Asistentziaren kalitatea Mutualiaren 2022ko osasun-zerbitzuetan

calidad asistencial mutualia 2022

Pazientearen esperientzia onerako funtsezko elementuak

Mutualiaren osasun-zerbitzuetan, asistentziaren kalitatea funtsezko elementua da pazienteak esperientzia ona izan dezan. Hainbat faktoreren bidez lortzen da hori, hala nola itxarote-denbora, informazioa, osasun-arloko pertsonek ematen duten tratua, instalazio onak eta erabiltzailearen balorazio orokorra. 

evaluacion

Itxarote-denbora alderdi kritikoa da asistentziaren kalitatean. Pazienteek azkar eta eraginkortasunez artatuko dituztela espero dute, eta, beraz, garrantzitsua da kudeaketa-sistema bat izatea itxarote-denborak murrizteko eta pazientearen gogobetetasuna hobetzeko; azken item horretan 8,46ko batez besteko nota lortu dugu. 

Pazienteari ematen zaion informazioa ere garrantzitsua da. Pazienteek informatuta egon behar dute beren osasun-egoeraz, egingo zaizkien prozedurez, emango zaizkien sendagaiez eta tratamenduaren beste edozein alderdi garrantzitsuz. Informazioari esker, pazienteak bere zaintzari buruzko erabaki informatuak har ditzake eta errekuperazioan modu aktiboan parte har dezake. Gainera, informazioak pazientearen estresa eta antsietatea murrizten laguntzen du, eta horrek, aldi berean, haren gogo-aldartea eta errekuperazioa hobetu ditzake; item horretan lortutako puntuazioa 8,67koa da. 

Pertsonek emandako tratu ona ere garrantzitsua da. Hau da, atseginak eta profesionalak izatea, eta paziente bakoitzari arreta pertsonalizatua eskaintzea. Beste era batean esanda, pazienteek sentitzea errespetuz eta begikotasunez entzuten, artatzen eta tratatzen dituztela: batez beste, 8,9ko nota. 

Instalazio onak ere funtsezkoak dira kalitaterako. Errekuperatzeko giro segurua, garbia eta erosoa bermatzea, ekipamendu moderno eta irisgarriekin: 8,97ko puntuazioa. 

Azkenik, erabiltzailearen balorazio orokorra dugu, gure osasun-zerbitzuen asistentzia-kalitatearen adierazle gisa. Pazienteak dira jasotzen duten arretaren kalitatearen ebaluatzailerik onenak, eta, beraz, garrantzitsua da iritziak eta iradokizunak jasotzea eta kontuan hartzea, asistentziaren kalitatea etengabe hobetzeko. Item horrek 8,65eko emaitza lortu du.

Zerbitzuen puntuazioari dagokionez, 3.778 inkesta egin ondoren, nabarmentzekoa da Ospitalizazioko eta Errehabilitazioko zerbitzuetan lortutako balorazioa (9,58 eta 8,83, hurrenez hurren), eta, ondoren, Kontsulten eta Larrialdien zerbitzuetan lortutakoa (10etik 8,5etik gora haiek ere).  

Laburbilduz, asistentziaren kalitatea funtsezkoa da pazienteari esperientzia ona emateko. Itxarote-denbora, informazioa, tratu ona, instalazio onak eta erabiltzailearen balorazio orokorra funtsezkoak dira asistentziaren kalitate hori lortzeko.  

Aldi berean, gogobetetasunari lotutako funtsezko adierazle bat ere neurtzen dugu, beharrezkoa bezeroaren ibilbidea ezagutzeko eta ulertzeko eta, horrela, haren fidelizazioa lortzen lagunduko duten harreman iraunkorrak garatzeko. NPSaz ari gara, hau da, gomendatze-garbiaren indizeaz. Adierazle hori galdera bakarrari ematen zaizkion erantzunetan oinarritzen da: 

Zein da Mutualiaren zerbitzuen gomendatze-maila? 

