adierazpenaren bila. Hobekuntza horrekin, nabarmen hobetu da prestazioak eskatzeko egin beharreko izapideen prozedura, onuradunari, osasun zerbitzu-publikoari eta mutuei dagokienez. 

  1. 18 urte bete ondoren, gaixoa ezkontzen bada edo izatezko bikote bat eratzen badu, haren ezkontideak edo izatezko bikotekideak prestaziorako eskubidea izango du, betiere prestazioa eskuratzeko eskakizunak betetzen baditu. 

Lehen ez zen aukera hori jasotzen araudian: adingabe gaixoaren guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoek bakarrik jaso zezaketen prestazioa. 

  1. Banandu, dibortziatu edo ezkontza deuseztatuz gero, eta izatezko bikotea hautsiz gero, gaixoarekin bizi den guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoari aintzatetsiko zaio prestaziorako eskubidea, nahiz eta beste guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak lanik ez egin, betiere gainerako eskakizunak betetzen badira. 

Lehen beharrezkoa zen bi guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoak Gizarte Segurantzaren erregimenen batean afiliatuta eta alta emanda egotea eta biak aldi berean jardunean izatea. Horregatik, babesgabetasun-egoerak gertatzen ziren dibortzioa edo banantzea izan edo izatezko bikotea hautsi eta bikotekideetako bat seme-alaba gaixoa zaindu ezin zuen urruneko beste leku batera joaten zenean bizitzera. 

Gogorarazten dizuegu minbizia edo beste gaixotasun larriren bat (CUME) duen seme-alaba bat zaintzeagatiko prestazioa Gizarte Segurantzarekin elkarlanean diharduten mutuek kudeatzen dutela, eta zuzentzen zaiela minbizia edo beste gaixotasun larriren bat duen seme-alaba bat ospitaleratzean eta ondorengo tratamenduan zehar zaintzeko beren lanaldia murriztu behar duten guraso biologiko, adoptatzaile edo abegi-gurasoei (gutxienez % 50 murriztu behar dute, lan-harremana etetera iritsi gabe), familia-unitateak egoera larri eta ohiz kanpoko horretan dituen sarrera-galerak konpentsatzeko.

 

Diego Badosa Quintana


Laneko jarduera uzteko prozesuaren zuzendaria. Bonusaren eta CUMEren arduraduna

Langile autonomoen kotizazio-sistema berrian etekinak aitortzeko epea gogoraraztea

sistema de cotización de autónomos

Urriaren 31n amaitzen da Langile Autonomoen Araubide Bereziari atxikitako langile guztiek, zeinak aurreko ekitaldietatik hona lanean baitihardute, Gizarte Segurantzaren aurrean beren jardueraren urteko etekinen nahitaezko aitorpena aurkezteko epea.

Aitorpen hori nahitaezkoa da autonomoen kotizazio-sistema berriari atxikitzeko egintza delako; sistema 2023tik aurrerako jarduera-etekin errealetara egokituko da. Oraindik aurkeztu ez dutenek 2022ko abenduan aplikatzen zuten kotizazio-oinarriaren arabera kotizatu dute ekitaldi honetan, behar bezala eguneratuta. Egoera iragankor hori ezingo da luzatu aitorpena nahitaez aurkeztu beharreko datatik aurrera, eta 2023ko urtarrila-urria bitartean egindako kotizazioak Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorrak erregularizatu beharko ditu, aitortutako etekinekin behar bezala harmonizatzeko, betiere desbideratzerik ikusten bada.

Aitorpena telematikoki aurkeztu behar da ImportaSS atariaren bidez. 2023ko ekitaldirako zenbatetsitako urteko etekin errealak jakinarazi behar dira. Datu hori zehaztasun nahiko handiarekin kalkulatu daiteke, ekitaldia aurreratu ahala lortutako etekinak abiapuntu hartuta.

Gastu orokorren murrizketa aplikatuta —kasuaren arabera, % 3 edo % 7 izango da—, 2023ko azarotik aurrera aplikatu beharreko hileko kotizazio-oinarria komunikatutako datuetatik lortuko da, eta, ondoren, indarrean den kotizazio-tasarekin biderkatuta kalkulatuko da kuota. Kotizazio-oinarri horrek, zeina aitortutako etekinen emaitza baita, berekin dakar kotizatzailea 2023. urterako ezarritako eskalaren kotizazio-tarte jakin batean kokatzea (eskala taula orokorrekoa zein taula murriztukoa izan daiteke). Gainera, kotizatzaileak egokitzat jotzen duen oinarria aukeratu ahal izango du aitortutako etekinengatik esleitu zaion tartearen barruan, eta, behar izanez gero, aldatu ere egin ahal izango du horretarako ezarritako bi hileko leihoetako edozeinetan.

