Adinaren kudeaketa Mutualia ON!-ekin

rutinas de ejercicios para una pausa activa

Espainia Europako herrialde zahartuenen artean dago —biztanleriaren % 18,8k 65 urtetik gora ditu—, eta munduko bizitza luzeenetakoa dute hango biztanleek; izan ere, beste herrialde batzuen aldean, bizi-itxaropen handia dute (85 urte, emakumeen kasuan; eta 80 urte, gizonen kasuan). 

 Zenbait ikerketaren arabera, langileen % 28k 55 eta 64 urte bitarte izango ditu 2027. urte inguruan. 

  OMEren arabera, zahartzean, gaitasun fisikoak eta mentalak gutxitu egiten dira pixkanaka, eta galera hori lan-ingurunera eramanez gero, esan nahi du lanpostuaren eskaerei erantzuteko gaitasun funtzionalek behera egiten dutela.  

 Zahartzeak ondorioak ditu, bai produktibitatean, bai absentismo-indizeetan eta istripu-tasetan, langileen gaitasun funtzionala murriztu egiten baita, hau da, eguneroko bizitzako jarduerak egiteko gaitasuna murriztu egiten baita. 

 Osasuntsu zahartzeak esan nahi du ongizatea ahalbidetzen duen gaitasun funtzionala garatzea eta mantentzea zahartzaroan ere.  

 Gaitasun funtzionala pertsona baten berezko gaitasunen araberakoa da, hau da: 

  • gaitasun fisiko eta mental guztien konbinazioaren araberakoa,  
  • bizi den ingurunearen araberakoa (zentzurik zabalenean ulertuta, eta ingurune fisikoa, soziala eta politikoa barne hartuta),  
  • eta bi alderdi horien arteko interakzioen araberakoa.  

 Zahartzeari dagokionez, gaur egungo helburu nagusietako bat da pertsonak luzaroago bizitzea osasun onarekin eta desgaitasunik gabe. Zahartze osasuntsua terminoaren barruan sartzen da hori, eta OMEk honela definitzen du: “zahartzaroan ongizatea ahalbidetzen duen gaitasun funtzionala sustatu eta mantentzeko prozesua”. 

 Horregatik, adindunek lanean maila optimoak lortu ahal izan ditzaten, bizitza-ziklo guztian egin behar dira jarduketak; izan ere, hasieratik esku hartuz gero, errazagoa izango da zahartze aktiboa izatea.  

 Aldaketa horiei guztiei aurre egiteko modu sinple eta eraginkor bat da muskuluak mugitzeko, berotzeko eta luzatzeko ariketak egitea, modu konstante eta sistematikoan.  

mutualia-on

 Helburu horrekin, MUTUALIA ON programa jartzen du MUTUALIAk gure enpresa elkartuen eskura. Programa horren bitartez, lanpostuan artikulazioak mugitzeko eta muskuluak berotzeko eta luzatzeko errutina sinple bat egiteko ohitura zabaldu nahi dugu enpresetako langileen artean; alegia, 7-10 minutu inguruko ATSEDENALDI AKTIBO bat egiteko ohitura.  

 Muskuluak luzatzeko ariketek honako onura hauek ekartzen dituzte, nagusiki:  

  • muskuluetako zuntzak luzatzea eta pilatutako tentsioa desagerraraztea.  
  • koordinazioa hobetzea eta mugimendua erraztea.  
  • artikulazioen mugikortasuna eta muskuluen malgutasun-maila egokia mantentzea.  
  • lesioei aurrea hartzea, hala nola muskuluetako uzkurdurei, kontrakturei, lunbalgiei…  
  • lanean eta aisialdian jarduera biziak egitea ahalbidetzea, hala nola karga astunak deskargatzea, espazio txikietan edo jarrera behartuetan lan egitea, korrika egitea, igeri egitea, padelean aritzea, bizikletaz ibiltzea…  
  • ahalegin bat egin ondoren neketik hobeto errekuperatzea.  
  • langilearen pertzepzioa hobetzea, hau da, langileak bere gorputz-atalez eta haien egoeraren posizio erlatiboaz jabetzeko/sentitzeko duen gaitasuna hobetzea.  

 Informazio gehiago behar izanez gero, Prebentzioko Aholkularitzarekin jar zaitezke harremanetan, honako helbide elektroniko honen bitartez: prevencion@mutualia.es 

RED Sistemaren erabilera berria: langileen aldi baterako desplazamenduetarako izapideak

Trabajador desplazado

RED sistemaren zerbitzu berriaren bidez, erraz eta automatikoki eskuratu daitezke inprimakiak Europar Batasuneko eta Europako Esparru Ekonomikoko (Liechtenstein, Islandia eta Norvegia) herrialdeetara, Suitzara eta Erresuma Batura (Gibraltar barne) egiten diren aldi baterako desplazamenduetan Espainiako legedia manten dadin eskatzeko.