Indize horren puntuazioa kalkulatzeko, kenketa bat egin behar da: segurtasun osoz gomendatuko luketen inkestatutako pertsonen ehunekoa (sustatzaileak: 9 eta 10eko puntuazioa eman dutenak) ken inoiz gomendatuko ez luketen pertsonen ehunekoa (gaitzesleak: 0tik 6ra bitarteko puntuazioa emandakoak). Pertsona pasiboak (7 eta 8ko puntuazioa eman dutenak), besterik gabe, asebetetako pertsonak dira eta ez dira azken kalkulua egiteko erabiltzen. Horrek –% 100etik % 100era bitarteko puntuazioa sortuko du. 

Adierazle horrek laguntzen digu jakiten ea gehiago diren gomendatzen gaituzten pertsonak alderantzizkoak baino. Gure osasun-zerbitzu guztien batez besteko NPSa % 51,25ekoa da; datu ona da, indize horrek eskatzen duen eskakizun zorrotza kontuan hartuta, indize hori negatiboa ere izan baitateke.  

Azkenik, gomendatze-ehunekoa dugu, eta galdera horretan 9 eta 10 eman ziguten pertsonetan oinarritzen da. Horren arabera, gure erabiltzaileen % 62,08ren iritziz zerbitzu bikaina dugu. 

Aipatutako alderdiak hobetzeko lanean jarraitzeko konpromisoari eusten dio Mutualiak, era horretan gure erabiltzaileei kalitatezko arreta eskaini ahal izateko. 

Martxoak 8, Emakumeen Nazioarteko Eguna, non gaude?

mutualia 8 m 2023

Emakumeen Nazioarteko Eguna dela eta, Mutualiak mahai-ingurua antolatu du bere Batzorde Betearazleko kideekin: 

Miren Garbiñe Urrutikoetxea, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko idazkaria eta Guggenheim Museoko Giza Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaria, 

Nerea Garmendia, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko 1. presidenteordea eta Plastigaur enpresaren finantza-zuzendaria, 

Marta Barredo, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko 2. presidenteordea eta Herdit enpresaren zuzendari-kudeatzailea, 

Jone Nolte, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko 3. presidenteordea, eta ASLEren zuzendari kudeatzailea, 

Urtsa Errazti, Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko presidentea eta voestalpine Railway Systems enpresaren ordezkari gisa.

Elkarrizketan beren esperientzia, oztopoak eta beren ibilbide profesionalean kristalezko sabaiak partekatu dituzte, eta beren rol guztiak, profesionalak zein pertsonalak, uztartzen dituzte.

Mutualiak zuzendaritza-postuetan emakumeak sartzen dihardu. Lehen aldiz lortu da Zuzendaritza Batzordearen osaera, 60-40 kuotetatik gorako ratioekin. Bertan, enpresa elkartuetako emakumeek betetzen dituzte ordezkagarritasun handieneko postuak (3 presidenteordetzak, eta Idazkaritza). Urtsa Errazti da presidentea. Halaber, emakume bat izendatu zuten goi-kargudun 2022an, Lourdes Gondra. 

OTSAILAREN 20KO 2/2023 LEGEA

hombre silbando
 txilibitu

OTSAILAREN 20KO 2/2023 LEGEA, ARAU-HAUSTEEI ETA USTELKERIAREN AURKAKO BORROKARI BURUZKO INFORMAZIOA EMATEN DUTEN PERTSONAK BABESTEARI BURUZKOA (2023/02/21EKO BOE)

Lege hau onetsita, Europako Parlamentuaren eta Kontseiluaren (EB) 2019/1937 Direktiba, 2019ko urriaren 23koa, Espainiako Zuzenbidean sartzen da. Lege horren helburua da 2. artikuluan jasotzen direnetako ekintza edo ez-egiteren baten BERRI EMATEN duten pertsona fisikoak lege horretan aurreikusten diren prozeduren bidez behar bezala BABESTEA jasan ditzaketen ERREPRESALIETATIK, eta erakundeen INFORMAZIOAREN KULTURA eta INTEGRITATEAREN azpiegiturak INDARTZEA, INTERES PUBLIKOKO mehatxuak prebenitzeko eta detektatzeko mekanismo gisa 

