1060/2022 Errege Dekretua: Agiri medikoa enpresari emateko betebeharra kendu da 

medico dando la baja

Abenduaren 27ko 1060/2022 Errege Dekretuak 625/2014 Errege Dekretua aldatzen du, aldi baterako ezintasunak kudeatzeko izapideak azkartzeko. 

ABEaren kudeaketa hiru puntu hauen bidez sinplifikatu da: 

1. ABEko agiri medikoak egiten dituen medikuak haien kopia bakarra emango dio langileari, eta, beraz, langileak ez du izango enpresarentzat zen kopia jaso eta aurkeztu beharrik. Une horretatik aurrera, baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoei buruzko datuak Enpresen INSS Fitxategietatik (FIE eta FIER) eskuratuko dituzte enpresek. Fitxategi horiek 2019ko abendutik daude martxan. 

2. Jakinarazpen guztiak bide telematikotik helaraziko dira. 

Osasun-zerbitzu publikoak edo, hala badagokio, mutualitateak edo enpresa laguntzaileak, baja-, berrespen- eta alta-agiri medikoetan dauden datuak Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalera bidaliko ditu bide telematikotik, berehala edo, beranduenera, agiria egin eta hurrengo lehen egun baliodunean. 

Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalak, era berean, osasun-zerbitzu publikoko edo mutualitateko medikuek emandako langileen baja-, berrespen- eta alta-agiriei buruzko identifikazio-datu administratibo hutsak helaraziko dizkie enpresei, erakunde horretan jaso eta hurrengo lehen egun baliodunean, jakinaren gainean egon daitezen, eta, hala badagokio, hurrengo paragrafoan ezarritakoa bete dezaten. 

Enpresek Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalari helarazi behar dizkiote datua ekonimkoak, Datuak Elektronikoki Igortzeko Sistemaren (RED) bidez, berehala edo gehienez ere hiru egun balioduneko epean, baja medikoaren jakinarazpena jasotzen denetik hasita. Datuok helaraztea ez da nahitaezkoa izango, baldin eta langilea enpresak edo enplegatzaileak RED sisteman sartzeko obligaziorik ez duen kolektibo batekoa bada. 

Obligazio hori ez betetzea arau-haustea izan liteke; hain zuzen ere, 5/2000 Legegintzako Errege Dekretuak onartutako Ordena Sozialeko Arau-hauste eta Zehapenei buruzko Legearen testu bateginaren 21.4 artikuluan tipifikatutako arau-hausteetako bate. 

3. Errege Dekretu horren bidez, medikuak dagokion mediku-azterketa kasu bakoitzean adierazitakoa baino epe laburragoan finkatzeko aukera sartzen da. Era berean, enpresak administrazioari jakinaraz diezazkioke aldi baterako ezintasun-egoera eta hari dagokion prestazioa kudeatu eta kontrolatzeko behar dituen datu gehigarriak, langileak aldez aurretik agiri medikoa aurkeztu beharrik gabe. 

Aldaketa horiek apirilaren 1ean sartuko dira indarrean, martxan dauden eta 365 egunetik gorako iraupenik ez duten prozesuak barne. 

2023ko ESKOLEN AURRERAPENA

escuela de prevención

Aurreko ekitaldietan bezala, Mutualiak trebakuntza-eskolen eskaintza zabala antolatu du 2023rako, eta langile kualifikatuek eta espezializatuek eman eta garatuko dituzte guzti-guztiak.

Eskolak doakoak dira; talde txikiei zuzenduta daude, eta enpresa elkartuentzat bakarrik dira.

ELIKADURA OSASUNGARRIAREN ESKOLA (4,5 ordu)

escuela de alimentación

Online formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza ordu eta erdikoa.

Enpresek benetako ohitura osasungarriak sustatzeko erronkari egin behar diote aurre. Elikadura da pertsonen osasunerako oinarri nagusietako bat. Hori dela eta, Elikadura Osasungarriaren Eskolaren saio batzuk egingo ditugu, gai hauen inguruan: “Ez egin dietarik, ikasi jaten”, “Nola planifikatu zure menuak”, “Kirol-nutrizioa”, “Planifikatu zure menuak”, “Ongizatea 50 urtetik aurrera”, “Elikadura funtsezko faktorea da patologia kardiobaskularrak eta hanturazkoak hobetzeko”…

Deialdiak: Otsaila, martxoa, maiatza, ekaina, uztaila, iraila, urria eta azaroa.