Aitorpena adierazitako epean egiten ez badu, langileak ez du beteko informazioa emateko betebeharra. Ondorioz, batetik, falta astun gisa hartuko da, eta, bestetik, erregularizazio posible batek eragindako zorrak errekargua eta interesak izango ditu, epe barruan aitortutako etekinetan egindako kalkulu-akatsen ondorioz sortutako ohiko erregularizazioan ez bezala.

Iñaki Esnal Zalakain 


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko abokatua  

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean? 

Nola eragiten digu beroak gidatzen dugunean 

Meteorologiako Estatu Agentziak (AEMET) azken txostenean iragarri duenez, aurtengo uda —zehazki, aurtengo uztaila— mende honetako beroen eta lehorrenetan bosgarrena izan da, eta seigarrena erregistroak daudenetik. Bi bero-bolada izan dira jada penintsula osoan.  

Abuztua hasi orduko, beste olatu bat iragarri zuten. Nola eragiten digu beroak errepidean joan-etorri gehien gertatzen diren garaian? Zer neurri har dezakegu gidatzean beroaren ondorioak arintzeko? 

Egun hauetan errepidera irtetean, gogoan izan behar dugu beroa arriskutsua dela, eragin kaltegarria egiten baitie gidariei, bidaiariei eta ibilgailuei. Beroak, oso handia denean, kalte egiten dio gidariari, agresibitatea eragin baitiezaioke eta nekea areagotu. Bestalde, erreflexuak moteltzen ditu: denbora gehiago behar izaten dugu erreakzionatzeko, eta, ondorioz, akats gehiago egiten ditugu. Gainera, 35 °C-an gidatzen dugunean, ez ditugu ikusten trafiko-seinaleen % 10 eta % 20 artean.  

Zenbait azterlanen arabera, istripu-arriskua % 20 ere igotzen da tenperatura altuetan.  

Ez dugu ahaztu behar ibilgailuari ere eragiten diotela tenperatura altuek. Horregatik, bidaia hasi aurretik, ibilgailuaren zati guztiak berrikusi behar ditugu, eta, kasu honetan, arreta jarri behar diegu bereziki bero handia egiten duenean gehien sufritzen dutenei:  

  • Pneumatikoak: beroarekin, asfaltoak tenperatura altua hartzen du, eta higadura handiagoa eragiten du.  
  • Alternadorea: aire girotua, motorra hozteko sistema eta beste pieza elektriko batzuk gehiegi erabiltzean, ohi baino lan handiagoa egiten du alternadoreak udan. Egiaztatu ez daudela hondatuta alternadorea eta haren uhala. Saihestu gehiegizko esfortzuak eragindako matxurak.   
  • Bateria: egiaztatu beti erabiltzeko baldintza onetan dagoela.  
  • Hozte-sistema: motorraren hozte-sistemak huts egiten badu, motor osoa honda daiteke. Horregatik, funtsezkoa da sistema hori baldintzarik onenetan dagoela kontrolatzea. Autoa geldirik dagoenean motorra hozten duen haizagailu elektrikoa da udan gehien hondatzen den piezetako bat.  

Ikusi dugunez, beroa erronka da ibilgailuarentzat zein gure organismoarentzat. Hori dela eta, neurri batzuk hartu behar ditugu geure ongizatea handitzeko. DGTk gomendatzen du udan neurri osagarri hauek hartzea:  

–    Gidatzen hasi aurretik, jaitsi autoko leihatilak, bidaiari-lekua aireztatzeko eta barruko eta kanpoko tenperaturak berdintzeko.  

–    Aire girotua pizten baduzu, eduki jaitsita leihatilak lehenengo segundoetan, aire beroa kanpora botatzeko.  

–    Klimatizagailuaren tenperatura 22-24 °C-an eduki, hoztu ez zaitezten auto-kanpotik barrura dagoen bat-bateko tenperatura-aldaketa dela eta. Ez orientatu haizebideak aurpegira edo bularraldera.  