Zerbitzu horrek murriztu egiten du enpresa eta langile autonomoen administrazio-karga; izan ere, PDA1 izeneko inprimakia eta ES-UK(GIB)  inprimakia –Gibraltarrera joateko eskatzen dena– Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan jarriko dira eskuragarri, eskaera egin eta hurrengo egunean.

Zer da PDA1 formularioa?

PDA1 formularioak ziurtatzen du langileak Gizarte Segurantzari buruzko espainiar legediaren mende egoten jarraitzen duela Europar Batasuneko edo Europako Esparru Ekonomikoko herrialde batera edo Suitzara joatean, eta, ondorioz, herrialde horretako Gizarte Segurantzan kotizatzeaz salbuetsita dagoela.

Formulario horretaz gainera, langileak Europako osasun-txartela indarrean izan behar du, enplegu-herrialdean osasun-arreta jasotzeko.

Nola eska daiteke Gizarte Segurantzaren PDA1 formularioa?

Bi modutan:

1- Langile Desplazatuen Eskabideetarako Egoitza Elektronikoaren zerbitzura sartuz.TA 300 eredua, eskaera telematikoki kudeatzeko; emandako informazioa eta dokumentazioa zuzenak badira, PDA1 formularioa posta arruntez bidaliko da jakinarazpenetarako adierazi den helbidera, hala badagokio.

2- RED Sistemaren bitartez, hots, artikulu honetan azaltzen dugun tresna berria erabiliz.

Zer kasutan erabil daiteke zerbitzua?

Orain, RED sistemaren bitartez, besteren kontura (funtzionarioak barne) edo beren kontura jarduten duten langileen desplazamenduak eska daitezke, egoera hauetakoren batean badaude:

  1. Langileen hasierako desplazamenduak Europar Batasuneko herrialdeetara, Liechtensteinera, Islandiara, Norvegiara eta Suitzara, Europar Batasuneko Erregelamenduen babesean.
  2. Langileen hasierako desplazamenduak Erresuma Batura, Europar Batasunaren eta Erresuma Batuaren arteko Merkataritza eta Lankidetza Akordioa aplikatuz.
  3. Langileen hasierako desplazamenduak Gibraltarrera, 38/2020 Errege Lege Dekretua

Ondorio horietarako, hasierako desplazamendutzat hartzen dira, jarraian edo elkarren segidako luzapenen bidez, 24 hilabeteko gehieneko epea gainditzen ez dutenak; baita honako hauek ere:

  1. itsasoko langileen desplazamenduak.
  2. Espainian basea dute aire-garraioko enpresetako tripulatzaileen desplazamenduak.
  3. Bi herrialdetan edo gehiagotan (Gibraltar izan ezik) diharduten eta Espainian bizi diren besteren konturako edo norberaren konturako langileen desplazamendu gehienak, beren jardueraren zati handi bat Espainian gauzatzen dutenean.

Beste kasu batzuetarako, Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoaren bitartez egin beharko da dagokion eskaera.

Nola funtzionatzen du zerbitzu berriak?

Zerbitzu berria IZEN-EMATEA ETA ONLINEKO AFILIAZIOA menuan ageri da. Menu horretan, LANGILE DESPLAZATUAK izeneko apartatu bat sortu da.

Datuak sartzeko prozesuan, RED baimenduak zehaztu behar du zer langile-motarentzako eskatzen den desplazamendu-baimena: 1. Besteren konturako langileak. 2. Norberaren konturako langileak.

Sistemak egiaztatzen du beharrezko baldintzak betetzen direla, baita desplazamenduetan Espainiako legedia aplikatzen jarraitu dadin eskatzea babesten duen legedia ere, RED erabiltzaileak bete behar dituen nabigazio-pantailen bitartez.

Behin datu guztiak bete ostean, PDA1 formularioa sortuko da, eta hurrengo egunean jarriko da enpresaren edo langile autonomoaren eskura Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoan.

Espainiako legedia aplikatzen jarraitzeko baldintzak betetzen ez badira, edo ez bada hasierako desplazamendu bat, horren berri emango da eta, hala badagokio,  PDA1 formularioa emateko eskatu beharko da, Gizarte Segurantzaren Egoitza Elektronikoko dagokion zerbitzuaren bidez.

Halaber, langileentzako eskuragarri egongo da Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Orokorraren Importass atarian. Hala, langile desplazatuak bere eremu pertsonaleko dokumentuen artean ikusgai izango du formulario hau, baita beraren indarraldia ere. Gainera, SMS bat jasoko du eskuragarri jartzen den bakoitzean.