ESTRESA KUDEATZEKO ESKOLA (10,5 ordu)

Online formatuan ematen da. Hiru saio ditu, bakoitza hiru ordu eta erdikoa.

Estresak gaur egun gure egunerokoan izan ditzakeen adarrak erakutsiko ditugu, eta egoera hori bideratzeko jarraibideak eskainiko ditugu, bai harreman pertsonalei eta lan-harremanei dagokienez, bai telelanari dagokionez. Estresaren sintomak ezagutzeko, zantzu fisikoak, emozionalak eta jokabideari dagozkionak erabiliko ditugu. Jarrera pertsonalak eta aurre egiteko estrategiak identifikatuko ditugu, eta eguneroko jarraibideak garatuko ditugu estresari aurre egiteko.

 Deialdiak: Otsaila, martxoa, maiatza, ekaina, iraila, urria eta azaroa.


LOAREN ESKOLA (6 ordu)

Online formatuan ematen da. Bi saio ditu, bakoitza hiru ordukoa.

Loaren mekanismo biologikoak landuko ditugu, eta loaren higienea ohitura osasungarria dela nabarmenduko dugu. Loaren nahasmenduak identifikatuko ditugu, eta diagnostikoak, ohitura egokien bidezko prebentzioak eta tratamendu espezifikoak duten garrantziaz jabetuko gara. Loaren kalitatea hobetuz, laneko eta lanetik kanpoko istripuak eta gaixotasunak prebenitzen ditugu.

Deialdia: Maiatza eta urria.


AHOTSAREN ESKOLA (6 ordu)

Online formatuan ematen da. Bi saio ditu, bakoitza hiru ordukoa.

Helburu nagusia da ahotsa lan-tresna gisa erabiltzen duten profesionalek ahots-teknika ikastea eta ohitura eta ahots-higiene egokiak eskuratzea. Horrela, ahotsarekin lotutako gaixotasun eta patologia nagusiak ezagutu eta prebenitu ahal izango ditugu.

Deialdiak: Martxoa, ekaina eta urria.


SEGURU GIDATZEKO ESKOLA (7 ordu)

Aurrez aurreko formatuan ematen da.  2 saio ditu. Lehenbizikoa teorikoa da, 2 ordukoa; bigarrenean, berriz, praktikak egiten dira zirkuitu batean, 5 orduz.

Eskola hori edozein erakundek laneko bide-segurtasunaren arloan antolatu nahi dituen jardueretako bat izan daiteke, lanarekin lotutako joan-etorrien segurtasuna sustatu eta kudeatzeko, hau da, etxetik lanerako bidaiak edo lanari dagozkionak.

Deialdia: Ekaina.


Prebenztiorako Aholkilaritza

Langile erretiratuek sozietateetako administrazio-kontseiluetan parte hartzea

jubilado en consejo de administracion

Nola eragiten dion horrek pentsioari eta Langile Autonomoen Araubide Berezian (LAAB) izena emateko betebeharrari

Kasu askotan, lan-bizitza aktibotik erretiratuta dauden langileak, beren ibilbidea dela eta, sozietate-erakundeetako zuzendaritza-organoetan kide gisa parte hartzera gonbidatzen dituzte. Sarritan, parte-hartze hori lankidetza bat baino ez da izaten, bertaratze-dieta hutsen bidez ordaindutako kidetza bat. Alabaina, horrelako kontuetan parte hartzeari uko egiten zaio nolabait; izan ere, batzuek uste dute ondorioak izan ditzakeela jasotzen duten pentsioan eta, beharbada, LAABen izena eman behar dutela.

Hau da kontuan hartu beharrekoa: sozietatearekiko (merkataritzakoa edo asoziatiboa) lankidetza horrek Gizarte Segurantzaren araubideren batean kokatzea dakarren ala ez, dela Araubide Orokorrean, dela LAABen. Jarduera hori dela eta araubide horietakoren batean afiliatu beharra izanez gero, horrek ondorioak izango lituzke, zalantzarik gabe, erretiratuak jasotzen duen erretiro-pentsio osoari dagokionez (normalean, Araubide Orokorretik jasotzen du).

Demagun lankidetzan diharduenak ez duela partaidetzarik kapital sozialean edo, izanda, ez dela iristen hura benetan kontrolatzeko aukera emango liokeen kuotara. Funtsean, kasu honen aurrean egongo ginateke: sozietatearen administrazio-kontseiluaren noizbehinkako bileretan kide gisa parte hartuko duen pertsona bat, trukean bertaratze-dietak bakarrik jasoko dituena.