–    Aireztatu bidaiari-lekua bidaian zehar, leihatilak jaitsiz. Kontuz bidaiariek atera ez ditzaten besoak edo burua.  

–    Programatu irteerak, bero handien egiten duen orduak saihesteko.  

–    Erabili arropa erosoa eta zabala, eta oinari behar bezala eusten dioten oinetakoak.  

–    Eraman alkoholik gabeko edari freskoak.  

–    Egin geldialdia 200 km-an behin edo 2 orduan behin, hidratatzeko, ibilgailua aireztatzeko eta erlaxatzeko.  

–    Edozein unetan neke- edo logura-sintomarik nabaritzen baduzu, gelditu berehala atseden hartzeko edo lo egiteko.  

–    Geldialdiak egitean, saiatu autoa itzaletan uzten. Autoa eguzkitan badago, ez utzi adineko pertsonarik, haurrik edo animaliarik ibilgailuaren barruan.  

Gogoan izan uda bakoitzak duela bere istorioa eta beste asko kontatu behar ditugula.  

Fisioterapia Mutualian: prebentzioa eta osasuna lanean

fisioterapia mutualia

Fisioterapiaren Munduko Egunean, irailaren 8an, Fisioterapiako profesionalei omenaldia egin nahi diegu, pazienteen bizi-kalitatea berreskuratzeko eta hobetzeko funtsezko eginkizuna betetzen baitute.

Langile batek lan-istripu bat izaten duenean, bere lesioaren inpaktuak eragina izango du bere egoera fisikoan zein emozionalean. Mutualiako fisioterapiaren helburu nagusia gure pazienteen bizi-kalitatea hobetzea da, haien segurtasuna, kalitatea, ongizatea eta babesa zainduz. Fisioterapeutek mina arintzen, mugikortasuna hobetzen eta bere funtzionaltasuna berreskuratzen laguntzen diote pazienteari.

2022an, 115.864 fisioterapia-saio egin dira gure laguntza-zentroetan eta Ercilla, Pakea eta Erabakimen Handiko Ospitalean. Horretarako, azken teknologia eta profesional kualifikatuak eta etengabeko prestakuntzan daudenak ditugu, eta azken ikerketei ebidentzia zientifikoarekin jarraituz, kasu bakoitzari banan-banan heltzea ahalbidetzen dute, errekuperatu arte behar diren denbora eta baliabideak eskainiz. Eta gure pazienteek positiboki baloratzen dute, fisioterapeuta/pazientearen arteko lankidetza estua ezarriz, konfiantzazko eta lasaitasunezko harremana sortuz.

Telerrehabilitazioa COVID19aren pandemiaren ondorioz sortu zen beste zerbitzu bat da. Gure Gehitu plataformaren eta YouTubeko kanalaren bidez, “Fisioa etxean” eta “Mutualia On” bideoak eskaintzen jarraitzen dugu. Halaber, Hep2Go plataforma dugu (Mutualia lizentzia) errehabilitazioko profesionalentzat, pazienteentzako etxeko ariketa-programak sortuta; eta, azkenik, gure Mutualia aplikazioa. Hori guztia gure errehabilitazio-zerbitzuek (mediku errehabilitatzaileak eta fisioterapeutak) zuzendu eta gainbegiratuta, paziente bakoitzarekin harreman pertsonalizatua eta etengabea baitute.

Lan-istripuen errehabilitazioan duen eginkizunaz gain, fisioterapiak berebiziko garrantzia du nahasmendu muskuloeskeletikoen tratamenduan. Nahasmendu horiek mugikortasuna mugatzen dute, eta arazo ugari eragiten dituzte, bai ongizate fisikoari dagokionez, bai emozionalari dagokionez, eta laneko absentismoaren lehen kausa da (laneko bajen % 25 inguru eta gaixotasun profesionalen % 80 baino gehiago NMEk eragindakoak dira). Gure fisioterapeutek patologia mota horien prebentzioan duten zeregina funtsezkoa da NMEek eragin ditzaketen gaitzak eta lesioak murrizteko.

Fisioterapia funtsezko zutabea da arreta mediko modernoan. Fisioterapiaren Egunean, osasun-profesional horien eginkizun garrantzitsua aitortu eta baloratu nahi dugu, eta pertsonen osasunarekin eta ongizatearekin duten konpromisoa eskertu.