Amatasun-osagarria: “jaiotako seme/alaba”ren kontzeptua, osagarriaren sortzapenaren eta zenbatekoaren ondorioetarako

hijo nacido

Auzitegi Gorenak zenbait adierazpen eman ditu “jaiotako seme/alaba”ren legezko kontzeptuaren inguruan, kontzeptu hori kontuan hartzekoa baita amatasun-osagarriaren sortzapena eta/edo zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako. Adierazpen berrienen artean daude 2023ko otsailaren 15eko 135/2023 epaia (doktrina bateratzeko 2741/2021 kasazio-errekurtsoa) eta otsailaren 27ko 167/2023 epaia (doktrina bateratzeko 3225/2021 kasazio-errekurtsoa).

Arau horietan, Gizarte Segurantzari buruzko Lege Orokorraren 60.1 artikulua hartzen da abiapuntutzat (aurreko idazkeran, 2023/03/17ra arte indarrean egon denean): Osagarria jasotzeko eskubidea eta zenbatekoa zehaztearen ondorioetarako, dagokion pentsioa eragin duen gertaera baino lehen jaio edo adoptatu diren seme-alabak bakarrik hartuko dira kontuan”.

Hortik aurrera, Auzitegi Gorenak Kode Zibilean “jaiotako seme/alaba”ren izaera aitortzeko legezko irizpidea eta helburua zehazteko ezarritakora igortzen gaitu.

Kode Zibilaren 29. artikuluak xedatzen duenez, “Jaiotzak nortasuna dakar; baina ernaldua jaiotzat jotzen da, mesedegarri zaizkion ondore guztietarako, ernaldu hori jaio bada hurrengo artikuluak adierazten dituen baldintzetan”.

Lege-testu beraren 30. artikulua, berriz, aldatu egin zuen Erregistro Zibilaren uztailaren 21eko 20/2011 Legeak, 3. Xedapen Gehigarrian, eta hark planteatzen du zein izan behar duen kasu bakoitzari aplikatu beharreko legezko manuaren idazketak, jaiotako seme/alabaren legezko kontzeptua zehazteko, amatasun-osagarriaren sortzapenaren eta/edo zenbatekoaren ondorioetarako:

–  Semearen edo alabaren “erditzea” gertatu zen egunean indarrean zegoen idazkera 2011/07/23 baino lehenagokoa baldin bada, horrek esan nahi du semea/alaba jaiotakotzat har daitekeela baldin eta “giza figura badu eta hogeita lau orduz amaren sabeletik oso-osorik askatuta bizi bada” (Kode Zibilaren 30. artikulua, uztailaren 21eko 20/2011 Legeak, 1989/08/14tik 2011/07/22ra indarrean egon zenak, erabilitako kontzeptua aldatu aurrekoa).

–  Edo, bestela, osagarria lotzen zaion pentsio zehatzaren aitorpenaren egunean indarrean dagoen idazkerari jarraitu behar bagenio, kasu horretan, indarrean dagoen idazkera Erregistro Zibilari buruzko 20/2011 Legeak eragindako Kode Zibilaren 30. artikuluaren erreformaren ondoren indarrean dagoena izango litzateke, honela dioena: “Nortasuna bizirik jaiotzen denean lortzen da, amaren sabeletik oso-osorik askatu ondoren”, seme edo alaba bere kabuz ordu-kopuru jakin bat bizi dadin eskatu gabe nortasun juridikoa eskuratzeko, eta kontuan hartua izan ahal izateko amatasun-osagarriaren sortzapenerako edo, hala badagokio, ehunekoaren gehikuntzarako eskubideari dagozkion ondorioetarako.

Aurreratuko dugu dagoeneko ezen, 2023ko otsailaren 15eko 135/2023 epaian (doktrina bateratzeko 2741/2021 kasazio-errekurtsoa), gai hori zehazki planteatzen zenean, ez duela Auzitegi Gorenak erabakirik hartu, ezetsi egingo baitu epaien arteko kontraesanik ezagatik jarritako errekurtsoa, errekurritua eta kontrastekoa, funtsaren gainean ebatzi gabe. Hala ere, errekurritzen zen Kantabriako Justizia Auzitegi Nagusiaren 2021eko ekainaren 4ko epaiak berretsi egiten zuen demandatzaileari, 2021eko abenduaren 21etik erretiro-pentsio bat jasotzen duenari, % 15eko amatasun-osagarria jasotzeko eskubidea aitortzen zion Instantziaren epaia. Ondorio horietarako, kontuan hartu zen 1980an izandako hirukien erditzea, haurdunaldiko 6. hilabetean; hirukiak jaio eta ordu gutxira hil ziren (bi haur erditzeko unean, eta beste bat, jaio eta 7 ordura), eta Erregistro Zibileko abortu-sortan inskribatuta zeuden. Kasu horretan, Justizia Auzitegi Nagusiak pentsioaren gertaera eragilearen egunean indarrean zegoen eskubide zibila aplikatzea ebatzi zuen, eta ez erditu zenean indarrean zegoen zuzenbide zibila.

