2024ko martxoaren 20tik aurrerako LEKUKOTZA-PROZEDURA BERRIA LAN-ARLOKO JURISDIKZIOA ARAUTZEN DUEN LEGEAN

justicia

Justizia, funtzio publiko, toki-araubide eta mezenasgoko zerbitzu publikoaren arloan Suspertze, Eraldaketa eta Erresilientzia Plana betearazteko premiazko neurriak onesten dituen abenduaren 19ko 6/2023 Errege Lege Dekretuak, prozesuekin loturiko beste zenbait berrikuntzaren artean, neurri jakin batzuk jasotzen ditu lau jurisdikzio-ordenetako prozesu judizialak arintzera eta prozesu horien eraginkortasuna hobetzera bideraturik, kasu guztietan ere bermerik handienekin. Neurri-sorta horri esker, epaitegiek eta auzitegiek arrazoizko denboran erantzun ahalko diote herritarrek eskaturiko babes judizialari. Errege Lege Dekretuak lege hauek aldatzen ditu: urtarrilaren 7ko 1/2000 Legea, Prozedura Zibilari buruzkoa; urriaren 10eko 36/2011 Legea, Lan Arloko Jurisdikzioa arautzen duena; uztailaren 13ko 29/1998 Legea, Administrazioarekiko Auzien Jurisdikzioa arautzen duena; eta, neurri txikiagoan, Prozedura Kriminalaren Legea. Aldaketa horien xedea da bizkortze- eta efizientzia-neurriak ezartzea auziak izapidetzerakoan, auzitegien ebazpen-denbora ahal den neurrian murrizteko, alferrikako izapideak saihesteko, eta segurtasun juridikorik eza sortzen duten akats teknikoak argitzeko. Ez dira galduko justiziara jotzen dutenen bermeak, eta ez zaie bermeoi uko egin beharko, ezta oinarrizko berehalakotasun- eta ahozkotasun-printzipioei ere.

Hori horrela, nabarmendu behar da administrazioarekiko auzien eremuan lehendik martxan dagoen lekukotza-auziaren eta efektuen hedapenaren teknika ezartzen dela arlo zibilean eta lan-arloan. Horren xedea da gure sistemak tresna egokiak izatea, sektore jakin batzuetan oso pisu handia duen masako auzibideak bizkorrago ebatzi ahal izateko.

Esparru zibilean eta administrazioarekiko auzien esparruan bezalaxe, lan-arloko jurisdikzioa arautzen duen legean ere egituratzen da lekukotza-prozedura, hain zuzen ere, lege haren 86 bis artikuluan (prozesu arruntari buruzko II. liburuko I. tituluko II. kapituluaren barruan).

Era berean, bi artikulu berri gaineratzen dira, 247 bis eta 247 ter, epaiak betearazteari buruzko IV. liburuko I. tituluko I. kapituluko bigarren atalaren barruan.

Arautze horrekin, bi prozesu-izapide sartu nahi dira: bata, lekukotza-prozedura —hau da, abian den prozedura judizial bat edo batzuk etenda geratzea erabaki judizial baten bidez, harik eta lehentasunezko prozeduran emandako epaia irmoa atera arte—; eta, bigarrena, epai irmoa izan ondoren, alderdiei aukeran uztea nola jokatu nahi duten —auziari berriro ekitea, bertan behera uztea, edo ondorioak azkar zabaltzeko bideren batera jotzea—. Bestalde, ondorioak hedatzeak esan nahi du ebazpen judizial irmo baten ondorioak zabaldu ahal izango direla prozedura judizial bat abiarazi ez duten beste pertsona batzuengana ere, baldin eta haien banakako egoera juridikoak epai irmo bidez aitortutako egoeraren identitate substantziala badu.

Era berean, gai hori jurisdikzio zibilerako ezarritakora egokitzeko, aldatu egiten da 191.3 b) artikulua, erregutze-errekurtsoaz baliatu ahal izan dadin auzialdian eman diren eta ondorioak hedatzeko aukera duten epaien kasuan.

