Bero-kolpea. Araudi berria

Udarekin batera, tenperatura altuak iristen dira, eta gehiegizko beroak langileengan eragina izan dezake. Gorputzak berora egokitzeko berezko mekanismoak ditu, baina, tenperatura oso altua denean, bero-kolpe bat gerta daiteke, eta ondorio larri edo oso larriak eragin osasunerako.

Oraintsu argitaratu da 4/2023 ERREGE LEGE-DEKRETUA, maiatzaren 11koa, zeinak apirilaren 14ko 486/97 Errege Dekretua aldatzen baitu, lantokietako segurtasun eta osasunari buruzko gutxieneko xedapenak ezartzen dituena, eta aire zabaleko lanetako lan-baldintzei buruzko xedapen gehigarri berri bat jasotzen duena.

Hori dela eta, Enpresako zuzendaritzak arriskuen ebaluazioan jaso beharko du fenomeno meteorologiko gogorren eraginpean egoteari dagokion guztia, zenbait jarduera-sektoretan, hala nola eraikuntzan, nekazaritzan, abeltzaintzan, ostalaritzan, lorezaintzan, garbiketan eta hondakinen bilketan, baita aire zabalean egiten den edozein lan-motatan ere. Halaber, langileen esku jarri beharko ditu prebentzio-neurri egokiak, baita neurri horiek abian jartzearen inguruan sentsibilizatu ere.

Espainiako Meteorologia Agentziak (AEMET) edo, hala badagokio, erkidegoko organoak (EUSKALMET Euskal Autonomia Erkidegoan, METEOGALICIA Galizian edo METEOCAT Katalunian), maila laranja edo gorriko fenomeno meteorologiko gogorren abisua ematen badu eta ezin bada bestela bermatu langileen babes egoki bat, neurri horien artean jasotzen da ordu horietan zenbait lan egiteko debekua, baita lan-baldintzak egokitu beharra ere, aurreikusitako lanaldiaren jardun-orduak murriztea edo aldatzea barne. 

Mutualiatik, arlo honetako betebeharrei eta gomendioei buruzko informazio-fitxa bat jarri dugu enpresen eskura.

Langileei zuzendutako informazio-fitxa bat ere egin dugu, sintomak eta prebentzio-neurriak ezagutzen laguntzeko.

Bestalde, Laneko Segurtasun eta Osasunerako Europako Agentziak NAPOko klip bat argitaratu du, estres termikoa nola saihestu jakiteko.

Praktikaldiko kotizazioa 2023ko urriaren 1etik aurrera

Pentsioen erreformari buruzko martxoaren 16ko 2/2023 Errege Lege Dekretuan, zeina 2023ko urriaren 1etik aurrera aplikatuko baita, Gizarte Segurantzaren sisteman sartu dira prestakuntza-programen barruko prestakuntza-praktikak eta praktika akademikoak egiten dituzten ikasleak.

Hala, praktikaldian dauden bekadun guztiek kotizatuko dute 2023ko urritik aurrera, praktika ordainduak nahiz ordaindu gabeak egiten dituztela ere.

Zer ikasleri eragingo die?

Unibertsitateko ikasleek egiten dituztenak, bai graduko, masterreko eta doktoretzako titulu ofizialak lortzekoak, bai unibertsitatearen beraren titulu bat lortzekoak, dela etengabeko prestakuntzako master bat, espezializazio-diploma bat edo aditu-diploma bat.

Lanbide-heziketako ikasleek egiten dituztenak, betiere ez badira egiten lanbide-heziketa trinkoaren erregimenean.

Praktikak egiten dituzten pertsonak besteren konturako langileen pareko gisa jasoko dira Gizarte Segurantzaren Araubide Orokorrean, sistema bereziak kontuan hartu gabe, salbu eta praktika edo prestakuntza ontzietan egiten bada; halakoetan, Itsasoko Langileen Gizarte Segurantzako Araubide Berezian sartuko dira.

Atzeraeraginezko izaera du?