Orain dela gutxi Gizarte Segurantzaren Lege Orokorrare 60. artikuluaren 3 a) apartatuan egin den aldaketan, 2023/03/18tik indarrean dagoenean, honako hau xedatzen da: “…Osagarrirako eskubidea eta haren zenbatekoa zehazteko, pentsioaren gertaera eragilea baino lehen bizirik jaio diren edo adoptatu diren seme-alabak bakarrik hartuko dira kontuan”. Beraz, ebatzi gabe uzten da edo modu objektibo eta argian ebazten da planteatutako gaia, hain zuzen ere, aplikatu beharreko Kode Zibilaren 30. artikuluaren idazkerak zein izan behar duen: erditzen den egunean indarrean dagoena edo osagarria duen pentsioaren gertaera eragilearen egunean indarrean dagoena.

Bestalde, epai berriago batek, Auzitegi Gorenaren otsailaren 27ko 167/2023 Epaiak (doktrina bateratzeko 3225/2021 kasazio-errekurtsoa), planteatzen du ea hilda jaio den fetua kontuan hartu behar ote den ekarpen demografikoagatiko amatasun-osagarriaren zenbatekoaren sortzapenaren eta kalkuluaren ondorioetarako, aurreko idazkeraren 60. artikuluan arautzen den moduan, urriaren 30eko 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuarekin bat etorriz. Eta Auzitegi Gorenak hasieratik argitzen du ezen, kasu honetan, eztabaidak ez duela zerikusirik lehen planteatutakoarekin, hots, erditze-eguneko Kode Zibilaren araua aplikatu behar den edo osagarria lotzen zaion prestazioaren gertaera eragilearen unean indarrean zegoena.

Bestelako kasu honetan, auzitegi horrek ebatzi du ezin dela aintzat hartu hilda jaio den semea/alaba, nahiz eta heriotza haurdunaldiaren amaieran gertatu, heriotza erditu baino lehen gertatu bada. Auzitegi Gorenaren hitzetan, “jaiotako seme-alabak” legezko adierazpenak “ez du onartzen legez jaiotako seme-alabatzat aitortu behar diren unearen aurretik hil diren fetuen erditzeak zenbatzerik”. Gainera, hilda jaiotako seme-alaben kasuan ez da betetzen ekarpen demografikoaren helburua, ez eta seme-alabak artatu eta zaintzeko helburua ere.

Guztiarekin ere, epaiak boto partikular bat jasotzen du, hilda jaio zen eta erregistro zibilean abortuzko izaki gisa inskribatuta zegoen seme/alabari dagokion ehunekoa kalkulatzeko zenbatu beharreko osagarriaren ehunekoaren igoera onartzearen aldekoa. Kasu horretan, arrazoitzen zuen ezen, 9 hilabeteko haurdunaldi oso bat izan dela nabarmenki kontuan hartuta, emakumeek langile izan eta seme/alaba baten baino gehiagoren ama izateagatik jasan duten diskriminazio-egoera konpentsatu beharko litzatekeela, nabarmenduz, halaber, Auzitegi Gorenak genero-ikuspegia kontuan hartuta aplikatzen duen interpretazioak dagoeneko ekarri duela Gizarte Segurantzako Sistemaren babesa zabaltzea eta dagozkion prestazioak jasotzea Gizarte Segurantzaren araudian jaso ez diren kasuetan.

Adierazi dugun bezala, 2023/03/18tik indarrean dagoen eta Auzitegi Gorenaren azken epaiaren ondorengoa den Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren 60. artikuluaren egungo idazkerak baldintza hau jaso du: seme-alaba “bizirik” jaiotzea. Horrekin aurreko idazkera osatu du, lehen ez baitzen baldintza hori berariaz jasotzen. Horregatik, ulertu behar dugu dagokion pentsioaren gertaera eragilea baino lehen bizirik jaio diren (edo adoptatu diren) seme-alabak bakarrik har daitezkeela kontuan. Beraz, ez dirudi posible denik hilda jaiotako seme-alabak inolaz ere kontuan hartzea amatasun-osagarrirako eskubidearen ondorioetarako, 2023/03/18az geroztik legegileak berariaz baztertzen baitu kasu hori.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Kontsulta juridiko 2023ko Apirila

consulta

Aldizkako kontratu finkoen modalitatea

Aldizkako kontratu finkoen modalitateari buruz egin zaizkigun kontsultei dagokienez, Auzitegi Nazionalaren 2023ko otsailaren 21eko epaiaz arituko gara, argitzen baitu zer ezin den kontratu-modalitate horren xede izan, ez datorrelako bat haren izaerarekin eta helburuarekin.

Auzitegi Nazionalaren 2023ko otsailaren 21eko 19/2023 Epaiak ohartarazten du ikastetxe publikoek ezin dutela irakaslerik aldizkako kontratatu finkoarekin kontratatu curriculumeko jarduerak emateko.