Susana Castaños del Molino


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Bularra emateko baimena eta langabeziagatiko subsidioa aldatzea (7/2023 Errege Lege Dekretua, abenduaren 19koa) 

Modificación permiso por lactancia y del subsidio por desempleo

Bularra emateko baimena aldatzea 

Aldatu egiten da bularra emateko baimena, eta hobetu egiten dira eskubide hori baliatzeko baldintzak. Horrekin batera, indartu eta osatu egiten da duela gutxi onartutako guraso-baimena. 

Jardunaldi-murrizketa, gaur egun, langileen eskubide indibiduala da, eta ezin zaio eskualdatu eskubide hori beste gurasoari, adoptatzaileari, zaintzaileari edo harreragileari. Hala ere, enpresa bereko bi langilek baliatzen badute eskubide hori subjektu eragile berarengatik, mugatu ahal izango da eskubide hori aldi berean baliatzeko aukera, enpresaren funtzionamendu-arrazoi funtsatu eta objektiboak adierazita —betiere idatziz behar bezala arrazoitzen badira arrazoi horiek—. Kasu horretan, enpresak plan alternatibo bat eskaini beharko du, bi langileek eskubidea baliatu ahal izateko eta, hartara, kontziliazio-eskubideak egikaritzeko. 
Bi guraso, adoptatzaile, zaintzaile edo harreragileek iraupen berarekin eta araubide berean baliatzen badute eskubide hori, edoskitzaileak hamabi hilabete bete arte baliatu ahal izango dute. 

Nola arautzen da eskubide hori gaur egun eta hemendik 2024ra bitarte? 

Gaur egun, haur bat jaio, adoptatu, adoptatzeko helburuz zaindu edo etxean hartzen bada, bazkide langileek eskubidea izango dute ordubetez lantokitik kanpo egoteko (bi zatitan banatu ahal izango dute) bularreko haurrak bederatzi hilabete betetzen dituen artean. Baimenaren iraupena proportzionalki areagotuko da haur bat baino gehiago jaio, adoptatu, adoptatzeko helburuz zaindu edo etxean hartzen badira. Eskubide hori baliatzen duenak bere borondatez murriztu ahal izango du jardunaldia ordu-erdiz helburu berarekin, edo jardunaldi osoetan metatu, bestela.  

Berriki egin duten aldaketara arte, negoziazio kolektiboaren aurreikuspenek edo enpresarekin lortutako akordioak bermatu behar zuten lanera ez joateko eskubidea. 2024tik aurrera, langile guztien eskubidea izango dira oporrak hartzeko aukera guztiak, ordaindutako absentzia-orduak metatzea barne. 

Langabeziagatiko subsidioa aldatzea 

 

  • Bi bakarrik izango dira sarbide orokorreko kasuak, eta bateratu egiten dira Nekazaritzako Errenta eta Nekazaritzako Sistema Bereziko behin-behineko langileen subsidioa eskuratzeko baldintzak. 
  • Langabezia-prestazioa agortu ondoko subsidioa familia-erantzukizunik ez duten 45 urtetik beherakoei zabaltzen zaie, eta, familia-erantzukizunak dituzten kasuetan, bateratu egiten da subsidio horren iraupena, edozein adin izanik ere prestazioa agortutako unean. 
  • Posible izango da subsidioa eta besteren konturako lana bateragarri egitea, 180 egunez lanaldi osoko edo partzialeko enplegu berri bakoitzeko, zenbatekoa murriztu gabe. Eta langabeziagatiko prestazioak (kotizaziopekoak eta subsidioa) bateragarriak izango dira lanbide-heziketako ekintzetara joateagatik edo lanean lortzen diren beka eta laguntzekin. 
  • Prestazioa enplegua aktibatzeko ibilbide pertsonalizatu bati lotuta egongo da. Horretarako, jarduera-akordio bat sinatuko da, Enpleguari buruzko otsailaren 28ko 3/2023 Legearen esparruan, eta eskubideak eta betebeharrak ezartzen dituen zerbitzu-multzo bat aurreikusiko da enplegu-zerbitzu publikoetako eskatzailearentzat, jasotzailearen enplegagarritasuna areagotzeko. 