Arauan ezartzen denez, xedapena indarrean sartu aurretik (2023ko urriaren 1a) hartan adierazten diren egoeran zeuden eta xedapenean erreferentzia egiten zaien pertsonek hitzarmen berezi bat sinatu ahalko dute, behin bakarrik eta Inklusioko, Gizarte Segurantzako eta Migrazioetako Ministerioak zehazten dituen epean eta baldintzetan, xedapena indarrean sartu aurretik, gehienez ere bi urtez, egindako praktika ez-laboralak eta praktika akademikoak kotizazioko zenbaketan sartu ahal izateko.

Jaiotza- eta zaintza-prestazioak guraso bakarreko familietan

hijo nacido

Amatasun- eta aitatasun-laguntzaren –gaur egun jaiotza eta zaintza deitzen da– araubide juridikoa aldatzen joan den heinean, pixkanaka luzatzen joan da laguntza horren iraupena, eta zaintza-lanetan bi gurasoak erantzunkide izatearen alde egiten du. Helburu horretarako, prestazioa eskubide indibidual eta transferiezin gisa eratzen da, Langileen Estatutuaren 48. artikuluari jarraikiz, eta, modu horretan, lan horiek amarengan pilatzearen alborapen historikoa aldatu nahi da.

Horrekin lotuta, geure buruari galdetzen diogu: zer gertatzen da guraso bakarreko familiekin?, guraso bakarrak metatu ditzake atseden hartzeko bi aldiak? Horren inguruan eztabaida handia egon da gizartean, eta Auzitegi Gorenak Sala Orokorrean 2023ko martxoaren 2an emandako epai baten bidez ebatzi da, doktrina bateratzeko 3972/2020 kasazio-errekurtsoa dela eta.

Kontua Bilboko lan-arloko epaitegi batean hasi zen, emakume langile batek ama izan berritan egindako eskaera ezetsi zutenean. Bera guraso bakarra zen, eta, bere jaiotza- eta zaintza-baimena izan eta gero, beste gurasoarena eskatu zuen; Gizarte Segurantzaren Institutu Nazionalak ukatu egin zion.

Epaia errekurritu zuen gure autonomia-erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusian, eta 2020ko urriaren 6ko epaiaren bitartez onetsi egin zen langilearen errekurtsoa: beste gurasoari legokiokeen jaiotza- eta zaintza-prestazioa jasotzeko eskubidea aitortu zitzaion, adingabearen interes gorenean oinarrituta eta Salaren iritziz, gainera, 48.4 artikuluak emakumeak diskriminatzen dituen faktore bat du, guraso bakarreko familia gehienak emakumeak baitira.

Fiskaltzak kasazio-errekurtsoa jarri zuen, legezkotasuna defendatzeko bere eginkizuna betez, ez baitzegoen doktrina bateraturik arlo horretan.

Auzitegi Gorenak errekurtsoa onetsi du, kontuan hartuta gaiak ez diela bakarrik Gizarte Segurantzaren prestazioei eragiten, baizik eta ondorioak dituela enplegatzailearekiko lan-harremanetan ere, prestazioa aitortzen denean kontratuaren etetea luzatzen baita, eta horrenbestez, kotizatu beharra baitago.

Auzitegi Gorenaren epaian, Justizia Auzitegi Nagusiak kontuan hartu zituen argudioak birpasatzen dira, eta ondorioztatzen da egungo araudia ez dela ez nazioarteko ez batasuneko ezein trataturen aurkakoa, ezta Espainiako zuzenbide positiboaren aurkakoa ere, eta prestazio hori handitzearen aldeko interpretazioa estatuaren konstituzio-antolamenduaren aurkakoa litzatekeela, epaileek eta auzitegiek arauak interpretatu egin behar baitituzte, eskubiderik sortu gabe.

Kotizaziopeko prestazioa dela adierazten da, eta hura aitortzeko beharrezkoa dela onuraduna altan edo altaren antzeko egoeran egotea eta gabealdia izatea. Laguntzaren zenbatekoa, berriz, beti kotizazio-oinarriaren araberakoa da, eta, beraz, guraso bakarrari bi prestazioak metatzeko aukera emanez gero, bi gurasoz osatutako familiek ondorio kaltegarriak jasango lituzkete, bietako batek alta- eta gabealdi-betekizunak beteko ez balitu. Epaian, prozedura hasi zuen langilearen moduko guraso bakarreko familien inguruan INEk emandako estatistika-datuak jasotzen dira, egoera horretan zegoen baita ere; INEren arabera, horrelako familiak % 15,8 bakarrik dira, ez baitira guraso bakarreko familien eredu bakarra.