Irakaskuntza pribatuko zentroen elkarte baten legelarien ordezkaritzak demanda bat ezarri zuen “erregimen orokorreko ikastetxe pribatuetako edo itunpeko mailarik gabeko eta dirulaguntzarik gabeko irakaskuntza arautuko ikastetxeen hitzarmen kolektibo nazionala” aurkaratzeko, hitzarmen horretako 17 bis artikulua, eta, zehazki, hirugarren atala, baliogabetzeko eskatzeko.

Hona hemen hitzarmen kolektibo horretako 17 bis artikulua:

Aldizkako kontratu finkoa. Modalitate horren pean kontratatu ahalko dira [langileak] urte-sasoiko lanak edo sasoiko ekoizpen-jarduerei lotutakoak egiteko, edo izaera hori ez duten baina, aldizkako prestazioak izanik, gauzatze-aldi benetakoak, zehatzak edo zehaztugabeak, dituztenak egiteko.

Kontratu-modalitate horretan, lanaldi osoz eta lanaldi partzialez kontratatu ahal izango da.

Hala ere, modalitate horretan ezingo da kontratatu I. Taldeko langilerikirakasleakcurriculumeko jarduerak irakasteko.

Kontratu-modalitate honen pean kontratatu ahalko da artikulu honetako lehenengo atalean azaltzen den izaera duten jarduerak gauzatzeko, hirugarren paragrafoan zehazten den salbuespenarekin, deialditik deialdirako gutxieneko epea bi hilabete badira.

Aldizkako kontratu finkoaren modalitatearen bidezko kontratazioa justifikatzen duten lanak Gabonetako, Aste Santuko eta Pazko Asteko jarduerarik gabeko egunen aurretik eta egun horien ondoren egiten direnean, enpresak aldizkako langile finkoen alta efektiboa mantenduko du aldi horietan, eta altari dagozkion eskubide guztiak izango dituzte.

Kontratua idatziz gauzatuko da, indarreko legedian zehazten diren irizpide objektibo eta formalak betez. Nahitaez egin beharko da idatziz, eta lan-jardueraren funtsezko elementuak jaso beharko ditu, hala nola jardueraren iraupena, jardunaldia eta orduen banaketa; hala ere, azken horiek gutxi gorabeherako gisa jaso ahalko dira, eta deialdiaren unean zehaztu.

Inaktibo dauden pertsonei deitzeko irizpide objektibo eta formalak enpresaren eta enpresako langileen legezko ordezkarien artean zehaztuko dituzte, adostasunez. Adostasunik ez dagoenean, lanpostuko antzinatasun handienetik txikienerako ordenan deituko zaie langileei.

Kasu guztietan, deialdia egin ahal izango da posta elektroniko bidez edo interesatuari jakinarazpen egokia egin zaiola jasota uzteko aukera ematen duen beste edozein baliabide idatziren bidez. Gutxienez jardueraren hasiera baino 7 egun lehenago egin beharko da jakinarazpena. Aurreabisua epe laburragoan egiten bada eta langileak onartzen badu, baliozkoa izango da.

Aldizkako langile finkoek ezin izango dute kalterik jasan kontziliazio-eskubideak baliatzeagatik, lanpostua gordetzeko eskubidea ematen duten absentziengatik eta legean edo hitzarmen kolektibo honetan aitortutako eskubideetan oinarrituta justifikatutako beste arrazoi batzuengatik.

Indarreko legediak hala zehazten badu, aldizkako langile finkoek eskubidea dute beren antzinatasuna lan-harremanaren iraupenaren arabera kalkulatzeko, eta ez zerbitzuak egiazki emandako denboraren arabera; horren salbuespen izango dira haien izaera kontuan hartuta beste tratamendu bat eskatzen duten kondizioak, betiere objektibotasun-, proportzionaltasun- eta gardentasun-irizpideak betetzen badira.

Enpresak aldizkako langile finkoei eta langileen legezko ordezkariei adierazi beharko die lanpostu finko hutsak daudenean, langile horiek borondatezko lanpostu-aldaketarako eskaerak egin ahal izan ditzaten, hitzarmen kolektibo honetako 26. artikuluan zehazten denez.

Ikasturtearen hasieran, enpresak langileen legezko ordezkariei helarazi beharko die, behar adinako denborarekin, urterako edo, hala badagokio, seihilekorako aurreikusten diren deialdien egutegi bat, eta aldizkako langile finkoen alta efektiboen datuak ere bai, behin gauzatzen direnean“.