Zein izango dira langabezia-subsidioaren zenbateko berriak 2024tik aurrera? 

  • Lehenengo sei hilabeteetan: 570 euro (hainbat ondoriotarako errenta-adierazle publikoaren % 95). 
  • Hurrengo sei hilabeteetan: 540 euro (hainbat ondoriotarako errenta-adierazle publikoaren % 90).  
  • Gainerako prestazio-aldian, 21 hilabetera arte: Gaur egungo 480 euroak (hainbat ondoriotarako errenta-adierazle publikoaren % 80). 

Laneko arrisku psikosoziala

riesgos psicosociales

Lanaren Nazioarteko Erakundearen arabera, “arrisku psikosozialak oinarritzen dira, alde batetik, lanaren, haren ingurunearen, laneko gogobetetzearen eta erakundeko kondizio fisikoen arteko interakzioetan eta, beste alde batetik, langilearen gaitasunetan, premietan, kulturan eta lanetik kanpo duen egoeran, eta, pertzepzio eta esperientzien bidez, laneko osasunean, jardunean eta asebetetzean eragin dezakete”.

Lan-baldintzek zuzeneko lotura dute lanaren antolamenduarekin, haren ingurune sozialarekin eta lanaren edukiarekin. Laneko zereginak egiteak langilearen osasun fisikoari eta psikikoari eragin diezaioke.

Arrisku psikosozialen ebaluazioa

Arrisku psikosozialen ebaluazioa tresna bat da bere horretan, eta haren helburua da enpresa baten edo enpresa horren eremu partzialen diagnostiko psikosoziala egitea, detektatutako arriskuen eta ingurunearen araberako hobekuntza-jarduerak ezartzeko.

NTP 702: Faktore psikosozialen ebaluazio-prozesua dokumentuan jasotzen dira ebaluazio-prozesuaren faseak; hauek dira:

Arrisku-faktoreen identifikazioa

Bi helburu nagusi ditu:

  • Aztertu beharreko egoeran dauden arrisku psikosozialeko faktoreak mugatzea. Lanaren azterketari, langileen iritziari, enpresaren dokumentazioaren azterketari (adibidez, absentismo-tasak) eta bestelako tresna batzuei esker mugatzen dira faktore horiek.*1

2) Azterketa-unitateak (lanpostuak dira unitate nagusiak, baina komeni da beste antolamendu-unitate batzuk ere definitzea) eta biztanleria definitzea; langile guztiek parte hartzeko ahalegina egin behar da.

Metodologia eta teknikak hautatzea

Datuak jasotzeko metodologia hautatzeko garaian, kontuan hartu behar dira erakundearen ezaugarriak, ebaluatuko diren faktore zehatzak (aldez aurretik mugatu behar dira) eta hautatutako azterketa-unitateak. **2

Hauek bereizten dira:

  • Metodologia kuantitatiboa, zeinak formularioen bidez aztertutakoaren datuei buruzko informazioa ematen baitu.
  • Metodologia kualitatiboa, zeinak elkarrizketa eta eztabaida-taldeen bidez aztertutako fenomenoa azaltzen baitu.

Metodo bata ala bestea hautatzeko, komeni da zenbait alderdi kontuan hartzea, hala nola ebaluazioaren helburua (hasierako edo aldizkako ebaluazioa egitea, langile-taldeak edo faktoreak konparatzea…), ebaluazioa egiteko bideragarritasun erreala (denbora, kostua, anonimatua eta konfidentzialtasuna bermatzeko modua…) eta biztanleriaren ezaugarriak (maila kulturala, hizkuntza…). Gainera, kontuan izan behar da konfiantza izan behar dela erabilitako ebaluazio-metodoak emango duen emaitzan (39/1997 EDaren 5. artikulua).