Sektore PUBLIKOKO erakunde guztiek eta 50 langiletik gora dituzten sektore PRIBATUKO erakunde eta enpresek (eta haietako batzuek nahiz besteek sortutako ALDERDI POLITIKOEK, SINDIKATUEK, ENPRESA-ERAKUNDEEK eta FUNDAZIOEK, betiere funts publikoak jasotzen edo kudeatzen badituzte) EBren zuzenbidearen arau-hausteak izan daitezkeen ekintza edo ez-egiteei buruz edo arau-hauste penal eta administratibo astunei buruz informatzeko aukera emango duen barneko informazio-sistema bat ezarri beharko dute 2023-06-13a baino lehen.  Horrez gainera, informatzaileak babesteko politikak onetsi eta aplikatu beharko dituzte, haien aurkako errepresaliak saihesteko.  Beraz, betebehar hori duten erakunde eta enpresak behartuta daude 2023-06-13a baino lehen hau egitera: 

  • INFORMATZAILEA BABESTEKO POLITIKA BAT ONETSI (langileen legezko ordezkariei kontsultatu ondoren) eta erakunde barruan jakitera eman 
  • Barneko informazio-sistemaren ARDURADUNA izateko pertsona fisiko edo organo kolegiatu bat izendatu, eta dagokion agintaritza independenteari jakinarazi. 
  • Lege horretara egokitutako INFORMAZIO-KANAL bat gaitu, webgunearen hasierako orritik irispidea duena 
  • BARNEKO INFORMAZIO-SISTEMA KUDEATZEKO PROZEDURA bat onetsi 
  • INFORMAZIOA eta TREBAKUNTZA eman langileei eta gobernu-/partaidetza-organoei 

Legean jasotzen diren aginduak hausten dituzten pertsonentzat (fisikoak nahiz juridikoak) isun handiekiko zehapen-erregimen bat aurreikusten du Legeak. 


José Ángel Moral


Mutualiaren Gai Juridikoen Zuzendaritza 

Mutualiaren Educator programa

mutualia-programa educator

Mutualiak sortutako programa bat da Educator, jakintza sanitarioa eta higieniko-sanitarioa transmititzea helburu duena, pertsonak prestatzeko, egoera jakin batzuetan nola jokatu jakin dezaten. Educator-ek bi jarduera-eremu ditu; alde batetik, enpresei eta haien langileei zuzenduta dago, lan-istripuren bat gertatuz gero zer egin edo zer ez egin jakin dezaten, eta, bestetik, pazienteei eta haien zaintzaileei, osatze-prozesuan aktiboki parte har dezaten.

Mutualiaren educator programa

Zenbait material didaktikoren bidez (kartelak, bideoak, etab.), azaltzen da nola jokatu erredura bat, anputazio bat edo bestelako ondorioren bat eragin duen lan-istripu baten aurrean, ondorioak ahalik eta txikienak izan daitezen. Ospitaleratuta dauden pertsonei eta haiei lagun egiten dietenei ere ematen zaie prestakuntza osatzeko egin behar dituzten prozesuen gainean, aktiboki parte har dezaten.

Programaren barruan berariazko kanpainak egingo dira, eta bisitak egingo dira laneko istripu-mota edo -kausa jakin bat sarriago gertatzen den enpresa- eta jarduera-sektoreetara.

Educator proiektuaren bideoa:

Kontsulta juridiko 2023ko Otsaila

consulta

Lanaldi partzialean lan egindako egunak lanaldi osoko egun gisa konputatzen dira erretiroko prestaziorako, ala partzialtasun-koefizientea aplikatzen zaie?

Konstituzio Auzitegiak, 2019ko uztailaren 3ko epaian (688-2019 zenbakiko konstituzio-kontrakotasuneko barne-arazo bati dagokio, zeina Konstituzio Auzitegiaren Bigarren Salak planteatu baitzuen hau zela eta: ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak (RCL 1994, 1825) onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 1 ataleko hirugarren erregela, c) letra; zehazki, manuari abuztuaren 2ko 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluak emandako erredakzioa, zeina baita lanaldi partzialean diharduten langileak babesteko eta arlo ekonomiko eta sozialeko premiazko beste neurri batzuetarako), planteatzen zuen diskriminatzailea ote zen partzialtasun-koefizientea aplikatzea gabealdia kalkulatzean, zegokion erretiro-prestazioa eskuratzeko.