Sozietatearen administrazio-kontseiluko kide diren pertsonek, irabazi-asmoz sozietatearentzat kudeaketa-lana egiten dutenek zuzenean, ohikotasunez eta pertsonalki (hau da, zuzendariak, kudeatzaileak, kontseilari delegatuak, presidente exekutiboak, etab.), LAABen izena eman behar dute, baldin eta, gainera, sozietatearen benetako kontrola badute, GSLOren 305.2.b) artikuluan ezarritakoaren arabera. Halakorik ez badute, ez dute LAABen afiliatuta egon behar, baizik eta GSAOn, besteren konturako langileen pareko langile gisa, GSLOren 136.2 eta 305.2 artikuluen arabera —langabezia-babesetik eta Soldatak Bermatzeko Funtsetik kanpo—.

Zuzendaritza-batzordean edo administrazio-kontseiluan noizean behin kide gisa parte hartzen duen pertsona baten kasua aztertzen ari bagara, eta pertsona horrek sozietatearen ohiko eta eguneroko kudeaketa-lanak egiten ez baditu, baizik eta eskuordetu ezin direnak bakarrik, trukean dietak kobratuz, oso zalantzazkoa da LAABen alta emanda egon behar izatea, eta are gutxiago GSAOn.

Esan bezala, GSLOko gaur egungo 305.2 artikuluan dago zehaztuta kontseilariak, haien ezaugarrien arabera, Gizarte Segurantzako Sistemaren araubideren batean sartuta dauden. Artikulu horretan ezarritakoaren arabera, LAAB araubidea aplikatuko zaie, nahitaez, honako hauei: «Kontseilari- edo administratzaile-karguan aritzeak dakartzan zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituztenak, edo kapital-sozietate baterako beste zerbitzu batzuk ematen dituztenak, irabazi amoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietate horren benetako kontrola, zuzena edo zeharkakoa, badute. Nolanahi ere, inguruabar hori gertatzen dela ulertuko da baldin eta langilearen akzioak edo partaidetzak gutxienez ere kapital sozialaren erdia badira». Eta honako hau gaineratzen du: «Aurkako frogarik ez badago, langileak sozietatearen benetako kontrola duela ulertuko da, baldin eta baldintza hauetakoren bat betetzen bada:

  1. Bere zerbitzuak jasotzen dituen sozietatearen kapitalaren erdia, gutxienez, bizikide dituen bazkideen artean banatuta egotea, baldin eta haiekin ezkontza-lotura badu edo ahaidetasunezkoa, dela odolaren, ezkontzaren edo adopzioaren bidezkoa, bigarren mailarainokoa. 2. Kapital sozialean duen partaidetza haren herenaren parekoa edo handiagoa izatea. 3. Kapital sozialean duen partaidetza haren laurdenaren parekoa edo handiagoa izatea, baldin eta zuzendaritzako eta gerentziako lanak esleituta baditu.»

Horrenbestez, LAABen sartu behar izateko ezinbestekoa da:

  • Zuzendaritza- edo gerentzia-eginkizunak betetzea.
  • Edo, bestela, beste zerbitzu batzuk ematea, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean, baldin eta sozietatearen benetako kontrola badu.

Zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunei dagokienez, bi figura bereizi behar dira. Batetik, kontseilari exekutiboa, hau da, normalean dedikazio profesionala eskatzen duten zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunak betetzen dituena. Bestetik, kontseilari pasiboa edo egonekoa, kontsulta- edo aholkularitza-eginkizunak soilik betetzen dituena eta batzarretan laguntzen duena; beraz, normalean bere karguek ez dakarte dedikazio profesionalik, ez, jakina, ohikotasunez egin beharreko lanik edo sozietatearen eguneroko eta zuzeneko kudeaketari lotutakorik.