Metodologia aplikatzea eta teknikak – Faktoreen azterketa

Dena delako metodologia aplikatzeko, langileen parte-hartzea bultzatu behar da, aztertu nahi denari, erabiliko den metodologiari, egingo den moduari eta tokiari (elkarrizketak badira), aurreikusten diren epeei, anonimatua eta datuen konfidentzialtasuna bermatzeko moduei eta bestelako alderdi batzuei buruzko komunikazio eta sentsibilizazio egokia eginez. Ondoren, datuak modu egokian jaso beharko dira; prestakuntza egokia jaso duten teknikariek egin beharko dute.

Emaitzen azterketa eta txostena lantzea – Faktoreen ebaluazioa

Egin beharreko lehenengo ekintzetako bat da lortutako erantzun-tasa egiaztatzea, hark zehaztuko baitu adierazgarritasuna eta, horrenbestez, lortutako datuak baliagarriak diren ala ez. Erantzun-tasa baxuak zenbait arrazoiren ondoriozkoak izan daitezke, eta arrazoi horiek ere aztertu behar dira.

Emaitzak lortu ondoren, informazio hori arriskuen ebaluazio-txostenean jaso behar da. Txosten horretan, arrisku-faktoreak eta haiekiko esposizioa duten langileak zehaztuko dira, arrisku-maila zehaztuko da hautatutako metodoaren arabera, eta hobetzeko proposamenak jarduera eta proposamenak (espezifikoak izan beharko dute, eta egindako ebaluazioarekiko lotura zuzena eduki beharko dute) emango dira detektatutako arrisku bakoitzeko. Neurriak honelakoak izan daitezke: prebentiboak edo antolamenduari dagozkionak; esku-hartzekoak edo aurre egitekoak; eta, azkenik, babes-neurriak edo errehabilitaziokoak.

Lan-arriskuen Prebentzioari buruzko 31/1995 Legean jasotzen denez, arrisku-ebaluazioek laneko agintaritzaren eskura egon behar dute.

Esku hartzeko programa lantzea eta martxan jartzea

Ebaluazioaren emaitzetan arrisku-egoerak agertzen badira, arrisku horiek ezabatzeko, murrizteko edo kontrolatzeko beharrezko prebentzio-jarduerak zehaztutako dira, ezarritako lehenespenaren arabera. Enpresariak planifikatu beharko ditu jarduera horiek, eta alderdi hauek barne hartu beharko ditu prebentzio-jarduera bakoitzeko: epea, arduradunen izendapena eta beharrezko giza baliabideak eta baliabide materialak.

Hartutako neurrien jarraipena eta kontrola – Arriskuen kudeaketa

31/1995 Legearen 16. artikuluan jasotakoaren arabera, “Enpresaburuak ziurtatu beharko du plangintza horretara bildutako prebentzio-jarduerak benetan betetzen diren; horretarako, plangintzaren gainean etengabeko segimendua egingo du.” .

ESTEKA INTERESGARRIAK:

Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak lanean arrisku psikosozialak kudeatzeko dokumentu eta tresna ugari ditu, hala nola:

OSALANek PSICOPREBEN izeneko atari bat du, eta han jasotzen dira Gida: Nola kudeatu arrisku psikosozialak enpresan eta Gida-liburua: Arrisku psikosozialen eta antolamendukoen hastapenak .