Beste alde batetik, Auzitegi Gorenak iritzi dio ez dagoela arau-hutsunerik, Gizarte Segurantzan badaudelako guraso bakarreko familientzako hobariak; adibidez, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 182.3.b artikuluan amatasun-prestazioen inguruan jasotakoa, gabealdi espezifikorik gabea, eta handitu egiten dena guraso bakarreko familien kasuan –legezko testu beraren 351.b artikulua–. Bestalde, epaian bertan jasota dago ezetsi egin zela Sexu eta Ugalketa Osasunari buruzko Lege Organikoaren proiektuaren zuzenketa, zeinaren bidez aldatu nahi baitzen Langileen Estatutuaren 48.4 artikulua, guraso bakarreko familiei aitortzeko beste guraso bat egonez gero hari legokiokeen baimen aldia metatzeko eskubidea. Horrek are gehiago berresten du Auzitegiaren jarrera, erabaki hori botere legegileak hartu behar duelakoa, Zuzenbide Estatuaren oinarrietako bat baita botere-banaketa eta botere legegileari esleitzea legearen monopolioa, botere hori hauteskunde-prozesu baten ondoriozkoa denez eta horrenbestez gizartearen adostasunaren adierazlea.

Adingabeen interesari dagokionez –horixe da berrikusi den epaiaren oinarrietako bat–, Auzitegi Gorenak dio bestelako interesekin haztatu behar dela, kontuan harturik, gainera, kontziliazio-eskubideek saihestu egin behar dutela gure ordenamendu juridikoa oinarritzen duen berdintasun-printzipioarekin bat ez datozen genero-rolak betikotzea. Gainera, genero-ikuspegia ez da erabakigarria kontu hau ebazteko, legegileak aplikatu baitu ikuspegi hori, berariaz debekatu zuenean eskubideak metatzea, seme-alaben heziketa- eta hazkuntza-balioetan erantzunkidetasuna ezartzeko helburuarekin.

Epaiak aurkako boto partikular bat du, eta horri atxiki zaio Auzitegi Goreneko magistratuetako bat. Bereziki interesgarria den eztabaida judizial oso konplexua da hau, botere judizialaren zereginaren inguruko hausnarketa eragiten duena, eta ez dago inolaz ere bukatuta.

Raquel Martínez Balbas 


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

MUTUALIA TOPAKETAK: Nola kudeatu laneko absentziak

Maiatzaren 31n, “Laneko absentzien kudeaketa, funtzionatzen duten esperientziak” izeneko jardunaldia egin zen Bilbon, Mutualiak antolatuta, “Enpresa elkartuen Mutualia Topaketen” barruan.

Mutualia topaketak jardunaldi-formatu berri bat dira, eta Mutualiak gaurkotasuneko gaiak lantzen ditu haietan. Halaber, zenbait enpresari gonbita egiten zaie enpresa-kudeaketan eta zenbait arlotan funtzionatu duten esperientziak azaltzeko, ideia berriak eta/edo ikuspuntu desberdinak eskaintzeko.

Jardunaldiaren hasieran, Mutualiaren egungo egoera aztertu da, eta, ondoren, bi enpresa mutualistak (URGATZI eta MUBEA) beren esperientzia azaldu dute, SOLUTIA GLOBAL HEALTHekin batera.

Katalin del Campo mendekotasunari eta gizarte-bazterketari arreta emateko laguntza-baliabideen prestazio eta kudeaketa integralean espezializatuta dagoen URGATZI enpresaren Garapen, Enplegu eta Talentuko arduraduna da. Zenbait gairi buruz aritu da, hala nola entzuteko guneak ezartzeaz, pertsonen beharrak ezagutzeko, pertsonen inplikazioa lantzeko inkestak prestatzeaz eta erdi-mailako arduradunak absentziak jakinarazteko protokoloetan prestatzeaz, laneko absentzien murrizketan plantillaren aintzatespen eta inplikazio handiagoa ekarri duten elementuak izateagatik.