Adierazitako agindua aurkaratu zuen elkarte auzi-jartzaileak, eta, zehazki, hirugarren paragrafoa: “modalitate horretan ezingo da kontratatu I. Taldeko langilerik —irakasleak— curriculumeko jarduerak irakasteko“. Demandan, argudiatu zuen debeku hori kaltegarria zela sektoreko enpresentzat. Auzi-jartzaileak gogorarazi zuen orain arte kontratazio gehienak lanaldi partzialeko kontratuen bidez egiten zirela, lanaldi zatituarekin; eta laneko erreformaren eraginez hitzarmenean modalitate hori debekatu izanak arauak aldatu zituela. Bestalde, argudiatu zuen ikasturtea amaitu ondoren udan ez dela egiten jarduerarik, eta aldizkako kontratu finkoa horregatik egokitzen dela lan-harreman horretara.

(Ikastetxe pribatuen estatuko bi patronal nagusiak bat datoz debekuarekin, eta hitzarmena sinatu zuten sektoreko sindikatu guztiekin batera).

Kontuan edukitzeko aurrekari gisa, gogora ekarriko dugu Auzitegi Gorenaren epai bat, 1994koa (14664/1994 AGEa, 1994/06/03koa; errekurtso-zk.: 3335/1992): administrazioko langileei buruzkoa da, oinarrizko hezkuntza orokorreko ikastetxeetako irakasleei buruzkoa izan gabe espezifikoki; epai horretan ezarri zen oinarrizko hezkuntza orokorreko jarduera hori jarduera iraunkorra eta ez-ziklikoa dela bere horretan, eta Estatutuaren 38. artikuluan ezartzen diren gutxieneko oporrak baino gehiago egokitzen zaizkiola.

Gerora, I. Taldeko langileak —irakasleak—, curriculumeko jarduerak irakasteko, aldizkako kontratatu finkoaren modalitatean kontratatzeko debekua jaso da hitzarmen kolektiboetan.

Auzitegi Nazionalak ezetsi egin du hezkuntza-patronal batek hitzarmen kolektiboa aurkaratzeari dagokionez egina zuen demanda, arrazoibide berdinarekin: irakaskuntza ez dela ez jarduera ziklikoa ez urte-sasoiaren araberakoa, udan ikastetxeak itxi arren. Horregatik, irakasleak ezin dira kontratu aldizkako langile finko gisa; negatiboki eragingo lieke, eta haien eskubideak nabarmen murriztuko lirateke.

Auzitegi Nazionala harago doa, eta, auzi-jartzailearen aurkarapena gaitzesteaz gain, mila euroko isuna jarri dio elkarteari “ausarkeriagatik”, nahi izateagatik “Auzitegiak legezko iruzur nabarmen bat baliozkotu dezan, ikastetxeen interes ekonomikoak eragindako langileen lan- eta ordainsari-eskubideen gainetik jarriz”.

Amaitzeko, hau dio Auzitegiak: “aldizkako kontratazio finkoaren erabilera mugatzea curriculumeko jarduerak irakasten dituzten irakasleei legezkoa da, arrazoituta dago eta proportzionala da bilatzen diren helburuekiko (esate baterako, langile horien enplegu-egonkortasuna bilatzea).”.

Epaia ez da irmoa, eta Auzitegi Gorenaren aurrean errekurtsoa aurkez daiteke.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Mutualex epaia 2023ko Apirila

sentencia

Langileen eguneko atsedena eta asteko atsedena

Europar Batasuneko Justizia Auzitegiak (EBJA), 2023ko martxoaren 2ko epaian (errekurtsoa: C-477/2021), ezartzen du langileek eguneko atsedenerako eta asteko atsedenerako dituzten eskubideak ezin direla konpentsatu. Eskubide independenteak dira, eta helburu desberdinak dituzte: eguneko atsedenaren helburua da langilea bere lan-ingurunetik urrutiratu ahal izatea ordu-kopuru jakin batez; eta asteko atsedenaren helburua da langileak atsedenerako denbora bat izatea zazpi egun bakoitzeko. Hala, ezin da jo eguneko atsedenak asteko atsedena osatzen duenik, atseden horien edukia galaraziko bailuke.

Horregatik, langile batek larunbatean eta igandean badu asteko atsedena eta aurreko ostirala opor eskatzen badu, enpresak ezin dio ukatu, larunbatean eta igandean atseden hartzen duela argudiatuz. Asteko atsedenak ez du eraginik langileak eguneko atsedenetarako eskatzen dituen egunetan, bereziki hurrenez hurrenekoak badira. Hala, oporraldia amaitzen denean soilik zenbatu daiteke asteko atsedena

EBJAk ebatzitako kasu zehatz horretan (hungariar araudiko hutsune baten ondorioz, auzia herrialde horretan planteatu baitzen), langileak oporrak eskatu zituen ostiral baterako, larunbat eta igandean asteko atsedena zuela.

Enpresak ukatu egin zion oporraldi hori, argudiatuta eguneko atsedena ezin zela eman haren aurre-aurretik edo ondoren berehala lan egin behar ez denean, dela asteko atsedenagatik, dela baimen ordainduagatik. Laburbilduz, enpresak uko egiten zion langileak egun libre batez gozatzeko egindako eskaerari (eguneko atseden gisa), baldin eta asteko atsedena (bi egun, gehienez ere) bazuen aurre-aurretik edo  ondoren berehala.