  1. Arrisku-faktoreak

    Arrisku psikosozialen sailkapena askotarikoa izan daiteke, eta arrisku psikosozialen ebaluaziorako metodoek sailkapen desberdinak erabiltzen dituzte. Ikuspegi teoriko desberdinak daudelako gertatzen da hori.
    Adibide gisa, Arrisku Sozialaren Kudeaketarako Europako Taldeak (PRIMA) egindako sailkapena jaso dugu.
    • Lanaren edukia: monotonia, zentzurik gabeko zereginak, zatikatzea, lan-aldaketarik eza, egin nahi izaten ez diren zeregin desatseginak.
    • Lan-karga eta -erritmoa: gehiegizko lan-karga edo karga baxuegia, denborari dagokion presioa, epe estuak.
    • Lan-denbora: ordutegi oso luzeak edo aurretik jakin ezinekoak, txandakako lana, gaueko lana.
    • Parte-hartzea eta kontrola: parte-hartzerik ez erabakiak hartzeko prozesuetan, kontrolik eza (adibidez, laneko metodoari edo erritmoari, ordutegiei, inguruneari eta bestelako alderdi batzuei dagokienez)
    • Antolamendu-kultura: komunikazio urriak, laguntza urria arazoak daudenean edo garapen pertsonalean, helburuak ez definitzea.
    • Harreman pertsonalak: bakartzea, harreman urriak, harreman txarrak, gatazkak, jokaera desegokiak.
    • Rola: rolaren anbiguotasuna, rol-gatazka, pertsonekiko ardura.
    • Garapen pertsonala: lanaren balioeste urria gizartean, laneko ziurgabetasuna, sustapenik eza edo gehiegizko sustapena
    ↩︎
  2. Ebaluazio-metodoak:

    • Araudiak ez du zehazten zer metodo erabili behar den arrisku psikosozialak ebaluatzeko, Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalak ez dauka berariazkorik eta ez dago UNE araurik. Beraz, konfiantza pizten duten erakunde aintzatetsien gida eta metodoak erabiliko dira.
    • Teknika kuantitatibo ugari sortu da horretarako. Hona hemen erabilienen zerrenda ez-oso bat:
    Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren F-PSICO metodoa
    Enpresa txikietan faktore psikosozialak ebaluatzeko eta kudeatzeko Laneko Segurtasunaren eta Osasunaren Institutu Nazionalaren metodoa.
    CopSoq Istas 21 metodoa: bertsio laburra, 25 langile baino gutxiago dituzten enpresetarako; bertsio ertaina, 25 langile edo gehiago dituzten enpresetarako. Etxearen eta lanaren arteko interakzioa: presentzia bikoitzaren arazoak, exijentzia-gatazka ↩︎

2024ko prestazioak ordaintzeko egutegia

calendario mutualia pago prestaciones 2023

Jarraian, Mutualiak kudeatzen dituen prestazioak ordaintzeko egutegia azalduko dizuegu:

  • Haurdunaldiko eta edoskitze naturalaren garaiko arriskuengatiko prestazioak.
  • Minbizia edo bestelako gaixotasun larriren bat daukaten adingabeak zaintzeagatiko prestazioa
  • Aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa (Kontingentzia Profesionala / Kontingentzia Arrunta.
  • Langile autonomoen jarduera eteteagatiko prestazioa.
ordainketen egutegia 2024

Ordainketak hilaren 2tik 7ra artean egingo dira

Transferentziak zein egunetan egitea aurreikusten den jakin nahi baduzue, egutegian ikus dezakezue.

Jakinarazten dizuegu beharrezkoa dela prestazioen eskaera egitea. Eskaerak erraz egiteko, gure zentroetara etorri nahi ez baduzu, aukera duzu agiri guztiak eskaneatuta bidaltzeko, helbide elektroniko hauen bidez:

2024ko ESKOLEN AURRERAPENA

avance escuelas 2024 mutualia

Aurten ere, 2024. ekitaldirako prestakuntza-eskolen eskaintza zabala jarri du Mutualiak bere enpresa elkartuen eskura. Langile kualifikatu eta espezializatuek emango dituzte eskola guztiak, doakoak izango dira, talde txikitan emango dira, eta nagusiki praktikara bideratuko dira.

Elikadura Osasungarriaren Eskola

elikadura osasungarriaren eskola



Onlineko formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza ordu eta erdikoa.