1994ko GSLOn (RCL 1994, 1825) —indarrean den 8/2015 Legegintzako Errege Dekretuan bezala (RCL 2015, 1700 eta RCL 2016, 170)—, erretiroko pentsioaren zenbatekoa bi faktoreren arabera zehazten da: oinarri arautzailea eta kotizazio-aldia, zeinak balio baitu orobat oinarri arautzailearen gain ehuneko bat zehazteko, zeinaren bidez lortzen baita kobratuko den zenbatekoa (120.2 artikulua, 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825).

Lanaldi osoan diharduten langileen kasuan, kotizazio-aldia urtetan eta hilabetetan kontatzen da (161.1 eta 163 artikuluak, 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825), koefizienterik edo formula murriztailerik aplikatu gabe. Hamabost urteren buruan, prestazioa jasotzeko eskubidea eskuratzen da, oinarri arautzailearen ehuneko 50ean [161.1.b) artikulua], eta, handik aurrera, kotizatutako denboraren araberako portzentajea handituz doa, ehuneko 100era iritsi arte, gehieneko mugara heldu arte alegia, salbuespen gutxi batzuk kenduta.

Lanaldi partzialean diharduten langileen kasuan, aldiz, zazpigarren xedapen gehigarriak murrizketa bat aurreikusten du kotizazio-aldian; 1994ko GSLO (RCL 1994, 1825) (11/2013 Errege Lege Dekretuak emandako erredakzioa (RCL 2013, 1211)). Bi alderditan egiten du. Lehenbizikoan, prestaziorako irispidea ematen duen 15 urteko gutxieneko denbora bete den zehazteko. Alderdi hori ez dugu kontuan hartuko prozesu honetan. Bigarrena, hemen dagokiguna alegia, oinarri arautzailearen gaineko portzentajea finkatzeko kotizazio-aldiaren kalkuluari dagokio. GSLOren zazpigarren xedapen gehigarriaren hirugarren erregelak, c) letrak, hau agintzen du: (i) bigarren erregelako, a) letrako, bigarren paragrafoari jarraikiz, kotizatutako urte eta hilabeteei “partzialtasun-koefizientea” aplikatzea, zeinaren bidez ehuneko bat esleitzen baitzaio lanaldi partzialeko aldi bakoitzari, pareko lanaldi osoko langile baten lanaldia aintzat hartuta, eta horri, “hala badagokio, lanaldi osoan kotizatutako egunak” gehitu; (ii) horren emaitzari, berriz ere hirugarren erregelako c) letraren arabera, 1,5eko koefizientea gehitzen zaio, eta, “nolanahi ere, ateratzen den egun-kopurua ezingo da izan partzialki altan egondako aldia baino handiagoa”.

Konstituzio Auzitegiaren aburuz, batetik, kotizazio-aldia finkatzean tratu-aldea dago, batzuentzat modu naturalean, denbora errealaren arabera (lanaldi osoan diharduten langileak), eta beste batzuentzat artifizialki, balio murriztaile batetik abiatuta (lanaldi partzialean diharduten langileak); bestetik, horrela ezarritako metodoak, batez ere, laneko bizitza osoan partzialtasun-ehuneko txikiena duten langileak zigortzen ditu, hau da, lan-merkatuko mailarik ahulenean daudenak.

Aipatutako epai horretan konstituzio-kontrako eta baliogabe jo zen “de jubilación y” tartekia, zeina hemen agertzen baita: ekainaren 20ko 1/1994 Legegintzako Errege Dekretuak (RCL 1994, 1825) onetsitako Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bateginaren zazpigarren xedapen gehigarriko 1 apartatuko hirugarren erregelako lehen paragrafoa, c) letra, manuari abuztuaren 2ko 11/2013 Errege Lege Dekretuaren (RCL 2013, 1211)  5.2 artikuluak emandako erredakzioan, zeina baita lanaldi partzialean diharduten langileak babesteko eta arlo ekonomiko eta sozialeko premiazko beste neurri batzuetarako. Lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioaren zenbatekoa kalkulatzeko partzialtasun-koefizientearen aplikazioa zehazten duen heinean, eta, hala, partzialtasun-koefizientea ehuneko 67 baino txikiagoa denean, 1,5eko koefizientearen bidez konpentsatzen ez denez, pentsioaren zenbatekoa proportzionalki murrizten da oinarri arautzailearen azpitik. Oinarri arautzailearen ondorio murriztaile horrek, zeharka, diskriminatu egiten ditu prestazioa eskuratzeko aukera ematen duen hamabost urteko gutxieneko denbora dutenak, sexua dela eta, eta hori galarazia dago (EK (RCL 1978, 2836),14. artikuluaren bigarren tartekia; beraz, 1994ko GSLOren (RCL 1994, 1825) zazpigarren xedapen gehigarria aplikatzen zaien lanaldi partzialeko langileen erretiro-pentsioen zenbatekoa zehazteko, ez da kontuan hartu behar aipatutako partzialtasun-koefizientea, hau da, ez da aplikatu behar haren ondoriozko murrizketarik.