EBJAk langilearen aldeko epaia eman du, eta argi ezarri du langilearen gutxieneko atsedenari buruzko araudiaren interpretazioek ezin dietela eragin langileen eskubideei. Ondorioz, laneko atsedenaren helburua langilearen “bizi- eta lan-baldintzak eraginkortasunez babesten direla bermatzea eta segurtasuna eta osasuna hobeto babestea” dela dio; langilea lan-harremaneko alderdi ahultzat aitortzen du, eta ondorioztatzen du enpresariak ezin dituela mugatu langileari dagozkion eskubide horiek.

Laburbilduz, epaiak jotzen du eguneko atsedena ez dela sartzen asteko atseden-orduetan: bi aldi horiek independenteak direla eta elkarren ondotik joan behar dutela dio.

Gure ordenamendu juridikoari dagokionez, Auzitegi Gorenaren 2013/10/23ko epaian (EDJ 227762) ezartzen da lanaldien arteko eguneko atsedena eta asteko atsedena modu bereizian —bakoitzak bere helburua baitu— eta independentean gozatu behar direla, eta, beraz, asteko atsedenak inola ere ezin duela murriztu eguneko atsedena.

Cristina Cearra Guezuraga


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Q Sostenible zigilua Beasainerako

Q Sostenible

Beasaingo gure zentroak “Q Sostenible Evolution Excellence” zigilua jaso du.

Ziurtagiria Beasaingo zentroan bertan eman da, Antonio Montaño Enpresa Jasangarriaren Nazioarteko Kontseiluko (CIES) presidentearen eskutik.​​​​​​​

Ziurtagiria ematea

Aintzatespen hau Mutualiaren beste zentro batzuek (behean daude zerrendatuta) lortutakoei batzen zaie, eta, ingurumen inpaktua minimizatuz eta baliabideak modu efizienteagoan erabiliz, iraunkortasuna hobetzeko gure konpromisoa finkatzen du.

Q Sostenible aintzatespena Eraikin Iraunkorren nazioarteko ziurtagiri bat da, eta Enpresa Iraunkorren Nazioarteko Kontseiluak (CIES) kudeatzen eta Eraikin Iraunkorren Nazioarteko Kontseiluak babesten du. Trantsizio Ekologikoaren eta Erronka Demografikoaren Ministerioaren babesa du (Biodibertsitate Fundazioa).

Q Sostenible Evolution Excellence ziurtagiria duten zentroak:

  • Henaoko egoitza
  • Ercilla klinika
  • Gernika
  • Bergara
  • Beasain

Q Sostenible Evolution Excellence Plus ziurtagiria duen zentroa:

  • Vitoria-Gasteizko EHO; Estatuko eraikinik iraunkorrenetako bat da eta Q Sostenible ziurtagiria duten eraikinen artean puntuaziorik altuena duena.

V16 baliza geolokalizatuak, bide seguruagoak izateko beste urrats bat

luz de emergencia v16

2026az geroztik nahitaezkoak izango diren V16 gailu geolokalizatuak salgai daude dagoeneko. Oraingoz hiru dira, baina laster homologazio-prozesua gainditzen duten modelo gehiago egongo dira. Balizek arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten dituzte eta, 2026ko urtarriletik aurrera, gailu horiek izango dira onartutako gailu bakarrak. 

 

V16 gailu berria 360º-ko argi horia igortzen duen baliza txiki bat da. Argia intentsitate handiz eta aldizka igortzen du, gutxienez 30 minutuz, eta, hala, ibilgailu matxuratua kilometro bateko distantziatik ikusgai geratzen da. Gailuak gutxienez 18 hilabeteko bizitza erabilgarria duen pila edo bateria bat du, kargagarria izan zein ez. Gainera, funtzionatzeko eta konektagarria izateko behar diren elementu guztiak ditu. 

 

V16 baliza geolokalizatuen abantaila nagusia hau da: aktibatutakoan, 100 segundo igaro ondoren (hori baita funtzionamendua probatzen den bitartean nahi ez diren konexioak saihesteko epea), automatikoki komunikatzen diete matxuratutako ibilgailuaren geoposizioa fabrikatzailearen hodeiari, DGT 3.0 plataformari eta estatuko sarbide-puntuari. 

 

Behin datu horiek jasotakoan, abisua berehala ematen zaie konektatutako gainerako ibilgailuei, denbora errealean gidatzeko laguntza eskaintzen duten aplikazio guztiei eta errepideko mezu aldakorreko panelen bitartez. Hala, matxuratutako ibilgailua argiz seinaleztatzeaz gainera, gainerako gidariek ohartarazpena jasoko dute hurbiltzen diren unean, jakinarazteko ibilgailu matxuratu bat dagoela bidean. 