Javier Alcubillak, automobilaren industria hornitzen duen MUBEA enpresako Giza Baliabideen zuzendariak, MUBEA enpresak absentziengatik galdutako egunak kontrolatzeko egin dituen aurrerapenen berri eman digu. Horretarako, zenbait ekintza jarri ditu abian, hala nola absentziak kudeatzeko protokolo berriak garatzea, absentziaren aurreabisurako prozedura ezartzea, komunikaziorako espazio berriak sortzea eta absentismoari buruzko adierazleak doitzea eta birdefinitzea, hori guztia Plan Estrategikotik sustatutako Ekintza Plan baten esparruan.

SOLUTIA GLOBAL HEALTHen aldetik, César Castelek Absentzien Kudeaketako oinarrizko printzipioak azaldu ditu, hala nola enpresaren zuzendaritza inplikatzearen garrantzia, langileen esku dagoen erabaki-balantza edo etengabeko komunikazioari eusteko interesa, kudeaketa-moduetan izaten diren aldaketak enpresan pixkanaka errotzeko, laneko arriskuen prebentzioaren arloan arrakastaz egin dugun moduan.

Azkenik, Mutualiak Absentzien Prebentzio eta Kudeaketarako Planaren eredu bat aurkeztu du, Gidan (2019) oinarritua. Horretan, beste berritasun batzuen artean, barne hartzen da lau protokolo-eredu ezartzea, enpresei metodologia hori beren erakundeetan txertatzen laguntzeko. Plan horren bertsio informatikoaren aurrerapen bat ere ikusi ahal izan dugu, laster eskuragarri izango dena enpresa elkartuentzat.

MutuaLex 251 zk.

mutualex

Interes orokorreko xedapenak, buletinetan argitaratuta (E.A.E., E.H.A.A., A.L.H.A.O., B.A.O., G.A.O. eta E.B.A.O.), 2023ko maiatzaren 27tik ekainaren 02rako astea.

INGURUMENAREN MUNDUKO EGUNA: “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe”

plastico 2023

2023ko Ingurumenaren Munduko Eguneko “Plastikoek eragindako kutsadurarik gabe” kanpainak dei egiten du soluzioak ezartzeko plastikoaren erabilerak eragindako kutsadurari amaiera emateko.

Mutualiak, ingurumenean duen eragina murrizteko beste urrats batean eta plastikoa murrizteko helburuaren barruan, hainbat ekintza egin ditu, hala nola:

  • Plastikozko poltsak paperezko, oihalezko eta konposta egiteko materialezko poltsekin ordeztea
  • Plastikozko botilatxoak eta ur-botilatxoak kentzea
  • Bezeroei ematen zaizkien kudeaketa-karpetetan material birziklagarria erabiltzea

Baina ez da nahikoa materialak ordezkatzea. Lehenengo jarraibidea plastikoaren alferrikako erabilera murriztea da, batez ere erabilera bakarrekoa, ekonomia zirkular baterantz aurrera egiteko, hiru jarraibide hauek konbinatuz: berrerabiltzea, birziklatzea eta plastikoarekiko alternatiba iraunkorretarantz birbideratzea eta dibertsifikatzea.

Funtsezkoena kontsumo arduratsuari eustea da, inpaktu negatiborik ez sortzeko, eta gogoraztea hondakinik onena sortzen ez dena dela.

Campana-ONU-para-el-medio-ambiente

ONU ingurumen kanpaina

Prebentziozko Begiradak argazki erakusketaren maileguarekin hasiko gara berriro

Erakusketa ikus-eragin handiko 43 argazkik osatzen dute, segurtasunari eta osasunari buruzko kontzientziazio-mezuekin batera.

Etenaldi baten ondoren, berriro jarri da martxan Prebentziozko Begiradak erakusketaren mailegua.