Gai horretatik abiatuta, GSINk zenbait irizpide hartu zituen epai horretatik eratorritakoa betetzeko, eta 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluaren erredakzioa aldatu zuen.

Adierazitako galderei dagokienez, eta Konstituzio Auzitegiaren irizpideari eta 11/2013 Errege Lege Dekretuaren 5.2 artikuluari jarraituz, lanaldi partzialean lan egindako egunak lanaldi osoko egunak bezala zenbatuko dira.

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

Mutualex epaia 2023ko otsaila

sentencia

Madrilgo Auzitegi Nagusiak, guraso-erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatuta, ezetsi egin du semea eskolaz kanpoko jarduera batera eramateko lan-ordutegia aldatzeko eskaera

epaia

MADRILGO AUZITEGI NAGUSIAREN EPAIA, 2022ko ABENDUAREN 19koa (rec. 385/2022)

Madrilgo Auzitegi Nagusiko Lan Arloko Salak eman duen 2022ko abenduaren 19ko 731/2022 epaiaren (JUR/2023/12882) azterketaren xedea da funtsezko bi alderdi baloratzea: familia-bizitza eta bizitza pertsonala uztartzeko eskubidea seme-alabak zaintzeko; eta haien hezkuntzan gurasoek duten erantzunkidetasuna, guraso bien ardura dena.

Horrela, bada, supermerkatu-kate ezagun bateko langile batek, kutxazaina lanbidez, lan-ordutegia alda ziezaioten eskatu zuen –dagoeneko murriztua zuen–, semea eskolaz kanpoko futbol-jardueretara eramateko denbora izan zezan, bai entrenamenduetara astegunetan, bai partiduetara asteburuetan. Langileak hori eskatzen zuen Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluari jarraikiz, eta zehazten zuen lan-jardunaldia astelehenetik ostiralera 11:00etatik 15:00aetara izatea nahi zuela. Enpresak ukatu egin zion jardunaldia egokitzeko aukera hori, eta langileak egindako eskaeraren ordezko beste aukera bat eskaini zion. Enpresaren arrazoiak izan ziren astelehenetik ostiralera arratsaldez direla salmenta-bolumen handienak eta ordutegi horietan joaten dela bezero gehien, eta larunbat eta igandetan, ordea, goizez.

Enpresaren eta langilearen artean adostasunik lortu ez zenez, demanda planteatu zen, ordutegi-aldaketa hori eskatuz, bai eta kalte-galerengatiko kalte-ordaina ere, hamabi mila eurokoa, oinarrizko eskubideak urratzeagatik.

Auzialdiko epaiak ezetsi egin du demanda, eta Madrilgo Auzitegi Nagusiak epai hori berretsi eta ezetsi egin du langilearen erregutze-errekurtsoa.

Baloratzen den alderdietako bat adingabeen aitaren lan-ordutegia da; hau da, zehazki: asteartetik larunbatera, goizeko 3etatik goizeko 11etara. Langile eskatzailearen iritziz, ordutegi hori bateraezina da arratsaldez adingabeak zaintzearekin, goiz lotaratu behar baitu osasuna minimoki zainduko badu Langileen Estatutuaren 34.8 artikuluak lanaldiaren iraupena eta banaketa egokitzeko eskubidea jorratzen du, bizitza pertsonala eta familia- eta lan-bizitza uztartzeko eskubidea eraginkorra izan dadin eta, adostasunik izan ezean, egoitza judizialean ematen den irizpena bete beharko da. Aurrez aurre jartzen diren ondasunak eta interesak haztatu behar dira arrazoizkotasun- eta proportzionaltasun-irizpideak erabilita; eskubide baldintzatu bat da, beraz. Ez da aitortzen ordutegia egokitzeko eskubidea, eskubide-espektatiba bat baizik.