 

Bada beste abantaila handi bat: arriskua aurretiaz ohartarazteko triangeluak ordezten ditu. Hala, saihestu egiten dela triangelua behar bezala jartzeko errepidean 50 metro ibili behar izateak dakarren harrapatua izateko arriskua. Gogora dezagun 2020an 107 oinezko hil zirela hiriarteko bideetan eta, 2021n, kopuru hori 118ra igo zela.   

Non eraman?

V16 gailua gidariaren postutik iristeko moduko leku batean eraman behar da (eskularru-kutxa edo autoko albo-poltsikoak), eta beti izan behar da kargatuta. Hor eramateko arrazoia da gidaria gailuaren bila autotik ateratzea saihestu behar dela, hori arriskutsua baita. 

 

Non jarri?

Ibilgailuaren zati altuenean, albait gehien ikusten dela bermatzeko. Hain zuzen ere, gailu horiek egonkor geratu behar dute gainazal lau batean (sabaia), eta baliabideren bat izan behar dute (iman bat, adibidez) gidariaren atean jarri ahal izateko. Eta, ahal dela, ibilgailuaren barrualdetik jarri behar da, leihatila jaitsiz eta besoa bakarrik ateraz. 

 

Nola jakin nire V16 baliza homologatuta dagoen?

Trafiko Zuzendaritza Nagusiaren webgunean gaur egun homologatuta dauden modeloak ageri dira, eta etorkizunean gailu berriak gehituko dira, homologatzen diren heinean. 

Kirolaren eragina pertsonengan

ejercicios fisicos oficina

eta GJH-ak lortzean

Kirolak zeregin garrantzitsua betetzen du balio eta printzipio etikoak transmititzen, eta inpaktu handia du pertsonengan eta planetaren jasangarritasunean. Horregatik, NBEren Batzar Nagusiak, 2013. urtean, apirilaren 6a Garapenaren eta Bakearen aldeko Kirolaren Nazioarteko Egun izendatzea erabaki zuen. NBEren arabera, “Kirola garapen jasangarria errazten duen beste eragile garrantzitsuetako bat da. Aitortzen dugu kirolak gero eta gehiago laguntzen duela garapena eta bakea lortzen, tolerantzia eta errespetua sustatuz, eta emakumeen eta gazteen, pertsonen eta komunitateen ahalduntzea ere babesten duela, baita osasunaren, hezkuntzaren eta gizarteratzearen arloko helburuak betetzen lagundu ere”.

Gainera, jarduera fisikoa egiteak inpaktu positiboa du, bai maila fisikoan, bai emozionalean. Kirola erregulartasunez egiteak onura ugari ekartzen ditu, hala nola bizi-kalitatea hobetzea, antsietatea eta estresa gutxitzea eta loaren kalitatea eta gaitasun kognitiboa hobetzea.

Ebidentzia zientifikoa

Sedentarismoak hein handiagoan bultzatzen du hilkortasuna tabakoak, hipertentsioak edo kolesterol altuak baino. “Exercise as medicine – evidence for prescribing exercise as therapy in 26 different chronic diseases” artikuluan agerian geratzen da jarduera fisikoa onuragarria dela, gutxienez, 26 gaixotasun kronikotan, hala nola gaitz muskuloeskeletikoetan, gaixotasun neurologikoetan, endokrinologikoetan, kardiobaskularretan eta minbizian, batez ere.

Osasun emozionalean ere badu eragina. Jarduera fisikoa eraginkorra da depresioa, antsietatea, estresa eta eskizofrenia tratatzeko. Zenbait lanek adierazten dute depresioan ariketa fisikoaren efektua medikuak agindutako antidepresiboena bezain garrantzitsua dela.

Jarduera fisikoa agintzea. 150+2 errezeta

Onura horiek guztiak lortzeko, honako hau da gomendatzen den gutxieneko dosia: ariketa aerobikoaren 150 minutu astean, eta indar-ariketen 2 saio astean.

150 zenbakia astean 150 minutuz erresistentzia-ariketaren bat egiteari dagokio (oinez ibiltzea, bizikleta, mendia, dantza, bizikleta eliptikoa…), intentsitate ertainarekin, astean bi egunez, gutxienez. 

+2 zenbakia, berriz, indar-ariketak egiteari dagokio, gutxienez astean bi egunez (pisuak, makinak, gomak, zintak, norberaren gorputz-pisua…), indar maximoaren % 50ean, 10-12 errepikapeneko 2-3 serie eginez, gihar-talde handien 8-10 ariketatan. 

MutualiaOn!

Mutualiak ohitura osasungarriak sustatzen lagundu nahi du, lan-ingurunean ere pertsona eta enpresa osasungarriak lortzeko.  Helburu horrekin, hainbat baliabide jartzen ditu eskuragarri, hala nola muskuluen tonifikazio eta deskargarako MutualiaOn! gida.