Kasu honetan, eraginpeko pertsonak batzordekide gisa edo horren pareko gisa hartzen badu parte administrazio-kontseiluan, hau da, exekutiboa ez den kontseilari huts gisa, eta egiten duen bakarra bada administrazio-organoak deitutako bileretara joan ordainsari baten truke (bertaratze-dietak), eta horrek ez badakar dedikazio profesionala eskatzen dion zerbitzurik eman behar izatea sozietateari, ez litzateke beteko baldintza bakar bat ere kontseiluko kide hori LAABen afiliatu behar izateko, ez baitu zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik betetzen eta ez baitu beste jarduerarik egiten sozietatearentzat, ez bada administrazio-organoak deitutako batzarretara noizean behin joatea. Funtsean, ez du egiten «kontseilari- edo administratzaile-kargua betetzeak berekin dakarren zuzendaritza- eta gerentzia-eginkizunik edo kapital-sozietate bati beste zerbitzu batzuk ematen dizkienik, irabazi-asmoz eta ohikotasunez, pertsonalki eta zuzenean».

Arrazoi berengatik, ez legoke GSAOra atxikita, ez baititu eginkizun horiek betetzen; beteko balitu, sozietatearen benetako kontrolik izan gabe, besteren konturako langiletzat jo beharko litzateke. GSLOren 7.1 a) artikuluaren arabera, Langileen Estatutuan ezarritako baldintzetan lan egiten duten besteren konturako langileak soilik sartuko dira nahitaez GSAOren aplikazio-eremuan. Bestalde, LEren 1.3.c) artikuluak ezartzen du pertsona hauek ez direla izango besteren konturako langileak: “Sozietatearen forma juridikoa duten enpresetan kontseilari-kargua edo administrazio-organoetako kidearena soilik betetzen dutenak, baldin eta enpresaren barruan kargu horri datxezkion eginkizunak bakarrik egiten badituzte”.

Beraz, azaldutakoa bezalako egoera batean ez litzateke GSAOn edo LAABen afiliatuta egoteko beharrik izango, eta, beraz, erretiro-pentsioa ez litzateke murriztuko GSLOren 214.2 artikuluan ezarritakoaren arabera. Jarduerak zuzenean, ohikotasunez, pertsonalki eta ordainsari baten truke lan egitea eskatzen duelako erretiratuak LAABen edo GSAOn alta eman behar badu, pentsa liteke, erratuta, sozietateak enplegatuak izanez gero haren erretiro-pentsio osoa babestuta geratuko litzatekeela. Azpimarratu behar da salbuespen hori, zeina artikulu berean jasotzen baita, soilik aplikatuko dela langile erretiratuak beste pertsona bat kontratatzen badu jarduera horretarako, eta hori ez da, inola ere, sozietateak enplegatuak izatearen parekoa.

Azken batean, erretiratuaren jarduera administrazio-kontseiluaren bileretan kide gisa edo horren baliokide gisa esku hartzera mugatzen bada, beste jarduera gehigarririk gabe, jarduera horretan aurrera egin daiteke, erretiro-pentsioa babestuta geratuko den gutxieneko segurtasunarekin.

Iñaki Esnal Zalakain


Mutualiako Aholkularitza Juridikoko letratua 

25 urte, Bilbo berriaren ikonoaz geroztik: Guggenheim Museoak 25. urteurrena ospatzen du

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketa

Garbiñe Urrutikoetxea Zabala elkarrizketatu dugu, Bilboko Guggenheim Museoko Giza Baliabideen eta Kalitatearen zuzendaria eta Mutualiako Zuzendaritza Batzordeko idazkaria.

Guggenheim Museoa 1997ko urrian iritsi zen Bilbora. Zergatik Bilbo? Eta hirian zer ondorio izan dute museoa sortzeak eta 25 urte hauetan izandako ibilbideak?

Museoa Euskadiren ekonomia suspertzeko prozesuan laguntzeko helburuarekin sortu zen. 1980ko hamarkadaren amaieran zenbait euskal administraziok hasitako jarduera-multzo baten zati izan zen. Jarduera horien bidez, Bilboren oinarri ekonomikoa industria tradizionaletik harago dibertsifikatu nahi zen, garai hartan krisi sakon batean murgilduta baitzegoen, eta ardatz atlantikoko eskualdeen erreferentziazko gune bihurtu nahi ziren Bilbo eta metropoli-eremua.