Ibilbide berri honetan, Mutualiak antolatutako Lan Arriskuen Prebentzioari buruzko Argazki Lehiaketan parte hartu dutenen argazki berriak gehitu dira.

43 argazkiekin eta horiekin batera doazen mezuekin, Mutualiak gizartearen begirada finkatu nahi du laneko istripu eta gaixotasunen problematikan, guztion artean lan-ingurune seguruagoak eta osasungarriagoak lortu behar ditugula kontzientziatuz eta barneratuz.

Prebentziozko Begiradak hainbat formatutan eskura ditzakete enpresa mutualistek, erakusketa-zentroetan erakusteko. Adibidez, duela gutxi, erakusketa Euskalduna Jauregian egon da, Osalanek antolatutako Segurtasun eta Osasunari buruzko Nazioarteko V. Biltzarrean, eta apirilaren 28ko Laneko Segurtasun eta Osasunaren Munduko Egunarekin bat eginez bi enpresa mutualista hauetan izan da: Euskaltel eta EASO Politeknikoa.

Erakusketaren maileguari buruzko informazioa jasotzeko: Mutualiako Prebentzio Aholkularitza, prebentzioa@mutualia.eus

Miradas de prevención 43 fotografías de la exposición

Aldi baterako ezintasunen arloan indarrean sartu diren berritasunak

Ezintasunak baloratzeko taldeak

Ezintasunak baloratzeko taldeen esku-hartzea desagertu egin dira 365 egun baino gehiagoko eta 545 egun baino gutxiagoko ABE-prozesuetale jarduketetatik.

Nor arduratuko da orain funtzio horretaz?

GSINko Ikuskaritza Medikoaren esku daude eskumen hauek: sendatu edo hobetzeagatiko alta medikoa ematea, GSINren azterketa medikora arrazoirik gabe ez agertzeagatiko alta medikoa ematea, ezintasun iraunkorreko proposamena duen alta medikoa ematea, alta medikoaren ondorengo 180 egunetan patologia beragatik edo antzekoagatik baja medikoak ematea, eta langileak alta medikoa/sendaketa dela-eta edo GSINen azterketa medikora arrazoirik gabe ez agertzeagatiko alta dela-eta aurkeztutako desadostasuna baloratzea.

Nola helaraziko da informazio hori?

Enpresek gaur egun jasotzen ari diren modu berean jasoko dute jakinarazpena, hau da, SILTRA bidez edo dagokion postontziaren bidez —Autorizaciones RED Directo baimenen kasuan—.

Luzapena automatikoa izango da alta medikorik ez badago 365 eguneko epea agortutakoan, eta horrek esan nahiko du langilea luzapen-egoeran dagoela. (Enpresak ez badu alta medikoaren jakinarazpenik jaso, joko du langilearen ABE egoera luzatu egin dela.)

Aldaketak ordainketa eskuordetuan

365 egun baino gehiagoko ABE-prozesuetan ABE-prestazioa (ordainketa eskuordetua) ordaintzeko nahitaezko lankidetzari dagokionez, honako egoera hauetara arte mantenduko da:

  • Sendatzeagatiko/hobetzeagatiko/azterketa medikoetara arrazoirik gabe ez agertzeagatiko alta medikoa jakinaraztea.
  • Alta medikoa eman den hileko azken eguna, ezintasun iraunkorraren proposamena egin denean.
  • ABEaren 545 eguneko gehieneko epea igarotzea.
  • Alta medikoarekiko desadostasunaren ebazpenak ondorioak izan arte.

Enpresek zer jakinarazpen jasoko dute?

Alta medikoa sendatzeagatik/hobetzeagatik/azterketa medikoetara arrazoirik gabe ez agertzeagatik izanez gero, enpresek bi jakinarazpen jasoko dituzte:

  • Lehenengo jakinarazpen batean, jakinaraziko da alta medikoa eman dela, eta bertan adieraziko da langileak ebazpena jasotzen duen unean izango dituela ondorioak. Ordura arte, prestazioaren ordainketako lankidetza mantendu egingo da.
  • Bigarren jakinarazpen batean, alta medikoaren ondorioen dataren berri emango da.