Gero eta enpresa gehiagok sustatu nahi dituzte ohitura osasungarriak, eta elikadura da pertsonen osasunerako oinarri nagusietako bat. Elikadura Osasungarriaren Eskolaren saio batzuk egingo ditugu, gai hauen inguruan: “Ez egin dietarik, ikasi jaten”, “Nola planifikatu zure menuak”, “Kirol-nutrizioa”, “Planifikatu zure menuak”, “Ongizatea 50 urtetik aurrera”, “Elikadura funtsezko faktorea da patologia kardiobaskularrak eta hanturazkoak hobetzeko”.

Deialdiak: otsaila, martxoa, apirila, maiatza, ekaina, uztaila, iraila, urria eta azaroa.

Ongizate Emozionalerako eta Estresa Kudeatzeko Eskola

ongizate emozionalerako eta estresa kudeatzeko eskola

Onlineko formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza bi ordukoa.

Ongizate emozionala bizitza osasuntsua, zoriontsua eta betea lortzeko oinarrietako bat da. Ongizate emozionalari buruz hitz egitean, gogo-aldarte jakin bati buruz ari gara, zeinean sumatzen baitugu ondo eta lasai gaudela, gure emozioak menderatzen ditugula eta gai garela eguneroko presioei aurre egiteko. Mutualiak eskola berriak antolatu ditu zenbait gai lantzeko: “Automotibazioa / nire indarguneak detektatzea”, “Estresa kudeatzea”, “Denbora kudeatzea”, “Gatazkak kudeatzea”, “Enpatia garatzea” eta “Elkarrizketa erabakigarrietarako trebatzea”.

Deialdiak: urtarrila, otsaila, martxoa, maiatza, ekaina, iraila, urria eta azaroa.

Loaren Eskola

loparen eskola

Onlineko formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza ordu eta erdikoa.

Loaren mekanismo biologikoak landuko ditugu, eta loaren higienea ohitura osasungarria dela nabarmenduko dugu. Loaren nahasmenduak identifikatuko ditugu, eta diagnostikoak, ohitura egokien bidezko prebentzioak eta tratamendu espezifikoak duten garrantziaz jabetuko gara. Loaren kalitatea hobetuz, laneko eta lanetik kanpoko istripuak eta gaixotasunak prebenitzen ditugu.

Deialdiak: martxoa eta urria.

Ahotsaren Eskola

Onlineko formatuan ematen da. Bi saio ditu, bakoitza hiru ordukoa.

Helburu nagusia da ahotsa lan-tresna gisa erabiltzen duten profesionalek ahots-teknika ikastea eta ohitura eta ahots-higiene egokiak eskuratzea. Horrela, ahotsarekin lotutako gaixotasun eta patologia nagusiak ezagutu eta prebenitu ahal izango ditugu.

Deialdiak: otsaila, maiatza, iraila eta azaroa.

Seguru Gidatzeko Eskola Teoriko-Praktikoa

Aurrez aurreko formatuan ematen da, bost orduko saio batean.

Eskola hori edozein erakundek laneko bide-segurtasunaren arloan antolatu nahi dituen jardueretako bat izan daiteke, lanarekin lotutako joan-etorrien segurtasuna sustatu eta kudeatzeko, hau da, etxetik lanerako bidaiak edo lanari dagozkionak.

Deialdiak: martxoa, ekaina eta urria.

Kontsulta juridiko 2023ko Abendua

consulta

Enpresaren betebeharra al da langile guztiak trebatzea haien arlo profesionalean gerta daitekeen sexu-indarkeriaren inguruan?

kontsulta

Gizon eta emakumeen artean historikoki existitu den genero-desberdintasunaren gaitz soziala eragile sozial guztiak behartzen ari da jarduteko moduak, protokoloak, irakaskuntzak eta beste aldatzera, pixkanaka edozein desparekotasun mota desagerrarazteko neurriak ezarriz, zeren eta genero-berdintasuna, funtsezko eskubidea izateaz gain, onuragarria baita gizarte guztiarentzako eta, neurri handi batean, enpresetarako.