Une hartan, hiria egoera ekonomiko kritikoan zegoen, gatazka sozial etengabeetan nahasita, eta Bilbok bere etorkizuna birplanteatu behar zuen. Administrazio publikoak modernizatzeko ekintzak ezinbestekoak izan ziren: metroa, itsasadarraren saneamendua, Abandoibarreko hiri-berroneratzea…

Ingurumari horretan, Museoa proiektu nabarmen eta polemikoenetako bat izan zen. 1997an inauguratu zen, mundu mailako oihartzunarekin, eta arte eta arkitekturarako aparteko ekarpen bihurtu zen. Museoa gai izan zen hiriaren eraldaketa sakona indarrez abiarazteko, eta baikortasun- eta itxaropen-dosi handiak ekarri zizkien herritarrei, beste edozein ekimenen gainetik. Hala, Bilboko biztanleen harrotasunaren ikono bihurtu zen.

25 urte hauetan Museoak bizirik mantendu ditu harro egoteko arrazoi haiek. Hasierako berritasunaz harago, inaugurazioarekin izandako boomaren ondoren, proiektua lehen mailako arte-espazio gisa finkatu da, nazioarteko instituzio onenen mailako programazioa aurkeztu baitu kalitatean eta helmenean.

“Nahitaez bisitatu beharreko tokia da, eta Bilbo bere erakargarritasuna zabaldu eta munduaren aurrean konplexurik gabe aurkezten den hiri bihurtu da, eta nazioarteko mapan merezitako tokia eskatzen du.”

Gaur egun zaila izango litzateke Bilbo Guggenheim gabe imajinatzea, ez bakarrik lehen mailako eskaintza kulturala edukitzera ohitu garelako, edo eraikina itsasadarreko paisaiaren berezko zati dela sentitzen dugulako, baizik eta ia umezurtz geratuko ginatekeelako, harrotasuna eta baikortasuna galduta.

Museoaren misioan jasota dago kultura-ondare garrantzitsua eraikitzeko eta gizartera hurbildu ahal izateko ardura. Nola bideratzen duzue jarduera pertsonen onura bilatzeko?

Sortu zenetik, Museoaren helburua lehen mailako arte-bilduma eraikitzea eta artea gizarteratzen laguntzea izan da.

Alde batetik, pixkanakako inbertsioen bidez, 145 lan biltzea lortu da. Bilduma gaztea denez, oraindik kopuru txikia da, baina arte modernoko goi-mailako lanen multzoa osatzen du dagoeneko. Ondare kultural hori hurrengo belaunaldiei utziko zaien ondare handia da, goza eta ikas dezaten.

Baina bildumazaletasunaz harago, Museoak artea eta horren balioak gizarteari hurbiltzeko konpromisoa du. Erabat sinetsita gaude artearen balio humanistikoek onura indibidualak eta sozialak ekartzen dituztela, desberdintasunak errespetatzen, ulertzen ez dugunarekin enpatizatzen eta elkarrengandik hurbilago sentitzen irakasten digutelako. Batzuetan ilun eta gatazkatsua den mundu batean, Museoa bizikidetzarako, gogoetarako eta pentsamendu kritikoa eta gozamena bultzatzeko gunea da.

“Hasieratik oso argi izan dugu bisitariek egon behar zutela Museoaren kudeaketaren erdigunean.”

Museoek elkartzeko, trukerako, ikasteko eta entretenitzeko leku bihurtzeko xedea dute. Horregatik, bisitarien lehentasunetara adi egon behar dugu: haien gustuak eta premiak funtsezko informazio-iturriak dira gure kudeaketan. Ikusleak askotarikoak dira, eta, hortaz, era askotako gauzak eskatzen dituzte, eta ez programazioari dagokionez bakarrik, baizik eta bisitaren esperientziari dagokion guztian. Hala, erakusketa erakargarriak eta kalitate handikoak eskaintzeaz gainera, aisialdirako aukera zabala eskaintzen zaie: dendako produktuak, jatetxeak, erlaxatzeko eta sozializatzeko guneak… eta, nola ez, hori guztia albait modu bizkor, irisgarri eta erosoenean.

“Hain da handia bisitariei entzuteko dugun interesa, ezen zenbait bide jartzen baitizkiegu eskura, beren iritziak, hobetzeko proposamenak, esperientziaren balorazioa… helaraz diezazkiguten. Ildo horretan, proiektu bat ere jarri dugu abian, bisitan sortu diren sentimenduak ezagutzeko eta kolektiboki mapa emozional bat eraikitzeko aukera ematen diguna.”

Ziurtagiri hauek erantzuten al diote ingurune sozial eta ekonomikoarekiko konpromisoari?