Aipatutako araua aplikatzeko, kontuan hartu behar da Auzitegi Konstituzionalaren doktrina, esaten duena langileen lan- eta familia-bizitza bateragarriak izan daitezen lortzera bideratutako neurrien dimentsio konstituzionala gailendu behar dela, eta interpretazioko edozein zalantza argitzeko orientazio modura balio behar duela, emakume langileek sexu-arrazoiengatik diskriminaziorik ez jasateko duten eskubidearen ikuspegitik zein familia eta haurrak babesteko aginduaren ikuspegitik.

Ildo horretan, Auzitegi Gorenak azaroaren 5eko 39/1999 Legea aipatzen du, gizon langileek, familiako erantzukizunak modu orekatuan banatuta, familia-bizitzan benetan parte har dezaten lortzera bideratutako neurriak hartzen dituena; helburu hori indartu egin dute ondoren onetsi diren lege-xedapenek. Haien artean, nabarmentzekoak dira emakumeen eta gizonen berdintasun eraginkorrerako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoan aurreikusten direnak. Lege horren zioen azalpenean adierazten da Lege horretan jasotzen diren lan-arloko neurrien helburua dela langileen bizitza pertsonala, lan-bizitza eta familia-bizitza uztartzen laguntzea, eta familiako obligazioak hartzerakoan emakumeen eta gizonen arteko erantzunkidetasuna handiagoa sustatzea.

Eskaera guraso-erantzunkidetasunaren printzipioarekin uztartu behar da, emakumeen eta gizonen arteko benetako berdintasuna lortzeko helburuz. Helburu hori du, hain zuzen ere, enpleguaren eta lanaren arloan emakumeen eta gizonen arteko tratu- eta aukera-berdintasuna bermatzeko presazko neurriei buruzko martxoaren 1eko 6/2019 Errege Dekretuak.

Auzitegi Nagusiak arrazoitzen du, auzialdiko epaileak arrazoitzen duen ildo beretik, eskaera ezin dela onetsi, guraso-erantzukidetasunaren printzipioan oinarrituta, ez baitzen aurkeztu adingabeen aitaren daturik eta ez baitzen jakinarazi langile eskatzailea seme-alabez arduratu ezin den egunetan aita ere arduratu ezin daitekeenik. Auzi-jartzailearen bikotekidearen lan-txanda bakarrik aipatzen zen, eta txanda hori ez da bateraezina adingabeez arduratzearekin eta haiek zaintzearekin, gaueko lan-txandetan jarduten baitu, goizaldeko hiruretatik goizeko hamaiketara eta, beraz, indarrean dagoen arauditik eratortzen den bezala, eta guraso-erantzunkidetasunaren aipatutako printzipioa aplikatuz, seme-alabak zaintzeaz ardura daiteke arratsaldeetan, eguneroko atsedenerako behar adinako denbora izanik. Eskolaz kanpoko jarduerari dagokionez, Auzitegi Nagusiak ezetsi egin du eskaera, arrazoizko proposamentzat jo daitekeenetik harago baitoa; izan ere, nahiz eta jarduera horiek adingabeen hezkuntza eta prestakuntza integralaren parte izan, ezin da ahaztu hautazkoak direla, eta ez derrigorrezkoak. Horrenbestez, jarduera horiek familia- eta lan-inguruabarretara egokitu behar dira, eta ezin da onartu, behin jarduerok aukeratu ondoren, guraso langilearen lan-jardunaldia haietara egokitu nahi izatea, enpresariari enpresa-antolakuntza aldatu beharra inposatzearen kontura.

Auzitegi Nagusiak uste du ez dela arrazoizkoa eta neurrizkoa eskolaz kanpoko futbol-jarduerari dagokionez eskatutako neurria eta, gainera, uste du, guraso-erantzunkidetasunaren printzipioa aplikatuz, eta behin adingabeen aitaren lan-ordutegia aztertu ondoren, ordutegi hori ez dela bateraezina. Baloratzen du aitak hartu behar duela bere gain seme-alabak zaintzearen erantzukizuna, ama askok egiten duten bezala, hein handi batean beren lanbide-karreraren eta etorkizunaren kontura; sakrifizio hori arinduz joan behar da pixkanaka.