Esparru eta eremu askoren barruan sexu-askatasuna modu integralean bermatzeari buruzko irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoan jaso zen edozein desparekotasun-mota desagerrarazten joateko hartu diren neurri garrantzitsuenetako bat, genero-berdintasunerako eta jazarpenaren aurkako trebakuntza, hain zuzen ere. Jakinekoa den bezala, berdintasun-planak eta haien erregistroa arautzen dituen 901/2020 Errege Dekretuak betebehartzat ezartzen du enpresa bateko langile guztiak genero-berdintasunaren inguruan trebatzea.

Irailaren 6ko 10/2022 Lege Organikoa argitaratu zenetik, langile guztiei sexu-indarkeriaren aurkako prestakuntza emateko betebeharra dute enpresek; horrenbestez, ondorioztatzen da enpresa guztiak daudela derrigortuta, salbuespenik gabe, era horretako prestakuntzak eskaintzera, enpresen euren bitartekoekin edo kanpokoekin. Betebehar hori jasotzen zuen dagoeneko 3/2007 Lege Organikoak, zeinaren arabera genero-indarkeria edo sexuagatiko indarkeria prebenitzeko neurriak ezarri behar baitituzte enpresa guztiek, sexu-indarkeria prebenitzeko neurriak eta beste neurri mota osagarri batzuk barne, hala nola jardunbide egokien kodeak hedatzea eta gaiari buruzko informazio-kanpainak egitea.

10/2022 Lege Organikoaren 12. artikuluaren bigarren atalak dio enpresek sentsibilizazioa sustatu behar dutela eta haien zerbitzura dauden langile guztiei eskaini behar dietela sexu-indarkerien aurkako babes integralerako prestakuntza. Emakume langileen lanpostuek dituzten arriskuak baloratzerakoan, sexu-indarkeria aintzat hartu behar dute enpresek aldibereko lan-arriskuen artean, eta horren inguruan trebatu eta informatu behar dituzte langileak.

Aurrez aipatu den bezala, enpresak berak dituen baliabideak zein kanpokoak erabil daitezke prestakuntzarako, eta, modu generikoan ez ezik, lanpostu horien esparru zehatz eta profesionalean egon daitezkeen arazoei edo arriskuei datxekien edukiak jorratu behar dituzte, lanpostu bakoitzaren arriskuen ebaluazioan sexu-indarkeriaren arriskua sartzeak prestakuntza xehetasun zehatzera eramatea eskatzen baitu eta ez gaia modu generikoan soilik lantzera.

Beraz, eta aurrez esandako guztiaren ondorioz, enpresaren betebeharra da langileak  trebatzea eta informatzea enpresak dituen lanpostuetako bakoitzean sexu-indarkeriaren ondorioz sor daitezkeen arriskuen inguruan, berak dituen bitarteko edo baliabideak erabilita edo enpresatik kanpokoak erabilita, era horretako zerbitzuak eskaintzen dituzten enpresak kontratatuz.

David Erauskin Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

Mutualiak urrezko A lortu du Kudeaketa Aurreratuan

A de oro a la Gestión Avanzada euskalit mutualia 2023

Mutualiak Kudeaketa Aurreratuaren urrezko A Euskal Saria jaso du. Sari honek kudeaketa-praktiketan aurreratuen dauden eta interes-talde guztien gogobetetze orekatua bilatzen duten erakundeak saritzen ditu. 

Sariak banatzeko ekitaldia abenduaren 19an egin da Gasteizko Europa Jauregian. Mutualiaren aldetik, Verónica Huidobrok, Antolakuntza eta Arriskuen Kudeaketako zuzendariak, urrezko A jaso du, eta hark nabarmendu duenez, “kudeaketa aurreratuaren eredua tresna ezin hobea da erakunde baten kudeaketa hobetzeko”. 

veronica huibdoro a de oro mutualia

Aitorpen berri horrek indartu egiten du Mutualiak kudeaketa aurreratuarekin eta Euskalitek bultzatutako ereduarekin duen konpromisoa. Horren ondorioz, 2015ean urrezko A lortu zuen “garatutako mailarekin”, eta, oraingoan, “maila aurreratua” lortu du, aitorpen horren mailarik gorena.