Egia da askotariko ziurtagiri ugari eskuratzeko prozesua egin dugula (kudeaketa-sistemak, osasuna, berdintasuna eta aniztasuna, euskararen sustapena, gardentasuna, ingurumen-jasangarritasuna eta abar). Baina ziurtagiri horiek ez lukete inolako baliorik izango, baldin eta ez baliote uste irmo bati erantzungo: horiek eskuratzeko aplikatu beharreko politika eta ekimenak beharrezkoak eta onuragarriak izatea halako proiektu bat zuzentzeko.

“Ez da hain garrantzitsua ziurtagiri-kopurua, baizik eta zein den gure buruari joko-arau zorrotzak ezartzera eramaten gaituen konpromiso sozial, ekonomiko eta are etikoa.”

Garbine-URRUTIKOETXEA

Ziurtagiri horiek lortzeko eta segimendua egiteko baliabide eta denbora asko eskaini behar dira, eta haien helburua zenbait adierazle eta neurketa izatea da, gogoraraziko digutenak ez dugula konplazentzian erori behar. Geure burua ondo ezagutzera eramaten gaituzte, eta lagungarriak dira egiten ari garen bikaintasunerako bidean zenbait eremutan dugun hobekuntza-marjina identifikatzeko.  

Oso ondo dakigu beste erakunde batzuentzako erreferentetzat har gaitzaketela askotariko arloetan, eta, beraz, jatorrian bereizgarri izan genuen espiritu berritzaile hori bizirik mantendu behar dugu.

Nola egiten die aurre Museoak etorkizuneko erronka estrategikoei?

Urte zailak atzean uzten ari gara pixkanaka. Osasun- krisiak eta Ukrainako gerrak, azken hilabeteetako gertaera soziopolitiko kritikoetako batzuk aipatzearren, argi eta garbi utzi digu mundu ezegonkor eta globalki konektatuan bizi garela. Ziurgabetasuna eta zalantza erakundeen kudeaketan sartu beharreko osagaiak izango dira.

Zorionez, 2022. urtean bisitari-kopurua nabarmen igo da, eta jarduera bizia izan dugu Museoan. Horrek itxaropena ekarri digu eta etorkizunarekiko ilusioa itzuli digu.

“Uste dut datozen urteetako erronkei konfiantzaz eta baikortasunez egingo diegula aurre, konpromiso berrituarekin, Museoaren lehen 25 urteen ondoren, eta jakinik erakunde gisa malguak, moldagarriak eta bizkorrak izan behar dugula gure erantzunetan, gure ingurunean motor kultural eta ekonomikoa izaten jarraitzeko.”

Kontsulta juridiko 2022ko Abendua

kontsulta

Murriztu litezke zenbait baimen eta osagarri, lan egindako denboraren arabera?

Norberaren gauzetarako baimenen kasua planteatzen da, batetik, aldi baterako laneko ezintasuna daukan langile batentzat; eta laneratze eta puntualtasun osagarrien kasua, bestetik, lanaldi murriztua daukan beste langile batentzat.

Lehen kasua orain gutxi argitu du Auzitegi Nazionalak, 2022ko irailaren 15eko ebazpenean. Ebazpen horretan, 2021eko ekainaren 30eko aurrekarian ezarritakoari eutsi dio, kasu bera planteatzen baita kontratua eteteko arrazoia enplegu erregulazioko espediente bat denean.

Aipatutako ebazpen horretan, laneko bajagatik kontratua eteteari dagokionez, gogoan hartzen da aukera dagoela hitzarmen bidez araututako norberaren gauzetarako egunak urte naturalean hartzeko, kontuan izan gabe zenbat denboran izan den laneko harremana etenda, kasu honetan, langilea aldi baterako ezintasun egoeran zegoelako.

Enpresak lan egindako denboraren proportzioan soilik onartzen dizkie baimenak.

Sektoreko hitzarmenaren aplikazioari dagokionez, jurisprudentziaren interpretazioa aztertzen da, zenbait irizpide kontuan hartuta; besteak beste, literala –hau da, klausulen literaltasuna–, sistemikoa –klausulen zentzu globala–, historikoa –aurrekariak– eta finalista –alde negoziatzaileen asmoak–.

Horietan oinarrituta, zehazten da norberaren gauzetarako baimenaren lizentzia –kasu honetan, hiru egunekoa– asteko atseden egunetan egin ezin diren kudeaketa pertsonalak egiteko dela. Eta bistan da aldi baterako ezintasun egoerak ere eragotzi egiten duela izapide horiek egitea. Desadostasun gorena urtebetez goitiko ezintasun epeak dira.