David Erauskin Perez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko letradua

1060/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa

icono de persona accidentada

legedia

1060/2022 Errege Dekretua, abenduaren 27koa, zeinak aldatzen baitu 625/2014 Errege Dekretua, uztailaren 18koa, aldi baterako ezintasunagatiko prozesuen kudeaketaren eta kontrolaren zenbait alderdi arautzen dituena lehenengo hirurehun eta hirurogeita bost egunetarako.

Abenduaren 27ko 1060/2022 Errege Dekretuak uztailaren 18ko 625/2014 Errege Dekretua aldatu du, beharrezkoa ikusi delako beste era batera arautzea aldi baterako ezintasunagatiko prozesuak lehenengo hirurehun eta hirurogeita bost egunetan kudeatzeko oraingo moduak, langileei eta enpresei beharrezkoak ez diren bigarren mailako administrazio-betebehar jakin batzuk saihesteko.

Hain zuzen ere, modus operandi tradizionala aldatzea da errege-dekretu honen helburu nagusia; haren arabera, medikuak, agiri medikoa ez ezik, baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoen kopia bat entregatzen dio langileari paperean, epe jakin batean enpresan aurkez dezan, eta enpresak agiri horietako datu batzuk bete behar ditu, eta datu horiek kudeaketa-erakundeari bidali behar dizkio.

Hain zuzen ere, atarikoan azaltzen du, sistema informatikoek gaur egun duten garapen-maila kontuan hartuta, ez dagoela langileari paperean entregatu beharrik enpresan aurkeztu beharreko agiri medikoaren kopia, eta langileak ere ez duela zertan hura paperean aurkeztu enpresan.

Han esan bezala, gaur egungo bitarteko elektronikoei esker, administrazioak zuzenean eta garaiz jakinarazten dio enpresari agiri medikoak egin direla. Halaber, batzuetan, enpresak datu osagarriak helarazi behar dizkio administrazioari, aldi baterako ezintasun-egoera eta hari dagokion prestazioa kudeatzeko eta kontrolatzeko, baita, hala badagokio, ordainketa eskuordetu gisa jarritakoagatik kotizatutakoaren konpentsazioa ere, baina, horretarako, langileak ez du zertan agiria aurkeztu. Horrela, gainera, betebehar burokratikoak saihesten zaizkio langileari; izan ere, langilea aldi batez ezinduta dago, eta betebehar horiek beharbada nekezak egingo zaizkio.

 Aldaketa hori da errege-dekretu honen helburu nagusia, eta, xede horretarako, uztailaren 18ko 625/2014 Errege Dekretuaren 7. artikulua aldatu da. “Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo, bestela, Itsas Armadako Institutu Nazionalak agiri medikoak izapidetzea eta alta medikoak egitea”.  Funtsean, aldaketa hauek egin dira:

  • Baja-, berrespen- edo alta-agiri medikoa ematen duen medikuak haren kopia bat emango dio langileari.
  • Osasun-zerbitzu publikoak edo, hala badagokio, mutualitateak edo enpresa laguntzaileak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera bidaliko ditu baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoetan dauden datuak, bide telematikotik, berehala edo, beranduenera, agiria egin eta hurrengo lehen egun baliodunean.
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, era berean, osasun-zerbitzu publikoko edo mutualitateko medikuek egindako langileen baja-, berrespen- eta alta-agiriei buruzko identifikazio-datu administratibo hutsak helaraziko dizkie enpresei, erakunde horretan jaso eta hurrengo lehen egun baliodunean, jakinaren gainean egon daitezen eta, hala badagokio, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bete dezaten.
  • Enpresek nahitaez helarazi behar dizkiote Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari ministerio-agindu bidez zehazten diren datuak, Datuak Elektronikoki Bidaltzeko Sistema (RED) erabilita, berehala edo, beranduenera, baja medikoaren jakinarazpena jaso eta hiru egun balioduneko epean. Datuok helaraztea ez da nahitaezkoa izango, baldin eta langilea enpresak edo enplegatzaileak sisteman sartu behar ez duen kolektibo batekoa bada. Betebehar hori betetzen ez bada, abuztuaren 4ko 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuaren bidez onartu zen lan-arloko arau-hausteei eta zigorrei buruzko Legearen testu bategineko 21.4 artikuluan tipifikatutako arau-haustea izango da.  
  • Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak dagokion eran izapidetuko ditu agiri medikoak eta enpresek helarazi dizkioten datuak; horrez gain, Itsas Armadako Institutu Nazionalari eta mutualitateei dagozkien datuak banatu eta birbidaliko ditu (prestazioa kudeatzea nori dagokion), berehala edo, beranduenera, jaso eta hurrengo lehen egun baliodunean, 2.5 artikuluan aurreikusitako bitarteko informatikoen bidez.
  • Kuotak likidatzeko aldi bakoitzean, Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, behar denean, aldi baterako ezintasun-egoeran dauden langileen datuak emango dizkio Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiari, langile horiek prestazio ekonomikoa jasotzeko eskubidea izan ala ez; hortik aurrera, zerbitzu komun hori arduratuko da hartu beharreko neurriak hartzeaz Gizarte Segurantzaren kuoten likidazioan prestazio hori eskuordetuta ordaintzean langileei emandako zenbatekoak konpentsa daitezen. Erakundeek nahitaez eman beharko dizkiote datuak elkarri Gizarte Segurantzaren Diruzaintza Nagusiak konpentsazio horiek egin ditzan kuotak likidatzean.
  • Enpresaburu batek langile bati aldi baterako ezintasunagatiko prestazioa eskuordetuta ordaindu badio baina zenbateko hori ez bada konpentsatu Gizarte Segurantzako kuotak sartzeko likidazioetatik kenduta, kendu ez den zenbatekoa itzultzeko eskatu ahal izango dio Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari, Itsas Armadako Institutu Nazionalari edo mutualitateari (prestazioa kudeatzea nori dagokion).
  • Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren testu bategineko 170.1 artikuluan eta xedapen gehigarrietako lehenengoaren 4. paragrafoan ezarritakoaren arabera alta-agiri medikoa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionaleko ikuskatzaile medikoak edo, bestela, Itsas Armadako Institutu Nazionalekoak egin badu, erakunde horiek agiriko datuak helaraziko dizkiote dagokion osasun-zerbitzu publikoari, jakinaren gainean egon dadin, eta mutualitateari, langileak haren babesa badu, berehala edo, beranduenera, agiria egin eta hurrengo lehen egun baliodunean; orduan, mutualitateak erabakia emango du, alta dela-eta eskubidea iraungitakotzat jotzeko eta arrazoiak eta ondorioak azaltzeko, eta erabakiaren berri emango dio enpresari. Halaber, ikuskatzaile medikoak agiriaren kopia bat emango dio langileari, jakinaren gainean egon dadin, eta agiria egin eta hurrengo egunean lanera itzuli behar duela adieraziko dio. Erakunde kudeatzaileak langileen alta-agiri medikoetako datu administratibo hutsak helaraziko dizkio enpresari, jakinaren gainean egon dadin, agiria egin eta, beranduenera, hurrengo lehen egun baliodunean.
  • Aldi baterako ezintasunagatiko prozesuan alta-agiri medikoa Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak edo, hala badagokio, Itsas Armadako Institutu Nazionalak egin badu, erakunde horietako ikuskatzaile medikoen bidez, alta egin ondorengo ehun eta laurogei egun naturalen barruan, erakunde horiek soilik izango dute eskumena, beren medikuen bidez, patologia beragatik edo antzekoagatik beste baja mediko bat emateko.
  • Aribideko prozesuak. Errege-dekretu honek dakartzan aurreikuspenak 2023ko apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, eta une horretan aribidean dauden eta 365 egun baino gehiago ez dituzten prozesuei aplikatuko zaizkie.

Adierazitako guztiaz gain, errege-dekretuak beste aldaketa txikiago batzuk ere egiten ditu.  Esate baterako, paragrafo bat gehitu da 2.3 artikuluaren amaieran, eta, haren arabera, atal horretako prozesuetan, medikuak kasuan kasu ezarritakoa baino lehen egin ahal izango du dagokion azterketa medikoa. Horren bidez, interpretazio-zalantzak saihestu nahi dira.

Susana Castaños del Molino


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letratua