Bigarren kasuan planteaturiko egoerari erantzunez, Auzitegi Gorenaren 2022ko urriaren 4ko ebazpena (795/2022 zk.) aipatu behar da, hartan aztertzen baita legezko zaintzagatiko lanaldi murrizketaren eta laneratze eta puntualtasunagatiko soldata osagarriaren arteko erlazioa.

Osagarri hori laneratzea eta ordutegia betetzea sustatzeko helburuarekin sortu da, eta, berau irabazteko, ezinbestekoa da hilabeteko egun bakar batean ere lanera hutsik egin ez izana, ez eta berandu iritsi edota hitzartutako ordua baino lehenago ateratzea ere.

Eztabaida ebazteko, honako hau ezartzen da: osagarri bikoitz hau ez da inola ere lan egindako denboraren araberakoa, eta, hortaz, ez du zentzurik haren zenbatekoa murriztea langileak lanaldi murriztua izateagatik, kasu honetan, legezko zaintzagatik.

Auzitegi Gorenak gogoetatzen du eta gogorarazten digu ebidentzia enpirikoak egiaztatzen duela legezko zaintza mota hori emakumeek egiten dutela, nagusiki, eta, beraz, Emakumeen eta gizonen berdintasun eragingarrirako martxoaren 22ko 3/2007 Lege Organikoaren 4. artikuluak aipatzen dituen diskriminazioari eta genero ikuspegiari buruzko arauen arabera interpretatu behar dela, auzitegi horrek behin eta berriz egiten duen moduan.

María Urizar Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua

MutuaLex Epaia- 2022ko Abendua

sentencia

Ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko gehikuntzaren eta beste lan-jarduera batengatik sortutako langabezia-prestazioaren bateraezintasuna

AUZITEGI GORENAREN EPAIA, 2022KO URRIAREN 26KOA (4256/2019 errekurtsoa)

Auzitegi Gorenak honako eztabaida hau baloratu du: ezintasun iraunkor oso eta kalifikatuko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko igoera eta ezintasun iraunkor eta osoa aitortu zeneko lanbidea ez den beste bat uzteagatik sortutako langabezia-prestazioa bateragarriak diren ala ez.

Aitortutako pentsioa % 20 igotzeko aukera izateko, zenbait baldintza bete behar dira, Gizarte Segurantzaren Lege Orokorraren (GSLO) 196. artikuluaren arabera; izan ere, hazkunde horrek adina, prestakuntzarik eza eta beste enplegu bat lortzeko zailtasuna baloratzen ditu, eta beharrezkoa da lan-jarduerarik ez izatea.

Auzitegi Gorenak adierazi izan du ezintasun iraunkor kualifikatu hori ez dela lehendik zegoenaz bestelako ezintasun iraunkorreko maila bat, pentsioaren prestazio ekonomikoaren zenbatekoa handitzea baizik, eta ez dela pentsioaren izaera aldatzen, baizik eta haren zenbatekoa, lanik gabeko aldi bat ordezten baita.

Langabezia-prestazioa, GSLOren 282.2 artikuluak ezartzen duenez, bateraezina da Gizarte Segurantzaren izaera ekonomikoko prestazioak jasotzearekin, prestazio horiek prestazioa eragin zuen lanarekin bateragarriak direnean izan ezik.

Artikulu horiek aplikatuz, honako hau ondorioztatu du:

-Ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren onuradunaren lana bateraezina da ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren oinarri arautzailearen % 20ko igoerarekin.

-Jasotzen duen soldatak aukera ematen dio bere diru-sarrerak osatzeko.

-Onuraduna kaleratzen dutenean eta langabezia-prestazioa (langabeak jaso ez dituen soldatak ordezkatzeko funtzioa duena) jasotzen duenean, langabezia-prestazio hori ere, onuradunari lan-harreman hura amaitu delako ordaintzen zaiona, bateraezina da % 20ko igoera horrekin.

Hau da, ezintasun iraunkor eta osoko pentsioaren onuradunaren lana bateraezina bada pentsio horren oinarri arautzailearen % 20ko igoerarekin, era berean, onuraduna kaleratzen badute eta jaso ez dituen soldaten ordezko langabezia-prestazioa jasotzen duenean, prestazio hori bateraezina da igoera horrekin, halaber.

María Urizar Pérez


Mutualiaren Aholkularitza Juridikoko abokatua